GÖTZ ETA MEYER (zatia)
David Albahari

Götz e Meyer, 1998
Pasazaite, 2013
euskaratzailea: Koro Navarro
armiarma.eus, 2023

 

EGILEAREN OHARRA 

 

      Istorio honen oinarrian dauden gertaera historikoak iturri askotatik datoz: artxiboko materialetatik, entziklopedia-sarreretatik, egunkarietako artikuluetatik, liburuetatik eta azterlanetatik. Iturririk garrantzitsuenak, ordea, bi izan dira: Belgradeko Azokako Esparru Alemanari buruzko Milan Koljanin-en monografia, Historia Garaikideko Institutuak argitaratua (Belgrad, 1992), eta Christopher Browning-en azterlana, “The final solution in Serbia: The Judenlager at the Fairgrounds”, serbierazko itzulpenean Zbornik aldizkarian argitaratua (6. zenbakia, Jugoslaviako komunitate juduen Elkartea, Belgrad, 1992). Istorio bat, nolanahi ere, ez da historia, eta istorioari egokitzen zaizkion neurrian bakarrik errespetatzen ditu gertaerak. Esker on berezia zor diot Belgradeko Historia Juduaren Museoko arduradun Milica Mihailovic-i, ezin atseginago saiatu baitzen nire galdera guztien erantzuna bilatzen. Haren iradokizunak baliagarriak gertatu zaizkit beti. Era berean, eskerrak eman behar dizkiot Levin Smolar Fundazioari, zeinaren dirulaguntzari esker eten eta eragozpenik gabe lan egin ahal izan baitut.

 

 

Götz eta Meyer. Ez ditut inoiz ikusi, eta, hortaz, imajinatu egin behar ditut. Halako bikoteetan, normalean bat altuagoa izaten da eta bestea baxuagoa; baina biak SSetako ofizialordeak zirenez gero, era berean pentsa liteke biak altuak zirela, altuera berekoak beharbada. SSetan sartzeko baldintzak oso zorrotzak izango ziren noski, eta neurri jakin batetik beherakorik, nik uste, ez zuten onartuko. Bietako bat, lekukoek hala diote behintzat, esparrura etorri eta umeekin jostatzen zen, besoetan hartzen zituen eta txokolatezko gozokiak ere ematen zizkien. Izan ere, ez da gauza handirik behar beste mundu bat imajinatzeko, ezta? Baina Götz, edo Meyer, ondoren bere kamioira joan eta beste txango baterako prestatzen zen. Distantziak ez ziren luzeak izaten, baina Götz, edo Meyer, irrikaz egoten zen noiz sartuko haize pixka bat kamioiko leiho irekitik. Hura kamioira hurbiltzen zenean, pozez zoratzen itzultzen ziren haurrak amarengana. Götz eta Meyer ez ziren inondik ere hasiberriak lan hartan. Haien eginkizuna oso gauza handia ez bazen ere —ez gara ari bost mila arimaz baino gehiagoz—, eraginkortasunak hartan gizon trebatuak aritzea eskatzen zuen. Oso litekeena da Götzek eta Meyerrek dominaren bat izatea beren ofizialorde-uniformeko paparrean. Ez nintzateke batere harrituko. Gehiago harrituko nintzateke bietako batek bibotea zuela jakinda. Ezin dut imajinatu ez Götz, ez Meyer, bizarrarekin edo bibotearekin. Egia esatera, inola ere ezin ditut imajinatu. Alferrik dira biboteak. Errazagoa da, noski, estereotipoetara jotzea —ilea horia, larruazala argia, aurpegia zurbila eta altzairuzkoak begiak—, baina nik propaganda zeinen erraz neureganatzen dudan, besterik ez luke horrek frogatuko. Hasi berria zen mugitzen arraza aukeratua, eta Götz eta Meyer etorkizunean oso urrutira helduko zen kate baten begi bat besterik ez ziren. Baina nolako kate-begia! Batzuetan, haiena bezalako eginkizun xumeek osatzen dute eraikin bikain baten kantoi-harria: haien sendotasunak segurtatzen du zimenduen egonkortasuna. Ez naiz esaten ari Götz eta Meyer horren jakitun zirenik —beste edozein lanetan jarriko zuten arreta berbera eskainiko zioten haiek noski lan hari—, baina, dudarik gabe, ondo zekiten zertan zetzan beren lana; beren egitekoa, zehatzago esateko, halaxe deitzen baitzioten, beren eginkizuna, beren agindua, beren manua. Ezin dugu hemen terminologia militarra saihestu. Götz eta Meyer, azken finean, armadako kideak ziren, eta, hortaz, haien Reich eta Führerrarenganako leialtasuna ezin da auzitan jarri. Esparruan sartzen zirenean ere, eta haurrak besoetan hartuta jasotzen zituztenean, Götzi, edo Meyerri beharbada, burutik pasatu ere ez zitzaion egiten ondoren zetorrena. Azken finean, plan handiago batean sartzen zen dena, banako bakoitzak bere patu propioa zeukan, eta inork ezin zuen hura aldatu, askoz ere gutxiago Götzek, edo Meyerrek. Hortaz, umeekin zegoenean bakarrik zegoen hura umeekin. Azken buru ile-nahasia orraztu, azken gozoki puska eman eta oin ttiki parea lurrean utzi bezain pronto, umeak gogotik desagertzen zitzaizkion Götzi, edo Meyerri, eta bere ameskerietara bueltatzen zen. Götzek, edo Meyerrek, gerrako pilotua izan nahi zuen, betidanik. Daturik ez dut nik gizon hark egiaz halako ametsak zituela frogatzen duenik, baina ideia interesgarria iruditzen zait pentsatzea hegazkin bonbaketari baten aginte-kabinan sartuko balitz bezala sartzen zela Götz, edo Meyer, bere kamioiko kabinan, larruzko jaka bat soinean, baina ez pilotu-kaskoa, kaskoa lotsagarri samarra gertatuko zitzaion-eta bidaia-laguna aldamenean eserita zuela. Kamioia Saurer bat zen, bost tonakoa, kutxa formako atzealdearekin, 1,7 metro altu eta 5,8 metro luze, eta hermetikoki itxi zitekeen. Gestapok, hasieran, ez zituen hain kamioi handiak erabiltzen, baina Belgradeko Saurerra bigarren sailekoa zen, eta haiek hobeak ziren: ehun pertsona ere kabitzen omen ziren atzeko aldean, lekukoek kontatzen digutenaren arabera. Datu horretan oinarrituta kalkulu erraz bat egin, eta ondoriozta liteke gutxienez berrogeita hamar txango egin behar izan zirela bost mila arimaren garraiorako. Txango haietan, arimek gizaki-tankera galdu eta egiazko arima bihurtzen ziren. Götzek eta Meyerrek bazekiten inondik ere zer gertatzen zen kamioiaren atzealdean, baina