BEHIN BAKARRIK URKA ZAITZAKETE
Dashiell Hammett

They Can Only Hang You Once,
Colliers, 1932
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2021

 

      Samuel Spadek esan zuen: “Ronald Ames dut izena. Binnett jauna —Timothy Binnett jauna— ikusi nahiko nuke”.

      “Binnett jauna deskantsatzen ari da, jauna”, erantzun zuen maiordomoak herabe.

      “Begiratuko zenuke noiz ikus nezakeen? Inportantea da”. Eztarria argitu zuen Spadek. “Australiatik iritsi… ummm… berria naiz eta hango bere ondasunez da”.

      Orpoen gainean jiratuz esan zuen “Ikusiko dut, jauna”, parean zeuzkan eskaileretan gora abiatu zelarik hizketan amaitu aurretik.

      Zigarro bat egin eta piztu zuen Spadek.

      Eskaileretan behera etorri zen maiordomoa. “Sentitzen dut, ezin da orain hura molestatu, baina Wallace Binnett jaunak —Timothy jaunaren ilobak— hartuko zaitu”.

      “Eskerrik asko”, esan zuen Spadek, eta maiordomoari jarraitu zitzaion eskaileretan gora.

      Spaderen adin bueltako —38 urte— gizon beltzaran, eder eta lerdena zen Wallace Binnett, aulki brokatuzko batetik jaiki zena irribarretsu eta esan, “zer moduz, Ames jauna?”, eskuaz beste aulki bat seinalatu eta eseri egin zen. “Australiarra zara?”.

      “Gaur goizean iritsi naiz”.

      “Osaba Timen negoziokidea zara?”.

      Irribarre egin eta buruaz uko egin zuen Spadek. “Ez preseski, baina baditut informazio batzuk hark lehenbailehen ezagutu beharko lituzkeenak”.

      Wallace Binnettek pentsakor begiratu zuen lurrerantz, eta gero Spaderi. “Saiatuko naiz har zaitzan, Ames jauna, baina, egia esan, ez dakit”.

      Spadek apur bat harritua zirudien. “Zergatik?”.

      Binnettek sorbaldak uzkurtu zituen. “Berezia da batzuetan. Uler gaitezen, bere buruak ondo ematen du uneoro, baina gaixo dagoen agure baten mingostasun eta xelebrekeriak dauzka eta, tira, batzuetan ez da erraza izaten”.

      Spadek poliki galdetu zuen: “Ni ikusteari uko egin dio dagoeneko?”.

      “Bai”.

      Aulkitik altxatu zen Spade. Espresiogabea zen haren deabru ilehori aurpegia.

      Eskua jaso zuen azkar Binnettek. “Itxaron, itxaron”, esan zuen. “Iritzia alda dezan ahal dudana egingo dut. Beharbada zera…” haren begi beltzak bat-batean susmoak hartu zituen. “Ez zara hari besterik gabe zerbait saldu nahian ibiliko, ala?”.

      “Ez”.

      Susmoaren distira ezabatu zen Binnetten begietatik. “Orduan uste dut ahalko dudala…”.

      Emakume gazte bat etorri zen amorruz negarrez, “Wally, agure ero hori…”. Eskua bularrera eraman eta etena egin zuen Spade ikustean”.

      Spade eta Binnett batera jaikiak ziren. Binnettek xuabe esan zuen, “Ames jauna da hau, Joyce. Nire koinata, Joyce Court”.

      Burua makurtuz diosal egin zion Spadek.

      Joyce Courtek barre labur lotsatia atera zuen eta esan: “Barka nire sarrera enbatatsua”. Emakume garai beltzarana zen, begi urdina, hogeita lau edo bostekoa, bizkar sendo eta gorputz mehe, tinkokoa.  Haren hazpegiek goxotasunean zeukaten erregularitatean ments zutena. Galtza zabaleko satinezko pijama zeraman.

      Binnettek naturaltasunez irribarre egin eta galdetu zion: “Zer da orain aztoramendu hau?”.

      Amorruak atzera neskaren begiak ilundu eta hizketan hasi zen. Baina Spaderi begiratu eta esan zuen: “Baina ez genuke Ames jauna gure etxeko afera domestikoekin aspertu behar, baldin eta… ” zalantza egin zuen.

      Burua makurtu zuen berriro Spadek. “Bai, noski”, esan zuen, “zalantza barik”.

      “Minutu batean hemen naiz” agindu zuen Binnettek eta neskarekin gelatik irten zen.

