BI AHIZPA
Ama Ata Aidoo

Two Sisters
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2024

 

        Bizitza ez da oso alaia bulego batean mekanografa lan egiten baduzu, eta zapata pare eder bat erosteko adina ez baduzu irabazten. Neska batek zapatak behar ditu. Neska batek mutil-laguna behar du auto azkar eder batekin eta kartera gizen eder batekin.

        Eta beraz Mercyk bere beharrak aseko dituen mutil-laguna bilatzen du. Arazoa da bere ahizpa zaharrak —zuhurra, Connie ezkondua— ez duela inolaz ere nahiko… Mercyk estalkia idazmakinari jartzen diolarik, etxerako autobus bueltaren ideiak minez zeharkatzen du. Horra bere asturua, pentsatzen du. Dena da bere asturua. Unibertsitate-mutil horietarik bat balu mutil-lagun, etorri eta ez al luke iluntzero etxera eramango? Baiki, Joek ere horixe egitea maiteko luke —bere taxian; eta ezin politagoa da, eta gizon ona, baina aizu… taxi bat taxi bat da—. Beste gizona bila etor dakion aukera, gaur egun… zera. Badaki Mercyk denbora pixka bat beharko duela nahikoa adore biltzeko hari halakorik eskatzeko. Baina zaila da harekin ez akordatzea. Benetan izango da hain arriskutsua? Ez al du auto publiko batek beste edozeinen antza —haren tamaina handia, kristal ilunak, gidari uniformeduna?—. Bere burua ikus dezake autotik irteten begiak aizto legez begiratuko lioketen beste neskak agurtuz. Hasteko, apur bat zuhurragoa izango zen. Gidariak har zezakeen goizean nim arbolen azpian eta hantxe jaso iluntzean… Edonola ere, tarte batez zain egon beharko luke horretarako, eta horixe du berak patu makurra.

        Eta, beraz, bitartean udal autobusa beharko du, eserleku zikinekoa, bidaiari desatseginekin, gidari zakarrak… Jesus! Ez dio bere buruari heriotza edo halako amaiera ergelik desio. Ez bada. Bere desioa da sakon lo egon ahal izatea eta soilik esnatzea lanera autoz joango deneko estreinako bidaiarako.

        Zapata beltz pare berria beraien jabea baino zentzudunagoa da, baina. Bera bulegoan oinez dabilelarik, haiek kantari: zenbatu, zenbatu, zenbatu zure bedeinkapenak.

        Zenbatu, Mercy, zenbatu zure bedeinkapenak. Zenbatu, Mercy, zenbatu zure bedeinkapenak. Zenbatu, zenbatu, zenbatu zure bedeinkapenak.

        Kantari doaz bulegoan, kantari kalean ere, eta autobusean. Eta kantari hasten etxe aurreko ataka ireki eta xendan barrena etxeko aterantz doala.

        “Sissie!” deitu zuen Mercyk.

        “Ei, Mercy”. Eta atea zabaldu zen Connieren aurpegia erakutsiz, bere ahizpa nagusia, sei urte zaharragoa, eta egun bigarren haurdunaldiarekin zamatua. Hurbileneko aulkian abaildu zen Mercy. “Ongi etorri etxera. Zer moduz bulegoan gaur?”.

        “Ez galdetu, ahizpa. Begira ene eskuei. Klikatzeaz hilda dauzkat hatzak. Jainkoa, ez dakit zer egin”.

        “Zer ba, zer dago gaizki?” galdetu Conniek.

        “Ongi zer dagoen esadazu zuk. Zergatik beharko nuke makina-jotzaile?”.

        “Zer beste izango zinateke?”.

        “A ze galdera! Makinaz idaztea ote munduko lanbide bakarra? Zu maistra zara, ala?” esan zuen Mercyk.

        “Baina, baina…”.

