Ikuspuntu berezia ala unibertsala
Monique Wittig

The point of view: universal or particular?, 1983
euskaratzailea: Itxaro Borda
in Desira desordenatuak (Utriusque Vasconiae, 2010)

 

 

Ikuspuntu berezia ala unibertsala[1]

 

 

I

 

      Hasi aurretik erran behar da “idazkera femeninorik” ez dela eta huts latza dela esan-molde horren erabiltzea eta hedatzea: zer da “idazkera femeninoaren” “femenino” hori? Hor dago beraz emakumearentzat. Pratika bat mito batekin nahasten da halaz, emaztearen mitoarekin. “Emaztea” ezin da idazkerarekin junta, “emakumea” asmatuzko formazio bat delako eta ez errealitate konkretu bat, borroka goratsuz konkistatu eta zapi berraurkitu baten antzera etsaiak orain altxaturiko burdin gorrizko marka bat baita. “Idazkera femeninoa” emazteen menperatzearen garapen politiko bortitzaren metafora naturalizatzailea da eta “feminitateak” gaiaren azpian aitzinatzen den egitura hantzen du halatan: ezberdintasuna, berezitasuna, gorputza, eme/natura. Hurreratzean, “idazkerak”, “idazkera femeninoaren” metaforak irentsi eta ondorioz lan eta bidean dagoen ekoizpen baten moldean agertzea falta dauka, ezen idazkera eta feminitatea biak uztartzen dira (“emaztearen”) produkzio biologiko partikular baten erakusteko, (“emazteari”) naturala zaion sekrezio bat.

      Halaz beraz “idazkera femeninoak” frogatzen du emazteak ez direla historiaren partaide eta idazkera ez dela produkzio material bat. Filosofoen eta zientzia humanoen sailkatzeko bi ardatz handi diren sexuen kategoriak zalantzan jartzeko oso ausarta den olde politiko baten kirten itzuliak dira ezberdintasuna, idazkera femeninoa, feminitate (berria). Ardura gertatzen denez, zerbait berri agertzean, berehala interpretatua eta bere kontrarioaz jantzia dator. Idazkera femeninoa garbiketa-artea eta kozinaren pare doa. Horrelako oharrik ez dagokio Djuna Barnesi.

 

 

II

 

      Generoa: sexuen arteko etsaigo politikoaren seinale linguistikoa da. Generoa hemen singularrean erabilia da, ezen ez dira bi genero, baizik eta bat: femeninoa, “maskulinoa” genero bat ez denez. Maskulinoa ez da maskulinoa, baina orokorra. Horrek dagi orokorra eta femeninoa daukala, femeninoaren marka. Nathalie Sarrauteri erranarazten dio ez duela femeninorik baliatzen ahal idazten duena orokortu (eta ez berezitu) nahi duen kasuetan. Eta nolaz materia konkretu (kontzeptuz, hitzez existiarazten duena) batetik ebakitzea daukan obraren desafioa, femeninoaren erabilpena ardura ezinezkoa zaio, haren presentzia soilak daraman lanaren helburua desnaturatzen duelako, a priori (genero) femininoa/sexua/naturaren analogia dela kausa. Bakarrik konkretua (sexua hizkuntzan) da orokorra. Djuna Barnes esperientzia eramaten saiatzen da eta lortzen du femeninoa unibertsalizatzeko erronka (Proustek bezala ez du ezberdintasunik egiten pertsonaia femeninoen zein maskulinoen tratamenduan) eta genero horri “ ohako usaina[2]” kentzen dio. Horrela ekinez generoak ezeztatzen ditu, zaharkituak bilakaraziz. Hurrengo bide-aldia hauek erabat ezabatzea datekeelarik. Ikuspuntua lesbiarra da.

 

 

III

 

      Hemeretzigarren mendeko diskurtsoen erranahiek arras bete dute, laxamenduraino, gure garaien errealitate testuala. Orduan, susmoaren genioa etorri da mundura[3]. “Gizonak” hain atzera egin du non ez den diskurtsoaren sujet gisa ere ezagutzen. Norberak eska dezake zein den subjektua? Zentzuaren galdera zalantzan jartzen segitzen duen deboila orokorrean, sujetaren osaketa saiakerak elkar gudukatzen diren literaturaren (borroka) zelai berezian, minoritario baten sartzeko lekua bada. Baitakigu Proustez geroztik, ikerketa literarioa sujeta eguneratzeko esperientzia pribilegiatua dela. Ikerketa hori azkenerainoko praktika subjektiboa da, sujetaren pratika ezagutzailea. Prousten ondotik, sujeta ez da gehiago sekula berdina izan, Bilaketaren iraupen guztian egin baitzuen “homosexualaz”, unibertsalizatzeko sailka-ardatzaren abiapuntua. Sujet minoritarioa ez da autozentratua, hala nola den logozentrikoa. Haren espazioko hedapena Pascalen borobilaren antzera agertzen ahal liteke, zentroa denetan duela eta zirkunferentziarik nehon ez. Sujet minoritarioa zentro frankotan barrea daiteke, ez-zentratua da derrigorrez, a-zentratua. Horrek esplikatzen du Djuna Barnesen testuaren hurbilketa angelua, testuak alabaina hausketaz eragiten du, irakurtzen denean begi-izkineko perzepzioaren pareko efektua sortzen duen ezlekutze etengabe bat delako. Hitzez hitz, Djuna Barnesek bere pertsonaia bakoitzarentzat azpimarraturiko arroztasun horren marka dakar idazkiak.