      Haiek desagertu ziren ate irekirantz joan zen Spade eta, hantxe zutik, entzuten jarri zen. Haien urratsak entzunezinak ziren. Beste ezer ez zen aditzen. Hantxe zutik zegoen Spade —begirada gris horikara galduarekin— garrasia entzun zuenean. Emakume baten garrasia zen, ozena, izu-orroa. Atea igaroa zuen Spadek tiro hotsa aditu zuenean. Pistola tiroa zen, burrunbatsua, hormek eta sabaiek oihartzundua.

      Eskailera bat aurkitu zuen atetik sei metrora, eta gora egin zuen mailak hirunaka igoz. Ezkerrera egin zuen. Korridorearen erdialdean emakume bat lurrean zetzan, ahoz gora.

      Wallace Binnett belauniko zegoen haren aldamenean, emakumearen eskuetako bat desesperatuki laztanduz, lanturuka ahots larri arrenkarian: “Maite, Molly maitea!”.

      Bere aldamenean zutik, Joyce Courtek eskuak estutzen zituen malkoek masailak bustitzen zizkiotela.

      Lurreko emakumeak bazuen Joyce Courten antzik baina zaharragoa zen, eta bere aurpegiak bazuen gogortasun bat gaztearenak ez zeukana.

      “Hilda dago, hil egin dute”, esan zuen Wallace Binnettek sinetsi ezinda aurpegi zuria Spaderengan jasotzen zuela. Binnettek burua mugitu zuelarik Spadek zulo biribila ikusi ahal izan zuen emakumearen soinekoan, bihotzaren gainean, eta haren azpitik  azkar zabaltzen zihoan orban iluna.

      Spadek Joyce Court besoan ukitu zuen. “Polizia, larrialdietakoak, telefonoa”, esan zion. Hura eskaileretarantz presatzen zela Wallace Binnetti zuzendu zitzaion: “Nork egin du?”.

      Intziri ahul bat entzun zen Spaderen bizkarrean.

      Ziztuan jiratu zen. Ate ireki batetik gizon zahar bat ikus zezakeen, pijama zuri batekin, ohe zimurtu batean oker etzanda. Burua, sorbalda, beso bat ohe ertzetik zintzilik zeuzkan. Beste eskuak lepoari heltzen zion arin. Berriro intziri egin eta betazalek dardara egin zuten, baina ez zituen begiak ireki.

      Spadek agurearen buru eta sorbaldak jaso eta almohada gainean jarri zituen. Agureak berriro intziri egin eta eskua kendu zuen eztarritik. Gorritua zeukan, dozena erdi ubeldurarekin. Gizon zurbila zen, aurpegi zimurtuak seguruenik adina zahartzenago ziona.

      Baso bat ur zegoen ohe aldameneko mahaitxoan. Spadek urez busti zuen agurearen aurpegia eta haren betazalek dardara egin zutenean, makurtu eta xuxurla egin zion leun: “Nork egin du?”.

      Begien dardara halako batean nahikoa izan zen zerrenda estu bat irekitzeko begi gris odolduak erakutsiz. Oinazetan mintzatu zen agurea, esku bat berriro ere eztarrira eramanez: “Gizon bat… Bera…“. Eztula egin zuen.

      Ezinegon keinua egin zuen Spadek. Ezpainak agurearen belarriak ukitzekotan zeuzkan. “Nora joan da?”. Ahots larritua zen berea.

      Hezur eta azal zen ea mugitu zuen ahul etxearen atzealdea seinalatuz, eta ohean jarri zuen berriro.

      Maiordomoa eta bi neskame izutu batu zitzaizkion Wallace Binnetti korridorean hildakoaren alboan.

      “Nork egin du?” galdetu zien Spadek.

      Zuri begiratu zioten.

      “Ardura dadila norbait agureaz”, purrusta egin zuen berak eta korridoretik abiatu zen.

      Korridorearen gibelean atzealderanzko eskailera bat zegoen. Bi mailadi jaitsi eta janaritegi baten barrena sukaldera pasa zen. Ez zuen inor ikusi. Sukaldeko atea itxia zegoen baina, ahalegindu zenean, ez kisketa botata.  Atzeko lorategi estu bat gurutzatu zuen itxia, baino ez giltzatua zegoen ate baterantz. Haren atzeko kalexkan ez zegoen inor.

      Hasperen egin, atea itxi eta etxera itzuli zen.

 

      Erosotasun nagiz eseria zen Spade larru sendoko besaulki batean, Wallace Binnetten etxearen bigarren pisuko aurrealdea hartzen zuen egongela batean.  Bi apalategi zeuden, liburuekin, eta argiak piztuta. Leihoak kanpoko iluntasun ahula ikusten uzten zuen, kale-argi urrun batek doi bat larutua. Spaderen aurrean beste larruzko aulki batean zegoen botata  Polhaus detektibe sarjentua —lisatzea behar zuten janzki ilunak zeramatzan gizon handi masailgorri bizarra gaizki egindakoa—. Dundy tenientea —txikiagoa, moxtaka, aurpegi laukikoa— gelaren erdian zegoen zutik, zangoak zabalik, burua apur bat aurrerantz botata.

