Mapa eta lurraldea
[atarikoa]

Michel Houellebecq

La Carte et le Territoire, 2010
euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2014

 

      Jeff Koons altxatu berria zen bere eserlekutik, besoak aurrera, entusiasmo oldar batean. Haren aurrean eseria, larru zurizko kanape zetaz partzialki estali batean, bere baitan apur bat uzkurtua, Damien Hirst-ek objekzio bat agertzeko puntuan zirudien: aurpegia gorria, goibela zuen. Biek ala biek traje ilunak —Koonsek marra finezkoa— zeramatzaten, alkandora zuria eta gorbata beltza. Bi gizonen artean, mahai apalaren gainean, fruitu melatuzko saski bat zegoen jarria, ez batak ez besteak kontuan hartzen ez zutena; Budweiser Light bat edaten ari zen Hirst.

      Haien atzean, leiho zabal batek eraikin garaien paisaia batera ematen zuen,  poligono erraldoizko korapilo babilonikoa gertatzen eta ostertzaren mugetaraino hedatzen zena. Gaua argitsua zen, airea erabat gardena. Esan zitekeen Qatar-en edo Dubai-n zeudela; gelaren dekorazioa, izan ere, Abu Dhabiko Emirates hotelaren argazki publizitario batek inspiratua zen, alemaniar argitalpen luxuzko batetik aterea zena.

      Jeff Koonsen bekokiak apur bat distiratzen zuen; Jed-ek eskuila batekin lausotu eta hiru urrats egin zituen atzerantz. Begien bistakoa zen arazo bat zegoela Koonsekin. Hirst, azken batean, errazagoa zen atzematen: basati edo ziniko bihur zenezakeen, “nire sosen gainetik kaka egiten dizuet” motakoa;  orobat bihur zenezakeen artista sumindu (baina aberats halere), heriotzari buruzko lan urduria dabilkiona buruan; ororen buruan bazen bere aurpegian zerbait odol koloreko eta astun, tipikoki ingelesa zena, Arsenal-eko zale sutsu arrunt baten antza ematen ziona. Laburbilduz, alderdi desberdinak zituen, baina konbina zitezkeenak bere belaunaldiko britaniar artista baten potreta koherente, errepresentagarrian. Koonsek, aldiz, ematen zuen bazuela halako bikoiztasun bat, halako kontraesan gaindiezin bat salmenta-teknikariaren amarrukeria arruntaren eta aszetaren buruberokeriaren artean. Bazuen jada hiru aste ari zela Jed ukituak egiten Koonsek eserlekutik altxatzean zuen espresioan, besoak aurrera, entusiasmo oldar batean, Hirts konbentzitzen ahalegintzen ari bailitzan; pornografo mormoi bat margotzea bezain zaila zen.

      Bazeuden Koonsen argazkiak; batzuetan bera bakarrik, besteetan Roman Abramovitchekin, Madonnarekin, Barack Obamarekin, Bonorekin, Warren Buffettekin, Bill Gatesekin... Haietako batek ere ez zuen lortzen haren nortasuneko ezer adieraztea, ez zuen lortzen gainditzea munduaren aurrean agertzeko hautatu zuen Chevrolet kabriolet saltzailearen itxura, amorragarria zen; aspaldi hartan, gainera, argazkilariek bere onetik ateratzen zuten Jed, batez ere argazkilari handiek, klixeetan beren modeloen egia errebelatzeko pretentsioa zuten horiek. Ez zuten ezertxo ere errebelatzen, zure aurrean kokatu eta kameraren motorra abiaraztera mugatzen ziren, ehunka argazki ateratzeko itsu-itsuan, barretxoak eginez, eta gero saileko gutxienik txarrenak aukeratzen zituzten, horra nola aritzen ziren salbuespenik gabe argazkilari handi usteko haiek; Jedek pertsonalki ezagutzen zituen haietako batzuk eta ez zuen haienganako mespretxua baino, fotomatoi bat bezain kreatzailetzat hartzen zituen haiek guztiak.

 

      Sukaldean, urrats batzuetara bere atzean, ur berogailuak klaska idor sorta bat egin zuen. Gelditu egin zen, paralizatua. Abenduaren 15a zen dagoeneko.