 

 

IV

 

      Idazle minoritario bakoitza (hala izatearen kontzientzia duena) literaturan ezkelki sartzen da, horrela erran baldin badezaket. Bere perspektibaz aldatua eta saihetsetik agertzen zaizkio garaikideak, literaturazaleak axolatzen dituen arazo handiak. Formarekiko problemek zoratzen dute, baina “izen gordea deitzen duenak”, “izena ahoskatzen ausartzen ez denak”, sekula idatzia ez izanagatik leku guztietan aurkitzen duenak bihotzean eta gorputzean zirikatzen du. Homosexualitatearen tematika dakarren testu baten idaztea pario bat da, une oroz gaiaren elementu formalak zentzua gainfinka dezan arriskatzen baitu, zentzu osoa bereganatuz, obra literario bat sortzea xede duen autorearen nahikundearen aurka. Horrelako gaia garraiatzen duen idazkiak beraz zatia osotasunaren ordez hartua ikusten du, testuaren elementu bat testu osotzat eta liburua ikur, manifestu bilakatua. Hori gertatzen denean, testuak ez du gehiago literatura alorrean eragiten, deskontsideratutako gauza bat da, orduan antzeko testuekiko harremana ukatzen zaiolako. Gai sozialarekiko testua bihurtzen da eta arazo sozial batez argitzen gaitu. Testu bati hori agitzen zaionean, kokatzen den errealitate testualaren aldatzea den bere lehen helburutik desbideratua da. Funtsean, gaiarengatik desjabetua da, ez dauka sartzerik gehiago, baztertua da (ardura soilik isildua, argitalpena agortzeaz), ez dezake gehiago beste testu zahar edo garaikideekiko eragin. Homosexualak baino ez ditu interesatzen. Sinbolo gisa edo talde politiko baten esku, testuak bere polisemia galtzen du, zentzu bakunekoa baizik ez dela. Zentzu galketak eta errealitate testualaren mailako lotura eskasak trabatuko du bete dezakeen operazio politiko bakarretik: gorputzari datxekiona literaturaren bidez denboraren oihal testualean sartzea. Horregatik menturaz Djuna Barnes, lesbianek beraien idazletzat har eta halaz bere obra neurri bakar batera laburbil dezaten lotsa da. Dena dela, Djuna Barnes lehenik masiboki lesbianek baldin badute irakurtzen, ez dugu desjabetu eta gure minoritatera tiriatu behar. Ez da berari zerbitzu egitea, are gutxiago geronen zerbitzatzea. Barnesen lanak, eta beretzat, eta guretzat, hobekien opera dezakeen eremua literatura baita.

 

 

V

 

      Agertze moduaz eta errealitate literarioan duten kokapenaz aldi berean garrantzi estrategiko handiena duten testuak badira. Hala da Barnesen obra guztiarentzat, ikuspegi horretarik testu bakunaren moldean funtzionatzen duelako, ezen Ryder, Ladies Almanack, Spillway, Nightwooden artean aldaerak eta juntaerak baitira. Bakuna da ere Barnesen testua, bere erako lehena delako eta bera baino lehen ezer ez zegoen lekuan zarta egiten baitu. Halatan, behar du hitzez hitz bere ingurugiro propioa sortu, lan eginez, deusekin obratuz guztiaren aurka. Idazle minoritario batek izkiriatu testua eraginkorra da ikusmolde minoritarioa unibertsal bihurraraztea lortzen duenean. Denbora galduaren bila frantses literaturako monumentu bat da, liburuaren gaia homosexualitatea den arren. Barnesen lana obra literario garrantzitsua da, bere tematika nagusia lesbianismoa izanagatik. Batetik, bi idazle horien obrek, lan garrantzitsu bakoitzari dagokion legez beren denborako errealitate testuala aldatu dute. Baina minoritarioak direnez, testuak beraien taldearen sailkatze angelua aldatzeaz kargatuak dira (eta egiten dute). Izatearekiko baieztapenaz baizik ez bada ere: hauen aurretik zenbat homosexual edo lesbiana literatura orokorraren gaitzat hartu ote dira? Zer dago Sapho eta Barnesen Ladies Almanack-en artean? Ezer ez.

