KOBRATZAILEA
Rubem Fonseca

O Cobrador, 1979
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2020

 

      Kaleko atean, hortz-hagin handi batzuk; behean, idatzita, Dr. Carvalho, Haginlaria. Itxarongela hutsean, karteltxo bat. Itxaron, doktorea bezero batekin dago. Ordu erdi egin nuen zain, hagina minez nuela. Atea zabaldu eta emakume bat agertu zen, bata zuriko berrogei bat urteko gizon ale baten ondoan.

      Kontsultan sartu eta aulkian eseri nintzen. Paperezko paparreko bat ezarri zidan haginlariak. Ahoa ireki eta atzeko haginak min handia ematen zidala esan nion. Ispilutxo batekin begiratu eta zergatik neukan ahoaldea hain utzia galdetu zidan.

      Barrez lehertzeko modukoa. Grazia dute ba morroi hauek.

      Atera egin beharko dizut, esan zuen, ez zaizkizu asko geratzen, eta ez badiogu tratamendu arin bati ekiten, gainontzekoak galduko dituzu, baita hauek ere —eta kolpetxo zaratatsu bat eman zien aurrekoei—.

      Anestesia injekzio bat hortzoian. Hagina erakutsi zidan, egozkailu muturrean: Sustraia ustelduta dago, ikusten?, esan zuen gogogabe bezala. Laurehun cruzeiro dira.

      Barrez lehertzekoa. Ezta pentsatu ere, esan nuen.

      Ezta pentsatu ere, zer?  

      Ez dauzkat laurehun cruzeiro. Aterantz hasi nintzen.

      Gorputzaz zarratu zidan bidea. Hobe duzu ordaintzea, esan zuen. Gizon garaia zen, esku handiak zituen, eta izorratuei haginak ateratzearen poderioz, eskutur sendoak. Hain kaxkar tankerakoa naiz, harrotu egiten da nire aurrean jendea. Gorroto ditut haginlariak, dendariak, abokatuak, industrialak, funtzionarioak, exekutiboak, jendekera hori guztia. Asko zor didate guztiek. Alkandora zabaldu, 38koa atera, eta hainbesteko gorrotoz galdetu nion, ezen ttu tanta bat atera zen airean haren musualdearen kontra: hau ipurtzuloan gora sartzen badizut, zelan? Zuri-zuri geratu zen; atzerantz egin zuen. Errebolberra paparrean jarri eta nire bihotza baretzen hasi nintzen: armairuko tiraderak atera nituen, dena part bota nuen behegainean, ostikadaka ekin nion potoen kontra, ezta baloiak balira ere; horma jo eta lehertu egiten ziren.Ttuontziak eta motorrak haustea nekezagoa egin zitzaidan, minduta nituen esku-oinak ere. Begira nuen haginlaria, gainera salto egingo zidala pentsatu nuen behin baino gehiagotan. Nahi nuen ba, hala gustura emateko tiro bat gorotzez betetako tripatzar hari.

      Ni ez noa ezer ordaintzera! Nazkatu naiz ordaintzeaz!, egin nion oihu. Orain ni naiz kobratzen duena.

      Belaunean eman nion tiro. Jo eta garbitu egin behar nuen putakume hura!

 

****************

 

      Kalea jendez gainezka. Batzuetan, diot neure artean, tarteka baita kanporako ere, mundu guztia dut zorretan! Janaria zor didate, alua, estalkia, zapata, etxea, autoa, erlojua, hortz-haginak; dena zor didate. Itsu bat eskean, aluminiozko platertxo batean txanpon batzuk dituela. Ostikoz jo dut platertxoa, neure onetik ateratzen nau txanponen txin-txin hotsak. Marechal Floriano kalea, arma-denda, botika, bankua, puta, argazkilaria, Light, txertoa, medikoa, Ducal, jendea trumilka. Goizetan ez dago aurrera egin dezakeenik Centralera bidean, beldar handi bat espaloian alderik alde bezala jendetza, harrapatzen duen guztia aurretik eramaten.

 

****************

 

      Sutu egiten naute Mercedesean dabiltzan birigarro hauek guztiek, letxetu egiten nau auto baten bozinak ere. Bart gauean, Cruzadan isilgailudun Magnum bat salgai zuen morroi bat ikustera joan nintzen, eta kalea zeharkatzen ari nintzela, han inguruko klub pijo batera tenisean jokatzera joana zen tipo batek jo zuen bozina. Nik neure gauzetan nuen burua, Magnuma eta, bozinak jo zuenean. Autoa astiro zetorrela ikusi eta geldi-geldi geratu nintzen.

      Hi! Zer duk? egin zidan oihu.

      Gaua zen eta ez zebilen inor inguruan. Zuriz jantzita zihoan. Haizetakoaren kontra egin nuen tiro, gehiago beira izorratzeko bera jotzeko baino. Kolpetik arrankatu zuen, ni harrapatzeko asmoz, edo ihes egiteko, edo biak. Baztertu egin nintzen, eta han igaro zen autoa, gurpilak orroka galipot gainean. Aurreraxeago gelditu zen. Hurreratu egin nintzen. Tipoa burua atzerantz zuela zegoen, aurpegia eta soina hamaika kristal izpiz josia. Odoletan zegoen, zauria zuen lepoan, eta arropa zuria gorriz zikindua zuen erabat.                  

