ZIRKULUA
Elisa Mujica

El círculo,1959
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

Botila hartu eta almendra berdearen kolorea zeukan likidoa isuri zuen kantinerak, beira lodian landutako kopa txikietan. Moises Barbak eta beste gizonak, biak ere mostradorearen kontra agondurik, hartzera egin zuten. Fresko zegoen denda barruan, baina plazara begiratuz gero, eguzkiak betirako beretua zuela baitzirudien, bafada batean sartzen zen barruraino han sentitu behar zen berotasun guztia. Moisesek mina zeukan oin batean, harritxoren bat sartu espartinean eta behatz artean kokatu. Makurtu nahi zukeen oinetakoa askatu eta enbarazu hura kentzeko, baina ez zen ausartzen. Dendan zigarro pakete bat erostera sartu zelarik inspektorearekin topo, eta hark kopa bana hartzera gomitatu. Hitz egiten ziola, makularik gabeko hortzen ilara biek distira egin zuten dendako argilunpean. Moisesek ezin uko egin. Halakorik, inspektorea Juan Lobo izanda? Hobe zuela inspektorearekin patxadaz eta kezkarik gabe jardutea ohartarazi zion senak. Astia irabazi behar zuela bururatu zitzaion, zergatik zehazki ez zekien arren. Baina bere ahotsa entzunda nota arraroak nabaritu, arrotz bat ariko balitz bezala...

      — Bai, jakina ez dela zuhurra nekazariek dinamita erabiltzea arrantzarako. Esan nien lehengoan Tirsori eta Napori. Nire konpak, badakizu? Inguru horietan aspalditik erabiltzen dituztela leherkariak esan zidaten...

      — Ez dago aitzakiarik —esan zuen Juan Lobok—. Dinamita ezkutatzen duten nekazariei aurreko egunekoa egin behar zaie, gogoratzen? Ez diegu leherkaria utziko, batez ere zertarako nahi duten jakinda...

      Komisarioak ere beldurra zeukan beraz?, Moisesek bere artean. Hori ote gertatzen ari zenaren kausa? Hori ote, orain zortzi, komisariatik deklaratzera azaltzeko deitu ziotenean, bertan ikusitakoaren kausa? Lobori oharkabean erantzunez eta kopa berdeen kolorea zurrut bakoitzeko suntsituz, inspektorearen bulegoan zegoela berriro uste izan zuen. Hotzikara batek astindu zuen, eta kopakoa hustuz estali nahi izan zuen. Lobok lo egiten zuen gela berean funtzionatzen zuen Inspekzioak. Ongi gogoan zeukan Moisesek gela hura, ohea alde batean eta bestean idazteko mahaia, paperez betea, zigorra eta pistola. Sabaia alderik alde gurutzatzen zuen habetik lakioa zintzilik. Paretak karez eta zorua adreiluz, labe batean bezain bero, hantxe gertatu zen dena.

      Orain, Matilde Isabela kantinerarekin solastatzen zela, dendako apalak apaintzen zituzten botila, xaboi kutxa eta kandela azao inguru hartan, inspektoreak ez zirudien inoren kalteko. Alabaina, tortura egunean bestelakoa zen. Gogoan zeukan Moisesek nola erantzun zien Loboren galderei, hitzak gorputza eri dugunean mugimenduak egiten ditugun kontu  berarekin hautatzen zituela. Baina gelako zoko batean lotuak zeuden gizonei begiratutakoan, haienganako atxikimendu oldar bat jabetu zitzaion, eta min eman zion disimulatu beharrak.

      Presoen artean zegoen Anbrosio Ita, sendagile indioa. Hura seinalatuz, inspektoreak bere morroiei:

      —Hogei zigorkada, aurkitzen diogun dinamita tako bakoitzeko!

      Makaldua eta horitua, belaginaren gorputzak dilinda egin zuen airean, sokatik eskegia. Moisesek ikusia zuen egun batzuk lehenago, gaixo bati intsusa lorearen ura ematen sukarra apaltzeko. Anbrosiok bazuen belarren indarraren berri eta kolpeek sortutako oinazea eztitzeko totumo ziropa zela onena esan ohi zuen. Aukera bikaina zeukan orduantxe bere buruan frogatzeko.

