Gaueko hitzak
Toni Morrison

euskaratzailea: Itziar Iriondo
Erein, 1995

 

 

 

      Stockholm-en, literaturako Nobel saria dela eta, mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko abenduaren zazpian emandako hitzaldia eta onarpen-hitza.

 

 

      “Toni Morrisonek Amerikako errealitatearen alderdi funtsezko bati ematen dio bizia, indar bisionarioz eta tentu poetikoz jantzitako nobeletan”

Suediako Akademia

 

 

 

HITZALDIA

 

      Suediako Akademiako kideok, jaun-andreok:

      Narratiba inoiz ez da izan denbora-pasa hutsa niretzat. Ezagutza geureganatzeko dugun bide nagusietako bat delakoan nago. Ulertuko duzue, beraz, zergatik ekiten diedan ohar hauei munduko esaldirik zaharrena izan behar duenaren, haurretatik gogoratzen dugun lehenaren bidez: “Behin batean...”.

      “Behin batean bazen emakume zahar bat. Itsua baina argia. Ala gizon zahar bat al zen? Gurua, agian. Edo griot-a, haur geldi-gogorrak lasaitzen zituena. Entzuna dut istorio hau, edo hau bezalakoa, zenbait kulturatako herri-tradizioetan.

      “Behin batean bazen emakume zahar bat. Itsua. Argia”.

      Nik ezagutzen dudan aldaeran emakumea esklaboen alaba da, beltza, amerikarra, eta hiritik kanpoko etxetxo batean bizi da. Bere argitasunaren ospeak ez du parerik, inork ez du zalantzan jartzen.

      Beretarren artean, legea eta lege-haustura da bera, biak batera. Hari dioten begiramenak auzoa gainditu eta urruneko lekuetara iristen da; baita hirira ere, landako profeten adimena trufa askoren sortzaile den lekura.

      Egun batez gazte batzuek bisita egin diote emakume horri; nonbait, erabakita daude haren aztitasunari kontra egitera eta beren ustez emakumeak egiten duen iruzurra azaleratzera. Plan sinplea dute: sartu dira emakumearen etxean sartu eta galdera bat egitea, zeinen erantzuna beren eta emakumearen arteko aldean baitatza: haren itsutasunean, alegia. Jarri zaizkio aurrean, eta haietako batek esan dio:

      —Emakume zahar hori, txoria daukat eskuan. Esadazu bizirik ala hilda dagoen.

      Emakumeak ez du erantzuten, eta berriro egiten diote galdera.

      —Nik daukadan txoria bizirik ala hilda dago?

      Emakumeak ez du erantzuten. Itsua da eta ezin ditu ikusi ez bisitariak, ez bisitariek eskuan dutena. Ez daki zein kolore, sexu edo jatorritakoak diren. Haien motiboa besterik ez daki.

      Emakume zaharraren isilunea luzea da, gazteek lanak dituzte barreari eusten.

      Azkenean hitz egiten du, ahots leun baina gogorrez hitz egin ere. “Ez dakit”, esaten die. “Ez dakit zuk daukazun txoria hilda ala bizirik dagoen, baina badakit zeure eskuetan duzula. Zeure eskuetan duzu”.

      Emakumearen erantzunak hauxe esan nahi lezake: hilda badago, edo hala aurkitu duzue, edo zeuek hil duzue; bizirik badago, oraindik ere hil egin dezakezue; txoriak bizirik jarraitzea zuen esku dago; nolanahi ere, zuen erantzukizuna da hori.

      Beren boterea eta emakumearen noraeza erakusteagatik, bisitari gazteek errieta jaso dute, esan zaie erantzukizuna dutela; burla egitearen erantzukizuna ez-ezik, baita beren helburua lortzeko sakrifikatutako bizi-puskatxo honena ere. Emakume itsuak aldatu egin du arreta, botere-esaldietatik botere hori erabiltzeko bide den tresnara.

