"NIRE ARRAZA MENDEKATZEKO IDATZIKO DUT"
Annie Ernaux

Nobel saria jasotzeko hitzaldia
euskaratzailea: Joannes Jauregi
armiarma.eus, 2022

 

        Nondik hasi? Dozenaka bider egin diot galdera hori neure buruari orri zuriaren aurrean. Esaldi bat aurkitu beharko banu bezala, esaldi jakin bat, liburuaren idazketan sartzen utziko didana eta duda guztiak kolpe bakarrean uxatuko dizkidana. Giltza suerte bat. Premia horrek berak hartu nau gaur, hasierako durduza pasaturik  ―«Niri gertatu al zait, benetan?»― nire irudimenak gero eta laztura handiagoarekin aurkezten didan egoera honi aurre egin behar diodalarik: esaldi jakin bat aurkitu behar, emango dizkidana nahikoa askatasun eta sendotasun gaurkoan gonbidatu nauzuen toki honetan dardaraka hasi gabe hitz egiteko.

        Ez dut urrutira joan beharrik esaldi horren bila. Berez jaio da. Bere biluzean, bere bortitzean. Hotz eta motz. Itzulezin. Duela hirurogei urte idatzi nuen nire eguneroko intimoan. Nire arraza mendekatzeko idatziko dut. Rimbauden auhenaren oihartzunetan idatzi nuen: «Betidanik izan naiz arraza beherekoa». Hogeita bi urte nituen, eta letretako ikasketak egiten ari nintzen probintziako fakultate batean, tokiko burgesiaren seme-alabez inguraturik. Urguiluz eta xalotasunez pentsatzen nuen ezen liburuak idaztea, idazle bihurtzea, zer eta lurrik gabeko nekazarien, langileen eta saltzaile txikien kasta baten ondorengo izanik —denak ere mespretxatuak beren manerak, azentua eta kultura-falta zirela-eta—, aski izango zela jaiotzako injustizia soziala kitatzeko. Garaipen indibidual bakar batek ezabatuko zituela mendeetan eta mendeetan sufritutako menderakuntza eta pobrezia; ilusio horixe piztu zidan eskolak, ikasle ona nintzenez gero. Nire garapen pertsonalak nolatan leheneratuko zituen engoitik sufritutako umiliazioak eta ofentsak? Ez nion halakorik galdetzen neure buruari. Banuen aitzakiarik.

        Irakurtzen ikasi nuenetik, liburuak lagun nituen, eta irakurtzea, eskolaz kanpoko okupazio naturala. Zaletasun hori amak hauspotu zidan, dendan bezerorik gabeko tarteetan nobelak irakurri zale amorratua bera, nahiago zuena ni irakurtzen ikusi josten edo trikotatzen baino. Liburuen garestiak eta nire eskola erlijiosoan pizten zuten mesfidantzak are desiragarriago bihurtzen zizkidan. On Kixote, Gulliverren bidaiak, Jane Eyre, Grimm eta Andersenen ipuinak, David Copperfield, Haizeak eramana, geroago Miserableak eta Hiraren mahatsak, Goragalea, Arrotza: eskolako mandatuek baino gehiago, halabeharrak esaten zidan zer irakurri.

        Letrak ikasteko hautua bertan geratzeko hautua izan zen, literaturan, zeina balio guztien artean gailen bilakatu baitzitzaidan —are bizitzeko modu ere— eta zeinak neure burua Flauberten edo Virginia Woolfen nobela batean proiektarazten baitzidan, eta eleberriok literalki biziarazten. Kontinente suerte bat zen, oharkabean nire ingurune sozialari kontrajartzen niona. Eta literatura errealitatea antzaldatzeko posibilitatetzat hartzen nuen ezinbestean.

        Nire desira eta urguilua ez ziren apaldu aurreneko nobela ―zeinaren meritu bakarra forma berri bat bilatzea baitzen― bizpahiru editorek errefusatu zidatelako, baizik eta zama astuna zelako emakume izatea eta ez gizon, rolak sexuen arabera definituak, kontrazepzioa debekatua eta haurdunaldia kriminalizatua zituen gizarte batean. Bikote-bizitzan sartuta, eta bi umerekin, familiako intendentziaren arduradun eta lanbidez irakasle, eguna joan eta eguna etorri urrunduz nindoan idazketatik eta nire «arraza» mendekatzeko promesetik. Ezin nuen Kafkaren Prozesua-ko «Legearen parabola» irakurri nire destinoaren figurazioa ikusi gabe bertan: hilko nintzela, hil, neuretzako propio egindako atea zeharkatu ere gabe, neuk baino idatzi ezin nuen liburua, alegia.