era horretan ez zuten sekula deskribatuko, badakit seguru. Azken finean, kamioian eramaten zuten jendeak arimarik ez zeukan, hura denek zekiten! Lizuna besterik ez ziren juduak mundu honen azalean! Eta hala, egunero-egunero, hainbeste praktikatu duten errutina hori errepikatzen dute biek. Aurrena Götzek, edo Meyerrek, esparruko sarrerara eramaten zuen kamioia, eta orduan Meyerrek, edo Götzek, atzeko atea zabaltzen zuen. Banaka-banaka, lasai, presoak kamioira igotzen ziren: emakumeak, umeak, zahar batzuk. Aldez aurretik, esparruko mutur batean aparkatua egoten zen beste kamioi batean uzten zituzten beren gauzak. Sinetsia zeuden heldu zitzaiela azkenik Errumaniara aldatzeko unea, Polonia ere aipatu zen arren, hark asko inportako balu bezala; inporta zuena zen bazihoazela toki beldurgarri hartatik, edonora joanda ere gauza ez zen okerragoa izango, eta arindura-izpi batek gurutzatzen zien aurpegia. Ez dakit une haietan non izaten ziren Götz eta Meyer. Litekeena da guztiz kamioian eserita egotea, edo administrazio-eginkizunak egin beharko zituzten, aginduak izenpetu, formularioak bete. Edonola ere zela, azkenean martxan jartzen zirenean —zaintzaile bat etortzen zen, aleman bat, eta hark paperak hartzen zizkien, zamatze-lana bukatua zela berresten zuen—, hala bada, martxan jartzen zirenean, egitarau jakin baten arabera egin ohi zen dena. Eta ezin beste modu batera izan, kaltetua baitzegoen, bonben ondorioz, Sava ibaiaren gaineko zubia, eta txandaka gurutzatzen zuten, bide bera erabiliz, alde bateko eta besteko ibilgailuek. Belgradeko bidea zabaltzen zen unean bertan ailegatu behar zuen kamioiak hara. Gelditu gabe gurutzatzen zuen muga, baimen berezia zuen, eta matrikula berezia, eta esparruko komandantea kamioiarekin batera joaten zen, auto berezi batean. Zubia gurutzatu eta distantzia labur bat egin ondoren, bide-bazterrean gelditzen ziren, eta Götz, edo Meyer, atera egiten zen, sartzen zen arrastaka Saurerraren azpian eta kamioiaren azpialdeko arrakala batean egokitzen zuen ihes-tutua. Haren ondoren, Götzek eta Meyerrek beste zereginik ez zuten izaten, gidatzea izan ezik, jakina. Barrukoen gauzak zeramatzan kamioiak aspaldi utzia zuen bestea atzean; ez, ordea, kamioiaren atzeko aldean zeuden arimek. Berehala joango ziren denak hegan, hain zuzen ere kamioia bere helmugara iristean. Zabaltzen zen atzeko atea, erortzen ziren gorpuak, soldadu alemanek beste aldera begiratzen zuten, eta preso serbiarrak deskarga egiten hasten ziren. Zazpi presoko talde bat zegoen lan hartarako bereziki hautatua. Gauza da hasieran bost zirela, baina lana aski neketsua gertatzen zenez —gorputzak arrastaka atera eta ziztu batean hobiratu behar zituzten—, kopuru sinesgarriagoa gertatzen da zazpi lagunena. Hasieran kontuz ibiltzen ziren gorpuekin —azken batean, hildako pertsona bat zen hura, emakume asfixiatu bat, oinazeak bihurritutako ume ttiki bat—, baina halako batean gorpu bakoitzari zetorren bezala heltzen zioten puntura iritsi ziren, denborarik ez zegoen errespetuz ibiltzeko, nola bada, hainbeste izanik, eta izaki biziak izan zitezkeena baino astunagoak gainera denak. Heriotza astuna da. Heriotza pisu bat da. Hobia beste preso talde batek zabaltzen zuen, nahiz eta aurreneko zazpiek ez zituzten besteak behin ere ikusten; hobiak prest egoten ziren zazpi haiek ailegatzen zirenerako, eta hura, azken batean, kontsolamendu modu bat izaten zen. Eta Götz eta Meyer, zertan ari ote ziren haiek une horretan? Niri iruditzen zait esparruko komandantearekin berriketan arituko zirela, bat dudarik gabe erretzen, eta berriz ere kamioiaren azpian sartzeko kontua zegoen gainera, ihes-tutua bere lekuan jartzeko ostera. Poliki-poliki, eguna pasatzen zen. Beti izaten zen egitekoren bat. Götz eta Meyer beren tokietan esertzen ziren kabinan, esparruko komandantea bere autoan sartzen zen, lau guardia alemanek beren ibilgailuan eramaten zituzten zazpi preso serbiarrak. Haien atzean, lau-laua geratzen zen hobi bete berria, baina biharamunean sabeltzen hasten zen, gasekin lur-burbuilak eta kozkorrak sortzen baitziren. Ez zegoen hura saihesterik, pentsatuko zuten Götzek eta Meyerrek, lan guztiek izaten dute beren alde txarra. Poliki gidatzen zuten, presarik ez zen. Geroago, ilunabarrean, batek liburu bat irakurtzen zuen, eta bestea paseatzera joaten zen. Esan liteke ez zutela beren eguneroko eginkizunen ondoriozko efekturik sumatzen, ez ikuskari beldurgarrien ondoriozko estuasunik pairatzen, ezta amets txarrek eragindako ondoezik izaten ere. Sasoian zeuden, apetitu ona zuten, ez zuten pentsamendu aztoragarrien arrastorik, ezta aberriaren oroiminik ere. Hala bada, Götzek eta Meyerrek ezin hobeto frogatzen zuten teknologia-aurrerapenak areagotu egiten duela giza nortasunaren egonkortasuna. Zuzenean frogatzen zuten Reichsführer Himmlerrek arrazoia zuela, aldarrikatu zuenean erailketa-modu gizatiarrago batek arindu egin zezakeela soldaduek pairatzen zuten zama psikologikoa errusiarrak eta juduak tiroka akabatzeko eginkizuna betetzerakoan. Götzek eta Meyerrek ez zuten halere inolako zamarik pairatzen. Himmler, seguru nago, zoratzen egongo zen ezagutu izan balitu. Dirudienez, 194leko abuztuan, Minsk-en inguruko lekuren batean, eskala handiko exekuzio batean egon zen, soldadu-pelotoi baten buruan. Hobira erreparatu eta biktima batzuk oraindik bizirik zeudela ikusi zuenean, mugitzen eta intzirika ari zirela, Himmler gaizkitu egin omen zen. Ez dakit gonbitoka hasi eta bere uniforme txukuna zikindu ote zuen, baina ofizial aleman batentzat zinez gauza desegokia zen zurbiltzea, belaunak