WILLIAM TAVENERREN SENTIMENTALTASUNA
Willa Cather

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2014

 

            Emakume indartsu bat behar da mendebaldean bizi zarenean arrakastarik izateko, eta Hester horixe zen, zalantza barik. Jendeak William Tavener McPherson konderriko baserritar opatsuena legez aipatzen zuenean, haren emaztea “administratzaile ona” zela gehitu ohi zuen. Emakume betearazlea zen, erantzun azkarrekoa eta enperatriz baten antzekoa. Senarrak bere negozioari buruzko iritzia ez eskatzeko arrazoi bakarra zen emakumeak ez zuela iritzia eskatzeari itxaroten.

            Guztiz ezinezkoa izango zatekeen gizon batek, giza ekintzaren arlo mugatuaren barruan, Hesterren aholku guztiei jaramon egitea, baina azkenean Williamek haren iradokizunetako batzuk erabili egiten zituen. Emakumeak garia jotzeko makina berri bat aire zabalean eta babesik gabe uztearen “arduragabekeria” etengabe gaitzetsi zuenean, azkenean hura gordetzeko etxola bat egin zuen. Emakumeak txerrikorta bat mokil-hormekin ixteko ideia mespretxatu zuenean, senarrak ekinaldi txepel bat egin zion egiturari —bere “aiurria erakusteko”, andrearen arabera— baina azkenean herrira joan zen isil-isilik eta hesia osatzeko alanbre arantzadun nahikoa erosi zuen. Lehen euriteak etorri zirenean, txerriek mokil-hormak muturkatu zituzten eta bidexka txikiak egin zituzten gorantz errazago joateko, eta emaztea entzun zuen afarian artzainari gogotsu kontatzen lokatzezko etxea eraiki zuen txerritxoaren istorioa, eta Williamen seriotasuna ez zen lipar batez ere erlaxatu. Isiltasuna zen, egiazki, Williamen babeslekua eta indarra.

            Williamek ama errespetatzeko eredu zintzoa ezarri zien semeei. Bera oso ondo ezagutzen zutenek emaztea miretsi ere egiten zuenaren susmoa zeukaten. Gizon gogorra zen auzokoekin, bai eta semeekin ere; zekena, ausarta eta handizalea.

            Noizean behin egun triste bat egokitzen zen etxean Williamek dendako fakturak aztertzen zituenean, baina inoiz ez zuen emaztearen soinekoekin edo kapelekin lotutako salgaien aurka egin. Kontua zen Hesterrek mutikoentzat erosten zituen gauza txiki, inozo eta beharrezkoak ez zirenak, bere kontu pertsonalean sartzen zituela.

            Udaberriko gau batean Hester zarabandan zegoen eserita, egongelako leihoaren ondoan, galtzerdiak errepasatzen. Modu zakarrean ari zen kulunkatzen eta orratz luzea indartsu zeraman hara eta hona kalabazaren gainetik, eta begirada huts batekin ikusten zen urduri zegoela. William mahaiaren beste aldean zegoen eserita, nekazaritzako egunkaria irakurtzen. Emaztearen ezinegonaz jabetu bazen, bere aurpegi lasai eta bizarrik gabekoak ez zuen kezkaren zantzurik adierazten. Seguruenik haren erantzunen ñabardura sarkastikoaz kargutu zen afaritan, eta seguruenik mutiko zaharrenen isiltasun haserreaz jabetu zen jaten ari zirenean. Afaria erdiz-erdiz zegoenean, Billy txikiak, gazteenak, bat-batean platera baztertu eta mahaitik altxatu zen, negar‑zotin bat adoretsu irensteko ahaleginean. Baina William Tavenerrek ez zien inoiz kasurik egiten etxeko zerumugako mehatxuzko iragarpenei, eta inoiz ez zuen ekaitzik espero hura lehertu arte.

