TRUKEAREN PARABOLA
Juan Jose Arreola

Parábola del trueque, 1952
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

      Merkatariak “Emazte zaharrak erosten ditut gazteen truke!” oihuka iragan zituen herriko karrikak gurdi margotuen konboia garraio.

      Trukeak zalukara egin ziren, prezio finko aldagaitza oinarri. Interesatuek kalitate frogak eta garantia agiriak eskuratu zituzten, baina nehork ezin izan zuen hautatu. Emaztekiak, merkatariaren arabera, hogeita launako kilatekoak ziren. Denak blondak eta zirkasiarrak. Eta blondak baino, ganderailuak bezain urre koloreko.

      Hurkoaren trukaketa ikusirik, heriosuhar ekin zioten gizon ezkonduek  trafikatzailearen ondotik. Diru guztia xahutu zuen anitzek. Ezkonberri batek bakarrik egin ahal izan zuen trukea berdinean. Berritik harakoa zeukan emaztea eta ez zen menostekoa kanpokoen aldean. Baina ez izaki haiek bezain blonda.

      Ni dardaraka geratu nintzen leiho ostean, gurdi handios baten joanari beha. Errezel eta kuxin artean agondua, lehoinabarra zirudien emazteki batek behatu zidan itsugarri, topaziozko bloke batetik bezala. Eroaldi kutsakor hartan, doian ez nintzen beiren kontra zapartatu. Ahalketuta, leihotik hastandu eta aurpegia itzuli nuen Sofiari begi emateko.

      Lasai zegoen, ohiko inizialak brodatzen zamau berri batean. Harrabotsari gor, atzamar seguruz zerabilen jostorratza. Nihaurk bakarrik nezakeen igarri, ezagutzen dudanez, haren zurbiltasun ahul, ohartezina. Karrikaren buruan, merkatariak azkenez jaurti zuen proklama durduzagarria: “Emazte zaharrak erosten ditut gazteen truke!”. Baina ni oinak zoruan iltzatuta geratu nintzen, hondar aukera hari ezentzuna eginik. Kanpoan, eskandalu giroan ziharduen herriak.

      Hitzik atera gabe afaldu genuen Sofiak eta biok, ezein solas egiteko ezinduta.

      — Zergatik ez nauzu trukatu? —egin zidan galde noizbait, platerak jasoz.

      Ez nion ihardetsi ahal izan eta areago erori ginen biok hutsaldian. Goiz oheratu ginen, baina lorik hartzen ez. Urrunduak eta isilik, harrizko gonbidatuarena egin genuen gau hartan. 

      Handik honat uharte nehorgabe txipi batean bizi gara, zoriontasun galernatsuak inguraturik. Paumez bete oilategia zirudien herriak. Nagi eta atsegale, ohean etzanik ematen zuten eguna emaztekiek. Ilunabarrean agertzen ziren, eguzki printzetan dirdiraka, zetazko bandera horailak iduri.

      Senar adeitsu eta mendeko haiek ez zituzten bakarrik uzten ez alde bat, ez aldi bat. Eztitan zoratuak, zabartu egin ziren lanean, biharamunaz arduratzeke.

      Ergeltzat hartu ninduten auzoek, eta neuzkan adiskide apurrak galdu nituen. Denek uste zuten leziatu izan nahi nituela leialtasunaren eredu absurdoa ezarriz. Atzamarra luzatzen zuten niregana, barrez, zirikadak jaurtiz beren lubaki jorietarik. Izenorde lizunak erantsi zizkidaten, eta eunuko gisakoa sentitu nintzen laketasunezko eden hartan.

      Bere aldetik, Sofia egunean baino egunean isilagoa eta uzkurragoa bihurtu zen. Uko egiten zion karrikan nirekin azaltzeari, erkaketak eta alderaketak ekiditearren. Eta are makurragoa, gogorik gabe betetzen zituen ezinbestekoak zeuzkan emaztekizunak. Egia esan, biok ere nahigabetuak geunden halako ezkon amodio apaletan.

      Hartzen zuen errudun aieruak mintzen ninduen bereziki. Bere gain jaso zuen nik ez ukaitea gainerakoen antzeko emazte bat. Aurreneko unetik eman zion pentsatzera bere egun oroko aurpegi xumeak ez zuela uxatzen ahal nik buruan neukan tentazionearen irudia. Edertasun inbaditzaile haren aitzinean, erretira egin zuen mindura mutuaren azken zokoetaraino. Alferrik xahutu nituen gure ekonomia murritzak apaingarriak, lurrinak, bitxiak eta soinekoak erosten.