      Zigorkadek berehala egin zuten Anbrosioren bizkarrak elizako Pikotako Jaunarenak bezalakoak bihurtzeko lana. Haren aurrean belaunikatzen zen otoitz egiteko Moises umetan, baina begiak zaurietatik kendu ezinik. Gelako giroa astuna eta arraroa zen. Loboren morroiek uxual botila zerabilten eskuz esku eta bazirudien atsegingarrizko oldar batek hartzen zituela intziri, zigarroen ke, madarikazio eta zigorkaden erdian. Atxilotuarengana hurreratu eta zigarrokina itzali zuen Lobok haren betazaletan. Moisesek halako nahaste bat sumatu zuen urdailean eta min sor berezi bat bularrean. Lore malaskatu bat ematen zuen gorputz hilduratuak. Lobok noizbait irteten utzi ziolarik, minutu bat eman zuen tentemozo, harri eginda. Gero ateraino hurbildu zen astiro, eta lasterkari eman zion kalean. Izerdi basatan zen, aldiz hotz aldiz bero. Etxeko pareten artean egon zenean etorri ahal izan zuen bere onera, eta mugarik ez zeukan elkartasun sentimendu batek atxiki zuen pareta haietara.

      — Beste bana?

      Inspektorea bera hizketan, hatsa aurpegira ematen ziola kasik. Beldur da azkenean arrantzaleek leherkaria eskuratuko duten, Moisesek bere artean. Oinak min ematen zion eta plantxa baten berotasuna zeukan. Ezin zuen makurtu oinetakoa askatzera, bazekien Lobo zelatan zegoela eta errebolberra aterako zuela susmoa sortuko zion mugimendurik ikusi orduko. Itxaron egin behar zuen. Bere bizitzaren beste gertaldi batzuk hasi zitzaizkion irudimena betetzen. Jendeak zioenez, heriotza gertu dagoenean gertatzen zen hori. Edo zurrutarena ote? Inspektoreak ez zien jaramonik egiten solaskidearen urrunaldi mentalei, Moises aldizka adi eta aldizka ezentzunean baitzen, kopako mozkorrago, azpiratu ezin zuen indar baten bulkadaz. Orain mulatiko txiroaren haurtzaroa gogoetatzen zuen, oinutsik, Boca de Hinda-ko ume guztiak bezala. Eskolara urteko lehen hilean, amak, Clara izeneko beltzak, bere mulatikoak istruzioa hartu behar zuelako proiektua baitzeukan. Hilaren buruan eskola utzi beharrean zen amari lanean lagundu eta bien artean nahikoa bildu ahal izateko platanoak, arroza, eta zenbaitetan arraina, artoa eta gozokia erostearren.

      Gizondu zelarik, Moisesek platanoa jaten segitu zuen, baina uxualarekin mozkortzen zen larunbat gauetan. Arraioa! Nola pasatu astea larunbata iristeko irrikan! Arratsaldeko seiak hor nonbait, oraindik egun argi, ziririkuak botatzen hasten zen herriko plazan, eta arrantzaleek txalupak ibaiertzean lotu eta beren etxoletara hartzen zuten. Presaka, ilea latz eta sudurra heze, ukuilura datozen behorren antzera, zain zeukaten jatena gogoan. Usaimena sentiberago zekarten, eta inguruetako etxolaren bat irekitzen bazuten, laratzeko harrietatik sortzen ziren lurrinak aditzen zituzten. Jaten ozta amaitu eta plazara lasterka porroa dantzatzera eta egunsentia arterainoko zurruta egitera. Batzuk billete mordoak irabaziak ziren eta gau horretan bertan xahutzen zituzten, biharamunerako ezer gorde gabe. Horrelakoa izan zen Boca de Hondako bizimodua, zoramen egunekin eta dolamen egunekin, Ez orain bezalakoa, Moisesek bere artean behazunez. Hainbesteraino non kopek dardara egin baitzuten mostradorean jo zuen zartadarekin. Nekazariak sufrikarioan zeuden uda beroegiz, negu luzeegiz, Ita belaginak mendian biltzen zituen belar lurrintsuek ezin senda zitzaketen eritasunez. Baina arrisku berri bat Lobo iritsi zenez geroztik. Alkateak eman zion haren berri goiz batean Moisesi herriko plazan.

      — Gogoratzen Juan Loborekin? —galdera.

      — Juan Loboren semea?

      — Bai. Gamarrara ihes egin zuen zango-kakola. Han bizimodu makurra egin omen zuen, labana eta lapurreta tarteko Pamplonako espetxean sartu omen zuten...

      — Non dabil orain?

      — Boca de Hondako inspektore berria da, hemen izango dugu berandu gabe.

      Albistea herrian barrena zabaldu zenean, ezer onik ez zetorrelako ustea hartu zuen jendeak, Moisesek igarri zion arren nork bere beldurra estaltzen zuela agintariei fidantzia zielakoa eginez. Lobo morroi fusildunen artean kamioi batetik jaisten ikusi zutenean bakarrik ulertu zuten denek herriaren bizimodua aldatua zela. Ez pertsonen aurpegiak, ez plaza, ezta meza nagusia ere izan ziren aurrekoak. Gizonak mendian hilik azaldu. Jendea ahapetik mintzo, etxeek gaixo bana balute bezala. Alkatea bere bulegoan itxia, gauez irteten zela inork ikus ez zezan.