 

 

VI

 

      Angelu minoritarioaren arabera, Ladies Almanack-en erreferentzia hartzen duen Djuna Barnesen kontestu bakarra Proust da. Djuna Barnes bera da gure Proust (eta ez Gertrude Stein). Tratamendu mota ezberdina barreatu da hargatik Prousten eta Barnesen obrekiko: bata, Proustena, klasiko bihurtzeraino gero eta garaileago doa, bestea, Barnesena, zimiztaka agertzen eta desagertzen da. Barnesen lana gaizki ezagutua da, ezezaguna Frantzian, baina ere Estatu Batuetan. Erran dezakegu Barnes ordea estrategikoki Proust baino garrantzitsuagoa dela. Eta halaz etengabe desagertzeaz mehatxatua. Sapho ere desagertu zen. Platon, ez. Ongi dakusagu zein den lehia eta “izen ezkutua” zein, Djuna Barnesek berak gorrotatzen duen izena. Sodoma indartsua da eta betikoa zioen Colettek, Gomorrarik ez da. Ladies Almanack, Nighwood, Cassation eta Eri Handia-ko Gomorrak Coletten erranak handizki gezurreztatzen ditu, idatzia dena delako. “Hegatseko sumurra gora ezazu, zurgin/ hara etxean sartzen dela/ lehiakide arrotzen artean gailentzen den aeda lesbiana[4]”. Aeda horrek orokorki badu gaitzeko borroka eramateko, hitzez hitz eta oinez oin bere kontestua sortu behar duelako, agertu bezain laster, desagerrarazteko kemenaldi guztiak biltzen dituen mundu batean. Borroka garratza da bi frentetan ematen delako: historia literarioaren unean eragiten duten elementuekin formaren alorrean eta neurri konzeptualean, pentsamendu straight-aren argi dago perpausaren aurka.

 

 

VII

 

      Isiltasunaren gerizan baizik ez gauden mundu batean beraz behar dugu, egiazkoan errealitate sozialean eta irudizkoan liburuetan, behar dugu beraz, gogoko izan ala ez, guhaur garena osatu, nehondik bezala ateratu, gure bizitzetan berean geronen leiendak izan, bihurtu guhaur haragizko izaki, liburuetako karaktereak edo irudi pintatuak bezain abstraktu. Horregatik behar dugu jada modaz kanpo diren heroien garaian, heroikoak bilakatu errealitatean, epikoak liburuetan. Hizkuntzaren erabilpenen zentzua baztertzeko bultzada erraldoia jasaten den denbora honetan, behar dugu zentzu-alde ekin eta sarkasmoaz eta ironiaz edonora tiriatzen duena agerian utzi. Spillway-en neska oso gazte batek, Katyak seduzitzen duen Andrearen eszenan hasieratik emaniko ikuspuntuan, ikus-angeluan zehar irakurlearentzat eskuragarri diren sarkasmoaren eta ironiaren maisua da Djuna Barnes. Hura “emazteek entzuten dute”. Baina bere ahizpari “gizonek begiratzen diote” (higitzen). Eta halatan “arras bestela” mugitzera zinpurtzen da. Bere denbora zigotatzen pasatzen du, hankak airean, mokanesak xehakatzen”. Eta “zergatik hori guztia egiten zuen” galdegin zion Katyak. Atx, hauxe galdera ona: ezen bai, zergatik hori guztia egiten dute heroiek liburuetan eta heroiek errealitatean? Zergatik gizonarena dagite baita ere zergatik emaztearena egiten dute? Eta zergatik oroz bat nehor ez da ohartzen emaztearena egitea, abere ongi hezi baten antzera, aitzinetik arreglaturiko keinutza bati (garaien arabera ezberdina, ikus horrekiko Moydiaren keinutzak), kodigo bati, gauza bakar bat errepikatzen duen keinu-hizkuntza bati bere buruaren libratzea dela. Bai, zergatik?

