LURRAREN MAILAN
Julian Barnes

Levels of Life (2013) liburuko hiru narrazioetarik bat
euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2016

 

      Jartzen dituzu elkarrekin bi gauza, lehenago elkarrekin egonak ez zirenak; batzuetan badabil kontua, beste batzuetan ez. Pilâtre de Rozier-ek, aire berozko globo batean igo zen lehen gizonak, buruan zerabilen orobat aurrena izatea Manchako kanala hegaldatzen Frantziatik Ingalaterrara. Helburu horrekin aerostato mota berri bat egin zuen, goialdean hidrogenozko globo bat zuena, bultzada handiagoa emateko, eta behealdean aire berozko globo bat, kontrol hobea lortzeko. Elkarrekin jarri zituen bi gauzok, eta 1785eko ekainaren 15ean, haizea aldekoa zela zirudienean, Pas-de-Calais-en hasi zuen igoera. Laster goratu zen tramankulu berri ausarta, baina kostaldera iritsi baino lehen, gar bat agertu zen hidrogenozko globoaren goialdean, eta aerostato itxaropentsu osoak, behatzaile batentzat orduan gasezko lanpara zerutar bat zirudienak, lurra jo zuen, pilotuaren eta kopilotuaren heriotza eraginez.

      Jartzen dituzu elkarrekin bi pertsona, lehenago elkarrekin egonak ez zirenak; batzuetan mundua aldatzen da, beste batzuetan ez. Lur jo dezakete eta su hartu, edo su hartu eta lur jo. Baina batzuetan zerbait berria sortzen da, eta orduan mundua aldatzen da. Elkarrekin, lehen exaltazio horretan, lehen goititze sentsazio zaratatsu horretan, handiagoak dira beren bi buru bereiziak baino. Elkarrekin, areago ikusten dute eta argiago ikusten dute.

 

      Maitasuna, noski, ezin da parekidea izan; agian oso gutxitan da horrelakoa. Beste era batean esateko: nola hartzen zuten 1870-1871. urteetako paristar setiatuek beren gutunen erantzuna? Globo bat altxaraz dezakezu St-Pierre plazatik eta pentsatu toki onuragarriren batean lurreratuko dela; baina nekez espero dezakezu haizeek, nahiz eta aberkoiak izan, Montmartrera bultzatuko dutela itzulerako hegaldian. Zenbait amarru proposatu ziren: adibidez, itzulerako gutuneria metalezko esfera handietan kokatzea eta ibaian behera sartzea hirian, non sareen bidez hartuko baitzituzten. Uso mezulariena ideia ganorazkoagoa izan zen, eta Batignolles-eko uso-hazle batek agintarien esku utzi zuen bere usategia: setioko globo bakoitzean saski bat ezarriko zen usoz betea, eta hauek gutunekin itzuliko ziren. Baina konpara ezazu globo aerostatiko baten zama-ahalmena uso batenarekin, eta imajina ezazu kamusadaren pisua. Nadar argazkilariak esan zuenez, irtenbidea azukregintzan lan egiten zuen ingeniari batek eman zuen. Pariserako gutunak letra argiz idatzi behar ziren paper orriaren alde batean, hartzailearen helbidea goialdean zutela. Ondoren, biltze gunean, horrelako ehunka elkarren ondoan jarriko ziren pantaila handi batean eta argazkia aterako zitzaien. Irudia mikrografiaren bidez txikiagotuko zen, uso mezulariek Parisera bidaliko zuten eta irakurtzeko moduko tamainara handituko ziren berriro. Orduan, eskutitz berpiztuak gutun-azaletan sartzen ziren, eta zegokien helbideetara helarazten. Deus baino gehiago zen; garaipen tekniko bat izan zen, noski. Baina pentsa dezagun maitale bikote batengan, bata idatzi zezakeena, bakarrean eta luze, orriaren bi aldeetan, eta gorde zitzakeena gutun-azal baten barnean hitzik samurrenak, eta bestea behartua laburtasunagatik, eta jakiteagatik argazkilariek eta postariek ikuskatu ahal zituela bere sentimen isilpekoak. Baina, ez al da batzuetan maitasuna horrela sentitzen, eta horrela aritzen?

 

      Nadarrek fotografiatu zuen Sarah Bernhardt —aitak lehenik, semeak gero— bere bizitzan zehar. Lehen argazki saioa Sarah-k hogeiren bat urte zituenean izan zen, Félix Tournachon ere beste karrera zalapartatsu —nahiz laburrago— batean nahasia zebilen garaian: The Giant-arena. Sarah ez da oraindik Jainkotiarra, ezezagun ospetsu-nahia da; halere, argazkiek izar bat bailitzan erakusten dute jada. Bere posatzea laua da, belusezko kapa batean edo xal zabal batean bildua. Besagainak biluziak ditu; ez darama bitxirik, kameuzko belarritakoak izan ezik; ilea ia orraztu gabea du. Halakoa da bera; zantzu batek baino gehiagok iradokitzen dute kapa edo xal horren azpian ezer gutxi daramala. Aurpegiera eutsia da eta, beraz, erakargarria. Oso ederra da, noski, ederragoa, agian, egungo begiarentzat ordukoarentzat baino. Badirudi egiatasuna, teatraltasuna eta misterioa gorpuzten dituela, eta abstrakzio horiek bateragarri bihurtzen dituela. Nadarrek biluzi baten argazkia ere atera zuen, batzuek sendo baiesten dutenez harena dena. Emakume bat erakusten du, gerriraino biluzia, kuku egiten haizemaile baten atzean gordea duen begiarekin. Nor ere den emakume hori, kapan nahiz xal zabalean bilduriko Sarah-ren argazkiak erotikoagoak dira argi eta garbi.

      Metro eta erdi luze izanik, ez zen tamaina hori egokitzat hartzen artista batentzat; gainera, zurbilegia eta meheegia zen. Oldarkorra eta naturala ematen zuen, bai bizitzan, bai artean; teatro arauak hautsi zituen, eta askotan eszenatokiaren hondora joaten zen hizketaldi bat esateko. Aktore nagusi guztiekin oheratzen zen. Ospea eta bere buruaren publizitatea maite zituen —edo Henry Jamesek leunki esan zuenez, “nabarmentzeko miragarriki egokia zen itxura zuen”—. Kritiko batek errusiar printzesa batekin, bizantziar enperadoresa batekin eta Muscateko begum batekin konparatu zuen hurrenez hurren, hau esanez amaitzeko: “batez ere, izan daitekeen bezain eslaviarra da. Topatu ditudan eslaviar guztiak baino eslaviarragoa da”. Ozta hogei urte zituenean sasiko haurra izan zuen, edonora beti berarekin eramaten zuena, gaitzespenari entzungor. Judua zen, nabarmenki antisemita zen Frantzian; Montreal katolikoan, aldiz, harrikatu egin zuten haren zalgurdia. Emakume bipila eta adoretsua zen.

      Etsaiak zituen, noski. Haren arrakastak, haren sexuak, haren arraza-etorkiak eta haren bohemiar lardaskeriek gogorarazten zizkieten puritanoei zergatik lurperatu ohi zituzten aktoreak lur ez-sagaratuan. Eta hamarkadak joan ahala, haren aritze estiloa, behinola hain berezia, zaharkitua gertatu zen halabeharrez, zeren eszenatokiko naturaltasuna artifizio bat da, eleberrietako natularismoa bezainbatekoa. Nahiz eta batzuentzat magiak betiere bere hartan zirauen —Ellen Terryk “azalea bezala gardena” deitu zuen, eta “erretzen ari den paper baten kearekin” alderatu zuen eszenatokian egoteko bere modua—, beste batzuk ez ziren hain maitagarriak. Turgeniev-i, nahiz frankofiloa eta dramagilea izan, “faltsua, hotza, maneratsua” iruditzen zitzaion, eta gaitzesten zuen haren “paristar chic nardagarria”.

