ASUNAK
Alice Munro

Nettles
Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, Erein-Igela, 2018
euskaratzailea: Isabel Etxeberria Ramirez
armiarma.eus, 2024

 

        1979ko udan, nire lagun Sunnyren etxeko sukaldera sartu nintzen, Uxbridgen, Ontarion, eta gizon bat ikusi nuen, sukaldeko gainekoaren aurrean, ketchup-sandwich bat prestatzen.

        Torontoko ipar-ekialdeko muinoetan zehar ibili naiz autoan nire senarrarekin —bigarren senarrarekin, ez uda hartan atzean utzi berri nuenarekin—, eta etxearen bila aritu naiz, tema nagi batez; aurretik igarotzen zen errepidea aurkitzen ahalegindu naiz, baina ez dut etxearen arrastorik atzeman. Ziurrenik eraitsi egingo zuten. Sunny eta bere senarrak saldu egin zuten, nik haiei bisita egin eta urte gutxira. Urrunegi zegoen Ottawako haien bizilekutik, uda-pasako etxea izateko. Haien umeek, nerabezarora iritsi ahala, uko egin zioten hara joateari. Mantentze-lan gehiegi zegoen, bestalde, Johnstonentzat —Sunnyren senarra—, eta asteburuak golfean jokatzen igarotzea maite zuen hark.

        Golf-zelaia aurkitu dut; horixe dela uste dut, nahiz eta sasiz jositako ertzak garbi ageri diren orain, eta eraikin dotoreago bat dagoen.

 

 

        Nire haurtzaroan, landa-eremuan bizi nintzenean, iturburuak lehortu egiten ziren uda batzuetan. Bost edo sei urtetik behin gertatzen zen hori, euri nahikoa egiten ez zuenean. Iturburu haiek lurrean eginiko zuloak ziren. Gurea beste gehienak baino sakonagoa zen, baina ur asko behar izaten genuen gure kaiolapeko animalientzat —gure aitak azeri zilarkarak eta bisoiak hazten zituen—. Hori dela eta, egun batean gizon bat etorri zen gurera, ikaragarrizko zulamakina batez horniturik, eta zulatu eta zulatu egin zuen gure iturburua, gero eta sakonago, harrian ura aurkitu zuen arte. Harrezkero, ur garbi eta hotza ponpatu ahal izan genuen urteko edozein sasoitan, baita eguraldia lehorra zenean ere. Harro egoteko modukoa zen hura. Eztainuzko poto bat zegoen ponpatik zintzilik, eta egun sargorietan handik edaten nuenean, arroka beltzak eta handik igarotzen zen diamantezko distiradun ura irudikatzen nituen.

        Zulamakinaren arduraduna —batzuetan putzugilea esaten zioten, inork haren lana zertan zetzan zehazteko nekea hartu nahi ez eta hitz zaharra erosoagoa balitzaie bezala— Mike McCallum izeneko gizon bat zen. Gure landetxetik hurbileko herrian bizi zen, baina ez zuen etxerik han. Clark hotelean bizi zen. Udaberrian iritsi zen, eta han zen geratzekoa gure eskualdean sortzen zitzaizkion lan guztiak amaitu arte. Orduan, alde egingo zuen.

        Mike McCallum nire aita baino gazteagoa zen, baina ni baino urtebete eta bi hilabete zaharragoa zen seme bat zuen. Mutil hura aitarekin bizi zen, hoteletan edo pentsioetan, aita aldi bakoitzean lanean zegoen lekuan, eta unean-unean eskura geratzen zitzaion eskolara joaten zen. Berak ere Mike McCallum zuen izena.

        Zehatz-mehatz dakit haren adina, umeek berehala argitzen baitute hori, lagun egingo diren edo ez negoziatzeko oinarri-oinarrizko baldintzetako bat denez. Berak bederatzi urte zituen, eta nik zortzi. Bera apirilekoa zen, eta ni ekainekoa. Udako oporrak aspaldi hasiak ziren bere aitaren ondoan gure etxean agertu zenean.

        Bere aitak kamioi gorri ilun bat zuen, lohiz edo hautsez zikina beti. Mike eta biok kabinan sartzen ginen euria egiten zuenean. Ez dut gogoan zer egiten zuen Mikeren aitak horrelakoetan: gure sukaldera sartzen ote zen, erretzera edo te bat hartzera, edo zuhaitz baten azpian gerizatzen zen, edo lanean jarraitzen zuen. Euriak kabinako leihoak garbitzen zituen, eta harriak eroriko balira bezalako burrunba egiten zuen sabaian. Gizon usaina egoten zen han: haien laneko arroparena, tresnena, tabakoarena, bota zikinena eta lizundutako gazta-usaineko galtzerdiena. Txakur iletsu eta bustiaren usaina ere aditzen zen, Ranger gurekin eramaten baikenuen. Nik ez nuen oso aintzakotzat hartzen Ranger; ohituta nengoen beti inguruan izaten, eta batzuetan, arrazoi argirik gabe, etxean geratzeko agintzen nion, edo lastategira joateko, eta bakean uzteko behingoz. Baina Mikek asko maite zuen, eta goxo deitzen zion beti, bere izenez, eta gure planen berri ematen zion, eta zain geratzen zitzaion bere txakur-proiektuetako bati ekin eta marmota baten edo untxi baten atzetik lasterka hasten zenean. Bere aitarekin bizi zen moduan bizi zen bitartean, Mikek sekula ez zuen izango txakurrik.

        Egun batean, gu biokin zegoela, Ranger mofeta bat harrapatu nahian aritu zen, baina mofeta jiratu, eta bere parrastada kiratsa bota zion gainera. Mike eta biok errudun egin gintuzten neurri batean. Nire amak bertan behera utzi behar izan zuen egiten ari zena, autoa hartu eta tomate-zuku lata handi batzuk erostera joateko herrira. Mikek treska batean sartzeko konbentzitu zuen Ranger; tomate-zukua bota genion gainetik, eta ilea orraztu genion harekin. Odolarekin garbitzen ariko bagina bezala ematen zuen. Zenbat pertsona beharko ziren odol hura guztia lortzeko?, galdetzen genion geure buruari. Zenbat zaldi? Eta zenbat elefante?

        Nik ezagutza handiagoa nuen odol-kontuetan eta animaliak akabatzeari buruzkoetan Mikek baino. Larre bateko bazter batean, eskortako ate ondoan, gure aitak zaldiak akabatzen zituen tiroz, azerien eta bisoien bazkarako, eta leku hura ezagutzera eraman nuen Mike. Lurra soildurik ageri zen, zanpatzearen poderioz, eta odolezko orban sakon bat zegoen, burdina herdoilduaren kolore gorrixka zuena. Gero, harategi deitzen genuen eskortako txokora eraman nuen, non zaldien gorpuak eskegitzen ziren, bazkarako zatikatu baino lehen. Estalpe soil bat zen harategia generitzon hura, burdin harizko hesiduna. Hariak beltz ageri ohi ziren, haratustelaren usain hordigarriak erakarritako euliez beterik. Guk listoi batzuk hartu, eta zanpatu egiten genituen.

        Gure etxaldea txikia zen —lau hektarea eskas—; nik hango bazter guztiak miatuak izateko bezain txikia. Bazter haietako bakoitzak eite eta izaera berezia zuen, bere-berea eta hitzetan adierazi ezinekoa. Erraz uler daiteke zer zuen berezia burdin harizko hesidun estalpeak, kako ikaragarri haietatik zintzilik ageri ziren zaldi-gorpu zurbil eta luze haiekin, edo odolez blaituriko lur zati soilduak, non zaldiok bizidun izateari utzi eta okela izatera pasatzen ziren. Baina baziren beste gauza batzuk ere, hala nola eskortako pasabideko alde banatako harriak, niretzat ezin garrantzitsuagoak zirenak, han sekula ezer gogoangarririk gertatu ez zen arren. Aldeetako batean, harri zurixka handi eta leun bat zegoen, besteen artean nabarmentzen eta gailentzen zena; eite zabalagoa eta jendaurrekoagoa zuen alde hark horregatik, eta alde horretako harrien gainera igotzen nintzen ni beraz, eta ez beste aldekoetara, harriak ilunagoak baitziren han, eta zikoizkeriaz atxikitzen baitzitzaizkion elkarri. Inguruko zuhaitzetako bakoitzak ere bere jarrera eta presentzia zuen. Zumarra barea zen, eta haritza mehatxagarria; astigarrak adeitsuak eta egunerokoak; elorria zaharra eta erretxina. Ibaiertz zingiratsuetako sakonune bakoitzak ere —urte batzuk lehenago legarra atera zuen gure aitak sakonune haietatik, saltzeko— izaera bereizgarria zuen, errazagoa ikusten beharbada urez beterik zeudenean, udaberriko uraldia pasatu eta gero. Bazegoen harako hura, txikia, biribila, sakona eta perfektua; beste hura, buztan bat bezala luzatzen zena; eta forma zabal eta zehaztugabeko beste hura ere, mutur bat agerian izaten zuena beti, hain zen sakonera gutxikoa.

        Mikek beste angelu batetik ikusten zituen gauza haiek guztiak. Baita nik ere orduan, haren ondoan. Haren moduan eta nirean ikusten nituen, eta nire modua, komunikaezina zenez berez, isilpean gordetzen nuen. Haren modua berehalako etekinari lotua zegoen. Eskortako pasabideko harri handi eta argiak jauzi egiteko tranpolin gisa balio zuen: korrika txikian abiada hartu, eta ondoren salto egiten genuen airera, azpiko maldako harri txikiagoen gainetik ukuiluko ate ondoko zoru trinkoan lur hartzeko. Zuhaitz guztiak gainera igotzeko zeuden han, baina bereziki etxe ondoko astigarra, zeinaren adar bat galeriaren teilatu gaineraino luzatzen zen, eta erraza izaten zen hortaz adar haren gainean narras eginez teilatu haren gainera iristea. Eta legarrezko sakonuneek haien barrura jauzi egiteko balio zuten, besterik gabe, belarretan korrikaldi basati bat egin eta gero, orroka, harrapakinen gainera oldartzen diren animalien antzo. Urtean lehenago izan balitz, esaten zuen Mikek, ibaiak ur gehiago zekarrenean, baltsa bat egingo genuen.

