SAMSA MAITEMINEZ
Haruki Murakami

euskaratzailea: Ekaitz Sirvent Auzmendi
armiarma.eus, 2019

 

       Esnatu zenean, itxuraldatu eta Gregor Samsa bihurtua zela ohartu zen.

      Ohean ahoz gora zegoen, gelako sabaiari beha. Bere begiek denbora behar izan zuten argi-itzalera ohitzeko. Ikusi ahal izan zuenagatik, sabai arrunt eta ohiko bat zen, beste edozein lekutakoa bezalakoa. Zuria izango zen jatorrian, krema kolore argikoa edo horrela. Orain, ordea, denborarekin pilatutako hautsaren edo zikinkeriaren eraginez, esne mindua oroitarazten zuen kolore batekoa zen. Ez zuen apaindurarik, ezta ezaugarri berezirik ere. Adierazpenik edo mezurik ere ez. Bazirudien, itxuraz, sabai funtzio estrukturala betetzen zuela, eragozpenik gabe, asmo handiagorik gabe.

      Gelaren hormetako batean (bere ezkerretara zegoenean) barrutik itsututako leiho altu bat zegoen. Behin handik zintzilikatu zituzten errezelak kendu ostean, leihoaren markoan estrabe horizontal sendoak iltzatuak zituzten. Oholetik oholera —ez zegoen argi beren-beregi egin zuten—, zentimetro gutxi batzuetako zirrikituak irekitzen ziren, goizeko eguzkia zoruan lerro paralelo distiratsuak trazatuz gelan irazten zelarik. Ez zekien zergatik kondenatuko zuten leihoa hain modu erabatekoan. Inor ez sartzeko? Inor atera ez zedin, agian? (Inor hori, bera izango ote zen?) Edo ekaitz handi ala tornado bat iristear ote zegoen?

      Oraindik ahoz gora etzanik, begi-lepoen mugimendu geldoekin aztertu zuen gela. Ez zegoen altzaritzat jo zitekeen ezer, lo egiten zuen ohea salbu. Ez komodarik, ez mahairik, ez aulkirik. Horman esekitako koadrorik, erlojurik edo ispilurik ere ez. Lanpararik ere ez zuen ikusi. Eta bere ikusmenak atzeman ahal zueneraino, zoruan ez zirudien alfonbrarik edo moketarik zegoenik. Parketa guztiz bipila zegoen. Hormak marrazki txikiko paper zahar kolorge batekin zeuden estaliak, baina argi ahul harekin ia ezinezkoa zen bereiztea —nahiz eta argi distiratsu batekin berdin gerta zitekeen beharbada—.

      Eskuinetara zuen horman, leihoaren kontrako aldean, ate bat zegoen. Letoizko eskuleku higatu bat zeukan. Segur aski, gela bere garaian etxebizitza arrunt bateko zatitzat erabili zen. Giroan nabari zen. Baina, orain, antzinako egoiliarren aztarna oro erauzia zegoen. Geratzen zen bakarra gelaren erdialdean zetzan ohea zen. Alabaina, arropaz gabetua zegoen: izarak, bururdia, burkoa falta zituen. Lastaira zahar bat baino ez zuten utzi.

      Samsak ez zekien non zegoen, ezta zer egin behar zuen ere. Ozta-ozta ulertzen zuen bakarra, Gregor Samsa izeneko gizaki bihurtu zela. Nola zekien? Beharbada, norbaitek lo egiten zuen bitartean belarrira xuxurlatu zion: «Gregor Samsa izena duzu».

      Eta Gregor Samsa bilakatu aurretik, nor deabru zen? Zer gauza zen?

      Baina horretan pentsatzen jarri bezain laster, burua lausotu eta astundu zitzaion. Eta bere buruaren sakonean eltxoen hodei ilun antzeko bat eratu zen. Pixkanaka, trinkoago bihurtzen hasi zen, eta, firrinda arin batez, garunaren zati bigunerantz lekualdatu zen. Une zehatz hartan, Samsak pentsatzeari utzi zion. Une hartan edozer gauzari buruz xehetasunez pentsatzea enbarazu pisutsuegia zen berarentzat.

      Nolanahi zela ere, ikasi behar zuen mugitzen. Ez zen han betiko etzanda egongo, sabaira begira alfer. Babesgabeegi zegoen. Halako egoeran etsai bat topatzen bazuen —adibidez, txori basa saldo batek eraso egiten bazion—, ez zuen bizirauteko esperantzarik izango. Hasteko, eskuko hatzak mugitzen saiatu zen. Hamar hatz luze zituen guztira, bost esku bakoitzean, ezkerrean eta eskuinean. Giltzadura ezberdinak zituzten, ekintza askotarikoen konbinazio baterako gauza zirenak. Gorputz osoa hozminduta nabaritzen zuen halaber (likido lodi eta likatsu batean murgildu izan balute bezala) eta ez zen modu eraginkorrean muturretara energia helarazteko gauza.

      Hala ere, begiak itxi zituen eta arreta jarri zuen, eta, haztamu eta akatsen bidez   saiakuntza pairakorrak egitearen ondorioz, pixkanaka bi eskuetako hatzak askatasunez mugitzea lortu zuen. Gainera, giltzadurak mugitzeko moduari ohitura hartzen joan zen, nahiz eta erritmo geldoan izan. Hatz puntak mugitzean, bere gorputzaz jabetzen zen hozmindura pitinka-pitinka gutxitzen eta atzera egiten joan zen. Baina orduan, utzitako hutsunea betetzeko bezala, min bizi bat hasi zitzaion oinazetzen —marea jaistean haitz ilun makur bat azaleratu izan balitz bezala zen—.

      Sentsazio hura gosea zela ohartzeko denbora behar izan zuen. Gose zakarra zen, inoiz lehenago nabaritu ez zuena, edo gutxienez nabaritu zuenik oroitzen ez zena. Bazirudien ez zuela aste oso batean janari apurrik ere irentsi —horrela sentitzen zen—. Gorputz erdian haitzulo bat ireki zitzaiola zirudien. Hezurrek karraska egiten zioten, giharrak zurrunduta zituen eta sabeleko mina sentitzen zuen.

      Oinaze hura jasateko ezgauza, ukondoetan bermatuz agondu egin zen pixkanaka. Kra. Bizkarrak hots espantagarri batekin karraska egin zion hainbatetan. Zenbat denbora ote zeraman ohe hartan etzanda? Bere gorputzeko atal bakoitzak altxatzeari eta posturaz aldatzeari uko egiten zion. Hala eta guztiz ere, mina jasatea lortu zuen eta, tente jartzeko ideian bere indar guztiak bilduz, ohean esertzea lortu zuen.

      Bai gorputz ikaragarria! Samsak ezin izan zuen hori pentsatzea ekidin, bere haragi biluziak erdikustean eta bere ikusmenetik kanpo zegoena ukitzean. Baina ez zen ikaragarria soilik. Babesgabeegi ere bazegoen. Azal zuri eta lau hura (apenas ageri zen bilorik), sabel bigun guztiz babesgabea, itxura arrotzeko genitalak, beso eta zango pare mendrea doi-doi, lerro urdinen gisara handitzen ziren zain estuak, erraz zatitu zitekeen lepo luze eta ezegonkorra, buru handi eta desitxuratua. Txima gogor eta luzeak zituen, eta, maskorrak bailiran, bi belarri zabaltzen ziren alde bietara. «Nire benetako ni-a hau izango ote da? Gorputz taxugabe eta itxura hain ahuleko honek (babesteko oskolik gabe edo eraso egiteko armarik gabe) biziraun al dezake munduan? Zergatik ez nintzen arrain bihurtu? Zergatik ez nintzen ekilore bihurtu?». Arrain edo ekilore bihurtzeak zentzu gehiago izango zukeen. Gutxienez Gregor Samsa bihurtzeak baino askozaz gehiago. Ezin izan zuen hori pentsatzea ekidin.

