ILUNABARREAN
James Salter

Dusk
Dusk and Other Stories, 1988
euskaratzailea: Jon Benito
armiarma.eus, 2015

 

      Chandler anderea, neurriko soinekoz, bakarrik, erakusleihoko neoizko argien ia parean zegoen. Honek letra gorri txikiz jartzen zuen: KALITATE GORENEKO HARAGIA. Tipulei begira zegoela zirudien; eskuan zeukan bat. Dendan ez zebilen beste inor. Vera Pini, bata zuriaz, diru-kutxaren aurrean eserita zegoen, etorri bezala bazihoazen autoei begira. Hodeiek giroa lausotzen zuten eta haizea zebilen. Etenik gabeko erreka bat zen trafikoa.

      — Gaur brie bikaina dugu —aipatu zuen Verak, mugitu gabe—. Berrikitan ekarri dugu.

      — Benetan da ona?

      — Oso ona.

      — Ondo da, zati bat eramango dut.

      Chandler anderea ohiko bezeroa zen. Ez zen joaten herriaren aldirietako supermerkatura. Bezero hoberenetakoa zen. Edo izan zen. Orain ez zuen hainbeste erosten.

      Erakusleihoko kristalezko taulan lehen euri tantek jo zuten.

      — Begira horra —esan zuen Verak—. Hasi du.

      Burua itzuli zuen Chandler andereak. Autoen segida ikusi eta dena urte batzuk atzera bezala izaten zeneko sentipena berritu zuen. Bat-batean, arrazoiren batengatik, autoan edo trenean atera ohi zen aldi askotariko batean, atzera landara heldu eta, ilunabarraren erdian nasen luze eta biluzia zapaldu orduko, senarra edo semeren bat agertu ohi zitzaiola pentsatu zuen. Bero egiten zuen. Erraldoiak eta beltzak ziren zuhaitzak. Kaixo, maitea. Kaixo, amatxo, bidaia ona izan al duzu?

      Neoizko iragarki txikiak indarka dirdir egiten zuen hondo grisaren gainean. Kaleaz bestaldean hilerria eta bere autoa zeuden; atzerriko marka batekoa, oso txukun, ate ondoan aparkatuta, kontrako norantzan. Beti uzten zuen horrela. Bere modura bizi izandako emakume bat izan zen. Bazekien jende askorentzat afaria prestatzen, bazekien zakurrak zaintzen, bazekien nola sartu behar zen jatetxeetan. Gonbidapenei erantzuteko bere estiloa zuen, janztekoa, bera izatekoa. Ohitura berdingabetzat har zitezkeen. Liburuak irakurtzen zituen emakumea zen, golfean jokatzen zuen eta ezteietara joaten zen, hanka gogorrak zeuzkan, ekaitzak gainditu zituen, orain inork maite ez zuen emakume bikaina zen.

      Atea ireki eta auzokide bat sartu zen. Gomazko botak zeramatzan.

      — Kaixo, Vera —agurtu zuen.

      Honek begiratu egin zuen.

      — Nolatan? Ez al zara ehizara joan?

      — Hezetasun handiegia —erantzun zuen: adinekoa eta hitz gutxikoa zen—. Ura metro erdi hazi da leku askotan.

      — Nire senarra joan da ba.

      — Garaiz abisatu besterik ez zenuen, emakumea —esan zuen agureak maleziaz; aurpegia denborak ezabatua bezala zuen, grabatu zahar bat bezain kolorgea.

      Ehiza sasoia zen, euritsua eta ikusmira laburrekoa. Hasi berria zen denboraldia. Ohikoak ez ziren eskopeta eztandak entzun ziren egun osoan, eta eguerdi aldera sei antzarako talde bat igaro zen, ordenarik gabe, etxe gainetik. Sukaldean eserita zegoela entzun zituen haien karranka inozo eta zaratatsuak. Leihoaren bestaldera ikusi zituen. Oso behetik zihoazen hegan, zuhaitzen gainetik doi-doi.