        Ibaiari loturiko proiektu hura tarte batez erabili genuen buruan. Baina ibaiak abuztuan ur-lasterretik adina zuen harribidetik, eta ur hartan flotatzen saiatu edo igerian egin beharrean, zapatak kendu eta oinez ibili ohi ginen, harri zurikail biluzi batetik bestera saltoka eta ur azpiko harri zikinetan irrist eginez, bidea ireki nahian hosto zapaleko igebelar-tapizetatik zehar eta gogoan ez ditudan edo sekula izendatzen jakin ez ditudan beste ur-landare batzuen artetik (basa-txiribia, ur-astaperrexila?). Hain trinko hazten ziren belarrok, sustraiak lehorrean zituztela ematen baitzuen, uhartetxoren batean-edo, baina ibaiko lohian hazten ziren egiaz, eta guri hankak katigatzen zitzaizkigun haien sustrai bihurrietan.

        Ibai horixe zen halaber herria zeharkatzen zuena, eta ur-korrontearen kontra ibaian gora egiten genuenean, errepideko bi arkuko zubia ikustera iristen ginen. Bakarrik nengoenean, edo Rangerrekin, sekula ez nintzen haraino heltzen, herriko jendea egoten zelako han. Zubiaren ertzean arrantzan egitera joaten ziren, eta ibaia handitu samar zetorrenean mutilek salto egiten zuten barandatik. Garai hartan beharbada ez ziren jauzika ibiliko, baina haietariko batzuk uretan plisti-plasta egongo ziren ziur aski, oihulari eta liskarti, halakoxeak izaten baitziren kalekumeak.

        Arloteren batekin topo egiteko aukera ere bazegoen. Baina ez nion horrelakorik aipatu Mikeri. Aurrera jarraitzen zuen berak, zubia ezer desatseginik edo debekaturik gordetzen ez zuen helmuga arrunta balitz bezala. Ahots batzuk iritsi zitzaizkigun, eta, espero izatekoa zenez, mutilak ziren, oihuka, zubiaren jabeak balira bezala. Ranger gure atzetik etorria zen haraino, ez oso gogotsu, eta ertzerantz desbideratzen hasi zen orain. Txakur zaharra zen ordurako, eta lehenago ere ez zen sekula oso umezalea izan berez.

        Gizon bat zegoen arrantzan —ez zubitik behera, ertzetik baizik—, eta maldizioka hasi zen Rangerrek uretatik irtetean sorturiko zalapartagatik. Gure txakur alu hura etxean uztea bagenuela esan zigun. Mikek aurrera egin zuen, gizon hark txistu baino egin izan ez balu bezala, eta zubipeko itzalean sartu ginen, nire bizitzan lehenengoz.

        Zubiaren zorua teilatu genuen, eta eguzki-argiaren printzak ikusten genituen oholen artean. Eta orduan, auto bat igaro zen gainetik, trumoi-hotsa eginez, eta argia blokeatu zuen. Geldi egon ginen tarte batez, gora begira. Zubipea leku bat zen bere horretan, eta ez soilik ibaiaren zati bat. Autoa igarotakoan, eguzkiak distira egin zuen berriro zirrikituetatik, eta ur gainean sorrarazi zuen islak argi-uhinak jaurti zituen, argizko burbuila bitxien gisakoak, porlanezko zutoinetan. Mikek oihu egin zuen, oihartzuna probatu nahian, eta gauza bera egin nuen nik, baina ahulago, ibaiertzeko mutilek, zubiaren bestaldeko arrotz haiek, beldurra ematen baitzidaten, arloteek emango lidaketena baino handiagoa.

        Gure etxaldetik hurbil zegoen eskola txikira joaten nintzen ni. Izen-emateak behera egina zuen, nire adineko ume bakarra ni izateraino. Mike herriko eskolara joaten zen udaberriaz geroztik, eta mutil haiek ez ziren arrotzak harentzat. Ziur aski haiekin ibiliko zen jolasean, eta ez nirekin, bere aitak, harengan noiz edo noiz begia atxiki ahal izateko, lanerakoan berekin eramateko ideia izan ez balu.

        Diosal-hitz batzuk izan ziren herriko mutil haien eta Mikeren artean.

        Ei. Zertan ari zara hemen?

        Ezertan ez. Zertan ari zarete zuek hemen?

        Ezertan ez. Zein da hori, zurekin dagoena?

        Inor ez. Neska bat.

        Aha. Neska bat.

        Ordurako jolas bat zuten abian, denen parte-hartzea behar zuena; neskena barne. Izan ere, baziren neska batzuk aurrerago, ibaiertzean, beren zereginean buru-belarri, nahiz eta neskak eta mutilak elkarrekin olgetan gauza arrunt gisa ibiltzen diren adina pasatua genuen denok. Mutilei jarraika —baina jarraika ez ibiltzeko itxurak eginez— iritsiko ziren herritik kanpoko alde hartara, edo beharbada mutilak izan ziren nesken atzetik jardun zutenak, haiek jazarri nahian, eta denek bat egin zutenean nola edo hala jolas hori sortu zen, non denen esku-hartzea behar baitzen, eta ondorioz hautsi egin ziren ohiko mugak. Eta zenbat eta jende gehiagok parte hartu, hainbat eta hobeto aterako zenez jolasa, erraza izan zen Mikerentzat leku bat lortzea, eta han joan nintzen ni ere, haren atzetik.

        Gerra-jolas bat zen. Mutilak bi armadatan banaturik zeuden, eta elkarren kontra borrokatzen ziren, zuhaitzetako adarrez hala moduz eraikitako barrikaden atzetik, edo belar zakar eta zorrotzaren eta gu baino altuagoak ziren lezken eta bestelako ur-landareen atzean ezkutaturik beren burua. Arma nagusia lokatzezko bola batzuk ziren, beisbol-piloten tamainakoak. Lokatza lortzeko berebiziko iturburua suertatu zen ibaiertzean gora erdibidean belar txarren artean erdi ezkutaturiko zulo gris bat (zulo hura aurkitzeak emango zuen ziur aski jolaserako ideia), eta hantxe ari ziren neskak lanean, munizioa prestatzen. Lokatz lirdinga estutu, eta zapladatxoak eman behar zitzaizkion, ahalik eta bolarik gogorrena lortzeko. Legar pixka bat tartean sartzea zilegi zen, baita trinkotzen laguntzeko bestelako gaiak ere; hara bilduriko belarra, hostoak eta adaxkak, kasurako. Ez, ordea, apropos sartutako harriak. Eta bola horietariko asko behar ziren, behin bakarrik jaurtitzekoak baitziren. Huts eginiko bolak ezin ziren jaso, trinkotu, eta berriro bota.

        Gerrako arauak sinpleak ziren. Bola batek —izen ofiziala kanoi-bala zen— aurpegian, buruan edo gorputzean jotzen bazintuen, etzan egin behar zenuen eta hilda zeunden. Besoetan edo hanketan jotzen bazintuen, orduan ere etzan egin behar zenuen, baina zauriturik zeunden bakarrik. Halakoetan, neskek beste zeregin bat zuten: zauritutako soldaduarengana narrasean iritsi, eta ospitalearena egiten zuen lur zanpatuko txoko batera eraman behar zuten herrestan. Hostoak ezarri behar zizkieten zaurietan, eta soldaduek mugitu gabe iraun behar zuten ehun arte zenbatu bitartean. Hori egindakoan, zutik jarri eta borrokan has zitezkeen berriro. Soldadu hilak ezin ziren altxatu gerra amaitu arte, eta gerra ez zen amaituko alde bateko soldadu guztiak hilak suertatu arte.

        Neskak, mutilak bezala, bi taldetan banaturik zeuden, baina gutxiago zirenez mutilak baino, ezin genuen munizio-egile eta erizain gisa soldadu bakar batentzat jardun. Aliantzak eginak zeuden, nolanahi ere. Neska bakoitzak bere bola piloa zuen, eta soldadu jakin batzuentzat ziharduen lanean. Eta soldaduetako bat zauriturik etzaten zenean, neska jakin baten izena aldarrikatzen zuen, neska horrexek eraman zezan handik kanpo eta berak lotu ziezazkion zauriak ahalik eta lasterren. Nik Mikerentzat egin nituen bolak, eta nirea zen Mikek oihukatzen zuen izena. Zarata handia zegoen: “hilda zaude” oihuak entzuten ziren etengabe, garaipenezkoak batzuetan, amorruzkoak beste batzuetan (amorruzkoak, noski, teorian hilda zeudenak isil-gordeka berriro borrokaldira sartzen saiatzen ari zirelako behin eta berriro), baita txakur baten zaunka ere (ez Ranger, batailan nahasirik suertatu zen beste bat baizik). Hain handia izanik hango zarata, neskok adi egon behar genuen, gure izena aldarrikatuko zuen mutilaren ahotsaren zain. Alarma bizi bat sentitzen genuen oihua iristen zenean, gorputz osoa astinarazten zuen txinparta bat, deboziozko sentimendu fanatiko bat. (Halaxe zen niretzat behintzat, nik, beste neskek ez bezala, soldadu bakar bat baino ez bainuen zerbitzatu behar).

        Ez dut uste, bestalde, ordura arte taldean —horrelako talde batean— jolasean aritu nintzenik inoiz. Berebiziko poza sortzen zidan halako egiteko handi eta latz batean parte hartzeak, baita haren barruan gudari bakar baten zerbitzura aritzeko aukeratua izateak ere. Mike, zauritzen zutenean, begiak itxita egoten zen, geldi eta bare, nik hosto handi lirdingatsuak estutzen nituen bitartean bere bekoki, eztarri eta —haren alkandora erretiraturik— sabel zurbil leunaren eta zilbor polit eta zaurgarriaren kontra.

        Inork ez zuen irabazi. Tarte luze baten ostean, jolasa amaitu egin zen, eztabaidek eta trumilkako berpizkundeek ezerezturik. Etxerako bidean, geure gorputzetako lokatza garbitzen saiatu ginen ibaiko ur gainean etzanez. Gure praka motzak eta alkandorak zikin eta blai eginda zeuden.

        Ilunabarra hurbil zen. Mikeren aita alde egiteko prestatzen ari zen.

