LEHENENGO ALEGIA
Juan Benet

euskaratzailea: Jon Kortazar
Idatz & Mintz, 3-4. zkia, 1982

 

        — Zoaz azokara —esan eutson merkatariak morroiari— eta erosi eidazu neure adua. Ziur nago aurkitzen errez izango dozuna. Baina ez itxi atzamarrik ahoan sartzen, balio dauan baino  geiago ez ordaindu.

       — Zenbat ordaindu behar dot? —itaundu eban morroiak.

       — Besteenak beste. Begiratu zegan diren besteen aduak, eta horrexenbestean neurea ere.

       Morroia luzaroan izan zan etxetik kanpora eta etsiturik itzuli zan, jaubeari azalduz ez ebala azokan adurik aurkitu, ardurarik bizienaz billa ibilli arren ere. Garratz jardetsi eutson merkatariak eta.

       — Ezin deutsut mandaturik txikerrena ere agindu. Neuk egin behar dot  dana ala? Ezin dot —aditu nagizu— neu bakarrik ondo doan dendea bertanbera itxi. Beste alde batetik, adu horren jaube egiteko leia bizia daukat. Ekin billatzen eta beragaz topo egin barik ez zakidaz itzuli.

       Morroia merkatura itzuli zan, eta egunetan ekin eutsan billa, inon topaten ez ebala. Baina norbaitek esan eutson holako hain gauza bitxiak bertan bakarrik ez ebala egon behar eta, beste merkatu eta urietan billatu egiala esondu eutson. Morroia, ugazabaren adua herrialde ezagunetan zehar billatzeko gertu, baimen eta diru eske itzuli zen honengana. Merkatariak pentsatu, eta zera esan eutson:

       — Ondo da; beste guztia bertanbera itxirik zeure indar guztiekin nire adua billatzen ekiten badeutsazu, emango deutsut diru eta baimen hori. Ez adu barik itzuli —ganeratu eutson— ez eta inoren esku geratzen danaren ziurtasun barik.

       Morroia bidean jarri zan, eta aurrerantzean ugazabaren aduaren billa herrialde ezagunak zapaldu besterik ez eban egin.

       Oso urrunetako lurraldeetan ibili zan eta zahartu egin zan; oroimena galdu, eta, ugazabari emondako berbeari eutsola, onartutako eginbeharrari ekin eutson. Merkataria ere zahartu zan, eta ahalmen asko galdu. Egun batez, lotu gabeko sentoralak orduraezkero ezagutzen ez eban bere ugazabaren dendara eroan eban morroia...

       — Dinostazunagaitik —esan eban merkatariak— hementxe daukat ondo doatzun hori —eta bere adu berbera erakutsi eutson.

       — Behar dodana da, bai —jarraitu eban morroiak—. Baina askorik balio ez daualakoan nago. Urteetan nabil bere billa eta sakelean neban diru guztia urritu egin jat. Hauxe besterik ez daukat.

       — Nahiko da, eta onartzen dot —jarraitu eban ugazabak—. Neure bizitza guztian ikusi dot tresna hori gurean eta inori ez deutso zirkinik eragin. Zertarako nahi dezun baditazu, eroan zeinke.

       — Ezin dot horrelakorik esan, ez dakit eta. Ahaztu egin jat. Ondo dakit zer behar dodan, ez dakit zertarako ostera.

       — Holan bada, zeuretzako —erantzun eutson ugazaba zaharrak— ahaztunarentzat tresna egokia dozu. Nonori hementxe ahaztua jakola gogoan dot, eta ez jat beretzat adu hobarik erizten, hainbat beharrizan ebanaren ahazmenean hertsirik iztea baiño.

       Eta merkatariak, bere antxiñako morroia bere buruko adua besapean ebala urruntzen ikusi ebanean, bere artean honelan:

       — Bazan ordua! erantsi eutson.

 

LEHENENGO ALEGIA
Juan Benet

euskaratzailea: Jon Kortazar
Idatz & Mintz, 3-4. zkia, 1982