ESERLEKUA
Richard Rive

The Bench, 1963
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020

 

“Gizarte konplexu baten zati integrala osatzen dugu, gizarte bat non biztanleen zati handi batek oinarrizko existentzia-eskubidea ukatua duen; gizarte bat zeinak beltz jaio izanaren zoritxarra izateagatik gizon bat maila apalago batera kondenatzen duen; gizarte bat zeinak masa zapaldu handi baten bizkar baino ezin dion eutsi bere egoera sozial eta ekonomiko prekarioari!”

            Hizlariak eten bat egin eta edalontzi batetik ur pixka bat edan zuen. Karlieren begiek distira egiten zuten, entzuten ari zela. Horiek hitz handiak ziren, pentsatu zuen, hitz handiak eta egia. Karlie izerditan ari zen. Azaroko eguzki beroak kalka egiten zuen. Johannesburgeko Grand Paradeko zuhaitzek oso abaro txikia ematen zuten eta mela-mela eginda zeukan lepo bueltan zekarren zapia. Karliek ingurura begiratu zuen, aurpegien itsasoari. Kolore-tonu guztiak zeuden ordezkatuta jendetzan, ebano-beltzenetik hasita bizpahiruren zuriraino. Diskurtsoen oharrak hartzen lanpetutako bi detektibeengan iltzatu zuen begirada, eta gero atzera hizlariari itzuli soakoa.

            "Lagun talde bat jopu egoerara setaz eta nahita kondenatzen duen edozein talderen eskubidea desafiatzea gure esku dago. Aurre egin behar diogu pigmentazio-arrazoiengatik soilik jendea segregatzeko baimena norbaiti eman diezaiokeen eskubideari. Jaiotzaz dagozkien eskubideak ukatzen zaizkie zuen seme-alabei. Segregatzen dituzte hezkuntzan, sozialki, ekonomikoki…”

            A, pentsatu zuen Karliek, gizonak badaki zertaz ari den. Beste edozein gizon bezain ona naizela dio, baita gizon zuria bada ere. Hori hausnartu beharra dago. Esan nahi ote du edozein zine-emanalditara joan naitekeela, edo edozein jatetxetan bazkaldu, edo nire seme-alabek eskola zuri batera joateko aukera dutela? Ideia arriskutsuak dira horiek, lasai pentsatzekoak. Zer esango ote zuen Ou Klaas-ek honi buruz. Ou Klaas-ek zioen Jainkoak gizon zuria eta gizon beltza bananduta egin zituela, eta batek beti “nausi” izan behar zuela eta besteak “mutil”. Baina honek gauza desberdinak esaten ditu eta egiaren ahaire moduko bat badute.

            Bekozkoa iluntzen zihoakion Karlieri gogoetan ari zela.  Plataforman hizlari asko zeuden, zuriak zein beltzak, eta haien artean kolore-desberdintasunik ez balego bezala jokatzen zuten. Emakume zuri batek, soineko urdin batean, zigarro bat eskaintzen zion sindikalistatzat aurkeztua zuten Nxeli jaun beltzari. Hori ezinezkoa litzateke Bietjiesvlei-n. Lategan dendari zaharra zorabiatuko zatekeen Annatjiek zigarro bat eskaini izan balio Witbooiri. Eta Annatjiek ez zeraman hain soineko ederrik.

            Gauza berriak ziren haiek, eta Karliek erne ibili beharra zeukan haiek onartzeko. Baina zergatik ez? Ez zen engoitik gizon koloreduna izango, gizakia izango zen. Horixe esana zuen azken hizlariak. Gogoan zeukan egunkarietan argazkiak ikusi izana, jende bat aurre egiten klase jakin batera zokoratzen zituen legeei, eta jende haiek irribarre egiten zuten espetxera zeramatzatelarik. Mundu arraroa zen hau gero.

            Hizlariak jarraitu egin zuen eta Karliek adi entzun zuen. Poliki mintzo zen,  arretaz prestaturiko hitzaldian. Gizon handia da hau, pentsatu zuen Karliek.

