BIZIKLETAK, GIHARRAK, ZIGARRETAK
Raymond Carver

Bicycles, Muscles, Cigarets
Kansas Quarterly, 1972
euskaratzailea: Leire Vargas Nieto
armiarma.eus, 2021

 

      Bi egun ziren Evan Hamiltonek erretzeari utzi zionetik, eta iruditzen zitzaion bi egunetan zehar esan eta pentsatu zuen guztiak iradokitzen zituela zigarretak nolabait. Esku-koskorrak eta hatzak usaindu zituen.

      ― Usaina hauteman dezaket ―esan zuen.

      ― Badakit, bai. Usain hori izerdituko bazenu bezala da ―esan zuen Ann Hamiltonek―. Utzi ostean, hiru egunez usain nezakeen nire gorputzean. Baita bainutik irten ostean ere. Nazkagarria zen ―platerak mahaian jartzen ari zen afarirako―. Asko sentitzen dut, maitea. Ezagutzen dut bizitzen ari zarena. Baina, nolabait kontsolatzeko balio badizu, gogoan izan bigarren eguna beti izaten dela gogorrena. Hirugarrena ere gogorra izaten da, noski, baina hortik aurrera, irauten baduzu, gainditu duzu okerrena. Baina poz-pozik nago uztearen kontuarekin benetan zabiltzalako... ez dakizu zenbat ―besoa ukitu zion―. Orain, Rogerri deitzen badiozu, afaldu egingo dugu.

      Hamiltonek ate nagusia zabaldu zuen. Ilunduta zegoen ordurako. Azaro hasiera zen eta egunak laburrak eta freskoak ziren. Inoiz ikusi gabea zuen mutil nagusitxo bat zegoen errepide bazterrean, ondo hornitutako bizikleta txiki batean jarrita. Jesarlekuaren ertzean zegoen, aurrerantz eginda, oinetakoen puntekin lurra ukituz tente mantentzeko.

      ― Hamilton jauna zara? ―esan zuen mutilak.

      ― Bai, neu nauk ―Hamiltonek―. Zer gertatzen duk? Arazoren bat zagok Rogerrekin?

      ― Uste dut Roger gure etxean dagoela, amarekin hitz egiten. Kip ere bertan dago, bai eta Gary Berman izeneko mutiko bat ere. Nire anaiaren bizikleta dela eta. Ez nago ziur ―esan zuen mutilak, eskulekuko heldulekuekin jolastuz―, baina amak agindu dit zure bila etortzeko... Rogerren gurasoetako baten bila.

      ― Baina ondo zagok? ―esan zuen Hamiltonek―. Bai, jakina, oraintxe joango nauk hirekin.

      Etxean sartu eta zapatak jantzi zituen.

      ― Aurkitu duzu? ―esan zuen Ann Hamiltonek.

      ― Iskanbilaren batean sartua dago ―erantzun zuen Hamiltonek―. Bizikletaren bat dela eta. Mutil bat dago hor kanpoan... ez dut bere izena harrapatu. Biotako bat bere etxera joatea nahi du.

      ― Baina ondo dago, ezta? ―esan zuen Ann Hamiltonek, amantala kentzen zuen bitartean.

      ― Noski, ondo dago. ―Hamiltonek emazteaganantz begiratu eta buruari eragin zion ezezkoan―. Badirudi haur-eztabaida bat baino ez dela, eta mutikoaren ama sartu dela tartean.

      ― Ni joatea nahi duzu? ―galdetu zuen Ann Hamiltonek.

      Une batez pentsatu zuen.

      ― Bai, guragoko nuke zu joatea, baina nik egingo dut. Beste barik, gorde afaria bueltatzen garenerako. Ez litzateke gehiegi luzatu beharko.

      ― Ez zait gustatzen ilundu ostean mutikoa kanpoan egotea ―esan zuen Ann Hamiltonek―. Ez zait gustatzen.

 

 

      Bizikletan jarrita, mutila balaztaren heldulekuarekin jolasten zebilen orain.

      ― Urruti? ―esan zuen Hamiltonek, espaloian behera abiatu zirenean.