      Beti izan dut gogoko eskuan duten txori horrek (bere gorputz ahulaz gainera) zer esan nahi ote duen espekulatzea, baina batez ere orain, neure lanaz, zuen aurrera ekarri nauen lanaz, pentsatzen jarri naizenean. Beraz, txoria hizkuntza gisa, eta emakumea idazle aritu gisa hartzea aukeratu dut.

      Gauza batek kezkatzen du emakumea: bere ametsetan erabiltzen duen hizkuntza, jaiotzaz eman zaiona, nola erabiltzen duten, nola ezkutatzen dioten hainbat xede gaiztotarako: Idazlea izaki, aldez hizkuntza sistema bat dela pentsatzen du, aldez norberak kontrola dezakeen gauza bizia dela, baina batez ere bitartekotza dela —ondorioak dituen egintza, alegia—. Beraz, haurrek egin dioten galdera, “bizirik ala hilda dago?”, ez da irreala, pentsatzen baitu hizkuntza hil, urratu egin daitekeela; borondatearen ahalegin batek bakarrik salba dezakeela. Uste du ezen, bisitarien eskuetan dagoen txoria hilda badago, hura daukatenek dutela gorpuaren erantzukizuna. Emakumearentzat hizkuntza hila ez da hitz egiten edo idazten ez dena, baizik eta hizkuntza zurruna, bere paralisia mirestera mugatzen den hizkuntza. Estatuaren hizkuntza kasu, zentsuratua eta zentsuratzailea. Hizkuntza hori errukirik gabea da bere polizi eginbeharretan, ez du beste desira edo xederik bere nartzisismo loarazlearen maila mantentzea baizik, bere esklusibotasuna eta nagusitasuna. Baina hilzorian egon arren, ez da eraginik gabea, aktiboki zapuzten baitu intelektoa, oztopatzen baitu kontzientzia, ezabatzen baitu giza ahalmena. Ezgai da galderetarako, eta ezin ditu eratu edo onartu ideia berriak, ezin ditu eratu beste pentsamendu batzuk, ezin du kontatu beste istorio bat, ezin ditu isilune zailenak bete. Hizkuntza ofiziala, ezjakintasuna ezartzeko eta pribilegioa gordetzeko xehatua, halako armadura moduko bat da, distira ezin handiagoa eman zaio, baina muina aspaldi galdu zuen oskol hutsa da. Hor dago, ordea; mutu, harrapari, sentimental. Gurtza sorrarazten du eskolumeengan; babesa ematen die despotei; egonkortasun, harmoniazko oroitzapen faltsuak sorrarazten ditu jendearen artean.

      Emakumea etsita dago ezen, hizkuntza hiltzen bada —axolagabekeriak, erabilera urriak, aintzakotzat ez hartzeak, estimurik ezak, edota diru-eskasiak hartaratuta—, bera ez-ezik, erabiltzaile eta egile guztiak ere galera horren erantzule direla. Bere herrian, haurrek ezpainak estutu dituzte, eta ordainetan balak erabiltzen dituzte mututasunaren hutsa errepikatzeko, ezgai den eta ezgaitzen duen hizkuntzaren hutsa hain zuzen ere, helduek, denek batera, esanahiarekin borrokan aritzeko, laguntza emateko edota maitasuna adierazteko tresna izanagatik baztertu duten hizkuntzaren hutsa. Baina berak badaki hizkuntz suizidioa ez dela haurren aukera soilik. Maiz gertatzen da Estatuko agintarien eta botere-merkatari infantilen artean ere: hauen hizkuntza hustuak, geratzen zaien giza instintu apurrerako sarbiderik gabe utzi ditu, euren esanetara dauden horientzat bakarrik hitz egiten baitute, edota euren esanetara makurrarazi nahi dituzten horientzat.

