|
EROALDI BAT Amaginarrebarengana oldartu eta sudurrean hozka egin nion. Haren sudurrari gorrotoa nion, betidanik. Bezperan ate batekin aurpegian jo nuen amaginarreba, eta zakarrontzia hustu nion, balkoitik, auto bila irten zuenean. Frantxipan-loreak bota nizkion burutik behera, kantuan egin nion eta jasminezko girlanda bat lotu lepoan, nigana erakarriz eta musu emanez aurpegian, eskuetan eta zetazko haren zapian. Zapia erantzi nion, lurrean zabaldu eta galdetu nion ea zergatik ez genuen zapian inprimaturik zeuden zalgurdietako bat alokatzen. Nigandik ihes egiten saiatzen zen batzuetan, beste batzuetan lasaitu eta zentza nintzan ahalegintzen zen, baina gero desesperatu eta gora begira jartzen zen, Jainkoari galdetuz zer egin ote zuen errain zoro bat merezi izateko. — Nik semearen emaztetzat hautatu baino ez nuen egin, familia on batekoa zelako—egiten zuen protesta. Zangoak airean jasotzea izan zen behin nire erantzuna, ea hain bero zergatik ote nengoen galdetuz, izotz-koskorrak ekar zitzaten eskatu eta haiek hartzeko gonak igoz. Jauzi batez hurbildu zitzaidan senarra eta izterrak estaltzen saiatu gonari tira eginez. Nik kontra egin nion eta eskuan hozka. — Horrela bizi gaitezen nahi al duzu, Fatin? Bien artean gelan sarrarazi ninduten, bultzaka, eta eserita geratu nintzen ispiluko neure islari begira, nire itxurari modu sinesgabe batean barre eginez. Etxearen egoeraz kexu entzun nituen, nirekin ezkonduta senarrak izandako patu makurra deitoratuz, eta gaitzetsiz amak burua galtzen zuela ikusita seme-alabek jasan beharreko angustia. Amaginarrebak hurbil bizi zen mediku batek bisita nintzan proposatu zuen; nire senarrak nahiago zuen ni Libanora bueltan bidaltzea. Hori eskandalu handiko motiboa izan ote zen eztabaidatu zuten, eta gizonak zioen edozer eginda ere izango nintzela ni lotsarako kausa, banintzela dagoeneko, lau hormaren artean egonda ere: hilekoa neukan bitartean ez nintzen babesten; betileak zenbatzen nituen banan-banan arkatz batekin; loreak jartzen nituen zapaten puntetan; balio zutena kontuan hartu gabe botatzen nituen gauzak; hegan egiteko balkoitik jauzi egiten saiatu nitzen, eta marfil-garraioko kamioi batean ihes egiten ahalegindu, kargako letaginei helduta, gidaria ohartu eta Poliziara eraman ninduen arte. Nire eromenarekin behaztopa eginez nindoan neure nia aurkitu gabe, salbu eta bizi nintzen herri afrikar hartako akuareletako argi-distira arraro horrekin topo egiten nuen arte. Egun eta ilunsentiko une motzetan eguzkiaren indarra gainditzen zuen argi-distira hark. Maiz galdetzen nion neure buruari margolan haiek hormatik kendu behar ote nituen, margolanok mantentzen ote zioten nire senarrari itxaropena inoizko Fatin itzuliko zela (ezkontitza eskatzean baiezkoa esaten asmatzen ez zuen neska herabe hura, harritua emigrante-familia aberats bateko kide batek eskaera hori egin ziolako). Egiatan, ez nuen askorik barrundatu baiezkoa edo ezezkoa eman behar ote nion. Azkenean baiezko eman izanaren arrazoia da haren amaren urrezko brazaleteak liluratu ninduela, jakin nahi nuen brazaletetik zintzilik zeuden pitxiek zein logika zuten: ezkur bat, etxe bat, bihotz bat, mendi bat, Libanoko bandera eta dortoka bat. Denerako erantzuna eduki ohi duen amaginarreba zalantzan entzuten nuen orain, marmarrean, nirekin zer egin ez zekiela, “Jainkoak lagundu gaitzala!” tonu etsian errepikatzera mugatuz. Medikua etorri zenenan baikorrago sentitu nintzen. Hark eskatu zien nire egoerak txarrera nola egin zuen konta zezatela, eta ea gertakizun zehatzen batek eragin zuen. Itsasoak —erantzun zuen amaginarrebak—. Itsasora joan zeneko hartan hasi zen dena, euri jasa hasi zuenean. Niregana zuzendu zen medikua gero, adina galdetuz. — Eromenaren adina —erantzun nion. Hitza ez zidala berriro zuzenduko ziurtatu nuen erantzun horrekin. Nire familian buruko osasun arazoekin aurrekaririk ba ote zegoen galdetu zien. Buruaz ezetz adierazten ari zirenean eten nien eta gezurretan ari zirela esan: nire izebarena bazekiten. Ospitale psikiatriko batetik bestera ibili zuten arren, gaitzaren jatorria misterioa zen. Kontatu nien nola goiz batez, amak