BURDINBIDEA
Quim Monzo

Ferrocarril
L'illa de Maians, 1985
euskaratzailea: Izaskun Etxebeste Zubizarreta
armiarma.eus, 2021

 

AURKIA

 

 

        Z-k amets egin zuen ezen, leku zehaztugabe batean (metroko bagoi edo ospitale-gela baten tankerako leku bat, azuleju zuriz estalia, belus berdezko eserlekuekin), ezaguna egiten zitzaion neska bat sartzen zela. Zalantza zuen ez ote zen behin geltoki batean ikusi zuen neska bera, harako hartan non... Kezko eta bidaiazko egoera batekin lotzen zuen. Zer izen zuen jakin izan balu, hurreratuko zitzaion, baina izenaz oroitzen ez zenez, iruditu zitzaion ez zuela inolako eskubiderik harengana hurbiltzeko. Hark bera ez ezagutzeko aukerak tristatu egiten zuen, baina neskak begiratu zionean, ziurrago sentitu zen bere buruaz: seguru asko hura ere gogoratzen zen, eta, bera bezala, ez zen ausartzen ezer esatera. Agian, elkar ez aurkeztu izanak, batak bestearen izena ez ezagutzeak moztu egiten zuen neska, berari ere gertatzen zitzaion bezala: horregatik ez zitzaion hurreratzen. Agian neskak gauza bera pentsatzen zuen, Zri gauza bera gertatzen zitzaiola. Zk pentsatu zuen, baita ere, neskak pentsatu bide zuela berak pentsatzen zuela neskak pentsatzen zuela berak pentsatzen zuela neskak gauza bera pentsatzen zuela. Harengana hurreratu eta esaten ahal zion: “Kaixo, Z naiz: zu ezagutzen zaitut, baina inork ez dit inoiz zure izena esan”. Pentsatu zuen agian neskak aski ongi ezagutzen zuela, baina irizten ziola, ihes egiten zion arrazoiren batengatik, ez zutela elkar agurtu behar. Keinu arraro bat egin zuen zangoarekin, min emango balio bezala, eta Z ohartu zen (eta aldi berean, harritu, ordura arte ohartu ez zelako) neskak zango eder askoak zituela, galtzen barruan ezkutatuta bazeramatzan ere. Zk gogoeta egin zuen aski gauza nekeza zela, egiatan, galtzen barruan ezkutatuta dauden zango batzuez ederrak direla esatea, eta berehala topatu zuen bere burua haiei besarkatua, hosto ihar jasa baten pean, udazken heze batean, zelai likatsu batean pasieran orain, olatuen kontra amiltzen diren ilargizko labar batetik gertu, eta zintzur bat eta letagin batzuk.

        Denboraren nozioa galdurik esnatu zen. Zail egin zitzaion kalkulatzea (are gutxi gorabehera ere) zenbat denbora zeraman lotan. Gainera, une hartan bertan, trena tunel bat gurutzatzen ari zen, eta horrek (linbo onirikoetatik zetorrenez) nahaspila handiagoa eragin zion oraindik, eta eragozten zion jakitea inguratzen zuen zolda-geruza hura egun-argia zen ala gaua. Konpartimentuan, berriak ziren aurpegi guztiak: orain berekin zihoazen ongi jantzitako bi gizon (50eko hamarkadako filmetako mutil gazte edo predikari mormoi itxura zutenak), nekazari bikote bat eta neska gazte guztiz eder bat, zeinaz zeharo maitemintzeko gogoa piztu baitzitzaion.

