SALBOKONDUKTOA (hirugarren zatia)
Boris Pasternak

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

3

 

      Kapera espirituko biltzar baten giro tenkatuan gertatu zen gure lehen topaketa. Aspalditik ezagutzen nituen bere bertsoak, J. Anissimovek poeta batek poeta bat aurkezten duen bezala aurkeztuak. Epaileen Mintegia-n izan zen hura. Baina honakoa Lirika-n izan zen, epigono zirkulua; epigonoak ez ziren lotsa beren iritziez, eta zirkuluan Maiakovski etorkizun emankorreko fenomenotzat zeukaten, erraldoi bat.

      Aldiz, ni laster kidea izanen nintzen berritzaileen taldean —Tsentrifuga-n—, Xerxenevitx, Bolxakov eta Maiakovski gure etsai deklaratuak ziren (1914ko udaberrian ginen), eta bi taldeon arteko esplikazio aski latz bat ukan beharrekoak ginen luze gabe. Ez ninduen batere harritu behin inpresionatu ninduen eta distantziatik gero eta erakartzenago ninduen pertsona harekin liskar bat edukitzeak. Horixe zen berritzaileen mugimenduaren originaltasun guztia. Tsentrifuga-ren sorrerak amaierarik gabeko eskandaluak ekarri zituen negu osoan. Eta negu osoan ez nuen besterik egin, talde diziplinari makurtu, neure zaletasuna eta neure kontzientzia sakrifikatuz. Prestatua nengoen berriro edonor saltzeko edozein unetan. Baina oraingoan soberetsiak neuzkan neure indarrak.

      Maiatzeko egun bero batez, Arbateko gozotegian jarriak geundela, arestian aipatu ditudan hiru poetak azaldu ziren zalapartaka, bizitasunez beterik. Atezainari kapeluak luzatu eta, lehentxeago tranbien eta kamioien zaratak ito zien ahotsen ozentasuna apaldu gabe, guregana etorri ziren alai eta zuzenki. Ahots ederrekoak ziren. Hartarik zetorren gerora garatu zen deklamazio ildoa. Dotore jantziak zeuden, gu axola handirik gabe. Aurkarien kokaguneak ezin hobeak ziren ikuspuntu guztietarik.

      Xostakovitxi lotu zen Bobrov, arazoaren funtsa halako batez liskartu egin zitzaigula pasaeran eta guk are zabarrago arrapostu geniola, ika-mika hau zuritu beharra zen. Elkarri azalpenak ematen zizkioten bitartean nik Maiakovski neukan begiz joa. Uste dut estreinakoz ikusten nuela bertatik bertara.

      "E" ahoskatzen zuen "a" ahoskatu beharrekoa, eta burdin xafla bat bezala isurtzen zuen esana. Fazoina besterik ez zen. Zakarkeria afektatu hura ere egozten ahal zitzaien aise bestelako lanbideei eta bestelako egoerei. Ez zen bakarra itxura harro hau hartzen. Kamaradaz inguratua zegoen. Haietarik batek, Maiakovskik berak bezala, dandyarena jotzen zuen; bestea, hura ere Maiakovski bezala, egiazko poeta zen. Baina antzekotasun hauek guztiok, Maiakovskik ezarruntez zeukana ahuldu ez baina are indartsuago nabarmenarazten zuten. Honetaz edo hartaz jokatu ordez, guztiaz jokatzen zuen batera. Rolak jokatu ordez, bizitza jokatzen zuen. Ezaugarri hau, geroko azken finarekin lotu gabe baina, lehen ikusian atzematen zitzaion. Hori zen hari atxikitzen zintuena.

      Ibilian doazen edo egonean dauden pertsonak berezko neurrian ikusten ohituak garen arren, miragarria bihurtzen zen fenomeno hau Maiakovski agertzen zelarik. Buruak oro itzultzen ziren harenagana. Bere kasuan, naturaz gaindikoa genuen naturazkoa. Ez zen hala ere haren garaierak eragina, baizik lausoagoko eta ohar-gaitzagoko berezitasun batek. Beste inor baino nabarmenago, ageri orduko azaltzen zen osorik. Bazituen berekin gizon gehienetan atzematen direnak baino elementu ikusgarri eta erabateko gehiago, bururatu gabeko asmoen eta galdutako proiektuen ilunpeetarik bakan azaleratzen zirenak, eta inguruabar berezitan.

