CUCUGNANGO MEDIKUA
Josep Romanilha

moldatzailea: Jean Hiriart-Urruti
armiarma.eus, 2016

 

      Behin bazen Garrozen [Cucugnan-en] mediku bat; ez gazte, ez zahar, bitartexe. Izenaz ez naiteke oroit, aspaldi baitu haren hiltzeak. Garrozen [Cucugnan-en] bizi diren oraiko aitaso-burasoek berek engoitik ahantzia dukete.

      Mediku bat zen jakitate handikoa, bere egitekoetan gain-gainetik argitua, eta halere beti aitzina ikasten ari.

      Edozoin orduz haren mintzatzera zoazinek atzemaiten zuten liburuz inguratua, eliza aldareko liburu handi hura iduri batzu aitzinean idekirik, lunetak soinean ari zela, ari han beti, kurtu-makurtua, irakurtzen.

      Etxetik ateratzen zenean ere bazaraman berekin beti liburu bat besapean, bidean zoalarik irakurtzeko. Hitz dautzuet solas alfer guti egiten zuela! Norbeitek aldetik iragaiteau Agur erraiten bazion, keinuz ihardesten zuen Bai zuri ere, doi-doia begiak liburutik altxatuz, burua aldaratu gabe. Ikusgarri zen haren liburutako karra.

      Bizkitartean ez zuten garroztarrek hura baitan hanbateko sinesterik. Hamar urte baino gehiago bazituen herrian bizi zela; eta ez denez bitxi: eri guziak hiltzerat uzten zituzten, mediku irakurtzale handi hura baino nahiagoz gabea.

      Alabainan nondik nola zuketen hura baitan sinesterik? Beti liburutan ari zela ikusiz, egiten zuten:

      «Deus ez bide daki gure medikuak. Adin hortaratua, eta oraino ikasten ari! Gizagaixoa! Munduko liburu guziak aspaldi engoitik balazkike, hartze ona balu. Etsi beza ja: bardin ez du horrek medikuntza ehun urtez ere ikasiko».

      Osoki gogoari emana zuten garroztarrek, heien medikuak buru ahula zuela. Hitz dautzuet, ez nuela nere gain hartu nahiko haieri sinetsaraztea beti ikasten ari den medikua dela orotarik hoberena. Lehenago sinetsiko zuten... ez dakit zer!

      Alta eririk ez duen medikua gizon hitsa da. Hura ala irinik gabeko okina, biak bardin.

      Bizi behar, jan behar, bizitzeko; eta gure medikuak bere irakurtze guzietarik ur hotzaren saria ez biltzen. Irautekotz, ordu zuen, liburuak bazterrerat utzirik, zerbeit egin. Zer egin?

      Egun batez, bere buruarekin gogoeta dagolarik, bat-batean bururatzen zaio, egundaino nehork egin ez duena behar duela egin. Huna zer.

 

      Deitzen du etxera herriko mutila eta igortzen du, auzapezaren baimenarekin, etxez etxe herri guziari jakinaraztera:

      «Jaun medikuak ikasi dituela medikuntzazko liburu guziak; hain ongi ikasi non, hemendik harat aski baitaki, ez bakarrik erien sendatzeko (josteta bat izanen dela hori harentzat), bainan oraino hilen pizteko. Dio, nahi duela, bere indarraren erakusteko, hil bat piztu. Edozoin hil; nor ere izendaturen baitiote eta hura: iguzkitara ala ilargitara, nahi dutenean; hil berri ala zahar, aspaldi ehortzia bardin, piztuko duela hanxet hilerrietan, herri guziaren aitzinean».

      Berehala hedatu zen solasa batetik bertzera. Herriko mutilak bere itzuliaren erdia egin gabe bazakiten orok. Oro harrituak, zer behar ote zuten ikusi!

      Anitzek ez zuten uste. Baizik ere burutik bazuela, eta egiazki urrikari zuten,      ziotelarik:

      —Gizagaixoa! Zerk atzeman duen azkenean! Horra zer den buru ahul bati jasan dezaken baino gehiago lan emaitea. Nahasi zaioke zuen poxia.

      Bertze batzuk aldiz bazuten ikustera joaiteko gutizia; ez baitezpada nehork sineste osorik zuelakotz, bainan zerbeit bazitakelako nahikaria edo beldurkundea.

      —Nork daki? —zioten elgarri—. Hainbertze urtez irakurtzen ari izan ondoan, zer laiteke, bertzei ez bezalako zerbeit sorginkeria gogoratu balitzaio ere? Hilaren pizte hori handixkoa da, bainan nork daki? Eta ororen buruan, zer galtzen dugu, ikustera joanez? —diote azkenean orok elgarri—. Goazin, ea zer eginen duen.

