|
OZEANO ATLANTIKOA Haitz espainiarrak zuritasunez itsugarri eta murruak – zerrazko hortzekin.
Eguerdiaren aurretik, itsasontziak jan du bere ikatza eta edan bere ur gozoa.
Itsasontziak altxatu du burdinazko sudurra eta, ordu batean, aingurak hurrupatu ditu eta abiatu egin da. Europa desagertu egin da, oso txiki.
Ur-masak, ikaragarriak urteak nola, korrika doaz kareletara.
Nire gainean, txoriak, azpian – arrainak eta inguru guztian – ura.
Asteak dira bere bular atletikotik – batzuetan gogotsua, beste batzuetan guztiz hila, hasperen eta burrunba egiten duela ozeano Atlantikoak. «Nik, lagunok, nahiago nuke Sahara... Deus ez egitekorik – itsasontzia behean dago. Nahi badut, urperatzen dut, Nahi badut, eraman egiten dut. Lehor irteten da, ala zopa eginen dut. Jende horien beharrik ez, gutxi da bazkaritarako. Ez dut ukituko... Ondo da... Beren bidea egin dezatela...»
Olatuek uzkaili egiten zaituzte: batentzat, aurkitutako haurtzaroa da; bestearentzat, maitearen ahotsa. Eta nik, beste behin ere, banderak ongi zabalduko ditut! Hara, bagoaz, petardoak jaurtiz burrunba eginez! Berriro, ura lasaitu egiten da saihets bakoitzean, ez dago inolako zalantzarik.
Eta bat-batean, nonbaitetik, Jainkoak daki nondik, sakontasunetatik, isurtzen da uretako Batzorde iraultzailea.
Eta tanten guardia –uraren jarraitzaileak – ozeanoaren burrunbarena altxatzen da airera, oldartzen da zeruraino eta erortzen da berriz, bitsaren purpura urratuz.
Gero berriro, bat egiten dute urek eta agintzen diote olatuari beren agintari sutsua izateko.
Eta xaflak hodeipekoak hondoraino – isurtzen ditu euritan aginduak eta aginduzko hitzak.
Eta olatuek zin egiten diote ur guztien Batzorde zentralari ez entregatzeko armak ekaitzetatik garaipeneraino.
Haiek irabazi dute – tanten sobietentzat da botere guztia ekuatorearen itsasorratzen gaindi.
Olatu txikien azken elkarretaratzeek marmar egiten dute, era enpatiko batez.
Eta hona ozeanoak irri egiten duela, garbitu berri, eta gelditu egiten da une batez, motel, ezti.
Ni begira nago kareletik haraindi. Aupa lagunok! Zurubipean, berriz erortzen blaitutako zubi bat nola, lan ozeanikoan, olatuen lekuko batzordea izerditan dabil zereginean.
Urpean, lanpeturik eta lasai, koralen korapilatzea bihurtzen da jauregi, hobe bizi dadin balea langilea bere senar langilearekin eta bere eskolaurreko balekumearekin.
Orobat zabaldu dugu ilargiaren tapiza.
Ahal izan dezagun sabelaren gainean aurrera egin lehorrean nola.
Baina etsaiak ez dezala bere sudurra agertu – zerurantz zaindari baten antzera begira dago, kliskatu gabe, begi Atlantikoa.
Batzuetan, izoztu egiten da ilargi-izpiko distiran, beste batzuetan orro egiten du, zipriztindurik aparraren zauriez.
Ni begira, ni begira – eta beti antzeko, maite eta hurbileko zait ozeanoa.
Betiko, nire belarriak du gordeko zure burrunba.
Isurtzea nire begietan beti izango da poza.
Handitasunagatik, kemenagatik, odolagatik, arnasagatik, Nire iraultzaren anaia nagusia zara.
OZEANO ATLANTIKOA |