dardarka hastea. Berlina itzuli zenean, beraz, agindu bat eman zuen zerbitzu guztiei adieraziz biktimen nahiz exekuzioetarako izendaturiko soldaduen bihotza altxatuko zuen erailketa-sistema bat behar zela antolatu. Eta halako suhartasunez erantzun zitzaien neurri hartako eginkizun batek zekartzan erronkei, non, lau hilabete ere pasatu gabe, eta Sachsenhausen-en gerrako sobietar presoekin egin ziren probasaio arrakastatsuen ondoren, 1942ko udaberrirako osatua baitzen hogeita hamar kamioi bereziren ekoizpena: hogei kamioi handi gure Saurerra bezalakoak, eta beste ahalmen gutxiagokoak, Diamond edo Opelblitz-ak. Kamioi hark, azpimarratu behar da, bazuen aurrekari bat, eta hura izan zen hermetikoki zigilaturiko ibilgailu bat, adimen-gaixotasunak zituztenentzako eutanasia-programaren parte batean erabilia, non biktimak karbono monoxido hutsez akabatzen baitziren. Himmlerren ideia errealitate bihurtu zuen berrikuntza bikaina, eta, azken batean, giltzarria gertatu zena masa-erailketaren teknologiaren aurrerabidean, motorreko ihes-tutuko gasak erabiltzean zetzan, altzairuzko botiletako karbono monoxidoa erabili ordez, ez bakarrik prozedura osoa nabarmenkiro merkatuz, baizik eta kamioiaren barrualdea guztiz tolesgabea zelako irudipena ere areagotuz: egiazko kamioi baten egiazko barrualdea ematen zuen, eta horrek, argi dago, efektu osasuntsua zuen biktimengan. Zaila da, onartzen dut, xehetasunekiko ardura hori ez onestea. Zer gertatuko, ordea, gero, eta gauzak ez zirela hain errazak —biktimen egoera espiritualaren hobekuntza gorabehera—, pertsona asfixiatuak deskargatzeak ezinegon psikologiko handiagoa eragiten baitzien gudaroste berezietako kideei tiro-exekuzio arruntek baino. Götzek eta Meyerrek lana egiten zuten esparruan, zazpi —edo agian bost— preso serbiarren indarrak erantsiz bideratu zen arazo hura. Haiek ateratzen zituzten hildakoak kamioitik, haiek hobietan kokatzen eta lurperatzen. Azken hobia betetzen bukatu zutenean, preso serbiarrak tiro batez akabatu zituzten. Nik uste dut Götzek eta Meyerrek ikusi zutela hura, nahiz eta guztiz litekeena izan abiatuak izatea ordurako, komandantearen autoari segika, husten ari zen Azokaren eremurantz. Beti izaten ziren zaindu beharreko xehetasun burokratikoak. Dokumentuek adierazten digutenez, 1942ko maiatzaren 10ean izan zen hura. Handik hilabete batera, bueltan zihoan Saurerra Berlina. Harekin joan ziren Götz eta Meyer. Atzeko ardatza hautsi egin zitzaion, eta, hala, trenez garraiatu zuten. Götzek eta Meyerrek beren konpartimentu propioa izango zuten, seguru. Lau polizia alemanek konpartimentu berezia izan zuten, astebeteko oporraldi batez gainera, eta, hortaz, zergatik ez zuten izango Götzek eta Meyerrek beste horrenbeste? Ezerk ez digu iradokitzen zerk ekarri ote zuen ardatzaren haustura, eta, era berean, ez dakigu zergatik geratu zen kamioia Belgraden, batere erabili gabe, hilabete oso batez, noiz eta, hau bai, hau oso ondo dakigu, haren zerbitzuen premia guztiz larria zenean. Ez dago halaber batere garbi, puskatu behar baldin bazuen, zergatik ez zen askoz ere lehenago ardatza puskatu, era hartan, puskatuz, biziki moteldu baitzuen sufrimenduaren urrats ezin saihestuzkoa. Jaungoikoak ez zuen une hartan gauza handirik egin bere herri hautatuaren alde. Lanpetua ibiliko ote zen munduko beste bazterren batean, edo azken finean hain hautatua ere ez zela adierazi nahi ote zion bere herriari? Jainkoekin ezin bada pertsona bat fidatu, nola fidatuko da beste pertsonekin? Umeak, esate baterako, fidatzen ziren Götzekin —edo Meyerrekin—, hura, udaberriko eguzkiak berotuta, esparruan bizi-bizi sartzen zenean, ttikiak besoetan jaso eta gozokiak ematen zizkienean. Zenbat maite zituen umeak Götzek, edo Meyerrek! Zaila da hitz egokiak aurkitzea behar den bezala deskribatzeko gizon hark sumatzen zuen berotasuna eskuak buru ttiki ile-nahasi haietan jartzen zituenean. Une haietan ez zen zorriez gogoratzen, sarritan begiztatzen zituen arren motz-motza ebakitako ilean. Pentsatu behar ote dut, beraz, Götz, edo Meyer, ezkondua zegoela? Emaztea ote zuen, umeak beharbada, Alemanian edo agian Austrian? Bestea, esparruan sartzen ez zena, ez zen ezkondua izango. Umeenganako maitasuna ez da zerutik etortzen —nolanahi ere, Jainkoa ez zegoen han—, bestela baizik: ikasi beharreko gauza da, beste guztia bezala. Hala eta guztiz ere, onartu behar dut, ez da gauza txarra pentsatzea gizon hark ez zuela itxurarik egin nahi. Eginkizun jakin bat zuelako zegoen bera han, eta eginkizun hura besterik ez zen berarentzat existitzen. Laguna esparruaren barruan zegoenean, bera administrazio-lanez arduratzen zen edo kamioian egoten zen, oina azeleragailuan jarrita, zain. Beharbada erre egingo zuen. Erre egingo zuen, bai, seguru. Denek erretzen zuten orduan. Gai honi dagokionez, mundua ez da aldatu. Zigarretak meheagoak dira orain, ikaragarri hobetu da filtroen diseinua, tabakoak usain gozoagoa du, baina zigarreten ezerk ez du gogora ekartzen honako istorio honen garaian mundua lohi irristakor baten moduan bildu zuen uholdea. Baliteke uholde hitza ez izatea egokiena pozoi-gasaz hiltzen ari den jendeaz hitz egiteko, baina murgiltzearen sentipena berbera da. Beheraino iristen zara eta horra hor bukaera, nora joanik ez dago. Heriotza ez da globo bat, aingura bat baizik. Arimek, izan ere, haize freskoaren irrikaz, goraka egiten zuten hegan kamioia bere helmugara heltzen zenean, baina gorputzak behean geratzen ziren, batzuetan hain korapilatuak, non preso serbiarrak hortz estutuen artetik maldizioa botaka aritzen