        Geltoki bakoitzean konpartimentukide batzuk aldatzen ziren: pasatu ziren eta desagertu ziren bi militar, bospasei pertsona normal, atso ihar-ihar bat, begi-zulo handiko mutil bat, moja bat, turista bikote bat, Reuseko hur-saltzaile bat, eskaut komando bat, ama bat bi kumerekin, itzulian zetorren etorkin bat, Randy Newman, berbena orkestra bateko haize saila eta oporretan zen maitre bat. Orain bikote bat ari zen hizketan, eserlekutik eserlekura, aurrez aurre, neskak mutilaren eserlekuan oinak jarrita, mutilak neskaren eserlekuan oinak jarrita:

        —Hau da egoera: Xinak (Xavierrekin ezkonduta dagoena) utzi egin du Llorenç (Rosarengandik bananduta dagoena) Pep-ekin bizitzera joateko (hau Martarekin ezkonduta dago, eta Joan-ekin bizi zen). Xavier orain bakarrik bizi da, baina Ritarekin liatua dago (lehen Leopolden adiskide mina zena).

        — Rita Leopoldekin ibili zen?

        — Bai horixe!

        — Nik, Leopoldez, jakin nuen Júliarengandik banandu zela Mariarekin bizitzera joateko, Joanekin ezkondua zegoen neska txikitxo harekin.

        — Pep-ekin bizi zen Joan horrekin?

        — Bai.

        — Eta orain Joan zertan dabil?

        — Conxitarekin bizi da.

        — Manelen Conxitarekin?

        — Ez; Conxita Farguellekin, Joanen arrebarekin, duela hiru urte Llorençekin bizi izan zena hau Rosarengandik banandu zenean.

        — Rosa orain Carlesekin bizi da.

        — Carles?

        — Bai, Valentziako mutiko bat, postalak egiten dituena.

        — Ez dut ezagutzen.

        — Berria da.

        — Nik ezagutzen nuen Carles bat, Xinaren mutil-laguna izan zena unibertsitatean, baina hura Manresakoa zen eta Zuzenbidea ikasten ari zen.

        — Carles Codina?

        — Ez, ez dakit nola zuen izena esaten dudan honek. Orain ez dakit non dabilen. Eivissan bizi zen Tònia eta Oriol joan zirenean. Tòniarekin liatu zen eta gero desagertu egin zen. Tònia hain deprimitua egon zen garai hura izan zen, bera Carlesekin zegoen bitartean Oriol Pauren arreba gazte batekin ibili zelako.

        — Ez dut ezagutzen Pau.

        — Orain Madrilen bizi da, baina Minguell-en estudioan aritu zen lanean, Martarentzat happening baten entouragea diseinatu zutenean. Nasi-k eta Conxitak emanaldia izan zuten hartan. Eta baita Júliak ere, Leopolden emaztearekin bizitzera joan baina pixka bat lehenago.

        — Leopolden emaztea?

        — Bai, harako...

        — Baina Leopolden emaztea Júlia da-eta.

        — Júlia?

        — Nola joango zen, bada, bere buruarekin bizitzera? Esan nahiko duzu bakarrik bizitzera joan zela.

        — Ez.

        Nahasirik, biak leihotik begira jarri ziren. Neskak beste aukera bat iradoki zuen. Mutilak ukatu egin zuen. Neskak oinak kendu zituen mutilaren eserlekutik. Trena geltoki batean geratu zen.

        — Katramilatu egin gara punturen batean. Ea...

        — Ea, has gaitezen berriro: Xinak...

        Trena abian jarri zen. Ordu erdi geroago iritsi zen bikotearen helmuga. Konpartimentuan neska, bere buruari haize emanez, eta Z besterik ez ziren geratu. Une batez, neskak hari begiratzeraino itzuli zituen begiak, eta Zk oreka galdu zuen: bi begi ziren bi igerileku eguzkitakodun bezalakoak, koralezkoak, apur bat estrabikoak: paradisua.

