MICHELE MAITEA
Natalia Ginzburg

Caro Michele, 1973
euskaratzailea: Amaia Astobiza
armiarma.eus, 2019

 

1970eko abenduaren 12an

 

      Michele maitea:

 

     Oraintxe jaso dut zure eskutitz laburra. Ez dakit zerk eragotzi ahal izan dizun zure aitaren hiletara etortzea. Ezin irudikatu dut ezer pertsona bati eragotz diezaiokeenik etxera itzultzea zoritxar bat gertatzen denean. Ez dut ulertzen. Neure buruari galdetzen diot etorriko ote zaren ni hiltzen naizen egunean. Bada, senideei esan genien Londresen zinela, birikeriarekin.

     Sussex-era joango zarela-eta, pozten naiz. Aire osasungarria arnasten omen da, eta ni beti pozten naiz landa-eremuan zaudetela jakinda. Txikiak zinetenean, asperdurak jaten ninduen udaldietan, hilabete bat bestearen atzean, baina iruditzen zitzaidan landa-eremuan igarotzen genuen egun bakoitza onuragarria zela zuentzat. Gero, zure aitarekin geratu zinenean, erotu egiten nintzen jakinik Erroman egonarazten zizula, hainbestetan egin zuen bezala. Ez zuen maite landa-eremua, eta itsasoa bakarrik maite zuen. Goizetan Ostia-ra bidaltzen zintuen neskamearekin, eta esaten zuen horrekin sobera zenuela.

     Ez didazu esan hizkuntzalaritzako irakasle horri janaria ere prestatu beharko diozun. Janaria prestatu behar baduzu, esan eta errezeta batzuk bidaliko dizkizut. Matildek badu kaier sendo bat, non itsasten baititu aldizkarietan eta egutegietan aurkitzen dituen errezeta guztiak.

Sussexeko telefono-zenbakia eman didazu, baina telefono publikotik deitu beharko dizut, zeren oraindik ez didate jarri telefonoa etxean. Telefono publikoa herriko taberna batean dago. Jendez gainezka egoten da beti. Beldur naiz ez ote naizen negarrez hasiko telefonoz deitzen badizut. Ez da hura leku egokia telefonoz deitu eta negarrari emateko.

     Zure aitaren heriotza kolpe latza izan da niretzat. Orain lehen baino askoz ere bakarrago sentitzen naiz. Ez zidan inola ere laguntzen, ez baitzuen nireganako inolako interesik. Zure arrebenganako interesik ere ez zuen. Inporta zitzaion bakarra zu zinen. Eta iduri zuen zureganako txera ez zela benetan zureganakoa, baizik eta berak asmatutako beste pertsona batenganakoa, zure antzik batere ez zuena. Ezin dizut azaldu zergatik sentitzen naizen bakarrago hil denetik. Agian oroitzapen batzuk partekatzen genituelako. Oroitzapen horiek berak eta biok baino ez genituen munduan. Egia da elkarrekin egoten ginenean ez genuela hitz erdirik esaten. Baina orain ohartzen naiz ez zegoela hitz egiteko beharrik. Oroitzapenak gurekin zeuden Canova kafetegian igarotzen genituen orduetan, itogarriak eta amaiezinak begitantzen zitzaizkidan ordu haietan. Ez ziren oroitzapen zoriontsuak, zure aita eta biok ez baikara sekula zoriontsu izan elkarrekin gaudela. Eta aldi labur eta eskas batzuetan zoriontsuak izan baldin baginen, gero dena zikindu zen, zanpatu, suntsitu. Baina ez diegu eusten soilik oroitzapen zoriontsuei. Bizitzako une batean ohartzen gara ezen, besterik gabe, oroitzapenei diegula atxikitasuna.