      Hizkuntzaren etengabeko harrapaketa erabiltzaileak bere ezaugarri ñabarduraz bete, konplexu, emagin gisakoak baztertzera bultzatzen dituen joerari esker antzeman daiteke, horien ordez mehatxua eta menpekotasuna aukeratu baitira. Hizkuntza menperatzailea ez da bortizkeriaren ordezkari hutsa, bortizkeria bera da; ez ditu ezagutzaren mugak ordezkatzen, ezaguera bera mugatzen du. Estatuko hizkuntza iluna nahiz bururik gabeko komunikabidearen hizkuntza faltsua izan; akademikoen hizkuntza harro baina harri bihurtutakoa nahiz erosotasunak bideratutako zientzi hizkuntza izan; etikarik gabeko legeen hizkuntza maltzurra edota gutxiengoak arrotz bihurtzekoa izan, lapur-izaera arrazista literaturatasun-itxurapean ezkutatuz... baztertu beharrekoa da nolanahi ere, besterenganatu eta agerian utzi behar da. Odola edaten duen hizkuntza da, zaurgarritasunak xurgatzen dituena, bere faxista-botak ezkutatzen dituena, helmugarantz eta helmugatik kanpoko adimenerantz errespetu-itxura ematen dioten arropaz errukigaitz abiatzen den bitartean ezkutatzen dituena. Hizkuntza sexista, hizkuntza arrazista, hizkuntza teista... guztiak dira agintearen hizkuntza arautzailearen ezaugarri, eta ezin dute ezaguera berrirako biderik edota ideien elkartrukerik baimendu, ez dituzte baimentzen.

      Emakume zaharrak badaki berak ez duela iritziz aldaraziko inolako mertzenario intelektualek, edota diktadore aseezinek, ez eta diru-truke diharduen politikari edo demagogok, ez eta itxurakeriaz bultzatutako kazetarik ere. Bada, eta izango da, hiritarrak armak hartzera bultzatuko dituen eta armak eskuetan iraunaraziko dituen hizkuntza erraldoirik; saltoki handietan, epaitegietan, posta-bulegoetan, jolastokietan, logeletan eta bulebarretan sakrifikatutako eta sakrifikatzen duen hizkuntzarik; alferreko heriotzen zorigaitza eta galera ezkutatzeko hizkuntza nahasgarri eta omenaldietakoa. Izango da bortxakeria, tortura eta hilketa onesteko hizkuntza diplomatikorik. Bada, eta izango da, emakumeak itotzeko sortutako hizkuntzarik, emakumeen eztarriak patea ematen duten antzarenen antzera, euren hitz esangaitz eta kaltegarriekin betez; izango da, ikerketaren antzera baztertutako zaintzarako hizkuntzarik; muturik dauden milioika herritarren sufrimendua omentzeko kalkulatutako politikaren eta historiaren hizkuntzarik; atsekabean bizi direnak eta euren auzoak erasotzeko ere aukerarik ez dutenak beldurtzeko goratutako hizkuntzarik; hizkuntza harroa, sasi-enpirikoa, sormenezko jendea gutxiespenez eta itxaropenik ezaz betetako kaioletan atxilotzeko sortua.

      Hitz-etorriaren, glamourraren, elkarte akademikoen azpian, hunkigarria edo erakargarria izan arren, halako hizkuntzaren bihotza ximeltzear dago, edota ez du taupadarik, txoria jadanik hilik badago.

      Emakumeak pentsatu du zer gertatuko ote zen edozein diziplinaren historia intelektual eta ez balitz denbora eta bizitza alferrik galtzera behartuta izan, edota ez balu horretan setatsu jardun, menperakuntzaren arrazionalizatzeak eta adierazteak horretara derrigortu ez balute. Bazterkeriazko diskurtso hiltzaileak biei, baztertzaileei eta baztertuei ezagutzarako bideak ixten dizkietenak.