 

 

      Urtebete lehenago, data berean gutxi gorabehera, ur berogailuak klaska sorta bera egin zuen, erabat gelditu baino lehen. Ordu batzuk geroago, atelierreko tenperatura 3º C-ra eroria zen. Lortu zuen kuluxka bat egitea, edo erdi lo egotea tarte laburretan. Goizeko seietan-edo ur beroko ontziko azken litroak erabili zituen axaleko txukuntze bat egiteko; gero kafe bat prestatu zuen, Iturgintza Orokor-eko enplegatuaren zain; goizeko lehen orduetan norbait bidaliko ziotela agindu zioten.

      Bere webgunean, Iturgintza Orokor-ak “iturgintza hirugarren milurtean sarraraztea” zuen helburu; hitzorduak errespetatuz has zitezkeen, hasi zen marmarka Jed hamaikak aldean, atelierrean zehar zebilela, berotzea lortu ezinik. Bere aitaren potret batean ari zen lanean “Jean-Pierre Martin arkitektoa bere enpresaren zuzendaritza uzten” izendatuko zuena; tenperatura jaisteak ezinbestean atzeratuko zuen azken geruza lehortzea. Onartua zuen, urtero bezala, Gabon gauean bere aitarekin afaltzea, bi aste geroago, eta espero zuen lehenago bukatzea margolana; iturgina ez bazen berehala etortzen, ez zuen beteko bere asmoa. Egia esan, kontuak ez zuen inolako garrantzirik, ez zuen pentsatzen margolana bere aitari oparitzea, erakutsi nahi zion, besterik gabe; zergatik ematen zion, bat-batean, halako garrantzia? Dudarik gabe nerbioak airean zituen momentu hartan, lan gehiegi egiten zuen; sei margolan hasiak zituen aldi berean, hilabeteak ziren ez zela gelditzen, ez zuen zentzurik.

      Hirurak aldean Iturgintza Orokor-era deitzea erabaki zuen; linea hartuaren seinalea egiten zuen etengabe. Bostak jota lortu zuen haiekin hitz egitea; bezeroen zerbitzuko emakumeak argudiatu zuen hotz handiak heltzeak eraginiko lan karga ohiz kanpokoa, baina agindu zion norbait bidaliko ziola hurrengo goizean, huts egin gabe. Jedek pausatu zuen telefonoa, gero gela bat erreserbatu zuen Auguste-Blanqui bulebarreko Mercure hotelean.

      Hurrengo egunean berriro egon zen egun guztia Iturgintza Orokor-a heldu zain, baina baita ere bitartean kontaktatu zuen Soilki Iturginak-en zain. Soilki Iturginak-ek “goi iturgintzaren” artisau tradizioaren errespetua agintzen zuen, baina bera ere ez zen gauza hitzorduak errespetatzeko.

 

      Jeden aitak, semeak egin zion potretean, irribarre oinazetsu batez goititzen zuen edalontzia, zutik oholtza baten gainean, bere enpresako berrogei bat enplegaturen erdian. Erretreta-hurrupa, bere arkitekto bulegoko open space-ean hartzen zen, horma zuriko areto handi bat, hogeita hamar metro luze eta hogei metro zabal, leihate batek argitua, non diseinu informatikoko guneak txandakatzen baitziren bi astoko mahaiekin, abian ziren proiektuen hiru dimentsiotako maketei eusten zietenak. Hara bilduen gehienak gazteak ziren, nerd itxurakoak: 3D diseinatzaileak. Oholtzaren ondoan, zutik, berrogeitaka urteko hiru arkitektok bere aita inguratzen zuten. Lorenzo Lottoren bigarren mailako oihal batetik harturiko konfigurazio baten arabera, haietako bakoitza beste bien begirada saihesten eta bere aitarena erakartzen saiatzen zen; haietako bakoitzak, berehala ikusten zenez, enpresaren burutzan haren ondorengo izateko itxaropena zuen. Aitaren begiradak, hara bilduen apur bat gainetik finkatuak, taldea bere inguruan azken aldiz biltzeko desira adierazten zuen, eta etorkizunarekiko konfiantza zentzuzkoa, baina ororen gainetik erabateko tristura. Sortu zuen eta bere ahaleginik hoberenak eskaini zizkion enpresa uzteko tristura eta halabeharrezkoaren tristura: onenak emandako pertsona bat zen itxura guztien arabera.

      Arratsalde erdian, Jed saiatu zen, alferrik, hamarren bat aldiz, Ze Iturginak enpresa kontaktatzen, telefonoa hartu bitarteko musika gisa Skyrock erabiltzen zuena; Soilki Iturginak-ek, aldiz, Rires et chansons zuen hautatua.

