BURDINBIDEKO ISTRIPUA
Thomas Mann

Das Eisenbahnunglück, 1909
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Kontatzeko zer edo zer? Nik ez dakit ezer ordea. Baina tira, hala behar badu, konta dezadan zer edo zer.

      Behin —orain bi urte dagoeneko— burdinbideko istripu batean egokitu nintzen,  xehetasun guztiak begi aurrean dauzkadala esan nezake.

      Ez zen izan goreneko istripu horietako bat, akordeoi klasiko bat, burdinen artean mazpildutako jende ugarirekin eta abar, ez; alabaina behar den bezalako burdinbideko istripua izan zen, horrelakoak dakarren inguruabarrarekin, eta gutxi balitz, gauez. Gisa honetako jazoerak ez baititu edonork izaten, ahal dudan egokien kontatuko dizuet.

      Dresdenera nindoan, literatura sustatzen duten jaun batzuek gomitaturik. Bidaia artistikoa beraz, bikaindu baten bidaia, noizean behin uka ez nitzakeen horietakoa. Agidanez, batek ordezkatzen du zerbait, ospean sartua da, txaloka hartzen du jendeak; ez da alferreko kontua Gilen II.aren subditoa izatea. Bestalde, Dresden hiri ederra da —Zwinger jauregia bereziki—, eta gero Orein Zurian hamar edo hamalauren bat egun emateko asmoa neukan apur bat indartzeko, eta agian, tratamenduaren ondorioz goi-hatsak bisitatuko banindu, lan pixka bat egiteko ere bai. Helburu horrekin sartu nuen eskuizkribua maletaren hondoan, neure oharrekin, koartila mordo handia, biltzeko paper nabarrean eta Bavierako koloreak zituen listari sendo batekin lotua.

      Eroso bidaiatzea maite dut, batez ere txartela ordaintzen badidate. Ohe-bagoia hartu nuen beraz; bezperan lehen mailako departamentu bat eskatua nintzen eta hantxe nengoen orain, ederki instalatua ezinegonaren sukarra neukan arren, bidaiako sukarra, halakoetan beti gertatzen zaidan bezala, etxetik irtetea mentura bat izaten jarraitzen baitu niretzat eta ez naiz sekula nahi nukeen bezala zailduko. Ongi dakit Münchengo Geltoki Nagusitik abiatzen dela arratsaldero Dresdenerako gaueko trena, eta goizero iristen dela Dresdenera. Baina gertatzen banaiz bidaiarien artean eta nire patu ospetsua  trenarenarekin lotua bada, kontu larria dut. Orduan ezin burutik kendu trena nire ohorez abiatzen dela beren-beregi, eta errakuntza irrazional honek sakoneko, isileko ezinegona dakar. Eta ez nau utziko maletak katonatu, etxetik geltokirainoko tartea trastez beteriko taxian egin, geltokira iritsi, ekipaia fakturatu, bidaiako formalitate guztiak gainditu arte eta guztiz neure lekuan eta segur naizen arte. Orduan, aitor dut, halako patxada ezti  batek hartzen dit gorputza, espiritua bestelako kontuetan laketzen da, beirazko bobedan zehar erakartzen nau urruntasunak eta itxarote pozgarri bat jabetzen da gure sentiberatasunaz.

      Halaxe gertatu zen hartan ere. Eskupeko on bat emana nion ekipaia ekarri zidan mutilari, eta bidai on opa zidan kapelua altxatuz. Arratsalderoko zigarroa erretzen ari nintzen ohe-bagoiaren pasiloan, leiho batean agondua eta kaiko irakite hari beha. Txistuak eta gurpil karrankak entzuten ziren, lasterraldi presatuak, despedidak eta kazeta eta freskagarri saltzaileen oihuen kantua, eta ibili behar honen guztiaren gainetik sutan ziren ilargi elektriko handiak udazken arratsalde hartako lainoaren erdian.