            Afaldu ondoren mutikoak azienda larriaren eskortan zeuden sahatsen azpiko urmaelera joan ziren, goldaketaren hautsa gainetik kentzeko. Lantzean behin, Hesterrek plisti-plasta bat eta barre bat entzuten zituen gaueko lasaitasuna zeharkatzen, leiho irekiaren ondoan baitzegoen eserita. Isilik egon zen ia ordubete, buruan erasoa jotzeko plan ugari aztertzen. Baina emakume kementsuegia zen estratega ona izateko, eta zuzenean harira joan ohi zen. Azkenean haria moztu zuen eta bat-batean errepasatze-lana alde batera utzi zuen, zartada batez esanez:

            “William, nire ustez ez lizuke kalterik eingo mutikoei bihar herrian dagoen zirkura joateko baimena emateak.”

            Williamek nekazaritzako egunkaria irakurtzen jarraitu zuen, baina ez zen Hesterren ohitura erantzunaren zain egotea. Senarraren argudioak antzematen zituen eta banan‑banan egiten zien eraso hark ezer esan baino lehen.

            “Langileak falta izan dittuzu uda osoan eta mutikoei gogor lan eginazi diezue, eta gizon batek bere haragia eta odola erabili behar littuzke alogerekoak erabiltzen dittuen bezala. Baukagu horretarako adina, eta gure mutilek ezer gutxi gastatzen dute. Ez dakit zelan itxaron dezakezun haiek zintzoak eta langileak izatea ez badiezue arnasa apur bat ematen. Inoiz ez dut ikusi kalterik zirkuetan eta gure mutilak ez dira inoiz joan. Bai, badakit Jim Howley-ren mutikoek mozkortu eta iskanbila sortzen dutela joaten direnean, baina gure mutilak ez dira horrelakoak, eta hori badakizu, William. Animaliak benetan hezigarriak dira, eta gure mutilek ez dute askorik ikusten hemen lautadan. Desberdina zen gu hazi ginen lekuan, baina mutikoek ez daukate abantailarik hemen, eta zu ez bazara arduratzen, eskarmenturik gabekoak izango dira nagusitan.”

            Hester geratu egin zen une bat eta Williamek egunkaria tolestu zuen, baina ez zuen erantzuteko lanik hartu. Virginian zeuzkan arrebek sarritan esaten zuten William bezalako gizon isil bat baino ezin zela Hester Perkinsekin bizi. Sekretuan, William oso harro zegoen emaztearen “mintzatzeko talentuaz”, bai eta otoitz-bileretan gizon batek bezain ondo hitz egiteko gaitasunaz ere. Berak errezo labur batera mugatzen zuen arlo horretako ahalegina Aliantzaren bileretan.

            Hesterrek beste galtzerdi bat astindu zuen eta jarraitu egin zuen.

            “Inori ez dio kalterik eitten zirku batera joateak. Jainko maitea! Gogoratzen dut neu ere joan nintzela behin, txikia nintzenean. Ia-ia ahaztuta neukan. Pewtown‑en izan zen, eta gogoratzen dut buruan sartu zitzaidala joan behar nuela. Uste dut aittari ez niola inoiz barkatuko eraman ez banindu, nahiz eta buztin gorrizko bidea beldurra emateko moduan zegoen euriteen ondoren. Oroitzen naiz elefante bat eta sei loro zeuzkatela, eta Mendi Harritsuetako lehoi bat, eta tximinoen kaiola bat, eta gamelu bi. Eneee! Sasoi hartan ikuskizuna izan ziren niretzat!”

            Hesterrek galtzerdi beltza utzi eta burua astindu zuen eta irribarre egin zuen oroitzapen harekin. Oraindik ez zuen itxaroten ezer Williamengandik eta asko harritu zen hark seriotasunez esan zuenean, otoitz-bileretan himnoak iragartzen zituen tonu bertsuan:

            “Ez, gamelu bakarra zegoen. Bestea dromedarioa zen.”