        —Arraioa! —esan zuen.

        Bazen gurean gizon bat, zaldi-hilketarako eta aparteko zereginen bat zegoenerako lanaldi erdian kontratatzen genuena. Ume zaharkituaren halako itxura bat zuen, eta asmatikoen arnaskera hatsankaria. Gizon hark atsegin hartzen zuen ni harrapatzen eta ito beharrean sentitzen nintzen arte kilimak egiten. Inork ez zion eragozten hala jokatzea. Gure amari ez zitzaion gustatzen, baina aitak jolas bat baino ez zela esaten zuen.

        Gizon hura han zegoen, etxe aurreko zabalgunean, Mikeren aitari laguntzen.

        —Lokatzetan iraulka ibili zarete zuek biok —esan zuen—. Badakizue: orain ezkondu egin beharko duzue.

        Gure amak, burdin sarezko atearen bestaldean, entzun egin zuen. (Gizonak, han zela jakin izan balute, ez ziren horrela mintzatuko). Ama kanpora atera, eta zerbait esan zion gizonari, ahapeka eta gaitzesle, gure itxuraz ezer aipatu aurretik.

        Esan zuenaren zati bat entzun ahal izan nuen.

        Anai-arrebak bezalakoak.

        Gizonak bere botei begiratzen zien, irribarre babesgabe batez.

        Ama oker zegoen. Hurbilago zegoen egiatik gizona ama baino. Ez ginen anai-arrebak bezalakoak, edo ez behintzat nik ezagutzen nituen anai-arrebak bezalakoak. Nire anaia besoetako ume bat baino ez zen orduan, eta ez nuen beraz horren inguruko esperientziarik. Eta ez ginen, halaber, ezagutzen nituen senar-emazteak bezalakoak, zaharrak zirelako, batetik, eta bata bestetik bereizitako munduetan bizi zirelako, bestetik, elkar ez ezagutzeraino ia. Elkarrengana ohitutako maitale irmoak bezalakoak ginen, kanporako adierazpiderik behar ez duen harreman batez lotuak. Eta niretzat, behintzat, izugarria eta kitzikagarria zen hori.

        Banekien gizon hura sexuaz ari zela, nahiz eta ez dudan uste “sexu” hitza ezagutzen nuenik. Eta gorrotatu egin nuen horregatik, normalean baino are gehiago. Horretan, zehazki, oker zebilen. Gu ez ginen ibiltzen elkarri ezer erakusten, zirrika edo erruz beteriko intimitateetan. Gure artekoan ez zen ezkutalekuak bilatzeko ahaleginik edo plazer jostaririk, ezta frustraziorik eta berehalako lotsa gordinik ere. Horrelakoak lehengusu batekin eta eskolako bi ahizpa ni baino zertxobait nagusiagorekin ezagutuak nituen nik. Ez nituen gustuko bikotekide haiek, ez gertaldiaren aurretik ezta ondoren ere, eta haserre ukatuko nuen, baita neure baitarako ere, horrelakorik gertatu izana. Sekula ez nuen horrelako ibilerarik irudikatuko maite edo errespetatzen nuen inorekin; gustuko ez nuen jendearekin baino ez, ezinegon lizun eta higuingarri haiek neure buruarekin gustura ez egotea ekartzen zidatenez.

        Mikerekiko nire sentimenduetan, kokagune mugatuko deabru hura bestelakotu egiten zen: larruazal osoaren pean hedatzen zen zirrara eta samurtasun lauso bihurtzen zen, begi-belarrien plazera, pozezko kilikadura bat, haren aurrean suertatzen nintzenean. Bera ikusteko irrikaz esnatzen nintzen goizero, putzugilearen kamioiak bidean behera triki-traka egiten zuen soinua entzuteko gogoz. Ezin atseginagoa zitzaizkidan, nahiz sekula ez nuen aditzera eman, haren lepoaren atzealdea eta buruaren forma, haren bekozkoa, haren behatz luze biluziak eta ukondo zikinak, haren ahots ozen eta ziurra, haren usaina. Gogo onez onartzen nituen, baita debozioz ere, esplikatu edo adostu beharrik gabe gure artean ezarriak genituen eginkizunak: nik lagundu eta miretsi egingo nuen hura; hark gidari-lanak egingo zituen eta ni babesteko prest agertuko zen beti.

 

 

        Eta goiz batean, kamioia ez zen etorri. Goiz batean, noski, lana amaituta egon zen, iturburua estalita, ponpa ezarrita, eta ur freskoa edonorengan harridura pizteko prest. Bazkalorduan bi aulki gutxiago zeuden jarrita. Mike helduak eta Mike gaztetxoak, biek ala biek, gurekin bazkaldu ohi zuten. Mike gaztetxoak eta biok ez genuen inoiz hitz egiten, eta ozta-ozta begiratzen genion elkarri. Ogia ketchupez bustitzea gustuko zuen. Haren aitak gure aitarekin hitz egiten zuen, eta solasaldia iturburuen, istripuen eta maila freatikoen ingurukoa izaten zen. Gizon serioa. Lana baino ez, esaten zuen gure aitak. Eta hala ere, gizon hark —Mikeren aitak— algara batez amaitu ohi zituen bere adierazpen gehienak. Algara haiek burrunba isolatu bat gordetzen zuten barruan, gizona oraindik putzu barruan balego bezala.

        Ez ziren etorri. Lana amaituta zegoen, ez zegoen arrazoirik inoiz berriro etor zitezen. Eta huraxe suertatu zen putzugileari gure eskualdean egiteko geratzen zitzaion azken lana. Beste lan batzuk zituen beste nonbait zain, eta lehenbailehen heldu nahi zien, eguraldi onak irauten zuen bitartean. Hotelean bizi izanik, erraza zuen bere puskak batu eta alde egitea. Eta halaxe egin zuen.

        Nolatan ez nuen ulertu gertatzen ari zena? Ez al zen egon agurrik? Ez al zen egon, Mike aurreko arratsean kamioira igo zenean, betiko zihoalako kontzientziarik? Ez eskurik diosal egiten, edo nigana jiratutako bururik —edo, kontrara, nigana jiratu ez zen bururik—, tresneria guztiaz zamaturiko kamioia bidean zabuka azken aldiz urrundu zenean? Ura zurrustaka isuri zenean —ondo gogoan dut une hura, baita nola bildu ginen denok tragoxka bat hartzera ere—, nolatan ez nuen ulertu zenbat gauza ari ziren amaitzen niretzat? Neure buruari galdetzen diot orain ez ote zen berariaz erabaki egoerari garrantzi handirik ez ematea eta azken agurrik ez egitea, ni —edo gu— ez nahigabetzeko, edo gogaikarri jar ez gintezen.

        Eta hala ere, ez dut uste umeen sentimenduak horren aintzakotzat hartzen zituztenik garai hartan. Geure kontua zen sentimenduok sufritzea edo erreprimitzea.

        Ez nintzen gogaikarri jarri. Lehen kolpea igarota, ez nion inori ezer erakutsi. Guretzat lan egiten zuen morroiak xaxatu egiten ninduen begiz jo orduko (“Zure laguntxoak ihes egin dizu?”), baina nik ez entzuna egiten nion. Jakin behar nuen Mikek alde egingo zuela. Ranger, zaharra izanik, laster hilko zela nekien bezalaxe. Onartu egiten nuen etorkizuneko absentzia. Baina ez nekien, Mike desagertu zen arte, nolakoa izango zen absentzia hori. Nola eraldatuko ninduen, lur-jausi bat nire gainetik pasa eta Mikeren falta izan ezik zentzu oro berekin eraman izan balu bezala. Ezin nuen eskortako pasabideko harri zuria ikusi Mike akordura ekarri gabe, eta ezinikusia hartu nion beraz harri hari. Sentimendu bera nuen astigarraren adarrarekiko, eta gure aitak etxetik hurbilegi zegoela-eta moztu zuenean, baita han geratu zen ebakiondoarekiko ere.

        Handik aste batzuetara, udazkeneko berokia jadanik jantzita nindoan egun batean, zapata-dendako atearen ondoan zain nengoen amak zapata batzuk probatzen zituen bitartean, eta emakume bat entzun nuen norbaiti Mike deitzen. Zapata-dendaren aurretik pasatu zen deiadarka: “Mike, Mike”. Bat-batean, uste osoa izan nuen emakume ezezagun hark Mikeren ama izan behar zuela —banekien, Mikek kontatu ez bazidan ere, ama ez zegoela hilda; bananduta omen zeuden gurasoak—, eta arrazoiren batengatik hirira itzuliak zirela. Ez nuen pentsatu itzulera hori aldi baterako edo betiko ote zen; handik lasterrera —dendatik irtenda, korrika nindoan ni ere— Mike ikusiko nuela, besterik ez nerabilen buruan.

        Emakumea mutil baten parera iritsia zen. Bost bat urteko mutiko bat zen, ondoko janari-dendaren kanpoaldeko erakusmahaitik sagar bat hartu berri zuena.

        Ni gelditu eta umeari so geratu nintzen, sinesgaitz, nire begien aurrean sorginkeria anker eta bidegabe bat gertatu izan balitz bezala.

        Izen arrunt bat. Ile hori zikineko ume sudurmotz ergel bat.

        Bihotza kolpeka sentitzen nuen bularrean, uluka ariko balitz bezala.

 

 

        Sunny autobus-geltokira etorri zitzaidan bila, Uxbridgen. Hezur handi eta aurpegi biziko emakumea zen; ile kizkurra zuen, gaztaina-kolore eta distira zilarkaraduna, eta elkarren desberdinak ziren bi apain-orrazirekin biltzen zuen aurpegiaren alde banatan. Loditzen zenean ere —orduan bezala—, ez zuen andrekote itxurarik hartzen; aitzitik, neskatila-eite dotorea ageri zuen.

