TXIRIKORDA (zatia)
Laetitia Colombani

La Tresse, 2017
euskaratzailea: Naiara Beracierto
armiarma.eus, 2020

 

 

HITZAURREA

 

Istorio baten hasiera da.

Istorio berri bat aldi bakoitzean.

Nire hatzen azpian, piztu egiten da.

 

Hasieran egitura dago.

Egiturak aski sendoa behar du guztiari

eusteko.

Zeta ala kotoia, herrirako ala agertokirako. Zertarako

den.

Kotoia da gogorragoa,

eta zeta meheagoa, apalagoa.

Mailua behar da, eta iltzeak.

Poliki aritu behar da, gehienbat.

 

Gero, ehungintza dator.

Gehien maite dudan zatia.

Aurrean dudan ehungailuan,

Nylonezko hiru hari tenkaturik.

Hari izpiak bildu, hirunaka, multzoan.

Hautsi gabe lotu,

eta berriz abiatu.

Milaka aldiz.

 

Maite ditut ordu bakarti horiek, eskuak dantzan ditudan

ordu horiek.

Ballet bitxi bat da nire hatzena.

Istorio bat idazten dute, txirikorda eta begiztena.

Istorio hori nirea da.

 

Alabaina, ez naiz ni jabea.

 

 

SMITA

 

      [...] Goiz hori ez da besteak bezalakoa. Smitak erabaki bat hartu du, ezinbestekoa iruditu baitzaio: alaba eskolara joango da. Nagarajan konbentzitzea ez da erraza izan. Zertarako baina? Galdetzen zuen. Agian irakurtzen eta idazten jakingo du, baina hemengo inork ez dio lanik emango. Nork bere patua; komun garbitzaile jaio, komun garbitzaile hil artean. Ondarea da, inork ezin ihes egin diezaioken zirkulu bat. Karma.

      Smitak ez zuen amore eman. Hurrengo egunean berriro saiatu zen, eta hurrengoan, baita hurrengo egunetan ere. Uko egiten zion Lalita berarekin lanera eramateari: ez dizkio komunak husteko keinuak erakutsiko, ez du alaba zuloan oka egiten ikusiko, bere amak berarekin egin zuen bezala, ez, Smitak ez du onartuko. Lalitak eskolara joan behar du. Haren erabakitasunaren aurrean, Nagarajanak azkenean onartu egin zuen. Ongi ezagutzen du emaztea: bere nahia kemen handikoa da. Duela hamar urte esposatu zuen azal beltzaraneko Dalit txiki hura bera baino indartsuagoa da. Beraz, azkenean amore eman zuen. Herriko eskolara joango zen, Brahmanekin hitz egingo zuen.

      Smitak garaipenagatik ezkutuan irribarre egin zuen. Amak beregatik horrela borrokatzea zinez nahiko zukeen, zinez nahiko zukeen eskolako atetik sartu eta beste haurren ondoan esertzea. Irakurtzen eta zenbatzen ikasi. Baina, ez zen posible izan, Smitaren aita ez zen Nagarajan bezalako gizon zintzoa; haserrekorra eta bortitza zen. Emaztea jotzen zuen, hemengo guztiek bezala. Askotan errepikatzen zion: emakumea ez da bere senarraren parekoa, senarrarena baizik. Haren jabetzakoa da, haren esklaboa. Haren nahiari men egin behar dio. Aitak, segurki, nahiagoko zuen behia salbatu emaztea baino.

      Smitak, zortea izan zuen: Nagarajanek ez du inoiz jo, inoiz gaizki hitz egin. Lalita jaio zenean, ados egon zen umea gordetzeko. Hemendik ez oso urruti, jaiotzean alabak hil egiten dituzte. Rajastaneko herrietan, bizirik lurperatzen dituzte, kutxa batean, hondar azpian, jaio bezain laster. Gau bat pasaturik, hilik dira neskatilak.

      Baina hemen ez. Smitak Lalitari begiratzen dio, txabolako lurrean kokorikaturik, duen panpina bakarra orrazten. Ederra da alaba. Hazpegi meheak ditu, eta ilea gerriraino luzatzen zaio, Smitak goizero deskorapilatu eta txirikordatzen duen ilea.

      Nire alabak irakurtzen eta idazten jakingo du, esaten dio bere buruari, eta pentsamendu horrek poztu egiten du.

      Bai, bizitza osoan gogoratuko du gaurko eguna.

 

TXIRIKORDA (zatia)
Laetitia Colombani

La Tresse, 2017
euskaratzailea: Naiara Beracierto
armiarma.eus, 2020