INFERNUA
Dante Alighieri

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1985

 

 

INFERNUA

LEHENBIZIKO KANTUA

 

      Gure bizitzaren bide erdian, oihan ilun baten aurkitu nintzen, eta han zuzeneko bidea eznuen ikusten. Ene, pentsamentuan bildurra berriztatzen duen baso basati lakar eta gogor hau zein zen esatea gauza gaitza da benetan. Hain mingotsa denez gero, heriotza bera dirudi, baina han ediren nuen ongiaren gainean mintzatzeagatik, gainerako beste gauza guztiak azalduko ditut.

      Nola sartu nintzen han esaten eztakit, loak hainbesteragino hartu baininduen, zer egiazko bidetik aldaratu nintzen, baina bihotza ikaraz bete zidan haran hura amaitzen zen murura heldu nintzenean, gora begiratu nuen, eta bide guztietatik artez garamazkien planetaren printzekin jantzirik, bere gailurra ikusi nuen.

      Hain nekez pasatu nuen gauean bihotzaren aintziran egin zitzaidan izua niregandik joan zen apur baten, eta burrukaldi gogorraren ondoan itsasoko bazterrera irten duenak arriskuz beteriko uretara begiratzen duen bezala, oraindik ihesi zebilan nire kemena ere atzera itzuli zen, inoiz inok bizirik aienatu ezten lekua bir-ikustera.

      Gorputz nekatuak atsedena hartuta gero, plaia bakartitik abiatu nintzen, eta zapaltzen nuen oina harean sartzen zitzaidan. Eta ondartzatik irtetear nengoenean, lehopardo arin lerden larru-nabar bat agertu zitaidan: aurretik etzitzaidan inola kentzen, eta hainbeste ostopo iminten zidan bidean, zer aurrera egiten nuen bakoitzean atzera egin behar izan nuen.

      Goizaldea hasi-berria zegoen, eta Jainkoaren amorioak gauza eder guzti haik egin zituenean berekin zeuden izarrekin igoten zen eguzkia; pisti larru-nabar haren aintzinean itxadon behar nion beraz egun berriaren giro ederrari; baina ez agertu zitzaidan lehoi batek bildurra eragin gabe.

      Honek zirudien nireganantza zetorrela kopet-altu eta izugarriro gose, eta aireak berak zirudien haren bildur. Eta lupu bat, bere argaltasunean grina oroz beterik, jente askoren hondamendia erakarri zuena.

      Eta haren itxuraren izuak eman zidan tristurak goiko esperantzak galdu arazi zizkidan. Eta aberastasunaren alaitasuna ahantzirik, bere ondasunak galtzen dituenak negar eta zinkurina egiten duen bezala, honela egiten zidan animalia gupida-gabe harek, nire kontra etorten, eguzkia, argitzen ezten lekurantza eramaten ninduela.

      Leizerantza hamiltzen nintzen artean, bat agertu zitzaidan, bere isiltasun luzeagatik mutu zirudiena. Eremu haundian ikusi nuenean.

      «Erruki hadi nitzaz».

      Garraisi egin nion.

      «Zer-nahi haizen, itzal edo gizon gertua».

      Erantzun zidan:

      «Gizona eznaiz, behin izan banintzen ere, eta nire gurasoak izan ziren lonbarditarrak, biak mantuatarrak. Berandu izan arren Julio-pean jaio nintzen, eta jainko faltsu eta atzipagarrien denboran Augusto onaren azpian bizi izan nintzen Erroman. Poeta izan nintzen, eta Ilion harroa erre ondoren Troiatik etorri zen Ankisen seme justo hura kantatu nuen. Baina hi, zergatik bihurten haiz neke haundi hontara? Alaitasun guztien hasiera eta amaia den mendira, zergatik ezaiz igoten?

      «Orduan haiz hi Virjilio, mintzairazko hain hibai haundia sortzen den iturria?», erantzun nion nik, kopet-apal. «Oh, beste poeta guztien ohore eta argia, hire idaz-lanak gozatu arazi zizkidaten ikaskuntza luzeak eta maitasun haundia balia bekizkit! Hi haiz maisu eta autore nirea; ohoratu nauen idaz-tankera hiregandik hartu nian nik. Ihes egiten diodan animalia ikus ezak. Harengandik libra hezak, zainak eta poltsua ikaratu arazten baitizkit».

      «Hiri», esan zidan negar egiten ikusi ninduenez gero, «leku basati hontatik ihes egin nahi baduk beste bide bat komeni zaik. Kexatzen haizen abere honek eztiraukok inori bere albotik pasaten uzten, eta eragozteagatik hiltzen gaitik. Bere jenio gaixto eta zikoitzarekin eztik egundo bere grina hamorratua asetzen, eta zenbatenaz gehiago jaten duen, hanbatenaz-eta goseago duk. Biltzen den animaliak asko dituk. Eta dolorez hilgo duen artzan-ora etorri arte are gehiago izango dituk. Azken hau eztuk ez ondasunez ez urrez elikatuko, baizik-eta jakituriaz, amorioz eta birtutez, eta bere aberria egongo duk humildadean. Italia apalaren osagarri eta kontsolamentu izango duk, hargatik eman baitzuen bizitza Kamila dontzellak, eta zaurituak izan baitziren Eurialo, Turno eta Niso. Herriz herri jarraituko dik, eta azkenean infernura egotziko dik, handik atera baitzuen behin inbidiak. Horregatik pentsatuta eta erabakita zeukat hik nire jarraitzea eta ni hire gidaria izatea: hemendik joango gaituk esperantza-gabeko deiadarrak entzungo dituan leku eternaletara, bigarren heriotzagatik negar egiten duten jente zaharren espiritu oinazeztatuak ikusiko dituk; baita ere sutan pozik daudenak, bere garaiz jente dohatsuagana joatearen esperuan baitaude. Haiengana joan nahi baduk neu baino beste arima prestuago bat topatuko duk: joaten naizenean harekin lagako haut, han goian errege den jaunak, haren legeen kontra ibili nintzelako, neugandik ezpaitu bere hirira heltzerik. Leku guztietako jaunak handik gobernaten dik. Han zegok bere hiria eta bere tronu haltua. Hautatzen dituenak dohatsuak dituk!»

      Nik hari:

      «Poeta, ezagutu ezuen jainkoagatik, nire gaitzetatik eskapatzea eskatzen derauat, esan duan tokira eraman nezakan, San Pedroren atea eta hain samindurik daudenak ere ikus ditzadan».

      Harek bideari ekin zion eta ni haren atzean abiatu nintzen.

 

INFERNUA
Dante Alighieri

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1985