Maizter misteriotsua
Sheridan Le Fanu

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Erein, 1991

 

 

LE FANU, LITERATURAREN
ETXE MISTERIOTSUAN MAIZTER

 

      Ez dakit zeinek idatzi zuen estreinako fantasma istorioa. Abrahamen aingeruarekiko borroka hain bortizki deskribatu zuenak agian. Dena den, fantasmen kontuetan, Abraham arbaso duten erlijioek garbi dauzkate gauzak: demonio ez zirenak aingeru; eta beste guztiak fantasmak. Greziar zaharrek istoria zoragarriak kontatu zituzten berpizten ziren hildakoei buruz, eta txinatar tradizioan fantasmaren agerpenak ohizkoak dira. Nahiz Erromantizismoan indartu egingo zen misteriosoa eta fantastikoa denarekiko atxikimendua, egia esan, lehenagotik ere oso presente zegoen. Horrela idazten baitzuen XVII. mendean Fray Antonio de la Peña kaputxinoak: «Supongo lo tercero que estos duendes en Castilla los llaman trasgos, en Cataluña folletos, que quiere decir espíritus locos, y en Italia farfareli, como lo tiene ubi supra dicho Salvador Ardevines, y en las partes septentrionales los llaman fantasmas».

      Fantasmak pertsonaia nagusi izanda Britainia Handian sortuko da literatur genero berezi bat, Ghost storie gisa ezagutuko dena, eta Victoria erregina tronuko aulkian eseriko den aroan (1837-1901), Iraultza Industrialaren garaian kuriosoki, berebiziko garrantzia izango duena.

      Joseph Sheridan Le Fanu izan zen horrelako istorioak idazten maisu.

      Eta literatur kontzeptuak errebisatzen ari diren une honetan, Wilkie Collinsen neurriko idazleak gure artean berriro argitaratuz, logikoa dirudi, Carmilla bezalako nobelak idatzi zituenari gure omenaldi apala eskaintzea, lan hori baita banpiro istorioen artean, nire iritziz, zoragarriena.

      Dickens baino bi urte beranduago munduratu zuten Le Fanu Dublinen (1814, Waterloo baino urtebete lehenago) eta Pickwick pertsonaiaren sortzailea baino hiru urte beranduago hil zen, bihotzekoak emanda (1873). Horrelako garaikide erraldoi bat izan zuelako da hain ezezaguna gure artean J.S. Le Fanu.

      Philip Le Fanu apaizaren semea zen, Frantziatik pertsekuzio garaian Irlandara ihes egindako hugonoteen leinukoa. Trinity Collegean ikasi zuen eta legegintzan urte batzuetan aritu ondoren (Dickens eta W. Collinsen moduan) kazetari egin zen, eta Dublin University Magazine-an lortu zuen mundu osoak aitortuko zion ospea. Irlandatik atera gabe, eta Irlandako herri-kulturan leporaino murgildurik ibili zelarik, politikan irlandar nazionalistatzat baitzuen bere burua, harrigarria da hala ere, nola ez duten bere izkribuetan batere oihartzunik mende horretan Britainia Handiaren mende zegoen nazioak jasan zituen zoritxarrek (gosete handia, Ameriketarako emigrazioa, 1840.eko iraultza eta ondorengo errepresioa). Biografoek diotenez, gizon alaia zen, umore puntu izugarria zuena. Azkeneko urteetan apenas ateratzen zen Dublinen zeukan etxetik, izpirituaren arazoak eta arimaren metafisika ikertzen, Swedenborgen lan pisu eta nekezaren eraginez, goizalbako orduetan idazten, te berdea soilik lagun.

      Dexente idatzi zuen Le Fanuk: hamalau nobela; ipuin pilo bat; artikulu eta saiakera ugari. Ezin daiteke zuzen zehaztu zein izan zen haren lan osoa, testu asko argitaratu baitzuen era anonimo batean edo erdipurdizkako aldizkarietan bestela. Bere nobela eta istorio laburrak hala ere, txukun izan ziren argitaratuak, Belgravia, London Society, Temple Bar eta Dickensen All the Year Round aldizkarietan.

      Gazteleraz nobela batzuk besterik ez dizkiogu irakurri: The Haunted Baronet, La Profecía de Cloostedd gisara itzulia izan zena J.A. Molina Foixek zuzentzen zuen Nostromo izeneko liburu-bilduma ahituan. Misterio eta detektibeen nobela da hau, Irlanda zaharreko mito zaharren bildumatik ateratako pertsonaien galeria bat: geroa igartzen duten tabernariak, emakume itoa, baronet bat misteriotsua oso, apaiz eroa, ametsak, urrez beteriko poltsa bat, laku sujerikorrak, beltzez jantzitako damak, erretratu horiztatu bat paretatik begira, zerbait ezkutatzen duen gazteluko murrua... Aitzakiarik gabe ezagutu beharrekoa, generoa maite dutenen artean.

