|
PARADISO Barruan ate txiki batek, apaiztegietan jantokiko sarrera izaten denaren antzekoa, lotzen zituen bi patiotan zabaltzen zen ikastetxea. Patio bat lehen hezkuntzari zegokion, bederatzi urtetik hamahiru urte bitarteko umeak. Komunak hiru gelen paraleloan zeuden. Komunerako irteerak ordu jakin batean arautuak zeuzkaten, baina arrunt zaila denez kronometriak gain hartzea Malpighiren korpuskuluari edo irentsiaren azken hertsimenduei, aski zuten irakasleari zeinu bat egitea, atsegin hartzera joaten uzteko. Irakasleen sadismoa, batzuetan, ankerkeria otomanoz ageri zen esparru errukigabe honetan. Akordura ekarri ohi zen, ahapetik komentatuz, bere amonio ziamida eta bere sufre organikoa iraultzeko baimena eskatu zuen ikaslearen kasua, baimena ukatu baitzioten, peritonitisa zela deszifratu zituzten hesteminetan hustu zen, putzu eginez. Orain, ikasle bat, «kanpora irteteko» baimena eskatzen zuelarik, irakaslea premiatzen saiatzen zen leunki, bere burua jainkoek asasinaturiko nerabea izateko kinkan ezarriz eta irakaslea satrapa asaldatu batenean. Garai hartan lehen hezkuntzaren azkena izaten zen preparatoriako ikasle batek zaintzen zuen patioa, Farraluque delakoak, oro har nerabekondo leptosomatikoak ematen dituen euskaldun erdi-titan baten eta habanar nagi baten gurutzaketa, aurpegi goibel eta betilunekoa, baina itzeleko zakil baten jabea. Bera zen adin txikikoen komunetarako desfilea zaintzeko arduraduna, eta tarte horretan deabru priapiko bat gailentzen zitzaion heriosuhar, bada aipatu zeremonia desfilakor hark irauten zueneino, dantza egiten zuen, airezko kriskitinak jotzeko gisan jasotzen zituen besoak, zakila bragetatik at zeukala beti ere. Hatzetan, besaurrean kiribiltzen zuen, jipoitzearena egiten zion, errierta egiten zion, edo laztan, haur jatun bati bezala. Zakilezkurraren eta koroaren arteko zatia guztiz dimentikagarria zuela esanen genuke, italierakeria barkagarri baten bekatua eginez. Zakilaraskopia edo zakil zeremonia honi erne jarraitzen zion, goiko solairuko pertsianetarik, neskame nagiak, zeinak, erdiz milikeria eta erdiz nahikari mendekariak zirela kausa, Alberto Olayarekin hainbeste borrokatu zen Cueravarolliot haren semearen emaztearen belarri klimaterikora eraman zuen txutxumutxu priapiko baten desmasia. Farraluque degradatu egin zuten eskolako Komunen Inspektore postutik eta zenbait igandez ikasketa aretoan aterpetu behar izan zuen, itxuramenezko zurrun mutur gainerako lagunen aitzinean, haiek ikustea bera algarazko ziztada baitzitzaion bihurtu. Bere sexualitatearen zinismoak mozorro fazointsu batekin estaltzera zeraman, burua apalduz edo eskua agur akademiko bati zegokion zuhurtziaz emanik. Trufazko larderiatik aldi bateko desterrura lekutu zutenez geroz, Jose Cemík eduki zuen parada beste erritual zakilante bat ikusteko. Farraluqueren sexu organoak bere gorputzaren leptosomia antzekotzen zuen, ttipian. Haren ezkurrak bere aurpegiaren antza zeukan. Gainazalaren hariak bere sudurraren eitea, mintz mehearen kupularen luzapen hanpatuak bere kopeta sabelduarena. Baxoko klasetan, Leregas guajiroaren zakil indarra Aaronen makilaren gisan zen errege. Bere gladio froga geografia klasea zen. Irakaslearen ezkerrean ezkutatzen zen, hamabi bat ikasle hartuko zituzten banku horixka batzuetan. Ikasleek lokaikuka zeuden bitartean Gulf Streami buruzko argibidea entzunez, Leregasek zakila ateratzen zuen —giltza kuxin batean gainean entregatzen den Velazquezen koadro hartako soraiotasun erregetar berarekin—, titarea bezain laburra hasieran, baina gero, titan haize batek harrotua bezala, eskulangile baten besaurrearen sendotasuna zuen hartzen. Leregasen sexu organoak ez zuen idurikatzen, Farraluquerenak bezala, bere aurpegia, baina