      Babelgo Dorrearen istorioaren irakaspen konbentzionalak dio anabasa zorigaitzekoa izan zela. Hizkuntza anitzen pisuaren nahasteak erorarazi omen zuen dorrearen arkitektura akastuna. Hizkuntza monolitiko bakarrak eraikina bultzaraziko zuen, eta zerua iristea lortuko zen. “Noren zerua?”, galdetzen dio bere buruari. Eta zein eratakoa? Paradisua lortzea goiztiarra izan zitekeen, azkar samarra inork ez bazuen beste hizkuntzak ulertzeko denborarik izan, ez eta bestelako ikuspegi edo narrazioak ere. Hala egin balute, ordea, haiek amestutako zerua euren esku izango zuten. Konplexua eta ahalegin handia eskatuko ziena, bai, baina bizitza gisako zeruaren ikuspegia; eta ez bizitzaren ondorengo zeruarena.

      Emakumeak ez luke nahi bisitari gazteak inpresio honekin gera daitezen: hizkuntza bizirik iraunarazteko arrazoi bakarra hala jarrai dezan besterik ez dela. Hizkuntzaren bitalitatea... hiztunen, irakurleen eta idazleen bizitza errealak, irudikatuak eta balizkoak adierazteko trebetasunean datza. Oreka zenbaitetan esperientzia lekualdatuz lortzen den arren, ez du hau inola ere ordeztu ahal izango. Esanahia ezkuta daitekeen lekurantz luzatuko da. Estatu Batuetako lehendakari bat bere herrialdea hilerri bilakatu zela pentsatu eta ondorengoa esan zuenean, “Munduak ez du ia nabariko ez eta gogoratuko ere orain esandakoa. Baina inoiz ez du ahaztuko hemen egindakoa”, bere hitzek eragin handia izan zuten, euren biziraupenerako ezaugarriak zirela-eta, 600.000 gizonen heriotzen errealitatea arrazen arteko gerraren gainbeheraldia ontziratzeari uko egin baitzioten. Uko egin zioten, halaber, “azken hitza”, “laburpen” zehatza goresteari, “erantsi edo kendu beharreko botere pobrea”, bere hitzek deitoratzen zuten bizitzaren harrapaezinarekiko deferentzia agertzen dute. Emakumea hunkitzen duen deferentzia, hizkuntzak inoiz ez duela behin eta betiko bizitzarekin konplituko. Eta ez luke hala izan beharko. Hizkuntzak inoiz ez dio esklabotzari, genozidioari edo gerrari “eutsiko”. Eta ez luke hori egiteko gai izateak lekarkeen harrotasuna antsiatu beharko. Bere indarra, bere zoriona, adierazezina denerantz abiatzean datza.

      Handia edo xumea, ezkutukoa, ximeltzear dagoena eta santutasunari uko egiten diona izanda ere; algaraz ari den edota alfabetorik gabeko garrasia izanik, aukerako hitza edota aukeratutako isiltasuna, trabarik gabeko hizkuntzak jakituria du helburu, eta ez hondamena. Baina nork ez du galderak eragiten dituen zentsuratutako literaturarik ezagutzen; kritikoa delako baztertutakorik; aukerak eskaintzen dituelako ezabaturik? eta zenbat irain dira bere burua txikitutako mihiaz?

      Emakumea sortzailea delako, uste du hitzekiko lana gorena dela; gure arteko desberdintasuna, giza desberdintasuna ziurtarazten dio esanahiari — beste inolako bizitzaren aldean desberdinak garen eran.

      Hil egiten gara. Horixe da, behar bada, bizitzaren esanahia. Baina hizkuntza egin egiten dugu. Hori izan daiteke gure bizitzen neurria.

