VERNON SUBUTEX 2 (bi pasarte)
Virginie Despentes

Vernon Subutex 2, 2015
euskaratzailea: Ane de la Presa Urturi
armiarma.eus, 2021

 

      Loïc-ek ez ditu inoiz aberaskumeak jasan. Mutikotan haiekin ibiltzen zenean ere, lagunen guraso aberatsek bera etxera berriz ez gonbidatzeko eskatzen zieten. Ongi hazia izanagatik, gurasoek ez zuten gustuko. Haren itxurak salatzen zuen: pobre zikin bat. Amak ehun eta hogeita hamar kilo pisatzen zituen. Iraindu egiten zuten, kalean, kotxeetatik. Baleatzarra. Amak eskutik heltzen zion semeari, gertatzen ari zenaz jabetzeko nahikoa nagusia zena baina txikiegia hurrengo semafororaino lasterka egin eta gidari kabroi horiei muturra lehertzeko. Oraindik ere entzun dezake amaren arnasestua eskaileretan gora. Seigarrenean bizi ziren. Igogailuak hilean behin hondatzen ziren. Loïc beldur zen etxera igotzen ziren bitartean ama jo eta hilko ote zen. Ama biratzen zen semea begiratzeko; mutila atzean geratzen zen, ama ziplo eroriko zen beldurrez, eta ama hain izorratuta ikusteagatik amorratuta. Hori da berarentzat bere kultura proletarioaren soinua. Ama hirugarren solairuan geldirik, arnasa berreskuratu ezinean. Pisu-arazoak eduki arren lan egiten uzten ziotelako zorioneko sentitu behar zuela uste zuen amak. Lanak azala larrutzen zion, eta, hala ere, zazpi ahalak egiten zituen. Ile-garbitzailea zen Carrefour saltoki-gunean zegoen ile-apaindegi batean. Produktuei alergia zien. Azkura ematen zioten, eskularruak erabilita ere. Ekzema gorputzean zehar zabaltzen zitzaion, bularra eta lepoa estali arte. 

      Alferrik du Julienek “herriaren borondatea” etengabe aipatzea, inoiz ez du jakingo zer den sei urterekin konturatzea amak osasuna saltzen duen arren zuri bizikleta bat erosteko nahikoa ere ez duela irabazten. Julienek ez daki hori zer den, baina, hala eta guztiz ere, ezin du bere ahotzarra itxi. Ezkertiar guztiak berdinak dira.

      Bizitzan halakoekin jardun izan da, aurrez aurre. Rock giroan, mutil koskorra zenean; errekrutatu zuten eta berak utzi zien. Troskoek, maoistek, autonomoek eta libertarioek antolatutako gauza zen. Haietako askok musika mespretxatzen zuten, baina buru gazte eta moldagarrien haztegi bat ikusten zuten bertan. Berak Redskins-ak zituen gogoko. Zurikumeen abesti guztiak, Béru taldea Concerto atera zuten garaian, La Souris-en Une cause à rallier, Sham 69ren Kids United. Hasieran, doktrinatu zezaten utzi zuen. Erradikaltasun lezioak eman zizkioten morroiak bost urte beranduago topatu zituenean, gurasoek ordaindutako apartamendu batean bizi ziren. Tipo haiek ez zuten inoiz sermoia hasten esanez “nire gurasoak ugazabak dira eta oparotasunean hazi ninduten”. Txertatuta zegoen, beraz. Hitz egingo badidazu, aurrena esadazu non hazi zinen.  

      Eskuinekoak ere, ezkerrekoak bezala, pailazo hutsak dira. Baina gauza bat onartu behar zaie: zintzoagoak dira. Pertsona guztiak kaka zaharra dira.(...) 

      (...) Ezkerreko guztiek “irrist” hitza dute ahoan. Berak ez du irrist egiten: albo batera egiten duenetan, boikotatzeko intentzioa duelako da. Parekoak antzera dabiltza, “politikoki ez zuzena naiz” eta antzeko ahoberokeriekin. Astakilo talde bat. Indartsuenaren onespena baino ez dute bilatzen. Alde batekoen zein bestekoen mantra nazionala: “ez dut inolaz ere istilurik nahi”. Berak berariaz bilatzen ditu. Betidanik.  

