RUDOLPH REEDEN BALADA
Gwendolyn Brooks

The Ballad of Rudolph Reed, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Rudolph Reed sortzez haritza baitzen  

emaztea zuen haritz

alabak eta semea ere

haritzondo ziren hazi

 

Ez naiz ni gose fruta finena

ez naiz ogiaren gose

ni gose nauzu etxe batena

gizonak behar du ohe

jator bat entzun gaberik kexu

igeltsua oinazean

entzun gaberik zoko-zorriak

jausten erauntsi latzean

 

familia ibili gaberik

itsumustuka ilunbe

gela asko eta gela bakoitza

leku handiko barrunbe

 

Etxea egon liteke ipar

hego, eki edo sartalde

badakit etxe hori badela

ni ez naiz ari debalde

 

Kale bat bazen zuri garratza

han azaldu etxe galdez

haritz jatorra baitzen Rudolph Reed

herri honetan hainbat lez

 

Agente jaunak hotz eta zakar

barre ustela ezpainera:
Zer zatoz hona, beltz egoskorra

zure haurrekin gainera?


Rudolph Reedek deus ez zuen esan

ez zuen barrerik egin,

etxean sartu bere emazte

eta hiru haur beltzekin

 

Zer suman auzo begiluzea

zirritu batetik adi

baina Rudolph Reed eta bereak

etxea ospatzen ari


Ez al zeuden ba gustuko etxean

leihoek eguzki argi

eskailera eskudel ederrez

atze-aurrea belardi?

 

Gauez harri bat, handiz bi ukabil

hiru halakoa hurren,

Rudolph Reed mutu (nahiz haritza

gizon ahal zen bihurtzen)

 

Biharamunez beira apurtotsa

ezin jasan ahalako,

begiratu eta Mabel txikiak

begi garbietan malko

 

Gure Rudolph Reed haserretu zen

emaztea besarkatu

hogeitahamalaua eta laban

beldurgarrizko bat hartu

amorratuta gauera irten

ahoa berba kiratsez,

lehen zuria zauritu eta

pentsatzeko ere gauza ez


Laugarrena zauritu orduko

Ruldoph Reed zerraldo zetzan

auzoek ostikoz gorpuari

Nigger, Nigger zioten esan

 

Mabel txikiak gaua intziriz

inola ezin kalmatu,

haritz begiko amak zer egin

odoldu gazak aldatu. 

 

 

RUDOLPH REEDEN BALADA
Gwendolyn Brooks

The Ballad of Rudolph Reed, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017