      Spade ari zen “…eta doktoreak agurearekin soilik minutu pare batez hitz egiten utzi dit. Berriro saia gaitezke atseden pixka bat hartzen duenean, baina ez dirudi askorik dakienik. Lo-kuluxka egiten ari zela esnatu zen norbaiten eskuak eztarrian zeuzkala ohean tiraka ari zitzaiola. Begi-kolpe bat baino ez zion egin bera itotzen ari zen tipoari. Tipo handia, esan du, sonbreirua begien gainera jaitsita, iluna, bizarra egitea behar zuena. Tomen tankerakoa”.  Polhausi destatu zion Spadek.

      Sarjentuak irriñoa egin zuen baina Dandyk moztu zuen, zakar, “Segi” esanez.

 

      Irri egin eta jarraitu zuen Spadek: “Itotzear zen Binnett anderearen oihua entzun duenean atean. Eskuek bere eztarria utzi eta tiroa entzun du eta justu kordea galdu aurretik bistadizoa izan du morroi handiarena, atzealderantz zihoala eta Binnett anderea korridoreko zorura jausten. Tipo handia lehenagotik inoiz ez zuela ikusi esan du”.

      “Zer arma mota izan da?” galdetu zuen Dundyk.

      “Hogeita hemezortzia. Tira, etxeko inork ezin du askoz gehiago lagundu. Inork ez du deus ikusi. Wallace eta bere koinata, Joyce, azken honen gelan ziren, hala diote, eta ez dute besterik ikusi hildako emakumea baino, atera direnean, baina uste dute eskailerak jaisten zituen norbaiten urratsak entzun dituztela, atzealdeko eskaileretan”.

      “Maiordomoa —Jarboe izenekoa— hementxe zegoen oihua eta tiroa entzun zituenean, hala dio. Irene Kelly, neskamea, beheko solairuan zen, hala dio berak. Sukaldaria, Margaret Finn, bere gelan zen —hirugarren solairuan, atzealdean— eta ez zuen ezer entzun, hala dio.  Enborra baino gorragoa da, denek hala diote. Atzeko atea eta kanpokoa giltzatu gabe zeuden, baina giltzatuta behar zuten, hala diote denek. Inork ez du esaten sukalde edo lorategi inguruan zebilenik une hartan”, Amaiera keinu batean zabaldu zituen eskuak Spadek. “Hauxe da dena”.

      Dundyk buruaz ukatu zuen. “Ez dena”, esan zuen. “Nolatan zu hemendik?”.

      Spaderen aurpegiak distira egin zuen. “Agian nire bezeroak hil du”, esan zuen. “Wallaceren lehengusua da, Ira Binnett. Ezagutzen duzue?”.

      Ukoa berriro Dundyk. Begi urdinek begirada gogor eta errezelozkoa zeukaten.

      “San Franciscoko abokatu bat da”, esan zuen Spadek, “ohoragarria eta hori. Duela bi egun etorri zitzaidan bere osaba Timothyren istorio batekin, agure xuhur zikoitza, diruz okitua eta bizimodu gogorrak kastigatua. Familiako ardi beltza zen. Urtetan inork ez zuen haren berri izan. Baina duela sei edo zortzi hilabete agertu zen, egoera nahiko eskasean salbu eta finantza aldetik —Australiatik diru mordoa ekarri zuen itxura batean—, bere azken egunak bizirik zeuzkan bi senideekin pasa nahi zituela, bere iloba Wallace eta Irarekin.

      “Ongi iruditu zitzaien. ‘Senide biziak bakarrik’ ‘oinordeko bakarrak’ esan nahi zuen haien hizkuntzan. Baina handik gutxira ilobak pentsatzen hasi ziren hobea zela oinordeko bakar izatea oinordeko bikote batean bat izatea baino —bi aldiz hobea, hain zuzen—, eta agurea haienganatzeko jukutrian hasi ziren. Hori da behintzat Irak niri Wallacerengatik esan zidana, baina ez ninduke harrituko Wallacek gauza bera esatea Iragatik, nahiz eta Wallace den bietatik gogorrena. Edonola ere, ilobak haserretu ziren, eta Osaba Tim, Irarenean egona zena ordura arte, hona etorri zen. Hori duela hilabete izan zen, eta Irak ez zuen osaba orduz geroztik ikusi, eta ez zuen lortu harekin kontakturik ez telefonoz ez postaz.