 

      Fred Burnaby bohemio gisa azaltzen zuten askotan. Haren biografo ofizialak idatzi zuenez “erabat aparte, konbentzioak inondik ere errespetatu gabe” bizi zen. Eta ezagutu zuen, Sarah Bernhardt-ek bereganatu baino egin ez zuen exotismoa. Bidaiari batek, Parisera urrundik itzultzean, emango zuen ikusi zuenaren berri; antzerkigile batek arpilatuko zituen berri horiek gaiak eta efektuak lortzeko; ondoren eszenografo eta moda-sortzaile batek perfekzionatuko zuen ilusioa Sarah-ren inguruan. Burnaby izan zen bidaiari hura: Errusian barna ibilia zen, Asia Txikian eta Erdialdeko ekialdean zehar, Nilon gora. Zeharkatua zuen Fashodako eskualdea, non bi sexukoak biluzik ibiltzen baitziren eta kolore hori biziz tindatzen baitzituzten ileak. Burnabyri egozten zitzaizkion istorioetan, askotan agertzen ziren zirkasiar neskak, ijito dantzariak eta alarguntsa kirgiz politak.

      Burnabyk alegatzen zuenez, Eduardo I.aren, Hankaluze esaten ziotenaren ondorengoa zen, eta ingelesen ustez, berek soilik dituzten adorea eta egiazkotasuna bezalako bertuteak erakusten zituen. Baina bazen kezkatzeko moduko zerbait berari buruz. Haren aita malenkoniatsua omen zen “bere parkean ulu egiten zuen hontzak bezala”, eta Fredek, adoretsua eta jendekina bazen ere, ezaugarri hura jaso omen zuen. Nahiz ikaragarri indartsua zen, askotan zegoen gaixorik, gibeleko eta urdaileko minek oinazeturik; “urdaileko katarro” batek atzerriko bainuetxe termal batera eraman zuen behin. Eta “Londresen eta Parisen oso ezaguna” eta Galesko Printzearen lagunartekoa bazen ere, Dictionary of National Biography-k zioenez “bizitza bakartia” zeraman oso.

      Pertsona konbentzionalak onartu egiten du eta askotan liluratua gertatzen da halako portaera ezohiko batekin; Burnabyk, antza, igaroa zuen muga hori. Bere lagun leialetako batek “inoiz izan den alproja narrasena” deitu zion, “arto zaku bat zaldi gainean bezala” esertzen baitzen. Atzerritar itxura bide zuen, “ekialdeko ezaugarriak” eta mefistofelestar irribarrea. Dictionary of National Biography-rentzat “judua edo italiarra” ematen zuen, azpimarratuz bere itxura “ez ingelesak” eraman zuela “berari argazkiak ateratzeko ahaleginei” aurre egitera.

 

      Lurraren mailan bizi gara, gune lauan, eta hala ere —eta horregatik— gora egitea dugu irrika. Lurtar izanik, batzuetan jainkoen maila irits dezakegu. Batzuk artearen bidez iristen dira, beste batzuk erlijioaren bidez; gehienak maitasunaren bidez. Baina gora egitean orobat behea jo dezakegu. Lurreratze leun gutxi dago. Geure burua topa dezakegu lurrean bote eginda hanka hausteko adinako indarrez, atzerriko trenbideren baterantz herrestan. Zernahi amodio istorio izan daiteke atsekabe istorio. Hasieran ez bada, ba geroago. Batentzat ez bada ba bestearentzat. Batzuetan bientzat.

 

      Hortaz, zergatik irrikatzen dugu maitasuna etengabe? Zeren maitasuna baita egiaren eta magiaren elkartze gunea. Egia, argazkigintzan bezala; magia, globo hegaldietan bezala.

 

      Burnabyren uzkurtasuna eta Bernhardten egitateekiko egoskortasuna gorabehera, esan dezakegu Parisen ezagutu zutela elkar 1870.en erdialdean. Ez zen zaila Galesko printzearen adiskide min batentzat Sarah jainkotiarraren ezaupidea egitea. Loreak bidali zizkion aldez aurretik, Bornier-en La fille de Roland-en ikusi zuen, prestatu zituen laudorio hitzak, eta hura ikustera joan zen ondoren. Haren kamerinoan paristar dandi modaz pasatako couhe —aldra— bat-edo aurkitzea espero zuen, baina agian egina zen aldez aurretiko galbahe lana. Bera zen, alde handiz, hango pertsonarik garaiena, eta Sarah txikitxoena. Burnabyri agur egin zionean, honek ez zuen saihesterik izan erantzutea eszenatokiak handiago egiten zuela. Sarah ohitua zegoen hori entzutera.

      —Eta hain mehea —gehitu zuen emakumeak— ze saihestu baititzaket euri tantak busti gabe.

      Fredek ia sinesten ziolako itxura egin zuen. Sarah-k barre pixka bat egin zuen, baina inongo isekarik gabe. Gizona eroso sentitu zen. Egia esan, ia toki gehienetan sentitzen zen eroso. Hasteko, ingelesa zen; bikain mintzatzen zen zazpi hizkuntzatan; bestalde, Espainiatik Errusiar Turkestanera ordenak ematen ohituriko edozein ofizialek gai izan behar zuen ongi moldatzeko galai adeitsu baina xalo haien artean, zeinak, iruditu zitzaionez, hitzezko hegaldietan baino ez baitziren lehiatzen.

      Xanpaina edaten ari ziren, miresle horietakoren batek eskainia dudarik gabe. Fred neurritsua zen beti ardoarekin, eta gauza, hortaz, irteera diskretuak ikusteko, harik eta, bat-batean, antza, Mme Guérard izeneko laguntza-damak baino ez zion eragozten Sarah-rekin bakarka gertatzea.

      —Beraz, mon capitaine...

      —O, mesedez, madame. Fred. Edo Frederick. Zure kamerinoan sartzen naizenean ez dut gradurik. Zera naiz... —zalantza egin zuen—. Esan genezake soldadu soila naizela.

      Nabaritu zuen, ikusi baino areago, Sarah bere kaleko janzkera aztertzen ari zela: zaldi gainerako jaka, galtzak, orkatiletarainoko botak, ezproiak; buruko arrunta, aldi baterako utzia albo mahai batean.

      —Eta zein da zure gerra? —galdetu zuen emakumeak irribarrez.

      Ez zuen jakin nola erantzun. Gerretan pentsatu zuen, zeinetan soilik gizonezkoek hartzen baitzuten parte. Setioetan pentsatu zuen, eta nola gizonezkoek emakumeak ustez setiatzen zituzten harik eta errenditzen ziren arte. Baina behingoagatik ez zuen harroarena egiteko gogorik, eta metaforekin askotan ez zen eroso sentitzen. Azkenean hau erantzun zuen:

      —Ez aspaldi, Odessatik bueltan nentorren. Nire aita gaixo zegoelako berria heldu zitzaidan. Bide laburrena Paristik zeharkakoa zen. Baina hiria Komuna-ren eskuetan zegoen. —Etenaldi bat egin, eta bere buruari galdetu zion zer iritzi izango ote zuen aktoreak hiltzaile aldra kirastu horri buruz—. Ez neraman bidaia-poltsa eta zalduneriako ezpata arauzkoa baino. Abisatu zidaten arma guztiak debekaturik zeudela. Baina hanka luzeak ditut eta ezpata galtzaren zangoan sartu nuen.