        Geroago, aspertuta zegoen. Zorroa eserlekuan utzi, eta pixkanaka trenaren buru aldera joan zen pasieran. Geltokietan zakurrak zaunkaka ari ziren. Kanpandorre bateko erlojuak seiak markatzen zituen. Korridorean, gizon bat garagardoa edaten ari zen lata batetik. Aldameneko konpartimentuan, bikote bat zegoen eskuak elkarri estututa, eta elkarri musu ematen zioten ezpainetan, txoriak balira bezala. Korridoreko lurrean, maleta lodi, zaharkitu baten gainean, neska batek mutil baten burua eztiki laztantzen zuen, eta honek barre egiten zuen eta jertsea tenkatzen zion. Z hurrengo bagoira pasatu zen. Komuneko atearen aurrean, betaurreko iluneko gizon bat egunkaria irakurtzen ari zen. Korridorean, otordu-zerbitzuen kontzesioa zuen konpainiako enplegatu batek salgaiak eskaintzen zizkien, edariz beteriko eskorga batetik, errezelak jaitsita zituen konpartimentu batekoei. Zk aurrera jarraitu zuen. Tximista bezala, trenak geltoki bat gurutzatu zuen gelditu gabe. Bigarren konpartimentuan, bi mutilek eta neska batek sutsuki musukatzen zuten elkar. Hiru konpartimentu aurrerago, mutil gazte bat zapatak askatzen ari zen eta neska, ordurako oinutsik, blusa eranzten.

 

 

 

        Buelta erdia hartu zuen. Paretaren kontra jarri zen eskorgari pasatzen uzteko. Lehen konpartimentuko neska eta bi mutiletako bat larrubizirik zeuden dagoeneko. Bestea gauza bera egiteko ahaleginetan ari zen. Hurrengo konpartimentuko errezela jaitsien atzetik Zk intziriak entzun zituen. Komunaren aurrean, betaurreko iluneko gizona egunkaria irakurtzen ari zen. Z bere bagoira itzuli zen. Korridorean, maletaren gainean, neskak lagunaren hankartea estutzen zuen, ezpainak hurbiltzen zizkion, musukatzen zuen. Zren aldameneko konpartimentuan, neska mutilaren gainean eseria zegoen, hari bizkar emanda, hondoraino iltzatua, eta astinaldika.

        Zk bere konpartimentuko atea ireki zuen. Neskak bere buruari haize ematen jarraitzen zuen, leihotik begira. Castagnaroko geltokia uzten ari ziren: nasatik barrena oinez zihoan, irteera aldera, komuneko atean egunkaria irakurtzen zuen betaurreko iluneko gizona. Zk atea itxi zuenean, neskak haize emateari utzi zion segundo batez, eta begiratu egin zion. Irribarre egin zioten elkarri. Isiltasun neutro haren erdian absurdoa zirudien trenaren gainerako konpartimentuetan zer gertatzen zen kontatzea. Kikilduta eta zalantzati, kontu lausoak esan zituen:

        — Oso urruti al zoaz?

        — Casteggiora.

        — ?

        — Vogheratik gertu, Alessandria eta Piacenza artean.

        Neskak irribarre batekin hartu zuen Zren eserleku aldaketa, hau ondoan eseri baitzitzaion. Berehalako batean, ez zioten ja elkarri hitzik esaten: elkar musukatzen ari ziren, elkarri besarka, gonen eta galtzen azpian bata bestearen bila. Diren eta ez diren modu guztietan egin zuten. Neskak etengabe xuxurlatzen zuen:

        — Gogoko dut zuk kuleroak pixkana-pixkana jaistea, zure hatzak arropa finaren gainean batere presarik gabe nola labaintzen diren sentitzea. Gogoko dut eskua zabal-zabal duzula nire ipurdia laztantzea, bi eskuekin bi ipurmasailak, eta zera irekitzea eta miazkatzea, eta bi hatz sartzea nik ezpainak hozkatzen ditudan bitartean. Mugi zaitez. Gogoko dut motxina nola irekitzen dudan zuk ikustea, eta miazkatzea, eta hatza inguruz inguru pasatzea, eta ileetatik tiratzea. Gogoko dut zu miazkatzea. Gogoko dut nire zukuaren gustua zuri miazkatzea. Gogoko dut galtzak oraindik jantzita dituzula zu miazkatzea, arropa zikintzen duen tanta bat isurtzen utz dezazun. Gogoko dut kaleko edozein ataritan sartzea, edozein kaletan, zure brageta askatzea, zure zera kanpora ateratzea, eta zurrupatzea, nire kuleroak jaistea eta eskailera-mailen gainean larrua jotzea. Gogoko dut orduan eskailerako etxebizitza guztietatik gizonak eta emakumeak ateratzea eta dena ikustea. Gogoko dut zure pubisa nire ipurdiaren kontra sentitzea. Gogoko dut zakurrek eta zaldiek bezala egin dezagun, gogoko dut zuk ni besarkatu eta bularrak hozkatzea, gogoko dut zeure burua nire aurrean ukitzea, eta kontenplatzea nola zipriztintzen dituzun bagoi honetako belusezko paretak. Gogoko dut neure gona altxatzea, makurtzea, hankak zabal-zabal egitea eta zu nigan hondoraino sartzea. Gustatuko litzaidake dantzari nerabe bat izatea, eta agertokiaren erdian maillot beltza eta eslip berdea soinetik kentzea, baso batetik serio-serio esne zuria edanez, mahuka erdiko kamiseta jantzita eta ipurdi-bistan, zuri irribarrez. Gogoko dut xanpaina edan eta gainean isur dakidan. Gogoko dut zure izterrak besarkatzea, galtza estu-estuetan ezkutatuta daudela, autobus bateko mailak igotzen ari zarenean, kamisoia jaso eta ipurdia goratuz berriro ere, belauniko, eta zu hezetasuna eskuarekin biltzen, ateraino noanean errebisorea ba ote datorren begiratzera, titi bat jakatik kanpo dudala. Gogoko dut mutil gazte biluziak motozikleta handietan ibiltzea, eta haiek burua jiratu eta niri begiratzea, ni ez ikusteko begiekin. Gogoko dut zeure galtzak jaistea eta axolagabetasunaren eta beroaldiaren erdibidean zaudela egiaztatzea. Gogoko dut hauta dezazun bi zuloetatik zein (hezea, bata; hezegarria, bestea) interesatzen zaizun gehien. Gogoko dut zirt edo zart egin dezazun, bietatik zeinetan hondoratzen zaren jakin gabe. Gogoko dut arraia zuriko koltxoi urdinen gainean egotea, burdinazko oheetan, titiburuak tente, hankartea laztantzen, zabal-zabalik galtzerdi ilunez jantziriko zangoak, zapata-takoi luze-luzeekin, nire zera laztantzen, nire zera handi eta dardartia, begiak, bekainak, sudurra eta barre isekari bat dituena, eta begiak itxi eta mihiari emeki-emeki hozka egiten diot orduan, eta burua altxatu eta adatsa atzera botatzen dut, izerdi tantak dardaraz titiburuen puntetan, sepia koloreko titiburuetan, hala nola diren Jane Birkinenak, betaurreko beltzekin, mahukarik gabeko elastikoarekin eta kulero izerdituekin ageri den argazkietan. Gogoko dut zuk begiratzea galtzerdiak tenkatzen ditudanean bulegoko beiren atzean. Zu irakiten sentitzea nahiko nuke, eta zuk ni erretzea. Nahiko nuke prismatikoekin begiratzea beti, pareko etxeko leihotik, bularretako zuria kentzen dudanean...

        Ondoren atseden hartu zuten. Neskak zorroa ireki zuen eta biek pastelak jan zituzten. Jantzi egin ziren. Pastelak biltzen zituen papera trenbidera bota zuten. Trena Marcaria-n geratu zen.

        — Maite al nauzu?

        — Horixe maite zaitudala!