            Lanpararen beste aldetik begiratu eta adi-adi geratu zitzaion.

            “Baina, William, zelan dakizu zuk?”

            Williamek egunkaria tolestu eta zalantza apur batekin erantzun zuen, “Neu ere han izan nintzen.”

            Hesterren interesak dir-dir egin zuen. “Tira, William, ezin dut sinetsi! Eta urte hauek guztiak igarota jakitea ere! Baina, ez zinen gure Billy baino askoz handiagoa izango garai hartan. Bitxia da ez zinttudala inoiz ikusi txikia zinenean, ez zaittut gogoratzen. Baina, zuek, Back Creek-ekook ez zarete inoiz gurekin, Gap-ekoekin nahastu. Baina, zelan joan zinen? Zure aitta zu gure mutilekin zarena baino zorrotzagoa zen-eta.”

            “Uste dut ez nukeela joan behar,” esan zuen astiro, “baina mutikoek txorakeriak egin ohi dituzte. Luki mordo bat harrapatu nituen aurreko neguan eta aittak ordainsaria gordetzen utzi zidan. Tom Smith-en semeari, Tap-i ordaindu nion nire ordez artoa jorratzeko, eta aittak jakin barik ihes egin nuen eta emanaldira joan nintzen.”

            Hesterrek maitekor esan zuen: “Tontakeriak, William! Ez zizun kalterik egin, ezta? Gogor egin duzu lan, beti. Ikuskizun handia izango zen mutiko txiki batentzat. Pailazo hura ezusteko txundigarria izango zen.”

            Williamek hankak gurutzatu eta eserlekuan eroso jarri zen.

            “Uste dut bufoi haren txiste guztiak kontatu nitzakeela oraintxe. Batzuetan txiste horiek etortzen zaizkit burura bileretan, sermoia luzea denean. Gogoan daukat bota berriak neuzkala soinean eta sekulako mina egiten zidatela, baina dena ahaztu zitzaidan morroi hura asto gainean agertu zenean. Gogoratzen dut botak kendu behar izan nittuela herritik irten nuenean eta etxera oinutsik joan nintzen, basatzatik.”

            “Ai, ene, mutiko gaixoa!” oihu egin zuen Hesterrek, bere aulkia hurbilduz eta ukondoak mahaiaren gainean jarriz. “Oinetako txar-txarrak egin ohi zituzten umeentzat. Gogoratzen dut Back Creek-era joan nintzela zirkuko gurdiak igarotzen ikustera. Romney-tik etorri ziren, badakizu. Zirkuko gizonak errekatxoan geratu ziren animaliei edaten emateko, eta elefantea haserretu egin zen eta ordain-etxeko portxearen ondoan hazten zen sahatsaren adar handi bat apurtu zuen, eta Scribnertarrak zeharo beldurtuta zeuden etxea botako zuelakoan. Eta hauxe ikusi nuen: elefantea uretan sartu zen eta urez bete zuen tronpa eta zarrastada bat bota zuen leihorantz eta ia-ia Ellen Scribner-en lihozko soineko arrosa hondatu zuen, lisatu berri zuen eta ohean jarrita zeukan, zirkura eramateko prest.”

            “Nahigabetu egingo zen Ellen,” irribarre egin zuen Williamek, “garai hartan milika hutsa zen-eta.”