      Etenaldia egin zuen, emakumeak istorioa bukatua zela pentsatzeko adina luzea.

      —Beraz herrenka nenbilen. Eta berehala atxilotu ninduen Komunako ofizial batek, nire hankaren zurruntasuna zela-eta susmo zuzena hartuta. Ezpata bat ezkutuan eramatea leporatu zidan. Berehala aitortu nuen nire errua, baina esan nion eri zegoen aita ikustera itzulia nintzela eta bake asmoz nentorrela. Nire harridurarako, utzi zidan bideari berrekiten.

      Orain bazirudien istorioa bukatua zela, baina haren xedeak ihes egiten zion emakumeari.

      —Eta nola zegoen zure aita?

      —O, aski berrindartua Somerby-ra heldu nintzen garaian. Mila esker zure interesagatik. Istorioaren koska... bueno, errepika dezaket atxilo hartu ninduen tipoari esan niona, Parisen, bakea baino ez dut bilatzen.

      Sarah-k begiratu egin zion ingeles ikaragarri, uniformedun, bibote-handi, frantses-hiztun hari, zeinaren ahots mehe sarkorra sekulako gorputz batetik ateratzen baitzen harrigarriro. Eta berak, bizitza nahas-mahasaren eta artifizioaren artean bizi zuenez gero, beti inarrosten zuen bakuntasunak.

      —Hunkitua nago, Fred kapitaina, baina nola esango nuke? Ez dut neure burua oraindik ikusten bizimodu lasai baterako prest.

      Orain gizona zegoen lotsatua. Gaizki hartu ote zuen bere azalpena?

      —Bihar itzuliko zara —esan zuen Sarah Bernhardtek.

      —Bihar itzuliko naiz, bai —erantzun zuen Fred Burnabyk, berak asmaturiko agurra eskainiz emakumeari: despedida-agur militarra, itzuliko zelako promesa bohemiar kartsu batez elkartua.

 

      Sarah-k antzerkiratzen zituen emakumeak pasionatuak, exotikoak, operakoak ziren, hitzez hitz. Dumas-en La Dame aux Camélias sortu zuen, Verdik berrasmatu baino lehen; eta Sardou-ren La Tosca izan zen, orain Pucciniren bertsioan baino ezagutzen ez den rola. Musikaren beharrik gabe zen operistikoa. Maitale sail bat eta piztia sorta bat zuen. Maitaleak, antza, ongi konpontzen ziren elkarren artean, agian zeren zenbat eta gehiago izan, orduan eta seguruago baitzeuden; orobat zeren ona baitzen Sarah maitaleak adiskide bihurtzen. Behin esan zuen, behar baino lehenago hiltzen bazen, miresleek bere etxean aldiro biltzen segituko zutela. Segur aski egia zen.

      Bere piztia sorta aski apal hasi zuen, neskatxa bat zenean, ahuntz pare batekin eta zozo batekin. Geroago, basatiagoa bihurtu zen fauna. Ingalaterran zehar egin zuen biran gepardo bat, zazpi kameleoi eta otso bat erosi zituen Liverpoolen. Bazituen Darwin ziminoa, Hernani II.a lehoikumea eta Cassis eta Vermouth izeneko zakurrak. New Orleans-en kaiman bat erosi zuen, zeina hil baitzen esne eta xanpainekiko frantziar dietaren erruz. Bazuen orobat constrictor boa bat sofa-kuxinak jaten zituena eta Sarah-k berak tiro batez hil behar izan zuena.

      Fred Burnabyri ez zion eragozten halako kreatura batek.

 

      Hurrengo arratsean, emakumearen antzezpena ikusi zuen, haren kamerinora joan zen eta aurpegi ezagun asko ikusi zituen. Arduratu zen Mme Guérard-i egoki kasu egiten: atzerriko gorteetan lehenago egona zenez, bazekien ezagutzen tronuaren atzeko boterea. Laster —baikortasunik bizienak imajinatu zezakeena baino lasterrago— Sarah Burnabyrengana hurreratu, honi besotik heldu eta agur esan zion bere miresle gorteari. Haiek hirurek teatroa utzi zutenean, paristar dandi aurkariak arduratu ziren gogotxartu itxura ez ematen. Tira, agian ez zeuden gogotxartuak.

      Sarah-ren zalgurdian joan ziren Fortuny kaleko haren etxera. Mahaia jarria zegoen, xanpaina izotz-ontzian, eta leiho erdi-irekiaren zehar kanaberazko ohe ikaragarri baten bazterra ikusi zuen erdizka. Mme Guérard erretiratu egin zen. Zerbitzariak bazeuden, Fredek ez zituen ikusi; inguruan lororik edo lehoikumerik bazen, ez zituen entzun. Ez zuen entzun Sarah-ren ahotsa baino, oraindik inbentatzeko zegoen musika tresna baten klartasuna eta zabaltasuna zuena.

      Fred bere bidaiez mintzatu zitzaion, bere liskartxo militarrez, bere abenturez globo aerostatikoekin. Ipar Ozeanoa airez zeharkatzeko ametsaz hitz egin zuen.

      —Zergatik ez Mantxako kanala? —galdetu zuen emakumeak, ia barkagaitza balitz bezala gizonaren aldetik harengana jotzen ez zuen zernahi norabidetan hegaldatzea.

      —Amets hori ere izan dut. Baina haizeak dira hor arazoa, madame.

      —Sarah.

      —Madame Sarah —izukaitz jarraitu zuen:—, kontua da Ingalaterrako hegoaldeko ia edozein gunetatik aireratzen bazara, Essex-en lurreratzen zarela gehienetan.

      —Zer da Essex hori?

      —Ez duzu jakin beharrik. Essex ez da leku exotiko bat.

      Emakumeak apur bat zalantzati begiratu zion. Zer zen, datu bat ala txantxa?

      —Hego haizeak, hego-mendebaldeko haizeak Essex-era eramaten zaitu. Etengabe jotzen duen mendebaldeko haize on bat behar duzu Ipar Ozeanoa zeharkatzeko. Baina Frantziara iristeko ipar haizea beharko zenuke, nahiko arraroa eta ez fidatzekoa dena.

      —Hortaz, ez zara ni bisitatzera etorriko globo aerostatikoan? —galdetu zuen emakumeak flirteatzen.

      —Madame Sarah, zernahi garraiobidetan egingo nizuke bisita, oraingoetan edo asmatzeko daudenetan, non ere zauden, Parisen edo Timbuktun—. Bere burua ikaratu zuen bat-bateko deklarazioaldi horrekin, eta faisai hotz gehiago hartu zuen, premiazko arazoa bailitzan—. Baina teoria bat dut —jarraitu zuen, apur bat lasaiago—. Sinetsirik nago haizeak ez dabiltzala beti norabide berean, altuera guztietan. Hortaz, hartuko bazintu... kontrako haize batek...

      —Essex-eko haize batek?

      —Hain zuzen; hartuko bazintu, lasta askatuko zenuke eta altura handiagoak bilatuko zenituzke non ere ipar haize hori aurkituko baitzen...

      —Eta halakorik gertatuko ez balitz?

      —Orduan uretan suertatuko nintzateke.

      —Baina badakizu igeri egiten.

      —Bai, baina ia alferrikakoa gertatuko litzaidake. Badaude aeronautak kortxozko igerijakak eramaten dituztenak, itsasora erortzen badira ere. Baina niri ez zait hori kirol-legezkoa iruditzen. Uste dut gizon batek arriskuak hartu behar dituela.

      Sarah-k airean zintzilik utzi zuen iruzkin hori.