      Carmilla lehen aipaturiko bilduma horretan argitaratu zen. Emakume banpiroa du gaia, E.T.A. Hoffmannen Vampirismo izeneko ipuinak bezala. Le Fanuk ezagutzen zuen, noski, alemanaren lana, eta esan daiteke, hark De Nervalengan eta Baudelairerengan eragina izan zuen moduan, bere aztarrenak utzi zituela Le Fanuren liburuetan zehar, eta batez ere Carmillan; narrazio poetikoa baita, errealitatea eta ametsa nahasten dituena, eta Europa erdian (Hungariatik Alemaniara zabaldua zen) ezaguna den leienda beldur-eragilean oinarriturik.

      Uncle Silas, El tío Silas gisara itzulia izan da. Lehenagotik Le Fanuk TheMurdered Cousin idatzitakoaren remake bat. Irlandar leienda bat, non iloba umezurtza bere etxera jasotzen duen osaba batek, labanaz ebaki daiteken misterio atmosfera batez inguraturik.

      La habitación en el Dragón Volante izenekoan, istorio zoragarriak botatzen ditu Le Fanuk, taberna giroko kontakizunak, non oroimenak eta ahazturak borroka egiten duten iraganak iragan izaten iraun dezan. XIX. mendean idatziak izan diren misterio eta abentura istorietan berebiziko lekua beteko luke. Nobela honetan Le Fanu Wilkie Collinsen eremuan sartzen da, albo batera baztertzen du naturaz kanpokoa dena, eta pertsonaiak benetan indartsuak eta bizidunak sortzen ditu, ohizko pertsonaia mutuei kontrajarriz.

      The Mysterious Lodger da ingelesezko hitzetan orain euskal irakurleari eskaintzen zaion nobelatxoa.

      1850.ean argitaratu zuen egileak lehendabiziko aldiz Dublin University Magazinean, baina orduan ez zen errelatoaren azpian ohizko tokian inoren sinadurarik agertzen, anonimo gisara kaleratu zen beraz. Eta Le Fanu bizi zelarik egindako bildumetan ez zen azaldu. Dagoeneko esana dago Le Fanuk bazuela joera kurioso bat, lan asko izenik gabe argitaratzearena hain zuzen. Baina idazle askoren gisa, Le Fanuk ere, koaderno ugari betetzen zituen oharrez eta azalpenez, leku eta pertsonaia izenez. Rhodes James ikerlariak —bide batez esanda, bera ere, Le Fanuren edozein errelatotako pertsonaia izateko aproposa—, bere bizitzako urte batzuk eta pazientzia erruz erabili behar izan ditu Le Fanuren arrasto guztiak segitzeko, eta bata bestearekin lotuz, aipatzen ari garen idazlearen lan bilduma serio bat egiteko. Rhodes Jamesek dioenez, Le Fanuren lana da hau, inondik ere, haren estilo propioa baitauka. Baina, horrelakoetan gertatzen den legez, ez dago ziurtasun osorik.

      Dena den, eta misterio-istorioetan maisu izan zenaren ohorez, utz dezagun laino mehe batek auzia estal dezan.

      Ezin daiteke esan Le Fanuren istorioak izu-eragile direnik, E.A. Poeren batzuk edo H.P. Lovecraftenak hala diren moduan. Ez zuen sekula efektu hori bilatu era konsziente batean. Kontatu beste helbururik ez zuen izan. Herri-tradizioan bizirik zirauten gaiak eta pertsonaiak jaso, moldatu apur bat eta geroenean publikoari eskaini. Irlandako unibertsoa da Le Fanurena, irlandarren izpiritu errebelde eta ipurterrea bere egiten du. Poesia gehiegi isurtzen du Le Fanuk bere izkribuetan izu soilez eraikitako mundu batean sinisteko. Imajinazioa zuen, eta beti sinistu izan zuen mistikoen gisa imajinazioak esperientzia aida zezakeela.

      Imajinazioaren eta alkimiaren ahala aldarrikatu zituen, gizonaren nortasunean eragina duten ezkutuko bideak seinalatu, eta ametsen munduarekin daukagun harremana galtzen denean, nagusitu egiten den malenkonia deskribatu zigun, doinu gris eta hitsez batzuetan, inoiz ez beltzez ordea.

      Izan ere bada irlandar izaeran indar bat, horrela izatera bultzatzen duena. Irakurri besterik ez dago W.B. Yeats poeta, esaterako, Le Fanuren idatzietako munduak jarraipena izan zuela frogatzeko.

      Eta Yeats aipatu ondoren ezin esan gabe utzi, Le Fanuk eragin nabarmena isuri zuela bere garaikideen artean. Hainbat kritikarik jakinarazi duenaren arabera A Chapter in the History of a Tyrone Family errelatoa 1839an argitaratua, Jane Eyre, Charlotte Bronteren nobelaren iturburua da.

      Bai baten kasuan nola bestearenean giroa antzekoa da: emeki-emeki deprimitzen gaituen atmosfera itogarri hori.

Felipe Juaristi

 

 

Maizter misteriotsua
Sheridan Le Fanu

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Erein, 1991