      Jiratu egin zuen burua, aulki gainean zuen, begiak zabal-zabalik, beltz, eta zuriak urdin esne itxurakoa zirudien, jabutikaba barrutik bezalakoa. Eta begiak hala ikusi nizkiolako, urdinxkak, esan nion —hi, hil behar duanez, nahi duk errukizko tiroa ematea? 

      Ez, ez, mesedez, esan zidan nekez.

      Leiho batean gizon bat ikusi nuen, neuri so. Gorde egin zen hara begiratu nuenean. Poliziari deitua izango zen.

      Cruzadarantz itzuli eta oinez joan nintzen, lasai. Ez zen ideia aldrebesa izan haizetakoa haustea Mercedes hari. Tiro bat jo behar nion kapotean eta bestea ate banatan, txapistak eskertuko zuen.

 

****************

 

      Magnumzalea itzulia zen. Ea, hogeita hamar aza horiek. Jarri itzak hemen, sekula santan lanik ikusi ez duen esku honetan. Zuria zuen eskua, leuna, baina nirea orbainez betea zegoen, gorputz osoa daukat orbainez, berdela ere orbainez berdea daukat.

      Irrati bat ere erosi nahi dut, esan nion trapitxeroari. 

      Irratiaren bila joana zela, zorrotz aztertu nuen nire Magnuma. Ondo koipeztatua, kargatuta. Isilgailua eta guzti, kanoi bat zirudien.

      Trapitxeroa pilaz zebilen irrati bat zuela itzuli zen. Japoniarra duk, esan zidan.

      Piztuzak, entzun nahi diat.

      Piztu egin zuen.

      Ozenago, eskatu nion.

      Bolumenari eman zion.

      Puf. Lehenbiziko tiroan hil zela uste dut. Baina bi aldiz gehiagotan eman nion, puf, puf, entzuteko besterik ez.

 

****************

 

      Eskola zor didate, maitea, diskogailua, errespetua, Vieira Fazenda kaleko txiribogako mortadela otartekoa, izozkia, futboleko baloia.

      Telebista aurrean geratzen naiz, gorrotoa handitzeko. Sumina apaltzen doakidanean, eta zor didatena kobratzeko gogoa galtzen dudanean, telebista aurrean jesarri eta luze gabe, gorrotoa datorkit. Gustura txikituko whiski iragarki hori egiten duen morroia. Hain apaina, hain goapoa, hain sanforizatua, ilehori distiratsu horri helduta, izotz koskor batzuk bota edalontzian eta irribarre horrekin, hortz guztiak agerian, sendo eta benetakoak, gustura harrapatuko nuke eta ahoa labana batez arraildu, alde bietan, belarriraino, eta hortz guztiak hor geratuko ziren kanpoan, kaskezur haragi-koloreko irribarre horrekin. Eta horra non dagoen orain, irriz, eta musu ematen dio gero ilehoriari ahoan. Ezagun du presa duela gizonak.

      Ia prest daude nire arma guztiak: Magnuma isilgailuaz, Colt Cobra 38koa, labana bi,12ko eskopeta, 38ko Taurus errebolberra, sastakaia eta aihotza. Aihotz ukaldi bakar batez moztuko diot burua norbaiti. Zineman ikusi nuen, Asiako herrialde horietako batean, artean ingelesen garaian. Erritua zera zen, animalia bati kolpe bakar batez lepoa moztea, uste dut bufaloa zela. Ofizial ingelesak presidentzian, deseroso samar, baina burumoztaileak abilak ziren benetan. Kolpe bat eta animalia buru hori bilin-balauka,odola zeriola.

 

****************

 

      Kalean harrapatu ninduen emakume baten etxean. Diost akademia batean ikasten duela gauetan. Badakit zer den hori, nire eskola munduko eskolarik gauekoena zen, hain txarra, ze gaur egun ez dago. Eraitsi egin zuten. Baita hura zegoen kalea ere,eraitsia. Zer nabilen galdetu dit, eta poeta naizela esan diot, eta hori egi-egia da. Neure poema bat errezitatzeko eskatu dit. Horra ba: Aberatsek berandu oheratzea maite dute/ zergatik eta badakitelako langileak goiz oheratzen direla goiz jaikitzeko/ Ez da beste aukera bat baino bestelakoak direla agertzeko:/ bizkarroiarena jo,/ gutxietsi ogia irabazteko izerdia bota behar dutenak,/ lo egin berandu,/ arratsalde / hurrengo egunera / beharrik / beranduegi arte.

