EKAITZAK
Claire Keegan

Storms
euskaratzailea: June Lete Larrañaga
armiarma.eus, 2024

 

      Amak zerbait gertatu aurretik amestu egiten zuen, eta gauzak aurkitzen zituen ametsetan. Sukaldeko mahaian nengoen, kartoizko kaxa bati ateak eta leihoak egiten, eskaileretan behera etorri eta Rua non zegoen bazekiela esan zuen goiz hartan. Presa zeukan.

      — Banoa!

— Bizkor ibili!

      Urtarrileko goiz izoztu haietako bat zen, eta airea hain hotza izaten da, ezen berria ematen duen. Kanpora irten ginenean, haizeak berriz sarrarazi zuen airea biriketara. Bidezidorretik jarraitu nion basoan barrena. Oilagor bat hegan atera zen zuhaitz artetik. Zerbaitek esaten zidan hobe nuela ez hitz egin. Amak bazekien nora zihoan. Hobi bat zeharkatu eta ezagutzen ez nuen erremolatxa zelai batera iritsi ginen. Gelditu eta sasi batzuk seinalatu zituen.

      — Horien artean dago —esan zuen.

      Sasiak paretik kendu eta hantxe zegoen Rua, gure setter gorria, lepoa tranpa batean harrapatua zuela. Hilda zirudien, baina ezin nuen begirada kendu. Amak tranpatik askatu eta mintzatu egin zitzaion. Odolduta zegoen burdin haria. Etxean esnea eman genion, baina ezin izan zuen irentsi. Hezurrak ateratzen zitzaizkion ilajetik, eta hiru egunez lo egin zuen. Laugarrenean esnatu eta amari itzal baten moduan jarraitu zion etxean barrena. Nik ere ametsetan gauzak aurkituko ote nituen galdetu nionean, horrelakorik inoiz ez gertatzea espero zuela erantzun zidan. Ez nion galdetu zergatik. Umea nintzen arren, aspaldi ikasia nuen amak zergatik hitza gorroto zuela.

      Behitegia gela hotz eta iluna zen, ni jaio baino lehen gurasoek nekez erabiltzen zituzten gauzez betetzen zutena. Paretetako pintura horia anpuluz josita zegoen, eta lurreko lauza hezeek distira egiten zuten. Aho uhalak habeetatik zurrun zintzilik zeuden, ahokoak hautsez beteta. Esneontziak oraindik han jarraitzen zuen, baita barneko esne mingotsaren kiratsak ere, egur laua pipiz beteta zegoen, palak aspaldian galduta. Ez dut gogoan kristalik leihoetan, herdoildutako barrak besterik ez, eta haizeak zuhaitzen artetik igarotzean egiten zuen soinua.

      Norbaitek inkubagailua behitegira ekarri zuen, eta oiloen kaiola bat, metalezko traste herdoildua, aspaldi koilaratxo bat bezain distiratsua izandakoa. Txita jaio berriak sartzen genituen han. Eskuetan hartzen genituen petalo horiak izango balira bezala, eta berora botatzen genituen hankak mugitu baino egiten ez zuten ilezko bola horiek, berotasun hori eurentzat hartzen zuten arte. Berotasunak mantentzen gaitu bizirik. Batzuetan bola horiak erori egiten ziren, barreneko hotzak irabazita, hankak gezi laranjen moduan behera begira zituztela. Nire aitaren eskuak belar txarren antzera jaurtitzen zituen. Amarenak tentuz hartzen zituen, gorputz horiak aztertzen zituen nolabaiteko bizitzaren baten bila, baina ez zuen ezer aurkitzen. «Nire txita gaixoak» esan, eta niri begira barre egiten zuen, hoditik behera joaten uzten zituen bitartean.

      Iraztontziek ere oraindik han jarraitzen zuten; gaza zaharra puska zikinetan zintzilik zegoen zirpildutako hari batetik. Eta andere mahats marmelada, jerez usaina zuena, potoen barnean murriztuta zegoen lizun pitin batekin. Jan genezakeena baino marmelada gehiago egiten zuen beti amak. Sagar marmelada egiten genuen, fruta garratza lau zatitan moztu eta egosi; pulpa, hezur, hazi eta guzti. Pikorrez betetako likidoa burko zorro zahar batera isurtzen genuen, aulki bat hankaz gora jarri eta zorroaren ertz bakoitza hanka banatan jarrita. Tantaz tanta erortzen zen kontserba ontzira gau osoan.