     Bitxia irudituko zaizu, baina ni ezin izango naiz sekula berriro sartu Canova kafetegira, sartuz gero negarretan urtuko nintzatekelako ergel baten gisan, eta, zerbait ziur baldin badakit, horixe da, ez dudala negarrik egin nahi jendearen aurrean.

     Zure aitaren morroi hura, ez naiz inoiz akordatzen Quico edo Federico duen izena, bota egin genuen, eta Adak hartu zuen bere zerbitzura, Osvaldoren emazteak. Matildek dio nik hartu behar nuela, baina ez nuen batere gogorik, ergel hutsa da-eta. Osvaldok dioenez, Ada horrek denetarik erakutsiko dio, zeren badirudi otseinak trebatzeko gaitasun berezi bat duela, izaki zorrotz eta zeharkaezin bihurtzen dituela. Ez dakit nola moldatuko den zorrotz bihurtzeko basurde itxurako morrosko zakar eta begirada iheskorreko hori, baina Osvaldok dio Adak otseinak sublimatzeko duen gaitasuna mugagabea dela.

     Matilde eta biok San Sebastianello kalera joaten gara egunero, zure aitaren paperak apailatzera, eta koadroen inbentarioa egiten ari gara, gero biltegi batera eramateko. Altzariekin ez dakigu zer egin, ez Violak ez Angelicak ez daukate lekurik etxean. Altzari handi eta trinkoak dira. Hortaz, saltzea pentsatu dugu.

     Atzo Osvaldo eta Lillino ere etorri ziren, zure aitaren lehengusua, koadroak ikustera. Baina Lillinok gaur itzuli behar zuen Mantua-ra, eta pozten naiz, ezin baitut jasan. Lillinok aholkatu digu koadroak ez saltzeko oraino, une honetan zure aitaren sinadura ez delako askorik balioesten merkatuan. Pintatu zituen azkenak ikaragarri handiak dira, eta, egia esan, niri oso itsusiak begitantzen zaizkit. Berehala ohartu nintzen Osvaldori ere itsusiak iruditzen zaizkiola. Ohartu nintzen, nahiz eta berak hitzik esan gabe begiratzen dien. Ostera, Lillianok uste du zoragarriak direla eta biharko egunean jendea ohartuko dela eta dirutza bat balioko dutela. Matildek, besterik gabe, ile-xerloa atzerantz bota eta mihia klaskatzen du, miresmena adierazteko. Nik ezin diet begiratu, zorabiatu egiten naiz. Batek daki zergatik ekin zion halako koadro ikaragarri handiak eta gehiegizkoak pintatzeari. Aspaldiko nire erretratu hura hartu dut, leihoan ageri naizena Pieve di Cadore-ko etxean. Zure aitak saldu egin zuen etxe hura, handik hilabete gutxira. Orain koadroa hemen eskegi dut, egongelan, eta horri begira nago idazten dizudan bitartean. Zure aitaren koadro guztien artean, horri diot maitetasun handiena. Handik gutxira bereizi ginen, uda-sasoi haren amaieran, Erromara itzuli ginenean. Orduan Trieste pasealekuan bizi ginen. Zu eta Viola eta Angelica izeba Ceciliarekin zeundeten, Chianciano-n. Ziurrenik ere, zure arrebek barrundatzen zuten gertatzear zena. Zuk ez, txikia zinelako; sei urte zenituen. Goiz batean Trieste pasealekuko etxea utzi nuen, eta betiko utzi nuen. Bikiak nirekin hartu, eta gurasoengana joan nintzen; oporretan zeuden, Roccadimezzo-n. Kontatu ere ezin dizudan bidaia baten ondoren, bikiak autobusean goitika etengabean, Roccadimezzora iritsi nintzen. Nire gurasoak lasai askoan zeuden hotel on batean; ondo jaten zuten, eta osteratxoak egiten zituzten belardietan. Ez ninduten han espero, ez nituen-eta gaztigatu. Berandu iritsi nintzen hotelera, ia gaua zela, hiru maletarekin eta bikiekin, zikin-zikinak biak goitika hainbeste egin ondoren. Ikusi nindutenean, ahozabalik geratu ziren. Astebete neraman lorik egin gabe, ezbaiak eta larritasunak zirela-eta, eta aurpegi zurbila izan behar nuen. Nire amari, bi hilabetera, lehen bihotzekoak jo zion. Beti pentsatu izan dut bihotzeko hura izan zuela ikusi zuelako nola iritsi nintzen Roccadimezzora ia gaua zela eta egoera hartan. Hurrengo udalehenean, bigarren bihotzeko batek jo eta hil egin zen.