      Eten egin nau, jakin nahi du gustuko dudan zinema. Eta poema? Ez du ulertzen. Segi egin dut: Bazekien samban dantzan eta maitemintzen / eta zilipurdika ibiltzen zoru gainean / ez luzaroan. / Haren aurpegiko izerditik ez zen ezer egin. / Berarekin hil nahi nuen, / baina hori beste egun batean izan zen,/ benetan beste egun batean, / Iris zineman, Carioca kalean / Operako mamua/ Tipo beltz bat, kartera beltza, muturra ezkutuan, / eskuan zapi zuri orbangabea, / esku-sartzen ikusleei;/ sasoi hartan, Copacabanan / abizenik ere ez zeukan beste batek / zinemetako komunetako txixa edaten zuen / eta haren aurpegia berdea zen, ez ahazteko modukoa. / Historia hildako jendez betea dago / eta etorkizuna hilko denaz / Sufritzen ari dela uste duzu? / Gogorra da, eutsiko dio./ Ahula balitz ere, eutsiko lioke./ Orain, zuk, ez dakit./ Hainbeste denbora eman duzu plantak egiten, zaplastekoka eta oihuka, gezurretan ibili zara / Nekatuta zaude, / bukatu duzu / ez dakit zer den bizirik mantentzen zaituen hori.

      Ez zekien ezer poesia kontuez. Bakarrik zegoen nirekin eta ezaxolati agertu nahi zuen, aharrausi etsiak egiten zuen. Emakumeen betiko amarrua.

      Beldurtu egiten nauzu, aitortu zuen azkenean.

      Atso ostia honek ez dit ezer zor, pentsatu nuen, bere pisutxoan estu bizi da, begiak puztuta narraskeria lepo edanda eta pija kontuak leituta Vogue aldizkarian.

      Hiltzea nahi duzu?, galdetu nion txanbileko whiskia edaten genuen artean.

      Zuk niri larrua jotzea nahi dut, barre egin zuen, zalantzaz.

      Nik hura hil? Ez nuen sekula inor ito neure eskuez. Ez zen itxurosoa, ezta dramatikoa ere inor eskuez itotzea; kaleko borroka baten antzeko zerbait litzateke. Hala ere, norbait itotzeko gogoa nuen, baina ez hura bezalako gajo bat. Inorrez batentzat, tiro bat nahikoa kokote zuloan?

      Horri bueltaka nabil azkenaldian. Erantzi egin zen: bular zimel eta txepelak; titi-puntak, baten  batek zapalduta moduko mahaspasa handi batzuk; izterrak, bigunak, zelulitis poltsekin, usteldutako fruitu zatiz galdutako gelatina.

      Hotzikaraz nago, esan zuen.

      Haren gainean etzan nintzen. Lepazamarretik heldu zidan, ahotik, haren mihia nire ahoan, dariola zegoen alu bero eta usaintsu bat.

      Txortan egin genuen.

      Orain lo dago.

      Pertsona zuzena naiz.

 

****************

 

      Egunkariak irakurri ditut. Ez da inon ageri Cruzadako trapitxeroaren hilketaren berririk. Teniserako arropak zituen Mercedeseko jauntxiloa Miguel Couton hil zen eta hara non dioten Boca Larga bandidoak egin ziola eraso. Barre egitekoa da.

      Poema bat idatzi dut, izen hau du, Haurtzaroa edo Matxanaren Usain Berriak U-rekin: Hemen naiz berriro / Beatlesak entzuten /Radio Mundial-en/ gaueko bederatzietan/ martiri deunarena izan zitekeen/ eta zen/ gela batean./  Ez nuen bekaturik egin/ eta ez dakit zergatik zigortzen ninduten/ errugabea nintzelako ala ergela?/ Dena den / zoruak han jarraitzen zuen/ murgil egiteko prest./ Dirurik ez dagoenean/ komeni da giharrak izatea/ eta gorrotoa.

      Egunkariak irakurtzen ditut,  jakin nahi dut zer jaten, edaten duten, zertan dabiltzan. Luze bizi nahi dut denak hiltzeko astia izateko.

 

****************

 

      Kaletik, Vieira Soutoko jaia ikusten dut, emakumeak soineko luzez, gizonak beltzezko. Astiro noa, kalean batetik bestera; ez dut susmagarri agertu nahi, eta praka barruan bernari lotuta daramadan aihotzak ez dit ondo ibiltzen uzten. Elbarria dirudit, elbarri moduan ikusten dut neure burua. Adinez tarteko andre-gizon batzuk ondotik pasa eta pena aurpegiz begiratzen didate; neuk ere halaxe sentitzen dut neugatik, herren, eta hanka minez dut.

      Espaloitik, zerbitzariak ikusten ditut, frantses xanpaina zerbitzen. Jendeak maite du frantses xanpaina, frantses arropa, frantses hizkuntza.

      Bederatzietatik nengoen bertan, aurretik pasatu nintzenetik, armaz ondo hornituta, neure burua zoriari eta halabeharrari emana, eta neure aurrean sortu zen festa. 

      Etxe aurreko parkingak agudo bete ziren guztiak, eta bertaratukoen autoak inguruetako karriketan utzi behar izan ziren. Bat jo nuen begiz, gorria zen, sasoiko bi andra-gizon zeuden barruan, dotore biak. Oinez, elkarri hitzik egiteke egin zuten eraikinerainokoa; gizona, ttattarra ondo jartzen; emakumea, soinekoa eta orrazkera atontzen. Ongi-etorri beroa espero zuten, baina espaloitik ikusi nuen gainerakoak bezalaxe hartu zituztela, zera handirik gabe. Jendea joaten da ilea apaintzera, jostunarena, masaje-aretoetara, baina ispiluak baino ez die ematen jaietan, espero duten arreta.Ikusi nuen emakumea bere soineko urdin hegaldunarekin, eta ahopean neure artean —nik emango dinat merezi dunan arreta, zeozergatik jantzi ditun pantaloirik onenak, eta joan haiz hainbestetan jostunarena eta eman dun hainbeste krema azalean eta bota dun gainetik hain lurrin garestia—. 

