Paco Souto
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Bizitza balihoakit bezala

mintzatuko naiz orain

beti mintzo naizen bezala

kea esateko

hobe delako isilik egon

 

Eta lurra diot

eta gaztainadiko humusa

aditzen dut ia

lorratz hondoratua

urratsaren

pindar lizun

nahi gabekoa

 

Eta irla diot

eta musker berde bat

darabilt zango artean

eta horrela izendatzen ditut

gauza guztiak

jainko sinesgarri bat legez

 

Eta orduan zazpigarren egunean

gizona diot

eta hitza nahastu egiten da

eta diot

eta ez diot

ez berriz esatera noala

hil behar nauten balek

ahoa hersten didate

eta hala ere

gero eta ozenago diot

eta dagoeneko aditu egiten dut

tiroaren polbora

katua laztandu duenaren izerdia

eta behegainean jausi naiz

eta ez diot beste hitzik

hemen dela

ez dela

amaiera

 

Eta zuek

krimena entzun

eta ikusi duzuenok

altxa ezazue ahotsa

eta kantatu

sala ezazue

nire heriotza

 

Paco Souto
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017