        Baina ez nituen halabehar pribatua eta historikoa kontuan hartu. Aita hiltzea ni oporretan harenera iritsi eta hiru egunera, irakasle aritzea ikasle guztiak nire antzeko inguruneetatik atereak ziren klase batzuetan, protesta-mugimenduak piztea nazioartean; gertakari horiek guztiek, ustekabeko estratetan barrena, nire jatorrizko mundura ninderamaten, nire «arrazara», eta nire idatzi nahiari premia sekretu eta absolutu baten izaera ematen zioten. Orduko hartan helburua ez zen hogei urte nitueneko «ezerezari buruz idazte» barnehutsari lotzea, baizik eta memoria zapuztu baten esanezintasunean murgiltzea eta neuretarren biziera azaleratzea. Idaztea, alegia, konprenitze aldera zer barne- nahiz kanpo-arrazoik urrundu ninduten neure jatorritik.

        Ez dago berez datorren idazketa-hauturik. Baina immigratuak izanik jada gurasoen hizkuntzan mintzo ez direnek, eta klase sozialaren transfuga izanik gurasoen hizkuntza berbera ere ez dutenek, denek beste hitz batzuekin pentsatzen eta adierazten dute beren burua, eta oztopo gehiago izaten dituzte. Dilema bat. Sumatzen dute, bai, zein zaila den, are ezinezkoa ere, jasotako hizkuntzan idaztea, hizkuntza nagusian, zeina erabiltzen ikasi eta miretsi egiten baitute haren obra literarioetan, jatorrizko mundutik datorren horretan guztian; mundu bat lehen-lehenik sentsazioz egina, eta eguneroko bizitza, lana, gizartean hartutako tokia esaten dituzten hitzez.

        Bateko, gauzak izendatzen ikasi duten hizkuntza daukate, bere gordintasunean eta isiluneetan; esaterako, Albert Camusen Entre oui et non testu ederreko ama-semeen arteko liskarra. Besteko, obra miretsi eta barneratuen ereduak dituzte, ereduok ireki baitiete jatorrizko unibertsoa eta haiei zor baitiete beren goraldia, sarri askotan benetako aberri kontsideratua. Nirean baziren Flaubert, Proust, Virginia Woolf; idazten hasteko orduan, baina, ez zitzaizkidan lagungarri. Premiazkoa nuen «ondo idazte» horrekin haustea, nik neuk eskoletan irakasten nuen esaldi ederrarekin, hartara ni zeharkatzen ninduen arrakala kanporatzeko, erakusteko eta konprenitzeko. Espontaneoki, kolera eta burlaizea ―baita zakartasuna ere— garraiatzen zituen hizkuntza baten porrota etorri zitzaidan; hizkuntza bat gehiegizkoa, matxinatua, jende umilak eta ofendituak sarri erabilia, beste biderik ezean, mespretxuen, lotsaren eta lotsaren lotsaren oroitzari erantzuteko.

        Berandu gabe, agerikoa iruditu zitzaidan, beste abiabururik ezin imajinatzeraino, nire urradura sozialaren kontakizunak ikasle-denboran bizi izandakoa hartu behar behar zuela erdigune, Frantziako Estatuak emakumeak kondenatzen zituen egoera, alegia: abortu klandestinora jo beharra «aingerugile» delakoen eskuetan. Eta deskribatu nahi nuen zer gertatu zitzaion nire neskatila-gorputzari, plazeraren aurkikuntza, hilekoak. Halatan, aurreneko liburu hark, 1974an publikatu zenak, ni kontziente izan gabe ere definitzen zuen zer eremutan kokatuko nuen nire idazletza, aldi berean soziala eta feminista zen eremu batean. Aurrerantzean, nire arraza mendekatzeak eta nire sexua mendekatzeak bat egin zuten.