      Azkenak izan ziren irteten. Ez zebiltzan lehen bezain sendo eta eztabaidan ari ziren, ahotsa lodi, nahasi. Gizonezkoa autoko atea zabaltzen ari zela heldu nintzen beren parera. Herrenka nentorren eta tipoak begirada arin bat baino ez zidan egin, ea nor nintzen, eta zera izan, arriskurik ez zuen elbarri gizajo bat.  

      Gibelaldean jarri nion pistola.

      Egin esandakoa edo biok garbituko zaituztet.

      Ez zen samurra izan atzeko aulkian sartzea zango zurrun harekin. Erdi etzanda geratu nintzen, pistola haren buruari begira. Barra de Tijucarantz jotzeko agindu nion. Aihotza galtza barrenetik atera nuen esan zidanean har ezak diru guztia eta autoa eta laga hementxe. Hotel Nacionalaren parean geunden. Barrez lehertzekoa. Pasatua zitzaion melangoa eta azken whiski bat hartu nahi zuen bide batez poliziari kontatzeko telefonoz. Ai, badago jendea uste duena bizitza festa dela. Recreio dos Bandeirantesen aurrera jo genuen, hondartza huts bateraino. Jauzi egin genuen. Piztuta utzi nituen autoko argiak.

      Guk ez dizugu ezer egin, esan zuen gizonak.

      Ezetz? Barrez lehertzekoa. Gorrotoa sentitu nuen belarri barruak hartzen, ahoa, nire gorputza osorik, ozpin eta malko zaporea.

      Esperoan dago, esan zidan emakumeari begira, gure lehenbiziko haurra izango da.

      Emakume lirain haren tripa aldera begiratu eta errukiorra izatea erabaki nuen, eta esan nuen puf, hantxe, haren zilborrak egon behar zuen tokian, eta fetoa garbitu nuen. Muturrez aurrera erori zen emakumea. Pistola lokian jarri eta meazulo baten pareko zuloa utzi nion.

      Gizonak ez zuen mutik esaten, diru-kartera eskuan, luze. Kartera hartu, airera bota eta beheraka zetorrela, han jo nuen orpoz, ezkerrez, eta to, lekutara.

      Neurekin neraman lokarri batez estutu nizkion eskuak.Oinak gero.

      Belauniko, esan nion.

      Belauniko jarri zen.

      Auto-argiek biltzen zuten gizona. Haren ondoan belaunikatu nintzen neu ere. Ttattarra kendu nion, eta alkandorako lepokoa tolestu kokote aldea garbi gera zekion.

      Makurtu burua, agindu nion.

      Makurtu egin zuen. Goratu nuen aihotza, esku biez sendo, izarrak ikusi nituen zeruan, gaua handi, ortze mugagabea eta neure indar guztiez utzi nuen jausten aihotza, altzairuzko izar, lepazamarraren erdian. Burua ez zen erori, eta jaikitzen ahalegindu zen, oilo tontotu bat sukaldari baldar baten eskuetan nola. Beste kolpe bat eman nion, eta beste bat, eta beste bat, baina buru hori ez zela erortzen. Edo zorabiatuta zegoen edo buru madarikatu hura lepoari lotuta zuela hil zen. Autoaren lohi-babesaren kontra bultza egin nion. Orduantxe geratu zitzaion lepoa ondo. Heriotzaren jauzia egitera doan atleta bat banintz bezala kontzentratu nintzen. Aihotzak bere bide mozlea airean zirzirka egiten ari zela, jakin nuen lortuko nuela nahi nuen hura. Taka! Burua hondar gainean jauzika erori zen. Alfanjea altxatu eta deiadar egin nuen: Salbe, Kobratzaile hori! Hitza ere ez zen orroa egin nuen, ulu luze eta sendoa, inguruetan zebiltzan piztia guztiak izutu eta joan zitezen handik. Ni noan tokian, urtu egiten da galipota.

 

****************

 

      Kutxa beltz bat besapean. Mihia baldar, iturgina naizela diot, berrehun eta bat apartamentura noala. Atezainari grazia egiten dio nire mihi espartzuzkoak eta gora joateko diost. Azken solairutik hasi naiz. Linterneroa naiz (mihia ondo orain), konponketa egitera nator. Zirrikitutik, bi begi: inork ez dio linterneroari deitu. Zazpigarrenera jaitsi naiz; beste horrenbeste. Lehenbizikoan baino ez dut zorterik izan.

      Neskameak atea zabaldu eta barrurantz dei egin du: iturgina da! Neska gazte bat agertu da, kamisoi hutsean, azkazaletako esmalte pototxoa eskuan, polita, hogeita bost bat urte izango ditu.

      Okerren bat dago, ez dugu iturginik behar.

      Cobra atera dut kutxatik. Behar duzue behar duzuenez. Eta geldirik, ez baduzue nahi biok hiltzea. Bada beste inor etxean?