            Hesterrek gehiago hurbildu zuen aulkia Williamengana. Umeak hazten hasi zirenetik, senarrarekin izaten zituen elkarrizketak ekonomiaren eta gastuen arloetako gaietara mugatzen ziren ia. Euren harremana negozioetako harreman bihurtu zen, ugazaba eta maizterraren artekoa bezalakoa. Mutikoei kapritxo batzuk eman nahian, konturatu barik babeserako jarrera eta ia-ia aurkakoa hartu zuen senarraren aurrean. Inoiz ez du zordun batek bere mailegu-emailearekin sendoago eztabaidatu Hesterrek mutikoen onerako bere senarrarekin baino. Lehiaketa estrategikoa hainbeste luzatu zen denboran non harreman estuago baten oroimenaren lekua hartu baitzuen ia-ia. Gau hartako isilgauzen truke hark, oroitzapen komunek ustekabean harrapatu zituztenean eta bihotzak zabaldu zietenean, maite-kontuen sentsazio miragarria zeukan. Berba egiten jarraitu zuten: aspaldiko auzokoez, hazi zireneko bailarako aspaldiko aurpegi ezagunez, gaztaroko gorabehera aspaldi ahaztutakoez —ezteguak, kopauak, leran ibiltzeko taldeak eta bataioak—. Urteetan ez zuten beste gairik izan gurina eta arrautzak eta gauzen prezioak baizik, eta orain banaketa luze baten ondoren elkartzen diren pertsonek bezain beste zeukaten elkarri esateko.

            Erlojuak hamarrak jo zituenean, William altxatu eta intxaur-egurrezko idazmahaira joan zen eta giltzaz zabaldu zuen. Larru gorrizko diru-zorrotik hamar dolarreko billete bat atera zuen eta mahaian utzi zuen, Hesterren ondoan.

            “Esan mutikoei ez etortzeko berandu eta zaldiak ez derrigortzeko,” esan zuen lasai, eta ohera joan zen.

            Hesterrek argia itzali eta ilunetan eseri zen luzaroan, geldi. Billetea mahaian utzi zuen, Williamek jarri zuen lekuan. Zerbaitek ihes egin izanaren edo zerbait galdu izanaren sentsazio mingarria zeukan; urteek nolabait ziria sartu ziotela sentitzen zuen.

            Hesiaren ondoan hazten ziren sasiakazia txikiak zuri zeuden loreekin. Haien usain sakona sentitu zuen gaueko haizean eta aspaldiko gau bat gogoratu zuen, udaberriko lehen zata entzun zuenean, eta Hawkins Gap-eko neska trauskil eta bular-harroek sasiakaziaren azpian oratu ziotenean, barreka eta erdi‑borrokan, eta paparrean begiratu zioten mutil-lagunaren ile-xerlorik ote zeukan, neska guztien bularraren ondoan egon behar duelako lehen zatak kantatzen duenean. Neska horietako bi bere ohorezko damak izan ziren. Hester oso emaztegai zoriontsua izan zen. Altxatu eta William zegoen gelara sartu zen isilean. William lozorroan zegoen, baina noizean behin eskua astintzen zuen aurpegiaren aurrean euliak uxatzeko. Hester egongelara joan zen eta eltxo‑sarea hartu zuen ahizpak hil baino lehen egin zion argizarizko sagarren eta madarien otzaratik. Mutikoetako batek ekarri zuen Virginiatik, latorrizko ontzi baten barruan, Hesterrek ez zuelako hain apaingarri preziatua garraiobidez bidaltzearen arriskurik hartu nahi. Logelara itzuli zen eta sarea Williamen buruaren gainetik zabaldu zuen.

            Gero ohearen ondoan eseri eta senarraren arnas sakon eta erregularra entzun zuen, mutikoak itzultzen antzeman zituen arte. Kanpora joan zen haiek agurtzera eta aita ez esnatzeko esatera.

            “Mutilak, goiz altxatuko naiz zuen gosaria prestatzeko. Zuen aittak esan du ikuskizunera joan zaitezketela.” Zaharrenari dirua eman zionean, senarrarenganako leialtasun‑taupada bat sentitu zuen bat-batean eta zorrotz esan zuen, “Eta kontuz ibili horrekin, eta ez gastatu edozelan. Zuen aitak gogor egiten du lan dirua irabazteko.”

            Mutikoek batak besteari begiratu zioten harrituta eta aliatu boteretsu bat galdu zutela sentitu zuten.

 

WILLIAM TAVENERREN SENTIMENTALTASUNA
Willa Cather

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2014