      Hitzartzen dire: bilduko direla beraz handik ondoko igandean, eguerdik joitearekin, Garrozeko [Cucugnan-go]  hilerrietara. Han ikus, zer gizon den «gure jaun medikua». Hil bat pizten badu, eginen diote pesta eta ohore. Bainan garroztarrez trufatzeko erabili balin baditu hainbertze ele, hainbertze urrats alfer egin eta eginarazi, irri eta ziztu onik beharko du entzun, on bazaio...!

 

      Erran bezala, handik ondoko igande eguerditan badoa gure jauna hilerrietarat, zituen hoberenak jauntzirik: galtza beltxak, xinila beltxa, barneko xuria, xapel hertsi luze bat; oinetakoak arauera; parasol gorri bat besapean, sudurrean ixtaklok luneta batzu, bertze orduz berri izanak.

      Soinean zituenak oro ere hixtuxeak zituen, xuhurra baitzen, orduan oro bezala.

      Herriko haur guziak ondotik zarraizkion, guziak inguruau hari so, petik gora. Hilerrietan sartzearekin, oro elgarri gainka, erorarazter zuten gure jauna. Lanik aski, hilerrietan erdiko kurutzera ezin helduz! Han ziren ordukotz bilduak koka ahala tinki herriko gizon eta emazte, gazte, zahar guziak; batzu goizetik jinak, ikusgarri hora huts egin beldurrez.

      Bainan xo! Orai da.

      Lau aldetarat inguruan so egiten du, gero tu, eztul eta zintz, hein onean jartzeko.

      Guziak hari beha, ixil eta gurbil. Hasten da:

      —Jaun-andereak, badakizue zertarat etorriak giren. Erran dautzuet hil bat piztuko dudala, hitzeko gizon izan nahi naiz. Orai berean hemenxe xutiaraziko dut lurpetik bat, zuen aitzinean. Egon ixil eta geldi, begiak erne. Lehenik nahi nuke jakin, ea nor behar dutan piztu. Niri bardin zaut Jakes ala Piarres; ala Beñat, ala Gaxiuxa. Zuek nahi duzuenaren egitera nago. Mintza... Piztuko duta Ximun ikazkina, duela urte bat eta zenbeit egun hila? Mintza, hots...

      —Barkatu, jauna —dio bazterretik Dominika, Ximun zenaren alarguntsak—. Ene senar gaixoa beti ona izan da enetzat. Bizi naizeno ez dut ahantziren. Gaixo gizona! Oroitzeak berak ni… nihi-hi, nihahi-ha... nigarra jauzarazten daut! Bainan, jauna, otoi ez zazula pitz. Hilabete hunen hondarrean uztekoak ditut doluko arropak.

      —Eta gero?

      —Gero, jauna, nahi naute ezkontarazi Piarres Handiarekin. Ni ez nintzen berrezkondu gogo, bainan engoitik hola da. Egun zortzi emaitekoak dituzte banak lehen eta azken aldikotz. Jauna, ez da egia bezalakorik: esposeko ikusgarri zenbeit ere baditut ja ukanik.

      —Ori, Dominika, ongi egiten duzu erraitea. Ez bazinazkit garbiki mintzatu, zure senar zenaren berehala piztera nindoan.

      —Ai, jauna, otoi, otoi...

      —Xo, Dominika; xukazkitzu hortik zure nigarrak. Utziko dugu Ximun, hila hil.

      —Milesker, jauna.

      —Hola denaz geroz, dugun hauta bertze norbeit. Zera? Gaizki ez bazautzue, Katalin okerra, iragan Ganderailu egunean ehortzia?

      —Ez, ez, ez, jauna, utzazu Katalin den tokian, ez pitz Katalin. Jinkoak begira zitzala, eni holako lanik egitetik, —zion oihuka, bertze guzien gibeletik, Jakes konkorrak—. Hamar urte bizi izan gira elgarrekin: ederki purgatorio eginarazi daut harek eni hamar urtez. Dagola den tokian, bere eta ene onetan. Bazinaki, jauna, nik bezala, zer julufria zen hura! Buru bat bazuen, buru bat, eiherako mandoak bezen gogorra. Tema bat! Eta mihi bat... sugearen eztena bezalakoa, nahasiko baitzituen Birjina Saindua eta San Josepe. Ez ditut, ez oraino, guziak erraiten. Banuke behingo. Bainan ele gutiz erran dezazudan, bego Katalin hor. Ez dut nik Katalinen gutiziarik.

      —Bizkitartean, gizon maitea, Katalin edo Perkain, gizon gazte edo emazte, hunaz geroz, norbeit behar dautzuet piztu. Bertzalde, Jakes, zuk hemen egin baduzu Katalinekin purgatorio, badituzke ba, engoitik Katalinek ere, bi gogoeta eginik bertze munduan. Ikusiko duzu, nolako emazte ixila, eztia, langilea, maitagarria dautzutan nik zuri berehala jalgiko hobi horren barnetik. Zaude orizu...