        Konpartimentuko atea ireki zen. Janzkera soileko gizonezko bat sartu zen, paper-zorro ilun batekin. Atetik gertu eseri zen. Neskak Zren belarrira hurbildu zituen ezpainak:

        — X dut izena.

        — Nik Z dut izena.

        Trenak geltokia atzean utzi orduko, gizonak paper-zorro iluna ireki, egunkari bat atera, zabaldu, eta desgogara irakurtzen hasi zen. Jarraian tunel batean sartu ziren eta, bonbillaren argia eskasa zenez, gizonak egunkaria itxi eta paretari begira jartzea erabaki zuen.

 

 

 

        Tuneletik atera eta argitasunera sartu ziren. Gizonak irakurtzeari ekin zion berriro. X kanpora begira zegoen. Hurrengo geltokian, Z harritu egin zen: errotuluak premilcuore zioen, baina Marcariaren ondoren Bozzolo-k etorri behar zuen.

        — Premilcuore?

        — Cosa hai detto? —galdetu zuen Xk.

        — Premilcuore? È impossibile. Dov’è Bozzolo? — arrazoitzen saiatu zen Z.

        — Si acommodi, prego —esan zuen gizonak, egunkaria tolestuz.

        — Non capisco.

        — Non hai capito?

        — Abbia la gentilezza...

        — Abbia la bontà di...

        — Non ho tempo.

        — Cosa c’è di nuovo? Quanto costa questo?

        — Questo è troppo caro. Cosa facciamo oggi? Venga presto!

        — Purtroppo no.

        — Da quale binario partiva il treno? Dov’è il gabinetto? Camariere, il conto! Tanto piacere di fare la sua conoscenza. Porti questa valigia. Quanto costa questa camera con pensione completa? Che giorno è oggi?

        — Oggi è lunedi.

        — Che hora è?

        — Sono le quattro; è l’una.

        — Prego, stia seduto.

        — Tante grazie.

        — Mille grazie.

        — Prego.

        — Non c’è di che.

        — Scusami.

        — Scusi.

        — Non fa niente.

        — Questo posto è occupato. Questo posto è riservato. C’è un caldo terribile.

        — Sí: fa molto caldo: fa freddo: fa bel tempo; è tardi. È possibile. È necessario.

        — Piove. Tira vento. Nebica.

        — Con permesso.

        — Buon giorno. Buona sera. Buona notte. Questo luogo mi piace.

        — Poco fa. Domani. Dopo domani. Stanotte. Affatto, mica. Niente affatto. Senza dubio. Su pre giù.

        Bozzoloren ordez Premilcuore etorri ondoren, Lizzano iritsi zen Piadenaren ordez, eta Sabionetta Cicognoloren ordez. Cremonaren ordez, errotuluak bergamo adierazten zuen. Era kaotikoan, jarraian Marseillara iritsi ziren. Eta oraindik handik irten gabe zirenean sartu ziren Milanera. Gero, ordena misteriotsu batean iritsi ziren Bordele, Lion, Limoges, Bilbo, Tolosa, Estrasburgo, Brusela, Udine, Ratisbona, Mondsee, Menaggio, Aarhus... Azkenerako, geltokia utzi beharrik ere ez zegoen: nasa bereko errotulu bakoitzak hiri desberdin bat markatzen zuen. Ez zirudien Xk garrantzirik ematen zionik.

        — X, orain benetan...

        Zk eskua luzatu zuen eta belauna laztandu zion. Xk, harrituta, garrasi egin zuen eta biraoka hasi zitzaion. Egunkaria zeraman gizonak, jaun bati dagokion maneran eta haserre bizian, belarrondoko bat eman zion kirol sailarekin. Kanpoan, arbolaburu batetik txolarreak aireratzen ziren.