        Ohi zuen bezala murgilarazi ninduen bere bizitzan, kontatuz ez zuela pentsatzen garaiz iristea lortuko zuenik, goizean Claireri zomorro bat sartu zitzaiolako belarrian eta ospitalera eraman behar izan zuelako zomorroa atera ziezaioten, eta gero txakurrak botaka egin zuela sukaldeko eskaileran, gorrotoa zielako ziurrenik bidaiari eta etxeari eta landaguneari, eta bera —Sunny— nire bila abiatu zenean dena garbitzeko agintzen ari zitzaiela Johnston mutilei, mutilena izan zelako txakurra hartzeko ideia, eta Claire kexuka ari zela oraindik zerbait burrunbaka entzuten zuelako belarri barruan.

        —Beraz, zer iruditzen zaizu leku atsegin eta lasai batera mozkortzera joan eta han geratzen bagara betiko, etxera sekula bueltatu gabe? —esan zuen—. Bueltatu beharko dugu, hala ere. Johnstonek lagun bat gonbidatu du; haren emaztea eta umeak kanpoan dira, Irlandan, eta golfean aritzera joateko asmoa dute biek.

        Sunny eta biok Vancouverren egin ginen lagun. Bion haurdunaldiak hain egokiro txandakatu ziren, non haurdunaldirako arropa sorta bakar batekin moldatu ahal izan ginen biok. Nire sukaldean edo harenean, astean behin gutxi gorabehera, tarteka umeek solasaldia eteten zigutela eta askotan lo faltagatik kordokaturik, kafe ilunez eta zigarroz bizkortzen genuen geure burua, eta kalaka suharrean aritzen ginen gure ezkontza-harremanez, gure borrokez, gure gabeziez, gure motibazio interesgarri eta lotsagarriez, gure lehengo anbizioez. Jung irakurtzen genuen aldi berean, eta gure ametsei heltzen ahalegintzen ginen. Ugalketaren nahasmenduarekin lotu ohi den bizitzako aldi hartan, emakumearen gogoa guztiz amatasunaren zamaren pean omen dagoenean, gu oraindik Simone de Beauvoirrez, Arthur Koestlerrez eta The Cocktail Partyz eztabaidatu beharrean sentitzen ginen.

        Gure senarrek ez zuten bat egiten gure gogo-aldartearekin, ezta hurrik eman ere. Haiekin halako gauzez hitz egiten saiatzen ginenean, lasai asko botatzen ziguten: “O, hori literatura baino ez da” edo “Filosofiako oinarrizko ikastaro bat egiten ari zarela ematen du”.

 

 

        Orain biak bizi ginen Vancouverretik kanpo. Baina Sunnyk bere senarrarekin, umeekin eta altzariekin alde egin zuen handik, ohiko moduan eta ohiko arrazoiengatik: senarrak lanpostua aldatu zuen. Nik, ordea, irmoki baina aldi labur baterako —eta giro zehatz batzuetan bakarrik— onartzen zen arrazoi moderno bategatik egin nuen alde: senarra, etxea eta ezkontzan neureganatutako gauza guztiak utzi nituen (umeak izan ezik, noski, horiek txandakatu egiten baikenituen), hipokresiarik, hutsunerik edo lotsarik gabeko bizimodu bat egin ahalko nuelako esperantzan.

        Etxe bateko bigarren solairuan bizi nintzen orain, Toronton. Behe-solairuko bizilagunak —etxearen jabeak— Trinidadetik iritsiak ziren dozena bat urte lehenago. Kale hartan, galeriadun eta leiho altu eta estuko adreiluzko etxeak —Henderson, Grisham, McAllister eta antzeko abizeneko presbiterianoenak eta metodistenak izandako etxe haiek— larruazal beltzaran eta oliba-koloreko jendez beteta zeuden orain. Niri arrotza zitzaidan modu batean mintzo ziren pertsona haiek ingelesez, ingelesez mintzo zirenak behintzat, eta airea beren jaki gozo-minen usainaz betetzen zuten une oro. Ni zoriontsua nintzen horrekin guztiarekin; egiazko aldaketa bat egin izan banu bezala sentiarazten ninduen, ezkontza-garaiko etxetiko bidaia luze eta beharrezko bat egin izan banu bezala. Baina askotxo zatekeen espero izatea nire alabek —hamar eta hamabi urte, garai hartan— gauza bera sentituko zutenik. Udaberrian joan nintzen Vancouverretik, eta udako oporren hasieran etorri ziren haiek, bi hilabetez geratzeko asmotan, printzipioz. Kaleko usainak nazkagarriak egiten zitzaizkien, eta zarata beldurgarria. Bero egiten zuen, eta ezin zuten lorik egin, ezta erosi nuen haizagailuarekin ere. Leihoak zabalik utzi behar izaten genituen, eta auzokoen jaiak laurak arte luzatzen ziren zenbaitetan.

        Zientzia Zentrora, CN Dorrera, museora eta zoora eraman nituen bisitan, saltoki handietako jatetxeetara joan ginen hango freskuran otorduak egitera, eta Torontoko uharteetarako txangoa egin genuen barkuan, baina haiek guztiek ez zieten balio izan beren lagunen hutsunea betetzeko, ezta nik etxetzat eskaintzen nien simulakro hura onartzen laguntzeko ere. Beren katuekin egon nahi zuten, beren logeletan, beren auzoko askatasunean. Etxean zereginik gabe eta alferkerian geratzeko egunetara bueltatu nahi zuten.

        Tarte batez ez ziren kexatu. Egun batean, alaba nagusia txikiari jarraibideak ematen entzun nuen: “Amak pozik gaudela pentsatu behar du. Gaizki sentituko da, bestela”.

        Azkenean, lehertu egin zen dena. Salaketak, sufrimendu-aitortzak (puztutako aitortzak, orduan pentsatu nuenez, nire alde eginak). Txikienak, negarrez: “Zergatik ezin zara, ba, etxean bizi?”. Eta nagusiak, arranguraz: “Aita gorroto duelako, horra”.

        Senarrari deitu nion. Galdera bera egin zidan berak, baita antzeko erantzun bat eskaini ere jarraian, bere kabuz. Bidaia-txartelak aldatu nituen, alabei maletak egiten lagundu nien, eta aireportura eraman nituen. Harako bidean, zaharrenak proposatutako jolas tonto batean aritu ginen. Zenbaki bat aukeratu behar genuen —27, 42—; gero, leihotik begira, ikusten genituen gizonezkoak zenbatu behar genituen, 27.era edo 42.era edo dena delakora iritsi arte, huraxe izango baitzen senartzat hartuko genuena. Etxera itzuli nintzenean, bakarrik, haiek utzitako oroigarri guztiak batu nituen —txikienak marraztutako komiki bat, zaharrenak erositako Glamour aldizkariaren ale bat, Toronton bai baina etxean soinean eramango ez zituzten bitxi eta arropa puska batzuk—, eta zabor-poltsa batean sartu nituen. Antzera jokatu nuen gogoa haiengana joaten zitzaidan bakoitzean: isilik egoteko agintzen nion neure gogamenari. Baziren sufrimendu batzuk, pairatzeko modukoak egiten zitzaizkidanak: gizonekin zerikusia zutenak, adibidez. Beste sufrimendu batzuk —umeekikoak—, pairaezinak zitzaizkidan.

        Haiek etorri aurretik bizi nintzen bezala bizitzen hasi nintzen berriro. Gosaria prestatzeari utzi nion, eta kanpora ateratzen nintzen, italiarrarenean kafea eta opil egin berriak hartzeko. Etxeko zeretatik hain aske egoteak pozarren sentiarazten ninduen. Baina orain, lehen ez bezala, leihoaren beste aldeko aulkietan edo terrazako mahaietan eserita zeudenetako batzuen begitarteari erreparatzen nion: haientzat ez zen hura gauza zoragarri edo berealdikoa, bizimodu bakarti bateko ohitura higatua baizik.

        Etxean jada, orduak pasatzen nituen idazten, behinola galeria izandako eta orain behin-behinean sukalde bihurtutako gelatxo batean, zurezko mahai baten aurrean eserita, leihoen ondoan. Idazle gisa bizimodua ateratzeko esperantza nuen. Eguzkiak laster berotzen zuen gelatxoa, eta hanken atzealdea —praka motzak jantzi ohi nituen— aulkian itsasten zitzaidan. Plastikozko sandaliek nire oinen izerdia xurgatzean sortzen zen kimika-usain ezti bitxia iristen zitzaidan. Gustuko nuen; nire langintzaren usaina zen, baita, espero nuenez, nire lorpenena ere. Idazten nuena ez zen nire bizimodu zaharrean patatak egosi bitartean edo arropak garbigailuko ziklo automatikoan danbadaka jiraka ari zirenean idaztea lortzen nuena baino hobea. Gehiago idazten nuen, eta ez okerrago. Hori zen dena.

        Egunean aurrerago, bainu bat hartzen nuen, eta nire emakumezko lagunetariko batekin elkartzen nintzen askotan gero. Ardoa edaten genuen Queen Street, Baldwin Street edo Brunswick Streeteko jatetxe txikiren bateko terrazan, eta gure bizitzez hitz egiten genuen, gure maitaleez batez ere, baina enpagua ematen zigun “maitale” esateak, eta beraz “gurekin harremanetan dabilen gizona” esaten genuen. Eta batzuetan, nirekin harremanetan zebilen gizonarekin geratzen nintzen. Umeak nirekin izan ziren bitartean, erbesteraturik egon zen, eta hala ere bi aldiz araua hautsi nuen, alabak zinema-areto hotz batean utzita.

        Banandu baino lehen ezagutu nuen gizon hau, eta bera izan zen nire banaketaren zuzeneko arrazoia, beraren eta edonoren aurrean hala izan ez zelako itxurak egiten saiatu nintzen arren. Harekin geratzen nintzenean, axolagabe eta independente agertzen saiatzen nintzen. Azken berriak kontatzen genizkion elkarri —kontatzeko berriren bat izango nuela ziurtatu ohi nuen—, barre egiten genuen, eta trokartetik pasieran ibiltzen ginen, baina nik egiaz nahi nuena zera zen: nirekin oheratu zedin kitzikatu, sexuaren suhar gorenak pertsonen onena batzen zuela uste bainuen. Ergela nintzen kontu hori zela eta, nire adineko emakume batentzat bereziki arriskutsua den modu batean. Batzuetan pozez zoratzen sentitzen nintzen gure elkarganatzeen ondoren, itsututa eta seguru; beste batzuetan, aldiz, mesfidantzaren zama gainetik kendu ezinik geratzen nintzen. Hark alde egiten zuenean, malkoak sentitzen nituen begietatik behera, negarrez ari nintzela ohartu aurretik. Harengan ikusi uste izan nuen itzalen bat izan zitekeen arrazoia, edo axolagabezia-zantzuren bat, edo zeharka egina zidan ohartarazpen bat. Leihoaren beste aldean, ilundu ahala, auzokoen jaiak hasten ziren, haien musika, oihuak eta gauean aurrerago borroka bihurtu ohi ziren probokazioak, eta nik beldurra sentitzen nuen, ez liskarrengatik, ezpada ez existitzearen sentipen batengatik.