      —Otoi barka, jauna, eleaz jabetzen banitzauzu. Badakizu zer gertatzen den: emaztea hil, etxea berri. Ez da egia bezalakorik. Katalinek utzi dauzkit hiru haur, aho xilotik zintzurrari behera zerbeit daramatedanak. Nehondik neholere ez ginintazken emazte bat etxean gabe bizi. Alargun egon nahia, ezinbertzez ezkondua naiz berriz.

      —Aski, Jakes; bainan zertako ez hastetik garbikiago mintza? Ez duzu zuk etxean bi emazteren beharrik. Batek ere debruen lanak emanen dauzkitzu, ez dea hala, Jakes?

      —Ba, jauna, ba.

      —Beraz orduan pitz bageneza Erlanje zena?

      —Zer jauna? Erlanje Oihanburukoa?— zion galdatu Kadet Iratxetakoak.

      —Ba, gizona, hura eta bera.

      —Gizagaixoa! Gure osaba zen hura; ene aitatxi. Balin bada gizon onik, gizon zuzenik, hura zen. Saindu bat. Bainan Jinkoaz, otoi, ez zazula pitz. Hemen daiteken baino hobeki da den tokian. Mundu huntarat baletor berriz, berriz hil laiteke gu ikustearekin, hain itsutuki maite ginintuen ilobak, zertaratuak giren: oro elgarrekin samur, gure etxalde poxia auzitan xahuturik. Bagira sei haurride, oro haurrez beteak, ahal bezala bizi. Ez ginuke ororen artean otto gaixoaren haztekorik. Goseak eta egarriak berriz hil lezakete laster. Alta gizagaizoak ez du holakorik merezi. Jauna, ez zazula pitz, otoi!

      —Hok dire jendeak! Guziak baduzue beraz zerbeit estakuru, zoinek zuen hilak pizturik etxerat ez ereman nahiz. Zer mila sorgin? Ala uste duzue jostatzerat etorria nitzauzuela ni hunat?

      —Jaun medikua, ez, otoi, kexa. Alabainan ikusten duzu gure heina. Badakizu nolako urteak doazin gu bezalako jende beharrarentzat. Saltzeko ginintazkeen abereak eta azindak urririk behar ditugu eman. Mandoek ez dute joaiterik, ogiak deus ez du uzten. Nondik nahuzu, jauna, ihardok dezahun? Hilak piztekotz, gu behar gira hil. Pitz zazu aberatsago norbeit.

      —Uzten dut beraz Erlanje. Bizkitartean ez bainaiz jina bakarrik zuen erasien aditzerat, errazu nor duzuen nahi pitz dezazuedan.

      —Jauna, pitz zazu Etxexuriko Katixa —oihu egiten dio mutxurdin batek—. Adixkide minak giren Katixa zena eta ni. Emadazu hunat ene Katixa maitea.

      —Ez, jauna, bego geldirik bere onetan —dio bazterretik neskatxa gazte batek—. Gaixoa! Oren onean deitu zuen hura bereganat Jinkoak. Erranen dautzut, jauna, Katixa zenaren gizongeia herritik urrun joana da ihesi... eta ez bakarrik. Gaixo Katixa! Hobe dun hik holakorik ez jakitea!

      —Badakizue gero, garroztarrak, kexatzen hasia nizela? Azkenean, ez badezaket egin zuen gogora, eginen dut nahi dutana, aditzen duzue? Ele guti egizue niri, pitz dezadan Xobadin Elizaldekoa, iragan hilabetean hila bere mihia iretsirik, ustez eta xarbo bat iresten zuen.

      —Hitz bat, jauna, barkarnendurekin: ez nuke nahi nik Xobadin zena pitz dezazun —zion ihardetsi Patin Bidegainekoak—. Ezen, jauna, Xobadinek bere etxea eta mahastia salduak zauzkidan, hil arteo nik haztekotan. Hitz dautzut ongi pagatuak ditudala. Hameka urte luzez hanxe hazi dut Xobadin, segurki eta halere deusen eskasik gabe. Ni has orai berriz haren ahora pazkatzen…! Ikusten duzu, jauna. Herri guziaren irringarri nindakela.

      —Hala da. Ez lakikezu laket, ikustea Xobadin pizturik berriz jan-edanei lotzen.      Bainan garbiki, ez dakit gehiago norat itzul... Ea, goazin ikus. Hanxeko lur meta ttipiño haren pean nor ote den ehortzia? Daukat haurño bat dela, duela urtea hila. Beldur naiz egiazki bekatu egin, hura piztuz. Gaixo aingerua! Zeruaren erdian da. Hobe du han egoitea berriz hunat jinik hemen bizitzea baino, nik entzuten ditudanen entzuteko... Bizkitartean, zuek hala nahi baduzue, piztuko dut bardin.

