LUISA KORAPILOA
Giorgio Scerbanenco

Il nodo Luisa, 1969
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Ez da samurra nork bere buruaz beste egitea zintzurra estutuz, pentsatzen zuen ordu betez geroztik lur koloreko besaulki zabalean jesarririk gelako zokorik ilunenean. Urkatuz bai, baina ez da gauza bera. Emakumezkoren bat urkatzen bada, iritsitakoan, sokatik dilindan ikusita, «Bere burua galdu du» esaten dute, adieraziz berak bakarrik hil duela bere burua eta ez duela beste inork egin. Berak, ordea, hauxe nahi luke esatea: «Hil egin dute, errukarria». Zegoen zokotik leihoan barrena sartzen zen hautsez  betetako argiari eman zion begi. Hauts eta ilun argitzen zuen erosi zituenean atseginak egin zitzaizkion zur laru, sobera laru, ergelki laruko altzari ilun horiek zeuden gela, baina ziur zegoen Simeone berarekin ezkonduko zela eta hauxe izango zutela ezkondutako etxea.

      Orain bere gustu txar ikaragarria erakusten zuten altzari haiek, beirazkoak izan nahi zuten helduleku haiek, komodaren gaineko ispilu hexagonal nazkagarri horrek, eta goiko lanpara hark, farolekin, berak inoiz maite izan zituen eta orain maite ez zituen apaingarri urdintxoz forratua, hari, Simeonek, hark bai, gustuko zituen bezala. Ispiluan bere aurpegi etsi eta mintsuari begira jarraitu zuen, oraindik ere pentsaketan nola hil bere burua beste inor gabe, baina bestek hil balu bezala. Lainoa entzuten zuen, lainoa entzuten ahal baita, alegia, han behean, Porpora kalean iragaten ziren tranbien eta autoen zarata, lainoak eta hotzak ehortzia zeukaten otsaileko Milano batean. Eta noizbait aurkitu zuen irtenbide bat zatarkeria hartan, ispilu hexagonalean: neskazahar ergelaren aurpegi itsusi eta nekatua ikusi zuen, bere arazo izugarriari irtenbidea aurkitu ziolako irribarrez. Bai, bazekien zer egin behar zuen, eta Simeonek ordaindu beharko zuen.

      Jaso zuen gona, eskuin hankako galtzerdiaren izter lokarria askatu zuen, erantzi zuen galtzerdia hankatik, bildu zuen lepoan eta estutu egin zuen pixka bat, saialdi orokor bezala.

      Biribila, biribila egiazki. Estutu zuen beste pixka bat eta hasi zen nabaritzen arnasa eskas zuela, estutu zuen beste pixka bat, beste pixka bat, behar zuen zer edo zerk galtzerdia tinko eustea lepoan lotua zeukan bitartean, baita berak, arnasa eskas eta itolarrian, indarrik gabe geratutakoan ere tinko eta estu edukitzeko lepoan. Aurkitu zuen irtenbidea. Biribila, biribila egiazki.

      Kendu zuen galtzerdia lepotik, jantzi zuen hankan, sartu zuen izter lokarrian eta jaitsi zuen gona, izter lodi motza estaliz. Zutitu eta leihora hurreratu zen gero: lainoa besterik ez zen ageri, eta hartan barrena, dendaren baten letreroko argi fosforeszentea, harena bezala, haren dendaren letrerokoarena; hark, elektrikaria zenez, irratiak eta telebistak saltzen zituen, eta denda muntatu ahal izan zezan xahutu zuen berak bankuan zeukan guztia, lan eta urritasun urteetan aurreratuz joan zena pataten kalitate apurraz  edo zinemara hiru edo lau hilean behin joanez. Opari bat denda hura, eta haren esker ona zen bisitan ez azaltzea bere kontu korrontea, berarena, hutsik zegoela konprenitu zuenez gero, ez zeukan beste dirurik eta jadanik hark ez zuen jasoko ohiko ehun edo berrehun milako txekea berak, berak, lotsaturik, eskuzabal eman ohi ziona ahal izan zuen artean. Eta ez hori bakarrik: enplegatu gazte eta guria kontratatu zuen; berak ezin zuen denda hartan sartu, haren izenean egon arren berea zen dendan neskatxak ozarki begiratu gabe, ile luze leun gaztainkara masailgain nabarmenek mongoloide airea ematen zioten aurpegi zabalean mugituz eta iraingarri eginez barre, esango balu bezala «Hemen dator atsoa».