      Senarra lanean zen eta umea eskolan. Neskamea lotu eta esparadrapoaz itxi nion ahoa. Etxekoandrea bere gelara eraman nuen.

      Erantzi hadi.

      Ez nauk erantziko, esan zidan burua harro.

      Dena zor didate, jarabea, galtzerdiak, zinea, azpizuna, alua, arin, ostia. Muturrekoa eman nion. Ohe gainean erori zen, aurpegialdea gorri. Ez nion tiro egin. Kamisoia kendu nion, pantaloiak gero. Ez zeraman sostenik. Hankak zabaldu nizkion, nire belaunak haren izter gainean. Zarpa zarratu eta beltza zuen. Begiak itxi zituen eta ez zuen zirkinik egin. Ez zen erraza izan oihan ilun hartan sartzea. Sarrera estua eta lehorra zen. Makurtu, bagina zabaldu eta ttu egin nuen hara barrura, karkaxa lodia. Hala ere ez zen erraza izan. Haragi gorritan sentitu nuen zakila. Intzirika hasi zen barruraino sartu nionean, nire indar guztiz. Kanpora eta barrura nenbilela, bularren gainetik pasatzen nion mihia, belarritik, lepotik eta uzki gainean nenbilkion atzamarrarekin, suabe, sabel gainean ere laztanka. Bustitzen hasia zitzaidan buztana baginako lirdingarekin, epel eta lodi ordurako. Beldurrik ez zidanez, edo hala zidalako, neu baino lehenago korritu zen. Artean ateratzen ari zitzaidanarekin, biribil bat egin nion sabel bueltan.     

      Ea hurrengoan ez diozun linterneroari aterik zabaltzen, esan nion joan baino lehen.

 

****************

 

      Vizconde de Maranguapeko aterpetik atera naiz. Zulo bana hagin bakoitzean Dr. Lustosak argizariz betea/ aurreko hortzez murtxikatu/ laputa a ze argazkia aldizkarirako / ostutako liburuak./ Hondartzarantz noa.

      Bi emakume harea gainean hizketan; bata eguzkiak belztuta dago, zapia darama buruan; bestea oso zuri dago, gutxitan etorriko da hondartzara; biek dute gorputz ederra; zurbilaren sabela inoiz ikusi dudan ederrena da. Gertuan jarri eta begira geratu natzaio. Konturatu egin dira, eta higitzen hasi dira, gauzak esaten gorputzarekin, mugimendu tentagarriak egiten atzearekin. Hondartzan, denok gara berdinak; gu, izorratuak, eta berak. Areago, geu irabazten, ez baitugu bizkarroien zilbotik ez ipurmami bigunik. Gustuko dut axalxuri hori. Eta antza, hala naiz ni harentzat  ere, zeharka dut begira. Barre eta barre ari dira, hortzak erakusten. Elkar agurtu eta zurbila Ipanemarantz doa, oinak uretan. Hurreratu egiten natzaio, haren aldamenean noa, ez dakit zer esan.

      Lotsatia naiz, hainbesteko egurra jasoa naiz izan ere bizitza honetan, eta neskaren ilea zaindua eta fina da, gora samar du bularra, titiak txikiak, izterrak sendoak, moldeatuak, gihartsuak, eta ipurdia berriz, bi hemisferio mardulez osatua. Dantzari gorputza.

      Balleta ikasten dun?

      Ikasi nian, diost.

      Irri egiten dit. Nola izan lezake norbaitek hain ahoalde polita? Hortzez hortz mihiztu nahi diot ahoa. Hemen aldean bizi haiz?, galdetu dit. Bai, diotsat. Gezurra. Etxe bat erakutsi dit hondartzan, dena marmolezkoa.

 

****************

 

      Vizconde de Maranguapera bueltan. Denbora-pasa nabil, axalxuriaren etxera joateko unea heldu arte. Ana du izena. Gustatzen zait Ana. Ana, palindromikoa. Harri berezi batean zorrozten dut aiztoa. Egunkariek dezenteko tartea eman diote Barran hil nuen bikoteari. Neska Segipen edo Piauin gosekilei osten aberasten diren putaseme horietako baten alaba zen, gero Riora etortzen diren horietako batena. Orduan seme-alaba muturzapalek ez dute azenturik, ilea horiz tindatzen dute eta holandarren ondorengoak direla diote.  

 

      Gizarte gaietako kronikagileak harri eta makila eginda zeuden. Garbitu nuen bikotetxo hura Parisera irtetekoa zen. Ez dago segurtasunik kaleetan, zioten egunkarietako lerroburuek. Barrez lehertzekoa. Galtzontzilloak airean bota eta kolpetik ebakitzen saiatu nintzen, filmean Saladitok (zetazko oihal batez) egiten zuen bezala.

      Dagoeneko ez dute lehen bezalako zimitarrarik egiten,/ hekatonbea naiz/ ez zen ez Jainkoa ez Deabrua/ mendekari bihurtu ninduena/ Ni neu izan nintzen/ Ni naiz Zakil-Gizona/ Kobratzailea naiz.

      Clotilde andrea azken hiru urtetik hona datzan gelara noa. Clotilde andrea txapitulapearen jabea da.

      Nahi duzu erratza pasatzea gelan?, galdetu diot.