      ― Arbuckle Court inguruan ―erantzun zuen mutilak eta, Hamiltonek begiratu zionean, gehitu zuen:

      ― Urruti ez. Hemendik bi bloke inguru.

      — Zein duk arazoa ba? ―galdetu zuen Hamiltonek.

      ― Ez dakit ziur. Ez dut guztiz ulertzen. Badirudi berak eta Kipek eta Gary Berman delakoak, oporretan geundela, nire anaiaren bizikleta erabili zutela, eta apurtu egin zutela edo. Nahita. Baina ez dakit. Edonola ere, hortaz ari dira hitz egiten. Nire anaiak ez du bizikleta aurkitzen eta eurek eduki zuten azken aldiz, Kipek eta Rogerrek. Nire amak non dagoen jakin nahi du.

      ― Kip ezagutzen diat ―esan zuen Hamiltonek―. Nor duk beste mutiko hori?

      ― Gary Berman. Uste dut berria dela auzoan. Bere aita ere etorriko da gurera, etxera heldu bezain laster.

      Kale-kantoi batean bira eman zuten. Mutilak abiada azkartu zuen apur bat aurretik mantentzeko. Hamiltonek fruitu-baratze bat ikusi zuen, eta gero beste kantoi batean egin zuten bira, irtenbide gabeko kale batera heltzeko. Artean ez zekien kale hura hor zenik eta ziur zegoen ez zuela bertan bizi zen inor ezagutuko. Inguruko etxe ezezagunei so egin eta harrituta geratu zen semearen bizitza pertsonala noraino iristen zen ikusita.

      Mutila sarbide batean biratu zen; bizikletatik jaitsi eta etxeko hormaren kontra utzi zuen. Mutilak ate nagusia zabaldu zuenean, Hamiltonek egongelan zehar jarraitu zion, sukalderaino, non bere semea ikusi baitzuen, mahaiaren albo batean eserita, Kip Hollisterrekin eta beste mutiko batekin. Hamiltonek adi begiratu zion Rogerri, eta gero mahaiburuan zegoen ile iluneko andre lodikotearengana itzuli zen.

      ― Rogerren aita zara? ―esan zion andreak.

      ― Bai, Evan Hamilton naiz. Arratsalde on.

      ― Ni Miller andrea naiz, Gilberten ama ―esan zuen emakumeak―. Barkatu honaino etorrarazi izana, baina arazo bat daukagu.

      Hamilton aulki batean eseri zen mahaiaren beste aldean eta ingurura begiratu zuen. Bederatzi edo hamar urteko mutiko bat zegoen emakumearen ondoan jarrita, Hamiltonen ustetan bizikleta faltan izango zuena. Beste mutil bat, hamalau urte ingurukoa, xukaderan jarrita zegoen, hankak zintzilik, telefonoz hizketan ziharduen bati begira. Telefonoz ari zenak irribarre maltzurra egin zion lineaz bestaldetik esan zioten zerbaiti, eta harraskaren gainera luzatu zen zigarreta batekin. Zigarretak urez betetako edalontzi batean amatatzean egindako soinua entzun zuen Hamiltonek. Haraino lagundu zion mutila hozkailuaren kontra bermatu zen eta besoak gurutzatu zituen.

      ― Egon haiz Kipen gurasoetakoren batekin? ―esan zion andreak mutilari.

      ― Kipen arrebak esan du erosketetan zeudela. Gary Bermanenera joan naiz eta bere aita minutu batzuen buruan helduko da. Helbidea utzi diet.

      ― Hamilton jauna ―esan zuen emakumeak―, gertatutakoa kontatuko dizut. Pasa den hilean oporretan egon ginen eta Kipek gura zuen Gilberten bizikleta uztea, Rogerrek egunkariaren banaketa egitean lagundu ziezaion. Suposatzen dut Rogerren bizikletak gurpila zulatuta izango zuela, edo halako zerbait. Tira, kontua da...

      ― Gary ni itotzen ari zen, aita ―esan zuen Rogerrek.