 

 

VIII

 

      Derragun letra errana izendatzen dugunarentzat eta zentzua errangaiarentzat (zeinua letraren eta zentzuaren uztarketa delarik). Letraz eta zentzuaz mintzatzean, errana eta errangaiaren ordez, keinuaren hiztegian erreferentearen sartzea ekiditen da (ezen erranak eta errangaiak errealitate erreferatuarekiko zeinua azaltzen dute, eta zentzuak zeinua deskribitzen du hizkuntzarekiko harremanetan bakarrik). Hizkuntzan, zeinua soilik abstraktua da. Erreferentea ez da berdina hizkuntzaren antzezleen arabera. Aldi berean hizkuntzaren erabilpena bermatzen duen prozesu abstraktua eta konkretua da idazkera. Ikerketa literario batean (metonimiaz letra eta zentzua baliatzen baldin baditugu zeinuak baino zabalagoak diren unitateentzat) oreka gertatzen ahal da letra eta zentzuaren artean. Alderantziz zentzuaren baztertze bat letraren faborez (bilakuntza literario “hutsa”) edo lehenik eta behin zentzu ekoizpena aurki ditzakegu. Bilakuntza literario “hutsaren” kasuan ere, Barthesek azpimarratzen zuenez, zentzu zenbaiten gain-determinatzea hain handia izan daiteke non letra, zentzu eta ekoizleaz haratago, errangaia erran bihurtzen den. Forma bilaketa batean sartua delarik, idazle minoritarioa mehatxatzen du zentzuak: norman dauden irakurleentzat, bere obrako gai soil bat dena, forma elementu bat, zentzu oso gisa bermatzen da. Bai eta halaber, letra/zentzu, errana/errangai kontrestek hizkuntzaren agerpen anatomiko batean baino ez dute arrazoirik. Hizkuntzaren pratikan letrak eta zentzuak ez dute bereiz eragiten. Eta enetzat idazle praktika bat, edozein unetan letra eta zentzua ekinaraztean datza, ezen letraren antzera, zentzua galtzen baita. Etengabe.

 

 

IX

 

      Idazle batentzat hizkuntza ekai berezia da (musikariena edo tintalarienarekin erkatuz) forma aurkitzeko eta artea egiteko edozein gauzatarako erabiltzen delako, nornahik edonoiz baliatzen du, baliatzen da mintzatzeko eta komunikatzeko. Ekai berezia da, zentzua argiratzen eta eragiletzen duen baliabidea, tresna, lekua baita. Baina zentzuak bistatik kentzen du hizkuntza. Eta baiki hizkuntza hor dago beti Poe-ren gutun ebatsiaren pare, baina arras ikus ezin. Zentzua baizik ez baita ikusten, entzuten. Zentzua ez al da hizkuntza? Bai hizkuntza da baina bere molde ikusgai eta materialean hizkuntza forma da, hizkuntza letra da. Zentzua aldiz ez da ikusgai eta halaz, hizkuntzatik at azaltzen da (zenbaitetan nahasten da erreferentearekin “edukiaz” ari garenean). Funtsean zentzua hizkuntzak datxika, baina ez da ageri, haren abstrakzioa delako. Bitxia da beraz hizkuntzaren erabilpen arruntean hura baino ez entzutea eta ikustea. Hizkuntzaren erabilpena, zentzuaren ekoizpeneko edozein momentutan forma desagertzen doakion ariketa oso abstraktua da. Eiki, hizkuntza formatzen denean bere zentzu propioan galtzen da. Abstraktuki berragertzen ahal da, bikoiztuz, zentzu figuratiboa formatuz. Idazleen lana da beraz letrari interesatzea, konkretuari, hizkuntzak agerian uzten duenari, bere forma materialari. Hizkuntza ekaitzat hartu denetik, hitzez hitz landua izan da idazleen partetik. Letraren hitzen arrasean emaniko lan horrek hitzak beraien joeraz berrekinarazten ditu eta zentzuari bere zentzu osoa ematen dio: praktikan eta kasurik hoberenean zentzua baino lan horrek polisemia bat agertzea baimentzen du. Djuna Barnesek, Pasionean, hitzez hitz lan egin eta gorputz gogor baina irristakorra sortu du, gordina eta sofistikatua, ihes doazkigun zentzu ugariz aberats.

 

 

 

[1] Djuna Barnesen La Passion ipuin bildumaren aitzin-solasa, Flammarion, Paris, 1982. Ingelesezko argitalpena: Wittig, M. The Straight Mind and Other Essays, Beacon Press, Boston, 1992 (i.o.)

[2] Baudelairek errana, Marceline Desbordes Valmoretaz.

[3] Nathalie Sarraute, Susmoaren Garaia, Les temps Modernes, 1950.

[4] Sapho, IX. liburua.

 


 

Ikuspuntu berezia ala unibertsala
Monique Wittig

The point of view: universal or particular?, 1983
euskaratzailea: Itxaro Borda
in Desira desordenatuak (Utriusque Vasconiae, 2010)