      Arratsaldeko bostak aldean Mercure hotelera heldu zen. Iluntzen ari zuen Auguste-Blanqui bulebarrean. Etxegabeek sua piztua zuten albo kalean.

      Hurrengo egunak era berean igaro zituen gutxi gorabehera: iturgintza enpresen zenbakiak markatzen, ia berehala zain egoteko musika entzun behar izaten, eta itxaroten, hotz gero eta ikaragarriagoa pairatuz, lehortu nahi ez zuen margolanaren ondoan.

      Abenduaren 24aren goizean konponbide bat agertu zen, oso gertu, Stephen-Pichon etorbidean bizi zen eskulangile kroaziar baten itxuran —Jedek ustekabean begiratu zion plakari Mercure hoteletik itzultzean. Libre zegoen, bai, berehala. Gizon txikia zen, ile grisekoa, azal zurbilekoa, hazpegi harmoniatsuak eta finak zituena, bibote txiki Belle Époque samarra zeramana; izan ere bazuen Jeden antz pixka bat, bibotea alde bat utzirik.

      Apartamentuan sartu eta berehala galdara aztertu zuen luzaz, aginte koadroa desmuntatu, bere hatz finekin jarraitu hodien ibilbide konplexua. Balbulez eta sifoiez mintzatu zen. Bizitzaz oro har asko zekienaren itxura ematen zuen.

      Ordu laurden bateko azterketaren buruan, diagnostiko hau eman zuen: konpon zezakeen, bai, konpontze gisako bat egiteko moduan zegoen, berrogeita hamar euroko kontua zen, ez gehiago. Baina, benetako konponketa bat baino, konponketatxo bat izango zen, hilabete batzuk, are urte batzuk iraungo zuena onenera jota ere, eta horrenbestez ez zion epe luzerako bermerik emango; oro har hitz eginez, ez zitzaion sanoa iruditzen galdara haren etorkizunaren alde apustu egitea epe luzean.

      Jedek hasperen egin zuen: espero zuen hori neurri batean, aitortu zuen. Oso ongi gogoratzen zen apartamentu hura erostea erabaki zuen egunaz, bederatzi urte lehenago; berriro ikusten ari zen higiezinen agente mozkotea, pozik, hango berebiziko argitasuna goraipatzen, “eraberritze” batzuen premia ezkutatu gabe. Bere buruari esan zion, orduan, higiezinen agente izan behar zukeela, edo ginekologoa.

      Higiezinen agente mozkotea, lehen minutuetan kartsu baino agertu ez zena, egiazko trantze liriko batek jo zuen jakin zuenean Jed artista zela. Lehen aldia zen, oihukatu zuen, aukera zuena artista-atelier bat artista bati saltzeko! Une batez Jed beldur izan zen benetako artistenganako solidaritatea aldarrikatuko zuela boboen —yuppiekumeen— eta soka bereko beste filisteoen aurka, prezioak igoarazten zituztenak eta horrela eragozten zizkietenak artistei artisten atelierrak, eta zer egin behar dut nik, ezta?, ezin naiz merkatuaren egiaren kontra joan, ez da nire egitekoa, baina zorionez ez da orain horrela gertatu; higiezinen agente mozkoteak aski izan zuen %10eko beherapena egitea, seguru asko jada aurreikusia zuena mininegoziazio bat egin eta gero.

      “Artista-atelierra”, elkar uler dezagun, leihatea zuen ganbara bat zen, leihate ederra, egia, eta gela ilun batzuk, ozta zirenak aski behar higieniko mugatuak zituen Jed bezalako norbaitentzat. Baina ikuspegia, egiatan, guztiz ederra zen: Alpeetako plazatik harantz Vincent-Auriol bulebarreraino eta airetiko metroraino hedatzen zen, eta urrutiago gotorleku koadrangularretaraino, zeinak 1970 urteen erdialdean paristar paisaia estetikoaren multzoaren erabat kontra eraiki baitziren, eta Jedek, alde handiz, Parisen maiteen baitzituen alderdi arkitektonikotik.

 

      Kroaziarrak konponketa egin eta berrogeita hamar euroak eskuratu zituen. Ez zion Jedi inongo fakturarik eskaini, eta berak ere ez zuen espero horrelakorik. Atea itxi berria zenean iturginak berriro jo zuen kolpetxo idorrez. Jedek erdi ireki zuen atea.

      —Bide batez, jauna —esan zuen gizonak—. Eguberri on. Hori esan nahi nizun: Eguberri on.

