ZERGAITIK IDAZTEN DUDAN
George Orwell

euskaratzailea: Ana Morales
Xerezaderen artxiboa
armiarma.eus, 2019

 

Oso umetatik, bost edo sei urte nituenetik agian, banekien handitan idazlea izango nintzela. Hamazazpi eta hogeita lau urte bitartean, ideia hori baztertzen saiatu nintzen, baina jakinda nire benetako izatearen kontra jotzen ari nintzela, eta lehenago edo geroago liburuak idazten jarri beharko nintzela.
    Erdiko umea nintzen hiruren artean, baina bost urteko aldea nuen aurrekoarekin eta ondokoarekin, eta zortzi urte izan arte apenas ikusi nuen aita. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik bakarti xamarra nintzen, eta laster hartu nituen bitxitasun desatsegin batzuk, eskola garaian fama txarra eman zidatenak. Ume bakartien ohitura hori nuen, alegia, ipuinak asmatzekoa eta irudimenezko pertsonekin berbetan ibiltzekoa, eta uste dut hasiera-hasieratik nire anbizio literarioak nahasita egon zirela isolamendu eta gutxiespen sentimenduekin. Banekien hitzetarako erraztasuna nuela eta gertaera desatseginei aurre egiteko gaitasuna, eta iruditzen zitzaidan horrek halako mundu pribatu bat sortzen zuela, non mendekua har nezakeen eguneroko bizitzako frakasoagatik. Hala ere, haurtzaro eta nerabezaro osoan sortu nuen idazketa lan serioa —hau da, asmo serioaz egindakoa— ez zen helduko dozena erdi bat orritara. Lauzpabost urterekin idatzi nuen lehen poema, amari diktatuta. Ez dut ezer gogoratzen, ezpada tigre bati buruzkoa zela eta tigreak «aulkien moduko hortzak» zituela —nahiko esapide ona, baina esango nuke poema Blakeren «Tigrea, tigrea» poemaren plagioa zela—. Hamaika urterekin, 1914-18ko gerra piztu zenean, poema abertzale bat idatzi nuen, herriko egunkarian argitaratu zena, handik bi urtera beste bat argitaratu zidaten legez, Kitchenerren heriotzaren ingurukoa. Noizetik noizera, nagusixeago nintzela, «natura poema» txar eta sarritan amaitu gabeak idazten nituen estilo georgiarrean. Hori da urte haietan guztietan papereratzera heldu nintzen asmo serioko lan guztia.
    Hala ere, denbora horretan zehar literatur jardunean ibili nintzen nolabait ere. Hasteko, eskatu ahala sortzen nuen materiala zegoen, azkar, erraz eta plazer handirik gabe ekoizten nuena. Eskolako lanetatik aparte, VERS D’OCCASION direlakoak idazten nituen, poema sasikomikoak, orain txundigarria iruditzen zaidan abiadan sortzen nituenak —hamalau urterekin, astebetean-edo, antzerki lan bat idatzi nuen bertsotan, Aristofanesen imitazioan—, eta eskolako aldizkariak zuzentzen laguntzen nuen, bai eskuz eginak eta bai inprimatuak. Aldizkari haiek pentsa litekeen esperpentorik penagarriena ziren, eta gaur egun kazetaritzarik merkeenari emango niokeen arreta baino askoz gutxiago ematen nien. Baina horrekin guztiarekin batera, hamabost urtez edo luzeago, oso literatur ariketa bestelako batean jardun nuen: neure buruari buruzko etengabeko «kontakizun» bat asmatzen, neure gogoan beste inon existitzen ez zen eguneroko moduko bat. Uste dut hori ohitura arrunta dela ume eta nerabeengan. Oso txikia nintzela, imajinatu ohi nuen, esaterako, Robin Hood nintzela, eta abentura kitzikagarrietako protagonista nintzela, baina laster nire «kontakizunak» gordinki nartzisista izateari utzi zion eta gero eta gehiago bihurtu zen egiten nenbilenaren eta ikusten ari nintzen gauzen deskribapen bat. Minutuak ematen nituen buruan honelako gauzak nerabiltzala: «Atea bultzatu eta gelan sartu zen. Eguzki izpi hori batek, muselinazko gortinetatik iragazirik, zeharka jotzen zuen mahaian, non pospolo kutxa bat zegoen erdi irekita tinta ontziaren ondoan. Eskumako eskua poltsikoan zuela, gela zeharkatu zuen leihoraino. Kalean, katu nabar bat orbel bati segika zebilen» etab., etab. Ohitura horrek hogeita bost urteetara arte iraun zidan, nire urte ez-literarioetan zehar. Hitz egokiak bilatu behar, eta bilatu egiten banituen ere, bazirudien ia nire borondatearen kontra egiten nuela deskribatze ahalegin hori, kanpotik ezarritako betebehar moduko baten pean. «Kontakizunak» adin bakoitzean miretsi nituen idazleen estiloak islatuko zituen, pentsatzen dut, baina gogoratzen dudanez, beti izan zuen deskriptibotasun txorrotx hura.
    Hamasei urte inguru nituela, bat-batean berba hutsen poza deskubritu nuen, hau da, hitzen soinu eta asoziazioena. PARADISU GALDUAko bertso hauek:

Eta hark nekez eta pena handiz
jarraitu zuen: nekez eta pena handiz hark

...zein gaur egun ez baitzaizkit hain zoragarriak iruditzen, bertso horiek hotzikarez astintzen zidaten bizkarrezurra; eta «he» hitza «hee» idatzita egotea plazer erantsia zen. Gauzak deskribatzeko premiari dagokionez, ordurako ederto ezagutzen nuen. Beraz, argi dago zer-nolako liburuak idatzi gura nituen, garai hartan halakorik egin nahi nuela esaterik baldin badago. Amaiera tristeko nobela naturalista alimalekoak idatzi nahi nituen, deskribapen xeheez eta konparazio harrigarriez beteak, eta pasarte ornatuez beteak ere bai, non hitzak neurri batean soinu hutsagatik baliatuko ziren. Eta, izan ere, nire lehen nobela, EGUN BIRMANIARRAK, hogeita hamar urterekin idatzia baina askoz lehenago planifikatua, nahikoa hurbiltzen da liburu mota horretara.
    Informazio hau guztia ematen dut ez dudalako uste idazle baten motiboak ebaluatu daitezkeenik bere hastapeneko urratsez zerbait jakin gabe. Bizi den garaiak mugatuko ditu bere gaiak —behintzat hala da gurea bezalako nahasmendu eta iraultza garaietan—, baina idazten hasi aurretik ere eskuratua izango du jarrera emozional bat zeinetatik sekula ez duen guztiz ihes egingo. Jakina, bere egitekoa da bere tenperamentua menderatzea eta katigatuta ez geratzea aro heldugaberen batean, aldarte tematiren batean; baina bere hasierako eraginei erabat ihes egiten badie, bere idazteko bulkada hilko du. Bizimodua atera beharra alde batera utzita, nire ustez lau motibo nagusi daude idazteko, behintzat prosa idazteko. Idazle guztiengan existitzen dira neurri desberdinetan, eta toki handiagoa edo txikiagoa hartzen dute idazle bakoitzarengan denboran zehar, bizi den giroaren arabera. Honako hauek dira:
    1) Egoismo hutsa. Besteen aurrean buruargi agertzeko gogoa, jendearen ahotan egotekoa, hil ostean gogoratua izatekoa, mendekua hartzekoa haurtzaroan erdeinatu zintuzten helduen kontra, etab., etab. Txotxolokeria da hori idazteko motibo bat ez dela esatea, eta motibo indartsua gainera. Ezaugarri hori berdin dute idazleek eta zientzialariek, artistek, politikariek, legelariek, soldaduek, negozio gizon arrakastatsuek... labur esanda: gizateriaren gainak eta loreak. Gizakien gehiengo handia ez da ikaragarri berekoia. Hogeita hamar urteak-edo pasatuta, ia-ia bertan behera uzten dute batere norbanakoak izatearen ideia... eta gehienbat besteentzat bizi dira, edo monotoniaren pean itzaltzen dira, beste barik. Baina bada jende talentudun eta setatsuaren gutxiengo bat, deliberatuta dagoena bere bizitza amaiera arte bizitzeko, eta idazleak talde horretakoak dira. Idazle serioak, esango nuke, oro har buruiritziagoak eta egozentrikoagoak dira kazetariak baino, dirua hainbeste axola ez bazaie ere.
    2) Grina estetikoa. Kanpoko munduaren edertasunaren pertzepzioa edo, bestalde, hitzena eta  haien antolamendu egokiarena. Soinu batek beste batean sortzen duen eraginaren plazera, prosa onaren sendotasunarena edo ipuin on baten erritmoarena. Norberak baliozkotzat eta ez galtzekotzat jotzen duen esperientzia bat partekatzeko desira. Idazle askorengan motibo estetikoa oso ahula da, baina panfletista batek edo testuliburu idazle batek ere izaten ditu berba eta esapide kutunak, arrazoi ez-utilitarioengatik erakargarri zaizkionak; edo iritzi irmoak izan ditzake tipografiaz, marjinen zabaleraz etab. Trenen ordutegietaik gora, ez dago libururik kontsiderazio estetikorik batere ez duenik.
    3) Bulkada historikoa. Gauzak diren bezala ikusteko nahia, egiazko datuak aurkitu eta gordetzekoa, posteridaderako.
    4) Helburu politikoa.- «Politikoa» zentzurik zabalenean erabilita. Mundua norabide jakin batean bultzatzeko desira, jendearen pentsaera aldatzekoa, zein gizarte motaren alde borrokatu beharko litzatekeen erabakitzeko orduan. Berriz ere, ez dago libururik zinez joera politikorik ez duenik. Arteak politikarekin zerikusirik izan behar ez duelako iritzia bera ere jarrera politiko bat da.
    Ikusten da nola bulkada desberdin hauek gerra egin behar dioten elkarri, eta gora edo behera joan behar diren pertsonatik pertsonara eta garaitik garaira. Izatez —“izatez” diodanean helduaroaren hastapeneko egoeraz ari naiz—, ni naiz lehenengo hiru motiboak laugarrenari gailenduko litzaizkiokeen pertsona mota. Garai baketsu batean liburu apaindu edo deskriptibo hutsak idatz nitzakeen, eta agian ia oharkabean joango zitzaizkidan nire leialtasun politikoak. Gauzak diren bezala, behartuta egon naiz halako panfletista bat bihurtzera. Lehendabizi, bost urte eman nituen lanbide desegoki batean (Indiako polizia inperialean, Birmanian), eta gero pobrezia eta frakaso sentimendua pairatu nituen. Horrek areagotu egin zidan aginteari berez diodan higuina eta lehenengo aldiz ohartarazi ninduen bete-betean langile klaseen existentziaz, eta Birmaniako lanak erakutsia zidan pixka bat zertan den inperialismoa, baina esperientzia horiek ez ziren nahikoa izan niri joera politiko zehatz bat emateko. Orduan Hitler etorri zen, Espainiako Gerra Zibila eta abar. 1935aren amaieran, artean ez nuen lortu erabaki sendo bat hartzea. Gogoan dut sasoi hartan idatzi nuen poematxo bat, nire dilema azaltzen zuena:

Abade alaia izan nintekeen
pare bat mende lehenago
Zigor eternalaz predikatu
eta nire intxaurrondoei egon so;

Baina garai gaiztoan sortu nintzen
eta abaro hura galdu tamalez
ezpain gainean bibotea baitut
eta apaizek ezta ile bat ere.


Eta gero ere ondo genbiltzan,
erraz zetorkigun sosegua,
buruko minak lotara jarriz
arbolapeko lo kuluxkan.


Ezjakinak gu, aitor genuen
orain isiltzen dugun poza;
Hosto gaineko txirriskilak ere,
Ene etsaiak zitzaken aztora.

Baina nesken sabelak eta mertxikak
errekaño itzaltsuko arrainak,
zaldiak, goizalbako ahate hegalariak
ametsak dira guztiak.


Debekatuak daude ametsak orain;
pozak mozten ditugu edo gorde:
altzairu kromatuzkoak dira zaldiak
eta gizontxo lodiak haien gidariak.


Tximeleta bihurtu ez zen harra naiz,
haremik gabeko eunuko;
albo batean apaiza, komisarioa bestean
erdian ni, Eugene Aramen antzeko;


Eta komisarioa nire geroa esaten dabil
irratiak jotzen duen artean,
Baina apaizak agindu dit Austin 7 bat
Duggiek ondo ordaintzen du eta.


Marmolezko jauregiez egin nuen amets,
eta esnatzean egia zela ohartu;
Ez nintzen jaio aro honetarako;
Eta Smith? Eta Jones? Eta zu?


