![]() |
GEZURRETAKO NEGROA Head jaunak ilargiz betea aurkitu zuen gela esnatu zenean. Eserita jarri eta zoruko oholak —zilarraren kolorekoak—jo zituen begiz, eta hurrena burko gaineko terliza, parpailaz egina ere izan zitekeena; handik istant batera ilargiaren erdia ikusi zuen beregandik bost bat oinera, bizarra egiteko ispiluan pausatuta, sartzeko baimen eske bezala. Biraka aurrera egin ahala, argi duintasun-emailez estaltzen zuen ukitzen zuen guztia. Paretaren kontra jarritako aulki zuzenak tente eta adi zirudien, agindu baten zain bezala, eta Head jaunaren galtzek, aulkiaren bizkarretik zintzilik, itxura noblea zuten ia, itzal handiko gizon batek zerbitzariari bota berri liokeen jantziak balira bezala; ilargian ageri zen aurpegiak, ordea, seriotasuna islatzen zuen. Begiratua gelaren beste aldera eta leihotik kanpora zuzenduta zeukan, eta irudi zuen zalditegiaren gainean airean ibili ondoren atzera bere buruari begira jartzen zela, zahartzaroa aurrez aurre dakusan gizon gaztearen begiekin. Head jaunak esan ziezaiokeen adina dohain zoragarria dela, eta urteen poderioz soilik iristen dela gizona bizitzaren ulermen barezko sasoira, zeinak gazteentzako gidari egoki bihurtzen baitu. Halaxe izan zen, behinik behin, bere eskarmentuan. Ohearen oinaldeko burdin barrei oratuz, bere burua altxatu zuen, aulkiaren ondoan eta buruz behera jarritako balde baten gainean zegoen iratzargailuan aurpegia ikusi ahal izan zuen arte. Goizeko ordu biak ziren. Iratzargailuaren alarma ez zebilen, baina berak ez zuen inongo baliamendu mekanikoren beharrik iratzartzeko. Hirurogei urtek ez zuten haren erantzunik moteldu; erantzun fisikoak, moralak bezalaxe, haren borondate eta izaera sendoen agindupean zeuden, eta irmotasun hura garbi antzematen zitzaion hazpegietan. Aurpegi luzea zuen, ia hodi formakoa, eta kokotsa luzea eta irtena; sudurra, berriz, luzea eta barrurantz sartua. Erneak izanagatik begi bareak zituen, eta ilargite miragarri hartan neurritasun eta jakituria zaharrez beteak ageri ziren, haien jabea gizonen gidari handien leinukoa balitz bezala. Virgilio izan zitekeen, gauaren erdian Danteren aurrean agertzera deitua, edo are Rafael, Jainkoaren argi eztanda batek iratzarria, Tobiasen albora hegalda zedin. Gelako gune ilun bakarra Nelsonen lastaira zen, leihoaren itzalpean zegoena. Nelson saiheska kizkurtuta zegoen, belaunak kokotsaren parean eta orpoak ipurdi ondora bilduak. Haren traje eta kapela berriak bidali zituzten kaxen barruan zeuden, eta kaxak, berriz, lurrean, lastairaren oinaldean, iratzarri orduko eskuz iristeko moduan. Gau-ontzia, itzaletatik kanpo ilargitan elurra bezain zuri ageri zena, hura zaintzen zegoela zirudien, aingeru jagole txiki baten modura. Head jauna etzan egin zen berriz, argitzear zen egun hartako xede morala betetzeko gai izango zelako konfiantza osoan. Asmoa zuen Nelson baino lehen jaiki eta gosaria bideratuta izatekoa, hura esnatzen zenerako. Mutikoa gogaitu egiten zen Head jauna bera baino lehen jaikitzen zen bakoitzean. Lauretan irten beharko zuten etxetik, bost eta erdietarako trenbide lotunera iritsiko baziren. Trena bostak eta berrogeita bostean gelditzekoa zen han, eta garaiz iritsi beharra zeukaten, propio haiek hartzera gelditzekoa baitzen. Huraxe izango zen mutikoaren lehen bidaia hirira, nahiz berak esan bigarrena izango zuela, hirian jaioa zelako. Head jauna saiatu zen adierazten jaio zenean ez zuela bere nondik norakoak erabakitzeko entendimenturik, baina horrek ez zuen inolako eraginik izan mutikoarengan eta behin eta berriz jarraitu zuen esaten hirirako bigarren bidaia izango zuela hura. Head jaunarentzat hirugarrena izango zen. Nelsonek esan zuen “Dagoeneko hirian bi aldiz egona izango naiz eta oraindik ez ditut ezta hamar urte ere”. Head jaunak kontra egin zion. — Hamabost urtean ez bazara han izan, nola dakizu bidea aurkitzeko gauza izango zarela? —galdetu zion Nelsonek—. Nola dakizu ez dela zeharo aldatu? — Sekula ikusi al nauzu galduta? —galdetu zion Head jaunak. Nelsonek ez zuen, ez, aitona sekula galduta ikusi, baina erantzun lotsagabe bat eman artean lasai geratzen ez diren ume horietakoa zenez, erantzun zion: — Hemen ez dago non galdurik. — Egun batean —iragarri zion Head jaunak—, ikasiko duzu ez zarela uste duzun bezain azkarra. Hilabeteak zeramatzan bidaia hartan pentsatzen, baina gehienbat alderdi moralak kontuan hartuta antolatu zuen. Sekula ahaztuko ez zuen irakasbidea izango zen mutikoarentzat. Bidaia hari esker, ikasiko zuen ez zegoela harro egoteko arrazoirik, hirian jaioa izateagatik soilik. Ikasiko zuen hiria ez dela batere leku ona. Head jaunak nahi zuen mutikoak hirian ikusteko dagoen guztia ikustea, aurrerantzean etxean gelditzeko pozik egon zedin, bizitza osoan. Mutikoak uste bezain azkarra ez zela nola ikasiko zuen pentsatuz lokartu zen Head jauna. Hiru eta erdietan urdai frijituaren usainak esnatu zuen, eta salto batez jaiki zen bere ohatzetik. Nelsonen lastaira hutsik zegoen, eta arropa-kaxak lurrean botata eta irekita. Galtzak jantzi eta beste gelara joan zen korrika. Mutikoa artopil bat erretzen ari zen eta haragia frijituta zeukan ordurako. Mahaian eserita zegoen, erdi ilunpetan, pote batetik kafe hotza edaten. Soinean zuen traje berria, eta baita kapela gris berria ere, buruan oso behera sartua. Handiegi zeukan, baina propio eskatu zuten behar zuena baino neurri bat handiagoa, burua haziko zitzaiolakoan. Ez zuen deus esan baina bere itxura osoak ematen zuen aditzera pozik zegoela Head jauna baino lehen jaiki zelako. Head jauna sutondora joan zen eta zartagin txikian mahaira ekarri zuen haragia. — Ez dago presarik —esan zuen—. Nahikoa goiz iritsiko zara bestela ere, eta ez da gauza segurua behin hara iritsitakoan gustatuko zaizunik. Mahaiaren beste aldean eseri zen, mutikoaren parean. Honi atzerantz zihoakion kapela, pixkanaka, eta espresiorik gabeko aurpegi tinko bat ageri zuen, agurearenaren oso antzeko formakoa. Aitona eta biloba ziren, baina anaiak emateko moduko antza zuten, eta anaiak, gainera, adinean ez oso apartekoak. Izan ere, Head jaunak gazte baten espresioa zuen egun-argiz, eta mutikoak, aldiz, zahar begiratua zuen, ordurako den-dena jakin eta ahazteko desiratzen balego bezala. Garai batean Head jaunak emaztea eta alaba izanak zituen, eta ama hil zenean, alabak etxetik alde egin zuen eta handik aldi batera itzuli zen, Nelsonekin. Goiz batean, ohetik jaiki ere gabe, hil egin zen alaba, Head jauna urtebeteko umearen ardura osoarekin utzita. Aitonak hutsegite bat egina zuen: Atlantan jaioa zela esan zion Nelsoni. Halakorik esan izan ez bazion, Nelson