      Beira izoztuan bermatu zuen kopeta eta une batez negar egiteko gogoa egin zitzaion irakurritakoan, lainoan lauso, denda horretako letrero fosforeszentea: «Irratiak Telebistak Etxetresnak». Gero galtzerdiak lepoan emandako zirrara berritu zuen eta berehala gatzatu zitzaion negarra barruan, harri bihurtu zitzaion, eta pentsatu baino ez zuen egin, hitz zehatzetan pentsatu ere: «Zigortuko haut».

      Tigre larruko berokia jantzi zuen, bai, sintetikoa tigrea, egiaztatu zuen txeke-liburua karteran zeramala, bai, hantxe zeraman, txeke bi besterik ez, eta asko ziren, lira bat bera ere ez zeukanez bankuan: Simeonek dena soildu zion, azken txanponeraino.

 

      Irten zen. Kalea gurutzatzea aski. Nolako poza apartamentua hantxe aurkitu zuenean, dendaren aurrean, letoizko plaka bat erosi eta atean ipini zuen haren izenarekin, Ferroni, eta hantxe jarraitzen zuen plakak, atean, hark enplegatuaren etxera joaten zen arren lotara, langilearen beraren gurasoen onespenarekin geroko senarraren ustean, hura, izan ere, beti egon baitzen, zinez edo hitzez, ezkontzekotan, izena ematekotan, Ferroni, emazteren bati edo besteri, nahiz oraindik inorekin ezkondu ez.

      Aurrean zeukan dendara joateko kalea gurutzatzen hasi behar zuela dardara eragin zion hotzak, nahigabeak ere bai: bere bizian azken aldiz pentsatu zuen ez ote zen hobe ahaztea, ihes egitea, urruntzea sats harengandik, bere bizitza berregitea Simeone bezalako gizon arbuiagarririk izan zenik ere pentsatu gabe. Onartu zuen hobe zitekeela horrela, baina ez zuela inoiz ahaztu ahal izango ere onartu zuen. Egiten ahal zuen bakarra mendeku hartzea zen, eta hartuko zuen mendeku. Eta hil egingo zen, behingoz.

      Sartu zen dendan. Hantxe zegoen langile guria, dendaren zolan, telebista bat kokatzen eta erdeinuzko adeitasunez begiratzen ziola ez bakarrik kopeta, kasik begiak ere estaltzen zizkion kopetile luzearen ostetik, bekainen gainetik betileetaraino jausten baitzitzaion, gizonezkoak kitzikatzeko molde baldresa, helburu zeukan eta egiteko gai zen bakarra, baina zirtzila eta arrunta bihurtzen zuena, zirtzila eta arrunta jaioa zenez.

      —Arratsalde on, andereño.

      Simeoneren aurpegi potoloari begiratu zion berak. Orduan harritu zen nolatan izan zen posible gizon gizen, gazte baina gizen haren, belarrien gingilen azpirainoko gaztain laruko patilladun haren, Viareggioko inauteriko kartoi-harriko panpinote, irrimarra baldar eta barregarri haren esklaboa bilakatu izana. Simeone enplegatuaren atzean zegoen, esku bat haren sorbaldan, lepotik hurre, erakutsi nahiz bezala, baita publikoan ere, bere limurkeria.

      —Kaixo, Simeone —esan zion.

      Kendu zuen eskua erdeinuzko adeitasunez begiratzen jarraitzen zuen haren lepotik.

      —Kaixo —erantzun zuen nagi, eta nagi hurbildu zitzaion, baina harrera egiteko ordez kanpora botatzeko itxuran.

      —Zurekin hitz egin beharra daukat —esan zion Simeoneri.

      —Bai —haren erantzuna, eta burua itzuli zuen, lotsarik gabe, limurtuarengana, bera laidoztatzeko hain zuzen, neskatxari lizunki irri eginez, bera, atsoa, menostua sentitzeko hain zuzen.

