KATUAK
Paco Urondo

Los gatos
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016

 

Francisco Perez Moralesi

 

Hiriaren alde honetan ematen dut nire bizitza; hemen ez dut lan

              gehiegi egiten

eta geratu egiten naiz eta egonean egoten naiz

eta joan egiten naiz eta atzera etorri egunsentiari itxaroteko.  Arratsaldean  goiz,

              lanera baino lehen, katigatu egiten naiz

              lagun batzuekin. Liburu dendako saltzailearekin

hitz egiten dut, ez du asko saltzen baina inoiz baino hiztunago

              dago;

emakumea frantsesa da eta nerabea. Garaia da eta arriskuz betea,

berarekin lan egiten duenaren aldean oso bestelakoa.

              Hau porteñoa da,

bexkera; dardaratia eta leuna. Liburu eta bezero artetik

              begiratu egiten didate;

irri egiten dute europar eta kreole erara eta gustura noa

              paperak nahaspilatzera, telefonoari  gogor eustera:

lehorra bistatzen da itsasotik

eta nire telefonoak, naufragioko ohola, ur ertzeraino hurbilduko nau;

mundua izan bada eta mugitu egiten da,

mundu zaharra berean tematzen da eta nire adiskideek nire deiari erantzun egiten diote.

 

Berriro kalera egiten dudanean

itzalek biltzen dute hiriaren alde hau.  Badira argiak;

gauaren neoia ezagutzen dut,

euren nagitasun luzean setatutako katuen eguzkia. Nork

              daki

zer asmo darabilten gaueko piztia horiek; animalia lazo eta galgarri horiek?

antzerkira joan eta nahiago dituzte estreinaldiak

eta larru etsaien leinurua

eta foyer-eko dirdaia eta diosalak.  Ikaratu gabe zeharkatzen dute

eskenatokia, metatu eta mendean hartzea lortzen duten

              hoztasun horrekin guztiarekin, erabateko

begirasun geldi eta hormatuarekin; gupidarik gabe: eta itxaropenik gabe;

hautabideak proposatu eta errepikatu egiten dituzte, eta gauak presaturik ateratzen dira.

 

Munduaren alde honetan ematen dut bizitza eta batzuetan kexu izaten naiz

              neure zorteaz;

guztiek txarresten didate gabezia hori, baina inork ezin dit sendatu;

orduan utzian jarrita, azkazalak ezkutatu

eta zorroztu egiten  dituzten piztiek harrapatu egiten naute. Norbait gitarra jotzen ari da;

azti batek jauzika jartzen ditu mendearen arrabioak.  Bada argia

              gaueko bizitzan;

El Bajo-ko gau ezkorra birrintzen du Jim Hall-ek,

 

bertokotarren artean izatearen tristura astuna arintzen du; hegokoa

              izatearen lotsa

ahaide txiroak; mundua beste leku batzuetan ere

ezagutzeko ezusteko ezinezko hori, beste amets batzuetan, jendearen

beste alkohol batean. Bertokotarrek irainak ahantzi eta jazzaren samurtasuna

miresten dute eta barkatu eta maite egiten dute, hala ere.

 

Munduaren alde honek inguratu egiten nau eta neure

akatsek salbatu nautela sumatzen dut; beste askok jokatu

eta galdu egin zuten, begiak erauzi zituzten, animalia amorratuak legez

              elkar porrokatu zuten: “Nireen artetik, galdetzen dut

neure kolkorako, amarruetatik eta isiltasunetik nor ahal izan zen salbatu”. Denek, nire

              haurrideek,

nire lagunak, nire nerabezaroa, nire berdinek , jokatu eta galdu egin zuten;

maitazarrea tolesten hasi zen eta denboragarrenean atzera egin zuen; azken batean

              galtzaile zintzoak

izatera iritsi gara: “Agur lolitak, amatxoren puskailak”;

              gaueko puta txikiak, katakume galduak, sabel alferrikako

              eta perfektuak. Amatasunak

markatutako sabel bat ferekatu nahi dut nik, erabilian den gorputz bat:

garaileak gara gu, gauaren txapeldunak

ikusi egiten dugu ilunpetan,

begi bat katuarena daukagu eta bestea nagitasun eta beldurrezkoa; elkarrekin topo egitearren

              behaztopatzen gara,

barkamena eskatzeko, elkar ukitzeko:

higuina diogu bakardaderi,

keak eta jendearen beroak luze joko duten lekuak behar ditugu.