ez zen hainbesteraino tematuko hura hirirako bigarren bidaia zuela esaten. — Ez zaizu batere gustatuko igual —jarraitu zuen Head jaunak—. Negroz betea egongo da. Mutikoak negroak tratatzeko gauza zelako aurpegia jarri zuen. — Baita zera ere —esan zuen Head jaunak—. Negrorik ikusi ere ez duzu egin-eta. — Gaur ez zara oso goiz jaiki —esan zuen Nelsonek. — Ez duzu sekula negrorik ikusi —errepikatu zuen Head jaunak—. Ez da inguru honetan negrorik izan orain dela hamabi urte korrika ihesi bidali genuen harez geroztik, eta hura zu jaio aurretik izan zen —mutikoari begiratu zion, beltzen bat ikusia zela esaten ausartzera balihoa bezala. — Nola dakizu ez nuela negrorik ikusi lehen han bizi nintzenean? —galdetu zuen Nelsonek—. Seguru aski pila bat ikusiko nituen. — Ikusi bazenituen, zer zirenik ere ez zenuen jakingo —erantzun zuen Head jaunak, bere onetik aterata—. Sei hilabeteko ume batek ez du negrorik bereizten gainerakotik. — Baietz negro bat zer den ezagutu, ikusten dudanean —esan zuen mutikoak, eta altxatu eta artean ere toles nabarmenak zituen kapela gris labainkorra zuzenduta, kanpora joan zen, komunera. Trena iristeko ordua baino zerbait lehenago heldu ziren trenbide lotunera, eta zutik egon ziren zain, lehen errail multzotik bi oinera. Head jaunak paperezko poltsa bat zeraman aldean, barruan galleta batzuk eta sardina-lata bat zituena, bazkaritarako. Itxura zakarreko eguzki laranja bat hasia zen ekialdeko mendi lerroaren gibeletik azaltzen, eta atzeko zerua gorri hits bihurtzen; mendien aurretik, ordea, zerua ilunantza zegoen artean ere, eta aitona-bilobek aurrez aurre zeukaten ilargi gris gardena, apenas hatz-marka bat baino nabarmenagoa, eta batere argirik gabea. Eztainuzko kontrol-kaxa txiki batek eta erregai-tanke beltz batek bakarrik seinalatzen zuten leku hura trenbide lotune gisa; bi errail pare zeuden, eta ez zuten bat egiten argiune haren bi aldeetako bihurguneetan ezkutatzen ziren arte. Bazirudien pasatzen ziren trenak zuhaitzezko tunel batetik agertu eta, istant batez zeru irekiaren hotz kolpea jaso ostean, izu-ikara gorrian berriz ere basoan sartu eta desagertu egiten zirela. Head jaunak tratu bereziak egin behar izan zituen txartel-saltzailearekin trena han geratu zedin, eta bere baitan beldur zen ez zela geldituko; hala gertatzen bazen, Nelsonek esango zukeen “ez dut inoiz sinetsi trena propio zuretzat geldituko zenik”. Goizeko ilargi ezdeusaren pean, errailak zuri eta hauskor ageri ziren. Agurea eta Nelson, biak ala biak, aurrerantz begira zeuden, agerkunde baten zain bezala. Bat-batean, Head jaunak atzera egitera deliberatzeko betarik izan baino lehen, bee abisu-emaile sakon bat entzun eta trena agertu zen, astiro-astiro eta ia hotsik atera gabe irristatuz, errailean berrehun yarda beherago zuhaitzezko bihurgunean, aurrealdean argi bat distiraka zuela. Artean ere Head jauna ez zegoen oso ziur trena geldituko zenik, eta iruditu zitzaion are inozoago sentituko zela haien paretik astiro-astiro igaro eta aurrera egiten bazuen. Bata zein bestea, ordea, prestatuta zeuden trenari ez ikusi egiteko, gelditu gabe igarotzen bazen. Motorrak eraso egin zion, eta metal beroaren usainaz bete zitzaizkien sudurrak, eta orduan bigarren bagoia gelditu egin zen, haien pare-parean. Bulldog puztu eta zahar baten aurpegia zuen gidari bat zegoen trenaren eskaileran, haien esperoan bezala, baina ez zirudien batere axola zitzaionik trenera igotzen ziren ala ez. — Eskuinera —esan zuen. Segundo laurden bat baino ez zuten eman sartzen, eta berriz ere ziztuan abiatu zen trena, haiek bagoi isilera sartzearekin batera. Bidaiari gehienak lotan zeuden artean, batzuk burua eserlekuaren beso gainera erorita, beste batzuk bi eserleku hartuz luzatuta, eta besteak edozein eratan etzanda, oinak korridorean zituztela. Head jaunak bi eserleku huts ikusi zituen, eta haien aldera bultzatu zuen Nelson. — Sartu horra leiho ondora —esan zion bere ohiko ahotsaz, ozenegia goizeko ordu hartarako—. Inori ez zaio inporta hor esertzen bazara, hor ez baitago inor eserita. Eseri hortxe bertan. — Entzun zaitut —murmurikatu zuen mutikoak—. Ez dago oihu egin beharrik —eta eseri eta leiho aldera jiratu zen. Han mamu batena zirudien aurpegi zurbil bat ikusi zuen berari begira, mamu batena zirudien kapela baten hegalpetik. Aitonak, begiratu azkar bat eginez hark ere, bestelako mamu bat ikusi zuen, zurbila baina irribarretsua, kapela beltz baten pean. Head jauna eseri eta eroso jarri zen, eta txartela atera eta bertan inprimatutako guztiak ozen irakurtzeari ekin zion. Jendea inarrosten hasi zen. Batzuk esnatu eta begira geratu zitzaizkion. “Kendu kapela”, esan zion Nelsoni, eta berak ere kapela kendu eta belaun gainean utzi zuen. Ile zuri urria zeukan, urteen joanarekin tabako-kolorea hartua, eta buruaren atzealdean liso zeukan. Aurrealdea, berriz, soilduta eta zimurtuta zeukan. Nelsonek kapela kendu eta belaun baten gainean jarri zuen, eta txartel-zulatzailearen zain geratu ziren, txartelak eskatzera noiz etorriko. Korridorearen beste aldean zeukaten gizona bi eserlekuak hartuz luzatuta zegoen, oinak leihoan bermatuta eta burua korridorera aterata. Traje urdin argia eta lepo aldean askatutako alkandora horia zituen soinean. Begiak ireki besterik ez zituen egin Head jauna bere burua aurkezten hasi zenean baina une hartantxe txartel-zulatzailea etorri zitzaien atzetik, “Txartelak” marmar eginez. Joan zenean, Head jaunak mutikoari txartelaren itzulerako erdia eman eta esan zion: — Sartu hau patrikan eta ez gero galdu, ze bestela hirian geratu beharko duzu. — Horixe egingo dut igual —esan zuen Nelsonek, arrazoizko iradokizun bati erantzunez bezala. Head jaunak ez zion jaramonik egin. — Lehen aldia, mutiko hau sekula tren batean sartzen dena —azaldu zion korridorearen beste aldeko gizonari; eserlekuaren ertzean jarrita zegoen, bi oinak lurrean zituela. Nelsonek kolpe batez berriz ere kapela jantzi zuen, eta leiho aldera jiratu zen, haserre. — Ezertxo ere ikusi gabea da, orain artean —jarraitu zuen Head jaunak—, jaio zen egunean bezain ezjakin dago, baina esperantza dut behin betikoak ikasiko dituela. Mutikoa aurrerantz okertu zen, arrotza ikusten zuen lekura. — Hirian jaioa naiz —esan zuen—, han jaio nintzen. Bigarren bidaia dut hau —ahots ozen indartsuz esan zuen baina ez zirudien korridoreaz bestaldeko gizonak ulertu zuenik. Eraztun ubel sakonak ageri zitzaizkion begien bueltan. Korridorearen beste alderantz luzatu eta besoan kolpetxo bat eman zion Head jaunak. — Mutiko batekin egin behar dena —esan zuen, jakintsu—, erakusteko dagoen guztia erakustea