      —Bai, egia da —esan zuen Jedek deseroso—. Eguberri on zuri ere.

      Orduan ohartu zen taxiaren arazoaz. Espero zuen bezala, AToute-k argi eta garbi errefusatu zuen Raincy-ra eramatea, eta Speedtax-ek gehienez ere geltokiraino eramatea onartu zuen, asko jota udaletxeraino, baina ez horixe Txitxarren Hiriaren ingurura. “Segurtasun arrazoiak, jauna...”  xuxurlatu zuen enplegatuak halako erreportxu batez. “Ez dugu gune erabat seguruetan baino lan egiten, jauna” jakinarazi zuen bere aldetik Fernand Garcin Autoak-eko harreragileak, nahigabetu aire leun batekin. Apurka-apurka gero eta errudunago sentitzen zen, egin nahi izateagatik Gabon gaueko afaria Txitxarren Hiria bezalako gune desegoki batean, eta urtero bezala aitarenganako ezinikusia hasi zitzaion, tematsuki egiten baitzion uko uzteari etxe burges hura, parke zabal batek inguratzen zuena eta biztanleria mugimenduek apurka baztertu zutena eremu gero eta arriskutsuago baten erdigunera, eta orain dela gutxi gaizkile taldeek erabat kontrolatua zutena.

      Lehenik inguruko harresia sendotu behar izan zen, burdin sare elektrifikatua ezarri gainean, komisariara loturiko bideozaintza sistema bat instalatu, hori guztia aita bakarka eta nora ezean ibil zedin hamabi gela ezin berotuzkotan zehar, inork bisitatzen ez zituenak, Jedek Eguberri oroz izan ezik. Aspaldi ziren desagertuak auzoko dendak eta ezinezkoa zen oinez ateratzea inguruko kaleetara —autoen kontrako erasoak ere ez ziren bakanak semaforo gorrietan. Raincyko Herriko Etxeak emana zion etxeko laguntzaile bat —senegaldar emakume zakar eta are gaiztoa, Fatty izenekoa, begitan hartu zuena lehen egunetatik, maindireak hilean behin baino gehiagotan aldatzeari uko egiten ziona eta seguruenik lapurretatxoak egiten zizkiona erosketetan.

 

      Dena dela tenperatura gora zihoan geldiro gelan. Jedek argazki bat egin zion margotzen ari zen margolanari, horrela izango zuen zerbait bederen aitari erakusteko. Galtzak eta jertsea kendu zituen, hankak gurutze eseri zen ohe gisa erabiltzen eta lurrean berean ezarria zuen lastaira estuan,  eta tapaki bat jarri zuen gainean. Mailaz maila geldiagotu zuen arnasaren erritmoa. Uhinak irudikatu zituen, geldiro eta nagiki hedatzen ilunabar distiragabean. Bere espiritua gune bare batera bideratzen saiatu zen; ahalik hobekiena prestatu zuen bere gogoa Gabon gaueko beste afari baterako aitaren konpainian.

      Prestatze mental horrek ondorea izan zuen, eta afaria denbora tarte neutroa, ia erdi lagunartekoa izan zen; aspaldidanik ez zuen gehiago espero.

      Hurrengo goizean, zazpiak aldera, pentsatuz gaizkile taldeek ere ospatua zutela Gabon gaua, Jed oinez joan zen Raincyko geltokiraino eta ezbeharrik gabe heldu zen Ekialdeko geltokira.

 

 