 

      Hurrengo egunean, galdera hau izan zen pozbide osoa sentitzea eragotzi zion gauza bakarra: ez ote zen izan errazegia? Sevillan ordu asko eman zituen andaluziar señorita ospe handiko baten haizemailearen lengoaia ikasten: zer esan nahi zuten egiatan hemengo imintzioak, horko ostentzeak, hango kolpetxoak. Ikasi zuen, eta kortesia praktikatu zuen kontinente bat baino gehiagotan, eta xarma handia aurkitu zuen emakumezkoen koketerian. Ordura arte aurkitu ez zuena, ordea, izan zen halako tolesgabetasuna, galearen aitorpen agerikoa eta denborarik ez galtzeko gogoa. Bazekien, noski, hura guztia ez zela erabat zintzoa. Fred Burnabyk bazekien ez zutela gonbidatzen bere erakargarritasun pertsonal hutsagatik. Ez zen hain inozoa. Konturatu zen Madame Sarah ez zela beste antzezleez bestelakoa, eta opariak espero zituela. Eta Madame Sarah bere garaiko antzezle handiena zenez gero, opariek era berean izan behar zutela distiratsuak.

      Ordura arte, erabat bere gain hartuak zituen Burnabyk bere flirteatzeak: neska, aurrean zuen egundoko uniformeak aztoratua zuena, lasaitu beharra zegoen. Alderantzikatuak ziren orain kontuak, eta horrek nahasten eta orobat berotzen zuen. Ez zen duda-mudarik hitzorduetan. Berak eskatzen zuen, emakumeak ematen. Batzuetan antzokian ikusten zuten elkar, beste batzuetan Fred zuzenean joaten zen rue Fortuny-ra, toki bat zeina —orain bazuen denbora ikuskatzeko— iruditzen baitzitzaion erdi jauretxe, erdi artista-estudio. Bazeuden belusez jantziriko paretak, papagaiak bustoetan kokatuak, loreontziak zaindari garitak bezain handiak, eta Kew lorategian bezainbat landare tente eta zimeldu. Eta hainbesteko nahaste-borraste eta erakuskeriaren erdian, bazeuden bihotzak desiratzen dituen gauza lañoak: afaria, eta ohea, eta loa, eta gosaria. Nekez eskatuko luke gizon batek gehiagorik. Bere burua bizitzen entzuten zuen.

      Emakumea aurreko bizitzaz mintzatu zitzaion, bere borrokez, bere xede handiez, bere arrakastaz. Eta arrakastak eragiten dituen lehia eta jelosia guztiez.

      —Gauza ikaragarriak esaten dituzte nitaz, Fred kapitaina. Esaten dute katuak erretzen ditudala eta haien larrua jaten dudala. Afaltzen ditudala musker isatsak eta paumen burmuinak su bizian erregosiak ziminoekin eginiko gurinaz. Esaten dute croquetean ibiltzen naizela Luis XIV ileordeetan bilduriko giza burezurrekin.

      —Ezin dut hor kirolik imajinatu —komentatu zuen Burnabyk, bekozko iluna jarriz.

      —Baina aski da nire bizitzaz. Hitz egidazu gehiago zure globoez —eskatu zuen.

      Hausnartzen aritu zen. Atera ezak bateko urrea, pentsatu zuen. Aurrera oin onenarekin, aurrera istorio onenarekin.

      —Joan den urtean —hasi zen— igoera bat egin nuen Crystal Palace-tik Lucy jaunarekin eta Colville kapitainarekin. Haizea hegoaldetik mendebaldera eta alderantziz zebilen. Hodeiaren gainean geunden eta uste genuen Tamesisen estuarioa zeharkatzen ari ginela. Eguzki betea genuen gainean, eta kapitainak zuzen esan zuenez, itotzeko beroa egiten zuen. Hortaz, jaka kendu eta ainguraren punta batean jarri nuen, eta erantzun nion gutxienez bazuela abantaila bat hodeien gainean egoteak. Hots, jaun bat mahuka hutsean egon zitekeela jendaurrean.

      Etenaldi bat egin zuen eta barrez hasi zen, Sarah-ren barreen zain, Londresen bezala, baina emakumeak irribarre xumea zuen aurpegieran eta begirada galdetzailea. Haren isiltasunak asaldaturik, aurrera jo zuen Fredek.

      —Baina orduan, begira, han eserita geundenean, hain haize gutxirekin non baitzirudien ia geldirik geundela, beheratu genituen begiak —bueno, batek beheratu zituen eta guztioi ohartarazi zigun—. Imajina ezazu eszena. Kotoizko hodei hedadura zabal bat zegoen behean, azpiko estuarioaren edo lehorraren bista eragozten ziguna. Eta orduan gauza harrigarria ikusi genuen han. Eguzkiak —esku bat jaso zuen haren kokapena adierazteko— gure globoaren itxura eta itzal berbera botatzen zuen hodeien gainazal lauaren gainean. Ikusi ahal genituen gas poltsa, sokak, saskia eta, harrigarrietan harrigarriena, gure hiru buruak garbi markatuak. Izan zen ikusten ari bagina bezala geure buruen, geure espedizioaren gaitzeko argazkia.

      —Berebizikoa.

      —Benetan —baina Fred konturatzen zen mordoilo samartu zuela istorioa. Sarah-ren atentzioaren indarrak panikoa eragin zion. Adore-galdua sentitzen zen.

      —Gu biok bezala. Ni berebizikoa bezain handia naiz eszenatokian, zuk zerorrek esan zenuen bezala. Eta zu berebizikoa zara zure zeure izaeran.

      Fredek bultzada eta gorakada sentitu zuen bihotzean. Gaitzespena merezi zuen eta laudorioa hartu zuen. Edozein gizonek bezainbat maite zituen lausenguak, baina berriro guztiz tolesgabeak iruditu zitzaizkion Sarah-ren hitzak. Eta horretan zetzan egoeraren paradoxa. Biak ziren, bizitza konbentzionalaren arauen arabera, izaki exotikoak, eta hala ere, elkarrekin zeudenean, Fredek ez zuen sumatzen ez antzezlanik, ez aktorerik, ez janzkerarik. Are Fred bere erregimentuaren pasiera-jantziarekin zihoanean, eta Sarah-k kendu berriak zituenean larru iledunak eta kapela bat non ere baitzirudien hontz hil bat pausatu zela. Fred, onartzen zuen, erdi nahasia zegoen eta ziur asko hiru laurden maitemindua.

      —Inoiz globoan ibiltzen banaiz —esan zuen Sarah-k irribarre mehe eta galdu batekin—, zugan pentsatuko dut, agintzen dizut. Eta beti betetzen dut hitza.

      —Beti?

      —Beti, betetzeko asmoa badut. Badaude, noski, betetzeko asmorik gabe egiten ditudan promesak. Baina halakoak ia ez dira promesak, ezta?

      —Orduan, agian egingo didazu ohorea promesteko egunen batean igoera bat egingo duzula nirekin?

      Sarah-k etenaldi bat egin zuen. Urrutiegi joan al zen gizona? Baina zertarako balio du tolesgabetasunak ez bada nahi duzuna, sentitzen duzuna, esateko?

      —Baina Fred kapitaina, ez al litzateke apur bat zaila izango saskia orekatzea?

      Oharpen praktiko ona zen: gutxienez berak bi halako pisatzen zuen kapitainak. Lasta gehiena Sarah-ren aldean jarri beharko zuten, baina gero lasta jaurtitzeko saskiaren beste aldera joan behar bazuen... Benetakoa bailitzan imajinatzen zuen eszena, eta geroago baino ez zen hasi bere buruari galdetzen ea emakumea ez ote zen ari mintzatzen beste gauza batzuez. Izan ere, metaforek askotan nahasten zuten.

