Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

I. ATALA
Koldarkeriaren esanahia

 

       Ba al dakizue koldarra izatea zer den? Ni ez nago, bada, oso ziur. Uste dut inork ez dakiela noiz izango den koldarra eta noiz ausarta. Eta uste dut mehatxuek, zapalkuntzek eta injustiziek jendea birrindu egiten dutela erabat, atsekabeak adoreari bidea ixteko neurriraino. Gizon bati bularra puzten zaionean eta beste baten kontra errinozeronte-zartailua altxatzen duenean, eta besteak ihes egiten duenean, esango al didazue zein den bietan adoretsuena?

       Ondorengo bi istorioetan nolabait koldartzat hartuak izan diren bi gizonen istorioak agertzen dira. Lehenengoan, Galdegin iezaiezu ostrukei, duela laurogei urte gertatutako istorioa kontatzen da. Aspaldiko gertaera izan arren, orduan ere Hego Afrikako beltzek ezin zuten beren etorkizunaren jabe izan. Kontakizuna irakurri ahala, beharbada sakonean hau ikusiko duzu; alegia, gizon adoretsua goi mailara iristen dela gizatalde burujabe batean, eta koldarra, berriz, nagusi zuriaren esanetara eta aginduetara dagoela beti.

       Bigarren kontakizuna, Atzera begira, 1950. ondorengo urteetan gertatu zen, Gobernu Nazionala beltzen bizimodua kontrolatzeko metodo berri, anker eta etengabekoak erabiltzen hasi zen garaian. Ondorioen oihartzunak iraganetik gaur egun arte iristen dira. Beltzen antzinako kulturak harro erakusten zuen gurasoekiko eta zaharrekiko begirunea. Baina nola izango dute gazteek begirunerik beren bihotzetan gurasoak baztertuak, gutxietsiak eta esetsiak ikusten badituzte? Injustizien kontra borrokan aritu diren guraso asko zigortuak izan dira, eta batzuk garaile irten dira. Baina beste asko lur jota geratu dira aurrean izan dituzten zailtasunen eta ankerkerien ondorioz. Eta umeak harrituta geratu dira, goibeldurik eta etsita, jokabide eta adore iturri berri baten bila

       Bi kontakizunetako emakumezkoek oinaze handiak jasan dituzte. Ohitura eta berrikuntzen arteko bidegurutzean daude, alde batetik, beren gizonek babesa eman behar dietela uste dute oraindik, eta bestetik babes horrek luzerako ziurtasunik ez dietela emango ikusten dute.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999