        “Baina zer? Nire errua dela, hori esan nahi duzu? Azterketak ez nituen hain ongi egin, beraz ezin irakasle izan. Edo idazkari”.

        “Zer duzu, Mercy?”, esan zuen Conniek. “Zer egin dizut? Zergatik zatoz hain haserre etxera?”.

        Malkotan lehertu zen Mercy.

        “O! Barka, Sissie. Guztiak gaixotzen nau. Bulegoak, zu eta zure senarrarekin bizi beharrak. Nire neure senarra nahi dut, haurrak. Nahi dut… nahi dut…”.

        “Baina gaztea eta ederra zara zu. Eta ezkontza, bada zu zeu ari zara atzeratzen. Ikusi zenbat lagun dauzkazun atzetik segika”, esan zion Conniek.

        “Sissie, ez zait gustatzen egiten ari zarena. Nahikoa da”.

        “Ados, ados”.

        Eta isiltasuna egin zen.

        “Haietako norekin ezkon naiteke?”, galdetu zuen Mercyk. “Joe, zera, mm, egokia da; baina, baina ez dut gogoko”.

        “Ahizpatxo, zintzo mintza gaitezen. Ez naiz hain zahar edo jakintsua, baina aholkurik eman niezazuke. Beste baten autoa gidatzen du Joek gaur egun. Tira, sekula ezin da jakin. Taxi gidari askok amaieran gidatu ohi dituzte euren autoak, bat baino gehiago batzuetan.

        “Jakina. Baina lastima zu honezkero ezkonduta zaudena. Bilatuko nizuke bestela hitzordu bat… Joerekin!”.

        Barrez lehertu ziren biak. Mercy logelara joateko jaiki zenean erreparatu zien Conniek zapata berriei.

        “Politak dira zapata horiek, aizu. Berriak?”.

        Mercyren ahotsa etorri eta joan egiten zen aldameneko gelan jantzi eta erantzi zebilela. Baina ez zen hori haren ahotsaren tinkotasun ezaren arrazoia.

        “O, ahaztua nuen komentatzea. Zuri erakustera nindoan. Uste dut asteartean erosi nituela. Ala asteazkenean? Bulegotik etorri nintzenean James eta zu kanpora joanak zineten Akosuarekin. Eta gero ahaztu zitzaidan zapatena”.

        Oso politak dira, horixe baietz. Garestiak?”.

        “Ez, ez hainbeste”. Ziztu batean iritsi zen Mercyren erantzuna.

        Eta ez zen astebete esana zuela ez zeukala xentimorik, pentsatu zuen Conniek. Eta sinetsi nion banekielako haien soldata ez zela nahikoa txukun bizitzeko. Oso ondo kudeatzen zuela pentsatzen nuen. Baina zapata horiek... Eta bera ez zen dirua uzteko eskatuko zuena zapata parea erosteko; pare zaharra jantziko luke egoera hobetu arte. O, zer egin jakingo banu! Bere ama ere ez naiz. Eta zer iritziko die Jamesek arazooi?

        “Kezkatua dirudizu, Sissie”, esan zuen Mercyk.

        “Noiz ez? Ume berria bi hilabete barru iritsiko da eta gobernuak ordaintzeko kontrol berriak ezarri ditu. Eta azak ontzeko, informazio fidagarria dut James neska berri baten atzetik dabilela”.

        Barre egin zuen Mercyk. “Tira, Sissie. Zuk beti duzu afera horietan informazio fidagarria. Gizonak horrelakoak dira”.

        “Berekoiak dira”.

        “Ez, kontua da emakumeok uzten diegula jarrera hori hartzen guk geuk askatasun handixeagoz jokatu beharrean”.

        “Tira, berdin jokatzeko aukera izango banu”, esan zuen Conniek, “ez nuke baliatuko”.

        “Zergatik ez?”.

        “James maite dudalako. James maite dut eta ez zait beste gizonik interesatzen.” Ahotsa malkoz betea zuen.