      Gazte indartsu bik garraiatzen zuten maleta handiz zamaturiko orga trenaren aitzinaldera, maleten furgoia zegoen hartara. Neurea atzeman nuen, ezagunak zitzaizkidan arrasto batzuk medio. Han zihoan, besteen arteko bat, hondoan paper mordo garrantzizko hura zeramala. «Tira —pentsatu nuen—, ez da zertan kezkatu, esku onetan dago! Horra kontrolatzaile hori, larruzko bandolera, mariskalaren mustaxa, behakoa gogor eta zorrotz. Ikusi zeinen zakar erasiatzen duen mantelina beltz higatua daukan atso hura, bigarren mailako bagoi batean sartzera egin duelako. Horra hor garbi gure Aita Estatua, agintea eta segurtasuna. Ez da samurra tratuan, zurruna da, alegia, basatia, baina fidagarria zaizu eta zure maleta hain segur da horrekin nola Abrahamen baitan».

      Sasoiarteko gabana eta polainak jantzitako jaun bat dabil kaian, txakurtxoa daramala uhaletik. Inoiz ez nuen ikusi halako txakur politik. Dobatxakur mozkote bat, distiratsua, gihartsua, orban beltz batzuk zeuzkana, publikoa libertitzeko zirkuetan beren gorputz txikiek eman ahala pistaren inguruan lasterka ikusten diren txakurtxoak bezain zaindua eta jostagarria. Zilarrezko lepokoa darama, eta gidatzen duen uhala espartzu koloreko larrua da. Hau dena ez da batere harrigarria jabeari ohar ematen badiogu, polainadunari, aitonsemeren bat izan behar du. Are itxura tenteagoa ematen dion monokuloa dauka begian tinkatua, eta mustaxaren adarrak egoskor goratzen dira, ezpainei, kokotsari bezala, nagusi eta manatari jitea emanez. Zerbaiten galdea egin dio militar itxurako kontrolatzaileari, eta gizon xalo hark, berehala jabetu baita nor ari zaion, eskua kapelura jasorik agurtu du erantzuteko. Zaldunak osteratxoan jarraitu du gero, eragiten duenaz harro. Polainetan sartua, fier da bere buruaz; aurpegi hotza du, garratza, eta ez da ez gauzen ez gizonen beldur. Ezagun du ez duela inoiz pairatu bidaiako sukarra. Beretzat, bidaia bat bezalako gertaldia hain da arrunta non bidaiatzea ez den inolako mentura. Etxean bezalaxe dago, lasai eta erakundeen edo botereen beldurge, botere horien zati denez bera ere. Hitz batean esateko, zalduna da. Ez naiz aspertzen hari beha.

      Ordua dela iritzi dionean, trenera igo da. Gidaria bizkar delarik, hain zuzen. Nire gibeletik iragan da pasiloan eta, bultza egin badit ere, ez du barka ezazurik esan. Zelako zalduna! Baina hau ez da ezer ondotik datorrenaren aldean: zalduna, ez bat eta ez bi, txakurrarekin sartu da departamentuan! Debekatua da, zalantzarik gabe. Nola ausartuko nintzateke ni txakurra sartzen ohe-bagoi batean? Baina bera bai, bizitzaren gaineko zalduna delako dauka eskubide hori, eta atea itxi du.

      Txistua jo zuten, lokomotorak erantzun zion, trena inarrosi egin zen eztiro. Leihoan jarraitu nuen puska batean. Lehorrean geratu zirenen esku seinaleak, burdinazko zubiak, balantza egiten zuten argiak ikusi nituen iragaten… Bagoi barrura erretiratu nintzen gero.

      Ohe-bagoia ez zegoen guztiz betea, bazen departamentu bat hutsik neurearen aldamenean. Lotarako prestatu gabe zegoenez, hantxe sartu nintzen ordu beteko irakurraldi lasaia egiteko. Halatan, liburua hartu eta itzuli egin nintzen. Aulkia izokin koloreko zetaz forratua zegoen, hautsontzi bat zeukan mahaitxo tolesgarriak. Lanparak gas argi bizi bat ematen zuen. Irakurtzeari eman nion erre bitartean.

      Azaltzen da ohe-bagoiaren arduraduna bere egitekoak eskatzen dion gisan eta gauerako txartela eskatzen dit. Belztutako eskuan ipini diot. Kortesia handiz egiten du hitz baina hitz profesionalak egin dizkit, ez dit gau onik esan gizonek batak besteari bezala eta hurrengo departamentuko atean jotzera aldendu zait. Hobe zukeen aurrera segitu izan balu horrelakorik egin gabe, polainaduna baitzen bertan, eta txakurra ikusterik nahi ez zuelako edo ordurako oheratua zelako, kontua da suak hartu zuela, poxelatzeko kopeta izan zutelako. Bai, nahiz trenaren trapata, ezin menderaturiko haserre primarioaren leherketa entzun nuen pareta mehean zehar.

