|
LURRAREN ORBAINAK Bidaiak aurkitu gintuen. Amaitu eta denbora askora, lehen amodioaren lekura itzuli nintzen. Etxera heldutakoan, amak besarkatu ninduen lehenengo. Nire haragia, nire hezurrak, nire bihotza sentitu zituen. — Pisu handia galdu duzu, alaba maitea! — Lanpetuta ibili naiz, ama —ohiko justifikazioa da hori, hirian bizi bazara. Aita etxaldearen beste aldeko atetik azaldu zen, 10 kilo inguru pisatzen zuen aza handi bat zeramala. Berna erdira iristen zitzaizkion ohiko bota beltzak jantzita zeuzkan, beti izan den baserritarraren gisa. Maitasuna piztu zen nigan. Bost minutuz heldu ninduen, kotoi gorrizko kamiseta epel gelditu eta nire malkoen ondorioz busti zen arte. — Ongi etorri etxera —esan zuen. Badakit, ordea, ez zuela hitzok esateko beharrik, eskuetan baitzekartzan nire bizkarra leuntzen eta laztantzen zuten artean. Besarkatzen ninduen moduarengatik esaten zizkidan, haren begiek nire arima bilatzen zutenean, haren bihotza niregatik odoletan zegoenean. Amak txistu eta kantatu egin zuen aldi berean. Rastak laztandu zizkidan, etxetik alde egin izan ez banu bezala, itzuliko ez nintzela mehatxu eginez, landako bizitzaz nekatuta. Eukalipto zuhaitzetan haizea dabil. Etxaldean geldirik nago, hesian izugarri hazi den atxaparra apropos usaintzen. Nektar gozoa arnastu eta besoak luzatu ditut, izan dezakedan gozotasun ahalik gehiena biltzeko eta edukitzeko. Lurra besarkatu eta hemengoa naizela oihu egin nahi dut. Denbora nire esku barru hotzarekin eutsi nahi dut eta atzera ez begiratu, urteak nora joan zaizkidan jakin nahian. Ama sukaldean desagertu eta kafeontzi batekin itzuli da segituan. — Gustatzen zitzaizkizun espezie guztiak nahasi ditut. — Bai, kanela usaintzen dut, batez ere. — Eseri gaitezen hemen, kanpoan. Eguzkia mendixken atzetik sartzen ari da. Zerua more kolore ederrez inguratu da; negar egiteko gogoa eman dit. Gure ametsetan, ezkontzako jantziak kolore hartakoak izatea erabaki genuen. Kafe katilua eusten ari naiz eta eskuak berotu zaizkit. Kanpoko izotzera heltzea nahi dut, baina ez da iristen, ezin du. Ama mahaiaren bestaldean dago, isilik. Betiko egongo nintzateke hemen eserita, lasaitasunean. — Urrezko ilunabarra ikusten dudan aldiro, zure aurpegia agertzen da —esan du. — Etxera sartzen ez banintzen, Lakelekelek, munstro berdeak, bahitu egingo ninduela esanez mehatxatzen zenidan. — Ez zinen ezta moskitoen beldur ere. Hain leiala zinen ilunabar hari, ez zenuen bizitzarik barruan. Negarrari eusten saiatu naiz. Nik bezalaxe, ilunabarrak zituen gogokoen. Sanyu, gurasoak galdu zituen neska eta azkenean etxean gelditu zena, afaltzeko mahaia jartzen ari da. Platerez plater, mahaiaren gainean janaria jarri eta jatera gonbidatu gaitu. Aitak iluntzeko eginbeharrak amaitu ditu: belardiak ikuskatu eta baserriko ateak itxita daudela egiaztatu du. Jaka luzea jangelako iltzean zintzilikatu eta mahaira batu da. — Jaungoikoa, eskerrak zure janaria ez amaitzeagatik, eta eskerrak Namagatik, gaur gure artean dena. Bedeinkatu, elikatzen gaituen janaria. Jesusen izenean otoitz egiten dugu —aitaren otoitz laburrek harira jotzen zuten. — Jainkoak unibertso osoa du negarrez, ez du saiakera baten beharrik guri erantzuna emateko —esaten zuen, artzainak haren eskariei «oso bizkor lehertzen diren krispeta otoitzak» deitzen ziela esaten genionean. — Nama, hemen duzu zure dodo gogokoena —esan du, denbora luzez faltan hartu ditudan barazkiak banatzen dizkidan bitartean—. Eta tori, kakahueteak perretxiko saltsan. Tori, kuia errea, asko gustatzen zitzaizun, gogoratzen! — Bai, noski. Eskerrik asko —nire