            Azken hizlaria soineko urdineko emakume zuria izan zen, eta edozein lege edo neurri baztertzaileri nork bere ahalean aurre egiteko eskatu zien. Nolatan esan zezakeen halakorik? Hura zinema-areto onenetara joan zitekeen eta hondartzarik onenetan igeri egin. Eta gainera Annatjie Lategan baino ederragoa zen. Ohartarazia zioten Bietjiesvlei-n hirira etortzeaz. Seigarren Barrutiko mandilak ikusia zen eta banekien zer aurki zezakeen. Ez zion izurik Hannover kaleari. Baina inork ez zion honetaz deus esan. Berria zen hau, inoren burua lanean jartzen zuen, eta dagoeneko egia zela sentitzen zuen. Emakumeak esan zuen norberak egin behar zuela aurre, erronka jo. Berak, Karliek, Lategan zaharra eta Van Wyk zur eta lur utziko zituen Lactea basetxean. Egunkarietako jendeak bezala egingo zuen irribarre.

            Batzarra amaitzear zen Karlie jendetzaren aldera bideratu zenean. Artean buruko errotan zerabiltzan hizlarien erranak. Ezingo litzateke inoiz Bietjiesvlein gertatu. Edo bai? Stop batera hurbiltzen ari zen auto baten bat-bateko karrankak bere onera ekarri zuen. Buru zuri amorratu bat atera zen leihotik.

            “Begiratu nondik hoan, beltz sasiko horrek!”

            Turditurik so egin zion Karliek. Gizon zuri honek seguruenik ez zuen inoiz entzun hizlariek esandakoa. Inoiz ez zuen ikusi izango emakume zuria Nxeli jaunari zigarro bat eskaintzen. Inoiz ez zuen imajinatu izango emakume zuria hitzok berari orroatzen. Onena tren bat hartzea izango zen, eta gauza hauei buruz hausnartzea.

            Argi berri batez ikusi zuen  geltokia. Gizaki multzo bat zegoen bertan, zuriak, beltzak, eta bera bezalako zenbait nabar. Batzuk besteekin nahasten ziren gune honetan, baina batak bestea mesfidatzen zuen beldur itxurazko batez, susmoz hartzen zuen batak bestea, denak ere beren buruaren eredu estu eta atsekabetu batekin. Gauza hauei aurre egin behar zitzaien… norbere ahalean, esan zuen hizlariak. Zein zen bere desafio-modua? Bat-batean ikusi zuen. Hemen zuen bere erronka! Eserlekua. “Europeans Only” zuriz txukun asko margotua zeukan treneko eserlekua. Une batez, Hegoafrikako gizarte anitzaren miseria guztia sinbolizatu zuen.

            Hau zuen gizonen eskubideen alorreko erronka. Hantxe iraun zuen, zutik. Zurezko eserleku erabat arrunta, Hegoafrikako beste milaka bezalakoa. Bere erronka. Eserlekuak bere baitan bildu zituen, une horretan, ulertu ezin zuen eta bera biktima egiten zuen sistema bateko gaitz guztiak. Bera eta gizateriaren arteko oztopoa zen. Eseriko balitz, gizona izango litzateke. Beldurtuko balitz, bere buruari ukatuko lioke gizarte batean gizaki izatea. Ia bisioak ere izan zituen bera sistema gaiztoa zuzentzen. Hauxe zuen aukera. Berak, Karliek, erronka joko zuen.

            Oso lasai zirudien eserlekuan jarri zenean, baina bihotza pilpira bizian zeukan. Bi ideia kontrajarrik zeharkatzen zuten. Batek zioen, “Ez daukat eskubiderik eserleku honetan esertzeko".  Bestea erlijio berri baten ahotsa zen eta esaten zuen: "Zergatik ez dut edukiko eserleku honetan jartzeko eskubiderik?".  Ahots batek iraganaz hitz egiten zuen, basetxean zeukan jopu posizioaz mintzo zitzaion, bere aitaz, eta bere aitaren aitaz, beltz jaioak, beltz bizi izanak eta mandoak moduan hilak. Beste ahotsak ortzimuga  berriei mintzo zitzaien eta esaten: “Karlie, zu gizona zara. Zu ausartu zara zure aita eta zure aitaren aita ausartu ez zirenera. Gizon hilko zara zu."

