Kronopioen eta famen istorioak
Julio Cortazar

euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2014

 

 

JARRAIBIDEEN ESKULIBURUA

 

 

      Adreilua egunero biguntzeko lan hori, bere buruari mundu deitzen dion ore likatsuan aurrera egiteko lan hori, goizero topo egitea izen higuingarriko paralelepipedoarekin, den-dena bere tokian dagoelako pozbide txakurrezkoarekin, emakume bera alboan, zapata berak, hortzetako pasta beraren zapore bera, tristura bera aurrez aurreko etxeetan, denboraren leihoen taula zikin “Hotel de Belgique” karteldunetan.

      Burua sartzea gogorik gabeko zezen baten gisa ore gardenaren kontra, zeinaren zentroan kafesnea hartzen baitugu eta egunkaria irekitzen jakitearren zer gertatu den kristalezko adreiluaren zein-nahi zokotan. Ez onartzea kisketa biratzeko ekintza delikatu hori, dena itxuraldatzen ahalko zuen ekintza hori bete dadin egoneroko erreflexu baten eraginkortasun hotzarekin. Gero arte, laztana. Ongi joan dakizula.

      Koilaratxoa hatzen artean estutu eta haren metalezko taupada, haren jakinarazpen susmagarria sentitu. Nolako mina egiten duen koilaratxo bat ez onartzeak, ate bat ez onartzeak, ohiturak, leuntasun gogobetekoa eman arte miazkatzen duen oro ez onartzeak. Erraz askoa koilararen eskaintza samurra onartzea, kafea nahasteko erabiltzea.

      Eta kontua ez da hori gaizki dagoela gauzek egunero berriro aurkitzen bagaituzte eta berberak badira. Gure alboan emakume bera egotea, erloju bera, eta mahai gainean irekitako liburua abiatzea gure betaurrekoen bizikletan, zergatik egon behar du gaizki? Baina burua makurtu behar da zezen triste baten gisa, kristalezko adreiluaren zentrotik kanporantz bultzatu, gugandik hain gertuko beste horren aldera, helezina zezenaren hain gertuko pikadorea nola. Begiak zigortzea zeruan dabilen eta hodei izena —haren erreplika memorian katalogatua— maltzurki onartzen duen horri begira. Ez pentsa telefonoak emango dizkizunik bila zabiltzan zenbakiak. Zergatik eman beharko lizkizuke? Prestatua eta erabakia duzuna baino ez da etorriko, zure itxaropenaren isla triste hori, mahai baten gainean hazka ari den eta hotzak dardaka dagoen tximino hori. Hautsi iezaiozu burua tximino horri, egizu lasterka paretaren erditik eta bide egizu. Oi, nola ari diren kantuan goiko solairuan! Goiko solairu bat dago etxe honetan, beste jendaki batzuekin. Goiko solairu bat dago non beheko solairurik susmatzen ez duen jendea bizi baita, eta kristalezko adreiluan gaude denok. Eta baldin bat-batean sits bat arkatz baten ertzean gelditzen bada eta su errauskara baten gisa pilpiraka hasten, begiraiozu, ni hari begira nago, haren bihotz guztiz txikia haztatzen ari naiz, eta entzuten diot, sits hori durundika ari da kristal izoztuzko orean, ez dago dena galdua. Atea ireki eta eskailerara ateratzen naizenean, jakingo dut behean hasten dela kalea; ez jada onarturiko moldea, ez etxe jada ezagunak, ez aurreko hotela; kalea, oihantxo bizia non une bakoitza magnolia baten gisa oldar baitaiteke nire gainera, non aurpegiak jaioko baitira begiratzen diedanean, apur bat gehiago aurreratzen naizenean, ukondo eta betile eta azazkalekin kristalezko adreiluaren orearen kontra xehetasunez hausten naizenean, eta kale kantoira egunkaria erostera joateko nire bizia jokatzen dudanean, pausoz pauso aurrera egiten dudan bitartean.