      Saio espiritual baten biharamunean bizi zela zirudien, eta aldi oroz, jadanik betean bizia zuen bizitzaren ondorio naturalen hedadura guztian azaltzen zen besteren aitzinean. Moto baten jarlekuan bezala jesartzen zen aulkian, makurtzen zen aurrerantz, Vienako eskalopea zalukara zatikatu eta irentsi, jokoan jardun zeharka begiratuz burua higitzeke, Kuznetzki Most barrena maiestuos promenatu, herrestari eta elkor errezitatu, letaniak iduri, esangura sakoneko poemen pasarteak, bereak zein inorenak, kopeta zimurtu, lasaitu, bidaiatu eta publikoaren aitzinean azaldu. Eta horretarik harat, sakonenean, abiada bizian ekin dion lerratzailearen zuzentasunaren gibelean bezala ageri zen lauso eta beti berdin bere bizitzaren egun guztiak baino lehenagoko egun bat, zeinean sortua baitzen halako handitasunez eta halako berezkotasunez altxatzen zuen oldar miragarri hura. Haren portaeraren ostean atzematen genuen deliberamendu baten antzeko zer edo zer, gauzatzen hasia eta alda ezina ondorioetan. Deliberamendu hau bere jenialtasuna zen; harekin topo egiteak hainbesteraino hunkitu zuen non bilakatu zitzaion, betiko, agindu tematiko bat, eta hartara emana zen osorik urrikirik eta zalantzarik gabe.

      Baina gaztea zen oraino. Etorkizun ziren tema horrek hartu behar zituen moldeak. Alta, tema asegaitza zen eta ez zuen gerokorik onartzen. Horregatik, baretzeko, etorkizuna aitzindu egin behar zen. Baina, lehen pertsonan egindako aitzindua posea da beti.

      Pose horietan, norberaren espresiorik gorenaren munduan hain naturalak nola jendetasun arauak egunerokoan, itxuraren zintzotasunarena hautatu zuen, poserik zailena eta nobleena artistak lagunekin eta ahaideekin dauzkan harremanetan. Pose hau hain zehatz betetzen zuen non, luzera, ezinezkoa izan zitzaigun jakitea zeren estalgarria zen.

      Eta hala ere, herabetasun basati bat zen bere ozarkeriaren eragingailua, eta bere deliberamendu faltsuaren azpian gordetzen zituen nortasun ahulezia, ezin handiagoko sentikortasuna eta arrazoirik ez zeukan tristuraganako makurdura. Gezurrezkoa zen bere atorra horiaren mekanika. Borroka egiten zuen ez jaka burgesen kontra, baizik bere talentuaren belus ilunaren kontra, honen bekain beltzen eztikeria hilduratzen hasia baitzitzaion bera baino dohain gutiagokoei gertatu baino zatiaz lehenago. Inork ez baitzuen berak bezain ongi ezagutzen barne suaren arrunkeria noizetik noiz ur hotzez biziagotzen ez bada, eta inor ez zen bera baino hobeki ohartzen gizakia sorrarazteko aski den grina ez dela aski sorkuntzarako. Sorkuntzak, izan ere, gizakiaren irudiaren betikotzeko gai izanen den grina behar baitu, hots, itxuraz grinen antzekoa izanik, barnean agindu promes berri bat dakarren grina.

      Amaitu egin ziren solasak bat-batez. Birrindu behar genituen etsaiak azpian hartu gabe alde egin ziguten. Adosturiko bake baldintzak lotsagarriak ziren guretzat.

      Anartean, karrika ilunpean zen. Euri-landurra hasi zuen. Etsaiak joanik, gozotegia histura batean ari zen husten. Ageriago geneuzkan euliak, gozoki zatiak, esne beroak itsuturiko godaletak. Baina lehertu gabe iragan zen ekaitza. Eguzkiak atsegin jotzen zuen bioleta koloreko ilarretan pinportatu espaloian. 1914ko maiatzean ginen. Hurrera genituen Historiaren goiti-beheitiak. Baina atzematen ote genituen? Dendarien gustuan eraikitako hiriak  urre eta esmaltezko azalaren bristadan zuen izarniatzen, Urrezko oilarra-ren opera iduri. Distiran zen makalen bernizatu berdea. Laster betiko utzi behar zuten tindura bortitza hartua zuten koloreek azkenik. Ni erotua nintzen Maiakovskirekin eta huts ematen nuen jadanik. Erantsi behar ote dut saldu egin nituela saltzeko batere asmorik ez neukan haiek?