baitziren, eginahalak eginda ere ezin askaturik besoak eta hankak eta behatz gurutzatuak. Haiei agindu omen zieten, halaxe irakurri dut non edo non, beren eginkizuna burututakoan Norvegiara bidaliko zituztela lan-esparru batera, eta, hala, engainu handiago baten parte zen beste engainu baten barruan bizi izan ziren bi hilabetez, bakoitzak izendatu zitzaion papera jokatzen zuen ikuskizun batean. Inprobisaziorik ez zen ametitzen. Dena, baita artea bera ere, xede jakin baten zerbitzuan zegoen. Bakoitzak bere borondatearen arabera jokatu izan balu, aspaldi etorriko zen behera kontu osoa. Esparruko presoek itxurak egiten zituzten Errumaniarako bidean baleude bezala, edo Poloniarako bidean, eta muga alanbredunez barneko ez-inoren lurralde batera joango balira bezala igotzen ziren kamioira. Preso serbiarrek, lohiz zikinduta, palak lurrean sartu eta hobi beteen gainera botatzen zuten lurra, Iparreko Itsasoraino luzatzen zen zubi bat eraikitzen arituko balira bezala. Eta kamioia Errumaniara joatekoa ez zen bezala, izan, ezta Poloniara ere, preso serbiarrak eraikitzen ari ziren zubi hark ere inora ez zeraman. Uholdea ateratzen denean ez da lur lehorrik izaten. Egia zeinek jakin? Nolanahi ere, bizitza engainuz betea egoten da, gerran nahiz bakean, ez dago diferentziarik. Eginahal latz bera izaten da beti aurrez ikusia dagoena baino luzexeago bizitu nahia. Jainkoa ankerra da, egiazko errukirik ez du, bertan egon edo egon ez. Begiak itxita dauzkanean, itxita dauzka, eta ezin da ezertxo ere egin. Arimak haren inguruan biltzen dira, mila ezkila ttikiren moduan doaz ahotsak Jainkoarengana, baina hark sorbaldak jaso besterik ez du egiten. Huraxe izan zen Götzek, edo Meyerrek, ardatz hautsia ikusi zuenean egin zuen ernegazio-keinua. Horrelako gauza batek amorratzen jarri behar du pertsona, baita Götz eta Meyer ziren bezain diziplinatua bada ere. Gauza batzuk giza espirituak sortzen duen oro baino indartsuagoak dira, besterik eta kito. Eta, gainera, Götz, edo Meyer beharbada, edo biak, nazkatuak zeuden herri basati harekin, hango jendearen zakarkeriarekin, hango ordena-faltarekin. Kontua ez zen Götz, edo Meyer, herriminez egotea, haren betebeharraren sena askoz ere handiagoa baitzen senti zezakeen etxeko mina baino, baina gauza polita izaten zen, aitortu egin behar da, norberaren gelako lasaitasunean egotea, saltxitxa jaten eta garagardoa edaten. Naturaz gaindiko botereak izan balitu, Götzek, edo Meyerrek, ardatz hura bere eskuekin konpondu eta hasieran zegoen bezalaxe utziko zuen. Egia esatera, hondatu izan ziren era hartako beste kamioi batzuk ere, Errusia eta Ukrainako errepide zarpailetan bereziki, baina hura ez zen kontsolamendua Götzentzat, edo Meyerrentzat, edo bientzat. Pertsona bat ohitu egiten da gauzekin, eta gauzak berarekin erraztasun berberaz ohituko direla itxarotera heltzen da; gauzek traizioa egiten diotenean ordea, pertsona horrek desilusioa ematen du, arrazoi osoarekin. Ostiko joka hasteko adina ere ez, Götzen eta Meyerren kasuan behintzat, kamioiari esan nahi dut, edo itsuskeriak esateraino. Eta ez bakarrik kamioiak ondo zerbitzatu zituelako, baizik eta, garraiatzen zuen jendeak ez bezala, arima bat zuelako. Götzek, edo Meyerrek beharbada, bazekien hura, zeren, gidatzen ari zela, ezin konta ahala alditan sentitu baitzuen kabinak halako amatasun batez biltzen zuela. Kamioiak ahal zuen guztia egiten zuen mugimendu guztiak goxatzeko. Götz, edo Meyer, sinetsia zegoen ahal izan balu kamioiak hegan ere egingo zukeela. Bi egun bakarrik behar izan ziren Berlinen matxura konpontzeko, eta, 1942ko ekainaren 15erako, Rigarako bidean zen kamioia. Ez dakit Götz eta Meyer kamioiarekin batera bidali ote zituzten. Hala izan ez bazen, zaila izan behar du haien penaren handiaz jabetzea. Hain maiz garbitu izan zuten distiratsu utzi arte, hain maiz igurtzi zituzten farolak, garbitu zituzten aurreko leihoa eta barrenaldea! Pentsatze hutsarekin, Götz eta Meyer baino gizon gogorrago bati ere isuriko zitzaiokeen begitik malkoren bat. Hain zuzen ere, ardatz hautsiaren izugarrikeriari aurre egin ondorengo lehen gauean, Götzek, edo Meyerrek, etsipena nabaritu zuen oheratu zenean. Malkorik ez dugu aipatuko, baina zerbaitek estutzen zion bularra, presio batek eragiten zion barrutik eta kanpotik, arnasa nekez hartzen zuen. Besoak luzatu eta buruaren azpian gurutzatu zituen, baina alfer-alferrik. Argirik ez zen gelan, eta leihotik zerua ikusten zuen, izarrek zipriztindua. Izar haien arintasun ñirñirkariak zer edo zer esaten zion, ez zekien zer zen, baina iruditzen zitzaion izarren mezua, nolabait ere, berak sumatzen zuen eta arintzen ez zitzaion ezinegon harekin lotua zegoela. Nonbait ere irakurri zuen Weltschmerz hura ote zen? Gizajoa Götz, edo gizajoa Meyer. Gustura asko ikusiko nukeen nik haren argazkiren bat, horrela deskribatu ahal izango nuke-eta agian haren aurpegiko espresioa. Nik ez nituen behin ere ikusi, ez Götz eta ez Meyer, eta, hortaz, imajinatu baizik ezin ditut egin. Nire familia-zuhaitzeko hutsuneak osatu nahian ari nintzelarik sortu zitzaidan bi haienganako interesa. Berrogeita hamar urte bete berria nintzen, banekien nire bizitza nora zihoan, eta, hala, nondik zetorren jakitea besterik ez zitzaidan geratzen. Artxiboetan ibili nintzen, museoak bisitatu nituen, liburuak hartu nituen liburutegian. Horra nola sartu ziren Götz eta Meyer nire bizitzan. Nire aitaren eta nire amaren familietako emakume gehien-gehienak Azokako esparruan hil ziren, jendeak esan ohi zuen bezala, baina egiaz hil, Belgradeko eta inguruko kaleetan hil ziren, Götzek eta