      Ez, laztana. Trinevral injekzioa jartzea besterik ez dut nahi joan aurretik.

      Irakiten jarri dut xiringa, injekzioa prestatu dut.Clotilde andrearen ipurdia arroz-paperezko hosto zimur zahar bat bezain lehor dago.

      Horixe da parean etortzea, laztana. Jainkoak bidali zaitu, dio Clotilde andreak.

      Clotilde andreak ez du ezer, lasai asko jaiki liteke eta supermerkatura joan. Buruan du gaitza horrek. Eta etzanda hiru urte eman eta gero, txixa eta kaka egitera besterik ez da altxatzen, ez du indarrik ere izango gaixoak.

      Gutxien esperotako batean, tiroa emango diot kokoteko zuloan.

 

****************

 

      Gorrotoa asetzen dudanean, halako garaipen zera batek hartzen nau, poz handi bat da, dantzarako gogoa ematen didana —oju txikiak egiten ditut, itxurarik gabeko sarramuskak, gertuago musikatik poesiatik baino, eta nire oinek labain egiten dute behegainean, nire gorputza oihuz eta jauziz eginiko erritmo batean astintzen da, basati bat naiz, edo tximino bat—.

      Nigan agindu nahi duenak, nahi izango du, baina hil egingo da. Amorratzen nago bere zakur irabazlearen mutur aitatiarra telebistan erakusten duten figura horietako bat akabatzeko, hainbeste kabiar eta xanpain edanda odola loditutako horietako bat. Jan kabiarra/ hire ordua laster duk. Hogei urteko neskatxa bat zor didate, hortzez eta lurrinez betea. Marmolezko etxekoa? Sartu orduko zain dut, egongelan eserita, geldirik, zirkinik ez, ilea ezin luzeago, aurpegia zuri, argazki bat dirudi.

      Kanpora goazan, diotsat. Ea autorik ekarri dudan galdetu dit. Ez dudala autorik erantzun diot. Berak badu. Zerbitzuko igogailutik jaitsi eta garajera atera gara. Puma baten sartu gara, kabrioleta da.

      Handik laburrera, ea gidatzen utziko didan galdetu diot, eta tokia aldatu dugu. Ondo iruditzen Petropolisera?, diot. Elkarri hitzik egin gabe egin dugu mendian gora, bera begira dut. Petropolisera iritsi garenean, jatetxe batean geratzeko eskatu dit. Ez dudala semaikorik esan diot, goserik ere ez. Berak biak ditu. Presaka batean jaten du, edozein unetan platera kentzeko beldurrez balego bezala. Aldameneko mahaian, mutil talde bat dago, zurrutean eta oihuka, ostiraletan igotzen diren exekutibo gazteak, eta apain-apain egindako madamearekin egon aurretik edaten dutenak, bai kartetan ibiltzeko edo txutxu-mutxuka aritzeko ardo eta gazta dastaketan dabiltzan artean. Gorroto ditut exekutiboak. Bukatu duenean, diost, zer egingo dugu orain? Buelta, diost, eta mendian behera goaz, tximista baten pare gidatzen ni, niri begira bera. Vizconde de Maranguape kalean geratu naiz. Hemen bizi haiz? Hitzik esateke atera naiz. Atzetik datorkit. Noiz ikusiko haut berriz? Sartu, eta eskaileretan gorantz noala, martxan jarri den autoaren hotsa entzun dut.  

 

****************

 

      Top Executive Club. Relax unerik onena merezi duzulako, txeraz eta elkar ulertze egokienaz. Esperientzia handiko masajistak. Dotorezia eta diskrezioa. 

      Helbidea hartu eta lokalerantz noa, Ipaneman dagoen etxe bat. Gizona atera arte itxaroten dut. Errauts koloreko jantzita dator, lepoa sendo, kartera beltza, zapata distiratsuak, ilea lisatua. Paper bat atera dut poltsikotik, helbide baten bila ariko banintz bezala, eta atzetik noakio autoraino. Kabroi hauek beti giltzatzen dute atea, badakite mundua lapurrez betea dagoela, beraiek ere badira, baina inork ez ditu atxilotzen. Autoa zabaltzen duen artean sabelean sartu diot errebolberra. Bi gizon elkarrekin hizketan, ez da atentzioa ematekoa. Errebolberra atzean jartzeak izu handiagoa eragiten du, baina ez da egin behar inor gabeko tokietan besterik.  

      Hago geldirik, edo berunez beteko diat sabel exekutibo hori.

      Barne aldetik etorritako zorri piztu handinahiaren aire nazkagarri eta, era berean, arrunt hori du, gizarte-kronikek liluratua, hauteslea, inbertsorea, katolikoa, ikastarogilea, abertzalea, pribilegiozalea, jantxakurra, seme-alabak Unibertsitate Pontifiko Katolikoan ikasten, emaztea etxebarruetako dekoraziora emana eta boutique bateko bazkide.

      Ea, exekutibotxo, zer egin dik masajistak? Idiarena jo dik ala zurrupatu egin dik?

      Beno, zu gizonezkoa zara, badakizu gauza hauetaz. Exekutiboaren hitzak taxi-gidariarekin edo igogailuko mutilarekin. Batucatutik Diretoriaraino, sinetsita dago krisi egoera guztiei egin diela aurre. 