 

4

 

      Halabeharrak batu gintuen guztiok biharamunean Kafe Grekeko terrazan. Bulebar hori handia zabal ageri zen Puxkinen monumentutik Nikitskaia karrikaraino. Zakur argalak, mihiak zintzilik, aharrausi eginez eta nagiak atereaz, burua aurreko hanken gainean pausatzen zuten eroso. Inudeak, ahorik aho, jorran ari ziren gogotik ororen kexu. Tximeletek hegalak biltzen zituzten une batez beroan suntsiturik, hedatzen zituzten gero tupustean eta beren burua ematen zieten sargoriaren uhin irregularrei. Dena zuriz jantzitako neskato bat, oinetik buru izerditan blai noski, airean atxikitzen zen soka-saltoaren zirkulu ziztukarietan isolatuz.

      Maiakovski ikusi nuen urrundik eta Loksi erakutsi nion. Busti ala lehor ari zen Khodassevitxekin. Une hartan bertan altxatu zen Khodassevitx eta, zorra ordaindurik, terrazatik irten zen Strastnoi bulebarrerantz. Bakarrik geratu zen Maiakovski. Orduan azaldu ginen, agur egin eta berriketari ekin genion. Luze gabe proposatu zigun zer edo zer irakurtzea.

      Makalak berdetan zeuden. Ezkiak grisean idorrera. Erdi lo ziren zakurrak, kukusoek mendean hartuta, jauzi batean zutitzen ziren hanka gainean eta, zerua lekuko harturik indar basaren aurka zeukaten ezintasunaz, etzan egiten ziren ostera hondarretan, lokuma gaitzituaren haragitze. Lokomotoren eztarri-ziztuak iristen zitzaizkigun Alexandrovskaia geltokitik. Eta inguruan labea bete eta zartagina sutan ipini, ileak moztu, tratuan jardun… eta inork ezer egiten ez.

      Bere tragedia irakurri zigun, Vladimir Maiakovski, orduantxe argitaratua. Ni hartara, arnasa etenda, neure buruaren eta neure bihotz bahituaren kontzientzia galduta. Artean, ez nintzen haren antzekorik ezer entzuna sekula.

      Denetarik zeukan: bulebarrak, zakurrak, makalak eta tximeletak, bizarginak, okinak, jostunak eta lokomotorak. Zertan aipa? Egun itogarri, misteriotsu haren, orain hamargarren argitalpenean eskuragarri daukagun udako testu haren oroitzapena gorde dugu denok.

      Urrunean lokomotorak orroka gorrak iduri. Lurrean bezalako mugabako urruntasun berdina atzematen genuen berak sortu eztarri-herrian. Baita originaltasun orok ezinbestekoa duen duen argialdi hartan ere, poesia oker ulertze hutsa bihur ez dadin edozein bizi-puntutik abiatuta edozein norantzatan abiatzeko zabaltzen den infinitutasun hartan ere.

       Eta zeinen laño zen hura dena! Tragediaren izena hartzen zuen arteak. Eta horrela behar zen izendatu. Tragediak Vladimir Maiakovski zeukan izena. Titulu honek sotiltasun jenialeko aurkikundea ezkutatzen zuen, poetak, ez autoreak baizik poesiaren gaietarik batek munduari zuzentzen ziona lehen pertsonan. Titulua ez zen autorearen izena, baina bai obraren edukiaren izendapena.

 

5

 

      Azken finean, bizi osoan eraman dut osorik enekin bulebarrekoaz geroztik. Baina eskerga zen. Enekin atxikitzea harengandik hastandua egonik ezinezkoa zen. Eta galdu egin nuen. Orduan akordura etortzen zitzaidan bere lanekin, Hodei prakuduna, Bizkarrezurreko txirula, Gerra eta bakea, Gizona. Batetik bestera higatzen zena hain zen handia non akorduek ere ezohikoak izan behar zuten. Halakoak izan ziren, baiki, zenbait aldiz. Aipatu obra bakoitzak harrapatzen ninduen ezusteko. Haietarik bakoitzean, ezin ezagutzeraino handituta, aurreneko aldian bezala sortzen zen berriro osorik. Ez nintzen berarekin ohitzen ahal.

 

SALBOKONDUKTOA (hirugarren zatia)
Boris Pasternak

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015