      “Horretarako nahi zuen detektibe pribatua.  Ez zuen uste hemen inolako minik egingo ziotenik osabari osabak —hori argi utzi zidan—, baina aguretxoa presiona zezaketen, edo nolabait engainatu, edo besterik ez bada ere bere iloba maite Irari buruzko gezurrak esango zizkioten. Jakin nahi zuen zertan zen kontua. Gaur arte zain egona naiz, Australiatik zetorren ontzi bat porturatu baita, eta hona etorri Ames jaunarena egiten esanez informazio garrantzitsua neukala Osaba Timentzat Australian dauzkan ondasunei buruz. 15 minutu berarekin bakarrik nahi nituen, ez gehiago”. Spadek pentsakor zimurtu zuen bekokia. “Eta ez nituen lortu. Wallacek esan dit agureak ez ninduela ikusi nahi. Ez dakit”.

 

      Susmoak tokia areagotua zuen Dundyren begi urdin izotzezkoetan. “Eta Ira Binnett hau non da orain?”, galdetu zuen.

      Spaderen begi gris horikarak bere ahotsa bezain errugabe zeuden. “Jakin nahiko nuke. Haren etxera eta bulegora telefonatu dut eta enkargua utzi hona etor dadin, baina beldur naiz…”.

      Hatz koskorren klaska bikoitz gogorra entzun zen gelako atearen bestaldean. Gelako hiru gizonek aterantz jiratu ziren.

      “Sartu”, esan zuen Dundyk.

      Eguzkiak belztutako polizia ilehori batek ireki zuen atea,. 44-45 urteko gizon loditxo baten eskuin eskumuturra heltzen zuen poliziaren ezkerreko eskuak, gizona janzki gris on batean jantzita. Poliziak gela barrura bultzatu zuen gizon lodixka. “Sukaldeko atean lardaskan aurkitu dut”, esan zuen.

      Spadek soakoa egin eta esan zuen: “A!”. Betetasuna zerion tonuari. “Ira Wallace jauna, Dundy tenientea, Polhaus sarjentua”.

      Ira Binnettek azkar esan zuen: “Spade jauna, esango zenioke gizon honi…”.

      Dundy poliziari zuzendu zitzaion: “Ederki. Lan ona. Utz dezakezu”.

      Poliziak eskua nagi kapelurantz mugitu eta alde egin zuen, atea itxiz.

      Dundyk begiratu beltza egin zion Ira Binnetti eta galdetu: “Eta?”.

      Binnettek Dundygandik Spaderengana eraman zuen begirada: “Zerbait…?”.

      Spadek esan zion: “Hobe duzu berari esatea zergatik zeunden atzeko aldean aurreko aldean egon beharrean”.

      Kolpetik gorritu zen Ira Binnett. Eztarri lotsatua argitu zuen. Eta esan: “Nik… umm… azaldu behar dut. Ez da nire errua, noski; Jarboek —maiordomoa da— deitu didanean telefonoz esanez Osaba Timek ikusi nahi ninduela, esan dit sukaldeko atea giltzatu gabe utziko zuela eta beraz Wallacek ez zuela jakingo ni…”.

      “Zertarako ikusi nahi zintuen?” galdetu zuen Dundyk.

      “Ez dakit. Ez zuen esan. Esan zuen oso inportantea zela”.

      “Hartu zenuen nire mezua?” galdetu zuen Spadek.

      Zabaldu egin zituen begiak Ira Binnettek. “Ez. Zer zen? Zerbait gertatu al da? Zer da…?”.

      Aterantz mugitzen hasi zen Spade. “Segi”, esan zion Dundyri. “Berehala naiz bueltan”.

      Atea kontuz itxi zuen bere bizkarrean eta hirugarren solairura igo zen.

      Jarboe maiordomoa belauniko zegoen Timothy Binnetten atean begi bat sarraila-zuloan zeukala.  Lurrean aldamenean bandeja bat zeukan arrautza batekin, arrautza-ontzi batean, tostada bat, kafe ontzi bat, baxera, zilarrezko kubiertoak eta zapi bat.

      Spadek esan zion: “Tostada hoztu egingo zaizu”.

      Bere oinetan bihurritu zen Jarboe, larrialdian kafe potoa ia irauli zuela, aurpegia lotsagorrituta eta otzan, zezelka hasi zen: Ni-nik…eee… barkaidazu, jauna. Timothy jauna esna zegoela ziurtatu nahi nuen hau eraman aurretik”.  Bandeja hartu zuen. “Ez nuen haren atsedena trabatu nahi zera…”.