        Zk zera pentsatu zuen: “Hau amets bat da, eta bukatuko da benetan esnatzen naizenean, tunel batean; baina amets batetik esnatzen ari nintzela atera naiz tunel batetik: agian amets bat egiten ari naiz amets baten barruan, amets zentrokideak; amets bat, amets baten barruko amets baten barruko amets baten barruan...; agian, bizia deitzen diogun aldi hau ez da beste amets bat besterik, guztietan lazgarriena, azkena, zeinetatik esnatzen baikara hiltzen garenean”. Eta abar.

        Begiradak bakandu eta biraoak ilaundu zirenean, Z zutitu, maleta hartu eta korridorera atera zen. Aldameneko konpartimentuetan, bikoteak jarrera lasaian zeuden berriz ere. Jantzita zeuden, erretzen ari ziren eta ahopean berriketan. Zk duda egin zuen.

        Hurrengo geltokian jaitsi zen. Nasan pasieran ibili zen. Kartel horiegi batek enbarazu egin zion. Pentsatu zuen (nahiz oso agerikoa zen ez zuela egingo) atzera itzultzea eta X besarkatzea. Gehiegizko argi esposizioa izan duen argazki batean bezala, egunkaria zeraman gizonari besarkatua imajinatu zuen X. Banku batean eseri zen. Hurrengo trenaren zain geratu zen. Hotza sentitu behar zuela pentsatu zuen, baina beroa sentitzen zuen.

 

 

IFRENTZUA

 

 

        Martaren pareko gizona zurrunga batean egon zen ero moduan, eta esnatu zenean (korridorean maleta bat lurrera erori zelako, eta algarak eta txantxak entzun zirelako), zurtua zirudien, umore txarrean, ikustean tunel bat pasatzen ari zirela. Neskak erreparatu zion gizonak bidaiari bakoitzari begiratzeko zuen moduari —ongi jantzitako bi mutilei, nekazariei, Martari berari—, eta begiak ezkutatu zituen egunkariko orrialdeen artean.

        Gero, jendea igo zen eta jendea jaitsi zen. Bikote maiztu bat elkarri film bat kontatzen hasi orduko, parean zuen gizona zurrungaka hasi zen berriro.

        Bi geltokiren artean, biak bakarrik geratu ziren konpartimentuan. Gero gizon gazte bat sartu zen, eta irribarre egin zion, ondoan eseri zitzaion, zigarro bat eskaini zion (berak onartu ez zuena), eta Playboy bat ireki zuen Mundu Futbol Kopari buruzko orrialdean. Pareko gizona murmurioka ari zen ametsetan. Gero esnatu egin zen. Airea murtxikatuz, Martaren belaun bat laztandu zuen, eta honek, harriturik, ez zuen asmatu ez zer egin ez zer esan, eta doi-doi izan zuen astirik galdetzeko “Baina, zertan ari zara?”, noiz eta bere ondoan Playboya irakurtzen ari zen gizonak bortizki jo baitzuen bestea, eta hau hasiera batean kuzkurturik geratu bazen ere, azkenean zutitu eta, ukabilkada batez, eserlekuen gainera jaurti baitzuen. Gero mutu geratu ziren tarte batez. Martaren parean zen gizonak maleta hartu, eta korridorera atera zen. Martak berriro ikusi zuen, trena hurrengo geltokitik abiatu zenean: banku batean eserita, ohar-liburuxka batean idazten ari zen. Playboya irakurtzen zuen gizonak hitz egin zion:

        — Horrelako pertsonei egin beharko litzaiekeena...

        Bi geltoki aurrerago, Marta jaitsi egin zen. Playboyaren gizonak maletarekin laguntzeko eskaintza egin zion. Bagoiko mailak jaistean (eta gizona oraindik ere konpartimentuko leihotik begira zuela) Martak estropezu egin zuen, lurrera erori zen eta min bizi batek aditzera eman zion orkatila estrokatu zuela. Trena abiatzen ari zen.