 

Katuek euren belusekin inguratzen dute mundua, euren

              ferekekin,

eskularrutan bildu gauaren baliabideekin;

euren haragiaren zeta, hura ostentzen duen

eta lekuz kanpo jartzen duen karraska. Eta miazka hasi eta gozatu egiten dute

egundaino inork pentsatuko ez zuen bezala;

gaueko garrasiak, orgasmoak, lekukoak, mahai-zapiak;

nire larruazalaren gainean isuritako munduko emakumeak,

nire egonezinaz irainduak, gauean gora datorren haizeaz

              birundan,

dagoeneko ez daukat historiarik, ez daukat borondaterik; aharrausi egiten dut

              kelonio baten gisan

eta besteren nekea lo egitera etzaten naiz; biaoa da

inguru erogenoa. Utzian noa uretan

eta jaio aurretik irribarre egin nahi dut azken biderrez. Katuek

danborren gisa egiten dute ulu gauez,

garaituak, zaharrak, hileta eiteko, on hutsak:

heriok artatzen ditu, betierekotasunak jagonda daude,

memoriak ez du egundo etsiko; akatsek salbatzen naute.

 

Hiriaren alde honetan aurkitu dudan bizitzaz

              maiteminduta nago;

edozein izutzeko moduko zaratak entzuten ditut,

zaintzapearen eta traizioaren pauso hotsak entzuten ditut; ezin dut

asmatu zein sentimenduk dakartzaten pauso horiek, jarraika ditut,

aurreratu egiten dira tristeziaren sintomei entzungor. Ateak

              zabaltzen hasten naiz,

ni gelditzen banaiz gelditu egiten dira, itxaron egiten dute

eta beste ate bat zabaltzen dut, harik eta gehiago aterik ez 

              eta airearen aitzinean bakarrik geratzen naizen arte.

Denok larritzen gaituzte gauaren nagitasunak, bere apetek,

bere jokamolde akasgabeek. Aurigak,

papar-babesak, buruzagiak: nire inudeen bularretan

mendiaren eta uraren amorrua eta berotasuna edan ditut; Jordan

entzutetsuaren  ur ertzean flotatzen dagoen gautxo bat naiz, titi hezigaitzei esker

salbatutakoa. Maitasuna ezagutu dut umezurtzak

elkartzen diren bazterretan; elikatu egin naiz, haragi artean

handitu naiz; goseagatik eta maitasunagatik xurgatu izan dut. Txikitatik

poza xerkatu dut

esne aske eta uher horretan,

haragi gaitzitu horretan.

 

Mundua desitxuratu eta hazi egiten da

hiriaren alde honetan. Ezagutu dut,

ez galtzearren, eskola umeak bezala, eskutik helduta ibiltzen diren

              mozkorren samurtasuna.

Pixa soinean egiten dute, euren patuan hilduta. Hori eta

              gauza askoz gehiago ere ezagutu ditut:

ezagutu dut alkoholaren samurtasuna eta hondamena; begiak

              ilunpetan;

pausoak eta behaztopa-harriak;

begiak itzalean; duintasun galdua, noizbait  izandako

misterioa, desegindako abentura,

estalgabetutako itzala, betiko irabazitako alkoholetan

              kiskaltzen.