      “Behin batean...”. Bisitariek galdera bat egin diote emakume zaharrari. Zein dira haur horiek? Zein ondorio atera zuten bilkura horren ondoren? Zer entzun zuten amaierako hitz horietan: “Txoria zure eskuetan duzu”? Aukeraren bidea erakusten digun esaldia, ala atea ixten duena? Haurrek ondorengoa entzungo zuten agian, “Ez da nire arazoa. Zaharra naiz, emakumea, beltza eta itsua. Nik dakidana, ezin lagun diezazuekedala da. Hizkuntzaren etorkizuna zuen eskuetan dago”.

      Hortxe diraute. Eta euren eskuetan ezer ez balego? Eta bisita trikimailu bat besterik ez bazen, norbaitek hitz egin diezaien asmatutakoa, norbaitek aintzakotzat har ditzan aurrez inork hartu ez dituen bezala? Zerbait, inork inoiz eskaini ez dien begirunea jasotzeko? Helduen mundua, berei buruzko diskurtsoaren miasma, eteteko, bortxatzeko aukera. Galdera larriak daude jokoan, eurek galdetutakoa barne: “Eskuetan dugun txoria bizirik al dago?”. Agian galderak hauxe esan nahi du: “Inork esango al digu bizitza zer den? Heriotza zer den?”. Trikimailurik ez; txorakeriarik ez. Jakintsuren baten, zaharren baten arreta merezi duen galdera zuzena. Eta bizitza bizi izan duen eta heriotzari aurrez dagoen zahar eta jakintsu zaharrak ezin erantzun baditzake, nork erantzun ahalko ditu bada?

      Baina berak ez du erantzuten; sekretua gordetzen du, bere buruari buruzko oniritzia, bere aitorpen gnomikoak..., bere konpromisorik gabeko artea. Distantziak mantentzen ditu, dertu eta isolamenduaren bitxitasunera erretiratzen da, espazio sofistikatu eta pribilegiatura.

      Ezer ez, hitzik ere ez dator bere transferentzi aitorpenaren ondoren. Isiltasuna sakona da, esan dituen hitzen esanahia baino sakonago. Isiltasuna dardarka dago, eta haurrek, haserre, bat-batean asmatutako hizkuntzaz bete dute.

      “Ez al dago hizketarik?”, galdetu diote, “zure akatsen zerrenda aztertzeko lagungarri izango zaigun hitzik? Edota eman berri diguzun ikaspena aztertzeko? Ikaspena ez den arren, esan duzunaz gain, egin duzuna ere arretaz jarraitzen ari baikara; eskuzabaltasunaren eta jakituriaren artean eraiki duzun muga.

      ”Ez dugu txoririk eskuetan, ez bizirik ez hildakorik. Zu zaitugu bakarrik, zu eta gure galdera garrantzitsua. Gure eskuetan dagoen ezerez hori ikusteko, eta are asmatzeko ere jasanezin gertatu zitzaizun zerbait al da? Ez al duzu gaztaroa gogoratzen, hizkuntza esanahirik gabeko magia zeneko garaia? Esan zenezakeenak esanahirik izan ez zezakeenekoa? Ikusezina irumena ikusten saiatzen zena zenean? Galderen eta erantzunen eskaeren argia horren distiratsua izanik, hauen ezaguerarik ezak amorruz dardararazten zizunean?

      ”Kontzientzia hasteko, zu bezalako heroiek parte hartu eta galdu dituzten borroketan jardun behar al dugu bada guk ere? Zuek, izan ere, esku-hutsik utzi gaituzue horren ondorioz, edota, zure ustez eskuetan dugunarekin bakarrik. Zure erantzunak artea du, baina arte horrek lotsatu egiten gaitu eta zu lotsatu beharko zintuzke. Zure erantzuna zikina da bere handiespenean. Telebistarako gidoi zentzugabea besterik ez, gure eskuetan ezer ez badago.