 

      Ez, ez zegoen hiru laurden maitemindua.

      “Amuan harrapatua, buru eta bihotz”, esan zion hoteleko logelako ispilu bastidoreduneko bere isla uniformedunari. Bastidoreko urre mateak amore eman behar izan zien bere kasakaren brodatu distiratsuagoei. “Amuan harrapatua, buru eta bihotz, Fred kapitaina”.

      Maiz imajinatu zuen memento hura, saiatu zen ikusten nola konpara zezakeen aurreko aldiekin noiz ere soilik erdi maitemindua egon baitzen, begi pare batez, irribarre batez, soineko baten dirdaiaz. Okasio haietan, beti izan zen gauza hurrengo egunak irudikatzeko, eta, batzuetan, egun gutxi horiek berak aurreikusiriko modu berberean amaitu ziren. Baina haietan imajinazioa eta errealitatea gelditu egin ziren; ametsa eta desira aseak izan ziren. Orain, nahiz eta desira, alderen batetik, pentsatu ahal zezakeena baino lasterrago eta era zorabiagarriagoan asea izan bazen ere, horrek ez zuen harrotu desira handiagoa baino. Sarah-rekin pasatu zuen denbora laburrak denbora gehiagoren desira, denbora guztiaren desira harrotu zuen. Antzokitik Fortuny kalera ibili zuten distantzia laburrak, desira harrotu zuen distantzia luzeagoak ibiltzeko: ibiltzeko lurralde guztiak zeinetako biztanleak Sarah eszenan deskribatu baitzituen; eta, ondoren, munduko gainerako lurralde guztiak ibiltzeko. Berarekin edonora joateko desira. Norbaitek aipatua zion Sarah-ren eslaviar edertasuna. Eta beraz imajinatu zuen ekialdera zihoala berarekin, emakumearen hazpegiak konparatzen ingurukoenekin, harik eta fisionomien paisaian erabat nahasten zen arte eta ezer geratzen ez zen arte eslaviarren itsaso bat eta Fred kapitaina baino. Sarah-ren irudi txiki zalua imajinatzen zuen bere ondoan, zaldi baten gainean, zeina zamalkatuko baitzuen ez emakumeen erara baizik eta hankalatraba, beste antzezpen maskulino batean. Biak zaldi berean ikusi zituen, bera atzean, emakumea aurrean bere besoek inguratua, bera bridei eusten ari.

      Bikote gisa ikusten zituen biak, gauzak elkarrekin jartzen, bizitza bat muntatzen. Biak higitzen imajinatzen zituen beti. Fred —biak— goian ari ziren hegan.

 

      Bohemioa, eta munduzalea, izanda ere, Fred Burnaby ez zen sofistikatua nola ere ziren gauero eszenategiko oihalen atzera sartzen zirenak eta txalo egiteko modu gero eta sofistikatuagoak bilatzen zituztenak. Baina buruargia zen eta asko ibilia. Horrela, astebeteren edo biren buruan, ohartasunak eraman zuen pentsatzera nola ikus zezaketen gainerakoek bere egoera; eta goraki esan zion bere buruari besteren iritzia:

      —Emakumea da. Frantsesa da. Aktorea da. Benetan ari al da?

      Bazekien zer esango zuten bere ofizial adiskide eta lagunek. Nola irribarre egingo zuten maltzurki berak galdera egin orduko. Baina haien buruak orokortasunez, erreputazioz, esamesez beteak egongo ziren. Haiek, beren aldetik, bete-betean zoriontsuak ziren zirkasiar nesken eta kirgiz alargun politen atzetik aldi baterako ibiltzen, ziur jakinik etxera itzuli eta familia oneko ingeles emakumeekin ezkonduko zirela, zeinentzat bihotzaren kontu praktikoak ez baitziren korapilatsuagoak baratzeko kontu praktikoak baino. Gau beranduan, brandy sodadun bat eskuan, agian une batez lerratuko ziren bestelako irribarreren baten nostalgiara, azalmintz ilunago batenera, mintzaira erdi ulertu batean xuxurlaturiko hitz batzuenera. Baina orduan, hori egin ondoren, prestuki itzuliko ziren familiaren supazterrera, moxkorraldian konbentziturik egokiro antolatu zutela euren bizitza.

      Fred Burnaby ez zen horrelakoa. Eta Madame Sarah ere ez. Ez zen flirteatze kontuetan ibili gizonarekin. Edo, hobeki esan, bere flirteatze kontuak ez ziren ez iruzur bat, ez taktika bat, promesa bat baizik. Sarah-ren begiak eta irribarrea proposamen bat izan ziren, berak onartu zuen eskaintza bat. Mme Guérard-ek geroago aipatu izana belarritako pare bat Madame Sarah-k oso gustuko zituena, Fredek emakumearentzat erosi izana, eta Sarah-k esker ona, baina ez ezustekoa, erakutsi izana, hori ere tolesgabetasuna zen. Eta hau erantzungo zien ofizial lagun burlatiei: baina ez al zenituzten zuek ere orobat opariak erosi zuen ingeles andregai birjinal eta arrosa-koloreentzat, eta ez al zituzten haiek onartu halako harridura itxurati batekin, hain xarmagarria non erabat engainatu baitzintuzteten? Madame Sarah, ordea, beti izan zen zintzoa berarekin, nahiz eta “beti” horrek bi aste soilik esan nahi zuen.

      Emakumeak ez zuen familia mesfidati bat zeinaren onginahia Fredek berak erakarri behar baitzuen. Mme Guérard zegoen: abangoardia, atzeguardia eta état-major dena batera. Burnabyk aitortzen eta eskertzen zuen leialtasuna. Sarah-k eta kapitainak ulertzen zuten elkar. Eta gertaerek Fred eskuzabala izatera bultzatzen zutenean, emakumeak seriotasun lasai batez hartzen zuen haren dirua. Gainerakoan, Madame Sarah-ren semea baino ez zegoen, mutil adeitsu bat, arrakastaz ikas zitzakeena kirolak eta jokoak. Kontinentekoek oraindik behar zuten gai horietan irakatsiak izatea. Espainian harro zeuden jarritako eper bat tiroz akabatzeagatik. Behin batean Pauen bertako ehizaldi batera gonbidatu zuten. Azeri bat askatu zuten, anisetan blaitua, usaimena kamustua zuten ehiza-txakurrei hari segika ibiltzea errazteko. Bere zaldia hain zen txikia non haren gainean zihoanean orpoak herrestan baitzeramatzan lurrean; eta ehizaldiak hogei minutu baino ez zuen iraun.

      Pozik utziko luke Ingalaterra. Laguntasun ona ezagutu zuen han, baina beroak eta hautsak erakartzen zuten bere arima. Eta nahiz eta bere odola aspalditik, Eduardo Hankaluzearen garaitik, ingeles nahasgabea zen, konturatzen zen hori ez zela beti begi-bistakoa. Bazekien zer pentsatzen zuten batzuek beren artean, edanda zeudelarik aurpegira esan baitzioten kasik. Azpiofizial gazte bat zenean bazebilen jantokian txantxa bat italiar baritonotzat hartzen zuena. “Burnaby, kanta iezaguzu abesti bat”, errepikatzen zioten oihuka lagunek. Eta horrela, Fredek, aldi oro, aspertzen ziren arte, zutik jarri eta abesten zien ez operetarik ez kanta lizunik, ezpada ingeles konderrietako abesti xume eta xaramelaturen bat.