        Baina Mercy gozatzen ari zen. “Jainkoarren, hori entzun beharra! Zu bezalako emakumeengatik gaude guztiak mendean”.

        “Sentitzen dut, baina jainko jaunak halaxe egin ninduen”.

        “Ummm. Nik uste hainbat gizon maita ditzakedala batera”.

        “Mercy!”.

        Eta atzera barrez lehertu dira. Eta triste daude oraindik. Baina barrea hobea da. Goseak zegoela kexua egin zuen Mercyk eta sukaldera jo zuten janari pixka  bat berotzera. Bi ahizpak bakarrik. Jamesen zain egon gabe.

        “Sissie, film bat ikustera joango naiz”, Mercyk.

        “Nora?”.

        “The Globera”.

        “Joerekin joango zara?”.

        “Ez”.

        “Bakarrik joango zara?”.

        “Ez”.

        Kontuz, Connie.

        “Norekin joango zara?”.

        Kontuz, Connie, mesedez. Haserre dauzkazu ahizpa gaztearen begiak begira. Errepara aho ertzean bat-batean egin zaizkion zimurrei. Connie, gauza ona da ahizpa bat. Gazteagoa bada ere. Batez ere ez ama ez aita ez dauzkazula.

        “Mercy, norekin joango zara?”.

        “Tira, janaria daukat ahoan. Eta amaitu beharra daukat zuri erantzun aurretik, ala?”.

        “Barka”, leuna da Connieren ahotsa.

        “Eta nolanahi dela, dena esan behar dizut?”.

        “O, ez. Uste nuen egin nezakeen galdera zela, ez besterik”.

        Isiltasun handiagoa. Eztarria argitu zuen Conniek, eta zain geratu, ikaraz.

        “Mensar-Arthurrekin aterako naiz”, esan zuen Mercyk.

        Hurrengo galdera egiten zuelarik, Conniek zalantza zuen bere berbak ezpainetatik jalgiko ote zitzaizkion. “Mensar-Arthur?”.

        “Bai”.

        “Haietako zein?”.

        “Zenbat ezagutzen dituzu?”.

        Zerbaitek jauzi egin zuen Connieren bularrean, zer ote. Akaso umea zen.

        “Politikaria?”, esan zuen.

        “Bai”.

        “Baina Mercy…”.

        Ahizpa txikia eseri, eta jana mastekatu zuen.

        “Baina, Mercy…”.

        Masteka, masteka, masteka.

        “Baina, Mercy…”.

        “Zer?”, galdetu zuen Mercyk.

        “Oso zaharra da”.

        Masteka, masteka, masteka.

        “Beharbada, beharbada diot, horrek zinez ez du axola, ez? Baina neska eta emazte asko dauzkala diote”.

        Mesedez, ahizpatxo. Zure bizitza pribatua ez da nire ardurakoa, baina esan berri duzu zuretzako senarra nahi duzula. Gizon hori dagoeneko hainbat emakumerena da…

        Atzera isiltasuna. Eta ondoren soilik Mercyren oin-hotsak bere platera garbitzera joan zelarik, eta gero sukaldetik irten zen. Connieren masailean behera egin zuten malkoek. Mercy bainua hartzen entzun zuen, eta etxetik ateratzeko prestatzen. Zapatak. Eta joan zen. Conniek ez zuen eztabaida hasi nahi izan. Zertarako da ahizpa bat, ezin baduzu berarekin hitz egin? Eta zer esango lukete gurasoek, bizirik balira? Kristau zintzoak ziren. Jainkoaren beldur. Politikari zahar eta gaizto batekin ibiltzeak izutuko lituzke.

        Auto handi bat arribatu zen etxe kanpora, gizon zurien lurreko makina handi bat. Haren motor super-leunaren soinua gozoa eta fina zen, neskaren takoi luzeko zapaten zarataren alboan ere. Mensar-Arthurrek Mercy ikusi zuenean bira eman eta bidaidearen atea ireki zion. Neska eseri eta atea zarata leun batez itxi zen autoa irristatzen zelarik.

