AFORISMOAK
Stanislaw Jerzy Lec

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Ura leporaino, ez kezka edangarria ote den.

 

Gizakiaren ezjakina ez da zientziaren gibelean geratzen, haren abiada berean handitzen da.

 

Adimenaren aurreneko betebeharra, bere buruaz mesfidatzea.

 

Gizakia nahi zuen hartatik hil zitekeen garaien azkena ekarri du medikuntzaren aitzinamenduak.

 

Pozak jauzika hasten zarelarik, kasu oinen azpiko lurra ez diezazuten kendu.

 

Legea ez jakiteak ez zaitu libratuko betetzetik. Baina jakiteak bai, sarritan.

 

Oro gara berdin legearen aurrean, baina ez legea betearazi behar dutenen aurrean.

 

Batzuetan, hobe ahoa ixtea entzun gaitzaten.

 

Kontzientzia garbi zeukan: ez zuen inoiz erabiltzen.

 

Denek nahi dute zure ona. Ez utzi ken diezazuten.

 

Argia ekarri nahi izan zuen anitz, farola batetik urkatu zuten.

 

Hilezkortasunaren lehenengo ezinbestea, heriotza da.

 

Zerua lurrean bilatzen duenak lo hartuko du geografia klasean.

 

Kanibaltasuna amaitu egingo delakoan nago. Gizakia nazkatua dago gizakiaz.

 

Aberriaren maitasunak ez du besteren mugarik ezagutzen.

 

Beti aurkituko dugu eskimalen bat Kongoko biztanleek bero handien sasoian nola bizi behar duten arautzeko.

 

Izan gaitezen diskret. Ez galde jendeari bizi denetz.

 

Aitzinamendua ote da antropofagoek sarde eta labanarekin jatea?

 

Sar deitu gabe zeure baitan.

 

Isilei ezin hitza kendu.

 

Hil izanak ez du frogatzen bizi izana.

 

Kanibalek laketago dituzte bizkarrezurrik gabekoak.

 

Bere garaiari aurrea hartu zieten askok zain geratu behar izan zitzaizkion hagitz erosoak ez ziren lekuetan.

 

Ideien gerlan jendea da hiltzen dena.

 

Tamala, paradisura zerraldo joan beharra.

 

Estatuak suntsitu behar badituzue, gorde onik oinarriak. Balio dezakete.

 

Sinets ezazue ornitologoek erranik: idazleek, hegalak hedatu ahal izateko, askatasun osoa behar dute luma erabiltzearren.

 

Onartzen dut halako batean gizakiak gizakiñoa sortuko duela, gizaki artifiziala, baina jainkoarren, ez ahal du eginen jainkoak egin zuen oker bera, otoi, ez dezala egin bere iduri bereko!

 

Errealitatearekin egin dut amets bart arratsean. Nolako lasaitasuna itzarri naizelarik!

 

«Irteerarik gabe» baino nahiago dut «sarrera debekatua».

 

Hilezkortasunaren aurreneko ezinbestea heriotza da.

 

Pentsamendu sakonak garaiera eskatzen du.

 

Eta ni ateoa izatea erabaki badu jainkoak?

 

Mundura ematen duen leihoa irekitzeko aski da egunkaria.

 

Lastoak ez dauka usain bera zaldientzat eta maitaleentzat.

 

Ezagutu nuen halako belarri txarra zeukan bat non, teoriaren bat asmatu izan balu leku gorena edukiko zukeen musikaren historian.

 

Gezur galanta? Erne! Sorkuntzan gaude.

 

Ez ari gaizki esaka gizakiaz. Zure baitako ateetan daukazu entzule.

 

Gizakiak ez du haizu legea ez ezagutzea. Baina legeak ere ez du haizu gizakia ez ezagutzea.

 

Ez zabaldu inoiz atea baimenik gabe irekitzen dutenei.

 

Ez konta sekula zeure ametsak: bihar freudzaleek boterea hartuko balute?

 

Masokistek ere hitz egiten dute torturapean. Esker onez.

 

Oroimen ona duenak arrisku handiagoa dauka anitz ahazteko.

 

Infernuan, deabrua pertsonaia positiboa da.

 

Zenbaiten pentsamendua hain da sakona non ez baita iristen burura.

 

Busti nahi ez baduzu ere, saia zaitez besteok ez zipriztintzen.

 

Har gogoan: ez traditu inoiz egia, traditu zenbait egia!

 

Topatu nuen bat hain guti irakurria non berak behar zituen asmatu klasikoen aipuak.

 

Errekako erranak, zahartutakoan, mitoa sortzen du.

 

Hagitz kaltegarria da bizitzea. Hiltzea dakar.

 

Horrek? Ezjakintasun entziklopedikoa dauka!

 

Hitz bat esan nahi nion munduari. Ez bainuen lortzen, idazle bihurtu naiz.

 

Axolagabekeriak hil egiten du. Auzoa.

 

Egin dezagun kontu maitalea mila eta bat gautan aspergarrizko kontuak kontari edukiko lukeen emakumezko bat...

 

Zeri fede? Jainkoari, jainkorik bada.

 

Amerika aurkitzearen meritua ez omen da amerikarrena. Lotsagarria!