      Spadek, ordurako atean, “Bai, noski” esan zuen, eta makurtu egin zen begia sarraila-zuloan jartzeko. Zutitu zenean kexu ahairean esan zuen: “Ez da ohea ikusten, aulki bat eta leiho zati bat baino ez”.

      Maiordomoak bizi erantzun zion. “Bai, jauna, horixe ikusi dut nik ere”.

      Barre egin zuen Spadek.

 

      Eztula egin zuen maiordomoak, zerbait esatera balihoa bezala, baina ez zuen deus esan. Zalantza egin, eta atean kask egin zuen bare.

      “Sartu”, esan zuen ahots nekatu batek.

      Ahots beheran galdetu zuen Spadek: “Non da Court andereñoa?”.

      “Bere gelan. Bigarren atea ezkerretara, uste dut, jauna”, esan zuen maiordomoak.

      Gelako ahots nekatuak mingots esan zuen: “Sartu, ordea”.

      Atea ireki eta barrura egin zuen maiordomoak. Atetik, maiordonoak itxi aurretik, Timothy Binnetten printza bat ikusi zuen Spadek, ohean almohadetan bermatuta.

      Spade ezkerreko bigarren atera joan zen eta klaska  egin zuen. Berehala ireki zuen atea Joyce Courtek. Ataurrean geratu zen, irribarrerik ez, hitzik ere ez.

      Spadek: “Court andereñoa, ni zure koinatuarekin nengoen gelara etorri zarenean esan duzu ‘’Wally, agure ero horrek…’ Timothyz ari zinen?

      Spaderi begiratu zion une batez.  Eta orduan: “Bai”.

      “Jakin nahian nabil zein ote zen esaldiaren amaiera?”.

      Poliki erantzun zion: “Ez dakit ziur nor zaren eta zergatik galdetzen duzun, baina ez zait axola kontatzea.  Segida izanen zen ‘…Iraren galdea egin du”’.

      “Eskerrik asko”.

      Atea itxi zuen Spade jiratu aurretik.

      Berriro Timonthy Binnetten atera hurbildu eta deitu egin zuen Spadek.

      “Nor da orain?”, galdetu zuen agurearen ahotsak.

      Spadek atea ireki zuen. Agurea ohean eserita zegoen.

      Spadek esan zuen: “Jarboe zure sarraila-zulotik barrandan ari zen duela bost minutu”, eta liburutegirantz itzuli zen.

 

      Spade eserita egondako aulkian jarrita, Ira Binnett Dundy eta Polhausi ari zitzaien: “Eta Wallace ere kiebrak harrapatu zuen, guztiok bezala, baina itxuraz kontuekin esku-jokoak egin ditu bere burua salbatzearren.  Burtsatik egotzi zuten”.

      Dundyk eskua dantzatu zuen gela eta altzariak seinalatuz. “Goi mailako hornidura porrot egindako norbaitentzat”.

      “Emazteak sosen bat zeukan”, esan zuen Ira Binnettek, “eta bera beti bizi izan da bere ahalen gainetik”.

      Betoskoa zimurtu zion Dundyk Binnetti: “Eta pentsatzen duzu bera eta bere emaztea ez zirela ondo konpontzen?”.

      “Pentsatu ez”, lasai erantzun zuen Binnettek. “Badakit”.

      Buruaz baietsi zuen Dundyk: “Eta badakizu Wallace bere koinata Court andereñoagatik antsiatan dela?”.

      “Ez nekien. Baina esamesak entzuna naiz”.

      Zarata zakarra egin zuen eztarriarekin Dundyk, eta zuzen galdetu: “Zer dio agurearen testamentuak?”.

      “Ez dakit. Ez dakit egina ote daukan ere. Spaderengana zuzendu zen serio: “Dakidan guztia esan dut, guzti-guztia”.

      “Ez da nahikoa”, esan zuen Dundyk. Atea seinalatu zuen hatzaz. “Tom, esaiozu non itxaron eta sar dadila berriro alarguna”.

      Polhausek “Ados” esan, Irarekin irten eta Wallace Binnettekin itzuli zen, zeinaren aurpegia zurrun eta zurbila zegoen.

      Dundyk galdera: “Osabak testamentua egina zeukan?”.

      “Ez dakit”, Binnettek arrapostu.

      Hurrengo galdera xuabe egin zuen Spadek: “Eta zure emazteak?”.