      Hala ere, zangoak erabakitasunez jaitsi zituen ohetik eta zoru biluzian ipini zituen oinak. Uste baino hotzagoa zegoen eta Samsak listua irentsi zuen nahi gabe. Oker larri andana bat errepikatu eta behin eta berriz baldar saiatu ostean, hankez baliatuz jaikitzea lortu zuen azkenean. Ohearen egituran esku bat bermatuz, tente geratu zen une batez. Baina geldi geratzean, buruak gehiegi pisatzen ziola ohartu zen eta ez zuen lepoa zuzen mantentzea lortzen. Izerdia galtzarbeetatik irristatzen zitzaion eta muturreko urduritasunaren eraginez ugalketa-organoa kuzkurtu egin zitzaion. Hainbat aldiz sakon hartu zuen arnasa eta giharren tentsioa lasaitzen saiatu zen.

      Behin bere gorputza zutik egotera ohitu zenean, nolabait, oinez ibiltzen ikastea izan zen hurrengoa. Baina hanka biekin ibiltzeak tortura jasatearen antzeko ahalegina eginarazten zion eta mugimendu haiek gihar-min biziak eragin zizkioten. Ezker eta eskuin zangoak txandakatuz aurrera jotzea, edonondik begiratuta ere, natura-legeak urratzen zituen egintza absurdo bat zen, eta ikus-eremua altu egoteak, posizio ezegonkor batean, bere gorputza tenkarazi zion. Lehen unetik bertatik, ikaragarri zaila gertatu zitzaion ulertzea orekari eusteko aldakaren eta belaunen giltzadurak sinkronizatu behar zituela. Ematen zuen urrats bakoitzeko belaunburuek dardara egiten zioten, erortzearen beldurrez, eta eskuak horman bermatu behar izaten zituen.

      Ez zen, ordea, gela hartan betiko geratuko. Jateko ganorazko ezer aurkitu eta ahora eramaten ez bazuen, berandu baino lehen gose bizi hark bere gorputza jango zuen eta suntsitu egingo zuen.

 

 

Ateraino, beti hormari eutsita, estropezuka aurrera egiteak tarte luze bat eraman zion. Ez zuen denbora-unitateen edo neurtzeko moduen ezagutzarik. Baina, edozein kasutan, denbora asko eraman zion. Metatzen zuen mina zen horren froga. Edonola ere, lekuz aldatzearen poderioz, giharrak eta giltzadurak erabiltzeko modua bereganatzen joan zen. Oraindik abiadura mantsoan eta trebetasunik gabeko keinuekin mugitzen zen. Euskarri baten beharra zuen, gainera. Segur aski pertsona ezgaitzat hartuko zukeen norbaitek.

      Atearen eskulekua ukitu zuen eta bertatik tira eginez proba egin. Atea ez zen zertxobait ere ireki. Bultza egiteak ere ez zuen balio. Eskuinera jiratu eta tira egin zuen jarraian. Atea karranka arin batekin barrurantz zabaldu zen. Ez zegoen giltzaz itxia. Burua zirrikitutik agertu zuen apur bat. Giza aztarnarik txikiena ere ez, korridorean. Ozeanoaren sakona bezain isil zegoen guztia. Hasteko, eskuineko hankarekin kanpoan zapaldu zuen, gero atearen markoari esku batekin eutsiaz gorputz erdia atera zuen gelatik eta ezker hanka atera zuen ondoren. Orduan, eskuak hormari itsatsita, korridorean aurrera egin zuen oinutsik, urratsez urrats.

      Korridorean lau ate zeuden, utzi berri zuen gelarena barne. Denak zurezkoak eta tonu ilunekoak ziren, itxura berdintsukoak. Nolakoak izango ziren barnetik? Inor egongo zen? Ateak irekitzeko eta begirada bat emateko gogo ikaragarria sentitzen zuen. Horrela, beharbada, egoera ulertezin hura argitu ahal izango zuen pixka bat. Gauzak logikarekin azalduko lituzkeen arrastoren bat aurkituko zuen, agian. Baina azkenean isilpean igaro zen. Ikusmina baino lehen, gosea ase behar zuen. Bere barnean habia egiten zuen haitzulo basati hura elikagarria zen zerbaitekin bete behar zuen azkar.

      Eta, orain, Samsak bazekien nora jo behar zuen zerbait elikagarri hori eskuratzeko.

      «Usainari jarraitu», pentsatu zuen, sudurzuloak modu hertsagarrian mugitzen zituen bitartean. Janari beroa usaintzen zuen. Elikagai prestatuen urrina airean zebilen, geldiro, bere sudurreko mukosak zoroki zirikatzen zituen partikula ñimiñoetan eraldatuta.  Usaimenak informazioa segundo bakar batean baino gutxiagoan helarazi zuen burura eta, ondorioz, susmo garbi eta irrika bizi batek digestio-aparatua bihurritu zion, inkisidore adituen berezko ankerkeriaz. Hortzetan ura egin zitzaion.

      Alabaina, usainaren iturburura iristeko, eskailera bat jaitsi behar zuen lehenik. Leku lauan ibiltzea benetan latza baldin bazen, hamazazpi mailatako eskailera maldatsua jaistea lokamuts baten oso antzekoa zen. Eskailerara jo zuen eta bi besoekin eskudelari helduz jaisten hasi zen. Maila bakoitzarekin, bere gorputzaren pisua eskumutur meheen gain erortzen zitzaion eta hainbat alditan bilinbolaka erortzear egon zen, orekari eusteko ezgai. Berezkoa ez zen jarrera bat hartzen zuen bakoitzean, bere gorputzeko hezur eta gihar guztiak minez dardaratzen ziren.

      Eskailera jaisten zuen bitartean, Samsak arrainekin eta ekiloreekin pentsatzen zuen funtsean. Arrain bat balitz, ez zukeen eskailerak jaisten eta igotzen ibili beharko eta bizitza lasaia eraman ahal izango zuen. Eta, nolanahi ere, zergatik egin behar zuen berak horren eragiketa arras arriskutsu eta antinaturala? Absurdoa zen.

      Azkenean, hamazazpi mailen azkenera iritsi zenean, Samsak jarrera zuzendu zuen berriz ere eta, geratzen zitzaion kemena bilduz, janari usaina zetorren lekurantz abiatu zen. Sabai altuko ataria zeharkatu eta ate irekitik jangelan barneratu zen. Mahai handi arrauzkaran janari platerak paratuak zituzten. Mahaiaren inguruan bost aulki zeuden, baina arimarik ere ez. Platerari lurrun ahul zurixka bat zerion oraindik. Erdian beirazko loreontzi bat zegoen, dozena bat lili zurirekin. Mahaia lau mahaikiderentzako koilara-sardexkekin eta dafaila zuriekin hornituta egon arren, ukitu zituztenik ez zuen ematen. Bazirudien gosaria zerbitzatu zutela eta, bat-batean, mahaikideak jatekoa ahoratzera zihoazenean, ustekabeko zerbait gertatu eta, besterik gabe, guztiak altxatu eta desagertu egin zirela. Ez zen orduz gero denbora asko igaro.