        Horrelako aldartean nengoen batean deitu nion Sunnyri, eta haien landetxera asteburu pasa joateko gonbita egin zidan berak.

 

 

        —Polita da hau —esan nuen.

        Baina zeharkatzen ari ginen paisaiak ez zuen ezer adierazten niretzat. Muinoak koskor berdeen segida bat ziren, eta haietako batzuetan behiak zeuden. Hormigoizko zubi baxuek belar txarrek itotako errekatxoak gurutzatzen zituzten. Belar ondua modu berri batean batzen zen orain, biribilkietan, eta soroetan uzten.

        —Oraindik ez duzu etxea ikusi —esan zuen Sunnyk—. Leku narrasagorik! Sagu bat topatu genuen hodietako batean. Hilda. Iletxoak ateratzen zaizkigu oraindik bainuontziko txorrotatik. Dena konponduta dago orain, baina ezin jakin zer izango den hurrena.

        Ez zidan galdetu nire bizitza berriaz. Zuhurtzia ala gaitzespena? Agian ez zekien gaiari nola heldu, ezin zuen irudikatu ere egin. Nik gezurrak esango nizkion, nolanahi ere, edo egia erdiak. Zaila izan zen haustea, baina egin beharra zegoen. Ezin dut eraman umeen falta, baina denak du bere prezioa. Hainbat gauza ikasten ari naiz: gizon bat aske uzten, baita ni neu askea izaten ere, eta sexua arintasun handiagoz hartzen. Kosta egiten zait; ez nintzen modu horretan abiatu mundu honetan, eta ez naiz gaztea, baina ikasten ari naiz.

        Asteburu bat, pentsatu nuen. Denbora luzea ematen zuen.

        Etxeko adreiluek orbain bat ageri zuten galeria kendua zuten lekuan. Sunnyren semeak batetik bestera korrika ari ziren lorategian.

        —Markek baloia galdu du —oihu egin zuen Gregoryk, zaharrenak.

        Ni agurtzeko esan zion Sunnyk.

        —Kaixo. Markek estalpearen gainetik bota du baloia, eta orain ez dugu aurkitzen.

        Hiru urteko neskatoa, nik Sunny azkenekoz ikusi eta gero jaioa, korrika irten zen sukaldeko atetik, eta arrotz bat ikusita, kolpean gelditu zen. Bere onera itzuli zen berehala, ordea, eta esan zidan:

        —Zomorro bat nuen buruan hegan.

        Sunnyk besoetan hartu zuen, nik nire maletatxoa jaso, eta sukaldera sartu ginen. Barruan, Mike McCallum zegoen, ogi-xerra batean ketchupa zabaltzen.

 

 

        —Zu hemen? —esan genuen biok, ia aldi berean. Barre egin genuen, ni beragana joan nintzen, eta bera nigana hurbildu zen. Bostekoa eman genion elkarri.

        —Zure aita zinela pentsatu dut —esan nuen.

        Ez dakit putzugileaz akordatzera iritsi ote nintzen. Pentsatu nuena zera izan zen: “Nor ote da hain ezaguna egiten zaidan gizon hau?”. Gorputza arinki mugitzen zuen gizon bat, putzuetan gora eta behera ibiltzea munduko gauzarik arruntena balitz bezala. Ile labur urdintzen hasia, kolore argiko begi biziak. Hazpegi finak, atseginak baina serioak. Erreserba ohiko bat, ez zakarra.

        —Ezin —esan zuen berak—. Aita hila da.

        Johnston sukaldera sartu zen golferako zorroekin, agurtu egin ninduen eta alde egiteko presatu zuen Mike.

        —Elkar ezagutzen dute, laztana —esan zion Sunnyk—. Lehenagotik ezagutzen zuten elkar. Halakorik.

        —Umeak ginenetik —zehaztu zuen Mikek.

        —Benetan? —esan zuen Johnstonek—. Harrigarria da.

        Eta denok batera, esaldia osatzen lagundu genion:

        —Ze txikia den mundua.

        Mike eta biok elkarri begira eta barrez ari ginen oraindik, batak besteari argi utzi nahiko bagenio bezala Sunnyri eta Johnstoni harrigarria iruditu zitzaien aurkikuntza hura zorte onaren ukaldi liluragarri eta komiko bat zela guretzat.

        Arratsalde osoan, gizonak kanpoan izan ziren bitartean, energia alai batez beterik egon nintzen. Melokotoi-tarta bat egin nuen afalordurako, eta Claireri irakurtzen aritu nintzaion siesta egiten laguntzeko, Sunny mutilekin erreka apartsuan arrakastarik gabe arrantzan zebilen bitartean. Gero, Sunny eta biok egongelan eseri ginen lurrean ardo botila batekin, eta lagun izan ginen berriro, liburuez —eta ez bizitzaz— hizketan.

 

 

        Mikek gogoratzen zituen gauzak ez ziren nik gogoratzen nituenak. Porlanezko zimentarri zahar baten gainalde estutik ibili izana zuen gogoan; eraikin ikaragarri altu bat zelako itxurak egiten omen genituen, eta estropezu eginez gero erori eta bertan hilko ginela. Beste nonbait izan behar zuela esan nuen nik, eta gero garaje baterako altxatu zituzten zimentarriak gogoratu nituen. Gure etxerako bideak errepidearekin bat egiten zuen lekuan zegoen garaje hura, eta azkenean ez zuten amaitu. Hor gainean ibili al ginen?

        Bai.

        Zubipean ozenki oihu egiteko gogoaz oroitzen nintzen ni, baita hiriko haurrei nien beldurraz ere. Mikek ez zuen zubirik gogoratzen.

        Biok oroitzen ginen lokatzezko bolez, eta gerraz.

        Harrikoa egiten ari ginen elkarrekin, nahi adina hitz egin ahal izateko lotsagabe agertu gabe.

        Aitaren heriotzaz hitz egin zidan. Trafiko-istripu batean hil zen, Bancroft inguruko lekuren batean, lanetik bueltan zetorrela.

        —Zure gurasoak bizi dira?

        Ama hila zela esan nion, eta aita berriro ezkondu zela.

        Une hartan, senarrarengandik bananduta nengoela kontatu nion, eta Toronton bizi nintzela. Umeak aldi batez nirekin egonak zirela esan nuen, baina aitarekin zeudela orain oporretan.

        Berak Kingstonen bizi zela kontatu zidan, baina denbora gutxi zeramala han. Aspaldi ez zela ezagutu omen zuen Johnston, lanaren bitartez. Ingeniari zibila zen, Johnston bezala. Emaztea irlandarra zuen, Irlandan jaioa, baina Kanadan zegoen lanean, elkar ezagutu zutenean. Erizaina zen. Une hartan Irlandan zegoen, County Claren, familiari bisita egiten. Umeak berekin eraman zituen.

        —Zenbat ume?

        —Hiru.

        Harrikoa bukatu genuenean, egongelara joan ginen, eta mutilekin Scrabblen jolasteko eskaini genuen geure burua, Sunnyk eta Johnstonek paseo bat emateko aukera izan zezaten. Partida bakarra. Gero, lotara joan beharko zuten. Baina beste partida bat jokatzeko konbentzitu gintuzten, eta oraindik jolasean ari ginen gurasoak itzuli zirenean.

        —Zer esaten nuen nik, ba? —esan zuen Johnstonek.

        —Lehengo partida bera da —protesta egin zuen Gregoryk—. Partida amaitu arte, esan duzue. Eta partida bera da.

        —Bai, ziur —erantzun zuen Sunnyk.

        Jarraian, gau zoragarria egiten zuela esan zuen, eta Johnston eta bera gaizki ohituko zirela etxean umezainak izanik.

        —Bart zinemara joan ginen, eta Mike umeekin geratu zen. Film zahar bat. Kwai ibaiko zubia.

        —Gaineko —esan zuen Johnstonek—. Kwai ibai gaineko.

        —Ikusita nuen, nolanahi ere —esan zuen Mikek-. Duela urte batzuk.

        —Ondo egon zen —esan zuen Sunnyk—. Baina ez nago ados bukaerarekin. Ez zitzaidan egokia iruditu. Gogoratzen duzue Alec Guinnessek goizean kablea ikusten duenean uretan? Zubia lehertu nahian dabiltzala ohartzen da orduan. Eta nola jartzen den sutan, eta nola korapilatzen den dena, eta azkenean kristo guztia hiltzen den? Ba nire ustez, kablea ikusi eta gertatu behar zenaz jabetzean, hantxe geratu behar zuen, zubian, bera ere leherketan hiltzeko. Hori uste dut egin behar zuela pertsonaiak; dramatikoki ere eraginkorragoa izango zen horrela.

        —Ez dut uste —erantzun zuen Johnstonek, eztabaida hori lehenago ere izan zuenaren tonuan—. Suspensea zer, orduan?

        —Ni Sunnyrekin bat nator —esan nuen—. Korapilatsuegia iruditu zitzaidan amaiera.

        —Mike? —galdetu zuen Johnstonek.

        —Niri gustatu zitzaidan —erantzun zuen Mikek—. Zegoen bezala gustatu zitzaidan.

        —Mutilak nesken aurka —esan zuen Johnstonek—. Mutilek irabazi.

        Gero, Scrabblea jasotzeko esan zien mutilei, eta jaso egin zuten. Baina Gregoryk izarrak ikustera joan zitezkeen jakin nahi izan zuen.

        —Hemen baino ezin izaten ditugu ikusi —esan zuen—. Etxean argi gehiegi dago, eta kaka bat izaten da.

        —Kontuz aho hori —esan zuen aitak. Eta gero—: Ados. Bost minutu.