      ― Zer? ―Hamiltonek, semeari tentuz so eginez.

      ― Ni itotzen ari zen. Arrastoak dauzkat ―semeak tira egin zuen elastikoaren lepotik behera, sama agerian uzteko.

      ― Garajean zeuden ―jarraitu zuen emakumeak―. Ez nekien zertan ari ziren, Curt, seme nagusia, ikustera joan zen arte.

      ― Bera hasi zen! ―esan zion Gary Bermanek Hamiltoni―. Ergela deitu zidan ―Gary Bermanek ate nagusirantz zuzendu zuen soa―.

      ― Nire bizikletak hirurogei dolar inguru balio zituelakoan nago, aizue ―esan zuen Gilbert izeneko mutikoak―. Ordaintzea daukazue.

      ― Ez hadi honetan sartu, Gilbert ―esan zion andreak.

      Hamiltonek sakon hartu zuen arnasa.

      ― Jarraitu ―esan zuen.

      ― Ba, kontua da Kipek eta Rogerrek Gilberten bizikleta erabili zutela, Rogerrek Kipi egunkariak banatzen laguntzeko; eta gero biek, eta baita Garyk ere, diotenez, txandaka amilkatzen jardun zuten.

      ― Zer esan nahi duzu amilkatzen horrekin? ―esan zuen Hamiltonek.

      ― Amilkatzen ―andreak―. Bultzada batekin kalean behera bidali eta eror zedin uzten. Baina adi; gero, eta hau onartu berri dute, Kipek eta Rogerrek bizikleta eskolara eraman eta kirol-zelaiko ate-zutoin baten aurka jaurti zuten.

      ― Egia al duk hori, Roger? ―esan zuen Hamiltonek, berriz ere semeari begira.

      ― Zati bat da egia, aita ―esan zuen Rogerrek, behera begira eta mahaia atzamarraz igurtziz―. Baina behin baino ez genuen amilkatu. Kipek egin zuen, gero Garyk, eta gero nik egin nuen.

      ― Behin gehiegi duk ―esan zuen Hamiltonek―. Behin gehiegi duk, Roger. Harrituta eta desilusionatuta nagok hirekin. Eta baita hirekin ere, Kip.

      ― Baina, begira ―esan zuen emakumeak―, norbait gezurtxotan dabil gaur gauean, edo, behintzat, ez dabil dakien guztia kontatzen; izan ere, bizikleta ez da agertu oraindik.

      Sukaldeko mutil zaharragoak txantxetan eta barrez zebiltzan, oraindik telefonoz hizketan zegoenarekin.

      ― Ez dakigu bizikleta non dagoen, Miller andrea ―esan zuen Kip izeneko mutikoak―. Esan dizugu dagoeneko. Rogerrek eta biok eskolatik nire etxera eraman genuenean ikusi genuen azken aldiz. Esan nahi dut, hori azken aurreko aldia izan zen. Azken-azkena hurrengo goizean izan zen, berriro hona ekarri eta etxe ostean utzi nuenean ―buruari eragin zion―. Ez dakigu non dagoen ―esan zuen mutikoak.

      ― Hirurogei dolar ―esan zion Gilbertek Kipi―. Astean bost dolar ordaintzeko aukera emango dizuet.

      ― Gilbert, erne ibili ―andreak―. Begira, esaten ari dira ―jarraitu zuen, bekozkoaz oraingoan― hemendik desagertu zela, etxe ostetik. Baina nola sinetsiko diegu, arratsalde honetan guztiz zintzoak izan ez badira?

      ― Egia kontatu dugu ―esan zuen Rogerrek―. Egia osoa.

      Gilbert atzera bota zen aulkian eta buru-astinaldi bat zuzendu zion Hamiltonen semeari, ezezkoan.

      Ateko txirrinak hots egin zuen eta xukaderan eserita zegoen mutila salto batean jaitsi eta egongelara joan zen.

      Sorbalda zurrunak, militarren orrazkera eta begi gris sarkorrak zituen gizon bat sartu zen sukaldera, hitz egin barik. Andreari begiratu eta Gary Bermanen aulkiaren atzera joan zen.