Zure aitak erabaki zuen zuk berarekin bizi behar zenuela. Zuk berarekin eta neskatoek nirekin. San Sebastianello kaleko etxea erosi zuen, eta han jarri zineten bizitzen. Andre sukaldari zahar hura zuen, hilabete gutxi batzuk bakarrik egin zituena. Ez dut gogoratzen nola zuen izena. Beharbada zu gogoratuko zara. Luzaroan, ezin izan nuen agertu ere egin etxe hartan, zure aitak ez baininduen ikusi nahi. Telefonoz deitzen nizun, eta zu negar batean hasten zinen. Oroitzapen lazgarria da hori niretzat. Villa Borghes-en itxaroten nizun, bikiekin batera, eta han agertzen zinen, sukaldari zahar harekin, tximino-larruzko jaka bat zeramana. Sukaldari hark etxerako ordua zenutela esan zizun lehen aldian, garrasika hasi eta lurrera bota zinen; gero, berriz, patinetea hartu eta aurpegiera zorrotz eta bare batekin alde egin zenuen. Oraindik ere ikusten zaitut, zure berokitxoarekin artez eta bizkor zoazela. Hainbesteko herra nuen metatua zure aitaren kontra, ezen gogoa izaten bainuen San Sebastianelloko etxean sartzeko pistola batekin eta hari tiro egiteko. Beharbada ama batek ez lizkioke horrelako gauzak esan behar seme bati, ez direlako hezigarriak. Baina kontua da jada ez dakigula zer den heziera, ezta badenik ere. Nik ez zaitut hezi. Ez nintzen han egon, nola heziko zintudan. Villa Borghesen soilik ikusten zintudan, tarteka baino ez eta beti arratsaldez. Zure aitak ere, jakina, ez zintuen hezi, kaskoan sartua baitzuen oso heziera onekoa zinela jaiotzatik. Hortaz, ez zaitu inork hezi. Oso ergela zinen, baina ez dakit ziur hain ergela izango ez zinen baldin eta gure aldetik nolabaiteko hezkuntza jaso izan bazenu. Zure arrebak beharbada ez dira zu bezain ergelak. Baina haiek ere bitxi eta ergel samarrak atera dira, bakoitza bere erara. Haiek ere ez ditut hezi eta ez ditut hezten, zeren askotan begiko ez dudan pertsona baten gisan sentitu izan naiz, eta sentitzen naiz oraindik. Beste norbait hezteko, konfiantza apur bat izan behar da norberarengan, begikotasun apur bat, sikiera.