      Zer arraio gertatu zen? Nora jo ote zuten? Edo nora eraman zituzten? Gosaltzera itzuliko ziren halako batean?

      Baina ez zen halako pentsamenduetan galtzeko unea. Gertuen zuen aulkian amildu zen Samsa eta, aiztoa, koilara, sardexka eta dafaila erabili ere egin gabe, esku soilez baliatuz, mahai gainean prestatutako jakiak jan zituen, bataren atzetik bestea. Ogia puskatan zatitu zuen, eta ahora bere horretan eraman, gurina edo erreximenta eman gabe; saltxitxa lodi egosiak osorik irentsi zituen; oskola kentzeko nekerik hartu gabe egin zion haginka arrautza egosiari; barazki ozpinduak ahurka irentsi zituen. Patata-pure beroa eskuekin ahora eraman zuen zuzenean. Jakien mordoilo hura hortzekin birrintzen zuen eta, murtxikatzeke geratzen zenari jaisten laguntzeko, ura pitxerretik edaten zuen. Zaporeak ez zion ardura. Ez zuen bereizten zer zegoen ona edo txarra, mina edo mingotsa. Oinarrizkoena bere gorputzaren hutsunea betetzea zen. Denboraren aurkako lasterketa jokatuko balu bezala, bere onetik irtenda, zanpa-zanpa jan zuen. Hain zen horrela, eskuan zuen zerbait miazkatzen zuen bitartean okerrez hatz bat hozkatu zuela. Janari hondarrak mahaiaren gainean barreiatua ziren eta plater bat lurrera erori eta apurtu egin zen. Baina horrelako ezertxok ez zion ardura.

      Mahaiak itxura tamalgarria ageri zuen. Bele saldo izugarri bat leiho irekitik sartu eta, han zegoena mokokatzeko zurrunbilotu ostean, hegaz aldendu izan balitz bezala. Azkenean, ahal zuen guztia jan eta gero atsedenaldi bat hartu zuenean, ez zen mahaiaren gainean ia ezer geratzen. Ukigabe zeuden bakarrak loreontziko liliak ziren. Aski janari egon ez balitz, beharbada loreak ere zausta-zausta jango zituzkeen. Horrenbesteko gosea izan zuen.

 

 

Jarraian, mahaira eserita geratu zen une batez, bere baitara bilduta. Bi eskuak taularen gainean ezarri zituen eta, arnasa nekez hartzen zuela, sorbaldak jasotzen eta jaisten zituela, begiak erdi irekita lili zuriei behatu zien. Pixkanaka, asetasun sentipenak hartu zuen, hondartza batean itsasaldia igotzen denean bezala. Sentitu zuen apurka-apurka barneko haitzuloa betetzen joan zela eta hutsunea txikitu egin zela.

      Segidan, kafe-makina metalikoa hartu eta portzelana zuriko kikara batean kafea zerbitzatu zuen. Urrin bizi eta sarkorrak zerbait gogorarazi zion. Ez zen oroitzapen zuzen bat. Erabat zeharkakoa zen, etapa ezberdinak gainditu zituen. Denborazko bikoiztasun arraro bat gertatu zen, orainaldian bizitzen ari zena etorkizunetik ikusitako iragana izango balitz bezala. Bizipenak eta oroitzapenak zirkulu itxi batean joan-etorrian ibiliko balira bezala. Kafeari esne-gain piloa bota zion; hatzarekin irabiatu eta edan egin zuen. Nahiko hotza zegoen arren, oraindik bazuen epeltasun arin bat. Lipar batez ahoan edukitzen zuen eta gero urdailera bidaltzen zuen pixkanaka, kontuz. Kafeak nerbioak doi bat baretu zizkion.

      Hotza sentitu zuen bat-batean. Gorputza astinaldi bortitzetan dardara egiten hasi zitzaion. Ordura arte, gose sentsazioa hain izan zen zakarra, beste gorputz-sentsazioei ez ziela kasurik egin. Baina behin ase eginda, goizeko aire izoztua sumatu zuen. Tximinia itzalia zuten eta hotz zegoen. Gainera, ortozik eta biluzik zegoen.

      Zerbait jantzi behar zuela ohartu zen Samsa. Egoera hartan, ez zuen hotza jasango. Gainera, hura ez zen itxura egokiena inoren aurrean aurkezteko. Edozein unetan norbait ager zitekeen sarreran. Agian, gutxira arte han egon zirenak —gosaltzera zihoazen horiek berak— berehalaxe itzuliko ziren. Estualdi bat izango zen Samsarentzat egoera horretan inork aurkitzea, ezbairik gabe.

      Nolabait ere, horretaz guztiaz konturatu zen. Ez zen aieru bat izan, ezta ulermen bat ere, ohartze huts bat baizik. Samsak ez zekien ohartze horrek zein ibilbide jarraitu zuen beraganaino heltzeko. Agian zirkuluan jiratzen zuen bere oroimen horren zati zen, halaber.

      Aulkitik jaiki zen, jangelatik irten eta atarira abiatu. Oraindik aski traketsa bazen ere eta denbora behar zuen arren, ezeri eutsi gabe bi hankekin ibiltzea lortzen zuen orain. Harrera-gelan, aterki eta bastoi zenbaitekin, burdinazko altzari bat zegoen. Euskarri gisa erabiltzeko haritzezko makila beltz bat hartzea erabaki zuen. Eskutokiaren ukimen sendoak adorea eta lasaitasuna eman zioten. Txori batek eraso egingo balio arma gisara balia zezakeen. Leihora hurbildu zen gero, eta errezel zurien zirrikitutik arakatu zuen une batez.

      Etxearen aurrean kale bat zegoen. Ez zen zabalegia. Apenas zebilen jenderik eta hutsegia ikusten zen. Noizean noiz urrats arinekin gurutzatzen zuten pertsonak goitik behera arropekin estalita zihoazen. Forma eta kolore askotariko jantziak. Gizonak ziren ia denak, baina emakume pare bat ere igaro zen. Sexuaren arabera desberdin beztitzen zuten. Eta larru gogorreko zapatak janzten zituzten. Ondo ziratutako botak zeramatzanik ere bazen. Zolek hots labur eta lehorra egiten zuten, tak, tak, harribilezko galtzadaren kontra. Guztiek kapela zeramaten. Ohikoa denez, bi hankekin ibiltzen zen mundu guztia eta genitalak ez zituzten airean. Samsa sarrerako gorputz osoko ispiluaren aurrean ipini zen eta kaleko oinezkoekin alderatu zen. Ispiluan ahul eta narras ikusten zen. Sabeletik tantaka saltsa eta koipea erortzen zitzaion eta pubisean ogi-birrinak zituen kotoia bezala itsatsita. Eskuekin garbitu zen.

      «Jantzi egin behar dut», esan zuen berriro.

      Segidan kalerantz begiratu zuen berriz, eta hegaztiak bilatu zituen. Ez zen bat bera ere ikusten.

      Beheko solairuan zeuden sarrera, jangela, sukaldea eta egongela. Baina ez zuen jantz zezakeen ezer aurkitu. Beheko solairua ez zen, ziur aski, jendea janzten zen lekua. Lehen solairuko lekuren batean egon behar zuten jantziek, denek batera.