      Eta bazen beste bat, Dyer izeneko lotinanta gazte eta burgoia, beti hitz erdika esaka Fred judua izan zitekeela. Ez hitz horiekin noski, aipamen agerikoenekin doi-doi. “Dirua?, galde diezaiogun Burnabyri horri buruz”. Gauza sotilik ez. Horrelako zenbait iruzkinen ondoren, aparte hartu zuen Dyer lotinanta eta uniformerik ez baleramate bezala hitz egin zion. Hor bukatu ziren kontuak. Baina Burnabyk gogoan zuen.

      Hortaz, Madame Sarah judu jaio izanak ez zuen askorik kezkatzen. Judua jaiotzez, katoliko bihurtu zen. Burnabyk ez zuen salbuesten bere burua arraza bat beste baten gainetik sutsuki lehenesteko orduan. Baina juduei zegokienez, uste zuen onberatasun handiagoz begiratzen ziela berak, ezagutu zituen frantziar gehienek baino. Hortaz, nolerebait, beretzat hartu zuen aurreiritzi hori, eta Dyer-ek biak har zitzakeen judu faltsutzat nahi bazuen. Horrek areago hurbiltzen zuen Madame Sarah-gana.

 

      Eta horrela, asteak pasatzen zirelarik, zehazkiago ikusten zuen bere etorkizuna. Uko egingo zion ofizial mailari. Ingalaterra utziko zuen, eta Sarah-k Paris utziko zuen. Emakumeak, noski, jarraituko zuen mundua harritzen, baina bere jenioa ez zen alferrik galduko eguna joan eta eguna etorri, gaua joan eta gaua etorri. Hemen antzeztuko zuen denboraldi batean eta han bestean, eta tarteetan, oraindik ezagunak ez ziren tokietara bidaiatuko zuten. Partekatzen zuten bohemiotasunak bizi eredu berria sortuko zuen. Maitasunak Sarah aldatuko zuen, bera aldarazten ari zen bezala. Ez zekien zehazki nola.

      Hartara, dena buruan argi zuenez, aipatu behar zuen kontua. Ez orain, noski, ez afariaren eta ohearen artean. Goizerako gauza zen. Bihotza bizkortua, ahate erreki hezurgabeari ekin zion.

      —Fred kapitaina —hasi zen emakumea, eta Burnabyk pentsatu zuen zorionaren bere definizioa zela bi hitz horiek, frantses doinu harekin, entzutea bere bizialdi osoan—. Fred kapitaina, nola imajinatzen duzu hegan egitearen etorkizuna? Gizakiak hegan egitea, gizon eta emakumeak, han goian atmosferan elkarrekin.

      Entzun zuen galderari erantzun zion.

      —Aire nabigazioa arintasunaren eta indarraren arteko arazo soil bat da —ihardetsi zuen—. Globoak higiarazteko eta gidatzeko ahaleginek, are nireek, porrot egin dute. Eta seguru asko, porrot egiten jarraituko dute. Etorkizuna, dudarik gabe, airea baino pisuago diren gailuetan datza.

      —Ulertzen dut. Ez naiz oraindik globo batera igo, baina pena dela uste dut.

      Fredek eztarria leundu zuen.

      —Galdetu ahal dizut zergatik, maitea?

      —Jakina, Fred kapitaina. Globoan ibiltzea askatasuna da, ezta?

      —Bai noski.

      —Igeri egotea da, naturaren zernahi apetaren arabera. Arriskugarria ere bada.

      —Bai noski.

      —Airea baino pisuago den gailua imajinatzen badugu, ordea, motor motaren batez hornitua egongo litzateke. Kontrolak izango lituzke, ahalbidetuko luketenak hura gidatzea, eta goratzeko edo beheratzeko agintzea. Eta ez litzateke hain arriskugarria izango.

      —Zalantzarik gabe.

      —Ez duzu ulertzen esan nahi dudana?

      Burnabyk pentsatu egin zuen. Emakumea zelako, ala frantsesa zelako ala antzezlea zelako ez zion ulertzen?

      —Beldur naiz oraindik hodeietan nagoela, Madame Sarah.

      Emakumeak irribarre egin zuen berriro, eta ez antzezle irribarrearekin, non eta antzezle batek ez zuen, orduantxe konturatu zen, bere trebetasunen artean ez-antzezleen irribarre bat eskumenean.

      —Ez dut esaten gerra bakea baino hobea denik. Ez dut hori esaten. Baina arriskua hobea da segurtasuna baino.

      Orain pentsatu zuen ulertzen-edo zuela emakumeak esan nahi zuena, eta ez zitzaion gustatu haren tankera.

      —Zuk bezainbat sinesten dut arriskuan. Inoiz utziko ez nauen zerbait da. Beti joango naiz arriskuak eta abenturak deitzen didaten lekura. Beti bilatuko ditut liskartxoak. Nire herriak behar banau, nik beti erantzungo dut.

      —Atsegin dut hori jakitea.

      —Baina...

      —Baina?

      —Madame Sarah, airea baino pisuagoak diren makinekin dago lotua etorkizuna. Nahiz eta globopatok nahiago genukeen horrelakorik ez gertatzea.

      —Ez al gara, horretaz hitz egin eta gero, bat etorri?

      —Bai, baina nire asmoa ez zen horretaz hitz egitea.

      Etenaldi bat egin zuen. Itxaron zuen emakumeak. Gizonak bazekien emakumeak bazekiela nora jo nahi zuen. Berriro hasi zen.

      —Bohemioak gara biok. Biok bidaiariak eta libre loturagabeak. Gauzen berezko joeraren kontra bizi gara. Ez ditugu erraz onartzen aginduak.

      Fredek etenaldi bat egin zuen. Itxaron zuen emakumeak.

      —Oi, Jainkoarren, Madame Sarah. Badakizu zer den esatera noana. Ezin naiz gehiago aritu metaforen bidez eztabaidan. Ez naiz lehen gizona zutaz lehen begi kolpean maitemindu dena, ezta ere, beldur naiz, azkena. Baina zutaz maitemindua nago lehenago inoiz egon ez naizen moduan. Badakit arima bikiak garela.

      Arretaz begiratu zion emakumeari. Honek begirada itzuli zion, Fredi baretasun osokoa iruditu zitzaion jarrerarekin. Baina horrek, berarekin bat zetorrela esan nahi zuen ala ez zutela hunkitu berak esanak? Aurrera egin zuen.

      -Helduak gara biok. Ezagutzen dugu mundua. Ez naiz soldadu saloizalea. Zu ez zara ingénue bat. Ezkon zaitez nirekin. Ezkon zaitez nirekin. Zure oinetan jarriko dut nire ezpata eta orobat nire bihotza. Ezin dizut zintzoago esan.

      Haren erantzunaren zain egon zen. Pentsatu zuen Sarah-ren begiek dirdiratzen zutela. Emakumeak eskua haren besoan jarri zuen.

      —Mon cher Capitaine Fred —erantzun zuen, baina emakumearen doinuak areago sentiarazi zuen Fred eskolakume ezen ez zalditeriako ofizial—. Inoiz ez zaitut hartu soldadu saloizaletzat. Zu serioski hartzeko ohorea egin dizut. Eta balakatua sentitzen naiz oso.

      —Baina...?

      —Baina. Bai, hitz hori, nahi baino gehiagotan, pentsatu baino gehiagotan erabilarazten digu bizitzak. Baina... ohoratuko zaitut zure zintzotasunari nirearekin erantzunez. Baina... ez nago zorionerako egina.

      —Ezin duzu esan, azken aste eta hilabete hauen ondoren...