            Zigarro bat atera eta erre egin zuen Karliek. Inork ez zuen nabaritu han eserita zegoela. Antiklimax bat zen hura. Mundua bere bide monotonoan zihoan. Ahotsik ez zen goratu. “Karliek lortu du!”. Gizaki arrunta zen, mukuru zen geltoki bateko eserleku batean jarrita, zigarro bat erretzen. Hau ote zen haren garaipena: gizaki arrunta zela? Ongi jantzitako emakume zuri bat zetorren nasatik. Eserlekuan jarriko ote zen? barrundatu zuen Karliek. Eta orduan ahots hertsagarria, "Jaiki egin beharko huke, eta emakume zuriari esertzen utzi!". Karliek begiak estutu zituen eta zigarroari gogorrago oratu zion. Aldamenetik pasatu zitzaion emakumea begien kirik txikiena ere egin gabe, eta nasan behera jarraitu zuen. Aurre egiteko beldur ote zen emakumea —gizaki izateko bere eskubideari aurre egiteko?—. Nekatuta sentitu zen Karlie orduan. Hirugarren ideia gatazkatsu bat erne zitzaion, kontrapisua egiten zuen ideia, honela zioena: "Nekatuta zaudelako eseri zara eserleku honetan; nekatuta zaude, beraz, jarri egin zara". Ez litzateke mugituko nekatuta zegoelako ala gustuko zuen tokian eseri nahi zuelako?

            Geltokira sartu berria zen tren bat husten hasi zen jendea. Hainbeste jende zegoen elkarri bultzaka eta estropezuka, inor ez zela harekin ohartu. Bere trena zen. Erraza izango litzateke trenera sartu eta etxera joatea, baina hori amore ematea litzateke, porrota jasatea, erronkari uko egitea; azken batean, ez zela gizakia onartzea. Eseri egin zen. Zigarroaren kea bota zuen nagi, pentsakor… Burua bileratik eta eserlekutik aparte zeukan: Bietjiesvlein eta Ou Klaasengan pentsatzen ari zen, nola insistitu zion Lurmutur Hirira etorri behar zuela. Ou Klaasek pipari tirako zion eta zorrotz begiratuko zion. Azkarra zen eta asko zekien. Esana zuen Lurmutur Hirira joan eta munduko bideak ikasi behar zituela batek. Tu egin eta begi keinu aztia egingo zuen Seigarren Barrutiaz eta Hannover Streeten ezagutzen zituen emakumeez hitz egitean. Ou Klaasek dena zekien. Esaten zuen Jainkoak zuri edo beltz egin gintuela eta, hortaz, nork bere tokian behar zuela.

            “Jaiki aulki honetatik!”

            Karliek ez zuen ahots zakarra aditu. Landan egongo zen Ou Klaas orain, ardo merke trago baten zain.

            "Uzteko eserlekua esan diat, urde hori!”. Karlie banpez itzuli zen errealitatera. Une batez jaikitzera egin zuen, baina gogoratu zuen nor zen eta zergatik zegoen han eserita. Oso nekatuta sentitu zen kolpetik. Pixkanaka soakoa goratu zuen, tinko begiratzen zion aurpegi gorri baterantz.

            "Altxa hadi!" esan zuen. “Eserlekuak dauzkak beherago, hiretzat”.

            Karliek gorantz begiratu eta ez zuen ezer esan. Bi begi zorrotz, gris eta hotzei so egin zien.

            “Hirekin ari nauk! Zerri alaena!”

            Karliek zigarroari putz egin zion, astiro, gogoz. Hori zuen bere froga. Biek elkarri begiratzen zioten, begiekin erronka joz,  bi boxeolari balira bezala, jakitun biak kolpeak trukatu beharko zituztela, baina jotzen lehena izateko beldur.