      —Zer dugu? —egin du oihu—. Utz nazazue bakean, tximinobuztan ez besteak!

      Tximinobuztan iraina erabili du, lagunarte oneko irtenaldia, zaldigaineko jaunaren esana, zaldunarena, bihotza indarberritzen zaizu entzunik. Baina ohe-bagoiko kontrolatzailea jardunean hasi da, derrigor behar du ikuskatu jaunaren txartela, eta pasilora irten naizenez istilua gerturik jarraitzeko, non ikusten dudan bidaiari egoskorraren atea zirritu dela noizbait astindutxo batez, eta txartelak tiro zakar batean jo du enplegatuaren aurpegia, zarta!, erdiz erdi jo du aurpegian gogor. Txartela lurreratu baino lehen harrapatu du bi eskuekin, eta ertzetako bat begian sartu zaion arren malkoa sortuz, hankak batu eta militarki agurtu du eskua kapeluan. Asaldaturik, neure txokora itzuli naiz.

      Beste zigarrotxo bat erreko banu? Hausnartu dut nolako argudioak erabil litezkeen ezetzaren alde, eta ez dut ia deus aurkitu. Bigarrena erretzeari ekin diot bideginez eta irakurriz, trenpu onean nago eta pentsamenduz mukuru. Denbora badoa, hamarrak izan behar dute edo hamar eta erdiak, edo beranduago, ohe-bagoiko bidaiariak etzatera joan dira, eta nik ere hobe nuke gauza bera egin baneza.

      Altxatzen naiz bada, eta neure logela-kabinara noa. Alkoba txiki bat da, baina perfektua eta luxukoa, larru estanpatuko tapizekin, pertxekin eta nikelatutako azpil  batekin. Beheko etzangia zuri garbiz jantzi dute, eta etzatera gomitatzen zaitu. «O, aro modernoa! —nire kautan—. Hementxe oheratuko naiz etxean banengo bezala, balantzatxo batzuk gauean eta horra goizean Dresdenen!». Hartzen dut saretik nire eskuzorroa garbiketarako tresnak atera eta tualeta arin bat egiteko. Besoak luzaturik jasotzen dut neure buruaren gainetik.

      Une horretan bertan jazo zen burdinbideko istripua. Orain izan balitz bezala daukat gogoan.

      Astindu bat izan genuen… Baina astindu hitzarekin ez da askorik esaten. Gaiztotasun nabarmena zekarren astindua zela gaztigatu zuen berehala. Astindu gorrotagarri kirrinkaria. Eta hain bortitza non eskuetatik auskalo nora jalgi zen poltsa airean. Aurrerantz jaurtita pareta jo nuen, bizkarra minduz. Astirik ez pentsatzen hasteko. Berehala izugarrizko kordokatze bat, eta huraxe sosegatu artean ukan genuen, bai, pentsamendutan laketzeko astirik. Trenaren bagoiak balantza egiten du biaren aldaketetan, bihurgune itxietan, ohikoa dugu hori. Baina kordokatze hark ez zuen uzten inor zutik, pareta batetik bestera jaurtitzen zintuen eta igartzen genion irauli egingo ginela halako batean. Pentsamendu sotil batek obsesionatu ninduen, hartan bildu nuen gogoa, hartan besterik ez: «Hau ez dabil ongi, hau ez dabil ongi, hau ez doa inolaz ere ongi». Horrelaxe, hitzez hitz. Eta ondoren: «Geldi! Geldi! Geldi!». Trena gelditzearekin asko aurreratuko genuelako. Eta hara non neure agindu sutsu eta isila entzunik, konboia gelditu egin zen.

