![]() |
INORREZAK Amets egiten dute arkakusuek txakur bat erostearekin Eta amets egiten dute inorrezek pobre izateari uztearekin Egun magiko batean zorte ona euritan egitearekin Goi eta behe egingo ahal duen adur ona Baina zorte ona ez daragoio ez atzo, ez gaur, ez bihar, ez inoiz Lanbrotan ere ez dator adur ona zerutik behera Nahiz eta inorrezek deitzen dioten Nahiz eta ezkerreko eskuan azkura izan edo eskubiko oinaz jaiki edo urtea erratza aldatuta hasi.
Inorrezak: inorenak ez diren seme-alabak, ezerezaren jabeak. Inorrezak: bakarbatezak, menostuak, goseak amorratzen dituenak, bizitzak hiltzen dituenak, izorratuak, berrizorratuak.
Ez direnak, izan arren. Ez dutenak hizkuntzarik, mordoiloa baizik. Ez dutenak erlijiorik, sineskeria baizik. Ez dutenak arterik egiten, artesania baizik. Ez dutenak kulturarik sortzen, folklorea baizik. Ez direnak gizaki, giza baliabide baizik. Ez dutenak aurpegirik, besoak baizik. Ez dutenak izenik, zenbaki bat baizik. Ez direnak historia unibertsalean ageri, herri prentsako kronika gorrian baizik.
Inorrezak, hiltzen dituen balak baino gutxiago balio duten haiek.
INORREZAK |