PRESENTZIA
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Egunen batean jakingo dut. Nire aterpe,

nire kartzela, nire ospitale izan den

gorputz hau da nire hilobia.

 

Irrika, min, oroitzapen baten inguruan

bildu nuen hau  joan egingo da

uraren, hostoaren, jatorrizko esporaren bila,

baita harriaren eta geldirik dagoen horren bila ere.

 

Izan nintzen korapilo hau (suminaldiena,

traizioena, itxaropenena, bat-bateko aieruena,

abandonoena, gosealdiena, alaitasunezko eta

babesik gabeko eta beldurrezko oihuena,

ilunpetan dirdirka, eta hitzena eta amodioarena,

eta amodioarena eta amodioena)

urteek moztuko dute.

 

Ez du inork ikusiko txikizioa. Ez du

inork jasoko orri amaigabea.

Itsumustuan haizeari emaniko

gertakari sakabanatuetan ez da egongo

bitxi bat legez bereiztuko den bakar bat.

Eta hala ere, neba, maitale, seme,

lagun, arbaso,

ez da bakardaderik, ez da heriotzarik

nik ahaztu eta agortuko banaiz ere.

 

Gizona, zu zauden tokian, zu bizi zaren

horretan egongo gara guztiok.  

 

PRESENTZIA
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017