        Etxetik milia bat-edo urrundu zirenean, gizonak elkarrizketa abiatu zuen.

        “Eta zer moduz gaur ene laztana?”.

        “Ongi naiz”. Baina bere trazak albiste txar eitea zuen.

        “Gaur serio itxura daukazu, zergatik?”.

        Isilik eutsi zion neskak.

        “Maitea, zer duzu?”.

        “Ezer ez”.

        “O”. Eztarria argitu zuen. “Eta zer moduz zapatak?”.

        “Oso ederrak. Jantzita daramatzat, hain zuzen. Apur bat txiki dauzkat, baina zapata berri guztiekin da horrela”.

        “Eta esku-zorroa?”, galdetu zuen gizonak.

        “Asko gustatu zait, hura ere… Nire ahizpak igarri die. Zapatei, esan nahi dut”.

        Akabo berri txarrak.

        “Galdetu al dizu nondik atera dituzun?”.

        “Ez”.

        Eztarria argitu zuen berriro ere. “Nora joango gara gaur gauean?”.

        “The Globe, baina gaur ez dut filmik ikusteko gogorik”.

        “A bai?. Mm, pozten naiz, jendea beti ohartzen baita gauzez”.

        “Baina ez dute sorpresa handirik hartuko, ala?”.

        “Zer diozu, laztana?”.

        “Ezer ez”.

        “Ondo. Beraz, zer egingo dugu?. Seawayraino joango gara?”.

        “O, bai”.

        Seawayraino gidatu zuen, oso ondo ezagutzen zuten hondartza eremu bateraino. Maite zuen tokia,  hondartza hareatsu zabala eta itsaso zaharra. Neskak maiz desiratu izan zuen harea amaieraraino gidatzea, autoaren gurpilek ura ukitu arte. Oso ideia zoroa, hark esan zion legez berak lehenengoz aipatu zionean. Zure-aita-izateko-adina-zaharra-naiz ahotsean esan zion. Beti daude desabantailak. Gauzak bestelakoak izan zitezkeen. Maitale gazteago bat balu… Polita, agian ez hemengo hau bezain aberatsa, baina auto azkar bat eskuratzeko adina dirurekin. Berak filmetan ikusi bezalako autoetako bat, edozer gauza egiteko gai diren gurpilekin… eta itsasoak eta hareak bat egiten duten puntu exaktoraino gidatuko lukete.

        “Hemen gara”, esan zuen gizonak.

        “Ez gaitezen irten. Gera gaitezen barruan eta hitz egin dezagun”.

        “Ados. Baina zer duzu, laztana?”.

        “Zutaz mintzatu natzaio ahizpari”, esan zuen Mercyk.

        “Jainkoarren. Zer dela eta?”.

        “Ezin nuen luzaroago gorde”.

        “Umekeria. Ez zen beharrezkoa, inolaz ere. Ez da zure ama”.

        “Ez. Baina daukadan guztia da. Oso ona izan da nirekin”.

        “Tira, haren obligazioa da. Ahizpa baten betebeharra”.

        “Hortaz nire betebeharra da, ahizparen betebeharra, hari holako gauza bat kontatzea. Arazoak izan ditzaket”.

        “Ez izan ergela”, esan zuen hark. “Nire neskalagunez arduratu ohi naiz”.

        “Ondo da”, esan zuen emakumeak. Eta gizon honen maitale izatea onartu zuenez geroztik  aurreneko aldiz begietara jalgi zitzaizkion malkoak modu naturalean etorri zitzaizkion.

        “Eta hitz eman zenidan ez zeniola esango”. Ahotsa Aitarena zen.

        “Ez haserretu, egunen batean entzungo zuela segurua zen”.