bai bere gorputz osoa. Sexu menturetan, bere zakilak ez zuen ematen zakilatzen zuenik, baizik besarkatu egiten zuela beste gorputza. Konpresio bidezko erotismoa, nola hartzkumeak gaztainondo bat estutzen duen, hala hasten ziren haren lehen marruak. Testua monotonoki errezitatzen zuen irakaslearen aitzinean jartzen ziren, ardura gertatzen denez, ikasleak, berrogeita hamar edo hirurogei gehienik, baina ezkerrean, hestebildu bat bihurtzen zen lekua hobeki profitatzeko, horizontalean paratutako bi banku. Lehen bankuaren hasieran, Leregas jartzen zen. Irakasleak ziharduen tarima bi laurden gorago zegoenez, koloso zakildunaren aurpegia besterik ez zuen ikusten ahal. Metatua zeukan guztizko aisetasun eta ezaxolarekin, Leregasek zakil-barrabilak ateratzen zituen, bihurtzeko, oldar bakar batean, zutabe bilakatzen den zirimolaren antzo, ezohiko tamaina baten erronka. Ilara horizontal osoak eta bankuetan zeuden gainerako ikasle guztiek irakaslearen mahaiaren azpitik egiten zuten mira biltzen zuen gainazala hausteko prest zegoen kandela irmo hartaz, odol kaskotxo ezin leunduago harekin. Klaseak ez zuen begi kliskarik egiten, sakondu egiten zuen bere isiltasunean, domineak uste zuen bere adierazpen diskurtsiboaren hariari zeudela, geldo. Kuraia handiko ariketa zen klase osoa hartzkume guajiroaren zakil distira idorrak imantatua edukitzea. Isiltasuna zuhaitz egina zen, gutiz gehienek behatzen ez zutelakoa zuten egiten, gainerakoek hanpatu egiten zuten hegalari eta ezertarakoez ziren hitzekiko aditasuna. Leregasen zakila irmogabetuz joan ahala hasi ziren eztulak, irri urduriak, ukondokadak, iragana zuten harrigarriaz liberatzearren. —Hizketan jarraitzen baduzue, behartu eginen nauzue baten batzuk klasetik egoztera —zioen irakasletxoak, ezin konpreniturik aditasun isiletik gero eta handiagoko astrapalada zirimolaturako aldaketa. Horren dohain germinatzaile burrunbatsua zeukan nerabeak asturu ikaragarri bat eduki behar zuen, Delfoseko jokoen esanaren arabera. Klaseko ikusleek ikusi ahal izan zuten irakasleak, golkoaren korronteak aipatzen zituela, besoa bihurka luzatzen zuela Karibeko bazter gorbeltsuak, koralak eta anemonak laztantzeko bezala. Akaberaren ondotik, ohartu ahal izan ginen beso bihurkatua estalki baten antzekoa zela, Trajano zutabedun hark ziztatzen zituen begiak babesten zituena. Leregasen zakil dolmenak, goiz hartan, tinkoago imantatu zuen Terminus jainko haren inguruan zurtuak zeuden erromes haien kuriositate bekozkoduna, bere desmasia priapikoa batere maltzurkeriarik edo barretxo ustelik gabe erakusten baitzuen. Areagotu ere egin zuen bere sexu tinkaduraren ohiko monotonia, ke multzo baten indar hedakorrak presionaturiko dortokak bezala mugitzen ziren zortziren handiko hiru liburu kokatuz zakilaren gainean. Munduen sorrerako alegia hindu bat idurikatzen zuen. Dortoken antzeko liburuak bertikaltzen zirelarik, begi bistan geratzen ziren tukan hegaztiaren habian sasitu bi arrautzak. Goiz hartako dadoen kolpea, jainkoen asperdurak jaurtia, parte txarrekoa gertatu behar zitzaion guztiz guajiro ahaltsuaren bizi harrotasunari. Irakaslearen silaba amaiera argigarriek Txipre uharteko zeremonial baten herio krotaloen hotsa atera zuten. Ikasleek, erretiratu zirelarik klasea amaitutakoan, exekuziorako apaiz druidaren aiduru dauden zigor-hartzaileak ziruditen. Leregas burua makur eta mozolo itxuran jalgi zen klasetik. Irakaslea zurrunkote, hildako ahaide baten zakurra ferekatzen duenaren antzera. Biak gurutzatu zirelarik, bat-bateko adrenalina deskarga bat pasatu zen irakaslearen besoko giharretara, halako moldez non eskuin eskuak, aztore bat bezala mugiarazia, Leregasen eskuin masailen jo baitzuen, eta berehala ezker eskuak, aspan