da. Ezertxo ere gordean eduki gabe. — Jakina —esan zuen gizonak. Bere oin handituei begiratu eta ezkerrekoa jaso egin zuen, lurretik hamar bat hazbetera. Minutu baten ostean atzera lurrean jarri eta bestea jaso zuen. Han-hemenka jendea altxatzen eta mugitzen eta aharrausi egiten eta nagiak ateratzen hasi zen bagoian. Banakako ahots batzuk nabaritzen ziren, burrunba orokorraren gainetik. Bat-batean, Head jaunaren espresio barea mudatu egin zen. Ahoa ia itxi egin zuen eta argi bat, aldez basatia, aldez zuhurra, piztu zitzaion begietan. Korridorean behera bagoiaren aurrealdera begira zegoen. Jiratu gabe, Nelsoni besotik heldu eta aurrerantz egin zion tira. — Begira —esan zion. Kafe-koloreko gizontzar bat haiengana hurbiltzen ari zen, astiro. Traje argia eta orratz gorrizta batekin lotutako satin horizko gorbata zituen soinean. Esku bat sabel gainean zeukan, eta sabela maiestatez zebilkion balantzaka, jaka lotuaren pean; beste eskuarekin bastoi buru beltz bati oratzen zion, eta lurretik altxatu eta lurrean jarri zerabilen, urrats bat ematen zuen bakoitzean harekin kanporanzko mugimendu berezi bat eginez. Oso astiro zihoan aurrera, bere begi ilun handiez bidaiarien buru gainetik beherantz begira. Bibote txiki urdindua zuen, eta izur txikiz betetako ile urdindua. Haren atzetik bi emakume gazte zihoazen, biak ere kafe-kolorekoak, bat soineko horiaz eta bestea soineko berdeaz jantzita. Emakumeen pausoa gizonarenera mugatuta zegoen, eta berriketan ari ziren, eztarritiko ahots apalean, haren atzetik joan ahala. Head jaunak gero eta estuago oratzen zion Nelsoni. Prozesioa haien ondotik igaro zenean, bastoi buruari heldutako esku marroian zegoen zafirozko eraztunak distira egin zuen Head jaunaren begietan, baina honek ez zuen gorantz begiratu, ezta gizontzarrak behera ere. Taldeak aurrera egin zuen eta korridorearen amaierara iritsitakoan bagoitik irten zen. Head jaunaren oratua lasaitu egin zen Nelsonen besoan. — Zer zen hori? —galdetu zion Head jaunak. — Gizon bat —esan zuen mutikoak, eta suminduta begiratu zion, bere adimena iraindua ikusteaz aspertuta bezala. — Zer gizon klase? —galdetu zion berriz ere Head jaunak, ahots lauz. — Gizon lodi bat —esan zuen Nelsonek. Ohartzen hasia zen hobe zuela kontuz ibili. — Ez al dakizu zer klasetakoa zen? —esan zuen Head jaunak, kontuari amaiera emateko tonuan. — Gizon zahar bat —esan zuen mutikoak, eta bat-batean egun txarra izango zuelako aurresentipena etorri zitzaion. — Negro bat zen —esan zuen Head jaunak, eta eseri egin zen atzera. Nelson salto batez eserlekura igo eta atzerantz begira egon zen, bagoiaren bukaera aldera; beltza joana zen, ordea. — Uste nuen negroak zer ziren bazenekiela, zure lehen bisitan hirian izan zinenean hainbeste ikusi zenituenez gero —jarraitu zuen Head jaunak—. Estreinako negroa du —esan zion korridorearen beste aldeko gizonari. Mutikoa eserlekuan behera limurtu zen. — Beltzak zirela esan zenuen —esan zion aitonari, haserre—. Ez zenidan esan marroiak zirenik. Nola nahi duzu deus bereiztea, ez badizkidazu gauzak behar bezala azaltzen? — Ezjakin bat zara, horixe besterik ez —esan zuen Head jaunak, eta altxatu eta korridoreaz bestaldeko gizonaren ondoko eserlekuan eseri zen. Nelson berriz ere jiratu eta beltza desagertu zen lekura begira egon zen. Iruditu zitzaion beltz hura propio igaro zela korridorean gora, bera inozo baten pare uzteko, eta gorroto izan zion, haragi gordin freskoaren herraz; gainera, ulertu zuen aitonak zergatik ez zituen beltzak gustuko. Leiho aldera begiratu zuen eta iruditu zitzaion han ageri zen aurpegiaren jabea beharbada ez zela iritsiko egun hartako gertaerek eskatuko zioten mailara. Bere buruari galdetu zion hiria ezagutu ere egingo ote zuen, hara iristen zirenean. Istorio batzuk kontatu ondoren, Head jauna konturatu zen ustez entzule zuen gizona lo zegoela, eta altxatu eta Nelsoni esan zion joango al ziren trenean barrena ibiltzera, eta haren atalak ikustera. Batez ere mutikoak komuna ikustea nahi zuen, eta lehendabizi gizonen bakartokira joan eta hoditeria aztertu zuten. Head jaunak izotz-ura banatzen zuen gailuaren funtzionamendua azaldu zuen, berak asmatu balu bezala, eta txorrota bakarreko konketa erakutsi zion Nelsoni, non bidaiariek hortzak garbitzen baitzituzten. Zenbait bagoi igaro eta jantoki-bagoira iritsi ziren. Hura zen tren osoko bagoirik dotoreena. Gorringo-kolore biziz margotuta zegoen, eta zoruko moketa ardo-kolorekoa zen. Mahaien alboetan leiho zabalak zeuden, eta paisaia iheskorraren eremu handiak istant batez miniaturan harrapatuta geratzen ziren kafeontzien alboetan eta edalontzietan. Hiru beltz oso beltz, soinean jantzi eta amantal zuriak zituztela, korridorean gora eta behera zebiltzan, erretiluei kulunkan eusten, erreberentziak egiten eta gosaltzen ari ziren bidaiariengana makurtzen. Haietako bat arin hurbildu zitzaien Head jaunari eta Nelsoni eta, bi hatz altxatuta, esan zuen “Birentzat lekua!”, baina Head jaunak erantzun zuen, ahots ozenez: “Janda etorri gara!”. Zerbitzariak betaurreko marroi handiak zituen, begietako zuria are handiagoa egiten ziotenak. “Orduan kendu bazterrera, mesedez”, esan zuen, besoarekin mugimendu airoso bat eginez, euliak uxatzen ariko balitz bezala. Ez Nelson, ez Head jauna, ez ziren hazbete bat mugitu. — Begira —esan zuen Head jaunak. Jantoki-bagoiaren hurbileneko izkina, bi mahai zituena, gainerakotik bereizita zegoen, azafrai-koloreko errezel baten bidez. Mahaietako bat jarrita zegoen baina hutsik, eta beste mahaian, aitona-biloben aurrez aurre eta errezelari atzea emanez, lehenagoko beltz izugarri hura zegoen. Ahots eztiaz hizketan ari zitzaien bi emakumeei, madalena bati gurina jartzen zion bitartean. Aurpegi zabal tristea zeukan eta alkandoraren lepo zuriaren bi aldeetatik konkorka ateratzen zitzaion lepo-buelta. — Aparte jartzen dituzte —azaldu zuen Head jaunak. Ondoren esan zuen: “Goazen sukaldea ikustera”, eta jantoki-bagoian barrena abiatu zirenean zerbitzari beltza bizkor hurbildu zitzaien atzetik. — Bidaiariak ezin dira sukaldean sartu! —esan zuen, ahots harroz—. Bidaiariak EZIN DIRA sukaldean sartu! Head jauna zegoen lekuan gelditu eta jiratu egin zen. — Eta badago arrazoirik horretarako —oihu egin zion beltzari bularraren parera—, labezomorroek korrika ihesi bidaliko bailituzkete! Bidaiari guztiek barre egin zuten eta Head jauna eta Nelson irten egin ziren, irribarrez. Head jaunaren gatza eta zolitasuna ezagunak ziren inguruetan, eta bat-batean aitonarenganako harrotasun bizi batek hartu zuen Nelson. Konturatu zen agurea izango zuela sostengu bakarra gero eta hurbilago