ADISKIDETASUNA, POESIAREN GAUZARIK ONENA
Paco Urondo

La amistad, lo mejor de la poesía
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016

 

Lurreko adiskiderik onenak dauzkat eta

bihotzez maite ditut, neure memoria txar handi honekin: eurek

nozitzen dituzte bizitzea egokitu zaigun

aldi makur honen herstura eta agerkundeak.

 

Zer ez nukeen emango batez ere haiek

alai eta ardurarik gabe ikustearren, baina

inork ez daukagu aski diru. Batzuetan,

solasera eta ardo pixka bat edateko esertzen garenean,

tarte batez amaitu egiten dira katastrofeak, kearen

berotan urtzen dira.

 

Gure egoitza nagusia bulego baten aldameneko

ardandegi zahar bat da. Bertako bezeroek

bistaz ezagutzen dute elkar, inoiz hitzen bat egin izango

zioten batak besteari; mozkor batek

oso antojagarri  jarri beharra dauka

handik bota dezaten. Emakumeak (adiskideak

ditut batzuk) begirunez hartzen dira, baina denek

so izaten dituzte (ni neu barne) nolabaiteko gutizi

bihurri modu batekin,  alkoholaren kumeen tolesgetasun

horrekin, ontasun gupidagabe horrekin.

 

Baditut adiskide bat Kalifornian eta beste bat New Yorken

        ezin izaten dutenak 

gure ardandegira etorri, euretako batekin igaro nuen

gizaseme heldu orok nerabezaro izenez ezagutzen duen

aldi izugarri eta anker hori. Badut beste adiskide bat

        aldi horri zin hitza egin ziola dioena. Beste bat Liman bizi da

eta beste bat itsaskiz eta Undurraga ardoz betekada egiten ariko da Antofagastan.

 

Xakean jokatzen dut bizarra kentzeko makina

uzten didan zine aktore batekin; adiskide horrekin jokatutako

xakea baino joko beroagorik ez dut ezagutu. Mexikon

badut beste bat nire aita izan zitekeena, baina gurago izan du

nire adiskide izatea bere indarrek eta gogoak

besterik izaten ez diotelako utzi. Bada ahal bezala

sendatzen nauen mediku bat eta  bada filosofo bat nire ideiak antolatzen

saiatzen dena, denbora banintz bezala.

 

Postala jaso dut Greziatik, lunfardoz

idatzia, barrez lehertzeko zorian

jarri nauena; hainbesteko ponperiaz jantzita

inork ez ditzake hitz kreole horiek aurreikusi. Munduan

        zehar barreiatuak,

Ekialdean izan edo Mendebaldean izan, han dira nire adiskideak.

        Baita

Kuban bertan  ere, iraultzaren alde lanean; probintzietan

        gauzak

esaten duten bezalakoak ez direla erakusten, edo nolakoak diren esaten.    

 

Batzuk dibortziatu egin dira, besteak berriro ezkondu dira, batzuk

bakarrik bizi dira eta nik ez dakit batzuek ala besteek

bete betean asmatu duten. Esaterako irribarre egin, haserretu

edo distraitu egiten den Edgarrek. Edo ezinegon antzeman gaitz baten

tirainaren gainean flotatuz Espainian

hainbeste bidaiatzen duen Cesarrek; bete betean asmatu duten ez dakit.

        Juliok

bere emakume aldrarekin, edo Carlitos biek; Rodolfok, umea

bezain handi denak. Ez dakit Sergiok eta bere biolinak eta futbol tribunetako 

bere zorabioek bete betean asmatu duten. Ez dakit zer gertatu behar duen

gurekin, eta galdutako edo urrun diren Raul Gustavo edo

beste Rodolfo edo Ramiro bezalako  adiskideekin zer.  Inork ez daki

bete betean asmatu dugun,  horretarako gogorik bagenuen, hau izan ote den

geure asteburua, geure requiema, geure borroka-tokia.

 

Inguru haietan den jende onenetarik da eta mundu guztiak

bere bizitzako hainbat urte eskaini beharko lituzke Juan edo Noe

        edo euretako

beste edozein ezagutzearren:  bizitzaren alde

guztiz emanak, aberasten duten aire hau arnastuz, irri egiten didate

eta augurio onak edo txarrak ukitzera jaikitzen dira, egunero

errealitatearen orkatilak

kolpatzera. Gure zorteagatik eskerrak ematera

 

ADISKIDETASUNA, POESIAREN GAUZARIK ONENA
Paco Urondo

La amistad, lo mejor de la poesía
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016