      Isilarte osoan egonak ginen ohe-bagoian. Bat-batez, izulaborri larrian ginen denok. Emakumezkoen garrasi minak gizonezkoen harridura zakarrekin nahasi ziren. «Lagundu!» oihuka sumatzen dut norbait nire inguruan, eta zertan duda, «tximinobuztan» esaera erabilia zuen ahots bera da, polainadun jaunaren ahotsa, ikarak aldatua egotea. «Lagundu!» egin du oihu, eta gainerako bidaiariak metatuak dauden pasilora irten naizeneko, zetazko pijaman azaldu zaigu brastako batean, begiak galduan behatzen digula guztioi. «Jainko jauna! —oihu—. Jainko guztiahalduna!». Eta areago umilduz —agian zeharoko hondamena saihetsi nahirik— «Maitasun hutsa zaren Jainkoa!» gaineratu du... Baina bere onera etorri da tanpez, eta bere burua laguntzea hautatu du. Paretan sartua zegoen armairura egin du laster, ukabilkada batez hautsi du aizkora eta zerra gordetzen dituen beira, eta hala ere tresnak hartzera iritsi ez denez, utzi egin dio, bidea ebaki du metatutako bidaiarien artean, hain suhar bultzaka non emakumezkoak, erdi jantzian, garrasika hasi baitira ostera, eta aire agerira heldu da.

      Begien itxi-ireki batean jazo zen hau dena. Orduan jabetu nintzen nire izialduraren erasanaz: halako ahulezia bat bizkarrean, listua ezin irentsi neke gabe. Denok bildu ginen ageri zen belztutako eskuak zeuzkan enplegatu begigorrituaren inguruan. Damek, beso-bizkarrak biluzik, eskuak bihurritzen zituzten.

      Plantxetatik atereak ginen, argitu zuen enplegatuak, trenak karrila galdu. Gero frogatu zenez, ez zen halakorik gertatu zehazki; baina horra, istripuaren eraginez hiztun bihurtu zen, pikutara bidali zuen bere zurruntasun profesionala, gertakariaren handiak mihia askatu zion eta bere emazteaz jardun zitzaigun etxekotasun osoan.

      —Esan diot emazteari, emakumea, esan diot, susmo txarra hartua nago gaur zer edo zer gertatuko dela.

      Arraioa, esan al genezakeen ez zela deus gertatu? Arrazoia eman genion guztiok. Lurrun lodi bat ari zen sartzen kotxean nonbaitetik, eta nahiago izan genuen jaitsi eta gauaren erdian geratu.

      Jaitsi ahal izateko jauzi handia egin behar genuen oinlekutik burdinbidera, han ez baitzegoen kairen baten arrastorik eta, gainera, begi bistakoa zen gure kotxea trabeska geratua zela eta beste aldera ari zela okertzen. Baina damek, beren haragiak tarrapatan estalirik, jauzi egin zuten etsirik, eta laster ginen denok burdinbideen artean.

      Osoro ilunduko zuen laster. Igarri genion ordea gure atzetik ez zela bagoirik falta, gureak bezala errailetan trabeska zeuden arren. Baina aurrean, hamabost edo hogeiren bat pauso aurrerago! Ez ziren alferretan izan talkak sortu zituen karraska lazgarriak! Ez genituen sumatzen suntsipenaren ertzak baino, haien gainean egiten zuten argi gidarien linterna txikiek.

      Iritsi zitzaizkigun albisteak, aurpegi eragabetuek, izuturiko pertsonek eman ziguten egoeraren berri. Oso hurbil ginen geltoki txiki batetik, Regensbur ondokoa, eta orratz hondatu bat zela kausa, gure espresa okerreko bia batean sartua zen tupust eginez, abiada bizian, bertan geldirik zegoen merkantziaren atzealdearekin. Biatik landa bota zuen, gibeleko bagoiak birrindu zituen berak ere kalte handiak hartuz. Gure treneko lokomotora handia, Müncheneko Maffei etxean egina, suntsitua zen, bitan urraturik. Zazpi mila marko kostea zen. Eta kasik lurreraino makurtuak ziren burualdeko bagoietan, aulkiak bata bestean enpotratuak zeuden. Ez, Jainkoari esker ez genuen giza-galerarik deitoratu behar. Atso bat atera ote zuten puskailen artetik, baina inork ez zuen horrelakorik ikusi. Zartakoak elkarren gainera bota gintuen bidaiariok, nahas-mahas, haurrak poltsa-maleten azpian kukutu behar izan zuten, eta izialdura gorri bat nagusitu zen, behinik behin. Maleten bagoia burdin txirbila bihurtua zen. Zer bihurtu zen maleten furgoia, e? Txirbil hutsa.