      Irri goibelera mudatu zen Binnetten ahoa. Zorrotz mintzatu zen: “Esan beharko ez nituzkeen gauza batzuk esatera noa. Nire emazteak, berez, ez zeukan dirurik. Diru arazoak izan nituenean duela denbora bat, ondasun batzuk haren izenean jarri nituen, haiek salbatzearren. Nik oso gerora arte ezer jakin gabe hark diru bihurtu zituen. Gure fakturak —gure bizimoduaren gastuak— ordaintzen zituen diru harekin, baina uko egin zion dirua niri itzultzeari, eta ziurtatu zidan ez nuela inolaz ere —bera bizirik edo hilik egon, biok elkarrekin edo bananduta— semaikorik ukitu ahal izango. Sinetsi egin nion; oraindik ere bai”.

      “Dibortzioa nahi zenuen?” galdetu zuen Dundyk.

      “Bai”.

      “Zergatik?”.

      “Ez ginen zoriontsu”.

      “Joyce Court?”.

      Lotsagorritu egin zen Binnett. Zurrun esan zuen: “Joyce Court izugarri estimatzen dut, baina edonola ere dibortzioa nahi nuen”.

      Spadek: “Eta seguru zaude —erabat seguru oraindik— ez duzula inor ezagutzen zure osabak berari eraso egin dionaren deskripzioarekin bat datorrenik?”.

      “Erabat seguru”.

 

      Ateko txirrinaren hotsa motel entzun zen egongelan.

      “Bukatu dugu”, esan zuen Dundyk garratz.

      Binnett irten egin zen.

      Polhausek esan zuen: “Gaiztoa da tipoa benetan eta …”.

      Barru batean botatako pistola-tiroaren oihartzuna iritsi zen behetik.

      Argiak itzali egin ziren.

      Tupust egin zuten iluntasunean hiru detektibeek atean zehar sarrerarantz zihoazela.  Spade heldu zen lehena eskaileretara. Urrats hotsa entzun zitekeen haien azpialdean, baina ez zen deus ikusten ahal eskailburu batera iritsi zen arte. Hara argi pixka bat sartzen zen aurrealdeko atetik, nahikoa gizon baten traza erakusteko, ateari bizkarka zutik.

      Linterna bat piztu zen Dundyren eskuan —Spaderen orpotik zetorren—, eta gizonaren aurpegira argi-errainu zuri distirant bat egin zuen. Ira Binnett zen. Begiak kliskatu zituen argitan eta lurrean bere aurrean zegoen zerbaiterantz zuzendu.

      Dundyk linternaren errainua zorurantz itzuli zuen. Jarboe ahuspez zetzan, buruko bala-zulo batetik odoletan.

      Marranta leuna egin zuen Spadek.

      Baldar zetorren Tom Polhaus eskaileretan behera. Wallace Binnett haren atzean ondo-ondoan, Joyce Courten ahots izutua iritsi zen goragotik: “O, zer gertatu da? Wally, zer gertatu da?”.

      “Non da argiaren giltza?” zaunka Dundyk.

      “Sotoko atean, eskailera hauen azpian”, esan zuen Wallace Binnettek. “Zer gertatu da?”.

      Polhausek Binnett gainditu zuen sotoko aterantz.

      Spaderen eztarriak soinu mutua atera zuen eta, Wallace Binnett albora bultzatuz, jauzi egin zuen eskaileretan gora. Joyce Court gainditu zuen ziztuan eta aurrera egin zuen, haren garrasi harrituari ezaxola. Hirugarren pisurako bidean erdialdean zegoen han goian pistola-hotsa entzun zenean.

      Timothy Binnetten aterantz korri egin zuen. Atea irekita zegoen. Sartu egin zen.

      Zerbait gogor eta kantoidunak jo zuen eskuineko belarriaren gainean, gelaren beste alderaino jaurtiz  eta belaunaren gainean makurraraziz. Justu atearen bestaldean zerbaitek kolpe gogorra egin zuen.

      Argiak piztu ziren.

      Lurrean, logelaren erdian, Timothy Binnett zetzan, bizkarka, ezkerreko besoari odola zeriola bala-zauri batetik.  Pijamaren jaka urratua zuen. Begiak itxita zeuzkan.

      Zutitu eta burura eskua eraman zuen Spadek. Begiratu uzkurra egin zion lurrean zetzan agureari, gelari, korridoreko zoruan zegoen pistola automatiko beltzari. Esan zuen: “Jaiki, agure hiltzaile hori. Jaiki eta eseri aulkian eta ikusiko dut odolustea eten dezakedan medikua etorri bitartean”.

      Agurea ez zen mugitu.

      Urratsak entzun ziren korridorean eta Dundy sartu zen, Binnett gazte biak atzetik zituela. Dundyren aurpegia ilun eta ernegatua ikus zitekeen. “Sukaldeko atea erabat zabalik zegoen”, esan zuen ahots itoan. “korrika atera dira…”.