      Urtebete geroago konponketak eusten zion, eta lehen aldiz ematen zuen galdarak ahuldade seinale bat. “Jean-Pierre Martin arkitektoa bere enpresaren zuzendaritza uzten” aspaldi bukatua zen eta gordea zegoen Jeden galeristaren biltegian, antolaketa luzatzen ari zen erakusketa pertsonalaren zain. Jean-Pierre Martinek berak erabaki zuen Raincyko etxea uztea, —bere semearen harridurarako, nahiz eta aspaldian uko egin zion hartaz aitarekin hitz egiteari— Boulogneko zahar etxe medikuntza-zerbitzuz hornitu batean kokatzeko. Urteroko afaria, honako honetan, Bosquet etorbideko Chez Papa izeneko garagardotegian izango zen. Jedek Pariscope-n aukeratu zuen, kalitate tradizionala, molde zaharrekoa, agintzen zuen iragarki labur bati fidatuz, eta promesa, oro har, bete zen. Eguberriko Bizarzuriek eta girlandez hornituriko izeiek berduratzen zuten sala erdi hutsa, non pertsona adinduen, are oso adinduen, talde txikiak baitzeuden batez ere, betiko sukaldaritzako jakiak mastekatzen arta handiz, ohartuki eta ia basakeriaz. Basurdekia zegoen, txerrikumekia, indioilokia; azkenburukoetan, etxeak, noski, Eguberriko subil pastiza molde zaharrekoa eskaintzen zuen, handizki erreen unitate batean bezain isil aritzen ziren zerbitzari ongi hezi eta umilen eskutik. Jed ongi konturatzen zen ergelarena egiten zuela aita horrelako afari batera gonbidatuz. Gizon idor, serio hura, aurpegi luze eta zorrotzekoa, ez zen, zirudienez, mahaiko gozamenetara inoiz emana izan, eta Jedek harekin otordu bat etxetik kanpo hartu zuen aldi bakanetan,  aitak bere lantokitik gertu ikusteko beharra izan zuenean, sushi jatetxe bat aukeratu zuen, beti bera. Patetikoa eta alferrikakoa zen harekin bizikidetza gastronomiko bat ezarri nahi izatea, jada ezin gerta zitekeena, eta inoiz ere, ziur aski gertatu ez zena —haren emazteak, bizi zelarik, beti gorrotatu zuen kozinatzea. Baina Eguberri zen, eta zer egin bestela? Janzkera-kontuez axolagabea izan zen beti aita, gero eta gutxiago irakurtzen zuen, eta ez zitzaion, antza, ia ezer interesatzen. Zahar etxeko andre zuzendariaren arabera, “aski integratua” zegoen, eta horrek esan nahi zuen hain segur ez zela ia inorekin mintzatzen. Mementoko, nekez mastikatzen zuen txerrikumekia, kautxu bloke bat balitz bezalako espresio berarekin gutxi gorabehera, ezerk ez zuen adierazten hautsi nahi zuenik luzatzen ari zen isiltasuna, eta Jed, urduri (ez zuen hartu behar Gewürztraminer-ik ostrekin, eskaera egin zuen momentuan bertan ikusi zuen, ardo zuriak beti nahasten zizkion ideiak) solasgai baten antzeko zernahiren bila ari zen frenetikoki. Ezkondua egon balitz, adiskide bat, edozein emakume alegia, izan balu, gauzak beste era batera gertatuko ziren —emakumeak gizonak baino hobe moldatzen dira familia-kontu horietan, beren hasierako espezialitatea da apur bat, are benetako umerik ez dagoenean hor daude umeak, aukera gisa, solasaldiaren horizontean, eta zaharrak bilobez interesatzen dira, gauza jakina da, naturaren zikloekin edo antzeko zerbaitekin lotzen dituzte, izan ere bada emozio moduko bat beren buru zaharretan sortzera iristen dena, semea aitaren heriotza da, hala da, baina aitonarentzat biloba birjaiotze edo errebantxa moduko bat da, eta hori nahikoa eta gehiago izan daiteke Gabon gaueko afariaren tartean bederen. Batzuetan Jedek esaten zion bere buruari escort bat alokatu behar zuela, eta Gabon gauetan minifikzio bat eraiki, aski izango zen neska ordu bi lehenago jakinaren gainean jartzea, aita ez zen besteen bizitzaren xehetasunak jakin zalea, ez gizonak jeneralean baino gehiago.

      Latindar lurraldeetan politika aski izan daiteke adin ertain edo handiko gizasemeen solasaldi beharretarako; behe mailako klaseetan kirolek ordezkatzen dute batzuetan. Balore anglosaxoiek eragin handia duten pertsonen artean, politikaren rola ekonomiak eta finantzek jokatzen dute; literaturak laguntza osagarria eman dezake. Kasu honetan, ekonomia ez zitzaien benetan interesatzen ez Jedi ez bere aitari, eta  politika ere ez. Jean-Pierre Martinek onartzen zuen oro har herrialdea gobernatua zegoen moldea, eta semeak ez zuen iritzirik kontu horretaz. Hau dela eta bestea dela, bide eman zien eusteko, ministerioz ministerio arituz, gazten orgatxoa heldu arte.