      —Jaun medikua —zion orduan erran atxo xahar batek nigarrez—, gurea zen haur hori. Horren amaxo naiz ni. Hil zenean . ez zion oraino bularra kendua ene alabak. Lehen hortzak doi-doi hasiak zituen xilatzen. Gaixo maitea! Ikusi bazinu nolako haur ederra zen! Jainkoak hartu dauku, egin bedi haren nahi saindua! Jauna, bertze haurño bat badugu orai bularrean. Jainkoak badaki zer ari den: esku batez kentzen duena bertzeaz emanen du. Ez beraz otoi pitz haur hil hori. Nehondik ez lituzke amak biga betan bere esnetik hazten ahal, eta ez gira gu aski aberatsak, bietarik bat amañotan ezartzeko.

      Baiki!... Medikua han dago, bi besoak kurutzaturik, lurrari so, gogoetatua...

      Bere baitan, erdi ahapeka, asko ele baderasa:

      «Hauxe da lastima! Ez denez burua galgarri! Ote da munduan garroztarrak bezalako jenderik? Bizkitartean xo, xo ixilik otoi. Huna zer heldu zautan gogora. Oraikotik badut. Huntaz bederen ez ahal duzue nehork deus erraitekorik ukanen».

      Harrituak daude oro, lepoa luzaturik, medikuari so: nor ote duen?

      —Nahi duzue nik erran, nor behar dugun piztu, deus bertze ondoriotasunik utzi ez duena, bere etsenplu ederren oroitzapena baizik, eta zenbeit sos bakar, herriko jende beharrentzat? Hura da zuen erretor zena, hanbat maite zintuzten erretora. Nigar xorta onik ixuri ginuen orok, hura galdu ginuenean. Hura behar dugu piztu. Zer diozue hortaz? Oraikotik bagirea ala ez?

      —Ez, jauna —diote ihardesten handik eta hemendik zazpi edo zortzi beatak, orok betan, elgarrekin hitzartuak izan balire bezala—. Ez, jauna, ez, otoi.

      —Zer?

      —Jauna —dio Arroxali, kongregazioneko presidentak—, ongi anitz egin du bere denboran gure erretor zenak. Bainan azkenerat ezindua zen gaixo apeza. Pekada bezen elkor, kofesioan mintzatzen bazitzaion arto, ihardesten zuen ogi. Oihuka baizik ez zitzaioken deus adiaraz. Badakizu, jauna, xoko hartan oihuka mintzatu behar izaitea ez da laket. Bego beraz, Jainkoak bere lorian duela, ongi merezitua du! Eta gero, jauna, badugu erretor berri bat hauta: pastiza bezen gozoa, organoak bezala kantatzen, eta predikatzen... nola! Xoragarri da haren aditzea. Orok maite dugu. Deusetan ez ginuke nahi orai hori galdu, ez trukatu. Beraz, jauna...

      —Aski, aski, andere Arroxali. Baduzu aski erranik. Eta nik badut egungotzat ja soberaxe aditurik. Goazin etxerat. Ez duzuenaz geroz nahi egun hemen pitz dezazuedan zuen hiletarik bat, bertze aldi batez hobeki elgar adi dezakegu. Beti nik nere ahalak eginen ditut, ez banauzue ere hilen pizterat utzi nahi, bederen biziak hiltzetik begiratzeko. Iguzkia apalduxea da. Gosetuak zarete engoitik. Egizue afal eta lo. Ondoko egunak arte.

      Atsegin hartu zuten garroztarrek, azken hitz hoik aditzearekin! Haurrak eta oro han zauden, ixil eta gurbil.

      Medikuak itzulian orori agur bat egin zioten; eta joan zen etxerat ororen aitzinean, parasol gorria besapean, urratsa pixkor eta burua gorarik.

      Sinesten ahal duzue, irri eta trufa guti ukan zuela ondotik. Orduz geroztik, mirakulu handiak egin zituen mediku harek Garrozen [Cucugnan-en] eta handik zazpi herri inguruetan.

      Ez zituen eiki hilak pizten.... ez baitzuten utzi. Bainan zenbati ez zioten bizia begiratu? Sineste osoa zuten hura baitan, amikuztar guziek. Alabainan ez zena beti liburutan ari? Orok zaukaten Frantzian ez Espainian ez zela bertze bat, hura bezalakorik.

 

CUCUGNANGO MEDIKUA
Josep Romanilha

moldatzailea: Jean Hiriart-Urruti
armiarma.eus, 2016