      Erabakimenez, eskailera igo zuen berriro. Bere harridurarako, jaistea baino askozaz errazagoa izan zen. Eskudelari heldu eta hamazazpi mailak denbora erlatiboki laburrean igo zituen, behin hartuz atseden, eta beldur edo min berezirik sentitu gabe.

      Zorionez, esan behar baita, ateetako bat ere ez zegoen giltzaz itxia. Barrurantz irekitzen ziren, eskulekua eskuinera biratuta. Lehen solairuko gelak lau ziren orotara eta, esnatu zen egonleku hotz eta biluziak izan ezik, erosotasun guztiak zituzten. Maindire garbiko oheak zeuden, armairuak, idazmahaiak, argiontziak eta diseinu askotariko alfonbrak. Dena arretaz antolatua eta garbitua zegoen. Liburuak ongi kokatuak zeuden apaletan eta oliora eginiko paisaia markodunak zeuden hormetatik esekita. Guztiek itsasaldeko labar zuriak irudikatzen zituzten. Zeru urdin ilunean gozo itxurako lainoak azaleratzen ziren. Beirazko pitxerrak kolore biziko loreekin apaindu zituzten. Ez zitzaien bururatu leihoak estrabe zakarrekin edo antzekoekin kondenatzea. Eguneko argi bedeinkatua isilean iragazten zen leihoetako errezelen zirrikituetatik barrena. Ohe bakoitzean gutxira arte norbait lotan egon zelako zeinuak ikusten ziren. Burko zurietan buruaren sakonunea antzematen zen oraindik.

      Gela handienaren armairuan bere gorputzera doitzen zen txabusina bat aurkitu zuen. Estaltzeko balioko zion. Beste jantziak korapilatsuegiak ziren eta ez zekien nola jantzi edo konbinatu behar zituen. Botoi gehiegi zituzten eta ez zekien ongi bereizten aurrea eta atzea, goia eta behea. Azpiko arropa bestearengandik zertan bereizten zen ere ez zuen argi. Janzkerari buruz gauza gehiegi zeuden ikasteko. Txabusina, aldiz, askozaz ere errazagoa eta praktikoagoa zen; apaingarri gutxi zituen eta hura janzteko gai ikusten zen bera ere. Ehun bigun eta arinez egina zegoen, leuna azalera. Urdin ilun kolorekoa zen. Harekin ondo ematen zuten kolore bereko zapatila batzuk aurkitu zituen, gainera.

      Bere biluztasuna txabusinarekin estali zuen eta, hainbat aldiz saiatu eta gero, gerrikoa aurrean korapilatzea lortu zuen. Ondoren, txabusinarekin eta zapatilekin jantzita, ispiluan begiratu zen. Gutxienik larrugorritan bueltaka ibiltzea baino hobea zen. Jendea nola janzten zen xehetasun handiagoz behatzen bazuen, pixkanaka jantzirik arruntenak nola jantzi ulertzen amaituko zuen. Ordura arte, txabusinarekin moldatu beharko zuen. Aski beroa zenik ezin zen esan erabat, baina hotza jasatea ahalbidetzen zion neurri batean, etxe barruan jarraitzen zuen bitartean gutxienez. Eta, batez ere, bere azal bigun eta biluzia txorien aurrean agerian eta babesgabe ez egoteak lasaitzen zuen Samsa.

 

 

Txirrinak jo zuenean, logelarik handieneko ohean (etxeko oherik handiena zen halaber)  erdi lo zegoen, bururdi batekin estalita. Lumazko bururdiaren azpian arrautza-oskol batean sartuta bezain gustura eta bero egoten zen. Ametsetan ari zen. Jadanik ez zuen oroitzen zer. Baina amets alaia zen nolabait, atsegina. Haatik, une hartan sarrerako txirrinak etxe guztian durundatu zuen; ostikada batez urrundu zuen ametsa, eta Samsa errealitate hotzera itzularazi zuen.

      Ohetik jaitsi zen, txabusinaren gerrikoa ongi lotu zuen, zapatila urdinak jantzi zituen, beltzez margotutako makilari heldu zion eta, eskudelari eutsita, eskailera astiro jaisten hasi zen. Oraingoan ere lehenbizikoan baino askozaz errazagoa gertatu zitzaion. Baina erortzeko arriskua zeukan hala ere. Ezin zen despistatu. Zuhurtziaz, mailaz maila, urrats bakoitza bermatuz, eskaileran behera abiatu zen. Bien bitartean, txirrinak tai gabe eta karrankari jotzen zuen. Deitzen zuenak, nornahi zela ere, eraman txarreko pertsona izan behar zuen eta, aldi berean, izaera tematsukoa.

      Azkenean behera iritsi zenean, makila ezker eskura aldatu eta sarrerako atea zabaldu zuen. Eskulekua eskuinera jiratu, eta barrurantz tiratu behar izan zuen.

      Kanpoan emakumetxo bat zegoen. Oso zen txikitxoa. Gezurra zirudien txirrinera iristeko gai izan zenik ere. Baina, ongi begiratuta, ez zen inolaz ere txikia. Bizkarra konkortua zuen, gorputz-enborra aurrerantz makurtua. Horregatik ematen zuen txikia. Baina berez ez zen altuera baxukoa. Ilea goma batekin atzean bilduta zeraman, begitartera ez erortzeko moduan. Adats ilun gaztainkara eta oso ugaria zuen. Orkatiletarainoko gona luze bat eta tweed jaka higatu bat zituen jantzita. Lepoan kotoizko fular marraduna zeraman kiribildua. Ez zeraman kapelarik. Bota sendoak zeramatzan, kordeldunak, eta hogeita gutxi urte izango zituen. Oraindik bazuen neskatotik zerbait. Begi handiak, sudur txikia eta alde baterantz okertutako ezpainak zituen, ilargi mehe bat bezalakoak. Bekainak beltzak ziren, zuzenak, eta gaitzikortasuna adierazten zuten.

      — Hau al da Samsa jaunaren etxea? —galdetu zuen neskak, lepoa jiratuz, behetik begiratzeko. Eta gorputz guztia astinduz bihurritu zen. Lurrikara indartsu batek astinduta lurra kordokatzen denean bezala.

      Une batez zalantza egin ostean, Samsak ziurtasunez erantzun zuen: «Bai». Bera Gregor Samsa zenez gero, zitekeena zen etxe hura samsatarrena izatea. Ez zegoen inolako eragozpenik hori onartzeko.

      Baina neskatilari, erantzuteko modu hura ez bide zitzaion atsegin. Bekozkoa ipini zuen. Agian Samsaren erantzunean zalantza baten itzala hauteman zuen.

      — Hau Samsa jaunaren etxea da benetan? —errepikatu zuen neskatoak, ahotsa jasoz. Gaizki jantzitako arrotz bati atezain trebatu batek itauntzen dionean bezala.

      — Gregor Samsa naiz ni —ihardetsi zuen Samsak, ahalik eta lasaien. Egia zen hori, ezbairik gabe.

      — Ederki orduan —erantzun zuen neskatoak. Jarraian, bere oinetara zegoen telazko zorro beltz handi bat jaso zuen, ahaleginez. Higatua zegoen eta urte askoan erabili zela ematen zuen. Agian oinordetzan jaso zuen—. Goazen barrura, bada —eta erantzunik itxaron gabe, etxean sartu zen azkar.

      Samsak atea itxi zuen. Neskatila han geratu zen zutik, berari, bere txabusinarekin eta zapatilekin, goitik behera mesfidati begira.