      Baina egia esateko, Loïc-ek ezkerreko kabroiak eskuinekoak baino gehiago gorroto ditu. Bere moduko pertsonez baliatu dira, haien sorbaldetara igo dira boterera iristeko, eta, behin han goian, burutik behera kaka egin diete, eskerrak emateko eskatuz. Lan bat ematen dizutenean, nagusi ezkertiarrek kontratu berdinak sinarazten dizkizute, berdin-berdin esplotatzen zaituzte, baina, gainera, miretsi ditzazun nahi izaten dute, eta aparteko orduez hitz egiten badiezu asaldatu egiten dira. Lanpostu on bat bete behar denean besteek bezala jokatzen dute: seme-alabei ematen diete, edo maitaleari, edo ilobari. Gutxieneko soldata ordaintzen dizute eta limoi baten moduan zukutzen zaituzte, baina goizero pozik egon beharko zenuke zure izenaz deitzen dizutelako. Bost axola adeitsu agurtzen badute, soldataren bila dator. Zure nominan agertzen den kopurua nirea baino hamar aldiz handiagoa baldin bada, zuretzat gorde adeitasuna.

      Nazkatu dute ezkerrekoek. Matxinadaren urrezko domina horiek guztiek. Haien burua egiaren banderadun izendatzen dutenek. Ez dira inolako garaipenen jabe. Ez da larria: are zilegitasun handiagoa ematen die horrek. Amak bizitza osoan komunistak bozkatu ditu. Ezaguna du Loïcek “langilea eta bere lantegia” esamoldea. Doinu guztietan entzun du. Bikote bat izango balitz bezala, haren alde borrokatzea merezi zuena. “Ile-apaintzailea eta bere ekzema” bezalaxe. Ama bozka ematera joan ohi zen. Dagoeneko hark ere utzi dio joateari. Ulertu du. 

 

* * * * *

 

      Hautu okerrak… Azaldu zaizkion aukeren aurrean ahal izan duena egin du, bestalde. Ez zeukan ikasketa onak egiteko inolako joerarik; etxean leunki esaten zuten moduan, “bere inteligentzia ez zen akademikoa”... Ezkongai ugari baztertzeko aukerarik ere ez zuen eduki, ez behintzat senar hartuko zuen hura baino izen handiagokoak. Lehenengo aldiz mutil erdi kitzikagarri batek printzesa bat balitz moduan begiratzen ziolako maitemindu zen Xavierrekin.  Mutilak konfiantza zeukan bere buruarengan, orduan. Garai hartan Xavierren lehenengo filmak nola-halako arrakasta izan zuen; giro modernoetan zebiltzanek hari buruz hitz egiten zutenean “inguruko Renoir-a” deitzen zioten. Xavierrek ezin zuen ezta sumatu ere zuzendariak, txikitako laguna, bigarren filma berak bakarrik idatzi nahi izango zuela. Oso inuzentea da Xavier, bere erara. Uste du jende guztia bera bezain gizabidetsua dela. Baina ingurukoak heldu egin dira, pragmatikoak dira: gidoilariak garestiak dira. Beraz, ez dituzte kontratatzen. Garai hartan ondo moldatzen ziren Marie-Ange eta biak, elkarren osagarri ziren. Marie-Angek, lehen aldiz, mutil batengandik nahi zuena jasotzen zuen. Xavierrek menderatu egiten zuen, bera zen gizona, baina neskak nahi zuena egiten zuen harekin, zoratuta zeukan. Ordura arte, Marie-Ange lerdea zeriola ibiltzen zen beste neska batzuk ikusten zituelarik urrundik zoragarriak ziruditen mutilekin jostatzen. Bere txanda iritsi zen. Laztandu bezain laster basatitzar hura leundu egiten zen. On egiten zioten elkarri. Xavierrek neurrira egindako laudorioak asmatzen zizkion, neskaren izaeraren zenbait ezaugarri nabarmendu eta paregabeko bertute bihurtzen zituen. Hari esker konfiantza handia bereganatu zuen. Garai onak ziren haiek. Mari-Angek , ordea,  zerbait susmatu beharko zukeen. Edozerk oldartzen zuen Xavier. Kanpoan afaltzeak, museo batean sartzeak, aita-amaginarreben etxera joateak. Kritikak egiten zituen, edozergatik errebelatzen zen, minbera agertzen zen, deseroso izateraino. Konturatu beharko zukeen bikotekidearen burugogorkeriaz, baita haizea aldeko izanik Xavierrek lagun talde bat egiteko aukera izan zuenean “bere taberna” esaten zion hartan, XVIII. arrondizamenduaren ertzeko zulo zikin eta kez betatako hartan. Barre algaraka ibiltzen ziren han, karta-partida bat amaitu eta bestea hasi artean, kakahuetez betetako katiluetan eskutzarrak barruraino sartzen zituzten bitartean, eta Xavierrek “xelebretzat” zituen haiek alkoholiko hutsak ziren, zinemako monsieur baten gisa tratatzen zutenez jaun eta jabe sentiarazten zutenak. Gustuko zuen bere mailara iristen ez ziren lagunez inguratzea, besteen onespena behar baitzuen etengabe. Baina tabernako lagunak traba bat baino ez ziren berarentzat, berak behar zuena kontrakoa baitzen: eboluzionatzea.