 

Katuak gauaren alde honetan labaintzen dira; 

portzelanen artean ibiltzen dira zaratarik egin gabe, felpa, iragana,

sukar maiztua iraintzen dute;

egarriz garaitutakoak; gauaren sabel okituan

nekatzen eta akitzen den dardara. Itotakoak,

krimenaren aharrausiak, maitasunaren aldameneko gaueko sakrifizioak.

Gosea,

oinaze otzana; epeltasunaren ugazabandre, gaizkiaren nagusi, isiltasunaren

              luxuan galdutako

gorputza.  Munduaren eskuetan

alderandutako adiskidea: gerizatzen nauen zure galbidearen

              erruduna  naiz;

belarrira urruma egin izan didaten hainbeste akatsen ugazabandrea,

              eta oraintxe, preseski, ni salbatzera datozenak. Agur

              esaten diot zure gorputzari

kolore eta itxaropen bakoitzean berriro aurkitzen dudanari;

zure maitasunaren seinale zehatz gabe bakoitzean, akidura orotan,

gure izaera garaile eta ustelduaren porrot bakoitzean.

              Zure izena

ahaztu egiten zait, nahastu egiten dut. Irribarre egiten zuen irudia,

nire sorbalda gainean negarrez ari denarekin berdintzen dut. Oso ilun zegoen

eta ez naiz akordatzen. Leku bat izan behar zuen

edo antzeko zerbait; bazen emakume bat; emakume berberaren

hainbat gorputz;

sabel asko, herra handia. Sabel

eder eskuragaitzak, munduan abandonatuak,

hiltzeko gertu.  Ernegatua eta mutua nire bizitzan,

zeure asmo ezdeusen erregina; zure gorputzeko bizia eta itzalak

argi ditzaket; halabehar berri batera jaurti zaitzaket; nire ametsen

argiarekin itsututa hil behar duen zure haragi sekretu

              eta mutua marka dezaket.

Gauaren leku honetako formak errepikatu egiten dira. Gutxitan

              entzuten da

Itapoaneko palmondoekin abestiak osatzen

              omen dituen haize hori,

urak kizkurtzen,  egundo ikusi gabeko saudadeak markatzen omen dituena. Hemen

              nekez lehertzen da

zaratots hori. Berebiziko uneak,

izuaren mugaldean hautatuak. Zortea

ezin izan zitzaien esleitu euren beldurrean galdutako katuei, euren

              ahotsak entzuten dira,

euren herio-abestia, euren ahanztura-leinurua.  Inork ez du hil nahi

norbere suminduraren zaporea ezagutu gabe; itzala itzalaren gainera

nola erortzen den ikusi gabe,

amorrua amorruaren gainera denboraren egonezinean hondatua.

              Zer beste irtenbide daukate,

gaueko basa-behor txikiok:  oinez ibili

eta euren indarren mugekin nahastu; ibili

zehaztasunez non amaituko duten jakin gabe;

sosegurik gabe; pentsatu ere egin gabe non hasten den euren bidea;

itxaropenik gabe edo gehiegi dakitela. Betirako dabiltza oinez,

beste muga batzuei dagozkien beste ertzik,

norbere ziurgabetasuna ez den beste beldurrik ez ukitzearren. Alferrak eta

              gauaren matxino;

ikaratuta egingo dute bidea, baina inork ez du salbatzerik izango

edo  beste gau batzuen, beste

              itzal

batzuen, beldurraren itzal hutsalen eraistetik haratago jarraitzerik izango.

 

Katuak dardarez daude hiriaren alde honetan;

lehenagokoa  dute beldurra jakituria baino. Dena alferrik da, ezerk ez du axola

eta bihozkada oro, edozein inprobisazio

asegabe geratzeko modu zalantzakorra da; maitasun-itxurako

              garrasi

horiek; memoria hautsi hori,

herra hori alferrikakoak dira. Bere irudiaren gainean etzan den

gizon baten kolpea entzun da; bere figura deseginda dago;

inork,  ezta bere etxekoek ere, ez lukete ezagutuko horrela,

lurraren gainean hondatua, bere beldurrarekin akituta: beste gauza bat izango da. Nork

lagun diezaioke,

nork eutsi ahal izango dio nazka eragiten duen eroriko horri, nor ez da

              berarekin batera erorian jausiko.