 

Bat da hutsunea, bestea ezereza.

 

Antisorgailuen publizitate bat asmatu dut: «Jaioko ez diren horiek bedeinkatuko zaituztete!».

 

Ez da izugarri bizkorra izanen jenio bat dela ez dakiena.

 

Aurpegia disimulatu nahi? Kalera zaitez biluzik.

 

Eta norbaiten oroitzapena baizik ez bagina?

 

Maizenik, sarrera zegoen horretan bertan dago irteera.

 

Jainko guztiak ziren hilezkorrak.

 

Gizakiak ez ote luke egin behar «bizitzetik opor» noizean behin?

 

Pazientzia luzea behar pazientzia izaten ikasteko.

 

Ametsekin ere egiten ahal dira konfiturak. Aski da frutak eta azukrea eranstea.

 

Zalantza egite hutsa erabakia da.

 

Egizu gogoeta pentsatzen hasi aitzin!

 

Besteren hizkuntza ez badakizu, ezin besteren isiltasuna konprenitu.

 

Mundua sortu ondoren sortu zen mundu honetakoa ez den gauza mordo hori.

 

Gailur oro da erroitzaren ertza.

 

Jo liteke huts birtuosismoz.

 

A, nolako kalbarioa! Emazteki biluziak besterik ez inguruan, leporaino jantziak.

 

Puritanoek mahats orriak erabili behar lituzkete begietan.

 

Zenbaitetan, bi eta bi lau ote diren.

 

Herrena ere badabil.

 

Elkarri buruz buru behatu eta nik ez nuen neure burua besterik ikusten, eta berak ez zuen bere burua besterik ikusten.

 

Alde, Satan! Ni deabruesarena naiz!

 

Batzuek nahi lukete sinesten dutena ulertu, besteek nahi lukete ulertzen dutena sinetsi.

 

Sesamo, ireki: jalgi egin nahi dut!

 

Psikopatarik gabeko mundu bat? Ez litzateke normala izanen.

 

Besteren analfabetismoak ere idaztea eragozten du.

 

Glandula politikoen hipertrofia dauka zenbaitek.

 

Kosta ahala kosta ororen prezio zerrenda behar genuke.

 

Erudizioz betetako hustasun itzela.

 

Inor ez da horren inozoa noiztenka inozoarena ez egiteko.

 

Estakuru bikaina gailurrean: ezin aitzina jo.

 

Saltzeko ezer ez edukita saltzea da benetako artea.

 

Norbera izateko, norbait izan behar.

 

Maite dut gizakia: nik ez nukeen inolaz ere sortuko.

 

Mundua ez dago burutik, gizaki normalendako ez den arren. Normalduendako da.

 

Aski da liluramenduei jaramon egitea ondorio errealak pairatzeko.

 

Ez oro sar zaku berean, ez duzu jaso ahal izanen.

 

Gerta gintezke hondoan sakonera heldu gabe.

 

Ez nago ados matematikariekin. Zero multzo batek kopuru beldurgarria osatzen du.

 

Nondik datorren ezkortasuna? Baikor biren tupustetik.

 

Arrazistak! Ez dute pentsamendu beltzik onartzen!

 

Ukan nahi ez genituen pentsamenduen egileak ote gara?

 

Batzuek sari gisa behar lukete bigarrenez bizi, besteek zigor gisa.

 

Ez erronkarik egin ergel bati artelan bat egin dezan, ekin eginen dio!

 

Geometriaren aitzinamendurako: lerro nagusia ikuspuntu kopuru mugagabe batez osatua da.

 

Zebra batzuek onartuko lukete kaiola zaldi zuritzat har ditzagun.

 

Pisukide bat ez ote den bizi gure baitan.

 

Gaitzena, infernuari su ematea.

 

Anitzek uste du izenaren ondoan ageri den gurutzetxoa plus bat dela.

 

Otsoak nobleagoak ditugu ardiak baino: ezin dute bizi ardirik gabe, ardiek ordea... Utz dezagun bere horretan.

 

Izan hadi altruista, errespeta besteon geurekoitasuna.

 

Orduan jakin izan banu egun dakidana, ez nuen egun jakinen.

 

Arrunt zabaldua da estukeria.

 

Zein ote da neure baitan sartzeko pasahitza?

 

Ereinotz koroaren onartzea, buruaren dimentsioak aitortzea da.

 

Kanibalek, ezagutza dastatu nahi dutelarik, jakintsuen mihia mozten dute.

 

Gizatasunak gain hartuko dio gizakiari.

 

Garai batean gizakia hurbilago zen gizakitik. Armek ez zuten luzerako ahalik.

 

Zinezko exhibizionismoa ez daukaguna erakustea da.

 

Balantza aldeko dutenean orekatzen dira batzuk.

 

Izan autodidakta, ez utz bizitzak ezer irakats diezazun.

 

Ez naiz leiala: oraingo tiranoari diodan gorroto bera izanen diot hurrengoari.

 

Hondakinak, historiaren zeinu mnemoteknikoak.

 

Mundua ikustea urririk da. Komentarioak dira ordaindu beharrekoak.

 

AFORISMOAK
Stanislaw Jerzy Lec

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016