        Kanpora irten ginen denok eta zerura begiratu genuen. Izar gidaria bilatu genuen, Hartz Handiaren buztanean bigarrena. Hura ikusteko gai izanez gero, Johnstonek esan zuenez, zure ikusmena aireko armadan sartu ahal izateko bezain ona zen, edo halaxe zen behintzat Bigarren Mundu Gerran.

        —Nik ikusten dut —esan zuen Sunnyk—. Baina banekielako lehenagotik hor dagoela.

        —Niri gauza bera gertatzen zait —esan zuen Mikek.

        —Nik ikusi dut —esan zuen Gregoryk, erdeinuz—. Ikusi dut, eta ez nekien hor zegoen edo ez.

        —Nik ere ikusi dut —esan zuen Markek.

        Mike nire aurreantxe zegoen, alde batean. Hurbilago zegoen Sunnyrengandik nigandik baino. Ez zegoen inor gure atzean, eta ukitu nahi nuen; arinki eta nahi gabe bezala, haren besoa edo sorbalda ukitu nahi nuen. Gero, aldentzen ez bazen —adeitasunagatik, nire keinua egiaz nahi gabekotzat jo zuelako— behatz bat pausatu nahi nuen haren garondo biluzian. Berak ere horixe egingo al zuen, nire atzean egon balitz? Horretan pentsatzen egongo zen bera, eta ez izarretan?

        Gizon eskrupulosoa zelako sentipena nuen, nolanahi ere; bere buruari eutsiko liokeela.

        Eta arrazoi horregatik, hain zuzen, ez litzatekeela nire ohera etorriko gau hartan. Arriskutsua bezain ezinezkoa zen, edozein kasutan. Hiru logela zeuden goiko pisuan: gonbidatuen gelak eta gurasoen gelak umeen gela handira ematen zuten. Bi logela txikietako edozeinetara sartu nahiko lukeenak umeen gela zeharkatu beharko luke. Mikek gonbidatuen gelan lo egin zuen aurreko gauean, eta behean egingo zuen lo gau horretan, egongelako sofa-ohean. Sunnyk izara garbiak eman zizkion, niretzat utzitako ohetik izarak kentzen aritu gabe.

        —Oso garbia da —esan zuen—. Eta azken batean, aspaldiko laguna duzu.

        Izara horiexen artean etzateak ez zidan gau lasairik ekarri. Nire ametsetan, egiaz hala ez bazen ere, urpeko belarren, ibaiko lohiaren eta eguzkipeko kanaberen usaina zuten izara horiek.

        Banekien Mike ez zela nigana etorriko; gutxi axola arriskua txikia bazen ere. Itsuskeria zatekeen, non eta bere lagunen etxean, zeinak egunen batean —eta beharbada ordurako jada— bere emaztearen lagunak ere izango ziren. Eta ba ote zekien berak ziurtasun osoz hori zela nik nahi nuena? Edo berak egiaz nahi zuena? Ni neu ere ez nengoen ziur. Ordura arte, unean uneko bere ohekideari fidela zitzaion emakumetzat hartu nuen beti neure burua.

        Loaldi azalekoa egin nuen, eta amets lizun eta monotonoak izan nituen, bigarren mailako argumentu-hari gogaikarri eta desatseginak zituztenak. Batzuetan, Mike parte hartzeko prest agertzen zen, baina oztopoak sortzen zitzaizkigun. Beste batzuetan, muker jokatzen zuen; esaten zidan, adibidez, opari bat ekarri zidala baina galdu egin zuela, eta ezin garrantzitsuagoa bihurtzen zitzaion hura topatzea. Nik ez arduratzeko esaten nion, ez zitzaidala axola oparia, bera zela nire oparia, nik maite nuen eta betidanik maite izan nuen pertsona, horixe esaten nuen. Baina bera kezkatuta zegoen. Eta batzuetan agiraka ere egiten zidan.

        Gau osoan —edo esnatzen nintzen aldietan behintzat, eta maiz esnatu nintzen— kilkerren hotsa entzun nuen leihoaren kanpoaldean. Hasieran, txoriak zirela pentsatu nuen; gaueko txori nekaezinen abesbatza bat. Denbora luzeegia neraman hirietan bizi izaten, kilkerrek nolako soinu-jauzia sor dezaketen ahazteraino.

        Esan beharra dago, bestalde, beste zenbaitetan, esnatzean, nahi gabeko buru-argitasunezko hareatza batean hondoa jota topatzen nuela neure burua. Zer dakizu egiaz gizon horretaz? Zer daki berak zutaz? Zer musika mota du gustuko, nolako iritziak ditu politika-arloan? Zer espero du emakumeengandik?

 

 

        —Ondo lo egin al duzue zuek biok? —galdetu zuen Sunnyk.

        —Seko lo nik —erantzun zuen Mikek.

        —Ondo, oso ondo —esan nuen nik.

        Egun hartan, igerilekua zuten bizilagun batzuen etxean hamaiketakoa hartzera gonbidatuta geunden denok. Mikek golf-zelaira joateko asmoa zuela esan zuen, arazorik ez bazegoen behintzat.

        —Bai, noski —erantzun zion Sunnyk, eta niri begiratu zidan.

        —Beno, nik ez dakit... —esan nuen.

        —Zuk ez dakizu golfean, ezta?

        —Ez.

        —Ez du inporta. Zergatik ez duzu caddyarena egiten niretzat?

        —Ni izango naiz zure caddya —proposatu zuen Gregoryk.

        Gure edozein ibileratara batzeko prest zegoen, bere gurasoak baino eskuzabalagoak eta dibertigarriagoak gertatuko ginelakoan.

        Sunnyk ezetz esan zuen.

        —Zu gurekin zatoz. Ez al duzu igerilekuan ibili nahi?

        —Ume guztiek pixa egiten dute igerileku horretan. Jakingo duzu hori.

 

 

        Abiatu aurretik, euria iragarrita zegoela jakinarazi zigun Johnstonek. Mikek esan zion ahalegina egingo genuela hala ere. Gustatu zitzaidan Mikek lehen pertsona plurala erabiltzea, eta gustatu zitzaidan autoan haren ondoan eserita joatea, haren emaztearen eserlekuan. Atsegin nuen gu biok bikote gisa irudikatzea, neskatila baten zirrara berberaz atsegin ere. Inoren emaztea izatearen ideiak liluratu egiten ninduen, inoiz inoren emaztea izan ez banintz bezala. Sekula ez zitzaidan halakorik gertatu une hartan maitale nuen gizonarekin. Gai izango nintzateke, egiazko maitasun batekin, moldatzeko? Gai izango nintzateke ondo egokitzen ez ziren nire parteak bazter utzita zoriontsua izateko?

        Baina orain, biok bakarrik geundela, uzkur sentitzen ginen.

        —Ederra da ingurune hau, ezta? —esan nuen nik.

        Eta egiaz, halaxe sentitzen nuen. Muinoek leunagoak ziruditen orain, zeru zuri hodeitsuaren azpian, bezperako eguzki lotsagabearen argitan baino. Zuhaitzek uda amaierako hostotza zarpaildua ageri zuten; hostoetako asko herdoil-kolorea hartzen hasiak ziren ertzetan, eta beste batzuk marroi edo gorri bihurtuta ageri ziren jadanik. Hosto mota batzuk bereizteko gai izan nintzen.

        —Haritzak —esan nuen.

        —Oso lur hareatsua da hau —esan zuen Mikek—. Denean. Oak Ridges deitzen diote ingurune honi.

        Irlandak ederra izan behar zuela esan nuen.

        —Alde batzuk oso soilak dira. Harri hutsa.

        —Zure emaztea han hazi zen? Hango azentu zoragarria du hizketan?

        —Entzungo bazenu, baietz esango zenuke. Baina hara bueltatzen denean, galdua duela esaten diote. Amerikarren modura hitz egiten duela aipatzen dute han. Amerikarra, esaten dute haiek. Gutxi axola zaie haiei kanadarra den.

        —Eta umeak? Haiek ez dute irlandar azenturik izango...?

        —Ez.

        —Zer dira? Neskak edo mutilak?

        —Bi mutil eta neska bat.

        Nire bizitzako kontraesanez, nahigabeez eta premiez hitz egiteko irrika sentitu nuen.

        —Nik faltan botatzen ditut nire umeak —esan nuen.

        Baina hark ez zuen ezer esan. Ez hitz ulerkorrik, ez adore ematekorik. Beharbada ezegokia iruditzen zitzaion gure bikotekideez edo gure umeez mintzatzea egoera hartan.

        Handik lasterrera, golf-zelaiko eraikinaren ondoko aparkalekuan gelditu zuen autoa, eta zalapartatsu mintzatu zen, bere hoztasuna konpentsatu nahian bezala:

        —Badirudi golf-jokalari igandezaleak etxean geratu direla gaur, euriaren beldur.

        Auto bakar bat zegoen aparkalekuan.

        Mike kanpora irten, eta bulegora sartu zen, bisitariaren txartela ordaintzera.

        Ni sekula ez nintzen lehenago golf-zelai batean egon. Telebistan behin edo bitan partidaren bat ikusi nuen, eta inoiz ez berariaz aukeratuta, eta ideia nuen makiletako batzuei burdina deitzen zitzaiela, edo burdinei makila, eta haietako batek niblick zuela izena, eta zelaiari berari links esaten zitzaiola. Mikeri esan nionean, zera erantzun zidan:

        —Asper-asper eginda bukatuko duzu agian.

        —Aspertzen banaiz, paseo bat emango dut.

        Nire erantzuna gustatu bide zitzaion. Bere esku beroaren pisua nire sorbaldan pausatu, eta esan zidan:

        —Ez da ideia txarra.

        Nire ezjakintasunak ez zuen inporta —esan beharrik ez dago ez nuela caddyarena egin behar izan—, eta ez nintzen aspertu. Egin behar nuen gauza bakarra zen hari hara eta hona jarraitzea eta begiratzea. Ez zen beharrezkoa ezta berari begiratzea ere. Zelaiko ertzetako zuhaitzei adi ere egon nintekeen. Gogoratu ezin nuen izeneko zuhaitz altu batzuk ziren —akaziak?—, adaburu lumatsu eta enbor lerdenekoak, guk behean igartzen ez genituen haize-boladek noizean behin astinduak. Txori saldoak ere baziren, zozoak edo arabazozoak, premia-sentipen komunal batez hegan, adaburu batetik bestera. Orduan gogoratu nuen txoriek hori egiten zutela: abuztuan edo uztail amaieran, saldo handi eta zaratatsuetan batzen ziren, hegoalderako bidaia prestatzen hasteko.