      — Badirudi iratzarri egin zaitudala, ezta? —esan zuen azkenean, hoztasunez.

      — Inondik ere, ez du axola —esan zuen Samsak. Bere solaskidearen begirada ilunagatik, jantzita zeraman arropa ez zela inguruabar haietan egokiena ulertu zuen—. Sentitzen dut itxura honekin harrera egitea, baina estura batean aurkitu naiz... —esan zuen berak.

      Ezpainak estuturik begiratu zion neskatoak.

      — Eta? —esan zuen ondoren.

      — Eta? —errepikatu zuen Samsak.

      — Eta non dago zerrapo hori?

      — Zerrapoa?

      — Bai, hondatutako sarraila —neskatoak uko egin zion bere ahotsaren sumindura saihesteko ahalegina egiteari—. Kontua da hautsitako sarraila bat konpondu behar nuela.

      — Ai! —hots egin zuen Samsak—. Bai, jakina, hautsitako sarraila.

      Etsita, burua martxan ipini zuen. Baina zerbaitetan zentratzen zenean, bere buruaren sakonean berriro eltxoen hodei beltza altxatzen zela sentitzen zuen.

      — Niri ez didate sarrailaz ezer esan —esan zuen—, baina uste dut lehen solairuko ateetako bat izan daitekeela, agian.

      Bekozkoa jarri zuen neskatoak eta, burua alboratuta, Samsari behetik begiratu zion.

      — Agian? —bere hoztasuna areagotzen joan zen. Bekainetako bat gorantz kakotu zuen—. Zein?

      Samsa jakitun zen gorritu egin zela. Lotsatuta sentitzen zen apurtutako sarrailaz ezer ez zekielako. Urruma egin zuen, baina ez zitzaizkion hitzak atera.

      — Samsa jauna, zure gurasoak ez al daude etxean? Uste dut hoberena beraiekin zuzenean hitz egitea izango dela.

      — Enkarguren bat egitera aterako ziren.

      — Atera egin dira? —ihardetsi zuen neskatilak, konkortuta—. Zer galdu zaie hor kanpoan, saltsa honen erdian?

      — Ez dakit, baina goizean, itzarri naizenean, ez zegoen inor etxean.

      — Jainkoarren! —hots egin zuen neskak. Eta hasperen luze bat askatu zuen—. Eta, hori, goizeko ordu honetan etorriko nintzela aurretiaz abisatu niela...

      — Sentitzen dut.

      Neskatoak ezpainak tolestu zituen une batez. Ondoren, altxatutako bekaina astiro jaitsi eta Samsak ezker eskuarekin eusten zuen makila beltza behatu zuen.

      — Hanketatik gaizki al zaude, Gregor?

      — Bai, pixka bat —erantzun zuen berak, anbiguoki.

      Oraindik makurtuta, neska gorputz osoa astinduaz bihurritu zen berriro. Samsak ez zekien mugimendu horrek zer esan nahi zuen edo zein xede zuen. Baina mugitzeko modu korapilatsu harrekiko halako begikotasun bat sentitu zuen senez.

      — Zer egingo zaio ba! —esan zuen, hartaratuta—. Hemen gaudenez, lehen solairuko sarrailei begirada bat emango diet. Apropos etorri bainaiz, eta horretarako zonaldea zeharkatu eta zubia gurutzatu behar izan dut, istilu honekin guztiarekin. Bizitza jokatu dut ia. Orain ez naiz besoak antxumatuta geratuko eta ez dizut esango: «A, bai? Ez dago beste inor gehiago? Ba, hurrengora arte». Ez zaizu iruditzen?

      Istilu hau? Samsak ez zuen abagunea ongi ulertzen. Zer ari zen gertatzen? Dena dela, ez galdetzea hautatu zuen. Bere ezjakintasunaren agerraldia egiten ez jarraitzea hobetsi zuen.

 

 

Oraindik gorputza erditik tolestuta, neskatxak itxura astuneko zorro beltza eskuin eskuarekin hartu zuen eta zomorro bat bezala herrestatu zen eskaileretan gora. Samsak, eskudelari eutsita, geldiro jarraitu zion. Neskatoaren ibilerak kidetasun sentipen nostalgiko bat iratzarri zuen beragan.

      Lehen solairuko korridorera iristean, neskatilak begiratu bat eman zien lau ateei.

      — Zein izango da, agian, hautsitako sarrailaren atea?

      Samsa gorritu egin zen berriro.

      — Ez dakit. Zein izango da? —esan zuen. Eta erantsi zuen, herabe—: Mmm..., amaieran ezkerretara dagoena izan daiteke, bihozkada hori dut —gela hutsa zen, altzariz hornitu gabea, goizean bera esnatu zen hura bera.

      — Bihozkada hori duzu... —esan zuen neskatilak, sutzar itzali bat pentsarazten zuen bizitasunik gabeko doinuz—. Izan daiteke... —itzuli egin zen orduan eta Samsari aurpegira begiratu zion behetik.

      — Uste dut —esan zuen Samsak.

      — Gregor Samsa jauna, zurekin hitz egitea plazer bat da. Hain ongi menderatzen duzu lexikoa eta halako zehaztasunez adierazten zara... —esan zuen doinu lehorrez neskak. Segidan hasperen egin zuen berriro eta beste doinu batez gaineratu zuen—: Tira, ez da ezer gertatzen. Eman diezaiogun begiratu bat amaieran ezkerretara dagoenari.

      Neskatoa atera hurbildu zen eta eskulekua jiratu zuen. Bultzatu egin zuen ondoren. Atea zabaldu egin zen. Bera irten zenetik gela hartan ez zen aldaketarik izan. Altzari bakarra oheak izaten jarraitzen zuen. Erdian zegoen, uharte bakarti bat ozeanoko korronteen artean. Ohean lastaira ez oso garbi bat baino ez zegoen. Gregor Samsa lastaira horren gainean esnatu zen. Ez zen amets bat izan. Zorua hotza eta agerian zegoen. Leihoa oholtzarrekin kondenatu zuten. Ez zirudien neskatoa hura ikustean harritu zenik. Hiri hartan eguneroko ogia hori zela pentsatuko balu bezala.

      Kukubilko jarri zen, zorro beltza ireki zuen eta krema koloreko flanelazko zapi bat atera, eta lurrean zabaldu. Ondoren, zenbait traste hautatu eta zapiaren gainean ilaran ipini zituen. Torturatzaile ikasi batek bere biktima gaixoaren aurrean tresna gaitzesgarriak prestatuko lituzkeen arreta berarekin.

      Lehenik alanbre lodi bat hartu zuen, sarrailaren zuloan sartu eta esku trebeekin norabide ezberdinetan mugitu zuen; erne zegoen bitartean, belarria ere zorrotz. Ondoren, neurri meheagoko lanabes bat hartu zuen eta eragiketa errepikatu zuen. Segidan, unadura keinu batez, ezpainak estutu zituen, ezpata txinatar baten tankera izukaitza hartu zuten arte. Linterna handi bat eskuan hartu eta, muturreko zaputzez, sarrailaren barrenak aztertu zituen.

      — Esan, ez duzu sarraila honen giltza izango? —galdetu zion neskatoak.

      — Ez dakit non dagoen —erantzun zuen berak, zintzotasunez.

      — Ai, Gregor Samsa! Batzuetan hiltzea desio nuke! —hots egin zuen neskatoak, begiak sabaira jasoaz.