ahotsa nekez atera daiteke entzuteko moduan ahoan dudan janari labirintotik. — Eta hau behiki ketua da, simsim pastan; hor duzu oilasko bularkia; umetan gustuko zenuen Irlandako pataten purea; hemen duzu alberjinia tomate mikatzekin nahasia; azenarioa xaflatan moztuta, indaba samurrekin; arroza jaso berri dauden ilar eta kardamomo gutxi batzuekin, eta, zure gogokoena, artatxikiz eginiko ogia... —aitak handik eta hemendik gehiago banatzen jarraitu du. Oturuntzak nire bihotza leundu du. Ondoren olo ahi gozoa, olo ahi garratza, irakindako anana zukua, esne garratza, jengibre zaporeko te afrikar beroa, eta Kigezin aurkitu daitezkeen fruta tropikal mota guztiak. Sanyuk angurria hiruki forman moztu du, papaia zati angeluzuzenetan, mangoa eta ahuakatea obalo forman, laranjak eta guaiabak zirkulu erdiaren forman, baiak berezko zirkulu forman mantendu ditu... Dantzan ari dira nire begien aurrean, eta Jainkoari arren eskatu diot ausardiaz bete nazan, barregarri geratu ez nadin. Elkarrizketa arintasunez, algaraz eta hitz egiten duten koilarez puntuatuta dago. Herrikoen egonezina diren kontu tamalgarriez hitz egiten dugunean ere, konexioa dugu, kanpoan denbora luzez egon izan ez banintz bezala; atzo lo hartu eta gaur esnatu banintz bezala, gure arteko hoztasunik gabe. Harearen eta adreiluen negozioaz hitz egin dugu, gure herriaren berezko ezaugarria den horretaz; bizilagunaren seme itoaz; denborarekin itsu bilakatzen ari den bikoteaz; noizbehinka gure baratzeak urez betetzen dituzten eurite gogorrez; hiesak erasanda hil diren herritarrez... Gaua iritsi eta hitz egiten jarraitu dugu. Azkenik nire gelara joan naizenean, ohe gainean luzatu eta behin ezagunak ziren igelen korroken kantuak entzun ditut, hurbileko zingiratik zetozenak. Labezomorroek gaua piztu dute haien doinuen bitartez; kilkerrek haien tonu altuen berri eman dute. Gortina gabeko nire leihotik erakargarria da gaua. Belar berde koloreko zuhaitzei dei egin diet, nire itzala izan daitezen. Ilargia niri begira irribarrez agurtzen ikusi dut. Irribarre egin diot bueltan. Izarrek distiraz argi egiten dute, eta liluratuta geratu naiz han goian nola sostengatzen diren pentsatzen, erori gabe; gu, aldiz, ustez lurretik gatozenok eta bertatik oinez ibiltzen garenok, erori egiten gara beti. Abisatu gabe sartu da nire gelara. Eguzkia ortzi mugako basartoen zelaitik ateratzen ikusten ari naiz. Eskua nire sorbaldaren gainean ipini du eta masaje lasaigarri bat eman dit. Ezin dudanez ez irribarrerik ez eta negarrik ere egin, arinduraz beteriko hasperen bat egin dut. Nire lepoa, nire aurpegia eta korapilatutako nire ilea leunki laztandu dizkit. —Gustatzen zaizkizu nire rastak? Ez dio kasurik egin galderari. Eskuak, magiaren poderioz bezala, rasten artean sartu dizkit eta buru azala estutu dit. Energia berreskuratu dut haren eskuen bitartez. Ama den emakume hau jainko bat da. Nire harresiak lasaitasunez erori dira haren ukitu berreraikitzailearen poderioz. —Salestino zuen izena —esan dut—. Ez ginen bidaia batean abiatu, baina pare bat hilabete geroago, etorkizuna onartu eta ezkontzeaz hitz egin genuen. Amak badaki azaletik zein gertu dauden lurperatutako nire minak. Bidea egin du, azaletik sakoneraino, nire bizkarretik behera astiro mugituz, bizkarrezurreko eraztun bakoitza emeki baina irmoki biribilduz. Begiak itxi eta erlaxatu egin naiz. — Ekonomialaria zen, nire poesia iluna irakurtzea izugarri gustatzen zitzaion. Dena akabo eta zauria hazten doa, zoko guztiak gaiztotzen. Ez nuen inoiz sentipen hori nabaritu eskuek ukitzen zuten lekuetan. Olatuaren gainean dagoen