      (...) Haurdun egotea ez zen errebelazio mistiko bat izan, Marie-Angeren kasuan. Azken hilabeteak gogorrak izan zitzaizkion. Ez zuen hormona gorakada famatua bizi izan, eta, beraz, ez zitzaion iruditu hain zoragarria zenik elbarri bat izatea. Eta Clara jaio berri zenean ere ez zen oso eroso ibili. Bazekien izaki txiki haren ama zela, baina horrek izu-ikara baino ez zion eragiten. Atsekabetuta atera zen amategitik: ez zegoen prestatuta jaioberri bat zaintzeko, baina inor ez zen horregatik larritu. Emantzipazioa ez zitzaion amaren eskutik iritsiko, erditzetik hiru egunetara Karibera alde egin baitzuen. Orduko hartan Xavier paregabe aritu zen. Galdera guztien erantzuna zeukan. Interneten aita gazteen foro bat topatu zuen, eta gai guztiak menperatuta zeuzkan, biberoiaren tenperatura, fardel marka onena… Alabak txundituta zeukan. Berehala asmatu zuen hirurok zoriontsu izateko modu bat. Asteburuetako goiz luzeak ointxo txikitxoak muxukatzen eman, haurrak barre egin zezan apatxe baten moduan dantzatu, liburu denda espezializatuetan ipuinen bila orduak eta orduak pasatu, aitaren umore ona txikiak kaka egiten zuen bakoitzean, “bikainak, gorotz hauek bikainak dira”. Nolabait esateko, nahikoa izan zitzaion Xavierrek imajinatutako familia bizitza hartara biltzea. Eta erlaxatu egin zen. Maite zuen Xavier bihurtu zen aita hura. Ez zuen maite oraindik ere bereganako desira sentitzen zuen gizona.

(...)

      Beste arrazoi bat Xavier ez uzteko. Ezagun da zer galtzen den, inork ez daki zer dagoen irabazteko. Dituen noizbehinkako txorta-lagunen batek istilua sortuko balio Xavier utz dezan eta tipoak lanpostu on bat edukiko balu, ez luke zalantzarik izango, hori badaki. Baina bere maitaleen intentzioa inoiz ez da izan Marie-Angek bere familia uztea. Ezta haiek euren bikote harremanak haustea ere. Beraz, familiarekin jarraitzen du. Daukan beste aukera bakarrik bizitzea baldin bada eta egundo bikote bizitzarik ez edukitzea, nahiago du alabaren aitarekin geratu. Batzuetan, goizean esnatu bezain laster, Xavierrekiko gorrotoa sentitzen du. Etxea garbitu bitartean, buruan bueltaka ibiltzen ditu argumentuak azaltzeko zergatik blokeatzen duen Xavierrek, zergatik itotzen duen, aspertzen duen. Baina ez dio horren inguruan ezer ere aipatzen. Zalantzak ditu Clararekin hain ongi sentituko ote zen biak bakarrik baleude. Xavierren begiradari esker ere maite du alaba. Hain dago harro haien bien gizona izateaz.

 

VERNON SUBUTEX 2 (bi pasarte)
Virginie Despentes

Vernon Subutex 2, 2015
euskaratzailea: Ane de la Presa Urturi
armiarma.eus, 2021