     Ez dut gogoan ez noiz ez nola utzi genion zure aitak eta biok elkarri aiher izateari. Behinola, zaplazteko bat eman zidan abokatuaren bulegoan. Halakoa izan zen zaplaztekoa, sudurretik odoletan hasi nintzen. Han zegoen baita Lillino lehengusua ere, eta berak eta abokatuak sofa batean etzanarazi ninduten, eta Lillino botikara jaitsi zen, kotoi hidrofiloa erostera. Zure aita komunean sartu zen eta atea giltzaz itxi zuen, eta ezinezkoa zen hura handik ateratzea. Beldur dio odolari, eta gaizkitu egin zen. Ohartu naiz “beldur dio” idatzi dudala, orainaldian, ez naiz sekula oroitzen zure aita hilik dagoela. Lillinok eta abokatuak komuneko atea jotzen zuten hatz-koskorrez, eta bultzatu egiten zuten. Aurpegia zurbil eta iletik ura zurrustan zeriola irten zen, burua txorrotapean sartu zuelako. Eszena horrekin oroitzen naizen aldiro, barregura etortzen zait. Zenbat aldiz oroitarazi nahi izan nion zure aitari, elkarrekin barre egiteko. Baina gure arteko harremana baltsamatua geratu zen. Jada ez ginen gai elkarrekin barre egiteko. Iruditzen zait zaplazteko haren ondoren ni gorrotatzeari utzi ziola. Oraindik ere ez zuen nahi izaten ni San Sebastianello kalera joaterik, baina batzuetan berak laguntzen zizun Villa Borghesera, ez neskameak. Nik ere utzi nion bera gorrotatzeari. Behinola, Villa Borghesen geundela, itsumandoka jolastu ginen zuekin soropilaren gainean; ni lurrera erori nintzen, eta berak, zapia hartuta, soinekoan neukan lokatza garbitu zidan. Lokatza garbitzeko makurturik zegoelarik, bere burua ikusten nuen, ile beltz eta nahasi harekin, eta ohartu nintzen gure artean jada ez zela aiher-arrastorik geratzen. Une zoriontsua izan zen. Ezerezetik sortutako zoriontasun bat zen, ondotxo bainekien aiherrik gabe ere zure aitarekiko harremana beti zerbait gaiztotua eta doilorra izango zela. Baina akorduan daukat nola eguzkia etzaten ari zen eta nola arrosa-koloreko hodei eder batzuk zeuden hiriaren gainean, eta, aspaldiko partez, ia lasai eta ia zoriontsu sentitu nintzen.