zuten leku arrotz hartan. Bakar-bakarrik izango zen munduan, noizbait aitonaren ondotik galtzen bazen. Asaldura izugarri batek astindu zuen eta bat-batean Head jaunaren berokiari heldu eta besarkatzeko desioa izan zuen, ume batek bezala. Atzera euren eserlekuetara zihoazela, leiho azkarretan zehar ikusi zuten paisaia etxe txikiz eta etxolaz zipriztintzen hasia zela, eta trenaren parean errepide bat zihoala. Autoak ziztuan pasatzen ziren handik, oso txikiak eta azkarrak. Nelsoni iruditu zitzaion aire gutxiago zegoela arnasteko, ordu erdi lehenago baino. Korridoreaz bestaldeko gizona joana zen eta Head jaunak ez zuen inor inguruan hizketan jarduteko, eta beraz leihotik kanpora begira egon zen, bere buruaren islaz gaindi, eta pasaeran atzean uzten ari ziren eraikinen izenak irakurtzen hasi zen, ozen. — Dixie Kimika Korp! —iragarri zuen—. Southern Maid Irinak! Dixie Ateak! Southern Belle Kotoi Produktuak! Patty’s Kakahuete Gurina! Southern Mammy Kanabera Ziropa! — Isssssi! —esan zuen Nelsonek, hortz artean. Bagoian jende gehiena altxatzen hasia zen, eta buru gaineko saretik maletak hartzen. Emakumezkoak berokiak eta kapeluak janzten ari ziren. Txartel-zulatzaileak burua bagoian sartu eta “Leheeeennnnngeltokiaaaaaaa” deiadar egin zuen, eta Nelson eserita zegoen lekutik salto batez zutitu eta aurrera abiatu zen, dardarka. Head jaunak sorbaldatik heldu eta geldiarazi egin zuen. — Egon eserita —esan zion, ahots duinez—. Lehen geldialdia aldirietan da. Bigarrena, tren geltoki nagusian. —Estreinako bidaian eskuratu zuen ezagutza hura, lehen geldialdian jaitsi baitzen, eta gizon bati hamabost zentimo ordaindu behar izan baitzizkion, erdigunera eraman zezan. Nelson eseri egin zen berriz, zurbilduta. Bizitzan estreinako aldiz, aitona ezinbestekoa zitzaiola ulertu zuen. Trena gelditu eta, bidaiari gutxi batzuri jaisten utzi ondoren, atzera bere irristada leunari lotu zitzaion, batere gelditu gabea balitz bezala. Kanpoan, itxura hauskorreko etxe ilara marroi batzuen atzean, eraikin urdinen lerro garai bat zegoen, eta haien atzetik, zerua arrosatik grisera eta hurrena ezerezera aldatu eta desagertu egiten zen. Trena sailkapen estazioan sartu zen. Behera begiratuta, zilar-koloreko hainbat eta hainbat burdinbide ikusi zituen Nelsonek, ugaritzen eta sigi-saga gurutzatzen. Eta kontatzen hasteko denborarik utzi gabe, leihoko aurpegia begira jarri zitzaion, zurbil baina zehatz, eta beste norabait begiratu zuen. Trena geltokian zegoen. Biak ala biak, salto batez zutitu eta atera joan ziren arrapaladan. Ez bata, ez bestea, ez ziren ohartu paperezko poltsa eserleku gainean utzi zutela, bazkaria barruan zuela. Ibilera zurrunez gurutzatu zuten geltoki txikia eta, atetzar astun bat zeharkatuta, trafikoaren zurrunbilora atera ziren. Jende saldoak lanera zihoazen, presaka. Nelsonek ez zekien nora begiratu. Head jauna eraikinaren saihetsean bermatu zen, eta aurrerantz begiratu zuen. Azkenean, Nelsonek esan zuen: — Beno, eta nola ikusten da ikusteko dagoen guztia? Head jaunak ez zuen erantzun. Gero, pasaeran zen jendeak erantzuna emanda bezala, esan zuen: — Ibilian —eta kalean behera abiatu zen. Nelsonek atzetik jarraitu zion, kapela segurtatu ondoren. Hainbesterainokoa zen heltzen ari zitzaion ikuskizunen eta soinuen erauntsia, ezen lehenengo etxadian ez baitzekien ikusten ari zena zer zen ere. Bigarren kantoian, Head jauna jiratu eta atzean utzi berria zuten tren geltokira begiratu zuen; ore-koloreko eraikin bat zen, gainaldean hormigoizko kupula bat zuena. Pentsatu zuen kupula hori beti begi bistan izatea lortzen bazuen, gauza izango zela iluntzean hara itzultzeko, berriz trena hartzera. Ibilian zihoazela, Nelson xehetasunez jabetzen hasi zen, eta dendetako erakusleihoei erreparatzen, nola zeuden tresneria mota oroz beteta: burdinkiak, oihalak eta jantziak, oilo-jana, likoreak. Denda batek hartu zuen bereziki Head jaunaren arreta: sartu eta aulki batean esertzen zinen, oinak euskarri banatan jarrita, eta beltz batek oinetakoak garbitzen zizkizun. Astiro zihoazen aurrera, eta noizbehinka gelditu eta sarreraren parean geratzen ziren, leku bakoitzaren barruan gertatzen ari zena ikusteko, baina ez ziren bakar batean ere sartu. Head jauna deliberatuta zegoen ez zirela saltoki bakar batean ere sartuko, hirian egon zen lehen aldian saltoki handi batean galdu egin zelako, eta jende ugarik iraindu zuen arte ez baitzuen irteteko bidea aurkitu. Hurrengo etxadiaren erdi parean, aurrealdean pisatzeko makina bat zuen denda batekin egin zuten topo, eta biak igo ziren, txandan, eta zentabo bat sartu ondoren txartel bana jaso zuten. Head jaunaren txartelak honela zioen: “120 libra pisatzen dituzu. Gizon zuzen eta ausarta zara, eta zure lagun guztiek miretsi egiten zaituzte”. Patrikan sartu zuen txartela, harrituta makinak bere izaera zuzen eta pisua oker atzeman zituelako; izan ere, pentsutarako balantza batean pisatua zen berriki, eta bazekien 110 libra egiten zituela. Nelsonen txartelak, berriz, honela zioen: “98 libra pisatzen dituzu. Garrantzi handiko patua duzu aurrean, baina kontuz ibili emakume ilunekin”. Nelsonek ez zuen emakumerik ezagutzen eta 68 libra baino ez zituen pisatzen, baina Head jaunak argitu zion ziurrenik makina deskuidatu eta zenbakia buruz bera inprimatuko zuela, 6 ordez 9 jarrita. Aurrera jarraitu zuten eta bost etxadi aurrerago tren geltokiaren kupula hondoratu eta begien bistatik desagertu zen, eta Head jaunak ezkerrera jo zuen. Nelsonek ordubete ere eman zezakeen erakusleiho bakoitzaren aurrean, ez balitz hurrengo denda betiere aurrekoa baino ere interesgarriagoa zelako. Bat-batean, esan zuen: — Hemen jaioa naiz ni! Head jauna jiratu eta begira gelditu zitzaion, izuak hartuta. Mutikoaren aurpegi izerdituari distira zerion. — Hemengoa naiz ni! —errepikatu zuen mutikoak. Head jauna atsekabetu egin zen. Argi ikusi zuen neurri gogorrak hartzeko unea iritsia zela. — Sekula ikusi ez duzun zerbait erakutsiko dizut —esan zion, eta estolda-zulo bat zegoen kale-kantoi batera eraman zuen—. Makurtu —esan zion—, eta sartu burua hor barruan. —Jakaren atzealdetik tiraka heldu zion mutikoari, honek, pikotxean jarrita, burua estoldan sartzen zuen bitartean. Azkar atera zuen, espaloi azpiko sakonean gur-gur hotsa entzun zuenean. Orduan Head jaunak estolderia sistema azaldu zion, nola hiriaren azpialde osoa zeharkatzen zuen, nola zegoen ur beltzez eta arratoiz betea, eta nola, irristatu eta barrura eroriz gero, gizonak zurrupatu eta bikea bezain beltzak ziren tunel amaigabeetan barrena eramaten zituen. Hirian edozein unetan zurrupatu eta eraman