        Nola gogoetatu bizitzaz idazketaz ere gogoetatu gabe? Galdetu gabe ea idazketak erosotu edo asaldatu egiten dituen izakietan eta gauzetan onartutako eta barneratutako errepresentazioak? Idazketa matxinatuak ez ote zuen, bere bortizkerian eta burlaizean, menperatuaren jarrera adierazten? Irakurlea pribilegiatu kultural bat zenean, gailentasun eta kondeszendentzia berberarekin hartzen zuen liburuko pertsonaiak eta bizitza errealekoak. Hortaz, begirada hori porrokatze aldera, ezen harekin gure aitari erreparatzea —haren bizitza kontatu nahi bainuen— eutsiezina izango zatekeen —bai traizioa ere, sentitzen nuenez—, laugarren liburutik aurrera idazkera neutro eta objektibo bat hartu nuen, «laua»: esan nahi baita, ez metaforarik ez emozio-zeinurik gabea. Indarkeria ez zen gehiago erakusten; gertakarietatik beretatik zetorren, ez idazketatik. Errealitatea eta aldi berean errealitateak piztutako sentipenak garraiatzen dituzten hitzak aurkitzea bihurtu zen, gaur arte, nire kezka nagusia idazle gisa, idazgaia edozein izanda ere.

        Ezinbestekoa egiten zitzaidan ni esaten segitzea. Lehen pertsona —zeinaren bidez existitzen baikara hizkuntza gehienetan, hitz egiten ikasten dugunetik heriotzara arte— literarioki erabiltzea nartzisista kontsideratzen da sarritan, zeren egileari egiten baitio erreferentzia, ez baita aurkezten fikziozko ni baten gisan. On da gogoratzea ni-a, ordura arte beren memorietan balentria militarrak kontatzen zituzten nobleen pribilegioa izandakoa, XVIII. mendeko konkista demokratiko bat dela Frantzian, eta norbanakoen berdintasuna eta beren historiaren subjektu izateko duten eskubidea aldarrikatzen dituela, Jean-Jacques Rousseauk bere aitorpenen lehen aitzinsolasean dioen bezala: «Eta ez dadila eragozpenik jarri esanez ezen herriko gizona izateagatik ez dudala irakurleen arreta merezi duen zer esanik. [...] Bizi izan naizen iluntasunean erregeek baino gehiago eta hobeto pentsatu badut, nire arimaren historia interesgarriagoa izango da haiena baino».

        Nire akuilua ez zen plebearen harrotasuna (nahiz eta...), baizik eta ni horretaz —forma maskulinoa eta femeninoa aldi berean— baliatzeko desira, ni hori sentsazioak harrapatzeko esplorazio-tresna bat balitz bezala, memorian ehortzitako sentsazioak zein inguruak ematen dituenak, leku oro, denbora oro. Sentsazioaren aurrekari hori gida bilakatu zitzaidan, eta, aldi berean, nire bilaketa egiazkoa zela bermatzen zidan. Zertarako, baina? Niretzat, kontua ez da nire bizi-istorioa kontatzea, ezta nire sekretuak haizatzea ere, baizik eta bizi izandako egoera edo gertakari bat deszifratzea, edo maitasun-harreman bat, eta era horretan zerbait erakustea idazkerak baino ezin dezakeena existiarazi eta, akaso, beste kontzientzia batzuetara garraia, beste memoria batzuetara.

        Nork esan lezake maitasuna, oinazea eta dolua, lotsa, ez direla unibertsalak? Victor Hugok idatzi zuen: «Gutako inork ez du berea baino ez den bizitza bat izateko ohorea». Baina gauza guztiak modu indibidualean bizi ditugunez erremediorik gabe —«Neuri gertatu zait»—, ezin dira berdin irakurri, non eta liburuko ni-a ez den nolabait ere garden bilakatzen, eta ez duen irakurleak okupatzen. Ni hori transpertsonala izatea, alegia, singularra unibertsalera iristea.

        Idazketan halaxe ulertu dut nire engaiamendua, zeinaren xedea ez baita irakurle kategoria bat helburu hartuta idaztea, baizik eta abiapuntu batetik, nire emakume-esperientziatik eta barne migratuaren esperientziatik, urteen joanean luzatuz doan nire memoriatik, orainalditik, zeina baita irudien eta besteen hitzen etengabeko hornitzaile. Engaiamendu horri gerora segurantza bihurtu den uste batek eusten dio: liburu batek norbere bizitza aldatzen lagun dezake, pairatu eta ezkutatutako gauzen bakardadea puskatzen, norbere burua bestela pentsatzen. Esanezina azaleratzea ekintza politikoa da.