      Bera, baiki, gaixotzeko gisan sentitu zen menostua, baina eutsi egin zion, bai baitzekien zigortuko zuela. Irri egin zuen tristeki, langile eta senarbakoaren aurpegitxo higatu harekin, eta apalik esan zion:

      —Goazen tabernara.

      Burua makurtu zuen eta neskatxaren begien erdeinuzko distira ikustearen amorrua irentsi zuen, errukitu zitzaion, eta are apalago gaineratu zuen:

      —Faborez, oso inportantea da.

      Beste pauso bat eman zuen Simeonek berarengana.

      —Bai —esan zuen.

      Tximinoaren kopetile haren ostean, gaitzitu aieru bat azaldu zuten neskatxaren begiek. Baina hark ere, agian, ez zekien, errukarria, Simeonek diruaren susmoan esan zuela baietz, berak, txekea sinatzerakoan hainbatetan egin zuen bezala, tinko begiratu ziolako sumatu zuen usainean. Ulertu zuen mezu hori.

      —Berehala nator, Luisa —esan zuen Simeonek, eta izen hori izan zen ororen irtenbidea eman ziona: ezin konta ahalakoak dira mendekuaren bideak. Neskatxak Luisa izena izan ez balu, ez zukeen inoiz aurkituko bere arazo izugarriaren irtenbidea.

      Simeone ateraino aurreratu zen eta zaldunkeria barregarrian irekiz lehenik irteten utzi zion. Tabernara abiatu ziren, izkinan zegoen eta tabakoa, loteria eta kiniela saltegi bezala funtzionatzen zuen. Beti, edozein ordutan, nolabaiteko andrak eta beren HPak egoten ziren bertan, Simeonek eztiro esaten zien bezala, hots, beren Harreman Publikoak. Lekurik egokiena zen Simeone bezalako batentzat, halako lanbidea daukanaren bulegoa balitz bezala. Eta berak, lotsa, lotsa, lotsa, benetan maite izan zuen gizon hura.

      —Jar ezazu musikaren bat —esan zuen tabernan sartu zireneko, eta ehun lirako txanpona eman zion bertan, edo «ehun lirakoa», orduka laguntzen zion garbitzaileak, Pullako irtentxo batek, esaten zuen moduan, Simeonek ez baitzuen sekula ehun lirako txanpona xahutuko emakume batek musika entzun zezan, ezta hogeikoa ere, ezer ez: berari ordaindu behar zioten emakumeek eta, egia esan, ordainarazten zien.

      —Mailegu bat eman didate apartamentua berme ipinita —esan zion berak gramolatik itzuli zenean.

            Soinua zabaltzen hasia zen ahots homosexual baten poderioz, elkar maitatu behar genuen, jendeek elkar maite balute eta kopetan elkar musukatzen balute, arazo guztiak konponduko lirateke: elkar maitatu, eskutik heldu, kopeta musukatu. Azpi baketsu honekin, ahotsa apalduz hitz egin zuen, bazetorren homizidioaren lekukoei inguruan begiratuz: prostituzioa den kate luze horren atoian doazen emakume dohakabeak eta haien HPak, eta ezaguna zuen eta zenbaitetan irri ere egiten zion mutila, eta negroni biak zerbitzatu zizkien mutikoa: denek esango zuten baietz, sei eta erdiak jota Ferroni jaunarekin egona zela bera tabernan, eta negroni bat hartu zuela harekin. Ahapez esan zion:

      —Bost milioi eman didate —apalagotu egin zuen ahotsa, murmuxeta batean bezala—. Zatoz gora eta egingo dizut dendarako txekea —eta txekea bete zuen.

      Besterik esan nahi zuen ordea: besarka nazazu, estutu nazazu, sinetsarazi iezadazu maite nauzula, zer edo zer naizela zuretzako. Denda aipatzea forma hutsa zen, Simeone ez haserretzeko baino ez.

      —Bai —esan zuen hark.