tabule plater baten bila bidalia ninduelarik, izebak paretaren kontra bultzatu eta elkarren arropak aldatzera behartu ninduen, hilko ninduela ezer esaten banuen. Eta bera izan zen nire ordez nire etxera bueltan joan zena, nire ohean lo egin, nire eskolan ikasi, nire lagunekin jolastu, eta, are, Afrikan bizi zen gizon batekin ezkondu zen eta zientoka haur eduki. Eta niri, berriz, ama ez zitzaidan klinikara bisitan sekula etorri, Libanora maiz joanagatik ere. Medikuak gelatik irten zuela ikustean isildu egin nintzen une batez, eta gero, indar berrituta, builaka eta garrasika hasi nintzen, miauka eta arrantzaka, neure buruari masailekoak ematen eta leihoa kolpatzen. Epopeiak aurrera egin zuen, eta nik ezin nuen denboraren joana jasan. Itxaron beharrak eta eromenak akitzen ninduten. Aferari irtenbidea emateko eromena larritu beharko nuela erabaki nuen, arriskutsu bihurtuz. — Burutik dago. Medikuak baietsi du —orro egiten zuen amaginarrebak—. Nik imajinatzen nuen. Sano zegoenean ere begietan antzematen zitzaion. Bere etxera itzul dezagunean emazte berria aurkituko dizut. Bere etxekoek ordain diezaiotela tratamendua. Haurrak ondo egongo dira barnetegian. —Ahotsa beheratu zuen gero, eta esan—: Ezkontza dena bezala da bizitza honetan… zorte kontua. Nork ziurta diezazuke sagar gorri distirant batek harra ez daukala barruan? Arretaz entzuten nien nik, zurezko zoru gainean dantzan, jausiz eta berriro jaikiz. Senarraren ahotsak bere amarena ito zuen, sorgorra eta berekoia zela salatuz. Berriro ez zela ezkonduko zin egin zuen berak, ez ninduela utziko: ezin zuela ahaztu ondo nengoenean nolakoa nintzen. Ezkontza onerako eta txarrerako zela. Senda nendin lortuko zuela. Maite ninduela eta ez ninduela umiliatuko nire familiarengana itzularazita. Nire alboan geratuko zela. Nik burua mugitu nuen haren errukia ukatuz, dantzan are joanago. Ama une batean nire zoramenak hartu zuen eta garrasika hasi zitzaion ero moduan: — Akabatu egingo zaitu azkenean. Pozoitu egingo zaitu. Hortz-haginekin zatikatuko zaitu. Zakur arrabiatua bihurtu da, ez al duzu ikusten? Su emango dizu edo aiztoa sartuko, lo zauden bitartean. Haren erreakzioak piztuta, nire eromena areagotu nuen, eroriz eta jaikiz, dantzan berriro, nire gorputzari zerion izerditan igerian. Nire gizonak orroak eta bultzadak nola bueltatzen zizkion enzun nuen, aiztoaz mehatxatuagatik ere ez ninduela utziko zin egiten zuen. Amorrutan lehertu zen amaginarreba, nire eraginpetik askatu behar zuela ikusarazi nahian, ihes egin behar ziola kostaldera marraztera joaten nintzenean aztiek eman zizkidaten sorginkeriez, haren nahigabea prestatu zutela haiek. — Ez dut inoiz utziko. Inoiz ez —eten zuen hark—. Edozer emango nuke bere alde. Hori entzutean, lasaitze aldera jarri nituen indarrak eta geratzen zitzaidan irtenbide bakarrari heldu nion: aurpegia garbitu nuen, adatsak bildu, iraganean egin ohi nuenez lotu nuen bata lotsaz, eta gizonaren aurrera azaldu nintzen erotu nintzenetik jantzi gabe neuzkan filigranazko sandalia batzuk jantzita. Prestutasun osoz eseri nintzen haien aurrean, begietara begiratu gabe: izuz betetako haien begiak, tokitik irten nahi zutela ziruditen. Nire lasaitasunak eraginda beso eta zangoak tolestu zituzten, eraso bati aurre egiteko edo ihes egiteko pronto. Ez nekien nondik hasi, zalantza egin nuen. Esan behar ote nien edozein emazte bezain zoriontsua izana nintzela, erabat konbentzituta ezkontzak egiten zuela bizitza, seme-alabek, etxea zaintzeak, noizbehinkako sexuak, eta nire barnean isilean bildu behar nintzela nire sentimenduak haztatu nahi nituenean, edo ahaire batek poztu edo tristatzen ninduenean? Denbora tartetxo bat ebasten hasia nintzen, marraztu eta margotzeko, egun batez beste gizon bat sartu zitzaidanean bizitzan. Gizon hura begira izaten nuen ni itsasoari begira esertzen nintzenean, aurrean neukan paperean haren kolorea jaso nahian, eta gizonak nik botatzen nuen oro jasotzen zuen, azkazalekin orrazten zuen zorua klarionen hautsa ere biltzeko, hondakin hari garrantzirik itzelena emanez. Orduan jabetu ahal izan nintzen nire bizimodua aldatua zela, eta inguratzen ninduen