        Mikek zerbait esaten zuen tarteka, baina gehienetan ez niri. Ez nuen erantzun beharrik sentitzen, eta bestela ere ezin izango nuen erantzunik eman. Nolanahi ere, konpainiarik gabe arituko litzatekeen gizon batek baino gehiago hitz egiten zuela iruditu zitzaidan. Haren hitz etenak bere buruari zuzendutako purrustadak, laudorio zuhurrak eta ohartarazpenak ziren. Edo hitz izatera ere ez ziren iristen, beste batzuetan; hots solteak baino ez, berariazko hurbiltasunean bizi izandako bizitzetako intimitate luzean zerbait adierazi nahian —eta egiaz zerbait adieraziz— jaurtitzen diren horietakoak.

        Horixe zen, beraz, egitea egokitzen zitzaidana: bere buruaren nozio hedatu eta handiagotu bat eskaintzea hari. Nozio erosoago bat, nolabait esateko, bere bakardadeari giza babesgarriaren zentzu lasaigarria eskainiko ziona. Ez zuen nigandik egiteko hura espero izango, edo ez zuen halako naturaltasunez eta erraztasunez eskatuko, ni beste gizon bat izan banintz. Ezta harekiko harremanik ez lukeen emakume bat banintz ere.

        Hura guztia ez nuen berez pentsatu. Aitzitik, nitaz jabetzen zen plazerean sentitzen nuen, zelaian zehar oinez gindoazela. Gauean min bizia sorrarazia zidan irrika mendean harturik eta bezaturik ageri zitzaidan orain, emazteenaren gisako sugar gidari ñimiño eta adeitsu bihurturik. Jarraitu egiten nion berak antolatu, hautatu, kalkulatu eta kolpea jotzen zuen bitartean, eta arretaz aztertzen nuen pilotaren ibilbidea —arrakastatsua beti nire begietan, arazotsua askotan harenetan—, gure hurrengo desafioaren punturaino, gure berehalako etorkizuneraino.

        Harako bidean, ez genuen ia hitz egin. Euria egingo du?, edo gisako galderaren bat. Ez al duzu tantarik sentitu? Uste dut tanta bat sentitu dudala. Agian ez. Ez zen hura eguraldiari buruzko solas behartua. Jokoaren testuinguruan txertatzen zen: amaituko genuen ibilbidea edo ez?

        Eta ez. Ez genuen amaitu. Euri tanta bat izan zen lehenik, euri tanta benetako bat, gero beste bat, eta gero zipriztinaldi bat. Mikek zelaiaren beste alderantz begiratu zuen, hodeiek zuriak izateari utzi eta urdin ilunak ageri ziren lekurantz, eta asaldura edo etsipena erakutsi gabe, esan zuen:

        —Hemen dator gure eguraldi txarra.

        Bere gauzak bildu zituen, eta poltsa itxi zuen, metodikoki.

        Eraikinetik zitekeenik eta urrunen geunden. Txoriak aztoratuago zeuden, eta gure buruen gainean jira-biraka zebiltzan, urduri eta zalantzati. Zuhaitzen adaburuak kulunka ari ziren, eta soinu bat entzuten zen gure gainean, hondartzan harriz beteta lehertzen den olatu batena bezalakoa.

        —Tira —esan zuen Mikek—. Hobe izango dugu hor azpian babestea.

        Eskutik heldu zidan, eta korrika egin genuen belar moztuaren gainetik, golf-zelaiaren eta ibaiaren artean hazten ziren zuhaixken eta belar altuen azpira.

        Soropilaren ondo-ondoko zuhaixkek hosto ilunak zituzten, eta itxura formala ia, hesiarena egiteko han berariaz ezarriak balira bezala. Baina muluetan hazten ziren, kontrolik gabe. Zeharkatu ezinak ere ematen zuten, baina hurbilagotik begiratuta sarguneak ikusten ziren: animaliek edo golf-piloten bila aritutako pertsonek irekitako bidexkak. Aldapa behera txiki bat egiten zuen lurrak, eta behin zuhaixken murru irregularraren barruan sartuta, ibaiaren zati bat ikus zitekeen. Ibai hura zen, hain zuzen, sarrerako hesiko idazkunaren arrazoia, golf-zelaiari izena ematen ziona: Riverside Golf Club. Ura altzairu-kolorekoa zen, eta ibili zebilela ematen zuen; ez zen ageri, urmaeletako urarekin halako erauntsien pean gertatuko litzatekeen bezala, mila zatitan hautsita. Ibaiaren eta gure artean, basabelarrez beteriko lur-zerrenda bat zegoen, loretan. Urrezko makilak, baltsaminak beren txilin gorri eta horiekin, lore mulko arrosakara eta purpuradun beste belar batzuk, asuntzat jo nituenak, eta basa-bitxiloreak. Mahats-parra ere bai, bidean aurkitzen zuen guztia inguratuz eta oratuz, gure oinen azpian nahaspilan. Lurra biguna zen, baina ez likatsua. Zurtoin meheko landare hauskorrenak ere gure buruak bezain altuak edo are altuagoak ziren. Gelditu eta haien gainetik begiratu genuenean, zuhaitz batzuk ikusi genituen, gugandik hurbil, loreen gisa astinaraziak. Eta zerbait gerturatzen, hodei ezin ilunagoen aldetik: egiazko euria, orain bustitzen gintuen zipriztinaldi horren atzetik. Eta hala ere, euria baino askoz ere gehiago zela ematen zuen. Zeruaren zati handi bat askatu eta gainera etorriko zitzaigula ematen zuen, presaturik eta ausart, forma ezezagun baina bizidun baten itxurapean. Aurrean, gortina baten gisako euri-jasa zetorren; ez belo bat, gortina lodi eta basaki inarrositako bat baizik. Argi bereizten genuen geruza hura, une hartan oraindik tanta arin eta nagiak baino sentitzen ez bagenituen ere. Leihotik begira egongo bagina bezala sentitzen ginen, leihoa txikitu zezakeenik sinetsi gabe, harik eta gertatu zen arte, eta euriak eta haizeak zafratu egin gintuzten, biek batera, eta nire ilea altxatu eta buru inguruan hegaka jarri zuten. Larruazalarekin gauza bera gertatuko zitzaidala ere pentsatu nuen.

        Orduan, jiratu egin nintzen; sasien artetik irten eta eraikinerantz korrika egiteko premia bizia sentitu nuen, ordura arte ez bezala. Baina ezin nintzen mugitu. Zaila zen zutik egotea; kanpora ateraz gero, haizeak kolpean botako ninduen lurrera.

        Mike, konkorturik eta burua landareen artean eta haizearen kontra aurreratuz, nigana hurbildu zen, bitarte osoan nire besoari heltzen ziola. Nire aurreantxe jarri zen, bere gorputza nire eta ekaitzaren artean kokatuz. Txotx bat jartzea bezalakoa izan zen. Zerbait esan zuen, baina ezin izan nuen entzun. Oihuka ari zen, baina ez zitzaidan soinurik iristen. Bi besoetatik heltzen zidan; orduan, bere eskuak nire besoetan behera lerrarazi, eta eskumuturrak oratu zizkidan irmoki. Beherantz makurrarazi ninduen —zabuka biok, jarrera aldatzeko ahaleginaren ondorioz— eta kokoriko geratu ginen, lurrari itsatsita. Hain hurbil ginen bata besteagandik, ezin genion elkarri begiratu; behera baino ezin genuen so egin, gure oinen inguruan lurra xehatzen ari ziren errekasto ñimiñoei, landare zanpatuei eta gure zapata bustiei. Eta hura ere gure aurpegietatik behera erortzen ari zen ur-jausitik zehar begiratuz ikusten genuen.

        Mikek eskumuturrak askatu zizkidan, eta nire sorbalden gainean ezarri zituen bere eskuak. Atxikitze-keinu bat zen oraindik, lasaitzekoa bainoago.

        Horrela geratu ginen haizea apaldu zen arte. Bost minutu baino ez ziren izango; bizpahiru beharbada. Euria ari zuen oraindik, baina euri gogor arrunta zen ordurako. Mikek eskuak baztertu zituen nire sorbalden gainetik, eta zutitu egin ginen, dardarka. Alkandorak eta prakak gorputzari itsatsiak genituen. Ilea aurpegi aurrean erortzen zitzaidan, sorgin-xerlo luzetan, eta harena, zapal, sorta ilunetan bilduta ageri zitzaion bekokian. Irribarre egiten saiatu ginen, baina apenas genuen horretarako indarrik. Gero, bata bestearen kontra estutu, eta musu azkar bat eman genion elkarri. Erritual halako bat izan zen, bizirik irten izanaren aitortza bat, gure gorputzen jaidura bainoago. Gure ezpainak elkarrengana labaindu ziren, leun eta fresko, eta besarkadaren presioak hotz arina sentiarazi zigun, gure arropei zerien uraren freskotasunagatik.

        Euria mehetuz joan zen. Belar erdi zapalduen gainetik aurrera egin genuen, arinki balantzaka, eta zuhaixka lodi eta blaituen artetik gero. Golf-zelaian, han eta hemen, haizeak botatako zuhaitz-adar handiak ageri ziren. Geroago arte ez nuen pentsatu horietako batek jo izan bagintu bertan hilda ginatekeela.

        Aurrera egin genuen, itzulinguruka adarrak saihesteko. Ez zuen ia euririk ari jadanik, eta ostarteak agertzen hasi ziren. Ni burua makurtuta nindoan aurrera, ileko ura aurpegira ez baizik eta lurrera erortzeko, eta eguzkiaren epeltasuna sentitu nuen bizkarrean, begirada altxatu eta argi jostagarrirantz so egin baino lehen.