      Gaztain laruko patilla haiek izan ziren, belarriaren gingiletik behera iristen zirela, haren mirabe bihurtu zutenak, ergelkeria hark, mespretxagarri hark, hamahiru urteko neskato bat ez zuen liluratuko aurpegiko ilexingola hark. Baina bera bai, hamahiru urtekoa baino inozoago eta amestiago.

      Irten ziren tabernatik. Irteten ikusi zituzten Giovanni Quarello kamareroak, tabernako jabearen emazteak, Eloisa Valli andereak, loteria eta kiniela mostradorearen atzean zegoen agure jaunak, eta hiru prostitutek: Mirellak (Baroni), Caterina Cattik (Moresi) eta Leonesa (Eleonoraren txikigarri maitekorra) Giarraottak, palermotarra. Denek ikusi zituzten Simeone eta biak mahai hartan jesarririk, negroni bana hartzen, eta denek ikusi zuten sinatu eta eman ziola berak txekea besterik ezin izan zitekeen huraxe. Lekukotasuna eman zezaketen han egon ziren bitartean gramolak homosexual delikatu haren ahotsa hedatzen zuela esanez dena konpon litekeela elkar besarkatuz eta maitatuz eta kopeta musukatuz. Tabernatik ate, ezusteko txeke hura Simeonek jakako patrikan sartzen zuela, lainoan, Andrea Durante taxilariak ikusi zituen, tabernaren ondoko paradan zegoen, eta Simeonek, gertatu behar zuena jakin ez, honela esan zion:

      —Ciccio, zaude erne, ordu bete barru beharko zaitut.

      Berak konprenitu zuen zer esan nahi zuen, alegia, handik ordu betera utziko zuela Simeonek, dendara itzuliko zela adiskidearengana, eta txekea patrikan, oso eskertua, denda itxi, gero taxia hartu eta jatetxe batera eramango zuela kopetilekoa: Sesto S. Giovannirenera agian, ostradunarengana, Simeonek arraina maite zuen. Ostrak, nola gustatzen zitzaizkion ostrak, frantsesak batez ere, hegazkinez etorriak. Asetzeko adina erosi izan zizkion, hirurehun lira buruko, Vitruvio kaleko arrandegian, gizenago eta distiratsuago bihur zedin. Baina haiek, arratsalde hartakoak, bizitzako azkenak izango zituen.

      Noski, etxeko atezainak ikusi zituen, Giuliana Meroini andereak, eta esaten ahal zuen hamasei eta hogeitamarrak aldera Irene Brambilla andereñoa bosgarren solairuko bere apartamentura igo zela zuzen, transistore txiki bat saldu ziolako ezaguna zuen Ferroni jaunarekin batera. Igogailuan laugarren solairuko maistra xahar eta izutiarekin egin zuten topo: hark ere esango zuen, hemezortzi eta hogeita hamarrak aldera Irene Brambilla andereñoa ikusi zuela gizon gazte potolo samar bat lagun zeukala, patilla luzeak zituena, lehenago ere ikusia zeukana Irene andereñoaren konpainian.

      Etxean sartutakoan atea zirrituan utzi zuen, guztiz itxi gabe, tigre larruko, hots, tigre sintetikoko berokia kendu zuen, eta Simeoneri begiratu zion une batez zigarroa pizten ari zela. Gero jertse beltza kendu zuen, eta ondoren, begiratzeari uzteke, begiratu ilunean ordea, bularretakoa kendu eta aurpegira jaurti zion probokazio leun batekin, susmo txarrik har ez zezan, igarri ez zezan, pentsa zezan dirua garbitu zion betiko ergela izaten jarraitzen zuela. Emagaldu batek bezala begiratu zion, hari gustatzen zitzaion bezala, eta:

      —Zatoz, Simeone, zatoz hona —eta bertan behera laga zuen gona, orkatilen inguruan.