dezake estoldak gizon bat, eta ez da inoiz gehiago izaten haren berririk. Hain ondo deskribatu zuen ezen Nelson dardarka egon baitzen aldi batez. Estolda barruko pasabideak infernurako sarrerarekin lotu zituen, eta estreinakoz ulertu zuen nola dagoen antolatuta mundua beheko partean. Espaloi-ertzetik atzera egin zuen. Baina gero esan zuen: — Bai, baina ibil zaitezke zuloetatik urrun —eta hren aurpegiak aitona bere onetik ateratzen zuen eite egoskor hura hartu zuen—. Hemengoa naiz ni! —esan zuen. Head jauna harrituta eta haserre geratu zen, baina “Hartuko duzu, bai, betekada ederra” murmurikatu besterik ez zuen egin. Beste bi etxadi igarotakoan ezkerrera jo zuen, kupula inguratzen ari zirelako irudipenaz; eta zuzen zebilen, handik ordu erdira berriz ere tren-geltokiaren aurretik igaro baitziren. Hasieran Nelson ez zen konturatu saltoki berak bigarren aldiz ikusten ari zirenik, baina halako batean oinak bi euskarritan jarri eta beltz batek oinetakoak eskuilatzen zizkizun hartara iritsi zirenean, zirkuluak eginez zebiltzala konturatu zen. — Hemen egon gara lehen! —egin zuen oihu—. Ez dakizu non zauden, ez dut sinesten! — Istant batez norabidea joan egin zait burutik —esan zion Head jaunak, eta beste kale baterantz jo zuen. Baina ez zuen kupulatik gehiegi urruntzeko asmorik, eta noranzko berrian bi etxadi igaro zituztenean, ezkerrera hartu zuen berriz. Kale hartan bi eta hiru solairuko etxebizitzak zeuden, egurrezkoak. Espaloitik zihoan edonork ikus zezakeen etxeen barrualdea, eta Head jaunak, leiho batetik begiratuta, emakume bat ikusi zuen burdinazko ohe batean etzanda, kanpora begira, gorputza maindire batez estalita. Iruditu zitzaion konplizitatez begiratzen ziola, eta biziki asaldatu zen. Bat-batean itxura zakarreko mutiko bat agertu zen bizikletan nonbaitetik eta bazterrera salto egin behar izan zuten, kolpea saihesteko. — Bost axola hauei gu jo-eta lurrera botatzea —esan zuen aitonak—. Hobe duzu nigandik gertuago ibili. Aldi batez antzeko kaleetan ibili ziren, Head jauna berriz ere jiratzeaz akordatu aurretik. Pasaeran ikusten hasi ziren etxeak pintatu gabe zeuden, eta egurrak ustelduta zirudien; kalea, berriz, estuagoa zen. Nelsonek koloreko gizon bat ikusi zuen. Gero beste bat. Eta beste bat. — Etxe hauetan negroak bizi dira —esan zuen. — Ba goazen, beste norabait joango gara —esan zuen Head jaunak—. Ez gara negroak ikustera etorri. Beste kale bat hartu zuten, baina nonahi beltzak ikusten jarraitu zuten. Nelson azkura sentitzen hasi zen, eta pausoa bizkortu zuten, auzune hura lehenbailehen atzean uztearren. Koloreko gizonak zeuden ate markoetan elastiko hutsean paratuta, eta koloreko emakumeak, atari abailduetan kulunkaulkietan eserita. Koloreko haurrak zebiltzan jolasean kale bazterreko ubideetan, eta jolasteari utzi eta haiei begira geratzen ziren. Luze gabe koloreko bezeroak zituzten saltoki errenkadak igarotzen hasi ziren, baina ez ziren haien sarreran gelditzen barrura begiratzera. Aurpegi beltzetan begi beltzak zituzten begira, nonahitik. — Horratx —esan zuen Head jaunak—, hementxe jaioa zara zu, negro hauen guztien artean. Nelsonek bekozkoa jarri zion. — Uste dut galdu egin zarela —esan zuen. Head jauna tupustean jiratu eta kupula begiztatu nahian hasi zen. Ez zen inondik ageri. — Ni ez naiz galdu —esan zuen—. Zu nekatu zara ibiltzeaz, horixe. — Ez nago nekatuta, goseak nago —esan zuen Nelsonek—. Eman galleta bat. Orduan konturatu ziren bazkaria galdu zutela. — Zuk zeneraman poltsa —esan zuen Nelsonek—. Nik izan banu, ondo eutsiko nion. — Bidaia hau zerorrek gidatu nahi baduzu, nire kasa joango naiz, zu hemen utzita —esan zuen Head jaunak, eta atsegina hartu zuen mutikoa zurbiltzen ikusi zuenean. Haatik, konturatu zen galduta zeudela, eta nora ezean ibiliaz tren geltokitik gero eta gehiago ari zirela urruntzen. Bera ere gose zen, eta egarritzen hasia, eta koloreko auzune hartan zeudenetik, biak ere izerditzen hasiak ziren. Nelsonek zapatak jantzita zituen, eta ez zegoen ohituta. Hormigoizko espaloiak oso gogorrak ziren. Biek ere esertzeko leku bat aurkitu nahi zuten, baina ezinezkoa zen, eta oinez jarraitu zuten, mutikoa arnasestuka, murmurikatuz: “Aurrena poltsa galdu duzu eta gero berriz bidea”, eta Head jauna, noizean behin, marmarka esaten: “Nahi duena izan daiteke, bai, negroen paradisu honetakoa, niri axola zaidanetik!”. Ordurako zeruan ondo aurrera joana zen eguzkia. Su gainean ziren bazkarien usaina heltzen zitzaien jitoan sukaldeetatik. Beltz guztiak ate ondoetan zeuden, haiek pasatzen ikustera atereak. — Zergatik ez diozu negro horietako bati galdetzen nondik den? —esan zuen Nelsonek—. Zuk galdu gaituzu. — Aizu, zu zara hemengoa —esan zuen Head jaunak—. Galdetu zerorrek, nahi baduzu. Nelson koloreko gizonen beldur zen, eta ez zuen nahi koloreko umeek barre egin ziezaioten. Kalean gorago koloreko emakume handi bat ikusi zuen, espaloira zabaltzen zen ate baten kontra bermatuta. Ilea lau hatz inguru ateratzen zitzaion kanporantz buruaren buelta osoan, eta oinutsik zegoen, aurretik marroiak eta alboetan arrosa-koloreko bihurtzen ziren oinen gainean. Soineko arrosa zuen jantzita, gorputza xeheki markatzen ziona. Aitona-bilobak aurrealdera iritsi zitzaizkionean, esku bat burura eraman zuen, nagi, eta hatzak ile artean desagertu zitzaizkion. Nelson gelditu egin zen. Arnasa galtzen zuela sentitu zuen, emakumearen begi beltzetan harrapatuta. — Nola itzultzen da hirira? —esan zuen, berea ematen ez zuen ahots batean. Minutu baten buruan, emakumeak “Orain ere hirian zaude” esan zion, ahots baxu leunean, eta ur ttantta freskoz ihinztatzen zutela sentitu zuen Nelsonek. — Nola itzultzen da trenera? —esan zuen, berriz ere ahots mehe harekin. — Auto bat har dezakezu —erantzun zion emakumeak. Nelson konturatu zen adarra jotzen ari zitzaiola, baina sorginduegia zegoen, bezkozkoa jartzeko ere. Emakumearen xehetasun oro zurrupatzen jarraitu zuen. Nelsonen begiek haren belaun marduletatik bekokirainoko bide luzea egin zuten, eta gero hiruki bat marraztuz lepoan distira egiten zion izerditik jaitsi, magal izugarria zeharkatu eta beso biluzira igo ziren, eta atzera haren hatzetan gelditu, ile artean ezkutaturik zeuden lekuan. Bat-batean desio izan zuen emakumea makurtu zedin eta besoetan hartu eta bere gorputzaren kontra estutu zezan, eta desio izan zuen haren arnasa aurpegian sentitu. Begietara begiratu nahi zion, sakoneraino, hark besoetan estutzen zuen bitartean, gero eta estuago. Ez zuen inoiz halakorik sentitu ordura arte. Gaua baino beltzagoko tunel batean behera jirabiraka erortzen ari balitz bezala sentitu