        Gelditu egin nintzen, sakonki arnasa hartu, eta buru-astindu batez ilea baztertu nuen aurpegitik. Iritsia zen unea, blai eginda eta salbu eta argiaren distiraren aurrean geunden horretan. Iritsia zen unea zerbait esateko.

        —Bada zerbait ez dizudana kontatu.

        Mikeren ahotsak harritu egin ninduen, eguzkiak bezalaxe. Baina beste modu batean. Bazuen berekin halako pisu bat, ohartarazpen bat: erabakitasuna, desenkusa-ukitu batez.

        —Gure seme txikienari buruz —esan zuen—. Gure seme txikiena pasa den udan hil zen.

        O!

        —Auto batek harrapatu zuen —esan zuen—. Neuk harrapatu nuen. Atzera nindoala, etxe aurrean.

        Berriro gelditu nintzen. Bera ere nirekin gelditu zen. Aurrera begiratzen genuen biok.

        —Brian deitzen zen. Hiru urte zituen —jarraitu zuen—. Etxean zegoela uste nuen, ohean. Besteak oraindik esna zeuden, baina bera lotara sartua genuen jada. Eta altxatu egin zen berriro. Begiratu behar nuen, hala ere. Arreta handiagoz begiratu behar nuen.

        Autotik irten zen momentua irudikatu nuen. Entzungo zuen zarata. Haurraren ama, etxetik korrika ateratzen. Ez da bera. Bera ez dago hemen. Ez da gertatu.

        Barruan, ohean.

        Oinez hasi zen berriro, eta aparkalekura sartu zen. Atzetik jarraitu nion. Eta ez nuen ezer esan; alferreko hitz atsegin arrunt bat ere ez. Atzean utzia genuen hori.

        Ez zuen esan: “Nire errua izan zen, ez dut inoiz gaindituko. Sekula ez diot barkatuko neure buruari. Baina saiatzen ari naiz”.

        Edo: “Nire emazteak barkatu egin dit, baina berak ere ez du sekula gaindituko”.

        Banekien hori guztia. Banekien, orain, hondoa jo duen pertsona bat zela. Hondoa jotzea zer den ezagutu duen pertsona bat; ni ez bezala, arrastorik ere ez bainuen horretaz. Berak eta bere emazteak elkarrekin bereganatu zuten ezagutza hura, eta elkarrengana lotuak zeuden orain, sekula berriro ez banatzeko moduan lotuak ere, bizitza osorako. Ez ziren beti biziko hondoa jota, noski. Baina bat egiten zuten hondoaren ezagutzan; gune hotz, huts, itxi eta zentral horren ezagutzan.

        Edonori gerta lekioke.

        Bai. Baina ez dirudi egiaz hala gertatzen denik. Hemengo honi gertatzen zaio, eta beste hari gero, hautatutako pertsona jakin batzuei, hemen eta han, aldiro-aldiro.

        —Ez da bidezkoa —esan nuen.

        Motiborik gabeko zigor horien banaketaz ari nintzen, zartako anker eta suntsigarri horietaz, zeinak are latzagoak diren, agian, horrela gertatzen direnean, ezen ez zorigaitz ugariren artean gertatzen direnean baino, gerra baten edo hondamendi natural baten erdian, adibidez; eta kasurik latzenean, pertsona bat bizitza osorako erantzule bakar bihurtuko duen egintza —ziurrenik ezohiko egintza— baten ondorio direnean.

        Horretaz ari nintzen. Baina beste zerbait ere nahi nuen aditzera eman: Ez da bidezkoa. Zer zerikusi du horrek gurekin?

        Protesta basatia, hainbesteraino non xalotzat ere jo zitekeen, niaren muin gordinenetik baitzetorren. Xaloa, esan nahi baita, norberak botatakoa izatekotan, eta inondik ere ez jendaurrean adierazia.

        —Tira, ondo da —esan zuen, eztiki. Justizia ez baitzen inon ikusten—. Sunnyk eta Johnstonek ez dakite. Inork ez daki, hona etorri ginenetik ezagutu ditugunen artean. Horrela errazagoa izango zela pentsatu genuen. Beste umeek ere ez dute ia inoiz aipatzen. Ez dute haren izena aipatzen.

        Ni ez nintzen hara iritsi zirenean ezagutu zituzten pertsonetarik bat. Ez nintzen beren bizitza berri, latz eta normalari ekin bitartean inguruan izango zituztenetarik bat. Jakin zekien pertsona bat nintzen, ez besterik. Berarena bakarrik zena, eta jakin zekiena.

        —Bai arraroa —esan zuen ingurura begiratuz, eta autoko maletategia ireki zuen golf-zorroa gordetzeko—. Zer gertatu da lehen autoa hemen aparkatuta zuen tipoarekin? Ez duzu ikusi lehen beste auto bat hemen aparkatuta, iritsi garenean? Baina zelaian ez dut inor ikusi, orain horretan pentsatzen jarrita... Zuk bai?

        Ezetz esan nuen.

        —Misterio bat —esan zuen. Eta berriro—: Tira, ondo da.

        Umea nintzela, sarri samar entzun ohi nuen esapide hura, tonu berean esanda. Gauza baten eta bestearen arteko zubi bat, edo ondorio bat, edo hobeto esan edo pentsatu ezingo litzatekeen zerbait esateko manera bat.

        “Hondoa joz gero, putzua ondo!” txantxa eginez erantzun ohi genuen.

 

 

        Ekaitzak azkena eman zion igerilekuko jaiari. Pertsona gehiegi ziren etxe barruan egoteko, eta umeekin joanak ziren gehienek beren etxeetara bueltatzea erabaki zuten.

        Autoan, etxera bueltan gindoazela, Mikek eta biok azkura eta erresumina igarri genuen gure besaurre biluzietan, eskugainetan eta orkatila inguruetan. Belarren artean makurtuta egon ginen bitartean gure arropek babesten ez zituzten lekuetan, alegia. Asunez gogoratu nintzen.

        Sunnyren landetxeko sukaldean eserita, arropa lehorrak soinean genituela jada, gure abentura kontatu, eta legenak erakutsi genizkien.

        Sunnyk bazekien zer egin. Bezperan Clairerekin hango ospitaleko larrialdietara egina zuen joan-etorria ez zen izan familiak hara egiten zuen lehen bisita. Aurreko asteburu batean, mutilak lastategiaren atzeko belardi lokaztuan ibili ziren, eta gorriunez eta orbanez beteta itzuli ziren. Asunen artean ibiltzearen ondorio izango zela esan zuen medikuak. Asunen artean iraulka ibiltzearena, esan omen zuen. Konpresa hotzak, lozio antihistaminiko bat eta pilulak agindu zizkien. Bazuten oraindik lozio-botila bat, amaitu gabea, eta pilula batzuk, Mark eta Gregory bizkor osatu baitziren.

        Uko egin genion pilulak hartzeari; gure kasuak ez zuen oso larria ematen.

        Sunnyk kontatu zigun autobideko gasolindegiko emakumearekin hitz egin zuela, eta hark esanda jakin zuela ba omen dela landare bat asunek eragindako legenen kontrako txaplatak egiteko ezin hobea dena. Ez duzu behar ez pilularik ez bestelako zikinkeriarik, esan omen zuen emakumeak. Landarearen izena zekor-oina zen, edo antzeko zerbait. Zekormina? Landare hura non aurkitu azaldu omen zion emakumeak: errepide jakin batean, zubi baten ondoan.

        Sunny proba egiteko irrikaz zegoen; gustagarria zitzaion sendabide tradizionalaren ideia. Lozioa jadanik han genuela, eskura eta ordainduta, gogorarazi behar izan genion.

        Sunnyk gozatu egin zuen gu artatzen. Gure estualdiak, egia esan, umore oneko jarri zuen familia osoa, eta egun bustiaren eta bertan behera utzitako planen abaildura ahazteko balio izan zien. Elkarrekin alde egitea erabaki izanak eta abenturatxo hura bizi izanak —gure gorputzetan arrastoa utzi zuen abenturatxo bat, inondik ere— emozio zirikatzaile bat piztu zuen Sunny eta Johnstonengan. Begirada jostalariak bigarrenarengan, arreta alai bat lehenarengan. Jokabide benetan ezegoki baten zantzuak ekarri izan bagenitu —gorriuneak ipurmasailetan, edo pikortak izterretan eta sabelean—, ez zuten, noski, hain pozik eta barkabera jokatuko.

        Umeei barregarria iruditzen zitzaien gu han eserita ikustea, oinak garbiontzietan sartuta eta besoak eta eskuak oihal lodietan bilduta. Claire, bereziki, liluratuta zegoen gure oinekin, helduen oin biluzi eta ergel haiekin. Mikek bere behatz luzeak mugitzen zituen harentzat, eta Claire irriño aztoratuetan lehertzen zen.

        Tira, ondo da.

        Etorkizunean berriro topo eginez gero, ez zen ezer aldatuko. Ezta topo egiten ez bagenuen ere. Alferreko maitasun bat, zegokion lekuaren jakitun. (Maitasun irreal bat, esango luke baten batek, sekula ez baitzuen lepoa jokatuko, sekula ez baitzen ausartuko txiste txar bihurtzen, edo erabilia izatearen poderioz xahutzen). Arriskurik sekula hartuko ez zuen maitasun bat, ur-xirripa ezti baten gisa iraungo zuena bizirik, lur azpiko iturburu. Gelditasun berri haren zama gainean hartuta, zigilaturik.

        Sekula ez nion Sunnyri haren berri galdetu, eta berak ere ez zidan eman, gure adiskidetasun gero eta urrituagoak iraun zuen urte guztietan.

 

        Lore arrosakara eta purpuradun landare horiek ez dira asunak. Eupatoria purpurak deitzen direla jakin dut. Guri erasan ziguten asun ziztakariak landare ezdeusagoak dira, purpura-tonu apalagoko loreak dituzte, eta larruazala urratzen eta hanturaz josten duten arantza fin eta ankerrez horniturik dituzte zurtoinak. Horiek ere han izango ziren, igarri ez bagenituen ere, belartza loratu haren oparotasunean.

 

ASUNAK
Alice Munro

Nettles
Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, Erein-Igela, 2018
euskaratzailea: Isabel Etxeberria Ramirez
armiarma.eus, 2024