 

 

NEGAR EGITEKO JARRAIBIDEAK

 

      Motiboak alde batera utzita, egokitu gaitezen negar egiteko modu zuzenera, modu hori interpretatuz iskanbilara jotzen ez duen negar gisa, eta irribarrea iraintzen ez duena antzekotasun paralelo eta traketsarekin. Negar batez bestekoa edo arrunta datza begitartearen uzkurtze orokor batean eta espasmozko hots batean malkoek eta mukiek lagundurikoa, mukiak amaieran, zeren negarra bukatzen baita norberak indarrez zintz egiten duenean.

      Negar egiteko, zuzen ezazu irudimena zeure baitara, eta hori ezinezkoa gertatzen bazaizu kanpoko munduan sinesteko ohiturak kutsatu zaituelako, pentsa ezazu inurriz beteriko plater batean edo Magallanes itsasarteko golko horietan, non inor, inoiz, sartzen ez baita.

      Negarra iritsita begitartea duintasunez estaliko duzu, bi eskuak, ahurrak barnealdera, erabiliz. Umeek berokiaren mahuka aurpegiaren kontra dutela egingo dute negar. Negarraren batez besteko iraupena, hiru minutu.

 

 

ABESTEKO JARRAIBIDEAK

 

      Hasi zaitez etxeko ispiluak hautsiz, utzi besoei erortzen, begiratu lausoki paretari, ahaztu zaitez. Abestu nota bakar bat, entzun barnetik. Entzuten baduzu (baina hori askoz geroago gertatuko da) paisaia moduko bat beldurrean hondoratua, harrien artean suteak dituena, silueta erdi biluzi kokoriko jarriak dituena, uste dut ongi bideratua egongo zarela, eta orobat entzuten baduzu beltzez eta horiz margoturiko txalupak jaisten diren ibai bat, entzuten baduzu ogi zapore bat, hatzen uki bat, zaldi itzal bat.

      Gero erosi itzazu solfeoak eta frak bat, eta mesedez ez abestu sudurretik eta utzi Schumann bakean.

 

 

JARRAIBIDE-EREDUAK
BELDUR IZATEKO MODUAZ

 

      Eskoziako herri batean liburuak saltzen dituzte orri zuri bat dutenak liburukiaren tokiren batean galdurik. Irakurle bat arratsaldeko hirurak jotzean heltzen bada orri horretara, hil egiten da.

      Quirinal plazan, Erroman, bada puntu bat XIX. mendea arteko iniziatuek ezagutzen zutena, eta nondik, ilargi betea delarik, higitzen ikusten baitira Dioskuroen estatuak, beren zaldi zutituekin borrokan ari direnak.

      Amalfin, itsasbazterreko aldea bukatzean, bada kai mutur bat itsasoan eta gauean aurrera sartzen dena. Txakur bat zaunka entzuten da azken kaleargitik haratago.

      Gizonezko bat hortzetako pasta hedatzen ari da eskuilan. Bat-batean emakume irudi bat ikusten du, koralezkoa edo apika ogi mami margotuzkoa, bizkarrez etzana.

      Jantzitegia ireki alkandora bat ateratzeko, eta almanaka zahar bat erortzen da, zeina desegin, hostogabetu eta arropa zuria paperezko milaka tximeleta zikinez estaltzen baitu.

      Ba omen zen bidaiari saltzaile bat, ezkerreko eskumuturrean mina hasi zitzaiona, ordulariaren azpian hain zuzen. Ordularia erauzi eta odola askatu zen: zauriak hortz fin-fin batzuen arrastoa erakusten zuen.

      Medikuak aztertu egin gaitu eta lasaitzen gaitu. Haren ahots baxu eta maitekorraren ondoren, bere mahaian eseririk sendagaien errezeta idazten ari da orain. Noizean behin burua jaso eta irribarre egiten du, gu adoretuz. Ez da kezkatzeko kontua, astebetean ongi egongo gara. Gure besaulkian patxadaz jartzen gara, zoriontsu, eta inguruari begiratzen diogu, arretarik gabe. Bat-batean, mahai azpiko ilunantzean medikuaren hankak ikusten ditugu. Galtzak izterretaraino igo ditu eta emakume galtzerdiak ditu.