      Landa-lurren erdian zegoen etxea. Bihitegiak eta itxiturak ikusten ziren goiko ganbaratik. Etxe ederra zen, eta zenbait urtez uste izan zuen parerik gabea zela. Apain zegoen lorategia, sutarako egurra pilatuta, egoera onean alanbre sarea. Eta barruan ere berdin, dena ondo hautatua, sofa bigun eta zuriak, alfonbrak, besaulkiak, ukimenera hain gozoa zen Suediako beirateria, lanparak. “Etxea nire arima da”, esan ohi zuen.

      Belarretan antzara ikusi zuen goizaz oroitu zen. Handia zen, lepo luze beltz, papar zuria; harrizkoa zirudien, bost metro baino gutxiagora. Korrika egin zuen zurubira artekoa.

      — Brookie —xuxurlatu zuen.

      — Zer?

      — Jaitsi. Ez egin zaratarik.

      Leihora hurbildu eta, batak besteari gero, arnasa hartzen ausartu gabe begira:

      — Zer egiten ote du etxetik hain hurbil?

      — Ez dakit.

      — Handia da, ezta?

      — Bai, oso.

      — Baina ez Dancer bezain handia.

      — Dancerrek ezin du hegan egin.

      Dena desagertu egin zen: zaldia, antzara, mutila... Wernertarrenean afaltzetik etxera zetozen gau hura etorri zitzaion akordura. Arkitektura ikasteko bere senarra utzi zuen hazpegi oso aratzeko neska gazte bat ezagutu zuten. Rob Chandlerrek ez zuen ezer esan, entzutera mugatu zen, arreta gabe, antzeko albisteetara ohituta balego bezala. Gauerdian, sukaldean, atea itxi bezain laster kontatu zion. Bizkarra eman zion begiratua ukatzeko; mahai gainean zuen soa.

      — Nola? —galdekatu zuen.

      Senarra errepikatzera abiatu zen, baina eten egin zuen.

      — Nola esan duzu? —galdetu zuen sinetsi ezinik.

      Beste bat ezagutu zuen.

      — Zer egin duzula?

      Etxearekin geratu zen. Behin besterik ez zen joan Laurogeita bi kaleko apartamentura, zeinetatik, masaila kristalaren kontra jarrita, Arte Ederren Museo Metropolitanoaren sarrerako eskailerak ikus zitezkeen. Urtearen buruan senar-ohia ezkondu egin zen berriro. Denbora batean norabiderik gabe ibili zen. Gauez egongela hutsean esertzen zen, ia babesgabe, elikatzeko, ezer egiteko kezkarik gabe, zakurrari buruan laztan eginez hitz egiten, sofan uzkurtuta, goizaldeko ordu bietan eranzteke. Zorigaiztoko neke bat jabetu zen bere gogoaz, nahiz eta gero sosegatu, elizara joaten hasi eta ezpainak berriz margotu zituen.

      Orain, erosketak egitetik etxerantz zihoala, hodei handi eta berunkarak argiarekin gurutzatu eta zuhaitzen gainetik irristatzen ziren. Boladaka zebilen haizea. Sarrerako bidean biratu zuenean auto bat ikusi zuen. Une batez izuak hartu zuen, ezezaguna ezagutu arte. Gizon baten figura zetorkion enkontrura.

      — Kaixo, Bill —agurtu zuen.

      — Utzidazu laguntzen —gizonezkoak autotik jatekoen poltsa handiena hartu eta sukalderaino lagundu zion.

      — Utzi mahai gainean —esan zuen—. Hori da. Eskerrik asko. Zer moduz joan zaizu?

      Gizonezkoak alkandora zuria zeraman eta bere garaian oso garestia izango zen kirol jaka bat. Sukaldean hotz egiten zuela zirudien. Eskopeten eztanda ahula entzuten zen urrutian.