 

      Jantzi egin zen, astiro. Hemeretzi eta hogeita hamarrak ziren, ordu bete beranduago, eta hark mahai gainean ahaztua utzi zuen, hutsegite arriskutsua, SF inizialak grabatuak zituen supiztekoa oraindik whisky pixka bat zeukan godaletaren ondoan, maite baitzuen whiskya eta, oro har, gauza ingelesak. Bularretakoa eta gona bakarrik zituen soinean, izter lokarria zoruan zegoen sofatik hurbil, eta galtzerdi bat whisky botilari inguru egiten: detaileak zaindu zituen, denak orgia txiki baten antza eduki zezan. Eskuan zeukan beste galtzerdia. Une horretan, galtzerdi luze hura eskuan, biblioteka izan behar zuenari zegoen so, berrogeiren bat liburu bi ataletan, nobela larrosak eta bestelakoak, bi aleko entziklopedia eta, azkenik, aitarengandik heredaturiko dozena erdia, marinela izana zen eta logaritmo taulen eta trigonometria oinarrien liburu bat, hiztegi bi esaldi erabilienen adibideekin, italiera-ingelesa eta italiera-alemanera, beste irudidun liburukote bi, Lurra eta itsasoa, Barearen osinetatik Himalayako gailur zorabiagarrietara eta, azkenik, Marinelaren liburuak bildumako 72. alea: Itsaslanekoak: korapiloak.

      Buruz zekien, umea zela urteetan jolastu izan zen aitarekin orrialde txiki eta higatuetan ageri ziren korapiloak egiten, aita etxean zutenetan. Neskato batek nahi izango lukeen aitarik zoragarriena zen, orduak ematen zituen berarekin eta hegalak egiten zizkion egunkari zaharrekin, esanez: «Zoaz hegan, enara bat zara», eta berak lasterka egiten zuen etxeko karrajuan egunkari orriak sorbaldatik kulunkan, hegoak balira bezala: «Enara bat zara ene, enara bat zara». Enara bat bezala sentitu zen 72. alea hartu zuenean, orduan sentitzen zen bezala, baina oraingoan zer edo zertara hegan egin behar zuen enara zen.

      Bata bestearen ondotik begiztatu zituen Itsaslanekoak: korapiloak alearen orrialdeak. Jakina gogoan zeukala «Luisa korapiloa», eskuliburuan azaltzen ziren korapilo garrantzizkoenak gogoan zeuzkan bezalaxe: Carpenter korapiloa, portugaldarren korapiloa, sultan korapiloa. Trikotatzen aritu beharrean, aitak ekartzen zizkion sokatxoekin jolasten zen. Simeone ikusi zuenean Luisa zeritzan neska horrekin, burura etorri zitzaion aurrena Luisa korapiloa izan zen, eta haren ondoren hasi zen pentsatzen Simeonez eta kopetileko neskaz, besarkatuak.

      Galtzerdia eskuan zeukala faszikuluko Luisa korapiloa irudiari erreparatu zion: zail samarra zen, baina bazeukan ganora horrelakorik egiteko. Bi muturreko Van Haak korapiloaren antzekoa zen. Aldea, emaitza berdina lortzen zuela mutur bakarrarekin. Mekanismoaren berezia zen pisurik txikenak, edozein urkabilur bezala, estutu egiten zuela, baina korapiloa askatzen saiatuz gero areago zen estutzen, eta askatzen saiatu ez arren ere areago zen estutzen. Korapiloa baino, zintzurra itotzeko makina zen.

      Horregatik kondenatuko zuten Simeone, eta bere adiskidea ere bai. Poliziak honelako zerbait esango zuen: hau lepotik hil dute. Ikerketak abiatuko zituzten eta Simeone galdekatuko zuten lehenik —hantxe SF inizialak zituen supiztekoa—, non zinen egun horretako hamasei eta hogeita hamarretan? egingo zioten galde, eta begietarainoko kopetileko neska ere harrapatuko zuten, azalduko zen berak tabernan sinatua zuen txekea eta bere historia guztia, haren alde kontratatua zeukan hamar milioiko asegurua, esplotazioaren eta tratu zabarren historia, funtsean: bere historia. Simeonek biziartekoa arriskatzen zuen, dena dela ez hamabost urtez beheiti, eta kopetilekoak hamar urte gutxienez Po haraneko edo Toscana-Emiliako Apeninoetako emakumezkoentzako presondegiren batean. Miseriazko hainbeste urtez lokatzetan esklabo pairatu izan zituen makurtze, bilaukeria eta lizunaren mendeku-pozaren dardara eragiten zion Simeoneren irudiak, biziarteko itzalera kondenatua Porto Azzurron, Fenaroli ospetsua lagun. Hura eta bere putatxoa: zigortuak noizbait.