      Bidaltzen nindutenean bakarrik joaten nintzen behitegira: berniz ontziaren, sei hazbeteko iltzeen, buru handia zuen behorrak behar zuen aho uhalaren bila. Kisketa altuegi zegoen. Kreosota poto baten gainean jarri behar izaten nuen hara iristeko, eta hosto bat bezain mehea zen metal biribil hura. Nire kabuz joaten nintzenean, kutxa handi herdoilduaren barruan begiratzeko izaten zen, ume batentzat pirata baten maleta ematen zuen. Hain zaharra zen, ezen hustu eta argi aurrean jartzen bazenuen, xukadera batetik begiratzen ari zinela zirudien. Barneko ezer ez nuen gustuko: hezetasunagatik elkarren artean trabatuta zeuden liburu zaharrak, mapa marroiak eta otoitz liburu batzuk.

      — Zure aitaren langileena zen dena —esan zidan amak, aitak ez entzuteko moduan.

      Kutxak nire luzera berdina eta nire altueraren erdia zuen, estalki gogorrekoa eta heldulekurik gabekoa zen. Ireki eta barrukoari begiratzen nion; bizkarra hautsita zuten liburuak ukitzen nituen, galdutako azalak. Iragana zen; iragana kutxa horren barruan zegoen. Barrukoa ulertuz gero, nire bizitzak zentzu handiagoa edukiko lukeela iruditzen zitzaidan. Baina ez zen inoiz hori gertatu. Aspertu egiten nintzen gauza horiei begira, estalkia danbateko batez ixten nuen, metala kirrinkarazten nuen.

      Hurrengo ametsaren ondoren, dena aldatu zen. Amak bere ama hiltzen zela amestu zuen. Haren aieneek gauaren erdian esnatu ninduten. Norbait sukaldeko mahaiari kolpeka zebilen. Isil-isilik eskaileretan behera joan eta ilunpetik begira geratu nintzen. Ama lurrean uzkurtuta zegoen. Aita ez zen inoiz hitz goxorik esatekoa izan, baina orduan hitz goxoak esaten ari zitzaion, brandyarekin limurtzen, amaren izena esaten.

      — Mary, Mayree, ai Maayree!

      Inoiz elkar ukitzen ez zuten biak, saltsaren pitxerra besteak eutsi baino lehen askatzen zuten haiek, elkar ukitzen ari ziren. Gora joan nintzen berriz isilean eta hitz goxo horiek beste zerbait bilakatzen zirela entzun nuen.

      Goizean iritsi zen telegrama. Postariak kapela kendu eta amari doluminak adierazi zizkion. Amak telegrama hatzen artean bildu zuen, erretzeko papera izango balitz bezala. Aitak antolatu zuen dena. Ezezagunak etorri ziren etxera. Bizilagun baten eskuak nirea jo zuen, irratia piztu nuenean. Nire amona margolan baten moduan garbitu genuen, legen zuria eta bularretan zain urdinak zituen emakume hura, zurrun ekarri zuten zaharren etxetik parpailaz beteriko kutxa batean, eta guk egongelako hozgiroan jarri genuen. Gauaren erdian esnatu eta behera joan nintzen, haren gorpua ikustera, inor ez zegoen bitartean. Haizeak piztuta zegoen kandelaren argizaria bota zuen arasa gainean. Ez nuen asko ezagutzen, baina banekien ez ziola beldur antzaren karrankei edo tuberkulosia harrapatzeari. Hegaztiak edozein gaitzetatik senda zitzakeen. Ama ahatez eta oiloz eta indioilarrez inguraturik hazi izan zen. Amonaren eskua ukitu nuen. Hotzak beldurtu egin ninduen.

      — Zertan ari zarela uste duzu? —galdetu zidan amak.

      Ilunpean eserita egon zen denbora osoan.

      — Ezertan ez —erantzun nion.

      Bizilagunak konboi batean etorri ziren hilbeilaren ostean, autoak bidean bata bestearen atzetik. Ezezagunen magalean eseri nintzen. Tabako toxaren moduan eskutik eskura pasatu ninduten, eta nik hiru 7-Up botila handi edan nituen.

      Nire izeba urdaiazpikoa zaintzeaz arduratu zen. «Nork nahi du erdialdeko beste zati bat?», esaten zuen, errekitarako labana zorrotza eskuan zuela.

      Ama suari begira egon zen hitzik esan gabe. Ezta Rua etzaulkira igo eta bere burua miazkatu zuenean ere.