      Gaztak heltzean Jeden aita piztu egin zen apur bat, eta bere proiektu artistikoen berri galdetu zion semeari. Tamalez Jed zen oraingoan giroa iluntzeko arriskuan jartzen zuena, zeren bere azken margolana, “Damien Hirst eta Jeff Koons artearen merkatua elkarren artean banatzen”, ez zuen sentitzen, argi eta garbi; hein berean zegoen, bazen indar moduko bat bultzatzen zuena duela urte bat edo bi ezkero eta orain ahitzen, porroskatzen ari zena; baina zertarako esan hori guztia aitari, berak ezin zuen ezer egin, eta inork ezin zuen ezer egin gainera, jendeak ezin zuen apur bat tristatu baino, halako sekretu baten aurrean; ezer gutxi dira, izan ere, giza harremanak.

      —“Bakarkako erakusketa bat ari naiz prestatzen udaberrirako”, jakinarazi zion azkenean. Beno, apur bat luzatzen ari da. Franzek, nire galeristak, idazle bat nahiko luke katalogorako. Houellebeck darabil gogoan.

      —Michel Houellebeck?

      —Ezagutzen duzu? —galdetu zuen Jedek harriturik. Ez zuen inoiz pentsatuko aita interesatu zitekeenik inongo produkzio kulturalez.

      —Biblioteka txiki bat dago zahar etxean; haren eleberrietako bi irakurri ditut. Idazle ona da, nire ustez. Atseginez irakurtzen da eta gizartea ikusteko modu aski zuzena du. Erantzun al dizu?

      —Ez, oraindik ez... Jed ziztu bizian ari zen hausnartzen orain. Baldin errutina desesperatu eta hilgarri batean bere aita bezain sakon paralizatua zegoen norbait, bide goibelean, Herioren Itzal etorbidean hain barneratua zegoen norbait konturatu bazen Houellebecken existentziaz, dudarik gabe bazen zerbait idazle horren baitan. Orduan ohartu zen ez zela harremanetan jarri Houellebeckekin e-mailez, Franzek dagoeneko behin baino gehiagotan eskatua zion bezala. Eta halere presako gauza zen. Kontuan hartuz Art Basel-en eta Frieze Art Fair-en datak, erakusketa apirilean organizatu behar zen, maiatzean beranduenik, eta nekez eskatu ahal zitzaion Houellebecki katalogorako testu bat hamabost egunean idaztea, idazle ospetsua zen, are mundu osoan ospetsua, Franzen ustez bederen.

      Aitaren kitzikadura itzalia zen berriz, txerrikumekia bezain kar gutxiz mastekatzen zuen bere sant-nectaire-a. Gupidagatik uste dugu, dudarik gabe, pertsona adinduek badutela jatunkeria bereziki bizi bat, zeren desiratzen baitugu geure buruei sinetsaraztea hori bederen gelditzen zaiela, nahiz kasu gehienetan dastamenaren atseginak erremediorik gabe iraungitzen diren, gainerako guztiak bezala. Digestio arazoek eta  prostatako minbiziak baino ez dute irauten.

      Metro batzuetara ezkerrean, laurogeitaka urteko hiru andrek gogobildurik ziruditen beren fruitu mazedonian, beren senar hilen omenaldi gisa agian. Haietako batek eskua xanpain koparantz luzatu zuen, gero mahai gainera itzuli zen eskua; haren bularra goititu egin zen ahaleginagatik. Segundo batzuk geroago saioa errepikatu zuen, bere eskua ikaragarri dardaratzen zen, bere begitartea kontzentrazioak tinkatua zegoen. Jed parte hartzetik begiratu zen, ez zegoen inondik ere parte hartzeko gisan. Zerbitzaria bera ere, metro batzuetara zegoena eta operazioa begirada urduriz zaintzen zuena, ez zegoen parte hartzeko gisan; emakume hura Jainkoarekin kontaktu zuzenean zegoen orain. Gertuago zegoen seguruenik laurogeita hamarretatik laurogeietatik baino.