        Horixe ikusten dugu, gaur egun, gizonen boterea gainazpikatzeko hitzak aurkitu dituzten emakumeen erreboltan, altxa egin baitira, esaterako Iranen, botere horren formarik bortitzenaren eta arkaikoenaren kontra. Herrialde demokratiko batean idazten baitut, oraindik ere galdetzen diot neure buruari, halere, zer leku hartzen duten emakumeek literaturaren esparruan. Obrak ekoizteko legitimotasuna ez dute oraindik lortu. Frantzian, eta mundu osoan, emakumeek idatzitako liburuak existitu ere ez dira egiten zenbait gizonezko intelektualentzat, eta ez dituzte sekula aipatzen. Suediako akademiak nire lana aitortze hau justizia- eta esperantza-seinale bat da emakumezko idazle guztientzat.

        Esanezin sozial hori azaleratzeak, klase- eta/edo arraza-menderakuntzazko harremanen barneratzeak —baita sexuzkoenak ere—, zeina haren objektu direnek bakarrik sentitzen baitute, badu emantzipazio indibidualerako eta kolektiborako aukera bat. Egiazko mundua deszifratzea, hizkuntza orok daramatzan ikuspen eta balioak erantzita, ordena ezarria asaldatzea da, hierarkiak gainazpikatzea.

        Baina ez ditut nahasten idazketa literarioaren ekintza politikoa, irakurlearen harreraren mende dagoena, eta gertakari, gatazka eta ideien inguruan hartzen dudan jarrera. Mundu Gerraren osteko belaunaldian hazitakoa naiz, non berezkoa baitzen idazle eta intelektualak Frantziako politikaren inguruan posizionatzea eta gatazka sozialetan inplikatzea. Gaur egun, ez dago esaterik ea gauzak desberdin aterako ziratekeen haien hitzik eta engaiamendurik gabe.

        Gaurko munduan, hain dira ugariak informazio-iturriak, eta hain agudo ordezkatzen dira irudiak irudi berriekin, non indiferentzia-suerte baten ohitura nagusitu baita, eta, horiek horrela, tentazio handia da nor bere arte-jardunean kontzentratzea. Ordea, Europa osoan gora eta gora ari da —Errusiaren buru den diktadoreak gauzatutako gerra inperialista baten indarkerian kukututa— atzerakoikerian eta itxikerian funtsatutako ideologia bat, zeina barreiatzen eta gotortzen ari baita Europako herrialde orain arte demokratikoetan. Ideologia horrek atzerritarrak eta migratzaileak kanporatzea du oinarri, ekonomikoki ahulenak direnak abandonatzea, emakumeek gorputza zelatatzea, eta niri neuri adi egoteko premia inposatzen dit, baita gizakiek beti eta leku guztietan balio bera dutela uste dugun guztioi ere.

        Denik eta literatura-saririk gorena niri emanda, foku handi bat jarri zaie bakardadean eta zalantza artean gauzatutako idazketa-lan bati eta bilaketa pertsonal bati. Argi horrek ez nau itsutzen. Ez dut uste jaso dudan Nobel sari hau garaipen indibiduala denik. Ez da harrokeria, ez apalkeria ere, pentsatzea nolabait ere garaipen kolektibo bat dela. Harrotasuna partekatzen dut modu batera edo bestera gizaki guztientzako —edozein izanik sexua eta generoa, azala, kultura— askatasun, berdintasun eta duintasun gehiago desiratzen duten guztiekin; hurrengo belaunaldiak gogoan dituztenekin, Lurra zaintzen dutenekin, gero eta gutxiago baita herri guztientzat bizigarri, gutxi batzuen etekin-gosea dela kausa.

        Hogei urte nituela egindako promesera itzulita, nire arraza mendekatzeari buruzko hartara, ez nuke asmatuko esaten ea konplitu dudan ala ez. Neska harengandik, nire arbasoengandik —heriotza goiztiarra ekarri zieten lanetan zaildutako gizon-emakumeak denak— jaso ditut behar besteko indarra eta kolera haiei literaturan tokia egin nahi izateko, askotariko ahotsen multzo honetan, zeinak oso aspalditik egin baitit lagun eta beste mundu eta pentsaeretan sartzeko bidea eman baitit, hala nola haren kontra altxatu eta hura aldatu nahi izatean. Nire emakume-ahotsa, nire transfuga sozialaren ahotsa irartze aldera beti emantzipazio-toki den horretan, literaturan.

 

"NIRE ARRAZA MENDEKATZEKO IDATZIKO DUT"
Annie Ernaux

Nobel saria jasotzeko hitzaldia
euskaratzailea: Joannes Jauregi
armiarma.eus, 2022