      Nekazariek, beraz, arma gerrikoan zintzilik edo arropetan ezkutatuta  ibili behar zuten. Moisesena daga txiki eta malgu bat zen, eskuaren luzapena kasik. Daga ez da matxetea, astuna eta kolpea eman baino lehen ongi pentsatzen duela dirudien horietakoa. Daga arina da eta bere gisa mugitzen da nolabait, baina Moisesek ezin zuen utzi. Giderra ukitu behar zuen soinean zeramala oroitzeko.

      — Alegia, Tirsok eta Napoleonek dinamita gordetzen dutela...

      Loboren ezpainetatik Moisesen muturrera. Bazen puska bat inspektoreak eta kantinerak solasa utzia zutela eta berari so zeuden. Moisesen burutapena lagunak salbatzearren:

      — Don Rodrigok. Berak dauka.

      — Don Rodrigok? —errepikatu inspektoreak, harriturik.

      Berehala erantsi zuen, oso bestela:

      — Jardunean jarduteko ari haiz eta nik zakur horiek ez harrapatzeko.  Don Rodrigo laguna dut eta badaki autoritatea errespetatzen. Bere larretan dauzkat behorrak, goian dituen horietan, muino handian. Ez henkien? —izerditan aurpegira. Gero kopa hustu kantinerari begiratu bat eginez.

      Lagunen egoera ahantzarazteko aipatu zuen Moisesek Don Rodrigo, eta zeukan diruak babesten zuelakoan. Bestalde, esan zuena ahotan zebilen herrian. Baina ulertu zuen izen debekatu bat aipatu zuela, Don Rodrigok eta inspektoreak interes berdinak zituztela... eta baita Matilde Isabelak ere, ausaz. Igarri zion galdua zela. Hala ere, beldurra suntsitu egiten zitzaion ohartu arau. Astiro hautatu zituen erantzunaren hitzak, bat-banaka dastatuz:

      — Don Rodrigo Barranquillara joan zen orain egun batzuk eta dinamita erosi zuen. Ez zuen kamioian ekarri, txalupan baizik, paper ziratuarekin ongi bildua hezetasunik ez hartzeko. Ez du erabiltzen arrantzarako, pobreek bezala. Zer edo zer eduki lezake buruan.

      Esandakoak ekartzen ahal zion makurrik gerora, baina orain ikara zitzakeen bi haiek, jakinean zegoela ikusita. Nabarmena zen hitz haiek sortutakoa. Inspektoreak ez zuen erantzun, baina mostradorearen kontra jaurti zuen kopa indarrez, gutxi arren ez zuen apurtu. Matilde Isabela batetik bestera zebilen, urduri, entzundakoa eraso bat izan balu bezala. Ene! Zeinen gustagarri zegoen oraindik! Une hartan, aurpegian jotzen zuen eguzkiari esker, mulata zakarretatik eta portuko beltzetatik horren bereizia egiten zuen azal zuri, leun eta gardena ikusten zion Moisesek. Gizenak ez zion galarazi bere gorputz txikian limurgarri betetako formen kitzika. Ileak, beltz, kirru eta distiran, panpinaren batena ematen zuen, eta begiek, zerbitzatzen zuen edabearen kolorearenak. Emakume hark loriatan jartzen zituen beltzak abenduko gauetan, plazan porroak dantzatzera azaltzen zenean. Moisesek berak, ez ote zuen gutiziatu ba? Beste garai batean ordea, gaztetan. Gero Matilde Isabelak gorantz egin zuen, gorantz, haiei guztiei destainez begiratzeraino. Kolore hautsa ematen zuen masailetan eta zeta zatiak eta takoi luzeko zapatak eskatzen zituen Barranquillara. Dendan, helburura iritsi denaren patxada erakusten zuen. Moises ergel arraioa izan zen hartaz esaten zutena ahaztuta, hotsa zebilen Don Rodrigoren maitalea zela eta hark eragin zuela estankoa eman ziezaioten. Egia zela ulertu zuen bat-batean.

      — Eta soinean daramaan aizto hori? Ez al dakik debekatua dagoela armak eramatea?

      Tortura egunaren grina gaiztora etorri zen inspektorea. Nola edo hala behar zuen asmatu aitzakiaren bat arma ez galtzeko. Gerrira egin zuen eskuarekin, daga defendatzeko edo emateko asmoa zuela adieraz zezakeen zirkinean.

      Oihu egin zuen Lobok:

      — Artaburua, ...kumea! Emadak arma hori, bestela borraka hebainduko beharko haut hil baino lehen!