 

 

 

 

 

Katuek zalantza egiten dute hiriaren pare honetan

eta ametsetan daudela uste dute, euren gezurra sinetsita : akatsak

              ekidin dituzte eta salbaturik

daudela pentsatzen dute. Baina akatsa ez burutu izanaren

akats gorenean jausi dira. Nire akatsek salbatu egiten naute;

argitu egiten dute gau ikaratua, elektrikoa, erabateko eta

               atzeratutako zalantzez,

estalitako irriz, inori gogoa pizten ez zaion lekuz betea.

 

Katuak erratu egiten dira gauaren mundu honetan:

ni zurkaizten nauten desenkontruak. Inor agertuko ez den

hitzorduez maitemindua; emakume limurtua

sekula existitu ez eta sekula sinetsi ez genuen

aingeru haiek bezala; ziurgabetasunaren txankaren alde

sekula postura egin ez genuen bezala;  gertaera konponezinez

eta bestelako gezurrez markatutako karta, halabeharraren

konjurazioaz. Erraza da esatea akats horiek

ekidin zitezkeela, edo esatea ekidinezinak zirela;

akatsik ez zela izan: ez dago jakituria geldirik, munduan

              baratutako gizakirik, beldur

zehatz gaberik, madarikazio lausoki laxorik. Edonor da

              konplize, katuak mugitu egiten dira

eta eurentzat  mugimenduz nahastea baino gauza ederragorik

              ez da,

gauaren gainean euren baldarkeria

irristatzea baino,  euren zuribide harroa ez estaltzea baino;

sen onaren  maingu, katuek ez daramate arrastan koldarkeria,

ez dira eurek eraiki eta hiltzen duten gaizkia baino makurragoak.

              Beste zerbaitetara datoz,

zortearen  ugazabak dira. Euren porrota edo zorionaren aldera

jartzen da mundua jokoan; gauaren baitatik karta eta amarrua ateratzen dituzte

eta amarrua pasa daiteke; “Bizitza honen gutiziak ”, diote jokoaren

              alderraiek

eta azkazalak luzatu eta gehitzen dute: “Galtzea baino gauza ederragorik

              ez dago;

bizitzea baino gauza ederragorik ez dago, nahiz galtzea suertatu”.

              Estropezuka,

argia mailatu eta egunsentiko eguzkia urratzen duen

oihu bat berreskuratuz. Logurak  mendean hartuta, 

ez da zertan aurrera egin edo erori, porrotaren edo

pozaren jokaldi traketsari ekitea baizik.

Hiriaren alde honetan ematen dut nire bizitza; bere gorputza

ohe gainean erori da eta nire itzulerari adi dago. Orduak

              igaro dira;

aspaldi atera nintzen. Errari ibili naiz munduko leku honetako sabaien artean,

alferrikako maitasunean pentsatzen, ahanzturaz

arduratzeke. Disko batean Elizete izeneko emakume batek,

“otra vez sem vocé” abesten du, baina bera lo dago eta loak

arrastan darama zorigaitz oro. Erakarri egiten nau arnasten duen eta bera

biltzen duen, gupida oro lurruntzen duen bere loak;

              ezin dut

ohantzearen ortzi mugan etzandako samaren

epeltasunean pentsatu, jakituria ororen kontra

hazten ari den maitasun honetan, ardura ez diona haren ilea ferekatzea besterik,

              onartzea              

berak sufritu egin duela, atseden hartzeko eskubidea duela.

 

KATUAK
Paco Urondo

Los gatos
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016