      —O, baina esan dezaket. Eta esango dut. Sentsaziorako, plazererako, mementoa bizitzeko egina nago. Etengabe bilatzen ditut sentsazio berriak, zirrara berriak. Eta horrelakoa izango naiz bizi naizen artean. Nire bizitzak zirrara gehiago desiratzen du inork —ezein pertsonak— eman ahal didana baino.

      Sarah-gandik kendu zituen begiak. Gizon batek jasan zezakeena baino gehiago zen hura.

      —Ulertu behar duzu hau —jarraitu zuen Sarah-k—. Ez naiz inoiz ezkonduko. Hitz ematen dizut. Beti izango naiz globopata bat, zuk diozun moduan. Ez naiz inorekin inoiz igoko airea baino pisuago den makina horretara. Zer egin dezaket? Ez zenuke haserretu behar nirekin. Pertsona osatugabea naizela pentsatuko duzu.

      Fredek indarrak bildu zituen azken saiorako.

      —Madame Sarah, gutako denok gara osatugabeak. Zu bezain osatugabea naiz ni. Horregatik gabiltza beste norbaiten bila. Elkar osatzeko. Nik ere ez dut inoiz pentsatu ezkondu nahi nuenik. Eta ez gauza konbentzionala delako. Baizik eta lehenago ez nuelako izan adorerik. Ezkontza arrisku handiagoa da fedegabe ezpatadun aldra bat baino, nire iritzia nahi baduzu. Ez izan beldurrik, Madame Sarah. Ez utzi zure beldurrei zure egintzak gobernatzen. Hori esan ohi zidan nire lehen ofizial nagusiak.

      —Ez da beldurra, Capitaine Fred —esan zuen emeki—. Neure burua ezagutzea da. Eta ez haserretu nirekin.

      —Ez nago haserre. Haserrea erabat desarmatzen duten manerak dituzu. Haserre nagoela ematen badu, da zeren haserre bainago zu sortu zaituen unibertsoarekin, gu sortu gaituenarekin, halako moduan non..., halako moduan non hori...

      —Capitaine Fred, berandu da, eta biok gaude nekaturik. Etorri bihar nire kamerinora eta ulertuko duzu menturaz.

 

      (Parentesi artean, beste maitasun istorio bat. 1893. urtean —Nadar eta bere emazte afasikoa Sénart-eko basoan bisitatu zituen urte berean—, Edmond de Goncourt-ek Sarah Bernhardt-ekin afaltzen du, antzezleek haren La Faustin-aren irakurketa osoa egin dezaten baino lehen. Sarah entseguan dago oraindik hura heltzen denean, eta pasarazten du gonbidatuak hartzen dituen estudiora. Edmon-en esteta-begiak hoztasun handiz ebaluatzen du dekoratu zalapartatsua. Iruditzen zaio nahas-mahas izugarri bat Erdi Aroko arasa eta marketeria-armairu, txiletar iruditxo eta musika tresna primitibo, eta “beltzen arte objektu nabarmen”ena. Berezko gustu pertsonalaren seinale bakarra, hartz polar larruen sail bat da, Bernhardt-i (zeina gau horretan, beste askotan bezala, zuriz jantzia baitoa) bere gortea errezibitzea gustatzen zaion bazterrean dagoena. Piltzarteria artistiko haren erdian, Goncourt orobat ohartzen da drama emozional txiki baino bizi batez. Estudioaren erdian kaiola bat dago, tximino ñimiño bat eta moko ikaragarriko loro bat dauzkana. Tximinoa zurrunbilo atergabe bat da, trapezioaren inguruan gora eta behera egiten eta loroa etengabe oinazetzen, hari lumak ateratzen eta ‘estira ematen’. Eta loroak, nahiz erraz erdibi dezakeen tximinoa mokoaz, oihu negargarri eta bihotz-urragarriak jaulki besterik ez du egiten. Goncourt-i pena ematen dio loro gaixoak, eta jasanarazten dioten bizi izugarria komentatzen du. Hori dela eta esaten diote txoria eta piztia bereizirik egon zirela garai batean, baina loroa atsekabez hiltzeko zorian egon zela. Ez zen oneratu berriro kaiolan bere torturatzailearekin jarri zuten arte).

 

      Fredek loreak bidali zizkion aurretik. Ikusi zuen antzezten Adrienne Lecouvreur, mende bat lehenagoko antzezle hura, maite-aurkari batek pozoitu zuena. Haren kamerinora joan zen. Sarah xarmagarria zegoen. Ohiko aurpegiak zeuden. Ohi zuten bezala hitz egin zuten, betiko iritziak marmarikatu zituzten. Mme Guérard-ekin eseri zen, diskretuki galdekatu zuen, bilatzen saiatuz taktika berriren bat, bermatze puntu ezkuturen bat... noiz ere egon baitzen isilaldi txiki bat, eta gorantz begiratu zuen. Sarah ikusi zuen frantziar txiki mirrin baten besotik heldua, tximino aurpegi eta bastoi ergelarekikoa.

      —Gabon jaunok!

      Erantzun gisa, konplizitate zurrumurru ezustekorik gabea egon zen, bera Sarah-rekin egon zen lehen arratsean gertatu zen bezalakoxea. Emakumeak bereganantz begiratu zuen, buruaz agurtu zuen eta ondoren, lasai, besteratu egin zuen begirada. Mme Guérard jaiki egin zen eta gabon esan zion. Mme Guérard-en irteerari begira gelditu zen. Hartua zuen erantzuna. Ura hotz-hotza zegoen, eta ez zuen kortxozko igerijakarik ere bere burua babesteko.

      Ez, ez zegoen haserre. Eta kamerinoko dandiek izan zuten behinik behin gertatu zena ez komentatzeko gizabidea, eta ez adierazteko zerbait antzekoa —antzekoa ez, gauza berbera— gertatua zela aurreko aldietan. Xanpain gehiago eskaini zioten eta adeitasunez galdetu zioten Prince de Galles-i buruz. Mantendu zuten egokitasuna eta harena errespetatu zuten. Alde horretatik, behinik behin, ezin zien ezer aurpegiratu.

      Baina ez zuen inoiz haien lagunartearekin bat egingo, ez zen inoiz maitale zaharren segizio irribarretsuko kide izango. Aski nazkagarria iruditzen zitzaion jokaera hura, immorala egiaz. Uko egin zion maitalea adiskide kutun bihurtua izateari. Ez zitzaion batere interesatzen trantsizio hori. Ez zen ere elkartuko maila bereko gainerakoekin Sarah-ri opari berri eta exotikoren bat erosten, elur lehoinabar bat, menturaz. Eta ez zegoen haserre. Baina, oinazea bere baitan kokatu baino lehen, izan zuen atsekabetzeko denbora. Eginahalak egin zituen, bere onenak eman zituen, eta ez zen aski izan. Bohemiotzat hartu izan zuen beti bere burua, baina Sarah bohemioegia gertatu zen beretzat. Eta ez zuen ulertu hark bere buruaz eman zion azalpena.

 

      Oinazeak urte batzuk iraun zuen. Bidaiatuz eta liskartxoetan arindu zuen. Ez zuen inoiz hitz egiten hartaz. Inork bere gogaldi txarraz galdetzen bazion, erantzuten zion hontzaren malenkoniak jota zegoela. Itauntzaileak ulertzen zuen eta ez zuen gehiago galdetzen.