      “Ahaztu”, esan zion Spadek. “Osaba Tim da gure pieza”. Ez zien arretarik jarri ez Wallace Binnetten aho zabalduari, ezta Dundy eta Ira Binnetten sinesgaitz aurpegiei ere. “Ea ba, jaiki”, esan zion lurrean zetzan agureari, “eta esaguzu zer den maiordomoak ikusi zuena sarraila-zulotik barrandan ibili zenean”.

      Agurea ez zen higitu.

      “Maiordomoa hil du esan diodalako espiatzen ibilia zela”, azaldu zion Dundyri Spadek. “Nik ere kuxkuxeatu nuen, baina ez nuen ezer ikusi aulkia eta leihoa baino, baina ordurako nahikoa zarata eginak ginen bera oherantz ikaratzeko. “Eman dezagun aulkia apurtzen duzuela ni leihora noan bitartean “. Leihora joan eta arretaz aztertzen hasi zen. Burua astindu, eskua gibelerantz eraman eta esan zuen: “Emadazu linterna”.

      Dundyk eskura pasatu zion linterna.

      Leihoa jaso eta makurtu egin zen Spade, argia eraikinaren kanpoalderantz botaz. Berehala marranta egin eta beste eskua atera zuen, eta adreilu bati tira egin leiho-koskatik pixka bat beherago. Berehala askatu zen adreilua. Leiho-koxkan utzi zuen eta eskua eraman zuen egin berri zuen zulorantz. Irekiduratik atera zituen, banaka, pistola-zorro beltz bat, kartutxo-kutxa erdi betea, eta ireki gabeko manila-paperezko gutun-azal bat.

 

      Gauzok eskuan zituela, besteengana itzuli zen. Joyce Courtek ur ontzi bat eta gaza bilduki bat ekarri zituen eta Timothy Binnetten aldamenean belaunikatu zen. Spadek pistola-zorroa eta kartutxoak mahaian jarri eta gutun-azala ireki zuen. Bi orri zeuzkan barruan, biak ere alde bietan arkatz idazkera lodi batez beteak. Bere kautan irakurri zuen Spadek ahapaldi bat, bat-batean barre egin eta berriro ekin zion hasieratik, ozen oraingoan:

      “Nik, Timothy Keiran Binnettek, neure buru eta gorputz osasuna osorik ditudala, deklaratzen dut hauexek direla nire azken borondateak eta testamentua. Nire iloba maiteei, Ira Binnetti eta Wallace Bourke Binnetti, haien abegitasun maitakorra eskertuz, haien etxeetan hartu bainaute eta atenditu nire amaierako azken garaietan, uzten dizkiet eta oinordetzan ematen, biek har ditzaten erdi bana, edonolako nire ondasun lurtar guztiak: hau da, nire hezurdura eta gainean daramatzadan arropak.

      “Oinordetzan uzten dizkiet, halaber, nire hiletaren gastua eta oroitzapen hauek: Lehenik, Sing Sing-eko presondegian egin nituen 15 urteak Australian egin nituela zein erraz sinetsi zuten oroitzapena; bigarrenik, haien baikortasunaren oroitzapena, baikortasuna uste izateko hamabost urteotan aberastasun handia bildu nuela eta haien bizkar bizi izan banaiz, haiei eskatuz eta nire dirutik sekula gastatu gabe, izan dela zikoitz handia nintzelako baina ziur zeudelako nire ondarea haiek heredatuko zutela, eta ez ez neukalako dirurik haiei kentzen nienaz aparte; hirugarrenik, haien esperantza eurei utziko niela zernahi neukakeena; eta, azkenik, haien umore falta mingarriak  hau guztiau zein dibertigarria izan den ikustetik aparte edukiko dituela. Izenpetua eta zigilatua…”.

      Spadek begirada jaso eta esan zuen: “Ez du datarik, baina sinatua dator, izenpe eta guzti, Timothy Keiran Binnett”.

      Ira Binnett amorruz more zegoen. Wallaceren aurpegiak hildakoaren zurbila zeukan eta gorputza dardaraz. Joyce Courtek eten egin zuen Timothy Binnetten besoan hasia  zuen lana.

      Agurea agondu eta begiak ireki zituen. Ilobei so egin eta barrezka hasi zen. Ez zegoen haren barrean ez histeriarik ez ero punturik: barre sanoa zen, atsegina, poliki baretzen joan zena.

      Spadek: “Ondo da. Izan duzu zuk zure broma. Hitz egin dezagun orain hilketez”.