zen. — Etxadi bat harago joan eta tranbia har dezakezu geltokiraino, laztana —esan zuen emakumeak. Nelson haren oinetara errendituko zen, Head jaunak ez balio heldu eta tiraka eraman. — Juizioa galdu al duk edo zer!? —esan zion agureak, amorrazioz. Kalean behera joan ziren arineketan, eta Nelson ez zen jiratu emakumeari begiratzeko. Kapeluari kolpe batez egin zion tira aurrerantz, ordurako gorri-gorri egiten hasia zuen aurpegia estaltzeko. Trenaren leihatilan ikusitako mamu isekaria, bidean izandako zoritxar aurresentipenak, denak etorri zitzaizkion gainera, eta gogoratu zuen balantzak emandako txartelean emakume ilunekin kontuz ibiltzeko jartzen zuela, eta aitonarenean, berriz, gizon zuzena eta ausarta zela. Eskutik heldu zion agureari, oso gutxitan erakusten zuen mendetasun-seinalean. Kalean behera abiatu ziren, errailen aldera; kirrinka hotsa atereaz tranbia hori luze bat zetorren handik. Head jauna sekula tranbiarik hartu gabea zen eta harako hura pasatzen utzi zuen. Nelson isilik zegoen. Aldian behin dardara txiki batek astintzen zizkion ezpainak, baina aitona, gogoa bere arazoetan jarrita, ez zen konturatu. Kale kantoian zutik zeuden eta ez batak ez besteak ez zieten begiratzen ondotik pasatzen zitzaizkien beltzei, zeinak zuriak balira bezala baitzebiltzan, beren gauzetan sartuta, eta gehienak gelditu eta begira geratzen zitzaizkien. Head jaunari otu zitzaion, tranbia errailen gainetik ibiltzen zenez, errailei jarrai ziezaieketela, besterik gabe. Nelsoni bultzada arin bat eman eta azaldu zion errailei jarraituz joango zirela tren geltokiraino, oinez, eta abiatu egin ziren. Izugarrizko lasaitua hartu zuten berriz ere jende zuria ikusten hasi zirenean, eta Nelson espaloian eseri zen, bizkarra eraikin baten paretaren kontra jarrita. — Atseden pixka bat hartu beharra daukat —esan zuen—. Zuk poltsa eta bidea galdu dituzu. Pixka batean egon zaitezke, nik deskantsatu bitartean. — Errailak aurrean ditugu —esan zuen Head jaunak—. Begi bistan mantendu besterik ez dugu egin behar, eta zu ere gogoratu zintezkeen poltsa hartzeaz, ni bezalaxe. Hemen jaioa zara zu. Hau da zure jaioterria. Bigarren bidaia duzu hona. Jakin beharko zenukeen zer egin. Eta pikotxean jarri eta tonu berean jarraitu zuen. Mutikoak, ordea, sutan zituen oinak zapatetatik askatu zituen, eta ez zion erantzun. — Eta hara non geratzen den, txin-pan-tze baten moduan irribarrez, negresa batek argibideak ematen dizkion bitartean. Jjjjjainko maitea! —esan zuen Head jaunak. — Hemen jaioa nintzela, besterik ez dut esan inoiz —esan zuen mutikoak, ahotsa dardarka—. Ez dut inoiz esan gustatuko zitzaidanik. Ez dut inoiz esan etorri nahi nuenik. Hemen jaio nintzela, horixe besterik ez nuen esan, eta hori ez da nire errua. Etxera joan nahi dut. Ez dut inoiz esan etorri nahi nuenik. Zeuri sortu zitzaizun hona etortzeko ideia bikain hau. Nola dakizu ez garela ari errailak kontrako noranzkoan jarraitzen? Azken hori Head jaunari ere otu zitzaion. — Hemen denak zuriak dira —esan zuen. — Lehen ez gara hemendik pasatu —esan zuen Nelsonek. Adreiluzko eraikinez osatutako auzunea zen, biztanleduna edo gabea izan zitekeena. Auto bakan batzuk zeuden espaloi ertzean aparkatuta, eta noizean behin oinezko bat pasatzen zen. Zoruaren beroa Nelsonen traje mehean gora igotzen hasi zen. Betazalak erortzen hasi zitzaizkion, eta handik minutu gutxira burua aurrerantz okertzen hasi zitzaion. Sorbaldak behin edo bitan astindu zitzaizkion, eta hurrena saihets baten gainera erori eta etzanda geratu zen, zabal-zabal, akidurazko loaldi batek hartuta. Head jauna begira geratu zitzaion, isilik. Bera ere oso nekatuta zegoen baina ezin zuten biek aldi berean lo egin, eta nolanahi ere ezin izango zuen lorik egin, ez baitzekien non zegoen. Handik minutu gutxira Nelson esnatu egingo zen, loaldiak freskatuta eta harroputz, eta berriz ere kexaka hasiko zen, aitonak poltsa eta bidea galdu zituela esanez. “Une txar askoa izango zenuke hemen ez banengo”, pentsatu zuen Head jaunak, eta orduan, beste burutazio bat izan zuen. Minutu batzuez lurrean zabaldutako irudiari begira egon zen; gero zutitu egin zen. Bere buruari esan zion batzuetan beharrezkoa izaten dela ume bati sekula ahaztuko ez duen eskarmentua ematea, batez ere ume hori ustez dagokion tokia berretsi nahian badabil uneoro, lotsagabeki. Horrela justifikatu zuen egitera zihoana. Soinurik atera gabe, hogei bat oinera zegoen kalezuloan sartu eta zakarrontzi baten gainean eseri zen, beste kalera begiratu eta Nelson bakarrik esnatzen ikus zezakeen tokian. Mutikoaren loa arina eta nahasia zen, eta erdizka jabetzen zen inguruko soinu zehaztugabeez eta bere barruko alderdi ilunen batetik argitarantz zihoazen forma ilunez. Aurpegia mudatu egiten zitzaion, eta belaunak kokots azpira eramanak zituen. Eguzkiak argi lehor hitsez argitzen zuen kale estua; zen bezalakoxea ageri zen guztia. Handik aldi batera, Head jaunak, tximino zahar baten modura zakarrontziaren estalki gainean kuzkurtuta, erabaki zuen Nelson ez bazen laster esnatzen, zarata ozen bat aterako zuela bidoia oinaz jota. Ordulariari begiratu eta ordu biak zirela ikusi zuen. Etxerako trena seietan irteten zen, eta tren hura galtzeko aukera beldurgarriegia zen, kontuan hartu ahal izateko ere. Oinarekin atzeranzko ostikada bat jo zion bidoiari eta danbateko sakon batek durunda egin zuen kalezuloan. Nelson salto batez zutitu zen, garrasika. Aitonak behar zukeen lekurantz jiratu eta hara begira gelditu zen. Zurrunbilo batean bezala bira batzuk eman eta, oinak aurrera eta burua atzera botata, kalean behera korrika abiatu zen itsumustuan, pottoka basati zoratu baten modura. Head jauna bidoitik salto batez jaitsi eta atzetik joan zitzaion korrika, baina mutikoa begi bistatik galdua zuen ia. Arrasto gris bat ikusi zuen zeharka, etxadi bat aurrerago desagertzen. Ahal zuen azkarren egin zuen korri, gurutzagune bakoitzean bi aldeetara begiratuz, baina mutikoaren arrastorik ez zuen ikusi. Eta hirugarren gurutzagunea zeharkatzen ari zenean, arnasa zeharo galduta, etxadi erdi bat beherago iskanbila bat ikusi zuen, seko geldiarazi zuena. Zaborrontzi baten atzean kuzkurtu zen begiratzeko, eta atzera bere onera etortzeko. Nelson lurrean eserita zegoen, hankak zabalduta, eta aldamenean edadeko andre bat zeukan, garrasika. Janaria zegoen espaloian barreiatuta. Emakume saldo bat ingurura bildua zen ordurako, justizia egiten ikustera, eta Head jaunak garbi entzun zion espaloi gaineko emakumeari deiadar egiten: “Orkatila puskatu didazu eta zure aitak ordaindu beharko du! Azken nikeleraino! Polizia! Polizia!”