            "Eskuak zikindu behar ditiat hilako zorri batekin?". Karliek ez zuen ezer esan. Hitzek xarma, eta apurka irabazten sentitzen zuen nagusitasuna, hautsiko lituzkete.

            Isiltasun deseroso baten ostean: “Polizia bati deituko zioat nire eskuak hi bezalako hotentote baten gainean jarri aurretik. Gizon zuri bat zuzentzen zaianean aho beltz hori zabaldu ere ezin duk egin.”

            Karliek ahultasuna atzeman zuen. Gizon zuria beldur zen berari ekiteko. Berak, Karliek, irabazia zuen eserlekuaren lehen borrokaldia.

            Jendetza inguratua zen.

            “Afrika!” egin zuen oihu txantxazale batek.

            Karliek ez zion kasurik egin. Orain jendea molestatu egiten ari zen haren inguruan, gizon zuri baten eserlekuan eserita zegoen gizon beltz baten ezohiko ikuspegiari begira. Karliek putz egin zuen, besterik gabe.

            "Begiratu tximu beltzari. Hori dakar kaffir horiei soka gehiegi emateak."

            "Ezin dut ulertu. Euren eserlekuak dituzte!”

            "Ez jaiki! Hor esertzeko eskubide osoa duk!”

            "Polizia etortzean jaikiko da!"

            “Eta zergatik ez dira hor eseriko?”

            “Lehen esan dut, morroi natibo bat izan nuen behin, eta errespetu gutxi...”

            Karlie eserita zegoen eta ez zuen ezer entzuten. Zalantza erabakimen bihurtua zen. Ez zen inolaz ere altxatuko. Nahi zutena egin zezatela.

            "Hau da tipoa, bai! Altxa hadi! Ez al dakik irakurtzen?”

            Polizia berarengana zetorren. Karliek bere intsigniaren puntak eta lepoko zimurrak ikus zitzakeen.

            “Zein duk hire izena eta helbidea! Bizkor!”

            Isil arraio eutsi zion Karliek. Ustekabean harrapatu zuen polizia. Jendetza handitzen zihoan.

            "Ez duzu eskubiderik gizon honi horrela hitz egiteko!".  Soineko urdinarekiko dama zuria zen.

            "Zu ez sartu besteen kontuetan. Behar badut eskatuko dizut laguntza. Zu bezalako jendeak pentsarazten die kaffir hauei gizon zurien mailakoak direla. Altxa hadi, hi!". Azken hitzak Karlierentzat ziren.

            "Begirunez tratatu behar duzu, berriro diot”.

            Polizia gorritu egin zen.

            “Hau. . . hau..”. Hitzak faltan zituen.

            “Jo ostikoz beltza jaikitzen ez bada!” oihukatu zuen ikusle batek. Gizon zuri batek eskuak tira zizkion Karlieri, zakar.

            “Jaiki hadi, sasikume zikina!”. Eutsi egin zion Karliek,  eserlekuari mantentzeko, bere eserlekuan.  Gizon batek baino gehiagok tira egiten zion. Berak erantzun imintzioa egin zuen kartsu, eta orduan min lehor bat sentitu zuen, norbaitek aurpegian ukabilkada jo ziolarik. Odolez ari zen, begiak sutan. Lehiatu egingo zuen eserlekuagatik. Poliziak eskuburdinak jarri zizkion eta tarte bat egiten saiatu zen jendetzaren erdian. Karliek borrokan segitzen zuen. Kolpe pare bat erori zitzaizkion.

            Bat-batean baretu eta oinetarantz makurtu zen. Alferrikakoa zen gehiago borrokatzea. Orain irribarre egiteko bere txanda zen. Desafioa egin eta irabazi egin zuen. Bost axola gainerakoa!”

            “Goazemak, urde hori!” esan zuen poliziak Karlie jendetzaren artetik bultzatuz.

            “Bai horixe!” esan zuen Karliek lehen aldiz. Eta "Europarrentzako eserleku" batean jartzen ausartu zenaren harrotasun osoz begiratu zion poliziari.

 

ESERLEKUA
Richard Rive

The Bench, 1963
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020