Ez naiz kexu... 
Marina Tsvetaieva

1914
Ihes ederra, Alberdania, 2009
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2026

 

Ez naiz kexu, ez naiz borrokatzen, ez dut pentsatzen,

Ezta lorik egiten.

Ez dut desio ez eguzki, ez ilargi, ez itsaso,

Ezta ontzirik ere

Ez dut sentitzen nola egiten duen bero murru hauen artean,

 

Nolakoa den berde lorategia;

Eta opari hau, hain desiratua, hainbeste itxarondakoa —

Ez dut jada espero.

 

Ez nau pozten ez goiz honek, ezta zarata alaidun

Tranbia honek,

Eguna ikusi gabe bizi naiz, mendea

Urtea eta ordua ahaztuaz.

 

Soka kraskatuan bezala,

Dantzan nago — dantzari txiki.

Itzalaren itzala naiz.

Ilargitarra naiz Bi ilargiren itzala.

 

Ez naiz kexu... 
Marina Tsvetaieva

1914
Ihes ederra, Alberdania, 2009
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2026