        “Maitea, zuhurregia zara. Zer esan du?”.

        “Ez zegoen pozik”.

        “Ez kezkatu. Bila ezazu eduki nahiko lukeen zerbait, baina herrialdean topatu ezin duena”.

        “Ondotxo dakit josteko makinarako motore elektrikoa nahi duela”.

        “Umm, Londresera joatekoa naiz datorren astean, gobernu-bidaia batean, eta makinaren xehetasunak ematen badizkidazu, lortuko diot motorea”.

        “Eskerrik asko”.

        “A, eta esadazu ahizparenetik joan  nahi duzunean. Gobernuaren etxeetako bat lortu dizut.”.

        “O, o”, esan zuen, egun horriblea hasia zenetik zoriontsu aurreneko aldiz.

        Hondartzan, haien oinetan, itsaso zaharraren marea gora eta behera zebilen hondarretan. Gizonak ez die erreparatzen gizakiei. Gauzak gertatzen ikusi du hondartza hauetan. Gauza diferenteak. Gauza igualak. Ez du sekula esku hartzen. Zergatik beharko luke? Jendea ez da garrantzitsua. Hona hemen 50 urteko “gizon handi” bat zerbait dela uste nuena. Eta 23 urteko umea bizitzako arazoei aurre egiteko bide ergela hautatzen duena. Elkarren gorputzekin jolasten direlarik autoaren atzeko eserlekuan, itsaso zaharrak begiak ixten ditu, aspertuta. Hareatzan gora mugitu da, baina autoa salbu da itsasotik urrun aparkatuta, eta gorako urak ezin ditu haren gurpilak erdietsi.

        Berandu etxeratu da James. Azken asteak berandu etxeratzen eman ditu. Connie negarrez ari da eta berak badaki gelara sartu bezain laster. Malkoak gorroto ditu zeren eta, gizon gehienen gisa, badaki malkoak emakumeek duten  arma boteretsuenetako bat dela.

        “James”.

        “Esna zaude oraindik?”. Segituan eseri zen haren ondoan. “Zer gertatzen da, Connie? Negarrez ibili zara ostera ere”.

        “Non zeunden, James?”.

        “Connie, komentatu nizun hau. Ez dizut utziko preso bati bezala galdekatzen apur bat berandu naizen bakoitzean”.

        Agondu egin zen emakumea. “Apur bat berandu?! Ia ordu biak dira!”.

        “Egia esango banizu ere, gainera, ez zenidake sinetsiko”.

        Berriro ere etzan eta hormari begira jiratu da emakumea, eta James haren aldamenean etzan da.

        “James, bada gauza bat askoz serioagoa”.

        “Nire affair-ik berrienaren berri izan duzu?”.

        “Bai, baina ez naiz horretaz ari”.

        “Ene jesus, baina posible  al da hori baino gauza inportanteagorik egotea?”.

        Barrez ari zirela, ohartu ziren  zerbait gertatua zela. Zerbait, zorte pixka batez, hurrengo denboretan elkarrekin egonaraziko liekeena.

        “Baina, James, zer egin behar dut?”.

        “Zerekin?”.

        “Mercy, Mensar-Arthurrekin affair bat izaten ari da“.

        “Zoragarri”.

        “Zerbait egin behar dugu, James. Oso larria da”.

        “Zergatik ezin du?”.

        “Gaizki dago. Eta bera galbideratzen ari da”.

        “Berak badakienez bere burua galbideratu duten beste neskek dirua atera dutela hortik, zergatik berak ez? Haren lagunek ez dute hark baino diru gehiago irabazten, baina egunero daroatzate lanera soineko eta zapata eta holako berriak. Zer espero duzu hark egitea?”.

        “Besteek egitea ez du esan nahi Mercyk ere hala behar lukeela”.