      Hilabeteak igaro ziren. Ama behien etxea garbitzen hasi zen, behiak aspaldi saldu bagenituen ere. Erratza eta pala hartuta, kanpora joaten zen: ukuiluak garbitu, korridorea, lehen katuei esne apartsua emateko erabiltzen genituen abatz estalki zaharrei ere distira ateratzen zien. Gero barrura sartu eta, afalordura arte, estatuei hitz egiten egoten zen. Ekaitzak imajinatzen zituen; eta haizea entzuten zuenean eskailerapean giltzatzen zen, trumoia zetorrenean kotoia jartzen zuen belarri zuloetan, mahaipean ezkutatzen zen Ruarekin batera.

      Behin, aita eta biok ganbaran garagarra ehotzen ari ginela, behiei deika ikusi genuen.

      «Chuck! Chuck! Hersey! Chuck! Hersey!», zinkezko ontziari eragiten zion, ametsezko behiei pentsua emateko deitzen zien bitartean. Aitak barrura eraman zuen. Eta orduan hasi zen ama goiko solairuan bizitzen.

      Hortaz, uda iritsi zenean, neu hasi nintzen teontzi handia eramaten belar ondua egiten zutenei; muturra Farmer’s Journal aldizkariko orri batekin tapatzen nuen. Gizonek belar lastoa ahoan zutela begiratzen zidaten, eta aitari aho betearekin esaten zioten laster nahiko heldua izango nintzela.

      Gauaren erdian etorri zen niregana, inoiz ikusi ez nuen kamisoi gorri bat soinean. Ohetik atera, ilunpean eskailerak jaitsi, eta kanpora eraman ninduen segatutako belardietan barrena; belar onduen tontorrak igaro genituen, gure oin biluzietan haziak trabatzen ziren bitartean. Gero eta gorago joan ginen uztondotako soroetan barrena, bere eskuak tornuzila zirudien, haizeak kamisoiaren atzealdea mugitzen zion. Azkenean tontorrera iritsi eta gora begira etzan ginen, izarrei begira; kobre koloreko ilea zuen eta hitz zoroak esaten zituen, inondik ere zentzugabeak, baina guk sentitu ezin genitzakeenak igartzen zituen. Txakurra lehena den moduan errepideko autoa entzuten.

      Kazo deitzen zion izar multzoa seinalatu eta horra nola iritsi zen azaldu zidan. Gure Jaunaren garaiko eta Afrikan kokatutako istorio bat zen. Lehortea etorri zen. Lurra hautsez beteta zegoen, ibilguak eta guzti lehortu ziren. Animaliak ur bila ibili ziren Afrikan barna. Ardiek ilea galdu zuten, eta sugeek azala; baina urdanga gazte batek kazo bat urez beterik aurkitu eta denei pitin bat eman zien, kinka larritik ateratzeko euria egin arte. Animalia guztiek nahi beste edan zuten, baina kazoa ez zen inoiz lehortu. Kirten oker bat zuen, eta euria iritsi zenean, izarrek haren itxura hartu zuten, eta hori zen han goian zegoena. Orduan ikus nezakeen nik ere zeruan.

      Egunsentira arte gelditu ginen han, haizeak belar onduen usaina zekarren goraino. Aitari buruz hitz egin zidan: min egin ziola hamabost urtez, beste emakumeen antzekoa ez izateagatik. Norbait maitatzearen eta gustuko izatearen arteko ezberdintasuna azaldu zidan. Esan zidan ez ninduela aita baino gehiago gustuko, haren begi anker berberak bainituen.

      Ez nuen ulertu, baina orduan hasi nintzen inork bidali gabe behitegira joaten. Gela isila zen. Ez zegoen ezer, barrura sartzen zen haizea eta goiko ur deposituaren soinua besterik ez. Habeen artean zegoen sabaiko zulotik panpina etxea ikusten zen; bertan nire lehengusu eta lehengusinek panpinak desmuntatu eta horien buruak erortzear zegoen sabaiaren aurka jotzen zituzten.

      Gau ekaiztsua zen, ama eraman zuen furgoneta etorri zenean. Aitak ama minez zegoela esan zuen, baina ezin ikus zitekeen zerbait zela. Galdetu nion ea barrutik odoletan zegoela esan nahi ote zuen.

      — Gutxi gorabehera —esan zuen.

      Sukaldeko bihotz sakratuaren irudiaz oroitu nintzen, inoiz itzaltzen ez zen lanpara gorriak argiztatzen zuen ageriko bihotz gorri hartaz.