Meyerrek Jajinci-ko exekuzio-eremura gidatzen zuten kamioian. Berlingo Gestapoko buru SS-Obergrupenführer Heinrich Müller-ek, 1942ko martxoaren erdialdean, Belgradeko polizia alemanaren buruari —SS-Standartenführer Emanuel Schäfer-i— bidali zion telegrama batean aipatzen dira aurreneko aldiz bi izen horiek. Telegramak espezialisten eta beren xede bereziko kamioiaren etorrera iragartzen du, eta dio iristen direnean emango dutela beren eginkizun bereziaren berri dio. Aitortu behar dut harexek erakarri ninduela Götzengandik eta Meyerrengandik, hau da, ez zirela mekanismo handi-handi bateko koska ttikiak, mekanismoaren xedeari zegokionez zorioneko itsuak, alde erantzira baizik: beren eginkizunaren nolakotasuna oso-oso ondo ezagutzen zuten haiek, heriotzaren heraldoak eta heriotza bera zirelarik aldi berean. Ofizial nagusiak beren bidaiaren zertarakoaren berri ematen dien unea imajinatzen saiatzen nintzen. Götz eta Meyer irmo daude, beren “Bai jauna!” oihukatuz, baina agian azalpenik ere ez zuten behar izango, agian eskuratu zuten behar adina eskarmentu Ekialdeko Frontean, litekeena da hori ere, eraginkortasunik handienaren eskakizuna gogoan hartuz bereziki. Zentzu horretan, halako moduan behar zuen taldeak trebatua egon, halako malgutasuna behar zuen izan, non inola ere ezin baitzen hura katearen begi ahula gertatu, eta, hortaz, Götz eta Meyer ezin ziren hasiberriak izan. Imajinatzen saiatzen nintzen, gizon ezkonduak baldin baziren, nola agurtu ote zuten emaztea. Götzek, edo Meyerrek beharbada, bere emaztearen aurrean belaunikatu eta sabelean ipiniko zion matraila, eta Meyerrek, edo Götzek beharbada, musu bat emango zion buruan. Zer esan ote zion? Zenbat ote zekien emazteak? Zerbait jakin behar zuen, gauza hauek itzuri egiten dute, baliteke gizonetako batek lotan hitz egitea, edo afaltzen ari zela zer edo zer aipatzea. Baina, gerra-denboretan, ez baduzu borrokan zuzenean parte hartzen, eta ideia politikoak gorabehera, onena izaten da ahal den gutxiena jakitea, denentzat berbera den errealitate baten gaineko garaipen xume bat izaten baita hori. Harritzekoa, errazagoa izaten da batzuetan emakumeak ulertzea gizonak ulertzea baino. Esate baterako, zertaz hitz egiten du Götzek, eta Meyerrek, Belgraderako bidean direnean? Ez dut uste paisaia lau edo menditsuaren edertasuna miretsiko zutenik, nahiz eta Götzek, edo Meyerrek, Goetheren bertsoren bat errezitatu tarteka. Lanaz ere ez dute hitz egiten, jadanik errutina baita bientzat, edo kalkulu bat, ostera zenbat egun geratzen zaien etxeratzeko adierazten duena. (Berrogeita hamalau, haien kalkuluetan; egiaz, laurogei bat). Igual itzuleraz mintzatuko ziren, zertaz mintzatuko ziren bestela Jainkoak ahaztutako zulo hartan pasatu behar zituzten egun haietan guztietan? Götz, edo Meyer beharbada, ezkondua zegoena, urduri zebilen bere alaba Hildak behin eta berriz izaten zuen eztarriko mina zela-eta. Pasatuko zaio, kontsolatzen zuen Meyerrek, edo Götzek beharbada, ezkongabea zenak seguruena, baina egia da, eransten zuen, osasuna umetatik zaindu behar dela. Konparazio baterako, berak gaztetan pilotua izan nahi zuen, baina ez zuen bere burua zaindu, eta hobeto portatu izan balitz, emaitza hobeak aterako zituen proba eta azterketetan, eta une hartan bertan Messerschmitt baten pilotu-kabinan eserita egon zitekeen, horra. Nolako algarak botatzen zituen Götzek, edo Meyerrek beharbada, istorio hura zela-eta! Belauna eskuarekin astintzen zuen. Txaloka hasten zen. Baina Meyer, edo Götz, egiatan ari zen. Kamioiko kabinan zintzilik zegoen haren larruzko pilotu-jaka, eta noizean behin jantzi egiten zuen, bere bidaidearen onespen isilarekin. Gero leihoa irekitzea gustatzen zitzaion, eta haizea aurpegian nabaritzea. Hasieran, bere ameskerietan ari zela, distraitu egiten zen kamioiaren atzeko aldetik iristen ziren kolpe motelekin eta garrasi itoekin, baina denbora pasatu ahala gero eta gutxiago igartzen ziren. Pertsona bat edozertara ohitzen da, zergatik ez hartara? Eta kolpeak ez ziren inoiz askorik luzatzen, ezta garrasiak ere, barruko gehienak emakumeak eta haurrak ziren-eta. Gizon helduekin gehiago luzatzen zen dena, baita kolpeak ere, eta, hala, lan hura errazagoa zen, alderdi hartatik behintzat. Götzek eta Meyerrek jakin behar zuten, nola ez zuten jakingo, fusilatu egin zituztela Serbiako gizon judu gehien-gehienak. Ez zekiten nola gertatu zen, edo operazioa nola antolatu zen, baina, egia esatera, ez zitzaien inporta. Nolanahi ere, nik banekien nola gertatu zen: 1941eko udazkenean nire amaren eta nire aitaren familietako gizon gehienak akabatu zituzten. Lehendabizi esparru berezietan eta kartzeletan bildu, eta handik fusilatzera eramaten zituzten, talde handiagoetan edo murritzagoetan, eraildako soldadu alemanen mendekua hartzearren, sarritan. Gizon juduek, Belgraden inguruko hainbat exekuzio-eremutan lurperatu zituztelarik, inoiz osorik argitu ezin izan dudan heriotza-sare nahasi bat osatu zuten. Azokakoei dagokienez, ibilbidea behintzat zehaztasunaz dakigu: Sava ibaiko zubiaren gainetik, Belgraden zehar, Jajinciraino. Nik ezagutzen dut bidea; haiek ez. Kamioiaren atzean zeudenean, denak ilaran jarrita, beste esparru batera zihoazela uste zuten, Errumaniara, edo Poloniara beharbada. Ez al zien hura esan esparruko komandanteak? Komandantea Andorfer izeneko gizon bat zen: esparru berrirako araudi bat ere asmatu zuen, eta administrazio juduko kideen artean banatu zuen. Kasualitatez, edo beharbada ez, Untersturmführer Andorfer, SStan profesionalki jardun baino lehen, hotel bateko zuzendaria izan