      Biblioteka usteko apal xumean utzi zuen 72. alea: nahikoa ikusi zuen. Kate puntu batetik hasita egiten da Luisa korapiloa, baina muturretako bat aurreneko zulotik pasatu behar da, bigarren urkabilur bat osatzeko. Horrela bildu zuen galtzerdia lepoan, besaulkian jesarria, hari hainbeste gustatzen zitzaion farolaren argi urdinkaran, maitaketan argi urdina omen egokiena, eta korapiloaren aurreneko begizta osatzeari ekin zion. Baina amaitzen ari zela konprenitu zuen ez zela gauza izango asteetan buruan ibili zuena betetzeko, izan ere... O, ez, ez zen ez zeukalako hiltzeko gogorik, hainbeste, hainbeste, hainbeste desio zuen, huraxe zen hainbeste desio zuen bakarra, baizik eta emakume arrunt bat zelako, hogeita hamazazpi urtekoa, Milano izeneko metropoli handiko neskazaharra. Bera ez zen mendeku hartzen zuen gaizkile bat. Kendu zuen galtzerdia lepotik eta negarrari eman zion, delikateziaz, dena zen delikatezia bere baitan, baita fisikoa ere —liraina, argala bizkarrez, bularra zuen bakarrik nabarmen—, eta hotzikara batek hartu zuen, lepotik kendutako galtzerdia eskuan eta bere artean ziharduela: ez, ez, ez, ez dizut ezein kalterik egingo, zoaz, zoaz zeure urdangarekin, egin ezazu nahi duzuna, zugandik urrun lekutuko naiz, Erromara, Erroman Andreina dago, aurkituko dit lanen bat, gero Milanoko apartamentua salduko dut eta Erroman saiatuko naiz zutaz ez pentsatzen; zoaz, zoaz nahi duzunarekin, zoaz ostradunarenera zeure adiskidearekin, zoaz, zoaz.

      Kontu hauetan pentsatzen zuela, galtzerdi ahul baina izugarria eskuan, ateko txirrina jotzen zutela entzun zuen. Automatikoki jantzi zuen jertsea eta automatikoki geratu zitzaion eskuan galtzerdia, ohartu gabe; sarrerarantz abiatu zen, plastikozko larrosez apaindua zegoen, gau oso bat eman zuen horretan lanean hark, goizean, ikus zitzan; heldu zen, larrosa kolore biziko larrosa handiei begiratu eta hitzik ez, Simeone ez zen hiztuna. Atea zabaldu zuen eta, ireki zuen orduko, bere bizian ikusi zuen azkenhirugarren gauza Simeone izan zen, Simeone sartzen eta atea ixten.

       Bere biziko azkenbigarren Simeone ikusi zuen, Simeone sakelatik ateratzen ordu bete lehenago berak emandako txekea, eta aurpegia harri eginik begiratzen zion, harrizko aurpegi harekin ziotsan, ahapez:

      —Orain txeke hau jan beharko duzu —eta haren eskua nabaritu zuen garondoan iletik heltzen ziola, eta haren ahotsa entzun zuen ostera—, ez nazazula ergeltzat azaldu  nahi, zuk ez dakizu adiskide bat daukadala bankuan, deitu egin diot telefonoz eta esan dit ez daukazula lira bat bera ere kontu korrontean, mozolo bat bezala engainatu nahi izan naun, ezta? Ba orain aurpegia konponduko dinat!

      Eskua jaso zuen ukaldietatik babestearren, baina hala ere masaileko bortitz bat iritsi zitzaion, larrosa gorriz tapizatutako paretara bota zuena.