      Baina Samsarengatik jakin-min gehiago erakutsi ordez, flanelazko zapiaren gainean ezarrita zeuden erreminten artetik bihurkin bat aukeratzera lotu zen, sarraila desarmatzeko prest. Poliki, arretaz, torlojuak ez kaltetzeko. Hainbat atsedenaldi egin zituen, astinaldi handiekin bihurrituz.

      Bihurketa haiek behatzen zituen bitartean, Samsaren gorputza erreakzio bitxi bat  nabaritzen hasi zen. Horrela, besterik gabe, pixkanaka tenperatura igotzen joan zitzaion eta sudur-zuloak dilatatu egiten zitzaizkiola sentitu zuen. Ahoa lehortu egin zitzaion eta, listua xurgatzean, glup ozen bat entzun zuen bertatik ateratzen. Arrazoiren batengatik, belarrietako gingilek azkura ematen zioten. Eta ugalketa-organoa, ordura arte mainarik gabe zintzilikatu zena, tenkatu egin zen, luzeagoa eta lodiagoa egin zen eta goratzen hasi zen. Horren eraginez, txabusinaren aurrealdean tontor bat egin zen. Baina hura zer deabru zen, berak ez zuen ideia izpirik ere.

      Neskatoak desmuntatutako sarraila-jokoa hartu zuen, leihoaren ondora eraman zuen eta egurraren zirrikituen artetik proiektatzen zen argitan aztertu, xehetasunez. Keinu betilunez ezpainak indarrez estutzen zituen bitartean, metalezko pieza txiki batzuekin barrena sastatu zuen, indarrez astindu eta bere soinua egiaztatu zuen. Ondoren, lepo-jasotze batez lagunduta, hasperen sakon bat bafatu zuen eta Samsarengana bihurtu.

      — Mekanismoa zeharo izorratuta dago —esan zuen—. Arrazoi zenuen, Samsa. Traste honek ez du ezertarako balio.

      — Ederki.

      — Ez dakit zertaz pozten zaren. Ezingo dut hemen konpondu. Pieza berezi samarra da. Etxera eraman beharko dut gure aitak edo anaiek ikus dezaten. Agian beraiek  konpondu ahalko dute. Mekanismo korapilatsua da, eta ni oraindik ikasten ari naiz eta sarraila arruntak konpontzen baino ez dakit.

      — Majo —esan zuen Samsak. «Neska honek aita eta anaiak ditu. Eta familia osoa sarrailagintzaren negozioan aritzen da».

      — Hasiera batean aitak edo nire anaietako batek etorri behar zuten, baina badakizu zer saltsa sortu den. Ordezko gisa bidali ninduten, beraz. Hiria kontrolgunez beteta baitago —eta orduan, bere gorputz guztiaz baliatuz, hasperen bat askatu zuen berriro—. Baina nola hondatu ahal izan da modu hain arraro honetan? Ez dakit nork egingo zuen;  bururatzen zaidan bakarra da tresna bereziren batekin barrutik apurtu dutela —eta beste behin ere astinaldi txikiekin bihurritu zen.

      Gorputza bihurritzen zuenean, besoak hiru dimentsiotan jiratzen zituen, igeriketa estilo berezi bat praktikatuko lukeen pertsona batek bezala. Eta mugimendu haiek Samsa erakarri eta ikaratu egiten zuten.

      — Axola zaizu galdera bat egiten badizut? —ausartu zen esatera.

      — Galdera bat? —erantzun zuen neskatxak, mesfidati—. Ez dakit zer izango den, baina aurrera.

      — Zergatik bihurritzen zara batzuetan horrela?

      Neskatoak ahoa ireki zuen arinki eta aurpegira begiratu zion.

      — Bihurritu? —une batez hausnartu egin zuen ondoren—. Honetaz ari zara? —eta bihurritzearen erakustaldi bat egin zuen.

      — Horixe.

      Neskatoak, hartxintxar pare baten gisako begiekin, adi-adi begiratu zion bulta batez.

      — Bularretakoa da, txikia zaidala —erantzun zuen gogaituta—. Hori bakarrik.

      — Bularretakoa? —errepikatu zuen Samsak. Ezin izan zuen hitza inolako oroitzapenekin lotu.

      — Bai, bularretakoa. Aski al zaizu? —aurpegiratu zion neskatoak—. Edo neska konkor batek bularretakoa eramatea bitxia iruditzen al zaizu? Lotsagabea agian?

      — Konkor? —errepikatu zuen Samsak. Bere buruaren hutsune zabalak hitz hori ere irentsi egin zuen. Neskatoa zertaz ari zen ulertzera ez zen iristen. Baina zerbait esan behar zuen—. Ez, ez zait iruditzen, inolaz ere ez—desenkusatu zen ahapeka.

      — Hara, jakin dezazula nik ere nire bi titi ditudala eta bularretakoa eraman behar dudala. Ez naiz behi bat, eta ibiltzean ez ditut zabuka eraman nahi.

      — Jakina —bat etorri zen Samsa, oraindik ezer ulertu gabe.

      — Baina gorpuzkera hau dudanez, ez da nire gorputzera ongi egokitzen. Zeren eta nire gorputzaren forma pixka bat desberdina da neska arrunt eta ohiko batenarekin alderatuta.  Beraz, noizean behin bihurritu eta jarrera zuzendu behar dut. Emakumea izatea uste duzuna baino gogorragoa da. Zentzu askotan. Horrela begira geratzea dibertigarria zaizu? Barregarria iruditzen zaizu?

      — Ez, ez da barregarria. Harrigarria iruditu zait bakarrik, eta zergatik egiten zenuen galdetu diot neure buruari.

      Bularretakoa bularrak eusteko osagai bat zela ondorioztatu zuen Samsak, eta konkordunarena, bere gorputzaren forma berezia. Egiazki, zer ikasi handia zegoen mundu hartan.

      — Ez zara nitaz trufatzen ariko, ezta? —esan zion neskatoak.

      — Ez, noski.

      Neskatilak burua alboratu zuen eta begiratu egin zion. Ez zela bere lepotik barre egiten ari ulertu zuen orduan. Ez zirudien maleziarik zuenik. Soilik ulermen urrikoa izango zela ondorioztatu zuen. Baina familia onekoa ematen zuen eta eder samarra zen. Hogeita hamarren bat urte izango zituen. Ezbairik gabe argalegi zegoen, eta belarri oso handiak zituen, eta azal oso zurbila, baina atsegina zen.

      Segidan, Samsaren txabusinaren sabel azpialdean angelu pikar bat gailurtzen zela ohartu zen.

      — Zer da hori? —galdetu zuen neskak, ahots hotzez erabat—. Zer demonio da koskor hori?

      Samsak beherantz begiratu zuen, txabusinaren zonalde mandorantz. Neskaren doinuagatik, jendeari erakusteko fenomeno desegoki bat izan behar zuela ondorioztatu zuen.

      — Badakit. Gertatzen zaizuna da konkordun batekin txortan egitea zer den jakiteko jakin-mina duzula, ez? —aurpegiratu zion neskatoak.

      — Txortan egitea? —esan zuen berak. Hitz horrek ez zion ezer esaten.

      — Bizkarra konkortua dudanez, uste duzu atzetik sartzeko jarrera idealena dela, ez? —esan zuen neskatoak—. Badakizu? Perbertsio horiek gustuko dituzten morroi dezente daude. Eta guztiek, naizen bezalakoa naizelako, pentsatzen dute egiten utziko diedala. Ba sentitzen dut, baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen.