    Espainiako gerrak eta 1936-37ko beste gertaera batzuek balantza okertu zuten eta ordutik aurrera jakin nuen zein aldetan nengoen. 1936tik hona, nire lan serioaren lerro bakoitza zuzenean edo zeharka, totalitarismoaren AURKA eta sozialismo demokratikoaren ALDE idatzi dut, nik ulertzen dudan bezala. Zentzubakokeria iruditzen zait pentsatzea gurea bezalako garai batean badagoela gai horietaz ez idazterik. Mundu guztiak idazten du haietaz, modu batean edo bestean. Kontua da, sinpleki, bakoitzak zein alde hartzen duen, eta zein planteamenduri jarraitzen dion. Eta zenbat eta jabetuago egon nor bere joera politikoaz, orduan eta probabilitate gehiago izango du politikoki jarduteko bere integritate estetiko eta intelektuala sakrifikatu barik.
    Azken hamar urteotan nire gurari nagusia izan da idazketa politikoa arte bihurtzea. Nire abiapuntua beti izaten da posizionamendu bat, injustizia sentimendu bat. Liburu bat idaztera jesartzen naizenean, ez diot neure buruari esaten: «arte lan bat sortuko dut». Idazten dut gezur bat agerian jarri nahi dudalako, egitateren bat nabarmendu gura dudalako, eta nire lehen ardura entzuna izatea da. Baina ezingo nuke liburu bat idazteko lana egin, ezta aldizkari baterako artikulu luze bat egitekoa ere, aldi berean esperientzia estetiko bat ere ez balitz. Nire lana aztertzeko tarterik hartu nahi duen edonork ikusiko du, propaganda hutsa denean ere, gauza asko dituela politikari huts batek irrelebantetzat joko lituzkeenak. Ez naiz gauza haurtzaroan hartutako mundu ikuskera guztiz abandonatzeko, ezta nahi ere. Bizi naizen artean jarraituko dut prosaren estiloaz ardura handia izaten, lurraren gainazala maitatzen, eta atsegina hartzen objektu solidoetan eta alferreko informazio birrinetan. Hutsala da nire alderdi hori ezabatzen saiatzea. Eginbeharra da nire baitan sustraitutako zaletasunak eta ezinikusiak bateratzea sasoi honek guztioi ezartzen dizkigun jarduera funtsean publiko eta ez-indibidualekin.
    Ez da erraza. Eraikuntza eta hizkuntza arazoak sortzen ditu, eta modu berri batean jartzen du mahai gainean egiazkotasunaren arazoa. Adibide bat baino ez dut emango sortzen den zailtasun gordinago horretaz. Espainiako Gerra Zibilaz idatzi nuen liburua, OMENALDIA KATALUNIARI, argi eta garbi liburu politikoa da, jakina, baina gehienbat halako desatxikimendu batez eta formarekiko ardura batez idatzia dago. Oso gogor saiatu nintzen egia osoa esaten nire sen literarioa bortxatu barik. Baina, besteak beste, badu atal luze bat, egunkari aipuez eta halakoez betea,     Francorekin elkar hartuta egotea leporatu zitzaien troskistak defendatzen dituena. Argi zegoen halako kapitulu batek, urte baten edo biren buruan interesa galduko zuenak irakurle arruntarentzat, hondatu egingo zuela liburua. Errespetatzen dudan kritikari batek sermoia eman zidan horregatik: «Zergatik sartu zenuen zera hori guztia?» -esan zidan. «Liburu ona izan zitekeena kazetaritza bihurtu duzu». Egia zen zioena, baina ezin izango nuen bestela egin. Kontua zen nik banekiela Ingalaterrako oso jende gutxik jakin zezakeena, alegia, gizon errugabeak faltsuki akusatuak izaten ari zirela. Haserre egon ez banintz horregatik, ez nukeen liburua sekula idatziko.
    Modu batean edo bestean, arazo hori behin eta berriz sortzen da. Hizkuntzaren arazoa sotilagoa da eta gehiegi luzatu beharko nintzateke hemen azaltzeko. Bakarrik esango dut azken urteotan ahalegindu naizela ez hain modu koloretsuan eta bai zehazkiago idazten. Edozelan ere, uste dut batek estilo bat menderatzea lortzen duenerako, txiki geratu zaiola beti. ABEREEN ETXALDEA izan zen lehen liburua non modu guztiz kontzientean saiatu nintzen asmo politikoa eta asmo artistikoa osotasun batean fusionatzen. Zazpi urtean ez dut nobelarik idatzi, baina hemendik nahiko gutxira beste bat idaztea espero dut. Frakasora kondenatua dago, liburu oro da frakaso bat, baina aski argi daukat nolako liburua idatzi gura dudan.
    Azken orria edo orri parea berriz irakurrita, ikusten dut aditzera eman dudala nire idazteko motibazioak solidario hutsak izan direla. Ez dut nahi inpresio horrekin geratzea. Idazle guztiak dira handinahiak, berekoiak eta alferrak, eta beren motiboen sakon-sakonean misterio bat dago. Liburu bat idaztea borroka latz, akigarria da, gaixotasun mingarri baten aldi luze baten antzekoa. Batek ez luke halako gauza bat gainean hartuko, baldin eta horretara bultzatuko ez balu berak ez ulertu ez menderatu ezin duen demonio batek. Nik dakidala, demonio hori da umetxoa arreta eske intzirika jartzen duen sen hori bera. Eta, hala ere, era berean egia da batek ezin duela ezer irakurgarririk idatzi ez badabil etengabeko borrokan bere nortasuna ezabatzeko. Prosa ona leiho baten kristala bezalakoa da. Ezin dut ziur esan zein den nigan motiborik indartsuena, baina badakit zeinek merezi duen kasu egitea. Eta nire lanari atzera begiratuta, ikusten dut helburu POLITIKOA falta izan nuenean idatzi nituela beti liburu bizigabeak eta orduan traizionatu nuela nire burua pasarte ornatuetan, esangurarik gabeko esaldietan, adjektibo apaingarrietan eta, oro har, txotxolokerietan.

 

ZERGAITIK IDAZTEN DUDAN
George Orwell

euskaratzailea: Ana Morales
Xerezaderen artxiboa
armiarma.eus, 2019