      Ze gizonezko eta zer arraio, diotsat goxo, ni Kobratzailea naiz.

      Kobratzailea!, egin dut deiadar.

      Trajearen koloreko jartzen hasi da. Burutik nagoela uste du, orain arte ez du erorik ezagutu bere aire egokitutako bulego madarikatuan.

      Goazen hire etxera, diotsat.

      Ez naiz hemen bizi, Rion, Sao Paulon bizi naiz, dio. Kuraia galdua du, baina ez trebezia. Eta autoa?, diotsat. Autoa? Ze auto? Rioko matrikula duen hori? Emaztea eta hiru seme-alaba ditut, gaia aldatu nahi du. Zer da hau? Barka-eskea, seinalea, habeas corpusa, salbokonduktoa? Autoa gerarazi diot. Puf, puf, puf, tiro bana seme-alaba bakoitzeko paparrean. Emaztearena, buruan. Puf.

 

****************

 

      Marmolezko etxeko neska ahazteko, zabortegira noa futbolean ibiltzera. Hiru orduren ostean, txikitu egin dizkidate ostikoek bernak, handitua dut ezker oineko behatz lodia, hautsia beharbada. Zelaiaren bazter batean eseri naiz. O Dia irakurtzen ari den mulato baten alboan. Lerroburuak irakurri nahi ditut, egunkaria eskatu diot. Tipoak diost, leitu nahi baduk, zergatik ez duk bat erosten? Ez naiz haserretzen. Hortz gutxi du, bizpahiru oker eta ilun. Tira, ez gaituk horregatik haserretuko. Bi saltxitxa otarteko eta bi Coca-Cola erosi ditut. Erdia eman eta orduan utzi dit egunkaria. Lerroburuak dio: Polizia Magnumaren eroaren bila. Egunkaria itzuli diot, ez du nahi, irribarre egiten dit aurreko hortzekin mastikatzeari utzi gabe, edo hobe esanda, aurreko hortzoiekin, hainbeste erabilita, labanak bezain zorrotz ditu. Egunkariko albistea: Hegoaldeko jende handia prestaketak egiten ari da urteroko Eguberri Dantzarako —Inauterietako Lehenbiziko Oihua—. Dantza hogeita bostean hasi eta Urteberri egunean amaituko da. Argentinako lur-jabeak etorriko dira, Alemaniako oinordekoak, estatubatuar artistak, japoniar exekutiboak, bizkarroien nazioartekotza. Eguberria festa bihurtu da. Edana, eromena, orgia, zarrastelkeria.

      Inauterietako Lehenbiziko Oihua. Barre egitekoa. Grazia dute tipo hauek…    

      Zoro batek Niteroi zubitik jauzi egin eta hamabi orduz egin zuen igeri salbamenduko lantxa batekin topo egin arte. Eta ez zuen burutik beherakorik ere harrapatu. Berrogei nagusi hil dira zahar-etxe bateko sutean, familiek ospatuko egingo dute.

 

****************

 

      Jarri berri diot injekzioa Clotilde andreari atea jo dutenean. Ez du inork txirrinik jotzen txapitulapean. Neuk egiten ditut errekaduak, neuk txukuntzen dut. Clotilde andreak ez du senitartekorik. Balkoitik begiratu dut. Ana Palindromikoa da.

      Kalean solastatzen gara. Nigandik ihesi habil, ala?, galdetu dit. Gutxi gorabehera, diotsat. Txapitulapera igo gara biok. Clotilde andrea, hemen nago, neska batekin. Igo dezaket gelara? Egin nahi duzuna, laztana, etxea zeurea da; baina ikusi nahi nuke.

      Tente geratu gara biok, ohe ondoan. Clotilde andrea Anari begira egon da luzaroan. Beteta ditu begiak. Gauero egin izan dut otoitz, honelakoxe neska bat topa zenezan. Azala zintzilik duten besoak altxatu, eskuak elkartu eta dio: Jainko maitea, nola eskertzen dizudan!

      Neure gelan gaude, zutik biok, aurrez aurre, poeman bezala, eta biluztu egiten dut, eta berak ere bai ni, eta haren gorputza hain da ederra, estutasuna sentitu dut eztarrian, malkoak aurpegian, begiak sutan, nire eskuek dardara egiten dute, eta etzanda gaude orain,

      bata besteari lotuta, intzirika,

                                    eta gehiago, eta gehiago, ahoa ezinago zabal duela egiten du deiadar, hortzak zuri, elefante gazte batenak bezalakoak;

                                   ai, ai, maite dut zure obsesioa, oihuka bera,

      ura eta gatza eta ostiak etengabean

                                                                                      gure gorputzean dariola.

 

      Orain, askoz geroago, etzanik biok, hipnotizatuta harik eta elkarri begira ilundu eta gure aurpegiek iluntasunean dirdira egiten duten arte. Eta haren gorputzeko lurrinak logelako hormak zulatzen. Ni baino lehenago itzartu da eta argia piztuta dago. Poesiako liburuak baino ez dituk?

      Eta arma hauek guztiak, zertarako? Armairutik Magnuma hartu eta, azal zuria eta altzairu beltza, apuntatzen dut. Ohean eseri naiz.