 

 

HIRU MARGOLAN OSPETSU
ULERTZEKO JARRAIBIDEAK

 

Maitasun sakratua eta maitasun profanoa

Tizianok egina

 

      Margolan gorrotagarri honek Jordanaren ertzeko gaubeila bat irudikatzen du. Gutxitan margolari baten baldarkeriak aipa zitzakeen zitalkeria handiagoz ez egoteagatik diz-diz egiten duen Mesias batengan munduak jarririko itxaropenak; mundua den margolanetik at, izugarriki egiten du diz-diz marmolezko sarkofagoaren aharrausi lizunean, bitartean haren haragi patibularioaren berpiztea aldarrikatzeko zeregina duen aingerua, esatekorik gabe, seinaleak bete zain dago. Ez da beharrezkoa izango azaltzea aingerua irudi biluzia dela, bere gizentasun zoragarrian prostituitzen dena, eta Magdalenaz mozorrotu dela, irrigarriaren irrigarri, noiz eta egiazko Magdalena bidean aurrera doanean (non, aldiz, bi untxiren birao pozoitsua hazten baita).

      Sarkofagoan eskua sartzen duen haurra Luther da, hots, Deabrua. Jantziriko irudiari dagokionez esan izan da Aintzaren irudia dela giza handinahikeria guztiak konketa batean sartzen direla iragartzen ari den unean; baina gaizki margotua dago, eta jasminezko artifizio batean edo semolazko tximista batean pentsatzera darama.

 

 

Adarbakarraren dama

Rafaelek egina

 

      Saint-Simonek aitorpen heretiko bat ikusi uste izan zuen erretratu honetan. Adarbakarra, narbala, madaria izan nahi duen medailoiko perla lizuna, eta Maddalena Strozziren begirada ikaragarri finkoa zigor-jotze edo jarrera lasziboak leudekeen puntu batean: Rafael Sanziok hemen esan zuen gezurretan bere egiarik lazgarriena.

      Pertsonaiaren aurpegiaren berde kolore mina gangrenari edo udaberriko solstizioari egotzi zitzaion denbora luzez. Adarbakarrak, animalia falikoak, kutsatuko zuen: munduko bekatuak lo daude haren gorputzean. Geroago ikusi zen aski zela jasotzea margo geruza faltsuak, Rafaelen hiru etsai gogorrek jarriak: Carlos Hogek, Vicent Grosjeanek, “Marmola” deituak, eta Rubens Zaharrak. Lehen geruza berdea zen, bigarrena berdea, hirugarrena zuria. Ez da hemen zaila falena hilgarriaren sinboloa begiztatzea, bere hilotz gorputzari batzen dizkiona arrosaren hostoekin nahasten diren hegoak. Zenbat aldiz ebaki zuen Maddalena Strozzik arrosa zuri bat eta sentitu zuen hura bere hatzen artean intziri egiten, bihurdikatzen eta ahulki intziri egiten mandragora txiki baten gisa edo musker horien gisa, zeinek lirak bezala abesten baitute ispilu bat erakusten zaienean. Eta berandu zen jada, eta falenak ziztatuko zion: jakin zuen hori Rafaelek eta hiltzen sentitu zuen hura. Egiaren arabera margotzeko, adarbakarra gehitu zuen, kastitatearen sinboloa, arkumea eta narbala biak batera, birjina baten eskutik edaten duena. Baina falena bere irudian margotzen zuen, eta adarbakar horrek bere jabea hiltzen du, haren bularralde handientsuan sartzen da lizun landuriko adarraz, hastapen guztien eragiketa errepikatzen du. Emakume horrek bere eskuetan daukana, jakin gabe edan dugun kopa misteriotsua da, beste aho batzuetatik ase dugun egarria da, izarrak, harrak eta tren geltokiak ateratzen diren ardo gorri eta esnekara.