      Hona ni ederki saritua!…

      Kapelurik gabeko enplegatu bat lasterka trenaren mutur batetik bestera. Geltokiburua da, noraezean eta begiak bustirik, bidaiarioi aginduak betetzeko eskean, libre uzteko bia eta bagoietan sartzeko. Baina inork ez dio jaramonik egiten, kapelua galdu baitu, eta harekin batera lehen zeukan planta eder hura. Gizajoa! Bere gain zeukan erantzukizun osoa. Menturaz istripuak karreraren azkena eta bizitzaren hondamena ekarriko dizkio. Ez zatekeen egokia harengana jotzea neure maletez jakiteko.

      Beste enplegatu bat iritsi da hinki-hanka, mariskalaren mustaxa dakarrelako ezagutu dut, kontrolatzailea da, arratsalde hartan bertan ikusia nuen behako gogor eta zorrotzeko hura bera, Aita Estatua. Makur egiten du herren, esku bat belaunean emana, eta hartaz baino ez da arduratzen.

      —Ai, ai!, ai!

      —Tira, tira, zer duzu?

      —Ai, jauna! Erdiz erdi harrapatu nau. Ezin nuen arnasarik hartu. Sabaitik egin behar izan dut ihesaldia!

      Sabaitik ihesi egin behar hura prentsako hizkera egiten zaizu noski; egia esan, gizon hark ez zuen zuzen erabiltzen «ihesaldia» kontzeptua. Ez zeukan gogoan bere istripua, baina bai bere istripuaren prentsako albistea. Ez zitzaidan interesik sortu hala ere, gizonak ezin zidan deus esan nire eskuizkribuaz. Eta puskaila artetik onik eta oso datorren gazte batengana jo dut, zurrun eta urduri badator ere, maletez galde egiteko.

      —Inork ez daki ezer, jauna.

      —Nola dago hura dena?

      Eta ahotsaren nolakoan konprenitu dut pozik egon behar nukeela hezur bat bera ere hautsi ez izana.

      —Nahaste-borraste handia dago hor. Emakumezko zapatak… —esan du suntsimenaren handia adierazteko besoa zakar erabiliz, sudurra zimurtuz—. Puskailak ateratzeko lanek esango digute zenbaterainoko... Emakumezko zapatak!

      Hona ni zertan naizen, gaueko bakarti, burdinbidean, neure bihotza ikertzen. Puskailak ateratzeko lanak nire eskuizkribuaren gainean egingo dira. Beraz, suntsitua, mutilatua, puskatan. Nire erlauntza, artistikoki ehunduriko oihala, lurpeko labirinto burutsua, neure harroa eta neure damua, neure baitatik sortu onena! Zer egin hala bada? Kopiarik ez, testu huraxe besterik ez, ordurako antolatua eta moldatua, bizia eta ozentasun hartzen hasia, ez aipatzearren neuzkan oharrak eta ikerketak, neure zahartzalearen zakuko altxorra, urtez urte metatua, jasoa, belarritik harrapatua edo amarruz edo oinazez irabazia eta neure materiala osatzen duena. Zer egin? Egoera sakon aztertuta, bururik buru berreraiki beharko nukeela jakin nuen. Baiki, piztia baten egonarriaz, bere adimen murritzaren eta bere saiatuaren obra bitxi eta korapilatsua suntsitu dioten izaki primitiboaren egoskortasunaz, asaldura eta durduzaldiaren ondoren hasieratik ekingo nion ostera eta, apika, ez zitzaidan hain nekeza gertatuko…

      Anartean, suhiltzaileak heldu ziren puskailen gainean argi gorrixka egiten zuten zuziekin, eta trenaren aitzinaldera jo nuenean ekipaien furgoiaren bila ukitu gabe zegoela ikusi nuen, kutxek eta maletek ez zeukatela ezein kalterik. Lurrean sakabanaturiko trasteak talka egin genion merkantzia treneko gauzak ziren, ezin konta ahala lokarri matazak, listari pilota itsaso bat, begiak osorik ezin harturiko eremua estaliz.

      Lasaitu egin nintzen eta elkarrekin pairatu ezbeharraren medioz ezagutzak egiten eta nabarmendu beharrez harrokerian eta solasean ari zirenengana batu nintzen. Nolanahi zelarik ere, bagenuen egiazko kontu bat: gure makinistak adorea zeukan, eta azken unean alarmako galgari eragin zion hondamendi handiago bat eragotziz. Bestela, esaten zuten, guztizko hondamendia edukiko genuen, eta trenak amil eginen zuen, agian, ezkerrean geneukan erroitz handian. Miresteko gidaria! Ez zen ageri, inork ez zuen ikusi, baina halaz guztiz tren osoan hedatu zen haren ospea eta guztiok laudatu genuen gugandik auzo genuen arren.