gurutzaturik, bitalista buruiritziaren ezker masailaren bila. Leregasek ez zuen izan erreakzio arbuiagarririk bere masailak bi masaileko mamitsuren hangar bihurtuak sentitukoan. Pailazo jauzi bat egin zuen, dantzari zinikoarena, hiru jauziko memelotu bat egiten duen ur hegazti astun. Guajiroaren farola alexandriarraren aitzinean klaseak izan zuen zurtasun bera erantsi zitzaion masailekoen tupustekoari. Irakaslea, zentzunezko duintasunez, bere kexa zuzendaritzari ematera joan zen, bazihoala ikasleek deszifratzen ahal zuten dominearen traba gertatu sinesgaitza adierazteko. Leregasek bidean jarraitu zuen, inguruari erreparatu gabe, mihia ahotik at heldu zen ikasketa aretora. Bere mihiak ur txakur baten arrosatasun kementsua zeukan. Orduan aldera zitekeen zakilezkurraren tegumentua bere ahoaren barrunbearekin. Biek eskaintzen zuten, kolorearen ikuspuntutik, arrosa bioleta bat, baina ezkurra idorra zen, pulimentatua, zelatan bezala erekzio uneetako poro dilatazioa jasateko; ahoarenak, adur arinak islaturik, distiratu egiten zituen tonuak erresaka sartzearen antzo barraskilo baztertar batean. Ergelkeria hura, harekin nahi baitzuen defenditu zeremonia priapikoaren azkenetik, ez zeukan eskas halako koketeo bat, halako ezaxola eta sorgortasun jolastu bat, erakusten zuen egitadaren ezin esan ahalako garrantzia epai baloratiboz gain balego moduan bere baitan. Bere egitada ez zen erronkazkoa izan, alabaina ez zuen demendreneko ahaleginik egiten ekiditearren. Klasea, goizaren bigarren laurdenean zela, didaktika logura emangarri baten ezdeuskeria zinezkoak entzutearren bildutako nerabeen odol arrapaladakariaren metaketa errazteko luzatzen ari zen. Bere ahoa pasibotasun hutseko elementu hartzailea zen, adurrak ordezkatzen zuela amaren ura. Iduri luke bazela etsaigo bat bi organo hauen artean, hartan ezkurraren aurkako poloan kokatzen zen ahoa. Bere mozolozko ezaxola, ahoko likido arrosan sumatzen zen emetasunaren alde ageri zen. Uztai zeukan erosa guztiz abaildu zen masaileko irakastun biak harturik. Sobera heze zeukan ahoak utzitako oroitzapenak gogorarazten zuen paleolito garaiko Egipton, edo aingeruek eta gizonen alabek sortutako gizandien zakila, ez zela izaten handitasunari zegokion tamainakoa, baina bai, aitzitik, zulo bat, Migel Angelek munduen sorreran sexua margotzen zuen bezalakoa, atzera egindako gainazalak zirriborratzen zuela zinborio ñimiñoa. Ikusleen korua osatzen zuten gehienek gogoratzen zuten ausarkeria uztaitu hura uda goiz batean, baina Cemík zehatzago gogoratzen zuen probintziano eragabearen ahoa, non bazirudien olagarro txiki bat nagiak ateratzen ari zela, ke bat bezala suntsitzen zela, mihiaren ubidean lerratzen zela, zoruan hausteko odol haritxoak zeuzkan izotzezko lili. Leregas ikastetxetik kasatu zutenez, beste eredu priapikoaren haria hartu behar dugu, Farraluque, hark, igande irteera galtzera hirutan kondenatua izan ondoren, sexu kateatze luze bat eragin zuen, prodijioen hurrekoa. Irteerarik gabeko lehen igandean errekreoko patio isiletan zehar, hustasun betean zegoen ikasketa aretoan zehar ibili zen noraezeko. Astiaren joana gogor eta geldoa egiten zitzaion, sobera bustitako harea klepsidraren barnean. Harea tanten hurrenkera bat bilakatua zen denbora. Gainezkatsu, tantakari, azkenbako krema irabiatua. Loarekin ezabatu nahi zuen denbora, baina denbora eta loa bizkarrez bizkar zebiltzan, azkenean elkarri bi eskutada eman eta berriz ekiten zioten duelu baten hasieran bezala, bizkarrari bizkar, adostutako zenbakiren batera iritsi arte, baina tiro hotsik ez. Eta isiltasun igandekoaren usainak bakarrik irauten zuen, sutauts kotoitsuaren isilak hodei arinak sortzen zituela, gutun bat zeramaten zalgurdi mamuzkoak, zartailuaren