Requiem
Anna Akhmatova

Реквием (1963)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

                                                        Ez, ez nintzen zeru arrotz azpian,

                                                        ezta hego arrotzen gerizan ere,

                                                        ene herria tamalez zetzan tokian,

                                                        hantxe egin nuen herria ene.

 

                                                                                                          1961

 

 

 

AITZINSOLAS GISA

 

         Jezhov-en urte beldurgarrietan, hamazazpi hilabetez, Leningradeko kartzelen aitzineko ilaretan hartu nuen itxaron lekua. Egun batez, inork «ezagutu» egin ninduen. Une hartan, nire atzean zen emakume ezpain urdindu bat, bistan zenez nire izena inoiz entzun gabea, bizi ohi genuen loalditik jalgi eta belarrira xuxurlatu zidan (han denok mintzatzen ginen ahapetik):

         —Eta zuk, hau deskribatzen ahal duzu?

         Eta nik:

         —Bai, ahal dut.

         Orduan, irribarre moduko zerbait irristatu zen inoiz aurpegi izandako hartan.

 

1957ko apirilaren lehena,
Leningrad

 

 

 

         ESKAINTZA 

 

Pena horretan dira mendiak makurtu,

horra ibai burgoia isurtzen ez dena,

kartzelen harresiak ezin dira urtu,

«presoen ziegak» soilik zaizkie agertu,

hantxe lurperatzen da hilkorra den pena.

 

Norentzat den haizexka arinen ufada,

norentzat ekiaren ilunabar txera,

andreok ez dakigu, beti hemen gara,

soldadu pauso latza dantzugun bakarra

eta kartzela giltzen kirrinka minbera.

 

Goizalbako mezara lez ginen esnatzen,

abiatu ginen hiri basa bihurtuan,

elkarren hilotz ginen elkarrekin batzen,

ekia beheitituta Neva zen itzaltzen,

esperantzazko kantu urrun agurtuan.

 

Sententzia... malkoak kolpetik jario,

besteengandik alde egin du andreak,

bihotza erauzita mindura medio,

gibeletik gorputza eraitsi bailion,

baina aurrerantz doa... ahul... bakarrean.

 

Non dira nire orduko patu partaideak,

infernu biluziko biurte hartakoak?

Nora ditu siberiar izotzezko haizeak?

Ilargi diskoan non amets emaileak?

Zuentzat nire gaurko agur gisakoak.

1940ko martxoa

 

 

 

         SARRERA

 

Hortxe da hildakoa irritan haatik,

bere bakeaz ere gozamen jario.

Hor da Leningrad ere, espetxeetatik

dilindan alferreko zintzilikario.

 

Bertan preso multzoak abiatu dira,

eroturik dabiltza minen ondorioz,

banantzeko agurra labur joz ari da

lokomotora bere kantu eta txilioz.

 

Gure gainean dira hileta izpiak,

oinazez okertuta Errusia aratza,

furgoi beltz horietako gurpilen azpian

eta odoldutako boten pean datza.

 

 

 

         1

 

Atxilotu zintuzten egunsenti unean,

segizioan nintzen zugandik hurrean,

haurren negarrak ozen ganbara ilunean,

kandelak urtzen ari santuen aurrean.

 

Ikono baten hotzaz dituzu ezpainak,

betileetan herio izerdiz... nola ahantz!

Streltsien andreen orroen tamainaz

nire orroa Kremlingo dorreetatik harantz.

 

1935

 

 

         2

 

Lasai doa Don, lasai isuri,

ilargi horia etxean ari.

 

Kapela okerrez da etorria

itzalari so ilargi horia.

 

Horra andrea bere gaixoaz,

gaixoaz bakar-bakarrik doa.

 

Semea preso, senarra hilotz,

egizu nire aldeko otoitz.

 

 

 

         3

 

Ez, ni ez, bestea da penaz errukarri.

Ezingo nuke jasan. Daitezela erridau

ilunak gertatuen oihal estalgarri,

eraman ditzatela kale-argiak...

                                         Gau.

 

 

 

         4

 

Zuri, trufari horri, Tsarskoie Selo-ko

bekatari alaia, lagun lagunena,

ai balizute inoiz zuri kontatuko

zure bizitzarekin gertatuko zena.

Ehunka andre artean, eskuetan poltsa,

kartzela aitzinean ilaraz ilara,

nola urtaraziko zenuen izotza

Urte Berrian zure malkoen sugarraz.

Kartzela inguruan makala dilindan,

zenbat errugabeko bizitza joan diren

isiltasun kulunka horrek eraginda.

 

 

 

         5

 

Hamazazpi hilez egin garrasi,

zatozen nire baitara,

borreroari erreguz hasi,

nire seme, nire ikara.

Dena nahasi zaigu betiko,

ez dut asmatzen bereizten

nor den piztia, nor den mutiko,

fusilen zain ote naizen.

Lore haustuak baino ez dira

intsentsuzko hatz marken distira

inongo inondik inora.

Begietara daukat begira,

izar handiak nazan azpira

gertu dudan heriora.

1939

 

 

 

         6

 

Azkar pasatzen dira asteen hegadak,

jazoa ulertzeko saio alferretan.

Nola, seme, zurizko gauen begiradak

zugan pausatu ziren kartzela horretan,

nola itzultzen diren zapelatz itxuran

begi sutsuz behin eta berriz zu ikusteko,

zure gurutze altuaz berba egin guran,

eta zure heriotza zeuri erakusteko.