      ― Zu Berman jauna izango zara, ezta? ―esan zuen emakumeak―. Pozten nau zu ezagutzeak. Ni Gilberten ama naiz, eta hau Hamilton jauna, Rogerren aita.

      Gizonak burua makurtu zuen Hamiltonenganantz, baina ez zion eskua luzatu.

      ― Zer gertatzen duk hemen? ―esan zion Bermanek semeari.

      Mahai-bueltan paratutako mutikoak hizketan hasi ziren berehala.

      ― Isildu! ―esan zuen Bermanek―. Garyrekin ari naiz. Iritsiko zaizue zuen txanda.

 

      Mutikoak gertatutakoaren inguruko bere kontakizuna hasi zuen. Aitak arretaz entzun zion, noizbehinka gainerako mutikoak aztertzeko begiak ñarrotuz. Gary Bermanek bukatu zuenean, emakumeak esan zion:

      ― Honen guztiaren mamira heltzea gustatuko litzaidake. Ez nabil mutikoetako bat ere erruduntzat jotzen, ulertuko duzue, Hamilton jauna, Berman jauna... honen guztiaren mamira heltzea da nahi dudan bakarra ―tentuz begiratu zien Rogerri eta Kipi, zeinek ezezkoan eragiten baitzioten buruari, Gary Bermani begira.

      ― Ez duk egia, Gary ―esan zuen Rogerrek.

      ― Aita, hitz egin dezakegu biok bakarrik? ―esan zuen Gary Bermanek.

      ― Goazen ―esan zion gizonak, eta egongelarako bidea egin zuten.

      Hamiltonek joaten ikusi zituen. Geldiarazi behar zituelako sentipena izan zuen, gordeka ibiltze hori geldiarazi. Esku-ahurrak umel zituen, eta alkandoraren poltsikora eraman zituen hatzak, zigarreta baten bila. Gero, arnasa sakon hartuz, eskugaina sudurpetik pasa eta esan zuen:

      ― Roger, badakik gehiago honetaz, emakumeak dagoeneko esan duenaz gain? Badakik non dagoen Gilberten bizikleta?

      ― Ez, ez dakit ―esan zuen mutikoak―. Hitz ematen dut.

      ― Zein izan zen bizikleta ikusi huen azken aldia? ―Hamiltonek.

      ― Eskolatik ekarri eta Kipen etxean utzi genuenean.

      ― Kip ―esan zuen Hamiltonek―, ba al dakik non dagoen Gilberten bizikleta orain?

      ― Zin egiten dut ezetz, nik ere ez dakit ―erantzun zuen mutikoak―. Eskolan izan genueneko hurrengo goizean berriz hona ekarri nuen eta garaje atzean aparkatu.

      ― Uste nian etxe ostean utzi huela esan huela ―esan zuen emakumeak bizkor.

      ― Etxe ostean esan gura nuen! Hori da esan gura nuena ―esan zuen mutilak.

      ― Itzuli hintzen hona egunen batean bizikletarekin ibiltzera? ―galdetu zuen andreak, aurrerantza makurtuz.

      ― Ez, ez nintzen etorri ―erantzun zuen Kipek.

      ― Kip? ―andreak.

      ― Ez nuen egin! Ez dakit non dagoen! ―egin zuen oihu mutilak.

      Emakumeak sorbaldak goratu eta erortzen utzi zituen.

      ― Nola dakigu nori edo zer sinetsi? ―esan zion Hamiltoni―. Dakidan gauza bakarra da Gilberten bizikleta falta dela.

 

 

      Gary Berman eta bere aita sukaldera itzuli ziren.

      ― Rogerren ideia izan zen amilkatzearena ―esan zuen Gary Bermanek.

      ― Hirea izan zuan! ―Rogerrek, aulkitik jaikitzearekin batera―. Heuk egin nahi huen! Gero fruitu-baratzera eraman eta desmuntatu gura huen!