      Tiro egin nahi didan? Egin lasai, atsoak ez din entzungo. Baina goraxeago. Atzamar muturraz neure bekoki parera igo dut kanoia. Hor ez din minik ematen.

      Hil duk inoiz inor? Pistola neure buruari begira du.

      Bai.

      Eta, gustatu?

      Gustatu zitzaidanan, bai.

      Zer sentitu huen?

      Halako lasaitu bat.

      Gu biok ohean bezala?

      Ez, ez, beste gauza bat dun. Kontrakoa.

      Nik ez diat beldurrik, dio Anak.

      Ezta nik ere hiri. Maite haut.

      Egunak argitu arte mintzatu gara. Sukar moduko batek hartu nau. Clotilde andrearentzat kafea egin eta ohera eraman diot. Anarekin noa, diotsat. Jainkoak nire erreguak entzun ditu, dio atsoak zurrut eta zurrut artean.

 

****************

 

      Hogeita lau egun ditu abenduak gaur, Eguberriko Dantza edo Inauterietako Lehenbiziko Oihua. Ana Palindromikoak bere etxetik alde egin eta nirekin bizi da. Bestelakoa da nire gorrotoa orain. Eginbehar bat daukat. Beti izan dut eginbehar bat eta jakin ere ez dut egin sekula. Orain badakit. Anak lagundu dit ikusten. Badakit izorratu guztiek nik egiten dudan gauza bera egingo balute, mundua askozaz bidezkoagoa litzatekeela. Anak lehergailuak egiten erakutsi dit eta uste dut prest nagoela maila aldaketarako. Bata bestea hiltzen ibiltzea gauza mistikoa da, eta ni libratu naiz hortik. Eguberriko Dantzan, ahal ditugun guztiak hilko ditugu, lege zaharrean. Nire azken keinu erromantiko aldabera izango da. Aldi berriari ekiteko, hegoaldeko supermerkatu bateko kontsumista nazkagarriak hautatu ditugu. Indar handiko bonba batek hilko ditu. Adio aihotzari, dio aiztoari, errifleari, nire Colt Cobrari, Magnumari, gaurkoa izango dut akabukoa. Pot eman diot aiztoari. Gaur lehergaiak erabiliko ditut, jendea lehertuko dut, izena lortuko dut, ez naiz gehiago izango Magnumaren zoroa bakarrik. Orobat, ez naiz aterako Flamengo parkera arbolei begira,enborrei, sustraiei, hostoei, itzalari, neuretzat nahi nukeen arbola aukeratu ezinik, beti nahi izan dudan arbola, zapalduko lur zatitxo bat. Ikusi egin bainituen parkean hazten, eta poztu egiten nintzen euria zenean eta lurra busti egiten zenean, euriak garbitutako hostoak, haizea adarrak dantzarazten, jende gaiztoaren autoak arin baino arinago zihoazela, barrukoak begiradarik bota gabe alboetara. Ez dut denbora ametsetan galtzen.    

      Mundu guztiak jakingo dik nor haizen hi, nor garen gu, dio Anak. Albistea: Gobernadorea Aita Noel jantziko da. Albistea:Jai gutxiago eta meditazio gehiago, goazen gure bihotza garbitzera. Albistea: Ez da garagardo faltarik izango. Ez da indioilar faltarik izango. Albistea: Eguberri jaiek aurreko urteetan baino trafiko istripu eta eraso gehiago eragingo dute. Polizia eta ospitaleak prest dira Eguberri jaietarako. Kardinala telebistan: Eguberri jaia desitxuratua izan da, haren esanahia ez da hau, Aita Noelen kontu hau asmakizun triste bat da. Kardinalak dio Aita Noel asmatutako pailazoa dela. Eguberri bezpera egun egokia da jendeak zor duena ordaintzeko, dio Anak. Dantzako Aita Noela neuk hil nahi dut, diot, aizto ukaldiz. Zer idatzi dudan irakurri diot Anari, Eguberrietako gure mezua egunkarietarako. Kontua ez da ez si eta ez no, helburu jakin gaberik jendea hiltzea. Orain arte ez dut jakin zer nahi nuen, ez naiz emaitza praktiko baten bila ibili, alferrik galtzen aritu naiz nire gorrotoa. Bulkadetan, ez naiz oker ibili, baina nire hutsa beste bat izan da, ez jakitea nor zen etsaia eta zergatik. Orain badakit. Anak erakutsi dit. Eta nire bideak beste batzuena izan behar luke, horrela baino ez dugu aldatuko mundua. Hona hemen Eguberrietako gure mezuaren sintesia. Armak maleta batean sartu ditut. Anak nik bezain ondo tiratzen du, gauza da ez duela aiztoa nik bezain ondo dantzatzen, baina dagoeneko, arma hau zaharkituta geratu da. Agur diotsagu Clotilde andreari. Autoan sartu dut maleta. Eguberri Dantzara goaz. Ez da ez garagardorik ez indioilarrik faltako. Ezta odolik ere. Hemen itxiko da ziklo bat nire bizitzan eta beste bat hasiko.

 

KOBRATZAILEA
Rubem Fonseca

O Cobrador, 1979
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2020