      — Ez nazazula erruki!

      Eta bizkar ematen zien opari guztiei. Mimatzen saiatuz gero, bazetorren arrapostua malkotan:

      — Ez dizut inoiz barkatuko trukatu ez izana!

      Eta ororen errua gaineratzen zidan. Pazientzia akitzen ari zitzaidan. Eta lehoinabar baten antza zeukan hura oroit, bihotzez desiratzen nuen azal zedila berriz merkataria.

      Baina halako batez herdoiltzen hasi ziren blondak. Bizi ginen uharte txipiak oasiaren maila hartu zuen, basamortuak inguratua. Etsaigoaren basamortua, afruntuzko arrabio basatiz betea. Lehen ikusian itsuturik, gizonezkoek ez zieten behar heinean oharteman emakumezkoei. Behako on bat eman ez, metalaren nolakoa probatu ez. Urrun zeuden berriak izatetik, bigarren, hirugarren, Jainkoak daki zenbatgarreneko eskukoak ziren… Merkatariak ezinbesteko konponketa arin batzuk egin zizkien, eta eman zien urre bainua hain zen mehea eta merkea, non ez baitzuen iraun lehen euri erasoen ondotik.

      Zer edo zer atzeman zuen aurreneko senarrak ezikusia egin zuen, baita bigarrenak ere. Baina hirugarrenak, botikaria lanbidez, kobre sulfatoaren usain ezaguna aditu zuen bere emaztearen lurrinean. Alarmaturik, ikerketa xehe bat egin zuen emaztekiaren azalean eta kezka larritan sartu zen.

      Luze gabe orban ilun haiek emazteki guztien masailetan agertu ziren, uger izurrite bat hedatu izan balitz bezala haien artean. Emazteen akatsak ezkutatu egin zizkieten elkarri senarrek, izugarrizko susmopean hilduratzen zirela, isilik, haien etorkiaz. Apurka badere hasi zen azaltzen egia argitara, eta denek jakin izan zuten emazte faltsifikatu bana hartuak zirela. 

      Trukaketek eragindako poztasun oldeak herrestan eraman zuen ezkonberri hura, makalaldi sakon batean murgildu zen. Makurrik gabeko gardentasuna zeukan gorputzaren oroitzapenak obsesionatuta, laster agertu zituen burutik egindakoaren ezaugarriak. Otu zitzaion emaztearen gorputza azido erregarriz tratatzea eta penagarri laga zuen, momia iduri.

      Bekaitzaren eta herrakundearen mende geratu ginen Sofia eta biok. Jarrera nagusi hori ikusita, prekozione batzuen hartzea komeni zitzaigula pentsatu nuen. Baina Sofiak nekez gordetzen ahal zuen bere bozkarioa, eta karrikara soinekorik onenekin jalgitzea jarri zitzaion, halako atsekabearen erdian harro. Nire portaerari inolako meriturik opa gabe, Sofia sinetsia zegoen ez nuela trukatu koldarra nintzelako, ez ordea gogorik ez nuelako.

      Egun abiatu da senar tronpatuen karabana, merkatariaren xerka. Ikusgarri goibela izan da egiazki. Gizonek zerurantz goratzen zuten ukabila, mendekua aginduz. Emaztekiak lutoz ondotik, zimel eta tximatsu, erostari legenardunak antzo. Etxean geratutako bakarra ezkonberri ospetsua izan da, zurrumurrua dabil ezagumena galdu duela. Atxikimendu maniatiko baten frogak emanez belztutako emaztekiari, sulfuro azidoz hondatzen finitu zuen hari berari leial izanen zaiola dio, heriotzak banandu ditzan arte.

      Ez dakit nolako bizitankera egokituko zaidan inozoa edo zuhurra denetz ez dakidan Sofia batekin. Hasteko, miresleak eskas. Orain zinezko uharte batean gaude, alde oroz bakardadeak inguraturik. Abiatu aitzin, infernuraino bilatuko dituztela iruzurgilearen aztarrenak deklaratu zuten senarrek. Eta egia esan, kondenatuen begitartea ageri zuten guztiek halakoak esanez.

      Sofia ez da dirudiena bezain beltzarana. Lanpararen argitan, dirdiraz betetzen zaio lo hartutako aurpegia. Loalditik harrotasunezko pentsamendu sotilak jalgiko balitzaizkio bezala, urrezkoak.

 

TRUKEAREN PARABOLA
Juan Jose Arreola

Parábola del trueque, 1952
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018