zarta bakoitzeko lainoaren barruan suntsitzen zen kotxero lepotua. Farraluque patioa zeharkatzen ari zen ostera bere aspertuan, noiz ere atzeman baitzuen zuzendariaren neskamea eskaileretan behera zetorrela, aurpegia arrunt plazent. Haren urratsak adierazten zuen topatze bat behartu nahi zuela eskolatar zigortuarekin. Pertsiana ostetik so egon zitzaion hura bera zen, zuzendariaren emazteari txutxumutxu drolatikoa eramanez. Ondotik iragaterakoan: —Zergatik zara etxekoei bisita egin gabe geratu zaren bakarra igande honetan? —Zigortua nago —erantzun zion lehor Farraluquek. Eta okerrena da ez dakidala zergatik ezarri didaten zigor hau. —Zuzendaria eta bere emaztea irten egin dira —erantzun zion neskametxoak—. Etxea pintatzen ari gara, laguntzen badiguzu, saiatuko gara ordainetan—. Erantzunik behar izan gabe hartu zuen Farraluque eskutik, bere ondoan zihoala eskaileretan gora. Zuzendariaren etxera iritsitakoan, gauza gehienak papereztatuak zeudela ikusi zuen eta karearen, bernizen eta agoarrasaren usainak zorroztu egiten zituela sustantzia horien guztien lurruntzeak, zentzumenak tupustean eskandalizatuz. Aretoan sarturik askatu egin zuen Farraluqueren eskua, eta eskaileratxo batera igo zen itxurazko ezaxolaz eta kare tantaka ari zen eskuila paretetan pasatzeari ekin zion. Farraluquek ingurua ikertu zuen eta ohartu ahal izan zen lehen gelako ohean zuzendariaren sukaldaria, hemeretziren bat urte hanpatuko mamey mulata, loaren itxurazko ezinegonaren baretasunean murgildua zela. Bultza egin zion ate zirrikatuari. Ahozpez etzana zen mamey trinkoaren gorputza. Bizkarraren gardena bere ipurmami sendoen badiaraino luzatzen zen, ibai sakon eta ilun bat bezala begetazio laztangarriko bi muinoren artean. Lo zegoela zirudien. Arnasaren erritmoa ezkutukiro irritsaria zen, bere gorputzaren zulotxo bakoitzean udak ezarritako izerdiak isla urdinkarak ematen zizkien bizkarreko eskualde zenbaiti. Gorputzaren sakondura bakoitzean ezarritako gatzak, sutan zela zirudien. Tentaldien erreflexuak harrotzen zituen, loak adierazten zuen urruntasun horri loturik. Gorputzaren hurbiltasun zemaikaria eta haren presentzia loaren urrunaren. Ziztu batean erantzi eta atseginen koadroaren gainean egin zuen jauzi. Baina une hartan lotiak, nagirik atera gabe, bira oso bat eman zuen, bere gorputzaren ohikotasuna eskainiz iritsi berriko gizonezkoari. Mulataren arnasaren jarraitasun ikararik gabekoak ezabatu egiten zuen itxurakeriaren susmoa. Makrogenitosoma leptosomatikoaren ziria sartu arau, bazirudien berriro biratuko zela, baina kulunka haiek ez zuten hausten loaren esparrua. Kopula amaitutakoan erekzioak helburuetatik haratago irauten duen nerabezaroko une horretan zegoen Farraluque, masturbazio amorratu bat behar izaten den horretan. Lotiaren geldiak beldurtzen hasia zeukan, non burua bigarren gelara luzatuz eskutik ekarria zuen espainiartxoa ikusi baitzuen, hura ere lo. Espainiartxoaren gorputzak ez zeukan mulataren dimentsioa, hartan iduri luke doinuak inbaditu egiten zuela giharren memoria. Haren bularrak lehen buztina bezain gogorrak ziren, haren enborrak pinudien gotortasuna zeukan, haren haragizko lorea armiarma gizen bat zen, pinudi horien beren arraxinak elikatua. Armiarma hanpatua, hestebetea bezain trinkoa. Nerabe indartsu baten haragi zilindroa behar zen araknidoa erdiz erdi zatitzeko. Baina Farraluque bere maleziak hartua zen eta laster batean erabiliko zituen. Espainiartxoaren isileko topaketek ilunagoak ematen zuten, eta zailagoak deszifratzen. Haren sexuak hertsitua zirudien, feria bateko hartz ipotxa bezala. Brontzezko ateak, nubio zalditeriek begiratzen zuten honen birjintasuna. Haize tresnetarako ezpainek, ezpatak bezain gogorrak.
PARADISO |