      Aukera bakarra zeukan bizirik ateratzeko. Orain egiten ez bazuen, gero zaila zaukan ihesa. Karrikan barrena ekin zion lasterka, indarrak eta  zentzumenak erne, era automatikoan ordea, halako eginahal gaitzean non, halakorik egin baleza, lurrean etzango litzatekeen bertan. Loboren ahotsaren oihartzuna bere atzetik:

      — Ikusiko duk benetan ari naizen edo ez!

      Eztanda bat gaztiguarekin bateratsu. Arineketan jarraitu zuen Moisesek. Mugimenduarekin, harritxintxarra behatzen artean sartu zitzaion, eta izerditan melatua zeukan zanpatzeak ematen zion mina. Harri hori sartu izan ez balitz goizean espartinean! Garunean osatzen hasten zitzaizkion irudi guztiak beira zatitan apurtzen ziren, eta barrena ziztatzen zioten. Etxe multzoaren itzulia egin eta estanko aurretik pasatu zen ostera. Etxemultzo  izkinatik izkinarako aldera Lobo. Zer ari zen kontuan hartu gabe, eta bere gurari bakarra une batez atseden hartu eta espartinak kentzea balitz bezala, atera irtena zen Matilde Isabelari bultza zakar bat egin eta dendan sartu zen. Jukutria ona da hala ere, pentsatu zuen. Buruak ez zion emango Lobori han bertan ezkuta zitekeenik.    

      Mostradorea zegoen gelak irekidura bat zeukan alboan farfaila zuriko errezelak estalia. Errezel honek atearena egiten zuen dendaren eta Matilde Isabelaren lotokiaren artean, huraxe irteera bakarra. Moisesek bazekien, gau bakar batean sartu izan zen arren. Artean emakumea ez zen estankoaren jabe, eta goitik begiratu ahal izan zien haren begien ur berdeei, ixtera behartu zuen arte. Orain, hitzik atera gabe, errezela bildu eta gelan sartu zen, ohean astun etzanez.

      Gerta zitekeena, kantineraren nahian zegoen. Sartzen ikusitakoan  aienetxo bat egin zuen ikara, ezuste eta plazer nahaste. Horrelakoak izan behar zuten gizakiek ateratzen zituzten soinuak hitza ikasi aurretik, zenbait inpresio aldi berean adierazteko. Oihuaren basak odola gatzatu zion iheslariari. Baina gero Matilde Isabela isilik egon zen, bere logela inbaditu izanaz kexatu gabe, eta bere lekura itzuli zen mostradore ostean. Moises ez zen ausartu hitzik ateratzen laguntza erregutzeko. Lobo hurbilegi egon zitekeen. Baina gogoan izango zuen noski behialako intimitatea. Errukiorra izan behar zuen. Emakumezkoa izanik... Moisesek bazekien heldua zela azken jokoaren unea eta gorputz osoa zeukan erne arriskuari, aldi berean atseden sentimen batek hartzen zuela. Matilde Isabelaren kutxaren gainean jesarri, espartinak kendu eta zangoak luzatu zituen. Sarrerako atetik heldu zitzaion Loboren ahotsa.

      — Ikusi al duzu beltz hori pasatzen, Matilde Isabela?

      Kinkik ez emakumearen aldetik. Zalantzan ote? Seinaleren bat egiten? Moises preparatu egin zen daga hartuta.

      — Nola jakin ote du Don Rodrigorena? —Lobok berriro—. Gaztigatu egin behar diogu. Ikusiko al duzu gauean?

      — Bai —erantzun zuen emakumeak harro—. Gauero etortzen da.

      Moises kukutua zegoen atetik hurbileneko zokoan, daga eskuan. Matilde Isabelaren garbitokia ikusten zuen, apal batean zeukala ispilua, hauts kutxatxo bat eta orrazia. Kutxatxoaren etiketak Polvos de tocador Anthea zioen, hizkiak aingeru bik eusten zuten xingola batean marraztuak eta kutxatxoaren gerri osoa hartuz. Bazirudien Moisesen zentzumenek entretenigarri bat behar zutela, bere begiek behin eta berriz irakurtzen zuten paperekoa eta bere usaimenak emakumezkoaren lurrina aditzen zuen gelan: Matide Isabelaren lurrina, gau hartako lurrina... Ikusi zuen errezela baztertu egiten zela errebolber baten kanoia erakutsiz, Loboren oihuarekin batera:

      — Hireak egin dik, artaburu ...kumea!

      Elkarri indarka ari zirela, Moisesek nabaritu zuen haragi bizi bat eteten zitzaiola besoetatik, izerdiz likin, berari ere zangoek dardara egiten ziotela, lurrera nahian. Matilde Isabela oihuka ari zen sokorri eske. Jendea sartu zenerako hilak ziren biak: Lobo aizto baten zauriz, eta Moises bihotzean jotako tiroz.

 

ZIRKULUA
Elisa Mujica

El círculo,1959
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018