      — Ez dut ulertzen zer gertatzen den —esan zuen Samsak—, baina, iraindu bazaitut, barkamena eskatzen dizut. Sentitzen dut. Barkatu. Ez da asmo txarrez izan. Denboraren bat gaixo egon naizenez, oraindik ez naiz gauza askoz jabetzen.

      Neskak hasperen egin zuen berriro.

      — Bueno, ongi da. Ez da ezer gertatzen. Adimenez pitin bat motela zara, iruditzen zait. Baina buztana forman duzu, hori bai. Ez duzu erremediorik.

      — Sentitzen dut.

      — Tira, aski da, gizona —esan zuen neskatoak, egonarriz—. Nire lau anaia nagusi narrasekin etxean, nazkatuta nago txikitatik gauza horiek ikusteaz. Nahita erakusten didate nitaz iseka egiteko. Txerri batzuk dira. Beraz, ohituta egon banago. —Eta, belaunikatuz, erremintak banan-banan batu zituen, eta sarraila hautsia krema koloreko flanelazko zapian bildu eta zorro beltz handian gorde zuen erremintekin batera. Segidan, eskuarekin jaso zuen—. Sarraila eraman egingo dut. Esaiezu zure gurasoei. Etxean konpontzen ez badugu, berri batekin ordeztu beharko da. Nahiz eta berri bat lortzeko denbora beharko dugun, agian. Emaiezu mandatua zure gurasoei itzultzen direnean, bai? Gogoratuko zara?

      — Gogoratuko naiz —esan zuen Samsak.

      Orduan, aurrea hartuz, neskatoa eskailera jaisten hasi zen astiro, Samsak gertutik jarraitzen ziola. Jaisterakoan, bien irudiak kontrakotasun handia eskaintzen zuen. Gutxi gorabehera abiadura berean jaisten ari ziren, baina bata katamarka herrestatzen zen ia; eta, bestea, berezkoa ez zen modu batean ibiltzen zen, gorputza atzerantz botaz bezala.  Bitartean, Samsa «koskorra» geldi edukitzen saiatzen zen nolabait, honek bere ohiko egoerara itzultzeari aurka egiten zion arren. Bere bihotza gogor eta lehor ari zen taupaka; batez ere oinez zihoan neskatoari atzetik begiratzen zionean. Odol fresko eta beroak, indarrez ponpaturik, «koskor» hari setakeriaz eusten zion.

      — Lehen esan dizudan bezala, nire aita edo nire anaiak ziren etortzekoak —aipatu zion neskatoak, jadanik sarrerako atean—. Baina kalea fusilekin armatutako soldaduz beteta dago eta itzelezko tankeak daude nonahi. Are gehiago, kontrolguneak ipini dituzte zubi guztietan eta jende asko eraman dute. Horregatik, gizonak ezin dira atera. Ikusiko balituzte, arrastaka eramango lituzkete, eta auskalo noiz itzuliko liratekeen. Arriskutsuegia da. Horregatik egokitu zait niri etortzea. Pragako kaleak bakarrik zeharkatu behar izan ditut. Badakizu, naizen bezalakoa naizelako, ziur aski niri ez dit inork erreparatzen. Ni ere baliagarria naiz batzuetan.

      — Tankeak? —errepikatu zuen Samsak, despistatuta.

      — Pila bat daude. Kanoiak eta metrailadoreak dauzkaten horietakoak —hori esanda, Samsaren txabusinan koskorra seinalatu zuen hatzarekin—. Zure kanoiak ere egundokoa izan behar du, baina hor kanpokoak askozaz ere handiagoak, gogorragoak eta basatiagoak dira. Ez zure familia onik itzultzen den. Ez dakizu zehazki nora joan diren, ezta?

      Samsak buruaz ezetz egin zuen. Ez, ez zekien.

      — Ezingo zaitut berriz ikusi? —ausartu zen galdetzera.

      Neskak lepoa jiratu zuen poliki eta mesfidantzaz begiratu zion.

      — Berriro ikusi nahi nauzu, ala?

      — Bai, gustatuko litzaidake.

      — Zintzilikarioa horrela gogortuta?

      Samsak koskorrari begiratu zion berriro.

      — Ez dakit nola azaldu, baina uste dut ez duela nire sentimenduekin inolako zerikusirik. Bihotzeko arazoren bat izan behar du.

      — Mmm... —murmurikatu zuen neskatoak, miretsita—, «bihotzeko arazo bat». Horixe bai iritzi interesgarria! Horrelako zerbait entzuten dudan lehen aldia da.

      — Gainditu egiten nau.

      — Txortan egitearekin erlazionatuta ez dagoela esan nahi duzu?

      — Ez dut txortan egitearekin pentsatzen. Benetan.

      — Orduan, hankartekoa gogortu eta modu horretan handitzearena, ez da soilik larrua jotzearekin pentsatzeagatik, bihotzari ere zor zaio. Hori da esan nahi didazuna, funtsean?

      Samsak buruaz baietz esan zuen.

      — Jainkoaz zin egiten duzu? —tematu zen neskatoa.

      — Jainkoa —esan zuen Samsak. Hitz horrek ere ez zion ezer esaten. Isilik geratu zen.

      Neskak buruaz ezetz egin zuen, etsita. Orduan, bularretakoa birkokatzeko, alde guztietarantz bihurritu zen berriro.

      — Tira, Jainkoarenak ez du muntarik. Azken batean, egunak dira Pragatik ospa egin zuela, ziur naiz. Egiteko oso garrantzitsu bat izan beharko zuen. Beraz, ahantz dezagun.

      — Orduan, berriro ikusiko zaitut? —errepikatu zuen Samsak.

      Neskatoak bekain bat kakotu zuen. Eta lanbrotutako paisaia urrun bat begietsiko balu bezalako keinu bat egin zuen.

      — Berriro ikusi nahiko nindukezun galdetu dizut.

      Samsak baietz esan zuen.

      — Zertarako?

      — Lasai mintzatzeko.

      — Zertaz, adibidez? —galdetu zuen neskatoak.

      — Gauza ezberdinez. Gauza askori buruz.

      — Hitz egiteko bakarrik?

      — Galdetu nahiko nizkizukeen gauza piloa dago —esan zuen Samsak.

      — Zeri buruz?

      — Munduaren jatorriari buruz. Zuri buruz. Niri buruz.

      Neskatoa pentsakor geratu zen une batez.

      — Ziur ez didazula hortik sartu nahi?

      — Ez, ez da hori —baieztatu zuen Samsak, kategorikoki—. Irudipena dut zurekin hitz egin behar ditudan gauza asko daudela. Tankeez, Jainkoaz, bularretakoez, sarrailez.

      Isiltasun astuna egin zen. Etxearen aurretik gurditxo bat zirudiena herrestatzen zuen norbaiten harrabotsa entzun zen. Harrabots zoritxarreko eta hertsagarria zen nolabait.

      — Zer nahi duzu esatea? —esan zuen neskatoak, buruarekin astiro ezetz eginez. Bere ahotsa, ostera, beroagoa zen orain—. Niretzako sehaska onegian jaio zara zu. Zure gurasoek ere ez dute atseginez hartuko euren seme kutuna ni bezalako neskatxa batekin ateratzea. Gainera, oraintxe bertan hiria tankez eta soldadu arrotzez beteta dago. Inork ez daki nolakoak izango diren gauzak, zer gertatuko den hemendik aurrera.