 

 

Ingalaterrako Enrike VIII.aren erretratua

Holbeinek egina

 

      Margolan honetan ikusi nahi izan da elefante ehizaldi bat, Errusiako mapa bat, Lirako konstelazioa, Enrike VIII.az mozorroturiko aita santu baten erretratua, Sargazoen itsasoko ekaitz bat edo Javako latitudeetan hazten den polipo urrekara hori, limoiaren eraginpean arinki doministiku egiten duena eta ufako txiki batez hiltzen.

      Interpretazio horietako bakoitza zuzena da margolanaren konfigurazio orokorra kontuan izaten bada, nahiz esekirik dagoen hurrenkeran begiratzen zaion, nahiz buruz behera edo alboka dagoen. Desberdintasunak xehetasunetara bil daitezke; hor da urre den erdialdea, zazpi zenbakia, kordoi-kapela zatietan beha daitekeen ostra, buru-perlarekin (traje edo erdiko lurraldeko perlen gune irradiatzailea baita) eta multzoari darion oihu orokor erabat berdea.

      Egin bedi Erromara joan eta erregearen bihotzaren gainean eskua pausatzeko esperimentu erraza, eta itsasoaren sorrera ulertuko da. Are errazagoa da haren begien parera kandela isiotu bat hurbiltzea; orduan ikusiko da hori ez dela aurpegi bat, eta ilargia, aldiberekotasunak itsuturik, lasterka doala gurpiltxo eta errodamendu gardenezko hondo batean zehar, hagiografien oroitzapenean burugabeturik. Ez du huts egiten harri-bihurtze ekaiztsu horretan lehoinabar borroka bat ikusten duenak. Baina badira orobat bolizko daga geldiak, galeria luzeetan asperkizunak ahitzen dituzten pajeak, eta elkarrizketa sigi-sagatsu bat legenarraren eta halabarden artean. Gizakiaren erreinua historial orrialde bat da, baina berak ez daki eta jolasean ari da axolagabe eskularru eta oreinkumeekin. Begira duzun gizon hori infernutik dator bueltan; urrun zaitez margolanetik eta pixkanaka barrez ikusi duzu, hutsa baitago, airez betea dago, esku ihar batzuek eusten diote atzean, karta-sortetako figura bat bezala gaztelua jasotzen hasi eta denak dardara egiten duenean. Eta hauxe du irakaspena: “Ez dago hirugarren dimentsiorik, lurra laua da, gizakia herrestatzen da. Aleluia!”. Agian deabrua da gauza horiek esaten dituena, eta agian errege batek esaten dizkizulako sinesten dituzu zuk.

 

 

ERROMAN INURRIAK
AKABATZEKO JARRAIBIDEAK

 

      Inurriek Erroma jango dute, esana dago. Harri xabalen artean dabiltza; esan, otseme hori, harribitxien zein lasterketak ebakitzen dizu eztarria? Lekuren batetik sortzen dira iturrietako urak, arbel biziak, kameu dardartiek zeinek gau betean eta ahopean historia, dinastiak eta oroitzapen ospakizunak ahopean esaten baitituzte. Iturriak taupadarazten dituen bihotza aurkitu behar litzateke inurrietatik begiratzeko, eta odol hazien, itsuen eskuen gisa laztutako kornukopien hiri honetan salbazio erritu bat antolatzeko, etorkizunak mendietan karrakatu ditzan hortzak, herrestan joan dadin bare eta indarge, inurririk gabe erabat.

      Lehenik iturrien norabidea bilatuko dugu; hori erraza da zeren koloreetako mapetan, planta monumentaletan, iturriek orobat baitituzte koloreetako iturbegi eta ur-jauziak, ondo bilatu behar dira besterik gabe, eta bildu arkatz urdineko, ez gorriko, barruti batean, Erroma bezain gorria baita Erromako mapa on bat. Erromako gorriaren gainean arkatz urdinak barruti more bat markatuko du iturri bakoitzaren inguruan, eta orain ziur gaude guztiak ditugula eta uren hostotza ezagutzen dugula.