        “Inozoegia izaten ari zara. Mercy banintz, ziur horixe egingo nukeela. Eta badakizu benetan ari naizela”. Krudela da James. Terriblea. Gaiztoa. Connie atzera malkotan lehertzen da, eta Jamesek besoaz inguratzen du. Badu, hala ere, gauza bat ulertarazi nahi diona.

        “Esaiozu harekin egoteko, hain zuzen. Gizonak beharbada zure gobernu-bulegoko norbaiti hitz egingo dio eta, hortaz, behin umea jaiota zuk lana gordeko duzu”.

        “Jamez, nire ahizpa erabiltzea nahi duzu?”.

        “Hura ari da bere  burua erabiltzen, ez ahaztu”.

        “Jamez, izugarria zara”.

        “Eta akaso gizonak baiezkoa esango lioke guri atzerritik auto berri bat ekartzeari. Edozer ordainduko nuke, baina nolanahi dela hori hobea litzateke buruan dudan auto zaharra baino. Pentsatu horretan ere”.

        “Bakarrik joango zinateke autoan”.

        “Tira…”.

        Hori kolpea baino hilabete batzuk lehenago izan zen. Mensar-Arthur Londresera joan zen, bai eta zerbait ekarri bere emazte eta maitale guztientzat. Connieren josteko-makinaren motorrarekin ere akordatu zen. Mercyk ekarri zionean, Connie nahasirik zegoen. Aspalditik nahi zuen hura, baina bere alderdi batek hura onartzea ez zela zuzena zioen. Ezin zuen Mercyrekin afera osoa eztabaidatu, eta James beti jartzen zen haren alde. Eskerrak emanez hartu zuen motorra; ordaindu zuen prezioa Mercyri buruzko bere isiltasuna izan zen. Denbora gutxira, Mercyk etxea utzi zuen Mensar-Arthurrek berarentzat lortua zuen etxe ofizialera joateko.

        Eta orduan, handik bi astera, estatu-kolpea. Bere bizileku berria utzi zuen Mercyk inork bota zezan baino lehen. Jamesek ez zuen bere autoa lortu. Connieren ume berria jaio zen. Connie zegoen zoriontsuen aldaketokin, hiruren artean. Bere irudiko, Mensar-Arthurrek eta haren inguruko edozerk arazoak zekartzan bere ahizparentzat, eta baita bere sentipenentzat ere. Orain gauzak atzera bere onera etor zitezkeen. Mercy etxera itzuliko zen, eta agian topatuko gizon, esan dezagun, arruntago bat. Orduan ezkondu egingo zen eta garai latz hauek ahanzturan geratuko lirateke. Jainkoa ona da, kolpea ekarri zuen bere ahizparen afera asko zabaldu eta haren izena erabat hondoratu baino lehen…

        Ume berriaren iritsierak James eta Connieren arteko arazoak amaitu zituen. Halako gizona da hura, halako emakumea da bera. Mercy ez dute egun batzuetan ikusi. Connie larritzen hasi da…

        Etxearen ataurreko atea zabaltzean, umearen garrasi ozenak entzun zituen Jamesek. Barrura sartu zen, etxera bidean erosiak zituen gauza gutxi batzuk helduz.

        “Hemen gaude”, deitu zion Conniek.

        “Entzun zaitzaket, baiki, Baldin bada zerbait herri honetako jendeak daukana, horixe ahoa handia da”.

        “Kontrakoa esaten al dut? Baina ongi gaude. Normal jaten ari da. Eta zu?”.

        “Ezer berririk ez. Politikari-ohiei buruzko istorio gehiago”.

        “Zer esan nahi du ezer berririk ez horrek?”, esan zuen Conniek. “Ikustazu soldaduek egin duten lan bikaina, herrialde osoa zikinkeria horretatik garbituz. Aske sentitzen naiz eta desiratzen nago kalera irten eta gozatzeko”.

        Algara egin zuen Jamesek. “Dakidana da Mensar-Arthur espetxean dela. Alferrik da. Eta nik ez dut autorik eskuratuko”.