      ”Zergatik ez diguzu eskua luzatu, zure behatz leunez ukitu, hotsaren hozkada, ikaspena, nor garen jakin arte atzeratu? Gure trikimailuak, gure modus operandiak, zure arreta jasotzeko irrikatan geundela ez ikusteko moduan nahigabetu al zaitu? Gazteak gara. Birjinak. Gure bizitza labur osoan arduratsu izan behar genukeela entzun dugu. Zer esan nahi ote du horrek gure mundua hondamendi bihurtu den honetan —poetak zioenez, ‘ezer aurkeztu behar ez den honetan’—, guztia agerian baitago? Gure oinordetza iraina da. Guk zure begi zahar eta hutsak izatea nahi zenuke, eta krudeltasuna eta erdipurdiko joerak bakarrik ikus genitzan. Naziotasunaren fikzioaren bitartez behin eta berriro perjuratzeko... bezain inozoak garela uste al duzu? Nola hitz egin dezakezu gure bete-beharrez zure iraganaren toxinan... kokaturik gaudenean?

      ”Gutxietsi egiten gaituzu, bai eta eskuetan ez dugun txoria ere. Ez al dago gure bizitzetarako testuingururik? Ez kantarik, ez literaturarik, ez bitaminaz betetako poemarik, ez indarrez has gaitezen zure laguntza eskaintzeko pasa diezagukezun historia esperientziari lotutakorik? Heldua zara. Zaharra, jakintsua. Ez zaitez zure buruaren salbamenaz bakarrik kezkatu. Pentsa ezazu une batez gure bizitzez eta kontaiguzu zure munduaren bitxitasunen berri. Asma ezazu ipuin bat. Narrazioa erradikala da, sortu egiten gaitu bera sortzen den une berean. Ez dizugu ezer esango zure helmugak zure mugak gainditzen baditu; maitasunak zure hitzak gehiegi berotzen baditu eta sutan jartzen baditu, errautsa besterik ez utziz. Edota, mediku baten eskuen tentuaz, zure hitzek odol-jarioa duten puntuak bakarrik josten badituzte. Badakigu inoiz ez duzula behar bezala egingo behin eta betiko. Pasioa inoiz ez da nahikoa; ez eta trebetasuna ere. Baina saia zaitez. Guregatik eta zuregatik, ahaztu ezazu zure kaleko izena; esaguzu mundua zer izan den zuretzat iluntasunean eta argitan. Ez iezaguzu esan zer sinetsi behar dugun, ez eta zeren beldur izan behar dugun ere. Erakuts iezaguzu sinesmenaren gona zabala, bai eta beldurraren sabel-sarea desegiten duen puntada ere. Zuk, itsutasunaz bedeinkatutako zaharra, hizkuntzak bakarrik esan diezagukeena esaten duen hizkuntza erabil dezakezu: irudirik gabe nola ikusi. Hizkuntzak bakarrik babes gaitzake izenik gabeko gauzen beldurretik. Hizkuntza bakarrik da gogoeta.

      ”Esaguzu zer den emakume izatea eta, horrela, gizon izatea zer den jakingo dugu. Zer dabilen bazterrean. Leku honetan etxerik ez izatea zer den. Zuk zenekien etxe horretatik kanpo geratzea zer den. Zu bertan egotea jasan ez dezaketen herrien mugan bizitzea zer den.

      ”Kontaiguzu Aste Santuan itsasaldetik desbideratutako ontziei buruz dakizuna, zelai bateko plazentaz. Kontaiguzu gurdikada bete esklaboez, nola, euren kantak horren leun izanik, arnasa eta elur-jasa ezin bereizteko modukoa, kanta zezaketen. Nola, sorbalda hurbilenaren taupari esker jakiten zuten hurrengo geltokia euren azken geltokia izango zela. Nola, eskuak euren sexuan errezatzeko moduan jarriz, beroa izan zuten gogoan, eguzkia. Euren aurpegiak, hartzeko eran jarriz. Hartzeko ere itzuliz. Ostatu batean geratu ziren. Gidaria eta bere laguna argi batekin joan ziren, eurak bertan utziz, ilunpeetan zurrumurruan. Zaldiak utzitako arrastoak lurruna zerion hanken eraginez elurra urtzearen ondorioz, eta izoztutako esklaboak inbidiaz zeuden hari begira.