zen. Sölden am Öztal herriko hotel hartako ostatu-baldintzak askoz ere hobeak ziren Azokakoak baino, non leiho hautsietan ohol iltzatuak baitzeuden, paretetan zartadura handiak irekitzen ziren eta teilatuek isuria zuten. Ez da harritzekoa, hortaz, esparruko presoek, hasieran, beren borondatez joan nahi izatea garraioan: ahalik eta urrutiena joateko infernuko zulo hartatik. Esparruko baldintza gizagabeek umiliatu egiten zituzten, baina areago umiliatzen zituen Belgraden aurrean ageri-agerian egoteak, hiria beha zutelarik ibaiaren beste aldetik. Oinazea biziagoa izaten da galdu duzuna begien aurrean duzunean. Isiltasunak hil egin lezake. Ordena funtsezkoa da gauza guztietan, pentsatzen zuten Götzek eta Meyerrek kontrol-paperak betetzen zituztenean Standartenführer Emanuel Schäfer-entzat, polizia alemanaren burua bera, legeetan doktorea bestalde. Schäferrek egin beharreko guztiaren berri eman zion Andorfer esparruko komandanteari, eta hark, bere aldetik, dena kontatu zion bere ordezko Edgar Enge-ri. Gerra baino lehen, edo, hobeto esanda, mobilizatu zuten unea arte, Engek turismo-gidari gisa lan egiten zuen. Hala bada, berez, hotelari-ohi batek eta turismo-gidari batek bideratu zuten Serbiako judu-auziaren azken soluziorako operazioa, zinez ironikoa gertatzen den gauza, baina ez burugabea, bi lan-ildoen arteko parekotasunak gogoan hartuz gero, hiztegi bera erabiltzen baitute: ostatu ematea, garraioa, eguneko eta asteko menuak, janari-hornigaiak eskatzea, higienea, ostatu-hartzaileen kexak. Beharbada ez dago esparruko presoez ostatu-hartzaileak balira bezala mintzatzerik, beharbada ez litzateke horrela mintzatu behar, eta nekez hartzen ziren seriotasunez haien kexak. Ofizialki, okupazio-indar alemanak ziren, izan, ostatu-emaileak; baina janariaren erosketa judu-jabetza lapurtua salduz finantzatzen zen. Esparruko presoek beren ostatua pagatzen zuten. 26.900.000 dinar ordaindu zitzaizkion guztira Belgradeko Udalari janariarengatik, zeinaren kaloria-balioak asko lagundu baitzion presoek pisua galtzen zuten abiadari, azken batean Götzen eta Meyerren lana erraztuz. Ekonomia-eraginkortasun bera erakutsi zuten okupazio-indar alemanek 1941eko urriaren erdialdean geratzen ziren lau mila gizon juduak fusilatzea erabaki zutenean, kopuru hartatik hirurehun lagun inguru salbuetsirik; izan ere, haiek ghetto juduko emakume, ume eta zaharren artean ordenari eusteko izendatu zituzten, Belgradeko “Ijito Auzoa” izenekoan kokatzekoa zen baina eraiki ez zen ghettoan. Ghetto bat eraiki beharrean, Azokako esparrua ireki zuten. Eta horra non agertzen den berriz ere alemanen eraginkortasuna: 1937az gero nazioarteko azoken egoitza ziren pabiloiak erabili zituzten. Hala, Turkiako pabiloian, egokitasun harrigarriz, hasieran bainuak jarri zituzten, eta, geroago, gorputegia. Bainu baten eta gorputegi baten arteko harremana ez da guztiz agerikoa, ez bada heriotza-egintza —oso gauza zatarra izanagatik ere— garbitasun handiagoko egoera baterako trantsizio gisa ikusten dela. Esparruko zuzendaritza sarreraren ondoko eraikin baxu batean ipini zen, zeinean Azokako administrazioa egon baitzen. Erdiko Dorrean esparruko administrazio judua ipini zuten. Presorik gehienak hirugarren pabiloian bizi ziren, hura baitzen denetan handiena, barruko pareta guztiak bota ondoren. Pabiloi haren luze-zabala bost mila metro karratu ingurukoa zen, eta horrek esan nahi du pertsona bakoitzak, bost mila arima bizi baitziren han, metro karratu bakarreko bizi-espazioa zuela. Hilkortasun-tasa oso altua zen presoen artean, baita Götz eta Meyer Belgradera joan baino lehen ere, eta, hortaz, batzuetan toki gehiago izaten zuten, nahiz eta presoak normalean hartaz konturatu ez, eta ez zuten, beraz, sobrako espazioa erabiltzen. Baina hori ezin zaie presoei aurpegiratu, kontentu izaten baitziren mugitzeko aukerarik batere izanez gero. Hala bada, horrexegatik jarri ziren denak zoratzen Götz, Meyer eta beren kamioia esparruko sarreran agertu zirenean: besterik ez bazen, janari gehiago edukiko eta hankak behar bezala zabalduko zituzten toki batera zihoazen. Halako uneetan, gehikuntza ttikietan neurtzen da bizitza: ohearen luzera, esate baterako, edo artilezko galtzerdiak. Gauzak ez ziren hobeak lehenengo pabiloian, non geroago eramandako juduak egokitu baitzituzten, nahiz eta zehaztasunez ez dakidan pabiloi hark zer neurri zuen. Geroago, sukalde bat zabaldu zen laugarren pabiloian; izan ere, janaria, hasieran, autoz eramaten zen Belgradetik. Gizon juduak, soldadu-pelotoi batek exekutatuak izatetik libratu zirenak, bosgarren pabiloian bizi ziren. Bigarren pabiloia ijitoentzako bereizi zuten, eta esparruko tailerrak jarri zituzten geroago han: sarraila-denda, zapata-konpontzailearena, jostunarena eta aroztegia. Esparruak bere ospitalea eta bere farmazia zeuzkan: berrogeita hamar ohatze inguru, Nikola Spasic-en Fundazioaren pabiloian. Egiazko hiri ttiki bat, aizu. Lastima eginkariak agerian egin behar izatea, ondo kuzkurtuta; irtenbide txukunxeagoren bat izan balitz hartarako, nazien ereduzko esparrua izan zitekeen Belgradeko Azoka. Xehetasun hura zela-eta, are gehiago tristatzen zen Andorfer komandantea. Andorfer gizaseme gazte bat zen, hogeita hamar bat urtekoa, sasoi-sasoian zegoena, eta zoratzen zegoen Reich Alemanaren loriazko denboran bizi zelako; eta inguruan gerraren bat baldin bazen, eta bazen, Andorferrek haren parte izan nahi zuen. Ez zituzten ordea haren eskakizunak aditu, eta 1942ko apirilaren bukaera arte egon zen Andorfer komandantea Azokako postuan, ordurako ia osorik baitzegoen