      ― Hi isildu! ―esan zion Bermanek Rogerri―. Heuri zuzentzen zaizkianean hitz egin dezakek, gizontxo, eta ez lehenago. Gary, nik hartuko diat honen ardura. Gauez etxetik ateratzera behartua, artaburu pare baten erruz? Zuetakoren batek ―esan zuen Bermanek, lehenengo Kipi eta gero Rogerri begira― mutiko honen bizikleta non dagoen baldin badaki, hitz egiten hastea gomendatuko nioke.

      ― Uste dut urrutiegi joaten ari zarela ―esan zuen Hamiltonek.

      ― Zer? ―Bermanek, bekozkoa ilunduz―. Eta nik uste dut hobe egingo zenukeela ez dagozkizun kontuetan ez sartzen!

      ― Goazen, Roger ―esan zuen Hamiltonek, zutik jarriz―. Kip, etorri gurekin edo geratu. ―Emakumearengana jiratu zen―. Ez dakit zer besterik egin dezakegun gaur. Rogerrekin honen inguruan gehiago hitz egiteko asmoa dut, baina, kontua bada dirua itzultzea, pentsatzen dut Rogerrek, bizikleta apurtzen parte hartu zuenez, heren bat ordaindu dezakeela, horretara heltzen bagara.

      ― Ez dakit zer esan ―erantzun zion andreak, Hamiltoni egongelan zehar jarraituz―. Gilberten aitarekin hitz egingo dut; herritik kanpo dago orain. Ikusiko dugu. Ziur azkenean halakoren bat izango dela, baina aitarekin hitz egingo dut.

      Hamilton alboratu egin zen mutikoak bere aurretik portxera irten zitezen, eta entzun zuen Gary Bermanek bere atzetik zioela:

      ― Ergela deitu dit, aita.

      ― Benetan? ―entzun zuen Hamiltonek Berman―. Tira, bera duk ergela. Ergel itxura zeukak.

      Hamiltonek buelta eman eta esan zuen:

      ― Uste dut zinez urrutiegi joaten ari zarela gaur gauean, Berman jauna. Zergatik ez duzu zeure burua kontrolatzen?

      ― Eta nik esan dizut nire ustez ez zenuela lekurik auzi honetan! ―Bermanek.

      ― Hi hoa etxera, Roger ―esan zuen Hamiltonek, ezpainak umelduz―. Benetan zioat ―esan zuen―. Alde!

      Roger eta Kip espaloira irten ziren. Hamilton atarian geratu zen eta Bermani zuzendu zion soa, bere semearekin egongela gurutzatzen ari zela.

      ― Hamilton jauna ―hasi zen andrea urduri, baina ez zuen amaitu.

      ― Zer gura duzu? ―esan zion Bermanek Hamiltoni―. Kontuz ibili! Kendu nire paretik!

      Pasatzean, Bermanek doi-doi ukitu zuen Hamiltonen sorbalda eta Hamilton portxetik erori zen, kraska egin zuten arantzadun zuhaixka batzuen gainera. Ezin zuen gertatzen ari zena sinetsi. Zuhaixka artetik irten eta portxean zutik zegoen gizonaren gainera oldartu zen. Kolpean erori ziren biak belarretara eta han zilipurdika joan ziren; Hamiltonek Berman ahoz gora etzanarazi zuen eta belaunekin bizepsak zanpatu zizkion. Idunetik heldua zeukan Berman eta honen burua indarrez belarraren kontra kolpekatzen hasi zen, emakumeak oihu egiten zuen bitartean:

      ― Ene jainkoa, norbaitek geldiaraz ditzala! Jainkoarren, deitu poliziari!

      Hamilton gelditu egin zen.

      Bermanek gorantz so egin eta esan zuen:

      ― Kendu nire gainetik.

      ― Ondo zaudete? ―galdetu zuen emakumeak elkarrengandik aldentzen zebiltzala―. Jainkoarren ―esan zuen, eta gizonei so egin zien. Elkarrengandik oinkada batzuetara zeuden, bata besteari lepoa ematen, arnasa sakon hartuz. Mutil nagusiak portxean bilduak ziren begiratzeko. Borrokaldia bukatutakoan, zain geratu ziren, gizonei begira, eta gero jotze-keinuak egiten eta elkarri besoetan eta saihetsaldean ukabilkadak ematen hasi ziren.

