INORREZAK
Eduardo Galeano

Estutuen liburua, 1989
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Amets egiten dute arkakusuek txakur bat erostearekin

Eta amets egiten dute inorrezek pobre izateari uztearekin

Egun magiko batean zorte ona euritan egitearekin

Goi eta behe egingo ahal duen adur ona

Baina zorte ona ez daragoio ez atzo, ez gaur, ez bihar, ez inoiz

Lanbrotan ere ez dator adur ona zerutik behera

Nahiz eta inorrezek deitzen dioten

Nahiz eta ezkerreko eskuan azkura izan edo eskubiko oinaz jaiki

    edo urtea erratza aldatuta hasi.

 

Inorrezak: inorenak ez diren seme-alabak, ezerezaren jabeak.

Inorrezak: bakarbatezak, menostuak, goseak amorratzen dituenak,

                  bizitzak hiltzen dituenak,

                  izorratuak, berrizorratuak.

 

Ez direnak, izan arren.

Ez dutenak hizkuntzarik, mordoiloa baizik.

Ez dutenak erlijiorik, sineskeria baizik.

Ez dutenak arterik egiten, artesania baizik.

Ez dutenak kulturarik sortzen, folklorea baizik.

Ez direnak gizaki, giza baliabide baizik.

Ez dutenak aurpegirik, besoak baizik.

Ez dutenak izenik, zenbaki bat baizik.

Ez direnak historia unibertsalean ageri, herri prentsako

      kronika gorrian baizik.

 

Inorrezak, hiltzen dituen balak baino gutxiago balio duten haiek.

 

INORREZAK
Eduardo Galeano

Estutuen liburua, 1989
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016