Serbiako judu-auzia bideratua, eta Götz, eta Meyer, hasiak ziren etxera zihoazela amesten. Götzek, bereziki, edo Meyerrek, amets bizi-biziak izaten zituen, hainbesteraino non gauaren erdian esnatzen baitzen, izerdi batean amets desatseginen bat egin bazuen, eta pozez zoratzen, ametsean bere umetako etxean sartu bazen. Batzuetan ez zen batere esnatzen, baina uluka eta dardaraka aritzen zen, eta Meyerrek, edo Götzek beharbada, ohetik altxatu behar izan zuen, laguna astindu eta sorbaldetatik eragin. Antzeko garrasiak aditzen ziren gauean hirugarren pabiloian, nahiz eta haiek maizago izan, amets txarrek baino gehiago, literen arteko oholetatik isurtzen zen urak edo pixak eraginak. Berez ere nahiko txarra zen hango errealitatea, ez zegoen zertan beste ezerekin amets egin, ez behintzat gauean. Egunez suerte handia izaten zen ameskerian aritzea; izan ere, dena amets batean bezala gertatzen ari zitzaizula pentsatuz gero, hau da, beste norbaiti gertatzen zitzaiola hura, gezur ttiki hark ikaragarri laguntzen zizun egunsentitik ilunabarra arteko denbora pasatzen. Denbora ibai bat balitz bezala mintzatzen naiz, handik gertu pasatzen zen Sava balitz bezala, baina errekasto bat gurutzatzeko indarrik ere ez zuen jende hark izango. Götzek eta Meyerrek gidatzen zuten kamioian bakarrik gurutzatzen zuten haiek Sava ibaia, edo maindire zurietan bilduta, zurrun eta hilik, gizon juduek —exekuzio-pelotoietatik libratu zirenek— edo oraindik hil ez ziren emakume juduek ibai izoztuaren beste aldera andetan garraiaturik. Hala bada, esparruko presoak, beren elikaduraz arduratzeaz gainera, beren heriotzaz ere arduratzen ziren. Eta Götzek eta Meyerrek esan zezaketen juduek beren buruaz beste egiten zutela, inork batere behartu gabe, gas pozoitsuak arnasten baitzituzten, eta zenbat eta gas gehiago barneratu, paradoxikoki, orduan eta bizitza gehiago kanporatzen zuten. Gauza zentzugabea ematen du, badakit, eta seguruena halakorik ez zitzaien inoiz bururatuko Götzi eta Meyerri, baina modu bat izan zitekeen erantzukizuna gainetik kendu eta beste pertsonei leporatzeko. Behin mekanismo horren parte bihurtu zarenean, beste parte guztien erantzukizun bera zeureganatzen duzu. Hura ez zekiten Götzek eta Meyerrek. Haiek kamioia eraman behar zuten, eta eraman egiten zuten, irribarrez beti, baita haizeak aurpegia hautsez betetzen zienean ere, eta inporta zitzaien bost zer zama zihoan atzean, izan juduak edo izan erremolatxak. Atzeko atea zabaltzen denean, kanpora erortzen dira gorpu itoak, aurrenekoek danbateko gogor batez jotzen dute lurra, besteak gero eta danbateko arinagoez pilatzen dira haien gainean, harik eta erabateko isiltasunaz lerratzen diren arte azkeneko gorpuak besteen gainean. Halakorik espero ez zutelarik, lau zaindari alemanez inguraturik, bost preso serbiarrek, edo zazpi ote ziren, atzera egin zuten hilen olde haren aurrean, baina esku judu luzatu, zurrunduek, eskalapoiak igurzten zizkieten. Eta non ote ziren Götz eta Meyer une hartan? Zertan ari ote zen Andorfer? Deskarga ikuskatzen ari zen edo atzera egin ote zuen, oin batean eta bestean ezinegonez bermatuz, belar-izpi idor bat murtxikatuz agian? Belar-izpi hura bezalakoxea zen nire familia-zuhaitza aurrenekoz osatzen saiatu nintzenean, zuhaitz biluzi, hostorik gabeko baten antzekoa. Bere azken egunak Bezanijska auzoko zahar-etxe batean pasatzen ari zen senide zahar buru-galdu bati atera nizkion izen batzuk. Txokolatezko gozokiekin neureganatu nuen, diabetesa zuela-eta ezin baitzituen jan, eta, hala, une batez, memoria galduaren gortina ireki nion. Une hartan nik ez nekien Götzek ere, edo Meyerrek beharbada, txokolatezko gozokiak erabili izan zituela amarru gisa, nahiz eta kasu hartan gozokiek gehiago balio izan memoriaren gortina ixteko irekitzeko baino, eta hori, esan beharra dago, alde handia da. Gortina gortina da, dudarik gabe, baina bizitza ez da izenetan mugitzen, bizitza aditzetan mugitzen da. Non edo non irakurri dut preso serbiarrek aurreneko egun hartan ordubete ere ez zutela behar izan beren lana egiteko, Andorfer komandantearen disimulurik gabeko pozbiderako, seinale zoragarria iruditu baitzitzaizkion hari langileen funtzionamendu erraza eta eginahalaren eraginkortasun dudagabea: Gestapora bidali zuen telegraman adierazi zuen bezala, martxan zen eginkizun berezia, eta handik aurrera burutu besterik ez zuten egin behar, eta ondoren egia bihurtuko zen Andorferren ametsa, hau da, fronteko lerroetara joan eta komunista zitalen kontrako borrokan parte hartu ahal izango zuen. Andorferri, nolanahi ere, esparrua bera nahiko desatsegina gertatzen zitzaion, zeren, denborarekin, administrazio juduko kideak ezagutzera heldu baitzen, eta batzuekin kartetan aritzen zen eta kafea ere hartzen zuen haiekin. Ez dakit edaten zutena egiazko kafea zen edo ordezkoa, eta zer jokotan aritzen ziren ere ez dut lortu seguru jakiterik: tablonet-jokoan, edo rummyan agian, edo denbora pasatzeko balio duen beste jokoren batean. Nire lehengusuak, esate baterako, solitarioak egiten zituen. Belarriak handiak, haragitsuak zituen, beheko ezpaina eroria eta begiak urtsuak. Gogotik saiatu nintzen arren, nik harengan ez nuen neure gauzarik batere aurkitzen. Aurreneko gozoki hura mahaiaren gainean jarri nuenean, nire lehengusuak eskua luzatu zuen, estutu zuen gozokia, sudurrera eraman zuen, ahoan sartu eta esan zuen isilka: Klara. Txokolate-lerdezko hari mehe bat isuri zitzaion kokotsean behera. Bigarren gozokiaren ondoren, esan zuen: Flora. Hirugarrenaren ondoren, bizarra moztuko ote nion galdetu zidan. Nik esan nion