      Samsak ere, noski, ez zekien hemendik aurrera zer gertatuko zen. Eta ez zen etorkizunaz soilik ari, orainaldiaz eta iraganaz apenas ulertzen baitzuen ezer. Nola jantzi behar zuen ere ez zekien.

      — Edozelan, uste dut egun batzuk barru hemendik pasatuko naizela berriro —esan zuen neskatoak—. Sarrailarekin. Konponduz gero, ekartzera etorriko naiz, eta konpondu ezin bada, itzultzera. Gainera, etxez etxeko zerbitzua kobratu behar dut, noski. Egun horretan etxean bazaude, ikusi ahalko dugu elkar. Nahiz eta ez dakidan munduaren jatorriari buruz lasaitasunez hitz egiteko gai izango naizen. Baina, edozein kasutan, uste dut hobe izango dela zure gurasoen aurrean koskorra ezkutatzea. Ohiko jende arruntaren munduan ez dago ongi ikusia erakusten ibiltzea.

      Samsak baietz esan zuen. Egia esan, ez zekien besteen begietara egokiro nola ezkutatu, baina pentsatuko zuen geroago.

      — Bitxia da benetan... —esan zuen neskak, pentsakor—. Oraindik bada jendea, mundua arrakalatzen ari den arren, hautsitako sarraila bat ardura diona, behar bezala konpon diezaiogun eskatzen duen jendea. Ondo pentsatuta, arraroa da, ez zaizu iruditzen? Baina agian positiboa da. Agian zuzena ere bai, logika ororen aurka. Baliteke jendeak nolabait zentzutasuna gordetzea, mundua kraskatzen ari den arren oraintxe bertan, hauek bezalako huskeriak egoera perfektuan zaintzeari esker —neskatoak Samsari aurpegira begiratzeko lepoa bihurritu zuen berriro. Bere bekainetako bat erpinean altxatzen zen—. Hain zuzen —jarraitu zuen—, nire etxekoak ez diren gauzetan sartuko naiz beharbada, baina lehen solairuko gela hori, zertarako erabiltzen zen orain arte? Zergatik hartu zuten horrenbeste lan zure gurasoek altzaririk gabeko gela bati hain sarraila lodia jartzen, eta zergatik ardura die hautsi izanak? Eta zertarako iltzatuko zituzten estrabe horiek leihoan? Agian zerbait zegoen itxian sartuta?

      Samsa isilik geratu zen. Zergatik itxiko ote zuten gela hartan?

      — Bo, segur aski zuri galdetzeak ez du ezertarako balio —esan zuen neskatoak—. Joateko ordua dut. Luzatzen banaiz, nire familia kezkatu egingo da. Egizu otoitz nigatik, kaleak onik gurutzatzea lor dezadan. Soldaduak korkox dohakabe batez erruki daitezen. Haien artean makurkeriak gustatzen zaizkion biziotsuren bat egon ez dadin. Zeren, izorratzeko, nahikoa baitute hiriarekin.

      — Zugatik otoitz egingo dut —esan zuen Samsak, nahiz eta oraindik «makurkeriak» edo «otoitz» hitzek zer esanahi zuten ulertzera iritsi ez.

      Neska, gorputza bitan tolestuta, zorro astun hura altxatu eta atetik irten zen.

      — Berriro ikusiko zaitut? —galdetu zuen Samsak berriro, eta azken aldiz.

      — Iraunkorki pertsona bat ikusi nahi baduzu, zaude ziur egunen batean ikusten amaituko duzula —esan zuen neskatoak, maitasun doinu arin batekin orain.

      — Kontu izan txoriekin! —oihuztatu zuen Gregor Samsak, neskaren bizkar konkortuaren norabidean.

      Neskatoak bira egin eta baietza eman zion. Bere ezpain tolestuek irriño ahul bat zirriborratu zutela ematen zuen.

 

 

Samsak, errezelen artetik, sarrailagilea, gorputza aurrerantz botata, kale harriztatuetatik nola urrutiratzen zen behatu zuen. Lehen begi-kolpean bere ibilera dorpea gertatzen zen, baina azkarra zen eta ez zuen hutsik egiten. Bere begietara, neskatoaren keinu bakoitzak zuen xarma. Zapatari bat zirudien, ur-azaletik zalutasunez joan-etorrian. Ibilera hura, edonola ere, bi hanketan ezegonkorki ibiltzea baino askozaz logikoagoa eta naturalagoa zen.

      Bere gorpuzkera ikusmenetik desagertu eta une bat gerora, Samsaren lotsaizuna kuzkurtu eta bigundu egin zen berriro. Bat-batean, koskor sutsua desagertu egin zen. Orain bere zangoen artean zintzilikatzen zen, fruitu kaltegabeko bat bezain jabal eta malder. Barrabil parea ere bere poltsen barnean pausatzen zen. Samsak txabusinaren gerrikoa ongi inguratu zuen, sukaldeko aulki batean eseri zen eta kafe hotzaren hondarrak edan zituen.

      Han egon zen jendea nora edo hara abiatu zen. Nolakoak ziren ez zekien, baina bazitekeen bere familia izatea. Bat-batean, arrazoiren batengatik, joan egin ziren, besterik gabe. Eta beharbada ez ziren inoiz itzuliko. Mundua arrakalatzen ari zen, baina Gregor Samsak ez zekien horrek zer esan nahi zuen. Ez zuen ideia izpirik ere. Soldadu arrotzak, kontrolguneak, tankeak... Guztia misterio geruza batez inguratuta zegoen.

      Zekien bakarra, hauxe: neska konkor hura beste behin gehiago ikusi nahi zuela. Biziki ikusi nahi zuen. Berarekin bakarka egon eta lasaitasunez hitz egin nahi zuen. Berarekin, gutxika, munduaren misterioak argitu nahi zituen. Angelu desberdinetatik, bularretakoa egokitzeko dimentsio guztietan nola bihurritzen zen ikusi nahi zuen. Eta, posible bazen, bere gorputza han-hemen ukitu nahi zuen. Bere azalaren ukimena eta beroa zuzenean bere atzamarburuetan sentitu. Eta mundu guztiko eskailerak, bataren atzetik bestea, igotzera eta jaistera probatu.

      Harengan pentsatzean eta bere irudia gogoratzean, berotasun gozoa sentitu zuen bularrean. Eta, pixkanaka, arrain edo ekilore bilakatu ez izanaz pozten hasi zen. Ez zegoen zalantzarik, bi hanketan ibiltzea, janztea, aizto eta sardexkaz baliatuz jatea, oso zen astuna. Zer ikasi gehiegi zegoen mundu honetan. Baina arrain edo ekilore bat izatera, eta ez gizaki bat, nabarituko zukeen berotasun misteriotsu hori bihotzean? Sentitzen zuena horixe zen.

      Denbora luzea eman zuen begiak itxita. Bakarka gozatu zuen, nare-nare, beroa, sutzar baten ondoan balego bezala. Ondoren, suspertuta, zutitu egin zen, makila beltzari oratu zion eta eskailerara abiatu zen. Beste behin ere lehen solairura igoko zen eta egoki janzten ikasteko ahaleginak egingo zituen. Hori zen, oraingoz, egin behar zuena.

      Mundua zain baitzeukan, noiz heziko.

 

SAMSA MAITEMINEZ
Haruki Murakami

euskaratzailea: Ekaitz Sirvent Auzmendi
armiarma.eus, 2019