     Zure aitaren heriotzaren inguruan, ez daukat ezer esateko. Aurreko egunean, Matilde eta biok berarekin izan ginen klinikan. Solaserako gogoa zuen eta Matilderekin eztabaidan jardun zuen, eta arkitektoari deitu zion telefonoz eta dorreari buruz hitz egin zuten. Esan zuen dorre hura nagusiki zugan pentsatuta erosi zuela, hainbeste maite duzula itsasoa ezen udaldi osoak egin zenitzakeela bertan. Lagun guztiak eraman ahal izango zenituen, logela pila bat jartzeko asmoa zuelako. Nik badakit ez duzula itsasoa atsegin eta gai zarela abuztu betean ere urertzean egoteko goitik behera jantzirik eta izerdi patsetan. Baina ez nion aurka egin nahi, eta ez nion ihardetsi. Hortaz, amets egiten jarraitu zuen. Berak zioenez, dorrea erosita negozio biribila egin zuen, aukera aparta baliatu zuen; esan zuen berak sarri baliatu izan zituela horrelako aukera bikainak, tamalgarria zen nik horrelakorik ez izatea, zeren eta erosi nuen etxea, oso garestia izateaz gain, oso itsusia eta dotore ustekoa omen zen. Ez nion ihardetsi. Gero bere lagun-talde bat etorri zen, eta zentralitaren bidez galdetu zuten gora igo zitezkeen, baina esan zuen nekaturik zegoela, eta ez zituen hartu nahi izan. Biagioni, Casalis eta Maschera ziren, eta neska irlandar bat, uste dut bere laguna zela. Matilde bidali nuen haiei kasu egitera. Beraz, bera eta biok bakarrik geratu ginen. Esan zidan nik ere joan ahal izango nuela dorrera uda igarotzera. Baina ez zuen nahi bikiak hara joaterik, alde batetik bestera erabiltzen dituzten irratiekin ez ziotelako utziko lo-kuluxka egiten. Esan nion bidegabe jokatzen zuela bikiekin, ez nuelako uste lo-kuluxka egin ahal izango zukenik baldin eta zu han agertzen bazinen lagun-kuadrilla batekin. Orduan esan zuen beharbada bikiak ere gonbidatuko zituela egunen batean. Viola eta Angelica ez. Violak bazeukan aita-amaginarreben lursaila, itsusia eta euliz josia; bada, hura baliatzea zeukan. Eta Angelicak senar erabat aspergarri hura zeukan. Maite zuen? Beharbada maite zuen. Nolanahi ere, berak ez zuen dorre inguruan ikusi nahi Orestes hura, behin Cézanne-z gaizki esaka ibili zelako. Ergela. Apo bat zen, nola ausar zitekeen Cézanneri buruzko iritzia ematen. Esan zuen arretaz eta zuhurtziaz hautatuko zituela gonbidatuak udaro. Udaro? Ez, beti, urte osoan dorrean bizitzeko asmoa baitzuen. Matilde, adibidez, ez zuen dorrean ikusi nahi. Ez zuen sekula jasan, ezta txikitan ere. Ez zuen ulertzen nolatan ekarri nuen nik etxera. Esan nion oso bakar sentitzen nintzela eta laguntasuna behar nuela. Inor ez edukitzea baino, nahiago nuen Matilde nirekin egotea. Gainera, Matildek pena ematen zidan, jada ez baitzeukan ezta zentimorik ere. Beti izango zuen mahasti hura saltzeko aukera, esan zuen zure aitak. Nik gogorarazi nion mahasti hura aspaldi saldu zuela, huskeria bategatik saldu ere, eta hura egon zen tokian orain motel bat dagoela. Orduan esan zuen gaixotu egiten dela pentsatze hutsarekin mahasti eder haren lekuan orain motel bat dagoela. Esan zuen hori gogoraraztea gaiztakeria sotil bat izan zela nire aldetik. Beste aldera biratu zen, eta hortik aurrera ez zuen txintik esan. Matilderekin ere ez zuen gehiago hitz egin. Gero Matildek kontatu zidan emakume irlandar hark negar besterik ez zuela egiten, eta Biagionik eta Casalisek arrastaka eraman zutela besoetatik helduta.

      Zure aitari goizeko zortzietan egin zioten ebakuntza. Guztiak geunden klinikako itxarongelan, ni, Matilde, Angelica, Viola, Elio eta Orestes. Bikiak lagun baten etxean zeuden. Ebakuntza ez zen askorik luzatu. Gero jakin nuen ireki egin zutela eta jarraian itxi, ezer egin barik, ez zegoelako zer eginik. Logelan Matilde eta biok geratu ginen. Itxarongelan Angelica eta Viola zeuden. Berak ez zuen esan besterik. Goizaldeko ordu bietan hil zen.

     Hiletara jende asko joan zen. Lehenengo Biagionik hitz egin zuen, gero Mascherak. Azkenaldian, zure aitak ez zituen jasaten ez Biagioni ez Maschera. Esaten zuen ez zutela ulertzen bere margokera berria. Esaten zuen inbidia ziotela, eta hegazti harrapari batzuk zirela. Esaten zuen berak beti jakin izan zuela hegazti harrapariei antzematen.

Ohartu naiz ez dituzula nire eskutitzak irakurtzen, edo irakurtzen dituzu eta jarraian ahaztu. Ezin izango dizkidazu egin untxien kaiolak itzultzen zarenean, arotz bati eskatu dizkiot-eta. Untxiak lau dira. Lau dira, baina ez dakit askoz denbora gehiago geratuko naizen aurkintza honetan. Ez dut batere argi ez dudanik leku hau gorrotatzen.

     Zure aitaren hiletan Felipe izan zen.

 

     Besarkada bat,

 

 

     zure ama

 

MICHELE MAITEA
Natalia Ginzburg

Caro Michele, 1973
euskaratzailea: Amaia Astobiza
armiarma.eus, 2019