      ― Mutilok, itzul zaitezte etxe barrura ―esan zuen andreak―. Sekula ez nuen halakorik ikustea espero ―esan eta eskua paparrera eraman zuen.

      Hamilton izerditan zegoen eta birikak sutan somatu zituen, arnasa sakon hartzen saiatu zenean. Zerbaitek bola bat eratu zion eztarrian, tarte batez irenstea eragotzi ziona. Oinez hasi zen, bere semea eta Kip izeneko mutikoa albo banatan. Auto baten ateen kolpeak entzun zituen, motor bat abiarazten. Faro batzuk igaro zitzaizkion aurretik, oinez zihoala.

      Rogerri negar-zotin bat atera zitzaion, eta Hamiltonek mutikoaren sorbaldan jarri zuen besoa.

      ― Hobe nuke etxera joatea ―esan zuen Kipek, eta negarrez hasi zen―. Aita bila ibiliko zait ―eta korrika atera zen.

 

 

      ― Sentitzen diat ―esan zuen Hamiltonek―. Sentitzen diat hik horrelako zerbait ikusi behar izana ―esan zion semeari.

      Oinez jarraitu zuten eta, euren etxe-blokera iritsi zirenean, Hamiltonek besoa kendu zion sorbalda gainetik.

      ― Eta aizto bat hartu izan balu, aita? Edo makila bat?

      ― Ez zikean halako ezer egingo ―esan zuen Hamiltonek.

      ― Baina eta egin balu? ―semeak.

      ― Zaila duk jendeak haserre dagoenean zer egin lezakeen esatea ―esan zuen Hamiltonek.

      Aterako bidean gora hasi ziren. Bihotza mugitu zitzaion Hamiltoni leiho argiztatuak ikustearekin batera.

      ― Utzidazu zure giharrak ukitzen ―esan zion semeak.

      ― Orain ez ―Hamiltonek―. Orain sar hadi, eta afaldu eta oheratu bizkor. Esan amari ondo nagoela eta portxean eseriko naizela tarte batez.

      Mutilak oin batetik bestera balantza egin eta aitari begiratu zion, eta gero etxera lasterka sartu eta deiadarka hasi zen:

      ― Ama! Ama!

 

* * *

 

 

      Portxean eseri zen; garajeko horman bermatu zuen bizkarra eta hankak luzatu zituen. Izerdia lehortua zitzaion kopetan. Itsaskor sentitzen zen arropa azpian.

      Behin ikusia zuen bere aita ―astiro hitz egiten zuen gizon zurbila, sorbalda eroriak zituena― horrelako zerbaitetan sartua. Gogor horietakoa izan zen, eta bi gizonek bukatu zuten zaurituta. Kafetegi batean gertatu zen. Beste gizona etxalde bateko langilea zen. Hamiltonek aita maitatu izan zuen eta gauza asko gogora zitzakeen hari buruz. Baina orain aitaren borrokaldi bakarraz akordatzen zen, gizonari buruz aipatzeko beste ezer izango ez balu legez.

      Portxean jarrita zirauen andrea atera zenean.

      ― Ene Jainkoa ―esan zuen emakumeak, eta gizonaren burua esku artean hartu―. Sar zaitez eta dutxatu, eta jan ezazu zerbait eta konta iezadazu gertatutakoa. Afaria bero dago oraindik. Roger ohera joan da.

      Baina semea deika entzun zuen gizonak.

      ― Esna dago oraindik ―esan zuen andreak.

      ― Minutu batean jaitsiko naiz ―esan zuen Hamiltonek―. Orduan agian zerbait edan beharko genuke.

      Emazteak ezetz egin zuen buruaz.

      ― Egia esan, oraindik ezin dut sinetsi gertaturikoa.

      Gizona mutilaren gelan sartu eta ohe ertzean eseri zen.