      Xaloa izan zen ala handinahiegia? Bi gauzak, seguru asko. Bizian bohemiazale eta abenturazalea izan zintezkeen, baina eredu bat ere bilatzen zenuen, antolabide bat, lagunduko zizuna aurrera egiten, haren kontra jotzen bazenuen ere. Armadako araudiek ematen zuten aukera hori. Baina hortik kanpo, nola jakin zezakeen gizon batek zein den egiazko eredua eta zein faltsua? Esesten zion galdera bat zen hori. Bazen beste bat ere: zintzoa izan al zen Sarah? Naturala izan al zen ala naturaltasun itxurak baino ez zituen egin? Etengabe jotzen zuen bere oroitzapenen seinaleetara. Sarah-k esana zuen beti betetzen zituela promesak, hasieratik bertatik betetzeko asmorik ez zituenak alde batera utzi ezkero. Egin al zizkion promesa faltsuak? Ezta bat ere, berak zehaztu ahal zuenik. Esan al zion maite zuela? Bai, noski, askotan; baina bere imajinazioa —gogoratzailearen ahotsa bere belarrian— izan al zen “betiko” hitza gehitu zuena? Ez zion galdetu zer esan nahi zuen maite zuela esaten zionean. Zein maitalek egiten du hori? Hitz urreztatu eta hotsandiko horiek, gutxitan behar bide dituzte oharrak esaten diren mementoan.

      Eta orduan konturatu zen galdetu izan balio, Sarah-k hau erantzungo ziola: “maiteko zaitut maite zaitudan artean”. Zein maitalek eska zezakeen gehiago? Eta gogoratzailearen ahotsak berriro xuxurlatuko zion: “horrek betiko esan nahi du”. Horrelakoa zen giza banitatearen neurria. Beren maitasuna, hortaz, bere fantasiaren eraikuntza hutsa izan al zen? Ez zuen, ezin zuen hori sinetsi. Gai zen bezainbat maitatu izan zuen hiru hilabetez, eta gauza bera egin zuen Sarah-k. Baina kontua zen honen maitasunak bazuela barnean tenporizadore bat. Ez zuen ere lagunduko galdetzeak aurreko maitaleei buruz, eta zenbat denbora iraun zuten. Zeren haien porrota, haien iraute-eza, bere arrakastaren seinalea irudituko baitzitzaion: hori da maitale guztiek uste dutena.

      Ez, ondorioztatu zuen Fred Burnabyk, zintzoa izan zen emakumea. Bera izan zen bere burua engainatu zuena. Baina lurraren mailan egoteak ez bazuen babesten oinazeetatik, hobe izango zen menturaz hodeietan egotea.

 

      Ez zen inoiz saiatu Madame Sarah-rekin berriro harremanetan jartzen. Emakumea Londresera joan zenean aurkitu zuen arrazoi bat hiritik kanpo egoteko. Pixka bat geroago, gauza izan zen begi lasaiekin irakurtzeko haren azken arrakastaren berri.

      Oro har, gogora zezakeen kontu hura guztia gizon zentzudun batek bezala, gertaturiko zerbait bezala burura ekarri, inoren errua ez zen zerbait, ez zekarrena ankertasuna ondorio gisa, baizik eta gaitzulertzea soilik. Baina ezin zien beti eutsi horrelako baretasunari eta horrelako azalpenei. Eta orduan munduko abererik ergelena bezala ikusten zuen bere burua. Constrictor boa bat bezala ikusten zuen, zaletu zena sofako kuxinak jatera, harik eta Madame Sarah-k tiro egin eta hil zuen arte bere eskuaz. Tiroz hila, horrela sentitzen zen.

      Baina ezkondu egingo zen, hogeita hamazazpi urte handi zituenean. Elizabeth Hawkins-Whitsed zen emakumea, irlandar baronet baten alaba. Hala ere, eredu baten bila, edo esperoan, baldin bazebilen, ukatua izan zitzaion hori berriro. Ezkontzaren ostean ezkonberria tuberkulosiaz gaixotu zen, eta haien Ipar Afrikako eztei bidaia Suitzako erietxe batera aldatu zen. Hamaika hilabete geroago, Elizabeth-ek seme bat oparitu zion Fred-i, baina Goi Alpeetan konfinaturik egon zen ia bizi osoan. Fred kapitaina, orain Fred komandantea eta ondoren Fred koronela, berriro itzuli zen bidaietara eta liskartxoetara.

      Orobat globoekiko pasiora. 1882an, Dover-eko gas fabrikatik aireratu zen, Frantziako norabidean. Manchako kanala hegaldatzean halabeharrez Madame Sarah-rengan pentsatu zuen. Bere buruari promesturiko bidaia egiten ari zen, baina ez zihoan berarengana, Sarah-k flirteatzen proposatu zion bezala. Nahiz eta ez zion inori hitz egin beren harremanaz, batzuek susmatzen zuten eta, noizean behin —Pratt’s-eko karta jokaldi batean, zeinari jarraitu baitzion hirugihar, arrautza eta garagardozko afari berandu batek— aipamen ahalegin batzuk izan ziren ukondoaz adieraziak. Baina ez zuen inoiz amua irentsi. Orain, zeruan zintzilik, haren ahotsa baino ez zuen entzuten belarrietan. Mon cher Capitaine Fred. Min egiten zion oraindik, urte haien guztien ondoren. Heriosuhar, puru bat piztu zuen. Egintza zentzugabea izan zen, baina une hartan bost axola zitzaion, bere bizi osoak eztanda egiten bazion ere. Bere gogoa rue Fortunyra hegaldatu zen, haren begi urdin gardenetara, haren ile sasi goria bezalakora, haren ohe handi kanaberazkora. Gero bere onera itzuli zen, bota zuen puru erdi errea itsasora, bota zuen lasta zerbait eta gorago igo zen, iparraldeko brisa bat harrapatzeko esperantzan.

      Château de Montigny-ren inguruan lurreratu zenean, frantsesek beti bezain abegitsu hartu zuten. Are ez zituzten kontuan hartu Fredek britaniarren sistema politikoaren nagusitasunari buruz bota zizkien eztenkadak. Jaten gehiago ematera mugatu ziren, eta beste puru bat erretzera hertsatu zuten, beren sutondoko egoera askoz ere seguruagoan.

       Ingalaterrara itzultzean, liburu bat idaztera jarri zen. Haren hegaldia martxoaren 23an izan zen. Hamahiru egun geroago, apirilaren 5ean, Samson Low-ek Ibilaldi bat Kanalaren zehar eta beste abentura batzuk airean argitaratu zuen.

      Aurreko egunean, apirilaren 4ean, Sarah Bernhardt Aristides Damala-ekin ezkondu zen, aktore bihurturiko greziar diplomatiko bat, emakumezale nabarmen harro eta lotsagabea (orobat diru-hondatzaile, jokalari eta morfinazalea). Greziar ortodoxoa zenez gero, eta Sarah judu katolikoa, ezkontzeko tokirik egokiena Londres zen: St Andrew’s, Wells Street-eko eliza protestantea. Ez dakigu egokiera izan ote zuen Fred Burnaby-ren liburuaren ale bat erosteko, eztei bidaian irakurtzeko. Ezkontza desastrea izan zen.

      Hiru urte geroago, Jartum-en, Gordon jeneralari laguntzera joateko Lord Wolseleyk antolaturiko espediziora ilegalki batu zelarik, Burnaby Abu Klea batailan hila gertatu zen, Mandhi-ren soldadu baten lantzak lepoa alderen alde gurutzatuta.

      Burnaby andrea berriro ezkondu zen, eta bera ere idazle ugaria izan zen. Lehen gizona hil eta hamar urte geroago eskuliburu bat argitaratu zuen, aspaldidanik ezin aurkitu dena, Hitzerdiak elurretako argazkigintzaz izenekoa.

 

LURRAREN MAILAN
Julian Barnes

Levels of Life (2013) liburuko hiru narrazioetarik bat
euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2016