oro esanahiz betetzen hasi zen: oinak mihizkatzen zidan itsasoko uraren tenperatura; nola maite zuen nire behatz txikiaren azkazal okerra; zuku edalontzia haren eskuetan; solasaldiz zipriztindutako isiltasuna, antsietatez zipriztindutako ametsa. Une bat iritsi zen haren eskua pasa zezakeela nire aurpegitik ni ukitu gabe, eta ni berotasun kartsu batek hartzen ninduen bihotz pilpirak azkartzen zitzaizkidala, une bat non sentipen horiek ezin bainituen atzendu gogorik gabe itzultzen nintzenean nire etxea zen zereginez betetako mundura. Egiten nuen guztia —nire bihotzaren suspirio libreak izan ezik— mundu horretako xehetasunek bustia bazegoen ere (gatzontzi bat edo piperdun gisatuetatik hasi eta nire egunen amaiera izango zen tunbaraino), ezkontzaren haria askatzen joatea erabaki nuen, baina kontu handiz, ez zela hautsiko edo kolorez mudatuko ziurtatuz. Benetan zer nahi nuen: senarra bera kontura zedila ni baztertzea baino ez zitzaiola gelditzen. Xaboia eskuaz ekartzen hasi nintzen, hori berehalako joatearen seinale zela ahaztu banu bezala. Begietan musu eman nion lo zegoela, kantuari kasu egin gabe: “Ez iezadazu begietan musu egin, edo bihar banandu beharko gara”; haren zapaten puntak beti etxeko ate nagusira begira jartzen nituen. Baina nire senarrak bizimodu berbera egien jarraitu zuen, hala etxean nola lanean, eta beraz niganako nazka eragitea baino ez zitzaidan geratu. Giza hondakina bihurtu nintzen, lan handirik gabe: esnea edaten nuen ura balitz bezala, alergia eragiten didan arren. Nire sabela hartara ohitu nuen, eta baita aza, azalore eta lekarietara ere, denak ausarki janez. Txokolate zatiak bailiran jaten nituen baratxuri-buruak, tipulak mastekatzen nituen azenario gozoak izango balira bezala, eta segidan oheratzen nintzen hortzak garbitu gabe. Korroskadak botaz egoten nintzen senarra etor zedin zain, inguru guztia gas erreprimituez betez. Eta hala ere, esnatzean beti nuen senarra aldamenean. Eutsi egiten zion, nire errebeldia gorabehera, bion arteko bizitza zalantzan jartzen zuten nire galderak gorabehera. Zergatik ez zuen naturak desagerrarazten, zergatik ez ninduen nengoen putzutik atera eta atzera mundura itzularazten? Ezer aldatzen ez zenez, eta agitazio eta lasaitasun, eta zentzu eta desesperazio uneak tartekatu eta gero, eromenerantz lerratzea erabaki nuen. Baina orduan ez nien dena esan; neure burua entzun nuen haiei esanez, ahots oso apalez, hitzak argi ebakiz, ez nengoela erotuta, beldurtuta eta lotsatuta baizik, beste gizon batez maitemindu nintzelako eta dibortzioa nahi nuelako harekin ezkontzeko. Barka nezaten eskatu nien, erotuta nengoela itxura egin nuelako, eta argudiatu nien nire senarraren izaera eskuzabal eta onberak eragotzi zidala egia esatea, kontua zela ez nuela sekula maitatu harekin bizi izanda ere, eta beldur nintzela hori jakiteak zauri itxiezin bat zabalduko ote zuen haren baitan. Nire fidelgabetasunak erraiak jaten zizkidan eta uste izan nuen eromen imajinarioak bultzatuko zuela nigandik erreparorik gabe aldentzeko… are, poztuko zuela horrek. Dibortizoa eskatuko nuela erantsi nuen, baina ez nuela haiengandik ezer nahi, ezta nire izenean zegoen Beiruteko apartamentua ere. Hau esatean ohartu nintzen beldurrik handiena amaginarrebari niola. Eta saiatu nintzen hortaz begirada jasotzen haiei aurpegira so egiteko, neure arrazoien zerrenda zintzoa eman nien bitartean lurrean iltzatua izan bainuen begirada. Haien aurpegietan jarri nuen soa, beraz, zein indartsu eta adoretsu nintzen erakusteko, haien errekzioak edozein izanda ere. Haietako batek erantzun ziezadan zain geratu nintzen, erreprotxeak edo masailekoak jasoko nituelakoan, zigorren bat, bitartean neure burura konbentzituz handik ihes egin ahalko nuela ondorioak kontuan hartu gabe ere. Eskutik heldu zidan orduan bere amak, ahoaz erruki keinu bat eginez, eta murmuriatu: — Erotuta dago gaixoa. Ezin dugu ezer egin. Amildu egin zen nire senarra, burua esku artean hondoratuz, eta tristeziaz errepikatuz: — Gaixoa, hain gaztea da. Jainkoaren aurrean zin egiten dut gaitza senda diezaioketen munduko edozein tokitara eramango dudala.
EROALDI BAT |