. Emakumeetako batzuk sorbaldan kolpetxoak ematen ari zitzaizkion Nelsoni, baina mutikoak zorabiatuegia zirudien zutitu ahal izateko. Zerbaitek Head jauna zaborrontziaren atzetik atera eta aurrera egitera behartu zuen, baina oso pauso geldoan. Bere bizitza guztian ez zitzaion poliziarik etorri kontu eske. Emakumeak Nelsonen inguruan zebiltzan, denak batera gainera jausi eta tiraka zatikatu behar balute bezala, eta atsoak berriz oihuka jarraitzen zuen, orkatila puskatuta zeukala eta poliziari hots egiteko. Head jauna hurbildu egin zen, hain astiro ezen aurreranzko urrats bakoitzarekin beste bat atzera egiten zuela baitzirudien, baina hamar bat oinera zegoenean Nelsonek ikusi egin zuen, eta jauzi batez zutitu zen. Umeak aldaka bueltatik heldu eta zintzilikatu egin zitzaion, arnasestuka. Emakume guztiak Head jaunarengana jiratu ziren. Zauritutako emakumea zutitu eta garrasika hasi zen: — Zu, jauna! Medikuaren faktura azken zentaboraino ordaindu beharko duzu, mutiko honek egin didana! Gaizkile gazte bat, horixe da! Non daude poliziak? Baten batek har ditzala gizon honen izena eta helbidea! Head jauna Nelsonen hatzak izter atzeko haragitik libratu nahian zebilen. Agureak burua beherantz sartua zuen, alkandoraren lepo barrurantz, dortoka batek bezala; beldurrak eta zuhurtziak beiraztatuak zituen begiak. — Zure mutikoak orkatila puskatu dit! —oihukatu zuen atsoak—. Polizia! Head jaunak polizia bat etortzen sumatu zuen atzetik. Aurrera begiratu zuen, euren amorrazioan bat eginda pareta gogor bat osatuz bezala zeuden emakumeengana, agurearen ihesa geldiarazteko-edo. — Ez da nire mutikoa —esan zuen Head jaunak—. Ez dut inoiz ikusi gaurdaino. Nelsonen hatzak bere haragitik labaintzen sumatu zituen. Emakumeek atzera egin zuten, agureari lazturaz begiratuz, bere irudikoa eta antzekoa ukatzeko gauza den gizonak nazka eragingo balie bezala, eskuak gainean ezartzea ezin jasateraino. Head jaunak aurrera egin zuen, isiltasunean emakumeek ireki zioten tartean zehar, eta atzean utzi zuen Nelson. Aurrean tunel sakon bat baino ez zuen ikusi, lehen kalea zegoen lekuan. Mutikoa zegoen lekuan gelditu zen, zutik, lepoa aurrerantz luzatuta eta besoak alde banatatik zintzilik. Kapela buruan behera oso sartua zeukan, tolesik gabe. Zauritutako emakumea zutitu eta ukabila astindu zion begien aurrean; beste emakumeek errukiz begiratu zioten, baina mutikoak ez zituen ikusi ere egin. Poliziarik ez zen ageri. Handik gutxira ibiltzen hasi zen, mekanikoki, aitonaren parean jartzeko ahaleginik egin gabe, soilik hari atzetik jarraituz, hogei bat urrats atzeragotik. Bost etxadi igaro zituzten horrela. Head jaunak sorbaldak zintzilik zeuzkan eta lepoa aurrerantz erorita, halako angeluan ezen ez baitzitzaion atzetik ikusten. Burua jiratzeko beldur zen. Azkenean begiratu itxaropentsu bat bota zuen, sorbalda gainetik. Hogei bat oin atzerago bi begi txiki sumatu zituen bere bizkarrean iltzatuta, sarde orratzak bezala. Mutikoa ez zen izatez barkatu zalea, baina hura zen barkatzeko zerbait zuen lehen aldia. Head jaunak ez zuen ordura arte bere burua inoiz laidotu. Beste bi etxadi igaro zituztenean, jiratu eta sorbalda gainetik esan zuen, ahots alai behartuan: —Hartzagun Coca Cola bat nonbait! Nelson, ordura arte sekula azaldu gabeko duintasuna erakutsiz, jiratu eta aitonari atzea emanez geratu zen. Head jauna bere ukazioaren muntaz jabetzen hasi zen. Aurrera joan ahala, zoko eta tontor huts bihurtu zitzaion aurpegia. Ez zuen ikusi ere egiten pasaeran zer uzten zuten atzean, baina tranbiaren errailak galduak zituztela sumatu zuen. Kupularik ez zen inondik ageri eta arratsaldea aurreratzen hasia zen. Bazekien ilunak hirian harrapatzen bazituen jipoitu eta lapurtu egingo zituztela. Jainkoaren justizia azkar egin zedila, besterik ez zuen espero berarentzat, baina jasanezina egiten zitzaion pentsatzea bere bekatuak Nelsonek ere ordaindu beharko zituela, eta, une hartan bertan ere, mutikoa galzorira eramaten ari zela. Etxadia etxadiaren atzean igarotzen jarraitu zuten, adreiluzko etxebizitzaz osatutako auzo amaigabe batean, harik eta halako batean Head jaunak berdegune baten ertzean zegoen iturri batekin estropezu egin eta ia erori zen arte. Ez zuen ur tantarik ere edan goizeko lehen orduaz geroztik, eta une hartan sentitu zuen ez zuela merezi. Baina Nelson egarri izango zela pentsatu zuen, eta biek edan eta atzera adiskidetu egingo zirela. Makurtu eta, ahoa iturriaren muturrean jarrita, ur turrusta hotz bat bideratu zuen eztarrian behera. Gero hots egin zuen, ahots alai behartu hartan: —Etorri eta edan ur trago bat! Mutikoa aitonaz gaindi begira egon zen, ia minutu oso batez. Head jauna zutitu eta pozoia edan balu bezala jarraitu zuen aurrera. Trenean paperezko ontzitik edandakoaz gain beste urik hartu gabea zen arren, Nelsonek aurrera jarraitu zuen iturriari jaramonik egin gabe, aitonak edan zuen lekutik edateari uko eginda. Head jaunak, hura ikustean, esperantza oro galdu zuen. Iraungitzen hasia zen arratsaldeko argitan, haren aurpegia hondatuta eta abandonatuta ageri zen. Mutikoaren gorroto sendoa senti zezakeen, pauso jarraituan atzetik zetorkiola, eta bazekien —mirariren bati esker hirian akabatzen ez bazituzten—, halaxe izango zela aurrerantzean, bizitza osoan. Bazekien zer zuen aurretik, nora ez hartan: leku ilun arrotz bat, non ezer ez baitzen berriz lehen bezalakoa izango; errespeturik gabeko zahartzaro luze bat, eta amaiera, zeina ongietorria izango baitzen, amaiera zelako. Nelsonek, berriz, aitonaren traizioan izoztuta zeukan gogoa, oroitzapen hari bere hartantxe eutsi nahi balio bezala, azken juizioan aurkezteko. Alde batera edo bestera begiratu gabe zihoan aurrera; noizean behin, ordea, ezpainak tenkatu egiten zitzaizkion, bere baitako gune urrunen batetik forma ilun misteriotsu bat azaleratzen sentitzen zuenean, traizioaren irudi izoztu hura oratze gori batean urtu nahi balu bezala. Eguzkia etxe lerro baten atzean ezkutatu zen eta, ia ohartu gabe, aldirietako auzune dotore batera sartu ziren, non luxuzko etxeak txorientzako uraskak zituzten belardiz bereizita baitzeuden bidetik. Han erabat hutsik zegoen dena. Hainbat etxaditan ez zuten zakur bat bera ere gurutzatu. Etxe zuri handiak itsaso urrunetako uretan erdi murgildutako icebergen antzekoak ziren. Ez zegoen espaloirik, bideak bakarrik, bihurka-bihurka zihoazenak, amaigabeko zirkulu barregarriak sortuz. Nelsonek ez zuen imintziorik egin Head jaunarengana gehiago hurbiltzeko. Agureak pentsatu zuen estolda zuloren bat ikusten bazuen bere burua handik erortzen utziko zuela, ur beltzak eraman zezan; eta mutikoa