SPITFIRE
Paco Urondo

Spitfire
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016

 

Bi adiskide abiadura handi eta arriskutsu batean partitu dira:

zain daukate mundua, nahiz beti bertan ibili izan diren

zentzu gehiago edo gutxiagorekin. Orain ordea

ordu gutxi barru Riora edo Dakarrera helduko dira; beharbada

bossa nova batekin katigatuko dira, armetan den

emakume beltz baten sorbalda distiratsua ferekatu; beste

hizkuntza bat bizi, beste bizitza bat: bestelako ametsak eta bestelako mina,

beste baraualdi traidore eta otzan bat.

 

Adiskide hauek iritsi egin beharko dute, hara jarri. Lekua

nahasgarria edo  gozakaitza izango da; ederra edo bizkorra edo etsigarria

edo bitxia. Itxura bat edo bestea duela sinetsaraziko die;

itsutu ere egingo ditu: ezkutatzen duen

benetakoa den oro estali eta babestuko duen edozein basakeria. Lanak

emango dizkie leku hori ezagutzeak; atezuan beharko dute, pazientzia.

 

Agurrekoan inork ez zuen kontuotan pentsatu. Eurei ere

ez zitzaien burutik pasa. Hegazkin barrura igo aurretik

edozeri barre egiten genion. “Disimulua edo

axola-eza ote da?”, baina inork ezin du entzun haizeagatik,

eta turbo-helizeen zaratagatik.

 

Gauaren azkenaz gero ezagutzen ditut. Droga batzuk eta

mundu txiker honetako emakume  bat edo beste

partekatu genituen. Bazen alkohola

eta gogoa eta oparotasuna eta etsipen erromantikoa. Osasunaren

bila lehiatu gara mundu txiker eri honetan,

eta epileptikoen pare sufritzera etorri gara hainbeste goizalde

burdinazkotan,

lasaigarrien atean joka, azken teari erreguka eskatuz

erauz gaitzala buruko, bihotzeko eta zangoetako minetik, hainbeste

ibiltzearen eraginez, eta batere harrokeriarik gabe

        elkarri hainbestetan

historia berbera kontatzeagatik, betiko maitasuna,

        beldurra.

 

Triste samar uzten naute bi adiskide hauek; barregarria badirudi ere

ez dut atsegin hain urrunera joan daitezen. Badakit

        xera eta amorrua

onartzea kosta egiten zaidana; lotsatu egiten nauela

kirats sentikor honek; larregizkoa dela

gainera etorri zaigun mende honetako  azienda batentzat; gizaki

mendebaldar eta zuria baina judutar ere ez dena,

baizik eta bihotz gogorrekoa asko jota.

 

Xakea, latina, bertsoak, antzerkia,

politika eta  borrokaldiak gu batzeko gai izan ziren; baita zenbait

        apeta

eta mania ere subjektibotasun batzuen egia objektiboaren eta existentziaren

        auzi horretara

hurbildu  gintuztenak azken batean, eta maitasunarenera eta, jakina,

delako iraultzarenera,  sekula bakean utzi ez gintuena

eta zerikusi handia izan zuena partitzeen

eta emozioen eta asegabetasunaren kontuekin, ekarri zuena

gure geroa jokoan jartzea, harietan listuta geratzea. 

 

Kidekoak gara, nolabait esatearren, eta mundua hitz batzuekin

mugiarazteko premiak harrapatuta gauzka,

edo egitasmoen bitartez, edo ortzi muga-berrien-xerka bidaiatuz,

edo gezurretan ibiliz: izango dugu zerbait esateko

        seguru asko, nahiz eta

baieztatzen zaila dirudien egitateak edo promesak izango diren.

Handinahiak gara eta herioren eskutik baino ez da etorriko isiltasuna eta

        bakardadea.

 

Ortzi sabaia behean dago, joan badoazen gure adiskideak ezagutuz

        bezala. Ezerk

ez digu atzera egin araziko: arrakastari beldur handiagoa diogu

        porrotari baino. Hegazkina hodei baxuetan murgildu da. Gezurra

        dirudien arren, beti

lainatuta egoten da horrelako une zailetan eta bihotz askok

uzkurtu eta dar-dar egiten dute partitzea iragartzen duten

        motorrekin batera.

 

Lauzpabost emakume aurreratu eta dotore ikusi ditut,

negarrez hasi dira. Hodeiak hormatuta daude

eta euren malkoak izoztu egin dira Ezeizako

eta despediden busti lehorrean, eta ortzia eta jendea.

 

SPITFIRE
Paco Urondo

Spitfire
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016