hosto batek duen pisurik eza. Maitasunak ukitzen zaituenean bakarrik ezagutu daitekeen arintasuna. — Nola sentiarazten ninduen gogoratzen dut batez ere. Tinorekin maitasuna ez zen sutan zegoen zuhaixka baten pasio sutsua, baizik eta su lasai bat, azpitik piztu eta gora xuxurla leunetan igotzen zena. Amaren eskuek oinazea kendu didate gorputzetik, bihotzetik eta burutik. — Haren maitasuna ez zen arrokak apurtzen zituen mailu zaratatsua, baizik eta harria urtzen zuen ur tantaren erortze leuna. — Baztertu ezin daitezkeen urrezko pipiten gisan iraganari heltzen ari al zara oraindik? —horiek dira aitortzaren osteko amaren lehen hitzak. Uste nuen errieta egingo zidala harremana aireratzen ari zen unean ezer ez esan izanagatik. — Aurrera egin dut, baina ez dut ahazten. Noizean behin deitu egiten diot, leizerik leize oihartzuna egiten den moduan. Nire egunari hasiera ematen dioten eguzki izpietan ikusten dut. — Oraina alferrik galtzen ari zara. — Iragana zoragarria zen. — Etorkizunari aurre egiten ikasi. — Iragatetik onik ateratzen ikasi besterik ez dut, bitartekoa onartzen. Urteak otiekin batera joan dira. Oraindik haren begi marroien bila nabil, hegal eginarazi ninduen arima bilatzeko. — Ulertzen dut zure mina —amak bere zintzotasunaren barrenetik hitz egin du. — Maitasunak eta oinazeak harreman sinbiotikoa dutela uste dut. Adaxkak arantzen koroan elkarlotuta dauden gisan. Ezin da bat eduki bestea gabe. Ez nuen inoiz hori jakin. — Gauza asko ez dakizkigu —erantzun du lasai. — Zuk eta aitak beti maite izan duzue elkar, nola egiten duzue? — Bizitza ugari ditugu bizitza baten baitan. Urtaroen moduan, ez dugu bat bera ere ziurtzat jotzen. Eta orduan neguaz, udaz, udazkenaz eta udaberriaz hitz egin dugu. Bakoitza helburu eder batengatik sortu zen. Bakoitzak beste bizi batez berritzen du ama lurra. Lurra ez da kexu, udaberria joan eta negua iristen denean. Ez du marmarrik egiten ere, uda amaitu eta udazkena hasten denean. Gogoan dut nola intziri egin nuen, Tinok utzi ninduenean. Otoitz egin zuela eta Jainkoak gure harremana bertan behera uzteko aholkatu ziola esan zidanean. Jainkoaren ekintza izan zen, eta ez Tinoren erabakia per se. Dena espiritualizatzea gotorleku modura erabiltzen zuen. — Zer gehiago esan zizun Jainkoak zure otoitzean? —galdetzeko adorea eduki nuen. — Beste emakume bat erakutsi zidan. Aste oso batez urduri baino urduriago egon nintzen, eta erruki izara batek soilik eragotzi zidan nire burua galtzea. Batzuetan, ergela nintzela eta nire buruaz beste egiteko gogoa sentitu nuen; besteetan, biziki haserre egon nintzen. — Pozik nago zu etxera itzuli zarelako. Pozik nago gertatutakoa kontatu didazulako —orain amaren eskuak errepikatutako mugimenduak egiten ari dira, nire rasten artean jolasten eta bizkarrezurretik gora eta behera mugitzen. Lur bilakatzea erabaki nuen egun hartan. Urtaro bakoitza, maitasun bakoitza, laguntasun bakoitza dagokion bizitzan besarkatzea. Urtaro bakoitza askatzea joaten denean, zergatik edo noiz gertatuko den berriz galdetu gabe. Gora begiratzen dudan gauetan, zerua milioika izarrez josita dago. Laino eta abar, asko pozten nau orbita jainkotiar horren puska izateak. Euria egiten duen egunetan, euriaren leuntasunari eta ukituari zabaltzen natzaio, eta topa egiten dut nire asealdiarengatik. Eguzkia ateratzen denean, ongi etorria ematen diot epeltasunari, beroari. Haizea dabilenean eta hostoak erortzen zaizkidanean, hartu egiten ditut. Orbainak eduki arren, bakean egotearen gozamena aurkitu dut. Lurra izan naiz, amarekin mintzatu nintzenez gero.
LURRAREN ORBAINAK |