BESTE ALDETIK
Paco Urondo

Del otro lado
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016

 

Etsiaren mende egon ginenean, norbaitek

historia hura kontatu  egin zuen.

 

Ez dago patxadaz entzuterik, eskuak

dar-dar batean hasten dira, bihotza minez uzkurtzen da;

beldur pixka bat ematen du jendeari begiratzeak, gelditzeak.

 

Betikoa gertatzen da.

Galduta genbiltzan eta historia hura nahasia zen. Ez zuen

ziurtasunarekin zerikusirik, eta ezta ere

bataclanaren* izterrarekin . Tartean

ez zen traiziorik izan; ez da

zaletasun edo amoranteen historia arrunt bat.

 

Zure eskua premiazkoa da eramangarri izan dadin. Orduko

hartan ere (beti orduko hartan) argiak amatatu zituzten

eta premiazko izan zen zure eskua.

 

Elkarri eskuak estutu genizkion areto itsu hartan, dar-dar egin genuen

artean nabarmendu gabea zen koleraren aurrean, susmatu

genuen eran sekula markatuko  ez gintuena, beste

molde batez baizik. Gure eskuak

dardarizoa antolatzen saiatzen ari ziren, izu minbera hura menderatzen;

eta zer da eta dena Humphrey Bogart berpiztu egin zelako.

 

Galduta genbiltzan zine areto hartan

eta bera ez zen gure askatzailea bezalakoa; bere gurutzea

ez zen agindu bat, gizakiaren

adimena zen, zientziaren

eta gure hildako kuttunen berpiztea zen.

 

Aspaldi gertatu zitzaigun hori; hilotz

damu-gabearen esku hotzak

ametsak doi ukitzen zituen,

gure aurpegi samur izutuak ferekatzen zituen.

 

Orduko hartatik ez dakigu zer egin historia haiekin,

euren zoritxarreko egoera onartzen ez duten hildakoekin, ez

dakigu zer egin beldurrarekin; ez dakigu

geure eskuak aurkitzen, geure

tristura. Mundu eustarririk gabea.

 

Hau bezalako anekdota asko izan ziren. Nork

ez du gauza lazgarririk kontatzeko? Nork ez du

bere historia? Baina inork ez zuen asmatu zer esan, inork

ez zuen asmatu zer egin,  norbaitek historia hura kontatu zuenean.

 

Seguru asko esku baten bila hasiko zara entzuten duzunean;

lehen bezala izango da, baina berehala

triste edo ikaratuta egon ginenik ahanzten saiatuko zara.

 

Zuk ere ez duzu asmatuko zer esan berandutzen duenean; betikoa;

negargura izango zara, eta besterik ez.

 

Inork ez zuen hau bezalako historia bat espero, hain tamalgarria. Zergatik

ez negarrari eman orduan? Zergatik ez galdu aretoaren sarrienean?

 

Zure memoriaren gainean isuriko da,

kirioen eta goizaldearen artean erortzen den alkohola bezala;

historia hura zure burutxo politaren gainean ibiliko da hegan,

zure errai ustelduak astinduko dituen erroia izango da,

xeraz zure ilea nahastuko duena.

 

 

 

*bataclana: kabareteko emakume dantzariei Latinoamerikako zenbait herrialdetan XX. mendean eman izan zaion izena, batez ere 1920ko hamarkadan Pariseko Bataclan kabaretak Argentinan ikuskizunak eskaini ondoren hedatu zena.

 

BESTE ALDETIK
Paco Urondo

Del otro lado
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016