      Dena bete zedin, azkenburukoak ere zerbitzatu ziren bere aldian. Jeden aitak etsimenduz ekin zion pastiza-tradizioko eguberri subilari. Labur joango zen kontua orain. Denbora bitxiki igarotzen zen beren artean; nahiz ezer esaten ez zuten, nahiz mahaiaren inguruan orain ezarririko isiltasun iraunkorrak  erabateko astuntasunaren sentipena eman zezakeen, bazirudien segundoak, eta are minutuak, tximistaren gisako lastertasunaz igarotzen zirela. Ordu erdi geroago, gogoeta bakar bat ere bere burutik benetan pasa ez zelarik, Jedek taxi geltokiraino lagundu zion aitari. Arratseko hamarrak baino ez ziren, baina Jedek bazekien zahar etxeko beste bezeroek pribilegiatutzat hartzen zutela jada bere aita, norbait lagun izateagatik, ordu batzuez, Eguberriz. “Seme on bat duzu...”, esana zioten behin baino gehiagotan. Zahar etxe medikuntza-zerbitzuz hornituan sartuz gero, gizon adindun bat —ezin ukatuzko moduan zahar bihurtua— barnetegiko haur baten egoeran aurkitzen da berriro apur bat. Batzuetan bisitak ditu: zoriona da orduan, mundua aurki dezake, Pépito gailetak jan, Ronald McDonald pailazoarekin topo egin. Baina, gehienetan, ez dago bisitarik; noraezean dabil orduan eskubaloiko zutoinen artean, barnetegi hustuaren lur asfaltatuan. Askapenaren, hegaldatzearen zain dago.

      Bere atelierrera itzultzean Jedek ikusi zuen berogailua bazebilela oraindik, tenperatura normala zela eta are bero egiten zuela. Erdi biluzi zen, lastairaren gainean etzan aurretik, eta berehala hartu zuen loak, garuna erabat hutsik.

 

 

      Gauaren erdian iratzarri zen ikaraturik; iratzargailuak 04:43 markatzen zuen. Gelako tenperatura altua zen, ia itogarria. Ur berogailuaren zaratak esnatu zuen, baina ez ziren betiko klaskak, oraingoan tresnak zurrunga luzea, apala, ia infrasonikoa egiten zuen. Kolpe zakar batez ireki zuen leihoa sukaldean,  non azulejuak antzigarrez beteak baitzeuden. Aire izoztua sartu zen gelan. Sei solairu beherago, txerri kurrinkek Eguberri gaua asaldatu zuten. Berehala itxi zuen leihoa. Seguruenik eskale batzuk sartu ziren patioan; biharamunean aprobetxatuko zituzten Eguberri gaueko afariko hondarrak, etxeko zakarrontzietan pilaturik zeudenak. Etxepeko bakar bat ere ez zen ausartuko poliziari deitzen haietaz libratzeko; ez Eguberri egunean. Jeneralean zeregin horretaz lehen solairuko maizterra arduratzen zen, hirurogei bat urteko emakume bat, ileak hennaz tindatuak zituena eta kolore biziko ataletako jertseak zeramatzana, eta Jedek psikoanalista erretiroduntzat hartzen zuena. Baina ez zuen azken egunetan ikusi, oporretan izango zen seguruenik, non eta bat-batean hil ez zen. Eskaleak egun batzuk geldituko ziren, beren obramenduen usainak patioa beteko zuen, leihoak irekitzea eragotziz. Ongi heziak agertzen ziren maizterrekin, are adeitsuak, baina euren arteko liskarrak basatiak izaten ziren eta jeneralean kontuak horrela bukatzen ziren: agonia uluak goratzen ziren gauaz, norbaitek SAMUra deitzen zuen, eta morroi bat topatzen zuten bere odoletan blai, belarri bat erdi erauzia.

      Isilik zegoen galdarara hurbildu zen Jed, zuhurki altxatu zuen aginte koadroaren estalkia; berehala tresnak zurrunga labur bat egin zuen, esku hartze bidegabeak mehatxatua sentitu balitz bezala. Argi seinale beilegi bat kliskaka ari zen lasterka, era ulertezinean. Eztiki, milimetroz milimetro, Jedek ezkerretara biratu zuen intentsitate kurtsorea. Gauzak okertzen baziren, bazuen oraindik kroaziarraren telefono zenbakia; baina, lanean ariko ote zen oraindik? Ez zuen asmorik “iturgintzan lizunak har zezan”, aitortu zion Jedi itzulingururik gabe. Haren xedea, “sosa biltzen” zuelarik, bere etxera itzultzea zen, Kroaziara, Hvar uhartera zehazkiago, itsas scooterren alokatze enpresa bat irekitzeko han. Bide batez  esateko, Jeden aitak erretiroa hartu baino lehen aztertu behar izan zuen azken dosierretako bat, luxuzko itsas eremu bat egiteko eskaintza deialdi bati zegokion, Stari Grad-en, Hvar uhartean, eraikitzekoa zena, benetan ospeko helmuga bihurtzen ari baitzen; aurreko urtean gurutzatu ahalko zenituen han Sean Penn eta Angelina Jolie, eta Jedek giza desilusio iluna sentitu zuen burura etorri zitzaiolarik gizon hark ofizio prestua zen iturgintza utziko zuela motor zaratatsuak eta ergelak alokatzeko Faisanderia kalean bizi ziren harroputz txiki sosez okituei.