      Zailagoa, bilduagoa eta isiltsuagoa da merkuriozko zainak azpitik sigi-sagan dabilzkion harri opakoa zulatzeko lantegia, iturri bakoitzaren zenbakia ulertzea pazientziaren pazientziaz, beila maitemindua gordetzea ilargi sarkorreko gauetan edontzi inperialen ondoan, harik eta horrenbeste xuxurla berdetik, lore modukoen horrenbesteko gur-gur egitetik, sortuz joan daitezen arte norabideak, batze guneak, beste kaleak, biziak direnak. Eta lo egin gabe haiei jarraitzea, sarde, hiruki itxurako hurritz makilekin, bi makila esku banatan, hatz lasaien artean edukitako bakarrarekin, baina hori guztia ikusezin delarik karabinierientzat eta biztanleria adeitsuki goganbehartsuentzat, Quirinalean ibili, Campidogliora igo, Pinziotik oihuka egin lasterka, Piazza della Essedrako ordena izutu suzko globo bat bezalako agertze geldi batekin, eta hola erauzi lurreko metal gorretatik ibai lurpekoen nomenklatura. Eta ez eskatu laguntzarik inori, inoiz ez.

      Gero ikusiz joango da nola marmol larrutuzko esku horretan zainak hara-hona harmoniaz dabiltzan, uren plazerez, joko artifizioz, harik eta apurka hurbildu, bat egin, lotu, arterietara hazi, gogor isuri arte erdiko plazan, non taupadatzen baita beira likidozko danborra, adaburu zurbileko sustraia, zaldi sakona. Eta jakingo dugu jada non dagoen, bobeda karedunen zein arkume larrutan irabiatzen duen bere denbora uraren bihotzak, lemur hezurdura xeheen artean.

      Lanak emango ditu jakiteak, baina jakingo da. Orduan akabatuko ditugu iturrien gutizia duten inurriak, kiskaliko ditugu galeriak, meatzari itsusi-itsusiek bilbatzen dituztenak Erromako bizi ezkutuko horretara hurbiltzeko. Erdiko iturrira lehenago ailegatze hutsarekin akabatuko ditugu inurriak. Eta gaueko tren batean joango gara, lamia mendekarien ihesi, ilunki zoriontsu, soldadu eta mojekin nahasirik.

 

 

ESKAILERETAN GORA
IGOTZEKO JARRAIBIDEAK

 

      Ez dago inor nabaritu ez duenik lurzorua askotan halako eran tolesten dela non zati bat angelu zuzenean igotzen baita lurreko planoarekiko, eta ondoren hurrengo zatia plano horrekiko paralelo kokatzen baita, beste perpendikular bat gertarazteko, jokaera hori errepikatzen delarik, kiribilean edo lerro hautsian, altuera guztiz aldakorretaraino. Makurtuz eta ezker eskua jarriz zati zutetako batean, eta dagokion horizontalean eskuina, maila edo zapalda baten momentuko jabe bihurtzen da bat. Maila horietako bakoitza, ikusten denez bi elementuk osatua dena, atzekoa baino apur bat gorago eta aurrerago kokatzen da, hastapen horrek eskailerari zentzua ematen diolarik, zeren beste zernahi konbinaziok forma agian ederrago edo bitxiagoak sortuko baititu, baina ez beheko solairutik lehenengo solairura eramateko gai direnak.