      —Lotsagabea —esan zion ahoan odolaren gustua zeukala—, makurra, txulo zikina —eta aldi berean eskuekin eragotzi nahi zituen ematen zizkion kolpeak, baina jo egiten zuen hala ere. Ohartu gabe ordea, bere burua hiltzeko hartua zuen galtzerdia zeukan eskuan, baina gero eta gogorragoak ziren aurpegian hartzen zituen kolpeak, galtzerdia ere odolez zikindu zen sudurretik eta ahotik zerizkion tantekin.

      —Egizu kontu niri ez didala inork iruzurrik egiten, eta egiten didana, akabatu egiten dut —eta zafraka jarraitzen zuen ezker-eskuin, eskuin-ezker. Berak, aurpegia nola edo hala babesten saiatzen zela, errepikan jarraitzen zuen:

      —Txulo zikina, txulo zikina, txulo zikina —eta orduan ikusi zuen zuntz sintetikoan egindako galtzerdia bere eskuan, aurpegia estaltzen zioten odol turrusten artean.

      —Niri ez didan berriz emango funtsik gabeko txeke bat eta niri ez didan txulo esango, inork ez zidan egundo halakorik esan.

      Kendu zion galtzerdia eskuetatik, lepoan bildu zion amorruzko oldar ezin baretuan «Txulo zikina, txulo zikina, txulo zikina» esaten jarraitzen zuelako, inor ez baita horrelakorik entzunda gaitzituko non eta egia ez den, eta ahal zuen gogorrena estutu zuen, ezin zuen hitz hura entzuten jarraitu, eta halako batean, horra, ez zuen berriz entzun. Ez zen Luisa korapilo bat izan zehazki, baina antzeko ondorioa izan zuen: azkenhirugarren eta azkenbigarrenaren ondoren, ikusi zuen azkena haren ukabilak izan ziren, galtzerdiaren bi muturrei helduta, tiraka. Eta tiraka, arnasa kendu zion. Ez zuen astirik izan amodiozko azken sukarraldian esan nahi ziona esateko: «Ez dezazula horrelakorik egin, egiten baldin baduzu zeure bizia hondatuko duzu, neuk egin nahi nuen zu zigortzeko, baina ez naiz gauza izan, mesedez, mesedez, maitea, mesedez, ez nazazula hil, ez niregatik, maitea, baizik hiltzen baldin banauzu zeure burua galduko duzulako, ez, maitea, ez dezazula horrelakorik egin», baina haren ukabilek itotzeraino estutu zituzten galtzerdiaren mutur biak amorru gorrian.

 

      Fiskalak biziartekoa eskatu zuen Simeone Ferroni inputatuarentzat eta hamar urte Luisa Tavessi konplizearentzat, kopetileko neskarentzat. Epaiketan dena azaldu zen, baita arratsaldeko egunkariek «Porpora kaleko senarbako dohakabea» izendatu zutenaren zanpazio urte luzeak ere, urteetan tratu zabar fisiko eta psikologikoa pairatu ondoren zuntz sintetikoan eginiko galtzerdi batekin lepotik itoa azken diruak lapurtu eta aseguruko milioiak kobratzearren.

      Epaimahaiak, deliberaziotan ordu bi besterik behar izan gabe, Simeone Ferroni inputatua errudun zela erabaki zuen eta, beraz, biziartekoa eman zion. Alabaina, ez zegoen aski froga Luisa Tavessi konplizetzat hartzeko, eta in dubito pro reo libre utzi zuten hurrengo egunean, sententziaren biharamunean.

      Presondegitik irtendakoan, begietarainoko kepetileko neskatxak gogor heldu zuen besotik defendatu zuen abokatua, dei egin zion argazkilari bakarrari lotsagabe begiratuz. Ezin ulerturik jarraitzen zuen zergatik hil zuen Simeonek neskazahar hura. Zer premia zeukan?

      —Zaude geldirik unetxo bat —esan zuen argazkilariak.

      Gelditu egin zen, abokatua besotik helduta, eta irri egin zion objektiboari. Zergatik, zergatik hil du, ez zuen inoiz konprenituko: errudenek berek zigortzen dute batzuetan beren burua, Milanoko langile heldua eta senarbakoa zen Irene Brambilla bezalako biktimek barkatu izan arren.

 

LUISA KORAPILOA
Giorgio Scerbanenco

Il nodo Luisa, 1969
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015