        “Ez zintudan sekula seriotan hartu autoaren kontu horretan”.

        “Connie, seriotan, nahi nauzu ni, zure senarra, arrakasta izaten eta aberats bihurtzen?”.

        “Ez nire ahizparen hondamenaren kontura”.

        “Hondamena, hondamena, hondamena! Txist! Hara, Connie, graziosoena da ziur nagoela pertsona bakarra zarela pentsatzen duena hondamendia dela bere ahizpa gizon handi baten neska-laguna izatea”.

        “Ondo da: dena amaitu da eta ez dezagun horretaz eztabaidatu”.

        “Kolpea zuk prestatu ote zenuen? Zure ahizpagatik! Ez ninduke harrituko”.

        Eta Conniek garraztasunez pentsatu zuen zergatik esan ote zuen berak hori. Barrundatu zuen ea…

        “Mercy hemen egon al da?” galdetu zuen Jamesek.

        “Ez oraindik, akaso geroago. Mm. Esperantza nuen atzera etxera etorriko zela eta dena berriro hasiko zela.

        “Ez nau harritzen ez egin izanak. Bera banintz, ni ere ez nintzateke etorriko. Ez bere ahizpa zaharraren aholku ona etengabe entzuteko, ez, eskerrik asko.”

        “Ahizpa bakarra dut Mercy. Ezin dut eserita iraun haren bizitza okerbidetik doala ikusiz, ezer sentitu gabe. Pozten nau zerbaitek hori dena geratu izanak. Orain larritzen nauena da ez didala esango non bizi den. Neska lagun bat aitatzen dit berak, baina ez nago ziur ezagutzen dudan”.

        “Kezkatzeari utziko nioke, zu banintz, badirudi Mercyk bere burua aski ongi gobernatzen dakiela”, esan zuen Jamesek.

        Eta orduantxe auto baten gelditzearen zarata entzun zen kanpoan. Eta pausoak zalantzarik gabe Mercyrenak. Duela hilabete batzuk berria zen zapata pare zaharra ote? Edo berriagoak? Eta  hona hemen bera berbera, eder hori. Mercy alai, irribarretsu bat.

        “Kaixo, kaixo, etxekoak!”. Eta zuzenean umearengana egin zuen. “Du-da-di-do!! Zer moduz da nire gizontxoa gaur?  Hazi bizkor eta zatoz izeba Mercyz arduratzera”.

        Ez Conniek ez Jamesek utz ziezaioketen hari begiratzeari. “Izeba Mercyri diotso ondo dagoela”.

        Hari begira zeuden biak, beldurtuta, zer arraio zen hura barrundatuz. Zeren eta biek bai baitzekiten zerbait bazela.

        “Entzun, lagunok, lagun bat ekarri dut zuei aurkezteko. Gizon bat”.

        “Non da?”, Jamesek.

        “Sarraraz ezazu”, Conniek.

        “Ama berria zara, Sissie, badakizu. Etorri eta zuzena ote den galdetzea otu zait”.

        “Jakina”, Conniek eta Jamesek. Eta ondo jakin gabe zergatik, biak zetorkeenaren beldur dira.

        “Ashley kapitaina da”.

        “Haietarik zein?”.

        “Zenbat ezagutzen dituzu?”.

        James oraindik ere ezinezkoa delakoan da. “E… esan nahi duzu armadako ofizial hori, oraintxe hautatu dutena…”.

        “Bai”.

        “Ez al zen film bat asteburuan The Crystalen bere alabaren ezkontzaz? Eta beste bat bera bere emazte, seme-alaba eta bilobekin?”, esan zuen Jamesek.

        “Bai”, esan zuen Mercyk.

        Connie eserita gelditu da, ahoa zabal-zabal eginda...

 

BI AHIZPA
Ama Ata Aidoo

Two Sisters
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2024