      Eskailerak aurrez aurre igotzen dira, nabarmen deserosoak gertatzen baitira atzeraka edo alboka. Jarrera naturala nork bere burua zutik atxikitzean datza, besoak nekerik gabe dilindan, burua goititurik, —baina ez hainbeste non begiek ezin baitituzte ikusi zapaldu den mailaren gainekoak— eta arnasa geldi eta beti-bat hartuz. Eskailera batean gora egiteko hasi behar da altxatzen eskuinean behean dagoen gorputz zati hori, ia beti larruak edo gamuzak biltzen duena, eta salbuespenak salbuespen mailan doi-doi sartzen dena. Lehen mailan jarririk delako zatia, oin deituko duguna laburbiltzeko, horren ezkerreko kidea (orobat oin deitua baina lehen aipaturiko oinarekin nahasi behar ez dena) jasotzen da, eta oinaren parera eramanik, jarraiarazten zaio bigarren mailan kokatu arte, eta horrela maila horretan pausatuko da oina, eta lehenengoan oina pausatuko da. (Lehen mailak beti dira zailenak, beharrezko koordinazioa lortu arte. Oinaren eta oinaren izenak bat etortzeak azalpena zailtzen du. Arreta berezia jar bedi oina eta oina aldi berean ez altxatzen.)

      Era honetan bigarren mailara heldurik, aski da mugimendua aldizka errepikatzea eskailburuarekin topo egin arte. Erraz ateratzen da bat bertatik, bere tokian finkatzen duen orpo kolpe arin batekin, eta ez da hortik mugituko jaisteko unea arte.

 

 

ERLOJUARI GILTZA EMATEKO
JARRAIBIDEEN ATARIKOA

 

      Pentsa ezazu honetan: erloju bat oparitzen dizutenean infernu loretsu txiki bat oparitzen dizute, arrosa-kate bat, airezko ziega bat. Ez dizute erlojua soilik ematen, zorionez bete ditzazula, eta iraungo dizula espero dugu, marka onekoa baita, suitzarra errubizko ainguraduna; ez dizute soilik oparitzen harri-jotzaile xehe hori, eskumuturrean lotu eta zurekin ibiliko duzuna. Oparitzen dizute —ez dakite, hori da okerrena, ez dakitela—, oparitzen dizute zure zeure puska hauskor eta prekario bat, zurea den baina zure gorputza ez den zerbait, zure gorputzera lotu behar dena zure eskumuturretik besotxo desesperatuaren gisa zintzilikatzen den uhalarekin. Giltza egunero emateko premia oparitzen dizute, giltza emateko obligazioa, erlojua izaten jarrai dezan; bitxi denden bitrinan, irratiko iragarkian, telefono zerbitzuan ordu zuzenari beha egoteko obsesioa oparitzen dizute. Hura gal dezazun, lapur diezazuten, lurrera erori eta hauts dakizun beldurra oparitzen dizute. Bere marka oparitzen dizute, eta beste markak baino hobea delako segurtasuna, zure erlojua besteekin erkatzeko joera oparitzen dizute. Ez dizute erloju bat oparitzen, zu zara oparigaia, zu oparitzen zaituzte erlojuaren urtemugan.

 

 

ERLOJUARI GILTZA EMATEKO
JARRAIBIDEAK

 

      Han hondoan heriotza dago, baina ez ezazu beldurrik izan. Hel iezaiozu erlojuari esku batekin, eman egiozu giltza bi hatzez, gora mugi ezazu emeki. Beste epe bat irekitzen da orain, zuhaitzek hostoak zabaltzen dituzte, txalupek errekak korritzen dituzte, denbora bere buruaz betetzen doa haizemaile baten gisa, eta denboratik jaiotzen dira airea, lurraren brisak, emakume baten itzala, ogiaren perfumea.

      Zer gehiago nahi duzu, zer gehiago nahi duzu? Lot ezazu laster eskumuturrean, utz iezaiozu aske taupadatzen, imita ezazu irrikaz. Beldurrak aingurak herdoiltzen ditu, lor zitekeen eta ahaztua izan zen gauza orok etengabe dihardu erlojuaren zainak jan eta jan, bere errubi txikien odol hotza gangrenatuz. Eta han hondoan heriotza dago baldin eta lasterka egiten ez badugu eta lehenago heltzen ez bagara eta ulertzen ez badugu jada ez duela inporta.

 

 

Kronopioen eta famen istorioak
Julio Cortazar

euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2014