 

 

 

        Hanka bendatu zioten. Lanean baja eman zioten. Astebetez egon zen ohean, lotan, liburuak irakurtzen eta telebistari begira; ikaragarri gustatu zitzaion film bat ikusi zuen. Tamalez, ordea, hasia harrapatu zuen: gizon potolote bat billarrean ari zen adiskide batzuekin. Garaia baino lehen esaten zien agur. Presarik gabe zihoan oinez dendarik eta farolik gabeko kaleetan, nahiz farolak, egiatan, alferrik leudekeen, zeren ilargi betea baitzegoen kontrastez beltz-beltza ageri zen zeruan. Etxera iristen ari zela hamabi kanpaikada entzuten ziren. Eskailerak astiro-astiro igotzen zituen, ahopean hizketan, federik ez bide zion zeru bati eskatuz patua ez zedila izan ziurra. Tranpalean, bi hosto ihar kentzen zizkion alabastrozko loreontzi batean hiltzen ari zen landare bati. Arnasa sakon hartzen zuen. Atea irekitzen zuen, eta honek kirrinka egiten zuen. Txori urratsean zihoan oinez, bere burua desegin zedin desiratuz, handik ehun kilometrora egoteko gogoz, bihotza zintzurrean, pentsatuz ea etxeko edozein zokotan ote zegoen ordurako bare gizen hura, ezkutuan, azazkalak zorrozten, otso begiekin, ganibeten gisako barre-algarak eginez. Etxea ilunpetan zegoen, eta ez zen ausartzen argi bat ere pizten. Gela batean, leiho-tapa bat danbaka zebilen. Aztoraturik, sorbaldarekin jo eta liburuz beteriko apal bat erorarazten zuen lurrera. Zaratak garrasi eginarazten zion, baina ikarak eztarrian leherrarazten zion garrasia; isiltasuna. “Orain”, murmurikatzen zuen erotuta bezala, “ohartua izango da iritsi naizela”. Nobela gotikoen bilduma osoa jasotzen zuen, eta bere lekuan jartzen zituen. Oso astiro zihoan oinez. Jasotzea ahaztu zitzaion liburu ireki bat zapaltzen zuen, aulki baten azpian erdi ezkutaturik zegoena. Zango artean trabatzen zitzaion edo irrist egiten zuen, berdin dio: lurrera erortzen ziren bera eta bere (gutxienez) ehun kiloko pisua. Zarata lehen handia izan bazen, orain lurraren kontra gorputzak egindako talka nabarmena zen. Etxearen lekuren batean kurrinka bat entzuten zen, zerbait mugitzen ari zen. Laborriak harturik, filmeko gizona jabetzen zen gertatu behar zuena gertatzen hasia zela; iragarpen ilunak egia bihurtu ziren: une horretatik aurrera ezer ez zen izango lehen zen bezalakoa. Bi eskuekin estaltzen zuen aurpegia. Baina, negar egin ordez, sukaldera joaten zen, isil-isilik, eta vodka bat prestatzen zuen beretzat. Pentsatzen zuen: “Ihes egin ahal izango nuke. Baina, nora? Atzetik etorriko litzaidake. Planeta osoan inon ez nengoke salbu. Ala agian bai?”. Gero, elipsi batekin, filmak aditzera ematen zuen gizonak gaua esna pasatzen zuela. Baso bat bestearen atzetik, Stolichnaya botila bukatzen zuen eta Moskovskaya beste botila bat hasten. Seietan, eguna argitzen zuen. Mozkor arraildurik, habanerak kantatzen zituen harraska gainera makurtuta. Goizeko bederatzietan, kurrinkak eta konbultsioak entzuten zituen aldameneko gelan: zerbait, arrastaka zebilena. Botila hutsa lurrera erortzen zitzaion. Aurpegia uzkurtzen zitzaion izu-laborri keinu batez. Ez zebilen oker: silueta sukaldeko atean marraztu zenean, garrasi egin zuen. Guatinezko txabusina soinean eta bigudiak buruan, siluetaren isla nabarmentzen zen atean, besoak antxumatuta. Ondoren filmaren kredituak agertu ziren eta Edgar Allan Poeren aipu bat. Aspaldi zen Marta loak hartu zuela.