      ― Nahiko berandu duk eta oraindik esna hago; hortaz, gabon esatera natorrek ―esan zuen Hamiltonek.

      ― Gabon ―esan zuen mutilak, eskuak lepondoan, ukondoak aurrera aterata.

      Pijamatan zegoen eta usain epel freskoa zerion, Hamiltonek sakon arnastu zuena. Eskutada leunak eman zizkion semeari maindireen gainetik.

      ― Kontuz ibili hemendik aurrera. Ez hurbildu auzoko zoko horretara, eta ez dezadala ez bizikletarik ez inolako jabetzarik hondatu dualako berririk berriro entzun. Argi zagok? ―esan zuen Hamiltonek.

      Mutikoak baietz egin zuen buruaz. Eskuak lepondotik kendu eta ohazal gainean zerbait igurzteari ekin zion.

      ― Ados, bada ―esan zuen Hamiltonek―. Gabon opa diat.

      Semeari musu emateko hurbildu zen, baina mutikoa hizketan hasi zen.

      ― Aita, aitona indartsua zen zu bezala? Zure adina zeukanean, esan nahi dut, badakizu, eta zuk...

      ― Eta nik bederatzi urte neuzkanean? Hori da esan gura duana? Bai, uste diat hala zela ―esan zuen Hamiltonek.

      ― Batzuetan ia ezin dut oroitu ―esan zuen mutilak―. Eta ez dut berekin ahaztu nahi, badakizu? Badakizu zer esan nahi dudan, aita?

      Hamiltonek ez zuenez zuzenean erantzun, mutikoak jarraitu egin zuen:

      ― Gaztea zinenean, gu bion artekoa bezala zen zuekin? Ni baino gehiago maite zenuen bera? Edo berdin-berdin? ―Mutikoak kolpean esan zuen hau guztia. Hankak mugitu zituen maindireen azpian eta beste alde batera zuzendu zuen soa. Hamiltonek erantzun ez zuenez, mutilak esan zuen:

      ― Erretzen zuen? Esango nuke pipa bat edo halako zerbait dudala gogoan.

      ― Hil aurretik pipa erretzen hasi zuan, hori egia duk ―esan zuen Hamiltonek―. Zigarretak erre ohi zitian denbora asko lehenago, eta gero zer edo zerekin deprimitu eta utzi egiten zian, baina aurrerago marka aldatu eta berriz hasten zuan. Utz iezadak gauza bat erakusten ―esan zuen Hamiltonek―. Usaindu nire eskugaina.

      Mutilak eskua berean hartu, usaindu, eta esan zuen:

      ― Uste dut ez dudala usainik antzematen, aita. Zer da?

      Hamiltonek eskua usaindu zuen lehenengo eta hatzak gero.

      ― Orain neuk ere ez diat usainik hartzen ―esan zuen―. Hor zegoan lehen, baina orain desagertu egin duk. ―«Agian sustoak bidali du», pentsatu zuen―. Gauza bat erakutsi nahi nian. Tira, berandu duk jada. Hobe huke lo egitea ―esan zuen Hamiltonek.

      Mutikoak albo batera buelta eman eta aitari behatu zion, hark aterako bidea egin eta eskua etengailuan jartzen zuen bitartean. Eta orduan mutilak esan zuen:

      ― Aita? Pentsatuko duzu erotuta nagoela, baina gustatuko litzaidake txikia zinenean zu ezagutu izana. Esan nahi dut, nire adin ingurukoa zinenean. Ez dakit nola esan, baina bakarrik sentitzen naiz hori dela eta. Ematen du... ematen du zure falta dudala dagoeneko, orain horretan pentsatzen badut. Erokeria da, ezta? Tira, utzi atea zabalik, mesedez.

      Hamiltonek atea irekita utzi zuen, baina gero hobeto pentsatu eta erdi-itxi zuen.


 

 

BIZIKLETAK, GIHARRAK, ZIGARRETAK
Raymond Carver

Bicycles, Muscles, Cigarets
Kansas Quarterly, 1972
euskaratzailea: Leire Vargas Nieto
armiarma.eus, 2021