      —Gizon horrek —esan zuen jaun batek, eta ezkerreko eskua luzaturik gauaren punturen bat erakutsi zigun—, gizon horrek salbatu gaitu guztiok!

      Eta nork bere iritzia eman genuen.

      Baina gure trena ez zegokion bia batean geneukan eta, beraz, ezinbestekoa zen atzealdea zaintzea, beste trenen batek porroka ez zezan. Hala bada, suhiltzaile batzuk azken bagoian jarri ziren bikeztaturiko zuziekin, eta «emakume zapatak» leloarekin hainbeste beldurtu ninduen gazte hark ere seinale egiten zuen zuzia alderik alde erabiliz, trenik sumatzen ez genuen arren.

      Apurka bederenik, ordenaren antzeko zerbait hasi zen nagusitzen anabasa hartan, eta Aita Estatuak indarrean ezarri zituen bere larderia eta bere itzala. Telegrafiatu zuten, eta behar ziren pauso guztiak emanak ziren: larrialdietarako tren bat heldu zen Regensburgetik geltokira tentuz lurrun hodei batean, eta gas erreflektore handiak ipini zituzten hondamendiaren luku gainean. Bietatik alde egiteko agindu ziguten orduan, eta geltokian babesteko berriro bagoiratuak izan arte. Gure eskuko ekipaiak genituela, eta zenbaitek burua bendaturik, geltokiko itxaron gelara abiatu ginen bertako biztanle jakingoseen lerroan barrena, eta hantxe antolatu ginen ahal bezala. Ordu bete beranduago tren berezi batean kokatuak geunden guztiok, nola edo hala.

      Lehen mailako txartela neukan nik (ordaindutako bidaia nuen), baina alferrik, lehen mailako bagoietan nahiago izan baitzuten kokatu denek, eta konpartimentu hauek are beteagoak zeuden gainerakoak baino. Hala ere, neure txokoa lortu nuelarik, nor ikusiko, nire aurrean, trebes jesarria, bazter batean estu? Hura eta bera, polainak janzten dituen zalduna, «tximinobuztan» esaera bezalakoak dauzkana, nire heroia. Baina zakurrik ez ondoan,  kendu egin diote, bere aitonseme eskubideak hautsiz, lokomotoraren hurrena kateatua dagoen ziega ilun batean sartzeko, eta uluka ari da. Zaldunak badauka, berak ere, ezertarako balio ez dion txartel hori bat, eta marmarka ari da, istripua izeneko maiestateak ezarri duen berdintasun osoaren eta komunismoaren aurka. Baina baten batek bertutezko gaitziduran erantzun dio:

      —Zorionekoa izan behar zenuke jesarrita zaudela hala ere!

      Eta irri murritz bat eginik, zaldunak etsia hartu du ezin sinetsizko egoera honetan.

      Baina nor dator oraintxe, bi suhiltzailek lagunduta? Atso bat, amonatxo bat mantelina saretua buruan, Münchenen bigarren mailako bagoi batera igotzekotan egon zen huraxe.

      —Hauek al dira lehen mailakoak? —galdetzen du atertu gabe—. Hauek dira beraz lehen mailakoak?

      Eta baietz esanda lekutxo bat egin diotelarik, ileguriko jarleku apatzean egin du bertan behera «Aintza Jainkoari!» esanez, orain segur balego bezala.

      Hoffera heldu gineneko bostak, argitzen ari zuen. Gosari txikia egin ondoren, Dresdenera eraman ninduen ni eta neure puskak espres batek hiru orduko okerrez.

      Hau duzue, bada, nik bizi izan nuen burdinbideko istripua. Gertatu behar zitzaidan halako batean; eta logikazaleak aurka dauzkadan arren, geroztik aukera handiak ditudala uste dut berehalakoan behintzat halako batean berriz ez egokitzeko.

 

BURDINBIDEKO ISTRIPUA
Thomas Mann

Das Eisenbahnunglück, 1909
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015