      — Sartu —esan zuen—. Hotz dago hemen.

      — Izotzak heldu aurretik zerbait konpondu behar ote den ikustera etorri naiz.

      — O, ulertzen dut... Tira, goian dago bainugela. Arazoak emango ote dituzte berriz?

      — Hodiei buruz ari zara?

      — Berriz apurtuko dira aurten?

      — Ez al genuen ba han babesgarria ipini? —galdetu zuen gizonezkoak: hitz egiteko manerak zezelkatze arin eta elegante bat zeukan, hotsak mihiaren ertzetik irristatuko balitu bezala mintzo baitzen; beti izan zuen zera hori—. Iparrari begira dagoela, hori da arazoa.

      — Bai —aitortu zuen berak, ohituraz zigarro bat bilatzen zuen bitartean—. Zergatik uste duzu jarriko zutela han?

      —Tira, han jartzen dituzte beti —erantzun zuen.

      Berrogei urtekoa zen, gutxiagoren itxura zuen arren. Gotor eta etsiaren itzala zeukan eta gazte mantentzen zuen horrek. Uda osoa golf zelaian, eta batzuetan abendura arte. Han ere axolagabea zirudien, ile beltza haizeari emana... Lagunen artean ere, denbora pasatzea beste lanik ez balu bezala bizi zen. Idolo erori bat zen. Haren aitak higiezinen agentzia bat zeukan autobidearen ondoan. Orubeak, landetxeak, dendak. Familia aspaldikoa zen eremu haietan. Auzo-bide bati deitura ematen zion euren abizenak.

      — Kanila bat matxuratuta dago. Begiratu bat botako zenioke?

      — Zer gertatzen zaio?

      — Tantaka dabil —esan zuen—. Erakutsiko dizut.

      Gizonezkoaren aurretik abiatu zen eskaileretan gora.

      —Hantxe —bainua erakutsiz—. Entzuten al duzu?

      Berezko keinuekin, Billek birritan ireki zuen kanila; txorrotaren azpiak haztatu zituen. Hurbildu gabe egin zuen, eskuturreko mugimendu arin batekin, oharkabean bezala. Berak logelan jarraitzen zuen. Gizona konketa gaineko beste gauza batzuk aztertzen ari zela ematen zuen.

      Argia piztu eta eseri egin zen. Iluntzear zegoen eta, bat-batean, erosoa bihurtu zitzaion logela. Inprimaki urdina zuen hormetako paperak eta zurixka zen moketa. Tximiniako harri leunduak ordena itxura ematen zion. Kanpoan desagertzen ari ziren landa-lurrak. Ordu sosegatua zen, eta berak ihes egin nahi izaten zion ordu horri. Batzuetan, ozeanora begira, semea hartzen zuen gomutan, nahiz eta gertakari hura, aspaldi, itsasertzean gertatu. Jada ez zen egunero gogoratzen. Esaten zutenez, denborak itzali egiten zuen mina, baina benetan ez zen sekula desagertzen. Beste gauza askotan bezala, honetan ere arrazoia zuten. Gazteena zen semea, biziena, nahiz apur bat zaurgarria ere izan bazen. Igandero semearen alde otoitz egiten zuen elizan. Oso sinplea izaten zen otoitza: O, jauna, ez ezazu babesgabe utzi... oso txikia da... oraindik umetxo bat besterik ez, gehitzen zuen noizean behin. Asaldatu egiten zuen hilda ikusten zuen edozerk, errepidean zapaldutako txori batek, untxi baten zango zurrunek, edo suge bizigabe batek.

      — Gomazko zirrindola dela uste dut —esan zion—. Ekarriko dizut bat itzultzen naizenean.

      — Ondo... Orduan beste hilabete bat pasatuko da?

      — Marian eta biok elkarrekin gaude berriro. Jakingo zenuen, ezta?

      — O, ulertzen dut... —ihes egin zion nahigabeko hasperen batek; arraro sentitzen zen—. Nik... —zelako ahulezia, pentsatu zuen—. Eta noizko kontua da hori?