        Astebeteren buruan ohetik jaiki zen. Etxean gora eta behera ibiltzen zen makulu batekin: egoera honek beste astebete iraun zuen. Lanera joateko kalera irten zen lehenengo goizean, metrora igotzean, gizon bat ikusi zuen, bi aste lehenago trenean belauna ukitu zionaren halako antza zuena, ezen baieztatzeko edo ezeztatzeko nahiagatik bakarrik hurreratuko baitzitzaion hori galdetzera, nahiz eta ez zuen harekin hitz egiteko gogorik batere. Pentsatu zuen beharbada ez zela berak uste izan zuen bezain tipo baboa. Geltokian eseria gogoratu zuen, trenetik jaitsi ondoren, eta hau abiatzen ari zela; eta gogoratu zen, orobat, nola ikuskizun hark erruki bitxi bat sentiarazi zion. Hari ezer esan ez eta hark bera ezagutzeko aukerak ikaratu egiten zuen, iruditzen baitzitzaion, hurbiltzerakoan aurrea hark hartuz gero, bere erruki sortu berria bat-batean aienatuko zela. Besteak begiratu egin zion istant batez, eta neskak pentsatu zuen seguru asko hura ere oroitzen zela eta ez zela ausartzen ezer esatera: uste izango zuen (eta nork daki ez ote zuen erabateko arrazoia), elkar ezagutu zuteneko egoera izan zen bezalakoa izan zelarik, hobe zutela ez elkar agurtzea; edo agian ahaztua zuen, edo ahaztua zuen non ezagutu zuen, eta arrazoi horietako batengatik ez zitzaion hurreratzen. Agian besteak ere gauza bera pentsatzen zuen: berari gertatzen zitzaion gauza bera gertatzen zitzaiola neskari ere, ez zela xehetasun horietakoren batez gogoratzen, alegia. Pentsatu zuen, halaber, gizonak pentsatu bide zuela berak pentsatzen zuela gizonak pentsatzen zuela berak pentsatzen zuela gizonak pentsatzen zuela berak pentsatzen zuen gauza bera. Pentsatu zuen, orobat, harengana hurbil zitekeela eta esan: “Kaixo, Marta dut izena; duela bi aste ezagutu zintudan, trenean, baina ez dakit zer izen duzun: zeure burua aurkeztu gabe ukitu zenidan belauna”. Gizonak imintzio bat egin zuen buruarekin (ez keinu bat), eta Martak berriro begiratu zion; oraingoan arras ezberdina iruditu zitzaion: bizarra ongi egina, eta gabardina, kapela eta kirol-oinetakoak jantzita. Gabardina hartaz oroitzen zen, bi aste lehenagotik; nola atzerrian erositakoa iruditu zitzaion, baina nola gero pentsatu zuen agian ez zekiela modaz horrenbeste, eta ez zela hemen bertan erositako burberry bat besterik, edozein dendatan, hosto ihar jasa baten pean, udazken heze batean, zelai likatsu batean pasieran biak orain, elkarri besarkaturik hotzetik babesteko, olatuen kontra amiltzen diren ilargizko labar batetik gertu.

        Hurrengo geltokian, ateak ireki zituztenean, gizona jaitsi egin zen, eta, nasan, une batez burua itzuli zuen berari begiratzeko. Marta bi geltoki geroago jaitsi zen. Garaiz iritsi zen lanera. Atezaina erdi lo zegoen. Hamarretan, zuzendariak haren bulegora joateko agindu zion, eta esan zion soldata igo ziotela.

 

BURDINBIDEA
Quim Monzo

Ferrocarril
L'illa de Maians, 1985
euskaratzailea: Izaskun Etxebeste Zubizarreta
armiarma.eus, 2021