irudikatu zuen, interes handirik gabe begira, bera zuloan behera desagertzen zen bitartean. Zaunka ozen batek esnarazi zuen, eta begiak jaso eta gizon lodi bat ikusi zuen hurbiltzen, bi bulldogekin. Besoak astindu zituen, ontzia hondoratu ostean uharte huts batean galdutako batek bezala. —Galdu egin naiz! —hots egin zuen—. Galdu egin naiz eta nik eta mutiko honek trena hartu behar dugu eta ezin dut tren geltokia aurkitu. Ene Jainkoa, galdu egin naiz! Lagundu nazazu, galdu egin naiz-eta! Gizona burusoila zen eta golferako galtzamotzak zituen soinean. Zer tren hartu nahi zuen galdetu zion, eta Head jauna txartelak luzatu nahian hasi zen, hain gogor dardara eginez ezen apenas eutsi baitziezaiekeen txartelei eskuan. Nelson hamabost bat oinera hurbildua zen, eta begira zegoen. —Beno —esan zuen gizon lodiak, txartelak itzuliz—, ez duzue astirik erdigunera garaiz iristeko, baina aldirietako geltokian har dezakezue trena. Hemendik hiru etxadira dago. —Eta hara nola iritsi azaltzen hasi zen. Head jauna begira geratu zitzaion, poliki-poliki hilen artetik itzultzen ari balitz bezala, eta gizonak esplikazioa amaitu eta zakurrak orpoen parean saltoka zituela joan zenean, Nelsonengana jiratu eta esan zion, ia arnasarik gabe: —Etxera itzultzera goaz! Umea hamar bat oinera zegoen zutik, aurpegia erabat zurbil kapela grisaren azpian. Haren begiek garaipen kutsu hotz bat zuten. Ez zegoen argirik begi haietan, ez sentimendurik, ez interesik. Hantxe zegoen, besterik gabe, zain zegoen irudi txiki bat. Etxea ez zen deus, harentzat. Head jauna jiratu egin zen, abailduta. Ikusi zuen aurrerantzean nolakoa izango zen denbora, urte-sasoirik gabe, nolakoa beroa, argirik gabe, eta nolakoa gizona, salbaziorik gabe. Ez zitzaion axola trenera heltzen ziren ala ez, eta bat-batean zerbaitek atentzioa eman ez balio, trinkotzen ari zen ilunabarretik sortutako oihu baten modura, geltokirik bazenik ere ahaztu egingo zitzaiokeen. Ez zituen bostehun yarda eginak izango bidean behera ikusi zuenean, eskua luzatu eta hartzeko moduan, beltz baten igeltsuzko irudia, belardi zabal bat inguratzen zuen adreilu horizko hesi txiki baten gainean okertuta. Nelsonen tamainakoa zen, gutxi gorabehera, eta aurrerantz bentzututa zegoen, angelu ezegonkor batean, paretara lotzen zuen orea pitzatuta baitzegoen. Begi bat erabat zuri zeukan, eta angurri xerra bati eusten zion eskuetan. Head jauna begira gelditu zen, isilik, Nelson beragandik gertu etorri zen arte. Orduan, biak han zutik zeudela, Head jaunak arnasa hartu eta esan zuen: “Gezurretako negro bat!” Ezinezkoa zen antzematea beltz artifizial hark gazte bat edo zahar bat irudikatu nahi zuen; itxura miserableegia zuen, bata zein bestea izateko. Irudi alaia izan nahi zuen, ezpainak gorantz luzatuta baitzituen alboetan, baina begi koskatuek eta angelu okertu hark zeharo itxura miserablea ematen zioten. —Gezurretako negro bat! —errepikatu zuen Nelsonek, Head jaunaren tonu berberean. Hantxe egon ziren biak, lepoak ia angelu berean aurreratuta, sorbaldak ia modu berean erorita, eta eskuak berdin dardaraka, patriken barruan. Head jaunak ume zahar bat zirudien eta Nelsonek, berriz, gizon zahar baten miniatura. Beltz artifizialari begira egon ziren, misterio handi bat aurrez aurre jarri balitzaie bezala; irudi hark, hirugarren baten garaipenari altxatutako monumentua izanik, aitona eta biloba elkarrengana hurbilduko balitu bezala, euren porrot erkidean. Biek sentitu zuten nola desegiten ziren euren arteko tirabirak, errukizko egintza batean bezala. Head jaunak ez zuen orduraino jakin errukia zer zen, zintzoegia izana baitzen errukirik merezi izateko, baina ikasi zuela sentitu zuen. Nelsoni begiratu zion eta konturatu zen zerbait esan behar ziola, umeari erakusteko artean ere jakintsua zela, eta mutikoak itzuli zion begiratuan ikusi zuen ziurtasun premian zegoela. Irudi zuen Nelsonen begiek erreguka eskatzen ziotela existentziaren misterioa azal ziezaiola, behin betikoz. Head jaunak ahoa zabaldu zuen munta handiko adierazpen jantzi bat egiteko, eta bere burua entzun zuen esaten: —Ez dauzkate behar hainbat egiazko, eta gezurretakoen beharra dute. Segundo baten ondoren, mutikoak baiezkoa egin zuen buruarekin, ezpain inguruan dardara bitxi bat eginez, eta esan zuen: —Goazen etxera, berriz galdu baino lehen. Aitona-bilobak iritsi ziren une berean labaindu zen trena aldirietako geltoki barrura, eta batera igo ziren. Trenbide lotunera iristeko hamar minutu falta zirenean ate ondora hurbildu eta salto egiteko prest jarri ziren, trena gelditzen ez bazen ere; gelditu egin zen, ordea, ilargia, aldi hartan bere distira osoan, laino baten atzetik atera eta basoko soilgunea argiz betetzen ari zen une berean. Jaitsi zirenean, salbiak leunki egin zuen dardara, zilar-koloreko itzalak sortuz, eta oinazpian hartu zuten zepak argi beltz berri batekin egin zuen distira. Zuhaitzen adaburuak, trenbide lotunearen hesi eta babes, lorategi batean itxitura bezala, ilunagoak ziren zerua baino, eta goian laino zuri erraldoiak zeuden zintzilika, linternen modura argiztatuak. Head jauna geldi-geldi egon zen, eta errukiak berriz ukitzen zuela sentitu zuen; aldi hartan, ordea, bazekien ez zela munduan hitzik hura izenda zezakeenik. Ulertu zuen oinazetik sortzen dela errukia, oinazea ez zaiola inori ukatzen, eta umeei modu bitxietan ematen zaiela. Ulertu zuen horixe zela gizonak heriotzara eraman zezakeen guztia, bere Egileari eskaintzeko, eta bat-batean lotsak erre zuen, hain gutxi zeukalako berarekin eramateko. Bere burua Jainkoaren erabatekotasunaz juzgatu zuelarik ikara sentitu zuen, errukiaren eraginak sugarrek bezala bere harrokeria estaltzen eta kiskaltzen eta agortzen zuen bitartean. Ez zuen inoiz bere burua bekatugile handitzat jo, baina une hartan konturatu zen bere benetako doilorkeria ezkutatua izan zitzaiola, etsipenean eror ez zedin. Konturatu zen barkatuak zitzaizkiola bekatu guztiak, denboraren hasieratikoak, lehena izanik Adanen bekatua bere bihotzean sortu zuenekoa, egun hartan Nelson gaixoa ukatzean egindakoraino. Ulertu zuen ez zegoela bekatu izugarriegirik, berak egindakotzat jo ez zezakeenik, eta Jainkoak barkatzen zuen heinean maitatzen zuenez, istant hartan bertan Paradisuan sartzeko prest sentitu zen. Nelsonek nekea eta susmoa nahasirik begiratzen zion, kapeluaren hegalpean bere eitea atzera onera ekartzen zuen bitartean, baina trena haien aurretik igaro eta suge izutu baten modura ostera basoan sartu zenean, aurpegia zertxobait argitu eta murmurikatu zuen: —Pozik nago behin joan izanaz, baina ez naiz sekula itzuliko!
GEZURRETAKO NEGROA |