LEOPOLD SEDAR SENGHOR AFRIKARREN IKUSPEGITIK
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude, 1989
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

      Bere tonua, bere adierazpidea, eta hain segur bere inspiraziorik onena Chants d’Ombre-n aurkitzen duen Senghorren poesia, hotsandikoa eta nostalgikoa da. Arrazaren apalkuntzatiko zauriak sumindutako erbestearen sentimen mingarriak eta sorterriko eta haurtzaroko oroitzapenaren iturrietan ateratako kontsolamendu indartsuak aitortu beharreko sinesgarritasun doinua hartzen dute, zenbaitetan sobera afektatua den moldea gaindituz. Senghorren estiloa betea dago, izan ere, Claudel-en oihartzunez. Bere Chaka-k gogora dakar, ezin ukatuzko gisan, Tête d’Or afrikar bat, zurbilago:

 

   Chaka, horra nola zauden mutur gaiztoko pantera edo hiena bat bezala

   Hiru azagaiak lurrera josia, marraka ari den ezerezari agindua

 

      Zer esan poeta katolikoak hainbeste maite zituen otoitz lirikoak dakartzan “Priere de la paix”i buruz:

 

   Jauna, nire begien ispilua lainoztatu egiten da

   Eta hara non herraren sugeak, hila uste nuen suge horrek burua tentetzen duen nire bihotzean.

 

      Senghorren zinezkotasunaren sarea ito egiten da Claudelen klixeen eta egin-moldeen itsasoan. Halaz guztiz ere poesia hau izan da, ikasle onaren zintzotasunaz astundua, Senghorren meritua egin duena.

      Negrotasunaz daukan pentsamenduaren hutsala, Liberte-ren lau aleetako testuetan adierazia (1964, 1971, 1977, 1983), nabarmena da guztiz. [“Hunkimena beltza da, arrazoimena grekoa den bezala”] esaldi ospetsu eta ezin zoritxarrekoagotik abiatuta, arrazakeria justifikatu eta zentzun ona kontrakarrean duen berezkotasun baten kridaria bihurtzen da Senghor. Arrazoimena, egia esan, arrazoimena dugu. Ezin du izan “diskurtsiboa” koloreztatu gabeko izakietan eta “intuitiboa” besteetan. Horrelako teoria baten garatzeak pontifize samalda baten metaketa ekarri du, pobrezia eta hitzontzikeria  penagarrikoak.

 

   “Afrika beltzean fabula oro, hots, ipuin oro, egia moral baten adierazpen irudikatua da [...], zeinean arima beltzak egoskor irauten duen laborari [...], guztiz beltza den menpekotasunean Jainkoaren nahiari”.

 

      Horrelako teoria baten jokoa gardenki adierazia da: “Arrazak ez dira berdintasun matematiko bat, berdintasun osagarri batekoak dira”. Konprenigarria da patrizio batek, Erroman, Gorputzatalen eta urdailaren alegia asmatu izana, baina konprenigaitza egiten zaigu azal beltzeko gizon batek halako esaldia eman izana, nork eta “arraza” hitza bera susmagarria izan behar litzaiokeen gizonak.

      Senghorren negrotasuna gerla makina bat dugu, Beltzen menpekotasun intelektuala finkatzea duena helburu. Konprenitzekoa da horrelako asmo batek porrot egitea. Konprenitzekoa da, hala berean, Sengorren pertsonari eta obrari eman zaien neurrigabeko  garrantzia, baina ez du merezi, dirudienez, “ez gehiegizko ohore hau, ez mespretxu hau”. Zibilizazio kolonizatzailearekin eduki duen harreman problematikoari, egia da, Senghorrek bere burua eta bere sentimenarekin bat egiten dutenak besterik konprometi ez litzakeen mundu ikuskera bat eraiki dio justifikazio gisa, bere psikismoarekin eta bere poeta-mamuekin. Berak bere burua hunkiberatasunean kokatzea inoiz berea izan ez den intelektualtasun baten aurka, sortzailearen subjektibotasunaren eskubide osoa da. Bere poesia guztia dago gurtu eta aldi berean ukatu egiten duen “ahots zuri” horren manupeko. Baina egingai hunkigarriki liriko eta amodiozko hau sistema filosofiko eta politiko mistifikatzaile bat bihurtu nahi izatea, bera dela medio, giza komunitate oso bat engaiatzeko bermea ezarriz, ezin barkatzekoa da.

      Senghorrismoak iraunen ez badu ere Senghorren ondotik, bere obra, egileak hain maitea zuen formula erabiltzearren, “kultur mestizaia” baten ahaleginaren lekuko geratuko da. Baina Senghorrek predikatzen duen bizikidetzak nekez piztuko du kausa handiek ohi dakarten sorkuntzarako suharra. Ausardia orotik urrun, kontziliazioa eta kontzesioa besterik ez du aipu, ezkontza burges makurrenetan bezala. Nola irudika genezake ezin sinetsizko egoera bati erantzuteko behar lukeen arteak ez poxelatzea, ikararik ez sortzea hartzen badu helburu, kosta ahala kosta onespena jaso behar dugun auskalo zein instantziari atsegina izatea. Mestizaiaren filosofia, Senghorren arabera, gure ardoan ura ematen jakitea da. Osorik dago 1948ko apirilaren 27an egin zuen diskurtsoan, 1848ko Iraultzaren ehungarren urteurrenean:

 

   “Historialariek azpimarratu egin dituzte 1848ko langileen adeitasuna eta xalotasuna, baita aldi berean haien erreakzio odolberoak ere. Kalitateok heziketarik ezari zor zieten, burgesia liberalak erreforma sozialen programa bat antolatu eta aurrera eramango zuela sinesteko xalotasunari. Badakigu langileek, nahigabetuta, utopistengana jo zutela eta batez ere konspiratzaileengana, eta horretatik heldu zirela burgesen artean herriaren beldurra hedatu behar zuten gertakariak, bigarren inperioaren diktadura prestatuko zuen beldurra”.

 

      Beltz adeitsu odolberoei, burgesia liberalaren atxikimendua lortzeko moduko diskurtso heziaren moldea eskaintzen die Senghorrek, beldurrik eman gabe. Sorbona, beretzat, “Muino Santuaren ondoan dago, Espirituaren goileku horretan”. Independentziarena “historiaren lekuan urrezko letrez” markatzen den data dugu. Akademian besterik ezin zuen amaitu, “jeinu frantsesak distiratzen duen mendetako etxe honetan”.

 

LEOPOLD SEDAR SENGHOR AFRIKARREN IKUSPEGITIK
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude, 1989
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016