      “Baina zertaz da solasa, zehazki?” galdetzen zion bere buruari Hvar uharteko Interneteko atariak, erantzun hau eman aurretik: “Hemen dituzu izpilikuzko zabaldiak, olibondo zaharrak eta mahastiak harmonia paregabean, eta hortaz, naturara hurbildu nahi duen bisitariak, aurrenik Hvar-eko konova (taberna txikia) bisitatuko du jatetxe luxuzkoenera joan beharrean, tokiko benetako ardo arrunta dastatuko du xanpainaren ordez, uharteko herri kanta zahar bat abestuko du eta eguneroko errutina ahaztuko du”;  hona seguruenik Sean Penn liluratu zuena; eta Jedek imajinatu zuen sasoiz kanpoko urtaroa, urriko egun oraindik epelak, iturgin ohia lasai mahairatua itsas fruituzko risotto baten aurrean; bistan denez hautua uler zitekeen, eta are desenkusatu.

      Apur bat gogoz kontra, “Damien Hirst eta Jeff Koons artearen merkatua elkarren artean banatzen”-era hurbildu zen, atelierraren erdian astoaren gainean ezarria zegoena, eta asegabetasunak hartu zuen berriro, are saminkiago. Goseak zegoela ohartu zen, eta hori ez zen normala, Gabon gaueko afari osoa hartu zuelako aitarekin —hasierako jakia, gaztak eta azkenburukoa, ez zen ezer falta izan— baina goseak eta beroak zegoen, ezin zuen jada arnasarik hartu. Sukaldera itzuli eta kaneloiak saltsan zeuzkan ontzi bat ireki zuen eta bana-banaka irentsi zituen, margolan porrot eginari begi goibelez begiratzen ziola. Koons ez zen, dudarik gabe, aski arina, aski airetarra —agian hegoak margotu behar zizkiokeen, Merkurio jainkoari bezala— pentsatu zuen ergelki; han, bere janzki lerrodunekin eta tratulariaren irribarrearekin, Silvio Berlusconi zekarren gogora apur bat.

      Fortuna artistiko handienen ArtPrice sailkapenean, Koons munduko bigarrena zen; duela urte batzuk, Hirst hamar urte gazteagoak lehen tokia kendu zion. Jedi zegokionez, hamar bat urte lehenago bostehun eta laurogeita hirugarren tokira heldu zen, baina hamazazpigarrena zen frantsesen artean. Gero, Frantziako Itzuliko berri emaileek dioten bezala, “sailkapenaren hondarrera zokoratua gertatu zen”, handik arras desagertu arte. Kaneloi ontzia amaitu zuen eta koñak hondar bat aurkitu zuen. Potentzia handienean jarri halogenozko barra eta oihalari buruz joan zen. Hurbildik begiratuz gero, gaua bera ere ez zegoen ongi: ez zuen arabiar penintsulako gauekin lotzen den handiostasun hori, misterio hori; zeru-kolore bat erabili behar zuen, ez urdin bizi bat. Egia esan, kaka-margolan bat zen egiten ari zena. Ganibet paletadun bat hartu eta Damien Hirsten begia zulatu zuen; nekez zabaldu zuen irekidura —liho-zuntz estuko oihala zen, oso sendoa. Esku batez oihal likatsua hartuz, kolpe bakarrez urratu zuen, horrela astoa desorekatu zen eta lurrean lehertu. Apur bat sosegaturik gelditu egin zen, esku tinduz likatsuak begietsi zituen, koñaka bukatu eta jauzi egin zuen margolanaren gainean, oinpean erabili eta torratu zuen, irristakor bihurturiko lurrean. Azkenean oreka galdu eta erori egin zen, astoaren laukiak bortizki jo zuen garondoan, korrok eta oka egin zuen; kolpetik hobeto sentitu zen, gaueko haize freskoak libreki kurritzen zuen bere aurpegian, zoriontsu itxi zituen begiak; begien bistakoa zen ziklo baten amaierara heldua zela.

 

Mapa eta lurraldea
[atarikoa]

Michel Houellebecq

La Carte et le Territoire, 2010
euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2014