      “Aurrenekoaz ez dakit lehen esan dizudana baino gehiago”, esan zuen agureak, “eta beste hau ez da hilketa, soilik nagoenez…”.

      Artean bortizki dardaran, Wallace Binnettek minduta bota zuen hortzartetik: “Gezurra. Zuk hil duzu Molly. Joyce eta biok gelatik irten ginen Mollyren garrasia entzun genuenean, eta entzun genuen tiroa eta ikusi genuen hura korridorera erortzen, eta gero ez zen inor atera zure gelatik”.

      Kalmaz esan zuen agureak: “Ongi da, esango dizuet: istripua izan da. Esana zidaten norbait zegoela Australiakoa ni ikusi nahian hango nire ondasunengatik. Pentsatu nuen zerbait arraroa zegoela”, irri egin zuen, “sekula han egon gabea izanik. Ez nekien nire ilobetako bat susmoa hartua ote zen eta erronkan ari ote zitzaidan edo zer, baina banekien Wallyren kontua ez bazen saiatuko zela Australiako jaunari hitz eginarazten eta agian nire ostatuetako bat galduko nukeela”. Irriñoa egin zuen. “Beraz kontua egin nuen Irarekin harremanetan jarri behar nuela hemen gauzak okertuz gero atzera harengana joan ahal izateko, eta saiatu nintzen australiar hartaz desegiten. Wallyk beti pentsatu izan du erdi jota nagoela —soako maltzurra egin zion ilobari— eta beldur izan da eroetxe batera eraman nazaketela bere aldeko testamentua egin aurretik, edo hautsiko dutela egina izanez gero. Badakizu, oso izen txarra dauka, Burtsako afera horrekin guztiarekin, eta badaki inongo epaitegik ez liokeela nire kontuen gaineko ahalmena emango guztiz erotuko banintz, bereziki badudalako beste iloba bat —soako maltzurra Irarengana eramana zuen— zeina abokatu ohoragarria den. Eta beraz badakit ni eroetxe batera eramango nindukeen atakea eman baino lehen bisitaria botako zuela, eta beraz ikuskizuna antolatu nuen Mollyrekin, zeina une horretan eskueran neukana baitzen. Hark seriotan hartu zuen, ordea.

      “Pistola bat neukan eta zalaparta handia egin nuen Australiako etsaiek espiatzen nindutela eta jaitsi egingo nintzela eta gizon hura tirokatu. Emakumea asko aztoratu zen eta arma kentzen ahalegindu, eta ohartu nahi izan nuenerako tiroa botata zegoen eta orduan lepoan marka hauek egin beharra izan nuen eta gizon ilun handiaren istorioa asmatu”. Erdeinuz begiratu zion Wallaceri. “Ez nekien ni estaltzen ari zenik. Berataz estimu handirik ez badut ere, ez nuke sekula pentsatuko hain miserablea izango zenik bere emaztearen hiltzailea estaltzeko, diruagatik, hura maite ez bazuen ere”.

      Spadek: “Ez du axola horrek orain. Eta maiordomoa?”.

      “Ez dakit deus maiordomoaz”, arrapostu agureak, Spaderi tinko begiratuz.

      Spade esan zuen: “Azkar hil beharra zeneukan, hark ezer esan edo egiteko astia izan baino lehen. Beraz atzeko eskailerak jaitsi dituzu, sukaldeko atea ireki jendea nahasteko, aurreko atera joan, txirrina jo, atea itxi, eta sotoko atearen itzalean gorde zara, eskailerapean. Jarboek txirrinari erantzun dionean tiro egin diozu —zuloa buruaren atzealdean dauka— eta argiaren etengailuari eman, justu sotoko atean, eta atzeko eskaileretan gora irristatu zara  iluntasunean eta zeure buruari tiro egin kontu handiz, besoan. Azkarregi igo naiz ni, eta orduan pistolarekin kolpatu nauzu, arma atetik jaurti, eta lurrean barreiatu zara nik buruan izarrak jiraka neuzkan bitartean”.

      Agureak berriro ere hasperen egin zuen: “Zu bai…”.

      “Geldi”, esan zuen Spadek egonarriz. “Ez dezagun eztabaidatu. Lehenengo hilketa istripua izan da, ados. Bigarrena ezin. Eta erraza behar luke erakustea bi balak, eta zure besokoa, pistola berak botatakoak direla. Zer axola du hilketetako zein frogatu dezakegun lehen graduko asesinatzea izan dela? Behin bakarrik urka zaitzakete”. Irri atsegina egin zuen. “Eta egingo dute”.

 

BEHIN BAKARRIK URKA ZAITZAKETE
Dashiell Hammett

They Can Only Hang You Once,
Colliers, 1932
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2021