aurrena beste izen bat aditu nahi nuela. Arkatza hartu nuen, paper-puska bat zegoen nire aurrean mahaiaren gainean, idazteko pronto nengoen. Matilda, esan zuen nire lehengusuak, Bukica, Estera, Sara, Mara, Lenka, Rasela, Rifka, Zlata. Presaka idatzi nituen izenak, arkatzak hegan egiten zuen paperaren gainean, irakurtzeko gauza izatea gero espero nuen. Lehengusua isildu egin zen. Beste gozoki bat atera nuen, eta gizonezkoen izenak eskatu nizkion. David, esan zuen nire lehengusuak, eta begiak itxi zituen. Isak, Daniel, Bata, Jakov, Moric, Leon, Samuilo, Ruben, Rafael, Haim, Solomon, Ilija, Josif, Marko, Mosa, Avram. Eta bizarra egin nion. Bizarra ondo eginda egoten ziren Götz eta Meyer beti, esparruan sartu eta umeak besoetan hartzen zituena bereziki, bai baitzekien bizarrak umeak ikaratzen dituela, ez bada bizar luze, zuri bat, Aita Noelena bezalakoa. Ez zait iruditzen harengana joaten ziren neska-mutilek Aita Noel zein zen jakingo zutenik, eta seguru nago bizar latz batek ere, beren bizitzetan aingeru bat bezala sartzen, eta opariak utzita ateratzen zen gizon baten aurpegian, ez ziela atzera eragingo. Amek ez zieten haiengana ez hurbiltzekorik esaten. Azken finean, Götzek eta Meyerrek ere, neurri batean, aingeruen tankera zuten jende harentzat, haien etorrerak aspalditik espero zuten irteeraren berri ematen baitzuen. Eta aingeru batek izan ezik, zeinek aterako zituen halako leku batetik, beste zeinek sumatuko zuen haien larritasuna? Beste hiru edo lau aldiz joan nintzen nire lehengusuarengana, betiere txokolatezko gozokien zorro bat neramala sakelan, eta lortu nuen beste izen eta abizen batzuk ateratzea, ezkontza-harremanak eta senidetasun-mailak jakitea, eta, azaletik bazen ere, haien ondorengoen kopurua finkatzea, gizon eta emakume. Gero, txokolate-puskak eta lerde-burbuilak kentzen nizkiola aurpegitik nire lehengusuari, maskarada hura bertan behera uztea erabaki nuen, zeren, bide hartatik jarraituz gero, hala bururatu zitzaidan, lehengusuaren bukaera bizkortuko bainuen, eta hark ez ninduen egingo Götz edo Meyer baino hobea, alde batera utzirik garai hartan nik ez nuela aditu haren berri, edo haien berri, hobeto esanda. Nire familia-zuhaitzak oso bestelako itxura zuen orain, hostoz eta adarrez betea zegoen eta sendoagoa zen. Zuhaitzak agertzen zuen irudiagatik, hirurogeita zazpi senide izan behar nituen nik, batzuk gertukoak, urrunagoak beste batzuk, baina, geroago jakin nuenez, sei besterik ez nituen, izan, Bezanijska auzoko zahar-etxeko lehengusua barne. Egia esan: bost besterik ez, handik gutxira hil baitzen nire lehengusua, pijama soinean zuela, ohean lo. Heriotza guztiek lotan behar lukete gertatu, erraz eta oinazerik gabe, Jainko zintzoak antolatu zuen bezala, hala esaten nuen neure artean errabinoak haren hilobiaren gainean abesten zuen bitartean. Nire heriotza ere horrelakoa izatea espero nuen. Ikerlanean hasi nintzen, hautsez betetako artxiboetan bueltaka eta museoak bisitatzen, liburutegiko liburu berriak eramaten nituen etxera, talde-argazkiei beha egoten nintzen, txostenak eta zerrendak alderatzen nituen. Besteren bizitzetan murgildu nintzen, nireak balira bezala, eta hala ziren, izan, nahiz eta nire bizitzak hura jakin ez. Ni artaburu bat nintzen, erdi erorian zeuden ale batzuk besterik geratzen ez zitzaizkiona. Haietako bat, geroago jakin nuen, Argentinan zegoen izeba bat zen, beste ale bat Israelen bizi zen lehengusu bati zegokion, Amerikako senide urrun bat zen hirugarrena, eta laugarren eta bosgarren lehengusuak artaburuaren muturrean zeuden, bata bestearen ondoan: aitonaren anaia gazteena eta arreba are gazteagoa ziren, eta orain, agure-atsoak izanik, Australian bizi ziren. Ni ez naiz ezkondu. Beste hitzetan, gu guztiok hiltzen garenean, gure artale guztiak denboraren hoditik behera isurtzen direnean, ezertxo ere ez da nire gurasoen familietatik geratuko. Hasieran, hartaz konturatu nintzenean, errebeldia handi bat sortu zitzaidan, baina gero sosegatu egin nintzen. Amorrazioak ez zaitu inora eramaten, zainetan barna ibiltzen zaizu, arrazoimena lausotzen dizun pozoia besterik ez da; eta ezerk ezin zuen errealitatea aldatu, alegia, ni sagar ximur bat nintzela zuhaitz ximel baten adar idor baten puntan. Heriotzatik ezin zara sendatu. Apustu egingo nuke, gustura asko gainera, Götzi eta Meyerri ez zitzaiela halakorik burutik pasatu. Haien adinean, eta prest nago Andorfer komandantea baino gazteagoak zirela sinesteko, ez duzu heriotzan maiz pentsatzen, ez behintzat zeure heriotzan, ezta gerran bazaude ere. Götz eta Meyer hortzik galdu gabeak ziren, ilea —motza izan arren— sarria zuten oraindik, larruazala guria, giharrak sasoian, osasuntsu bihotza. Zeinek pentsatuko zuen heriotzan, Saurer kamioi indartsu baten bolantean jarrita gainera? Eta indartsua zen inondik ere, kamioi haren indarra ez baitzen tonatan edo kilometrotan neurtzen, giza arimatan baizik. Azokatik Avala Mendien oinetaraino, ziztu batean irensten zituen laurogei arima, baita ehun ere batzuetan, eta denbora hartan guztian ez zen behin ere nekatu, ez zuen gehiegizko berotasunaren edo nekearen seinalerik inoiz agertu. Kamioiak bide bera bi bider egin zuen egunetan ere, garraiaturiko arimen kopurua berrehunetik arriskutsuki gertu zegoen zifra batera jasoz, ezeren seinalerik ez zitzaion antzeman. Oso kamioi ona da, esaten zuten Götzek eta Meyerrek, zaldia bezain leiala, astoa bezain gogorra eta mandoa bezain egoskorra. (...)

 

GÖTZ ETA MEYER (zatia)
David Albahari

Götz e Meyer, 1998
Pasazaite, 2013
euskaratzailea: Koro Navarro
armiarma.eus, 2023