      Gizonak etxera sartzen ari dira, ama eramateko. Mahaipean dago, ezin dut begiratu. Behitegira joan naiz korrika, kutxa ireki eta barruan begiratu dut. Otoitz liburu bat hartu eta orriak pasatu ditut. Marroiak eta leunak dira, nire amaren besoa bezala. Urratutako mapa marroietako bat ireki dut, baina ezin ditut lurra eta itsasoa bereizi, ezagutzen dudan leku bat aurkitu arte. Intsektu baten hegoa Norvegian trabatuta dago. Ondoko gelan entzuten ditut. Beste liburu bat ireki eta argazkien bila hasi naiz, baina ez dago bat bera ere. Kutxa barrura sartu naiz, makurtuta. Kristala apurtzen entzun dut. Nire amaren ahotsa bihurtu den hori negarra da orain. Zerbait erori da. Eztainuzko estalkia itxi dut, metala nire gainera erortzen utzi dut kirrinka gogor batez. Beltz bilakatu da dena. Jadanik existituko ez banintz bezala. Lata beltz eta handi bateko liburu umelen gainean eserita dagoena ez naiz ni. Zahar eta heze usaina dago, ogiaren ontzian edo pastel apurrak erortzen diren armairu atzean dagoenaren modukoa. Ehun urte dituen usaina. Gogoan dut behin arratoiek inkubagailura arteko bidea jan zutela. Oiloetara iritsi ziren, dena ilaunez beteta aurkitu genuen, hankei itsatsita, gorputz lodiak janda. Beste batzuk ikaratuta, nekatuta aurkitu genituen, pintura poteen edo burdin harien artean ezkutatuta, ez ziren ezta hegan egiteko gai ere. Jaso egin genituen, gorputz horiak pilpiratzen zeuden, hots txikiak zoro bihurtu ziren.

      Etxea nire esku dago orain. Nahiko heldua nintzela esan zidan azken gizonari erredura bat egin nion. Amak beti zioen ez zegoela erredura bat baino okerragorik. Eta arrazoi zuen. Badirudi ez dudala edozeinen ergelkeriarik onartzen. Wellington botak ate kanpoan uzten dituzte, eta aitak plater zikinak xukaderan uzten ditu. Ez dut entzun patatak erdian gogorrak daudela esaten. Zerbitzatzeko koilaraz joko nuke. Berak ere badaki. Rua amaren bila ibiltzen da etxean barrena. Haren itzala dela pentsatzen dut, etxetik noraezean dabilena.

      Igandetan bisitan joaten naiz, baina berak ez daki non dagoen edo nor naizen.

      — Ni naiz, ama —esaten diot.

      — Ezingo nuke inoiz arrain usaina jasan —esaten du amak—. Bera eta bere sardinzarrak.

      — Ez al nauzu ezagutzen? Ellen naiz.

      — Troiakoa! Igo zaitez zaldi gainera! —esaten dit berak.

      Azkarra da karta jokoan, besteei iruzur egiten die astero haien dirua eskuratzeko, eta zaintzaileak joan behar izaten du, ama bainuontzian dagoen bitartean, armairutik dirua bueltan hartzera. Ez du diruaren falta sumatzen. Ez zen inoiz horretaz arduratu.

      Nik zoroetxera itzultzen jarraitzen dut ordea. Gustuko dut korridoreetako desinfektatzaile usaina, erizainen gomazko oinetakoak, igandetako egunkarian datorrenari buruzko liskarrak. Gustuko dut haien elkarrizketek ez izatea ez buru ez hanka. Zer dio horrek niri buruz? Amak beti zioen erokeria familiatik datorrela, eta niri bi aldeetatik datorkit. Amarekin ezkondu zen gizonarekin bizi naiz etxean. Ia hil zen zakur bat dut, bizitzeak bost axola diona. Ispiluaren aurrean jartzen naizenean, nire begirada ankerra ikusten dut.

      Hona etortzeko arrazoiak baditudala iruditzen zait. Agian amak duenetik pitin bat behar dut nik. Pitin bat bakarrik. Zatitxo bat hartu dut, nire onerako. Txertaketa bat bezalakoa izan da. Jendeak ez du ulertzen egoera okerrenari aurre egin behar zaiola, edozertarako prest egoteko.

 

EKAITZAK
Claire Keegan

Storms
euskaratzailea: June Lete Larrañaga
armiarma.eus, 2024