 

1939

 

 

 

         7. SENTENTZIA

 

Harriaren tankeraz hitza erori zen

oraino hila ez zen nire bularrean.

Ez du axola, horretaz guztiz segur nintzen,

gaindituko bainuen gainditu beharrean.

 

Oraindik gauza asko ditut egin behar:

oroitzapenak oro daitezen hondakin,

bizitza berriz ere bizitzara ekar,

nire arima harrizko bihurtzeko ahalegin.

 

Bestela... uda beteko gorizko firfirak

nire leiho zabaldu pean du olgeta,

sumatua bainuen lehenez urrutira

argi egunez etxe hau huts izanen zela.

 

1939ko uda

 

 

 

         8. HERIOTZARI

 

Zurea ziur denez zergatik ez egun?

Itxaroten baitzaitut. Hauxe neke gorri.

Argia itzalita sarrera eman nizun

gauza arraro eta soila zaren horri.

 

Horretarako zernahi eite har ezazu,

oldar zaitez jaurtigai pozoitu bezala,

tifusaren kiratsaz zipriztin nazazu,

gaiztaginen isilez, kolpez jo ahala,

 

edo zeuk sortutako ipuinaren bidez

aspaldi nazkaraino ezagun den arren,

kartzelarien bonet urdinak hor bitez

atezainen bisaia zurbil agertzearren.

 

Ezerk ez dit axola. Jenisei da laino.

Dirdira egiten du zirkulu polarrak,

eta begi maiteen urdin argiraino

dena estaliko du ikararen karrak.

 

Fontankako etxean,
1939ko abuztuaren 19an

 

 

 

         9

 

Eldarnioak hegala lagun

erdizka estali du nire arima,

suzko ardoa edan dezagun,

ibar beltzera deika ari da.

 

Konprenitu dut komeni dena

utz diezaiodan garai dezala,

entzunaraziz nire eromena

beste batena balitz bezala.

 

Ez dit inola ere utziko

atxik dezadan ezer nirekin,

nahiz eskariak izan ohiko,

nahiz erreguei berriro ekin.

 

Ez semearen izu begiak,

minaren minez txit gogortuak,

ez ekaitzaren egutegia,

ez kartzelako bisita orduak,

 

ez eskuetan goxo freskoa,

ez ezkietan itzala larri,

ez soinu urrun arinezkoa

solasen azken kontsolagarri.

 

Fontankako etxean,
1940ko maiatzaren 4ean

 

 

 

         10. GURUTZILTZATZEA

 

«Ez egin nire alde negar, Ama,

jadanik hilobian bainatza»

 

                        I 

 

Aingeruen koruak unea goretsiz,

zerua zabaldu zen distira eta sugar.

Aitari erreguka: «Zertaz nauzu utzi!»

Amari: «Ai, ez egin nire alde negar».

 

 

                        II 

 

Magdalena, lurjoa, zotinka harengana,

jarraitzaile maitea harri zen bihurtu,

hantxe sufrituz eta isilka aldiz Ama,

begiratzera ere inor ez ausartu.

 

1940-1943

 

 

 

         GIBELSOLASA 

 

                        I 

 

Badakit aurpegiak nola histen diren,

nola izuak duen hartzen betazala,

nola masailak diren doluz irarriren

oholtxo kuneiforme zizeldu bezala,

 

nola adats beltzaran eta gaztankara

zilar kolorekoa kolpez den bihurtzen,

nola irri sikuan dar-dar den ikara

eta ezpain otzanetan barrea ihartzen.

 

Nire otoitza ez da soilik nire alde,

nire ondoan zirenak ditut memorian,

murru gorri itsuan nirekin bidaide,

hotzik ankerrenean, uztail sargorian.

 

 

                        II 

 

Ostera oroimenak bidea egin baitu,

zuek zaituztet entzun, ikusi, sentitu:

 

zu, leihoraino nekez iritsi zarena,

zu, sorterriko lurraz gozatu ez dena,

 

zu, adatsa astinduz, baituzu adierazi:

«etxean bezalaxe naiz ni hemen bizi».

 

Izenez nahi nieke andre denei deitu,

baina aspaldi zerrenda zidaten bahitu.

 

Buruzapi erraldoia josi dut haientzat,

eurei entzundako hitz pobreak haritzat.

 

Haietaz oroitzen naiz nonahiko-betiko,

zorigaitz berrietan ez ditut ahantziko,

 

eta ehun bat milioi arimaren hitza

den aho higatu hau balezate giltza,

 

nitaz oroit daitezen ni haietaz legez,

nire ehorzketaren bezpera egunez.

 

Eta herri honetan, auskaloko batez,

oroitarri bat egin nahi balidate,

 

ados naiz asmoari diezaioten ekin,

haren kokapenaren salbuespenarekin:

 

ez bego jaio nintzen itsasotik gertu,

hari lotzen ninduen soka da apurtu;

 

tsarren parkeko enbor ondoan ez bego,

hantxe itzal etsitu batek bainau gogo;

 

hemen nahi dut, hirurehun ordu luzeetan

zabaldu ez zizkidaten ate-sarrailetan.

 

Heriotza gozoan egon ohi naiz dudan

furgoi beltzen karranka ahantziko ote dudan,

 

ahantzi higuinezko atearen zarta,

atso zaurituaren pizti zalaparta,

 

elurra dadin urtu malkoak bezala

nire brontze betazal pisuetan hala,

 

urrun bego urrumaz kartzelako usoa,

Nevan ontzia bebil isilaldi osoan.

 

1940ko martxoa

 

Requiem
Anna Akhmatova

Реквием (1963)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016