      ”Ostatuko atea ireki da: neskato bat eta mutiko bat irten dira bertako argitasunetik. Bagoiaren ohera igo dira. Mutikoak arma bat izango du hiru urte barru, baina orain, argia eta sagardo berozko pitxer bat ditu eskuetan. Guztiek edan dute bertatik. Neskatoak ogia, haragi-zatiak eta beste zerbait eskaini die: begirada samur bat. Errazio... bat gizon bakoitzari, bi emakume bakoitzari. Eta begirada bat. Esklaboek ere begiratu egin diote. Hurrengo geltokia izango dute azkena. Baina hau ez. Hau goxoa da”.

      Isiltasuna da nagusi berriro ere haurrek hitz egiteari utzi diotenean, eta emakumeak eten egin du.

      “Azkenik”, dio, “orain konfiantza dut zuengan, zuen eskuetan ez dagoen txorian, benetan harrapatu baituzue. Begira zein ederra den elkarrekin egin dugun hau”.

 

 

 

ONARPEN HITZAK

 

      Maiestateak, Gorentasunak, Jaun-Andreak:

      Areto honetan, bertan ni baino lehen sartu direnek atseginez liluraturik sartu naiz. Laureate horien konpainiak errespetua eragiten dit, eta era berean pozez betetzen nau, horien izenen artean mundu berriak eskuragarri bihurtu dizkidatenenak aurki baititzaket. Beren artearen zabaltasunak eta zehaztasunak bihotza zartatu izan dit batzuetan ikuspenaren kemen eta argitasunaren poderioz. Horien artearen bikaintasun harrigarria nirearentzako erronka izan da, bai eta bazkatoki ere. Eurenganako zorra Suediako Akademiakoari diodanarekin pareka daiteke, honek, kide berezien artean nire izena agertzea nahi izan baitu.

      Urriaren hasieran, laguna dudan artista batek, mezu bat utzi zidan erantzungailuan, hainbat astetan gorde nuena eta, tarteka, bere ahotsaren atseginezko dardara eta hitzen leialtasuna tarteka entzutearren jartzen dudana. “Ahizpa maitea” zioen, “eskuratu duzun saria gurea ere bada, eta esku hobeetan ezin egon liteke”. Haren mezuaren izpirituak, haren baikortasunak eta konfiantza gorenak beren zantzua utzi didate gaurkoan.

      Halere, sartu naizenean sentitu dudan liluraren aldean desberdina eta atseginagoa den beste batez irtengo naiz: oraindik ere izango diren laureate horien konpainiak sortutakoaz hain zuzen ere. Hitz egiten ari naizen bitartean, gutako inork amestu ere ez dituen hizkuntzak lantzen, leuntzen eta distirarazten ari diren horienak. Baina haietako inork panteoi honetan lekuren bat ziurtatuko ote duen ala ez kontuan izan gabe, idazle horien bilketa ezinbestekoa da, bai eta gero eta hobea ere. Horien ahotsek joandako zibilizazioen eta oraindik etortzeko daudenen hitza ordezkatzen dute; euren irudimena askatzen duteneko amildegiak arreta eskainiko digu; ez dute begirik ixten, ez eta atzerantz itzultzen ere.

      Beraz, nire aurrekoen sariei zor diedan errespetuagatik, nire ahizpen bedeinkapenagatik, izango diren idazleen aurrerapen alai gisa, Suediako Akademiak egin didan ohorea onartuko dut, eta niretzat graziaz betetako une hau nirekin igaro dezazuela eskatuko dizuet.

Toni Morrison

1993ko abendua

 

Gaueko hitzak
Toni Morrison

euskaratzailea: Itziar Iriondo
Erein, 1995