      — Badira asteak.

      Segundo batzuen buruan zutitu egin zen.

      — Jaitsiko al gara?

      Bien isla hauteman zuen eskaileretako leihotik igarotzean. Muxurka koloreko bere gona pasatzen ikusi zuen. Azkarki jarraitzen zuen haizeak. Etxearen alboetako bat urratzen zuen adar biluzi batek. Sarritan entzuten zuen gauez.

      — Kopa bat hartzeko astirik baduzu?

      — Hobe ez.

      Whiski turruxta bat zerbitzatu zuen beretzat eta sukaldeko hozkailura joan zen izotz bila. Ur xirripa bat gehitu zion ondoren.

      — Suposatzen dut ez zaitudala ikusiko denbora puska batean.

      Ez zen ezer berezirik gertatu. Zenbait afari Lanain eta beste gau sinesgaitz batzuk. Gogoko izan eta sinplea eta kontraesankorra zen norbaitekin egotearen sentipena besterik ez zen.

      — Ni... —esateko zerbaiten bila saiatu zen.

      — Nahiago zenuke gertatu izan ez balitz.

      — Antzeko zeozer.

      Buruaz baiezkoa egin zion gizonak. Zutik segitzen zuen. Aurpegia zurbildu egin zitzaion neguko zuriarekin batera.

      — Eta zuk? —galdetu zuen.

      — O, mila deabru! —inoiz ez zuen gizona kexuka entzun, pertsona gutxi batzuei buruz baino ez zuen egiten—. Ni mantentze-lanetako arduradun soil bat besterik ez naiz. Eta hura nire emaztea da. Zer egin asmo duzu? Egunen batean Marianengana joan eta dena kontatuko diozu?

      — Ez nuke halakorik sekula egingo.

      — Ezetz espero dut —esan zuen.

      Atea itxi zenean ez zuen atzera begiratu. Kanpoan autoa abian jarri zela entzun eta argien errainua ikusi zuen. Ispiluaren aurrean bere aurpegia aztertzen gelditu zen hoztasunez. Berrogeita sei urte. Hantxe zeuden, lepoan eta begi azpietan. Inoiz ez zen hain gaztea izango. Erregutu egin behar ziola pentsatu zuen. Sentitzen zuena, bihotza estutzen ziona esan behar ziola. Joan zen uda bere itxaropen eta egun luzeekin. Billen atzetik abiatzeko bulkada sentitu zuen, haren etxe aurretik autoz pasatzekoa. Argiak piztuta egongo ziren. Norbait ikusi ahalko zuen leihoez bestaldean.

      Gau hartan adarrak etxearen aurka jotzen entzun zituen, leihoen armazoiak durundika. Bakarrean eserita, antzarak ekarri zituen gomutara; han kanpoan entzun zitzakeen. Freskatu egin zuen. Haizeak haien lumak astintzen zituen. Jendeak esaten zuenez, denbora luzez bizi ohi ziren; hamar eta hamabost urte artean. Belarretan ikusi izan zuenak bizirik jarraituko zuen agian, landa-lurretan, segada odoltsuetatik salbu ziren gainerakoekin, babesera jartzeko ozeanotik ihesi iritsita. Belar hezeko bazterren batean, haietakoren batek, bular ilun blaituaz, oraindik lepo luzea zutunik, hegal handiak mugitzeko borrokan, mokoaren zuloetatik hots odoltsuak egozten zituela irudikatu zuen. Nora ezean ibili zen etxean barrena, argiak itzaltzen. Euriak goian behean jarraitzen zuen, itsasoak talka egiten zuen burrunbatsu, eta kide bat hilda zetzan ilunpeko zurrunbiloan.

 

ILUNABARREAN
James Salter

Dusk
Dusk and Other Stories, 1988
euskaratzailea: Jon Benito
armiarma.eus, 2015